Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2015eko maiatzaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2346

67/2015 DEKRETUA, maiatzaren 19koa, Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateari Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

2015eko martxoaren 30eko bilkuran, Sprilur, S.A. sozietatearen Administrazio Kontseiluak Akziodunen Batzar Orokorrari sozietatearen kapitala gehitzeko (1.000.000 euro) proposamena egitea erabaki zuen.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2015eko martxoaren 30ean egindako bileran, Eusko Jaurlaritzara jotzea erabaki zuen, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateari buruzko 5/1981 Legearen 4. artikuluko 2. puntuan jasotakoaren arabera, baimena eman diezaion, Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, akzioak harpidetuz. Guztira, milioi bat (1.000.000) euro harpidetuko dira, eta hori % 100eko partaidetza da.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua (gaur egun Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.) sortzeari buruzko ekainaren 10eko 5/1981 Legearen 4.2 artikuluan agindutakoaren arabera, sozietateak parte hartu ahal izango du interes bereziko enpresen sozietate-kapitalean. Horretarako, lehenago Eusko Jaurlaritzak horretarako baimena eman beharko du, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzetan.

Sprilur, S.A. sozietatearen xedea helburu hauetakoren bat edo batzuk gauzatzea da, betiere industria-eraikinak eta lurzorua sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean:

a) Azterketak egingo ditu, haietan edozein motatako hirigintza-plan eta -proiektuak jasoz. Bere zeregina izango da, halaber, plan eta proiektu horiek izapidetzeko eta onartzeko hirigintza-arloan indarrean dauden legeen arabera dagozkion zereginak gauzatzea.

b) Industria-lurra prestatzeko egin behar diren hirigintza-jarduerak gauzatuko ditu; haien artean, azpiegitura- eta hiritze-lanak, zerbitzuen horniketa, eta hirigintza-planeamendua gauzatzeko egin beharreko gainontzekoak.

c) Industrien kokaleku izango diren eraikinak eta instalazioak egiteko beharrezkoak diren eraikuntza-jarduerak egingo ditu, bai eta hirigintza-planeamenduan aurreikusten den ekipamendu komunitarioa jartzeko behar direnak ere.

d) Egiten dituen hirigintza- eta eraikuntza-jardueren ondoriozko obra eta zerbitzuen kudeaketa-, ustiaketa- eta mantentze-lana egingo du.

e) Bere xedea betetzearren, sozietateak interes bereziko enpresen kapitalean parte hartu ahal izango du, kasuan kasurako zehazten diren baldintzetan.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko maiatzaren 19an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ri baimena ematea Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Gehikuntza milioi bat (1.000.000) eurokoa da. Halaber, baimena ematen zaio aipatu partaidetza ordaintzeko harpidetzeko unean. Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k Sprilur, S.A.n izango duen partaidetza % 92,76koa izango da.

2. artikulua.- Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko duen lehentasunezko harpidetza-eskubideari uko egin diezaion.

3. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titularitatekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematea kapital-gehikuntzaren ondorioz Sprilur, S.A. sozietatearen estatutuen aldaketa onartzeko.

4. artikulua.- Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko maiatzaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala