Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2015eko maiatzaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2344

25/2015 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hainbat hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Gasteizko udalarekin lankidetza-hitzarmena, udalerri horretako trafikoko kontrol-kameretatik datorren bideo-seinalea lagatzeari begira, I. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren eta Bilboko udalaren artekoa EAEko polizia-kidegoek hartutako listu-laginak analizatzean jardunbide-eredu bateratuak ezartzeko, horien bidez, egiaztatzeko ibilgailuak gidatzen ari diren pertsonek drogak hartu dituzten, II. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren eta Portugaleteko udalaren artekoa EAEko polizia-kidegoek hartutako listu-laginak analizatzean jardunbide-eredu bateratuak ezartzeko, horien bidez, egiaztatzeko ibilgailuak gidatzen ari diren pertsonek drogak hartu dituzten, III. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalarekinn eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena, guztiek erabiliko duten eraikin bat egiteko. Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretaziorako Zentroa hartuko du, IV. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Arriskuan dauden enpresen ekoizpen-lehiakortasuna hobetzeko Txoke Planera bideratutako prestakuntza- eta esku-hartze programa diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko, V. eranskinean jasotzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 30a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 30EKO 25/2015 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA GASTEIZKO UDALAREN ARTEKOA, TRAFIKOA KONTROLATZEKO ASMOZ HIRIAN INSTALATUTAKO KAMERETAKO BIDEO-SEINALEA LAGATZEKO

Vitoria-Gasteizen, 2015eko apirilaren 15ean.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Josu Zubiaga Nieva jauna, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisara.

Eta beste aldetik, Javier Maroto Aranzábal jauna, Gasteizko alkatea, Gasteizko Udalaren izenean.

Bi alderdiek, dagozkien karguen bidez eta eman dizkieten ahalmenak erabiliz, hitzarmen hau gauzatzeko legitimotasun eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri eta, horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Bi erakundeek hartzen dute parte, nork bere eskumen eta arduren neurrian, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sisteman. Hain zuzen, sistema hori osatzen dute Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legean xedatutako prebentzioko eta plangintzako printzipioen eta bitartekoen multzoak (apirilaren 22ko EHAA, 77. zk.), eta «Larrialdiei Aurregiteko Bidea – LABI» deritzan Euskadiko Herri Babeseko Plana onetsi duen eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautzen dituen ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuak garatutakoak (uztailaren 21eko EHAA, 138. zk.). Azken horren ezohiko berrikuspena urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretuaren bidez onartu da (urtarrilaren 22ko EHAA, 14. zk.).

Bigarrena.– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak iritzi dio gertatzen ari denari buruzko irudiak SOS Deiakeko koordinazio-zentroetan edukitzea oso garrantzitsua dela gertatzen ari den larrialdiari irtenbidea aurkitzeko, gertakariari buruzko informazio hobea izango baitute. Hau da, gertakaria zehaztasun handiagoz aztertuko da eta, ondorioz, hura konpontzeko jarduketak hertsiki lotuko dira gertakariaren beharretara.

Hirugarrena.– Gasteizen barrena badira trafikoa kontrolatzeko hainbat kamera. Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasunaren Sailak kudeatzen ditu kamera horiek, eta hark du kamera horiek hartutako bideo-seinalea.

Horren ondorioz eta bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko gaitasun nahikoa elkarri aitortu diotenez, hitzarmena gauzatuko dute, honako klausula hauek betez:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Gasteizen barrena badira trafikoa kontrolatzeko hainbat kamera. Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasunaren Sailak kudeatzen ditu kamera horiek, eta hark du kamera horiek hartutako bideo-seinalea. Beraz, bideo-seinale horren lagapena da hitzarmen honen xedea.

Agirrelanda kaleko 8.ean dagoen Udaltzaingoaren egoitzatik Forondako Atea kalean den Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzara (LAEMZ, aurrerantzean) bidaliko da seinalea. Hala ere, hemen jasotako xedeari eutsiz gero, LAEMZren beste egoitza batzuetara bidal daiteke seinalea.

Lankidetza-hitzarmena sinatzeko unean operatibo dauden kamera finkoak eta mugikorrak daude proiektuaren barruan.

Bigarrena.– Lagapenaren edukia.

Lagapenaren baldintzak: bideo-seinalea bidaliko da lehendik dagoen zuntz optikoaren bidez; ez da aldi berean kamera bat baino gehiagotatik bidaliko; eta ez da aukerarik izango udalaren bideo-matrizea edota kudeaketa-softwarea atzitzeko.

Praktikan, bideo-seinalea bidaliko da LAEMZren egoitzara (Forondako Atea kalean). Zuntz optiko bidez bidaliko da, Gasteizko Udaleko Prebentzio, Salbamendu eta Su Itzaltze Zerbitzuaren eraikinean (Aguirrelanda kalean) Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak duen WAN sare-ekipamenduari lotutako zuntz optikoaren bidez.

Hirugarrena.– Lagatako irudien xedea eta erabilera.

Xede zehatz honetarako lagako dira irudiak: LAEMZren ardurapeko gertakariei irtenbidea ematen laguntzea.

Ez da izango seinalea miatuko duen beste zerbitzurik, eta seinalea ez da, inola ere ez, atal honetan adierazitako helburuez bestelakoetarako erabiliko.

Seinalea ez da grabatuko, inola ere ez, gerora gertakariak erreproduzitzeko erabil daitekeen ezelako euskarri fisikotan.

Klausula hau hausteak berekin ekar dezake lankidetza-hitzarmen hau behin betiko etetea.

Laugarrena.– Datuen babesa.

Hitzarmen hau sinatu duten bi aldeak izango dira izaera pertsonaleko datuen tratamendurako indarrean dagoen araudia betetzen delako arduradun, eta biek konpromisoa hartzen dute Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko.

Bosgarrena.– Lagapena aktibatzeko prozedura.

LAEMZk eskatuta lagako da seinalea; gainerako denboran, seinalea desaktibatuta egongo da.

Eskaera egiteko, Udaltzaingoaren Ekintzak Koordinatzeko Zentrora deitu beharko da telefonoz 092 zenbakira, telefono gorria erabiliz –erabilgarri badago– edo 945 15 80 00 zenbakira hots eginez.

Eskaeraren arrazoia zein den argitu beharko da, eta zer kameratako irudiak behar diren adierazi. Behin informazio hori duela, honako ekintza hauek gauzatuko ditu Udaltzain-gelako operadoreak:

Trafiko-kamerak kudeatzeko softwarearen bidez, eskatutako kamera aktibatuko du Larrialdiak izeneko seinale-irteeran.

Esku-hartzearen fitxa irekiko du, eta eskaeraren datuak idatziko ditu bertan: hasiera-data eta ordua, arrazoia, eta bistaratutako kamera edo kamerak.

Larrialdi zerbitzuek telefonoz deitu beharko dute eskaera bertan behera uzteko eskatzeko. Orduan, honako hauek egingo ditu 092 Ekintzak Koordinatzeko Zentroko operadoreak:

Trafiko-kamerak kudeatzeko softwarearen bidez, eskatutako kamera desaktibatuko du Larrialdiak izeneko seinale-irteeran.

Esku-hartzearen irekitako fitxa itxiko du, hura zer egunetan eta zer ordutan itxi den adierazi ondoren.

Esku-hartzeak iraun bitartean, baliteke kamera aldatu behar izatea. Kasu horietan, eta 092 Ekintzak Koordinatzeko Zentroak kontrola duela, telefono bidez egingo da eskaera, eta zer kamera ikuskatu diren jasoko da esku-hartzearen irekitako fitxan.

Seigarrena.– Kamera berriei alta eta baja ematea.

Gasteizko Udalak kamera berriak jartzen baditu trafikoa kontrolatzeko sisteman, kamera berri horiek sartu egingo dira, automatikoki, LAEMZk erabil ditzakeen kameren multzoaren barruan, betiere kamerek baldintza berezirik ez badute. Kasu horretan, eta horretarako izan dituen arrazoiak emanez, Gasteizko Udalak beretzat gordeko du kamera horiek hizpide dugun zerrendan ez sartzeko eskubidea.

Kameren erregistroa –hitzarmen honen eranskinean jasotakoa– beti egongo da eguneratuta eta bi aldeentzat eskuragarri. Horretaz gainera, irudiak zer zonatan hartu diren adieraziko da. Beraz, bideo-seinalea eskatzeko erabilgarria izan daiteke zerrenda hori.

Zazpigarrena.– Zerbitzuaren kostua.

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu proiektuaren ondorioz sortutako kostu guztiak; bai hura ezartzean sortutakoak; bai gerora behar diren mantentze-lanen edo eguneratzeen eraginez sortutakoak; bai eta gertakariei arreta ematearen ondorioz sortutakoak ere.

Hala ere, beharrezkoa izango balitz Udaltzaingoaren eraikinean kokatutako ekipamenduetan zerbait egitea (bideo-matrizea, kudeaketa-softwarea, bihurgailuak, zuntza, eta abar), udal zerbitzuen eta udal-sistema kudeatzeko eta hartan mantentze-lanak egiteko enpresa esleipendunaren baimena beharko da, eta horiekin lankidetzan jardun beharra dago.

Zortzigarrena.– Jarraipen-batzorde mistoa.

Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko sortuko da jarraipen-batzorde teknikoa. Lau kidez osatuta egongo da: Gasteizko Udaleko bi ordezkari, eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako bi ordezkari. Batzordeko burua Gasteizko Udaleko ordezkarietako bat izango da.

Batzorde horren zereginak: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean suerta daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.

Gutxienez urtean behin bilduko da batzorde hori, eta bi aldeetako edozeinek aurretiaz eskatuta bildu ahal izango da. Erabakiak, bidenabar, aho batez hartuko dira.

Bederatzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi alderdiek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa erantsiko zaizkio dokumentu honi.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.

Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.

Zortzigarren klausulan aurreikusitako jarraipen-batzordeari dagozkion eginkizunak bazter utzita, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira hitzarmen hau garatu edota gauzatzean sor litezkeen auzigaiak.

Hamaikagarrena.– Indarraldia eta amaiera.

Hitzarmen hau aldeek sinatzen dutenean sartuko da indarrean, eta indarraldia 2015eko abenduaren 31n bukatuko da. Hala eta guztiz ere, urtez urte luzatuko da, adierazpen beharrik gabe, alderdietako batek haren amaiera iragartzen ez duen bitartean. Beste alderdiari idatzizko jakinarazpena bidaliz iragarri beharko da hitzarmenaren amaiera, hitzarmenaren indarraldia edo luzapenetako edozein bukatu baino bi hilabete lehenago, gutxienez.

Hitzarmena edozein unetan baliogabetu ahalko da bi alderdiek hala adostuz gero.

Hitzarmena baliogabetuz gero, azpiegitura desegingo da –beharrezkoa izanez gero–, kostuak LAEMZren kontura izanik.

Irakurri ondoren, eta lankidetza-hitzarmen honetan adierazitakoarekin ados daudela erakusteko, alderdiek bi kopia sinatu dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean, bertan ezarritako klausulekin bat etorriz.

Segurtasuneko sailburuordea,

JOSU ZUBIAGA NIEVA.

Vitoria-Gasteizko Udalaren alkatea,

JAVIER MAROTO ARANZÁBAL.

ERANSKINA
KAMEREN ERREGISTROA

Kameren erregistroan jaso dira:

– LAEMZk erabil ditzakeen kameren zerrenda.

– Kameren bidez ikusten diren eremuak edo zonak eta kale-planoak, horiek gutxi gorabehera non kokatzen diren jakiteko.

Kameren zerrenda:

1. kamera (mugikorra): Arriaga kalea – Errege-Erregina Katolikoen kalea

2. kamera (mugikorra): Triana zubia

3. kamera (mugikorra): Zumakadi ibilbidea

4. kamera (mugikorra): Joan Karlos I.aren hiribidea

5. kamera (mugikorra): Gasteiz hiribidea

6. kamera (mugikorra): Lovaina plaza

7. kamera (mugikorra): Eduardo Dato kalea

8. kamera (mugikorra): Santiago Ospitalea

9. kamera (mugikorra-finkoa): Cantabrico hiribidea – La Peña kalea

10. kamera (mugikorra): Gamarrako Atea – Zaramaga kalea

11. kamera (mugikorra-finkoa): Deba Arroaren kalea – Madril kalea

12. kamera (mugikorra-finkoa): Latinoamerika plaza

13. kamera (mugikorra-finkoa): Juan Garai biribilgunea – Arriagako Atea

14. kamera (mugikorra-finkoa): Salburua bulebarra – Brusela hiribidea

15. kamera (mugikorra): Luis Olariaga kalea

16. kamera (mugikorra): José Atxotegi kalea

17. kamera (mugikorra): Landaverde kalea

18. kamera (mugikorra-finkoa): Antoniareneko plaza

19. kamera (mugikorra-finkoa): Oto hiribidea – Urartea kalea

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 30EKO 25/2015 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA BILBOKO UDALAREKIN LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA EAE-KO POLIZIA-KIDEGOEK HARTUTAKO LISTU-LAGINAK ANALIZATZEAN JARDUNBIDE-EREDU BATERATUAK EZARTZEKO, HORIEN BIDEZ, EGIAZTATZEKO IBILGAILUAK GIDATZEN ARI DIREN PERTSONEK DROGAK HARTU DITUZTEN

Bilbon, 2015eko martxoaren 30ean.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Jesus Maria Zubiaga Nieva, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisara.

Bestetik, Ibón Areso Mendiguren jauna, Bilboko Udaleko alkatea, azken horren ordezkari gisara.

Bi alderdiek, dagozkien karguen bidez eta eman dizkieten ahalmenak erabiliz, hitzarmen hau gauzatzeko legitimotasun eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri, eta, horretarako, hau

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Bi administrazioak jakitun direla drogen eraginpean gidatzea gizarte-arazo bat dela eta beharrezkoak direla horri aurre egiteko gertakari horren aurkako borrokan eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazio eta lankidetzako antolakuntza-moduak.

Berriki onartutako apirilaren 7ko 6/2014 Legeak, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Artikulatua aldatzen duenak (azken hori martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen), lehen aldiz adierazten du drogak listuan hautemateko gailuen aldeko hautua, egiaztatu baita juridikoki seguruak direla, gidarientzat ez direla intrusiboegiak eta, poliziaren ikuspuntutik, bideragarriak direla. Egia esan, drogen eraginpean gidatzen ote den hautemateko kontrolak orokortu arte itxaron behar izan dugu arazo honi aurre egiteko; hala eta guztiz ere, bideko segurtasunerako arazorik larrienetako bat dela egiaztatu da dagoeneko.

Hain zuzen ere, lege berriaren 12. artikuluan nabarmenki aldatu da drogen eraginpean gidatzeari buruzko araudia: aurrerantzean, drogen eraginpean gidatzen den hautemateko probak listuaren bidez egingo dira, baimendutako gailu batekin, eta ondoren listu-kopuru nahikoa duen lagin bat analizatuz.

Bigarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar dituela, polizia-kidego guztien ekintza-baliabideak optimizatzeko asmoz.

Hirugarrena.– Sinatzen duen udaleko udaltzaingoak ez duela baliabide teknikorik drogen eraginpean gidatzen ote den jakiteko analisiak egiteko beharrezkoak diren polizia zientifikoen lanak eta peritu-lanak gauzatu ahal izateko; Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak, berriz, horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak badituenez gero, bi aldeek egoki iritzi diote azpiegitura horiek erabiltzeari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legean aurreikusitako listu-proban lortutako laginak analizatzeko eta, horrela, drogen eraginpean gidatu izan den egiaztatu ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute eta hauek izango dira bete beharreko

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen helburua da esku hartzen duten administrazioetara atxikitako polizia-kidegoek bete beharreko jardunbide bateratuak ezartzea Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko laborategietan EAEko polizia-kidegoek lortutako listu-laginak analizatzeko eta, horrela, ibilgailuen gidariak, edo trafiko-istripu batean parte hartu duten beste pertsona batzuk, edo Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea urratu dutenak drogen eraginpean zeuden egiaztatu ahal izateko.

Era berean, beharrezko gidalerroak ezartzen dira Ertzaintzako Polizia Zientifikoko Unitateak listu-laginen analisia egin dezan, organismoan drogarik dagoen hautemateko.

Bigarrena.– Hauteman daitezkeen substantziak.

Hona hemen zer substantzia hauteman daitezkeen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren laborategietan listu-probaren bidez:

– Opiazeoak (monoazetilmorfina, morfina, kodeina).

– Kokaina (kokaina, benzoilekgonina, kokaetilenoa).

– Anfetamina (anfetamina, metanfetamina, MDA (3,4-metilendioxianfetamina), MDMA (3,4-metilendioximetanfetamina), MDEA (3,4-metilendioxietilanfetamina).

– Haxixa (THC).

– Ketamina.

Emaitza positiboa baieztatzeko masen espektrometriari atxikitako gasen/likidoen kromatografia (ME - GK) baliatzen da.

Hirugarrena.– Jardunbideak.

1.– Listu-laginak emateko baldintzak.

Hitzarmen hau sinatzen duen Udaltzaingoak bere eskualdeko Ertzaintzaren polizia-etxera eramango ditu probak; azken horiek hoztuta eta behar bezala zainduta egon beharko dute une oro, Polizia Zientifikoari bidaltzeko. Proba horien artean egon beharko dira kontrasterako listu-lagina ez ezik dagokion pertsonari egindako proban baliatutako hasierako testaren osagai guztiak ere, proben poltsa edo ontziaren barruan.

Proba horiek Udaltzaingoaren egoitzan gordeta egon beharko dute, eta une oro bermatu beharko da zaintza-katea, dagokion eskualdeko Ertzaintzaren komisariara eraman arte. 72 ordu iragango dira, gehienez ere, probak hartu zirenetik Ertzainetxera eraman arte.

Zaintza-katea behar bezala bete dela jasota gera dadin, emate-agiri bat bete beharko da, Hitzarmen honen eranskinean ageri den ereduaren araberakoa.

Behar bezala identifikatu beharko dira, beti ere, bai probak eramaten dituen Udaltzaingoko agentea eta bai horien jasotzen dituen Ertzaintzako komisariako agentea ere, horien lanbide-txartelaren zenbakia emanez.

Agiri horren bi kopia sinatu beharko dira, esku hartzen duten polizia-kidego bakoitzarentzat bana; gainera, ematearen ziurtagiritzat ere balioko dute.

Ertzaintzaren komisariak Polizia Zientifikoko Unitatera igorriko ditu jasotako probak, dagokion analisia eta, ondoren, adituen txostena egin ditzan.

2.– Bete beharreko agiriak.

Analizatu beharreko laginekin batera aurkeztuko diren agirietan informazio hau jaso beharko da:

– Eskaera atestatu ireki bati dagokion edo ireki beharreko bati; azken kasu horretan hildakorik edota zauriturik (arinak zein larriak) egon den adierazi beharko da.

– Eskaeraren jatorria prebentzio-kontrol bat izan den, edo trafiko-istripua, edo trafiko-arloko indarreko araudiaren urraketaren bat.

– Listu-lagina hartu zaion pertsonaren balizko zitazioa, epaiketa azkarreko zigor-prozeduraren bidez auzipetzeko, zitazioaren data adierazita, hala badagokio.

– Lehen listu-analisian aurkitutako zantzuzko substantziak, baieztatu beharrekoak.

– Zantzuzko listu-testaren lote-zenbakia eta iraungitze-data.

3.– Analisia egiteko eta adituaren txostenaren emaitza jakinarazteko epea.

Analisia egin eta dagokion adituaren txostena idatzi ondoren, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak eskualdeko komisariaren bidez helaraziko dio Udaltzaingoari, hiru hilabeteko epean, gehienez ere, ematea gauzatu zenetik.

Adituen txostenean ondoko datu hauek agertu behar dira:

– Azterketaren emaitzak.

– Txostenaren erreferentzia.

– Udaltzaingo instrukzio-egilearen izendapena eta diligentziak.

Laugarrena.– Alderdien betebeharrak.

Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitateak udaltzaingoak emandako laginak jasoko ditu aurreko klausulan ezarritako prozeduraren arabera, eta horien analisia egin ondoren dagokion adituen txostena gauzatuko du. Segurtasun Sailak bere gain hartuko ditu jarduketa horien gastuak, langileen kostua barne.

Hitzarmen hau sinatzen duen udalak, berriz, bere gain hartzen du Segurtasun Sailaren laborategietan baliatutako material suntsikorraren kostua, hots, ibilgailuen gidariak, edo trafiko-istripu batean parte hartu duten bidearen beste pertsona erabiltzaile batzuk edo Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea urratu dutenak drogen eraginpean zeuden egiaztatzeko baliatutako material suntsikorrarena.

Horrez gainera, Hitzarmen hau sinatzen duen udaleko udaltzaingoak konpromisoa hartzen du hilean behin drogen eraginpean gidatzearekin lotutako atestatuei buruzko datu estatistikoak bidaltzeko Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzara, baita udalean jartzen diren administrazio-zehapenei buruzkoak ere, trafiko-arloko indarreko araudiak ezarritakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zehaztuko duen bidea erabilita.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko sortuko da Jarraipen Batzorde teknikoa, bi kidez osatua: Segurtasun Saileko ordezkari bat eta dagokion udalaren ordezkari bat. Batzordeko lehendakaria Segurtasun Saileko ordezkaria izango da.

Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.

Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, bai eta alderdietako batek horrela eskatzen duenean ere; akordioak, berriz, adostasunez hartuko dira.

Seigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi alderdiek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa erantsiko zaizkio dokumentu honi.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.

Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.

Bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen-batzordeari dagozkion eginkizunei eragin gabe, hitzarmen hau garatu edota gauzatzean sor litezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren jurisdikzioaren mende jarriko dira.

Zortzigarrena.– Indarraldia eta amaiera.

Hitzarmen hau aldeek sinatzen dutenean sartuko da indarrean, eta indarraldia 2015eko abenduaren 31n bukatuko da. Hala eta guztiz ere, urtez urte luzatuko da, adierazpen beharrik gabe, alderdietako batek salatzen ez duen bitartean. Beste alderdiari idatzizko jakinarazpena bidaliz gauzatu beharko da salaketa, hitzarmenaren indarraldia edo luzapenetako edozein bukatu baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

Hitzarmena edozein unetan baliogabetu ahalko da bi alderdiek hala adostuz gero.

Irakurri ondoren eta lankidetza-hitzarmen honetan adierazitakoarekin ados daudela erakusteko, alderdiek bi kopia sinatu dituzte, goiburukoan adierazitako leku eta egunean, bertan ezarritako klausulekin bat etorrita.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.

Bilboko Udaleko alkatea,

IBÓN ARESO MENDIGUREN.

ERANSKINA
EMATE-AGIRIA
..............................................................................................................(E)KO UDALTZAINGOA

Listu-lagina 20....(e)ko...................aren....(e)(a)n hartu zen.

Listu-proba egin duten agenteen lanbide-zenbakia: .............

Zigilua jarri eta sinatu duen buruzagitzaren lanbide-zenbakia: ..................

Non gorde den, bidali arte: ..................

Proba garraiatu eta eman duten agenteen lanbide-zenbakia: ...........

Buruzagitzaren sinadura: .........................

ERTZAINTZA

Unitate hartzailea: .......................

Proba hartu duen agentearen lanbide-zenbakia: .................

Harrera-data: ........................ Ordua: ..................

Gordetzen den tokia: ..................

.........................(e)ko Ertzaintzako instrukzio-buruaren sinadura:

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 30EKO 25/2015 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA PORTUGALETEKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA, EAE-KO POLIZIA-KIDEGOEK HARTUTAKO LISTU-LAGINAK ANALIZATZEAN JARDUNBIDE-EREDU BATERATUAK EZARTZEKO DENA; JARDUNBIDE HORIEN BIDEZ, EGIAZTATUKO DA IBILGAILUAK GIDATZEN ARI DIREN PERTSONEK DROGAK HARTU DITUZTEN

Portugalete, 2015eko martxoaren 30a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Jesus Maria Zubiaga Nieva, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisara.

Bestetik, Mikel Torres Lorenzo jauna, Portugaleteko Udaleko alkatea, azken horren ordezkari gisara.

Bi alderdiek, dagozkien karguen bidez eta eman dizkieten ahalmenak erabiliz, hitzarmen hau gauzatzeko legitimotasun eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri, eta, horretarako, hau

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Bi administrazioak jakitun direla drogen eraginpean gidatzea gizarte-arazo bat dela eta beharrezkoak direla horri aurre egiteko gertakari horren aurkako borrokan eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazio eta lankidetzako antolakuntza-moduak.

Berriki onartutako apirilaren 7ko 6/2014 Legeak, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Artikulatua aldatzen duenak (azken hori martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen), lehen aldiz adierazten du drogak listuan hautemateko gailuen aldeko hautua, egiaztatu baita juridikoki seguruak direla, gidarientzat ez direla intrusiboegiak eta, poliziaren ikuspuntutik, bideragarriak direla. Egia esan, drogen eraginpean gidatzen ote den hautemateko kontrolak orokortu arte itxaron behar izan dugu arazo honi aurre egiteko; hala eta guztiz ere, bideko segurtasunerako arazorik larrienetako bat dela egiaztatu da dagoeneko.

Hain zuzen ere, lege berriaren 12. artikuluan nabarmenki aldatu da drogen eraginpean gidatzeari buruzko araudia: aurrerantzean, drogen eraginpean gidatzen den hautemateko probak listuaren bidez egingo dira, baimendutako gailu batekin, eta ondoren listu-kopuru nahikoa duen lagin bat analizatuz.

Bigarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar dituela, polizia-kidego guztien ekintza-baliabideak optimizatzeko asmoz.

Hirugarrena.– Sinatzen duen udaleko udaltzaingoak ez duela baliabide teknikorik drogen eraginpean gidatzen ote den jakiteko analisiak egiteko beharrezkoak diren polizia zientifikoen lanak eta peritu-lanak gauzatu ahal izateko; Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak, berriz, horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak badituenez gero, bi aldeek egoki iritzi diote azpiegitura horiek erabiltzeari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legean aurreikusitako listu-proban lortutako laginak analizatzeko eta, horrela, drogen eraginpean gidatu izan den egiaztatu ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute eta hauek izango dira bete beharreko

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen helburua da esku hartzen duten administrazioetara atxikitako polizia-kidegoek bete beharreko jardunbide bateratuak ezartzea Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko laborategietan EAEko polizia-kidegoek lortutako listu-laginak analizatzeko eta, horrela, ibilgailuen gidariak, edo trafiko-istripu batean parte hartu duten beste pertsona batzuk, edo Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea urratu dutenak drogen eraginpean zeuden egiaztatu ahal izateko.

Era berean, beharrezko gidalerroak ezartzen dira Ertzaintzako Polizia Zientifikoko Unitateak listu-laginen analisia egin dezan, organismoan drogarik dagoen hautemateko.

Bigarrena.– Hauteman daitezkeen substantziak.

Hona hemen zer substantzia hauteman daitezkeen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren laborategietan listu-probaren bidez:

– Opiazeoak (monoazetilmorfina, morfina, kodeina).

– Kokaina (kokaina, benzoilekgonina, kokaetilenoa).

– Anfetamina (anfetamina, metanfetamina, MDA (3,4-metilendioxianfetamina), MDMA (3,4-metilendioximetanfetamina), MDEA (3,4-metilendioxietilanfetamina).

– Haxixa (THC).

– Ketamina.

Emaitza positiboa baieztatzeko masen espektrometriari atxikitako gasen/likidoen kromatografia (ME - GK) baliatzen da.

Hirugarrena.– Jardunbideak.

1.– Listu-laginak emateko baldintzak.

Hitzarmen hau sinatzen duen Udaltzaingoak bere eskualdeko Ertzaintzaren polizia-etxera eramango ditu probak; azken horiek hoztuta eta behar bezala zainduta egon beharko dute une oro, Polizia Zientifikoari bidaltzeko. Proba horien artean egon beharko dira kontrasterako listu-lagina ez ezik dagokion pertsonari egindako proban baliatutako hasierako testaren osagai guztiak ere, proben poltsa edo ontziaren barruan.

Proba horiek Udaltzaingoaren egoitzan gordeta egon beharko dute, eta une oro bermatu beharko da zaintza-katea, dagokion eskualdeko Ertzaintzaren komisariara eraman arte. 72 ordu iragango dira, gehienez ere, probak hartu zirenetik Ertzainetxera eraman arte.

Zaintza-katea behar bezala bete dela jasota gera dadin, emate-agiri bat bete beharko da, Hitzarmen honen eranskinean ageri den ereduaren araberakoa.

Behar bezala identifikatu beharko dira, betiere, bai probak eramaten dituen Udaltzaingoko agentea eta bai horien jasotzen dituen Ertzaintzako komisariako agentea ere, horien lanbide-txartelaren zenbakia emanez.

Agiri horren bi kopia sinatu beharko dira, esku hartzen duten polizia-kidego bakoitzarentzat bana; gainera, ematearen ziurtagiritzat ere balioko dute.

Ertzaintzaren komisariak Polizia Zientifikoko Unitatera igorriko ditu jasotako probak, dagokion analisia eta, ondoren, adituen txostena egin ditzan.

2.– Bete beharreko agiriak.

Analizatu beharreko laginekin batera aurkeztuko diren agirietan informazio hau jaso beharko da:

– Eskaera atestatu ireki bati dagokion edo ireki beharreko bati; azken kasu horretan hildakorik edota zauriturik (arinak zein larriak) egon den adierazi beharko da.

– Eskaeraren jatorria prebentzio-kontrol bat izan den, edo trafiko-istripua, edo trafiko-arloko indarreko araudiaren urraketaren bat.

– Listu-lagina hartu zaion pertsonaren balizko zitazioa, epaiketa azkarreko zigor-prozeduraren bidez auzipetzeko, zitazioaren data adierazita, hala badagokio.

– Lehen listu-analisian aurkitutako zantzuzko substantziak, baieztatu beharrekoak.

– Zantzuzko listu-testaren lote-zenbakia eta iraungitze-data.

3.– Analisia egiteko eta adituaren txostenaren emaitza jakinarazteko epea.

Analisia egin eta dagokion adituaren txostena idatzi ondoren, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak eskualdeko komisariaren bidez helaraziko dio Udaltzaingoari, hiru hilabeteko epean, gehienez ere, ematea gauzatu zenetik.

Adituen txostenean ondoko datu hauek agertu behar dira:

– Azterketaren emaitzak.

– Txostenaren erreferentzia.

– Udaltzaingo instrukzio-egilearen izendapena eta diligentziak.

Laugarrena.– Alderdien betebeharrak.

Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitateak udaltzaingoak emandako laginak jasoko ditu aurreko klausulan ezarritako prozeduraren arabera, eta horien analisia egin ondoren dagokion adituen txostena gauzatuko du. Segurtasun Sailak bere gain hartuko ditu jarduketa horien gastuak, langileen kostua barne.

Hitzarmen hau sinatzen duen udalak, berriz, bere gain hartzen du Segurtasun Sailaren laborategietan baliatutako material suntsikorraren kostua, hots, ibilgailuen gidariak, edo trafiko-istripu batean parte hartu duten bidearen beste pertsona erabiltzaile batzuk edo Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea urratu dutenak drogen eraginpean zeuden egiaztatzeko baliatutako material suntsikorrarena.

Horrez gainera, Hitzarmen hau sinatzen duen udaleko udaltzaingoak konpromisoa hartzen du hilean behin drogen eraginpean gidatzearekin lotutako atestatuei buruzko datu estatistikoak bidaltzeko Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzara, baita udalean jartzen diren administrazio-zehapenei buruzkoak ere, trafiko-arloko indarreko araudiak ezarritakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zehaztuko duen bidea erabilita.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko sortuko da Jarraipen-batzorde teknikoa, bi kidez osatua: Segurtasun Saileko ordezkari bat eta dagokion udalaren ordezkari bat. Batzordeko lehendakaria Segurtasun Saileko ordezkaria izango da.

Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.

Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, bai eta alderdietako batek horrela eskatzen duenean ere; akordioak, berriz, adostasunez hartuko dira.

Seigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi alderdiek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa erantsiko zaizkio dokumentu honi.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.

Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.

Bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen-batzordeari dagozkion eginkizunei eragin gabe, hitzarmen hau garatu edota gauzatzean sor litezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren jurisdikzioaren mende jarriko dira.

Zortzigarrena.– Indarraldia eta amaiera.

Hitzarmen hau aldeek sinatzen dutenean sartuko da indarrean, eta indarraldia 2015eko abenduaren 31n bukatuko da. Hala eta guztiz ere, urtez urte luzatuko da, adierazpen beharrik gabe, alderdietako batek salatzen ez duen bitartean. Beste alderdiari idatzizko jakinarazpena bidaliz gauzatu beharko da salaketa, hitzarmenaren indarraldia edo luzapenetako edozein bukatu baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

Hitzarmena edozein unetan baliogabetu ahalko da bi alderdiek hala adostuz gero.

Irakurri ondoren eta lankidetza-hitzarmen honetan adierazitakoarekin ados daudela erakusteko, alderdiek bi kopia sinatu dituzte, goiburukoan adierazitako leku eta egunean, bertan ezarritako klausulekin bat etorrita.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.

Portugaleteko Udaleko alkatea,

MIKEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA
EMATE-AGIRIA
....................................................................................................................(E)KO UDALTZAINGOA

Listu-lagina 20....(e)ko...................aren....(e)(a)n hartu zen.

Listu-proba egin duten agenteen lanbide-zenbakia: .............

Zigilua jarri eta sinatu duen buruzagitzaren lanbide-zenbakia: ..................

Non gorde den, bidali arte: ..................

Proba garraiatu eta eman duten agenteen lanbide-zenbakia: ...........

Buruzagitzaren sinadura: .........................

ERTZAINTZA

Unitate hartzailea: .......................

Proba hartu duen agentearen lanbide-zenbakia: .................

Harrera-data: ........................ Ordua: ..................

Gordetzen den tokia: ..................

.........................(e)ko Ertzaintzako instrukzio-buruaren sinadura:

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 30EKO 25/2015 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, ABANTO Y CIÉRVANA-ABANTO ZIERBENAKO UDALAREN ETA EUSKAL HERRIKO MEATZARITZAREN MUSEOA FUNDAZIOAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, GUZTIEK ERABILIKO DUTEN ERAIKIN BAT EGITEKO. EUSKAL HERRIKO MEATZARITZAREN KULTURA ETA INGURUMEN PARKEAREN INTERPRETAZIORAKO ZENTROA HARTUKO DU

Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan, 2015eko martxoaren 5ean.

AGERTU DIRA:

Ana Isabel Oregi Bastarrika andrea, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean, Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 3an egindako bileran Hitzarmen hau sinatzeko baimenduta.

Maite Etxebarria Azpiolea andreak, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako alkateak, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalaren izenean eta ordezkari-lanetan jarduten du, Udalbatzak 2013ko otsailaren 9an onetsitako akordioari jarraiki, eta bertako idazkari nagusiak igorritako ziurtagiriak hala egiaztatuta.

Carmelo Uriarte Olano jauna, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioaren presidentea da. 2001eko apirilaren 25ean, Bilboko Carlos Ramos Villanueva notario jaunaren aurrean emandako mila bederatziehun eta hogeita lau zenbakidun eskritura publikoak eratu zuen fundazio hori; IFZ G95157368 zenbakiduna da eta EAEko Fundazioen Erregistroan F-106 zenbakiarekin inskribatu zen. Carmelo Uriarte Olano jaunak fundazio horren presidente gisa jarduten du eta hitzarmen hau sinatzeko ahalmen nahikoa dauka, 2001eko apirilaren 25ean Bilboko Carlos Ramos Villanueva notario jaunaren aurrean eman baitzitzaion, eta mila bederatziehun eta hogeita bost protokolo zenbakia duen ahalordetze-eskriturari jarraiki.

Alderdiek honako dokumentu hau gauzatzeko ahalmen juridikoa aintzatetsi diote elkarri eta, horrekin bat, honako hau,

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.17 eta 11. artikuluetan eta Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.h) eta m) artikuluetan ezarritakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak, hurrenez hurren, eskumenak dituzte ingurumenaren eta kulturaren alorretan.

Bestalde, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioa 2001eko apirilaren 25ean sortu zen, honako helburu hauekin:

1.– Meatzaritzaren eta hark ekonomiarengan, gizartearengan eta ingurumenarengan izandako eraginaren garapen historikoa aztertzea eta zabaltzea.

2.– Meatzaritzatik eratorritako elementu material, industrial, hiritar eta azpiegituretakoak babestu eta berreskuratzea.

3.– Garai hartako eta meatzaritzari loturiko dokumentuak, artxiboak, planoak, irudiak, marrazkiak eta argazkiak berreskuratzea eta kontserbatzea.

4.– Inguruneko paisaiak eta elementuak aztertzea meatzaritzak haiengan eragina izan duen kasuetan eta garrantzitsutzat jotzen direnak kontserbatzeko joera bultzatzea.

5.– Jasangarritasunerako irizpideak kontuan hartuta, Bizkaiko meategien garapen sozioekonomikoa eta turismoa sustatzea, balio kultural eta naturalak ezagutzera emanda.

6.– Arestian aipatutakoekin lotutako beste edozein helburu.

Kide fundatzaileak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udala eta Meatzaritzaren Museoa Kultur Elkartea dira, fundazio-eskrituran jasota dagoen bezala. Honako hauek osatzen dute patronatua: Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak izendatutako 3 kide; eta, Meatzaritzaren Museoa Kultur Elkarteak izendatutako beste 6 kide.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra Ortuellako Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroaren titularra da, eta hori kudeatzen du, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bitartez. Interpretaziorako zentro horrek berrikuntza integrala behar du; horretarako, inbertsio handia egin beharko da.

Hirugarrena.– Meatzaldea – Zona Minera Biotopo babestua izendatzen duen Dekretua hemendik gutxira onartuko da eta komenigarria da naturagune babestu osoarentzako interpretaziorako zentroa sortzea.

Laugarrena.– Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udala gaur egun Meatzaritzaren Museoa eta Korta Eraikina kokatuta dauden lursailen jabea da, eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen Proiektua bertan egitea proposatu da (I. eranskina Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalaren Ondarea).

Bosgarrena.– Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioarenak dira proiektua eta «Korta Eraikina» (Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioaren Ondareari buruzko II. eranskina), eta azken horretan eraikiko da Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretaziorako Zentro berria.

Seigarrena.– Hitzarmena sinatu duten alderdiek lurraldeko museoen, interpretazioaren eta kultura eta ingurumen hezkuntzaren alorrean eta Meatzaldeako meatzaritza-ondarearen inguruan jardun dute edo aritzeko beharrizana dute, eta honako hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroaren bitartez), Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udala eta Meatzaritzaren Museoa Kultur Elkartea (Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioaren bitartez).

Zazpigarrena.– Jarduera-esparru horren barruan, hiru alderdiek administrazio arteko lankidetza ekimena bultzatzeko interesa adierazten dute, ingurumen eta kulturaren arloko Interpretaziorako Zentro bat sortzeko. Ildo horretatik, gaur egun Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan, Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroan eta Meatzaldea Biotopoaren etorkizuneko Interpretaziorako Zentroan kokatuta dauden baliabideak elkartuko dira; horrela, sinergiak sortu eta baliabide publikoak optimizatu nahi dira, «Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkea» izena izango duen erakusketa eta ingurumen-interpretaziorako gune bakarra sortuta.

Zortzigarrena.– Interpretaziorako zentro horrek Gallartako Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren eraikin berrian bukatu gabe dauden instalazioetan (Korta eraikina) du kokatzeko aukera; horren titularra Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioa da. Gune horretan, proiektuak batu eta integratuko dira, eta Museoaren jarduerei ingurumen balioak gehituko zaizkie. Jarduera horiek meatzaritzatik eratorritako elementu material, industrial, hiritar eta azpiegituretakoak babestu eta berreskuratu nahi dituzte.

Beraz, alderdi guztiek gure historia eta kultura islatu eta horiek gure ingurunean duten eragina erakusten duen zentroa bultzatzeko ardura dute; horrek, gainera, garapen ekonomikorako aukera aparta dakar, kultura, ingurumen eta turismoaren arloko goi-mailako baliabidea baita. Izan ere, bisitari eta turista askok bisitatzeko moduko aisialdirako gune bilakatzeko trakzio-elementua izan ahal da eskualde horretan, meatzaritzako paisaiak erakarrita. Hortaz, alderdiek konpromisoa hartzen dute «Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretaziorako Zentroa» eraiki eta abian jartzeko.

Bederatzigarrena.– Horren ondorioz, Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretaziorako Zentroa eraiki eta abian jartzeko lankidetza-jarraibide orokorrak ezartze aldera, agertutako herri-administrazioek eta Fundazioak egokitzat jo dute juridiko-administratiboa den Lankidetza Hitzarmen hau sinatzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 3,4.1.d), 4.5 eta 6. artikuluetan, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57 eta 87 artikuluetan, eta Udal Erregimenaren arloko indarreko legezko xedapenen testu bategina onetsi zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 111. artikuluan ezarritakoarekin bat. Honako hauei jarraiki:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen helburua da honako erakunde hauen jarduera-esparrua ezartzea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udala eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioa. Horrela, Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretazioa Zentroa egingo dute, guztiek erabili ahal izateko, Obrak Exekutatzeko Proiektuan jasotakoari jarraiki (III. eranskin gisa gehitu da). Horretarako, gutxi gorabeherako aurrekontua 1.845.472,64 euro dira.

Eraikin berria Corta Eraikinaren instalazioak oinarritzat hartuta egingo da; Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioa da haren jabea (II. eranskina).

Bigarrena.– Obrak hastea eta exekutatzea.

1.– Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek «Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretaziorako Zentroa» proiektua exekutatzeko konpromisoa hartu dute, agiri honetan bildutako baldintzei jarraiki. Hitzarmen honi dagokion III. eranskin gisa gehitu dira xedapen horiek.

2.– Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalaren esku jarriko du Korta Eraikina, bertan gauzatzeko «Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretaziorako Zentroa», horixe baita hitzarmen honen xedea.

3.– Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak «Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretaziorako Zentroa» proiektua gauzatzeko konpromisoa hartu du, hitzarmen honen zazpigarren klausulan aurreikusitako epearen baitan.

Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak hitzarmen honen xede diren obren exekuzioa kontratatuko du, kontratazio publikoaren arloan indarreko xedapenekin bat, eta obra horien hasiera idatziz jakinaraziko die hitzarmena sinatu duten gainontzeko alderdiei. Horretarako, udalak eta kontratista esleipendunak sinatutako obren hasierako akta aurkeztuko die.

Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak eta kontratista esleipendunak obren onarpenaren akta sinatu ondoren, udalak gainerako alderdiei jakinaraziko die, eta aipatutako toki-administrazioak bere gain hartuko du gauzatutako obra eta instalazioen titulartasuna.

Hirugarrena.– Finantzaketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bitartez, «Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretaziorako Zentroa» proiektuaren % 50 finantzatuko du, gehienez ere, 900.000 euro emanda. Ildo horretatik, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari ordaintzeko, honako hau izango da urteroko banaketa ekonomikoa:

2015............500.000 euro

2016............300.000 euro

2017............100.000 euro

GUZTIRA......900.000 euro

Aipatutako ekarpenak honako partida honen kontura egingo dira: 15.01.09.22.0100.3. 722.01.44210.004-k.

2.– Zenbateko horiek urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan ordainduko dira, betiere udalak eskatu ondoren.

Ekitaldi bakoitzari dagokion dokumentazioa (obren zuzendariak sinatutako obren exekuzioaren ziurtagiriak, udaleko idazkari kontu-hartzaileak egindako ziurtagirien bidez gauzatutako gastuak, etab.) Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari igorriko dio, urteko azken hiruhilekoan zehar. Horrela, eraikitzeko proiektua amaitzean, egindako gastu osoa egongo da justifikatuta, gauzatutako finantzaketari dagokionez.

Laugarrena.– Publizitatea.

Obraren iragarpen-kartelean, hitzarmen honek helburu duen jardueraren finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egin beharko da, eta adierazi beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lagundu duela diruz.

Bosgarrena.– Jarraipen batzordea.

1.– Jarraipen batzordea eratu da, eta honako hauek osatzen dute:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria.

– Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udaleko alkatea.

– Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioaren presidentea, edo hark Fundazioaren patronatuan eskuordetutako beste kide bat.

2.– Batzorde horrek helburuak lortu direla eta hitzarmen honetan adostutako akordioak betetzen direla bermatu beharko du, baita beharrezkoak izan liratekeen beste neurriren batzuk proposatu ere.

3.– Hitzarmena indarrean egon bitartean, obrak ondo gauzatzeko beharrezkoa denean bilduko da batzordea, alderdietako batek hala eskatuta.

4.– Bai bilera egiteko, bai erabakiak onartzeko, honako quorum hau beharko da: kide guztien gehiengoa.

5.– Hitzarmenean Jarraipen Batzordeari buruz berariaz aurreikusten ez diren gaietan, kide anitzeko organoen araubidea ezarriko da; hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Erregimen Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 2. tituluko II. kapituluan dago araututa.

Seigarrena.– Izaera eta Interpretazioa.

1.– Hitzarmen hau administratiboa da; beraz, hori interpretatu eta garatzeko, herri-administrazioen arteko lankidetza hitzarmenetan ezargarria den ordenamendu juridiko administratiboa ez ezik, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren printzipioak ere bete behar ditu.

2.– Hitzarmen honek edo haren exekuzioak sortu ahal dituen interpretatzeko arazoak konpondu behar izanez gero, Jarraipen batzordeari egokituko zaio eginkizun hori, aurreko klausulan ezarritakoarekin bat.

3.– Hitzarmen honen interpretazioak, aldaketek, ondorioek edo ebazpenak eragin ditzaketen kontu eztabaidagarriak administrazioarekiko auzien jurisdikzio ordenak ezagutuko beharko ditu eta haren eskumena izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 8.3 artikuluak xedatutakoaren arabera, eta jurisdikzio ordena hori arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko Legean ezarritakoari jarraiki.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren ondorioak eta indarraldia.

1.– Hitzarmenak ez dakar alderdi parte-hartzaileek euren eskumenei uko egitea, ezta eskumenok aldatzea ere. Alderdi parte-hartzaileek, hitzarmena sinatuta, berez sortzen diren erantzukizunak soilik onartzen dituzte.

2.– Hitzarmen hau sinatu eta hurrengo egunetik hasita egongo da indarrean eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretaziorako Zentroaren obrak bukatutakoan amaituko da, 2017ko abenduaren 31rako espero dena.

Zortzigarrena.– Hitzarmena azkentzea.

1.– Aurreko klausulan ezarritako indarraldia igarotzeagatik edo desegiteatik iraungiko da Hitzarmena.

2.– Alderdietakoren batek ez baditu betetzen hartutako konpromisoak, gainerako edozeinek izango du ahalmena hitzarmena desegiteko eskatzeko.

3.– Hitzarmenaren ebazpena eskatu aurretik, eskaera hori egiten duen alderdiak Jarraipen Batzordeari eskatu beharko dio hausnarketa egiteko. Batzordean erabakiko da hitzarmen honetako klausulak behar bezala betetzeko, neurri egokiren bat proposatzeko aukera, diru-laguntza itzultzeko aukera barne.

Eta azaldutako guztiaren ados daudela adierazteko, alderdiek Hitzarmen honen hiru ale sinatu dituzte goiburuan adierazitako toki eta datan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Izenean,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalaren Izenean,

MAITE ETXEBARRIA AZPIOLEA ANDREA.

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioaren Izenean,

CARMELO URIARTE OLANO JAUNA.

V. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 30EKO 25/2015 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREKIN. ARRISKUAN DAUDEN ENPRESEN EKOIZPEN-LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO TXOKE PLANERA BIDERATUTAKO PRESTAKUNTZA- ETA ESKU-HARTZE PROGRAMA DISEINATU, EZARRI ETA EBALUATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 17an.

ELKARTU DIRA:

Alde batetik, Martin Garitano Larrañaga jauna, Gipuzkoako diputatu nagusia.

Bestetik, Cristina Uriarte Toledo anderea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren izenean eta ordezkapenean dihardute biek ere, eta hitzarmen hau izenpetzeko gaitasun juridiko eta jarduteko ahalmen nahikoak aitortzen dizkiote elkarri; eta horretarako ondorengoa,

ADIERAZTEN DUTE:

I.– Foru Aldundiak legealdiaren hasieratik hartu du bere gain Gipuzkoako herritarrekin, erakundeekin eta eragileekin oro har lan egiteko eta harremanetan jartzeko bideak indartzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ulertzen du komunitateko eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza ahalbidetuz emaitza positiboak lortuko direla, bai lurralde garapen orekatu eta iraunkorra bilatzerakoan, eta baita ere krisiari aurre egiteko ekintzetan.

Udal eta eskualde mailako sareetan oinarritutako garapena planteatzeak, eragile asko daudela aitortzeaz gain, eragile horiek antolaketa esparru komunetan egituratzea dakar, eta horietatik abiatuta partekatutako proiektu publikoekin zerikusia duten baliabideak trukatzea, lehentasunak negoziatzea eta erabakiak hartzea.

Lurralde garapena sustatzeak eskatzen du Gipuzkoako lurralde kapitalaren oinarri diren aktibo eta baliabideen (materialen eta materiagabeen) ikuspegi orokorra bultzatzea. «Europar Batasuneko Lurralde Agenda»k, Europak aurre egin behar dien erronkak jasotzerakoan, lurraldearen kohesioa sendotzeko lanaren garrantzia azpimarratzen du. Kohesio hori ulertu behar da etengabeko prozesu eta prozesu kooperatibo moduan, eta bertan eragile guztiak sartu behar dira, arloetako politiken eta plangintza mekanismoen arteko koordinazio eraginkorra lortzeko. Prozesu horrek eskatzen du «lehiakortasuna» eta «kapitala» kontzeptuen ikuspegi koordinatua bultzatzea. Izan ere, kontzeptu horiek gero eta konplexuagoak dira, lurralde lehiakor bat ez baita bakarrik dinamika ekonomiko positiboa eta merkatu orokor baten baldintzetara egokitutakoa sortzeko gai dena, baizik eta, horrez gain, lurraldearen ingurumen, gizarte eta kultura iraunkortasuna bermatuko duena. Ildo horretan, lurralde garapen orekatu, iraunkor eta kohesionatua bilatzerakoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lau dimentsio hartzen ditu kontuan lurraldearen garapena osatzeko orduan: garapen soziala eta giza garapena; garapen ekonomikoa; garapen iraunkorra; eta garapen instituzionala.

Ondorioz, ekonomi krisiari erantzuteko politika sustatu eta antolatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren iritziz, herritar guztien ongizatea helburu duten eredu ekonomiko eta sozial berriak bilatzen bakarrik aurki daiteke, eta hori guztia gaur egungo krisia ekarri duten dinamika espekulatibo eta kapitalistatik urruti dauden jarreretatik bultzatuta. Gizarte eta ekonomia eredu berri horren bila, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatzen du arrazoizko garapena oinarri duen ekonomia produktiboa izatea, eta horretarako ezinbestekoak dira sektore publiko indartsua, Gipuzkoako eskualdeen garapen orekatua, eta ingurumenarekiko errespetua.

II.– Esparru honetan, krisia gainditzeko irtenbideak bilatzea planteatzen da Gipuzkoako eskualde mailako garapen agentziekin (edo erakunde baliokideekin) elkarlanean, aurrera egiteko gobernu eredu berri baterantz, non eskualdeetako eragileek modu irekian eta iraunkorrean parte hartuko duten lurralde garapeneko estrategiak diseinatzen.

Eredu berri hori bilatzeak eta egoera hau sorrarazi duten jokabideak errepikatzea saihesteak, eskatzen dute ahalegin eta inbertsio guztiek jomuga hori izatea.

Krisiari aurre egiteak eguneroko lanean jardutea eskatzen du, iraganeko arazoei aurre eginez; eta horretarako, formula ezagunak erabiltzeaz gain, etorkizunaren oinarri izango diren paradigma berrietara hurbilduko gaituzten berrikuntza prozesuen alde egitea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez krisiari erantzuna emateko ez dira nahikoa izango ohiko tresnak eta diru laguntzak. Beharrezkoa da berrikuntzak aplikatzea erakundeek dituzten jarduteko moduetan. Eraginkortasun handiagoa bilatzeko helburu horretan, Foru Aldundia testuinguru bat sustatzen ari da eragileekin sarean elkarlanean aritzeko. Horregatik dute inplikazio aktiboa garapen agentziek, erakunde akademikoek eta enpresek krisiari erantzunak bilatzeko orduan.

III.– Gaur egungo egoera ekonomikoak eragin kaltegarria du enpresa gehienetan, izan ere, azken urte hauetako krisialdiaren ondorioz, barne merkatuak murrizten ari zaizkie eta zailago egiten zaie kanpoko merkatuetara heltzea. Lurraldeko langabezia-tasa igotzea krisiaren konstatazio argia da.

Ekonomia politikak koordinatzeko estrategia europarraren ildotik –hazkunde barneratzailea, lurralde kohesioa, kohesio ekonomikoa eta soziala, hala nola enpleguaren hobekuntza eta garapen iraunkorra lehenesten dituzten politikak–, Gipuzkoako Foru Aldundia, krisialdiari aurre egiteko, ekimen desberdinak bultzatzen ari da lurralde estrategia adimendunaren esparruan, hainbat esku-hartzeren bitartez. Horien artean, honako helburu hauek bultzatzeko ildoak azpimarra daitezke: enpresen sorrera eta garapena; antolakuntza berritzea; nazioartekotzea; ezagutza eta ikasketa bultzatzea; Gipuzkoako ETEei laguntzea enpresa traktoreekin elkarlanean jarduteko; eta abar.

Gipuzkoako Foru Aldundia lurraldeko eragileekin batera bultzatzen ari den harreman-eredu berria bat dator Europako berriztapen estrategietan jasotako proposamenekin; eta eredu horrek erraztu egiten du lurralde osorako proposatutako estrategiari lagunduko dioten politiken mix orekatua lortzeko aukera. Foru Aldundiaren iritziz, lurralde osoan elkarreragiten duten giza baliabideen, bitarteko fisikoen, hala nola ezagutza eta harreman arloko baliabideen baitan dago lehiakortasuna, horiek guztiek ekosistema bat osatzen baitute.

Harreman espazioak bilatzea ezin da foru esparrura mugatu eta sinergiak bilatu behar ditu beste administrazio publiko batzuk sustatuko proiektuekin, bai prestakuntzaren alorrean eta bai kudeaketaren hobekuntzan. Horrez gain, elkarrekintza gune honetan, ekimen honen abiapuntu filosofiko eta praktikoarekin bat egiten duten eta ekarpen berritzaileak egin ditzaketen eragileekin harremanetan jartzea sartzen da.

Enpresen lehiakortasuna atal ugaritan oinarritua dago. Berrikuntza funtsezko gaia bada ere, beste hainbat eta hainbat alderdi ukigarri eta ukiezinen kudeaketa da enpresaren hazkunde iraunkorraren gakoa. Baldintzatzaile horiek bereziki garrantzitsuak dira eskakizun maila handiagoak dituzten merkatuetan sartzea ahalbidetuko dioten ezagupen teknologikorik, denborarik, giza baliabiderik eta bitarteko materialik ez duten enpresa txiki eta ertain askorentzako.

Europan eta euskal lurraldean, enpresa txikiak eta ertainak ezinbestekoak dira enplegua sortzeko eta mantentzeko. Funtsezko zeregin hori aitorturik, bai Europa 2020 Estrategia eta bai komunitateko laguntza programak eta jarduerak, batez ere ETEei zuzenduak daude, hazkundea eta enplegua sustatzeko helburuarekin. Xede horri begira, enpresa-izpiritua bultzatzera, beren egoera bizitza-ziklo osoan zehar hobetzera, eta merkatu berrietan sartzera bideratutako politikak garatzen dituzte.

IV.– Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako eskualdeetako garapen agentziek, Garapen Agentzien Euskal Elkartean bildurik, 2014ko otsailaren 14an lankidetza hitzarmena sinatu zuten «Txoke Planeko» Garaituz programaren esparruan, Gipuzkoan ahultasun egoeran dauden enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko eta beren iraunkortasuna ziurtatzeko xedez. Horretan aurreikusi zen industri ehunaren, eta bereziki enpresa txiki eta ertainen, arazo nagusien diagnostiko bat egitea, etorkizunean enpresa horiei laguntzeko plan instituzionalak diseinatzerakoan lagungarria izan zedin.

Lankidetza hitzarmen horretan, garapen agentziek, lurraldearen lehiakortasunaren bitartekari eragileak diren aldetik, honako konpromisoak hartu zituzten bere gain:

– Diagnosi argazki bat ateratzea mendekotasunagatik eta kostuengatik ahultasun ekonomikoan dauden Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen egoerari. Diagnostiko hori egiteko, enpresen laginketa bat hautatu eta identifikatu zen, hain zuzen ere, ingurunea ondo ezaguturik, garapen agentziek eskualde bakoitzean egiten duten laginketa.

– Ondorio egokiak ateratzea, gero, horiei esker, esparru metodologiko bat ezar dadin, zeina, geroago, ahultasun egoeran dauden Gipuzkoako enpresa guztiei estrapolatuko baitzaie, baita geroko esku-hartze plan instituzionala edo instituzionalak diseina daitezen ere, halako enpresen errealitateari egokituak.

Ekimen honen helburu den enpresa-segmentuaren ezaugarri nagusia da enpresa txikiak direla, gehienez 50 langilekoak; batez ere industri jardueran dihardute, eta gehienak enpresa lagungarriak dira. 10 langiletik 50 langilera bitarteko enpresa asko daude Gipuzkoan. Guztira 2.834 enpresa daude, enpresa guztien % 84, eta enpleguaren % 39a 10 langiletik gora dituzten Gipuzkoako enpresetan. Bestalde, mikroenpresak enpresa guztien % 94 dira.

V.– Krisialdiak areagotu egin ditu enpresa txiki horien zailtasunak. Modu honetako enpresek finantzazioa lortzeko topatzen dituzten muga handiagoek areagotu egiten dituzte segmentu horrek dituen egiturazko ahuleziak. Aldi berean, egiturazko ahultasun horrek eraginkortasuna zailtzen du gero eta irekiagoa den merkatuan. Halako enpresa gehienak enpresa traktoreen babesean hazi izan dira, baina ez dute sortu gaitasunik, lantalderik, prozesurik edo kudeaketa sistemarik, azken finean, argi eta garbi eduki gabe merkatura orientatzea eta lehiatzeko abantailarik sortu gabe krisiari aurre egiteko.

Ingurune ireki horretan, enpresa txikien lehiakortasuna erakundeen, eragileen eta enpresen artean lurraldean dagoen lankidetza testuinguruaren araberakoa izango da neurri handi batean. Osagarritasunerako eta enpresen arteko lankidetzarako gune bat egoteak aukera emango du enpresen arteko espezializazio osagarri bat izateko –teknologikoa eta merkataritzakoa–. Harreman horren emaitza da elkarrekin produktu konplexu sorta eskain dezaketela eta berrikuntzako elkarrekiko prozesu bat elika dezaketela. Gipuzkoako enpresak txikiak izateak ezinbestekoa egiten du lankidetza.

VI.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eta garapen agentziek, 2014ko otsailaren 14an sinatutako lankidetza hitzarmena betez, enpresa txikien arazoen kontzeptualizazioan parte hartu dutenen zailtasunak eta gabeziak kontuan hartuta, arazo horiek aztertzeko eta ebaluatzeko eredu bat egin dute. Eredu horrek, gerta litezkeen 19 ahultasun faktore biltzen ditu, hiru multzo handitan banaturik:

– 1. Egiturazko ahultasun faktoreak.

– 2. Ahultasun faktore operatiboak.

– 3. Ahultasun ekonomiko eta finantzarioa.

Foru Aldundiaren eta garapen agentzien baterako lan esparruan, proposatutako metodologia aplikaturik, eta 19 ahultasun faktoreak aztertuta, antzemandako arazoei erantzuna ematera bideratutako esku-hartze proposamen sail bat ondorioztatu da. Zehazki, sei jarduketa-ildo hauek proposatzen dira:

– Urgentziazko bideragarritasun plana.

– Kudeaketa eredua definitzea eta ezartzea.

– Produkzio lehiakortasuna hobetzea.

– Negozioaren jarraipena ziurtatzea.

– Merkataritza arriskua dibertsifikatzea.

– Tamaina handitzea.

VII.– Kontuan hartuta enpresa gehienen baliabide eta ezagupen mugatuak, eta eguneroko jarduna gainditzeko duten zailtasuna, erabaki da ekintza planak ezartzeko eta plan horien emaitzak denboran zehar irauteko faktore kritikoa, diseinatutako plan horiek ezartzeko laguntzak izatea dela. Plan batzuen eta besteen arteko diferentzia, azken batean, plana ezartzeko gaitasunak eta abileziak erabakiko du. Planetan ageri diren ideiak ezartzeko gai izateak emango du bidea «intended strategies»-tik «realized strategies»-ra pasatzeko.

Hori guztia dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusi du enpresei laguntzea ildo, enpresa bakoitzak bere ahultasun egoerari erantzuteko formulatuak izango dituen ekintza planak ezartzen.

VIII.– Aurre-diagnostikoan aipatzen den bezala, sei dira Gipuzkoako ehun industrialak dituen gabeziak konpontzeko edo konponbidean jarri beharreko ardatzak. Hauek, elkar loturiko kate-begiak dira eta lehentasunezko edo urgentziazko akzioak eskatzen ditu beste ardatz batzuk garatu aurretik. Beraz, hasieratik hasi beharra, ariketa logikoa eta beharrezkoa da. Hurrengo ildoak lehenetsi dira:

● 1. ildoa. Urgentziazko bideragarritasun planak ezartzea.

Hainbat enpresak egoera finantzario larriak bizi dituzte egun. Aspaldian, finantza iturri nagusiek ez dituzte beharrak asetu eta horren ondorio da egoera ere. Eskualdeko garapen agentziek egingo dute prozesu orokorraren jarraipena. Ildo hau sendotasunez bideratu ahal izateko bi ardatz lantzeko beharra dago:

– Enpresaren errentagarritasuna zenbaki positiboetan kokatu, horretarako egin beharreko egokitzapenak burutuz. Hori eginik:

– Egoera finantzarioa egonkortu.

● 2. ildoa. Kudeaketa eredua definitzea eta ezartzea.

Urteetan zehar, bezero eta produktu dibertsifikatu gabeko ehun industriala izan dugu. Egoera kritikoan dauden enpresak, norabide jakinik gabeko egoeran aurkitzen dira eta etorkizuna bermatu ahal izateko ezinbesteko daukagu hemen eragitea. Honek hiru azpi-ardatz definitzen dizkigu:

– Marko estrategikoa definitzea.

– Antolaketa-egituraren definizioa edo berrantolaketa.

– Kudeaketa plana definitzea.

– 3. ildoa. Produkzio lehiakortasuna hobetzea.

Bezeroen beharretara egokitutako teknologia eta antolakuntza du Gipuzkoako ehun industrialak. Prozesu guztian zehar, elementu bereizgarriak egon daitezke baina prozesua hobetu beharra daukagu. Azken finean, prozesu produktiboaren hobekuntza aztertu eta gauzatzea. Hiru eremu aurreikusi dira nagusiki:

– Produktibitatea gehitzea.

– Fabrikazio kostua jaistea.

– Erosketa gastuak jaistea.

IX.– Diagnostikoa egiteko eta metodologia esparrua ezartzeko aurretiazko faseak, baterako lan eredu berritzaile bati jarraituz eta garapen agentziekin sarean burutu badira, metodoa ezartzeko fasean ere lankidetza eskema hori mantentzeko eta zabaltzeko asmoa du Foru Aldundiak. Foru Aldundiaren, garapen agentzien eta enpresen artean batera jarduteko dinamika horretan, erakunde akademikoak, EHU eta Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa (TKnika), Eusko Jaurlaritzaren menpekoa, aurrerantzean TKnika, modu eraginkorrean inplikatzea aurreikusi da. Eragile desberdinak uztartze horrek hobetu egingo du planen bideragarritasuna; eta, elkarrekin ikasiz, enpresen gaitasunak hobetuko dira.

X.– Bestalde, esparru akademikoetan eztabaida pizten ari da unibertsitateak eta gainontzeko erakunde akademikoek gizartean izan behar duen zereginaren gainean. Erakunde horiek guztiek hezkuntzan eta ikerketan izan dituen funtzio tradizionalez gain, oro har gero eta interes handiagoa dago lurralde garapeneko prozesuan ekarpena egin dezaten, harreman handiagoa sortuz mundu akademikoaren eta politika publikoak diseinatu, aplikatu eta ebaluatu behar dituztenen artean, epe ertain eta luzera eraginkorra izango den ezagutzaren kogenerazio eszenatoki bat bilatzeko bidean.

Esparru akademikoen, erakundeen eta eragileen arteko elkarrekintzak, eginez, erabiliz eta elkarreraginez ikasten den ikasketa prozesu partekatua ahalbidetzen du. Ildo horretatik, prestakuntza ez da ulertzen ezagutzaren transferentzia lineal moduan, baizik eta partekatutako lanaren ondorioz sortzen den ezagutza berri baten barruan.

XI.– Foru Aldundiaren laguntza ildoak honela gauzatzea aurreikusi da Garaituz programaren esparruan:

– 1. ildoa. Bideragarritasun plana ezartzea. Enpresak kontratatzen duen aholkularitza edo laguntzaren kostuaren % 80ko diru laguntza emango du Foru Aldundiak, 25.000 euro arte.

– 2. ildoa. Kudeaketa eredua definitzea eta ezartzea. Foru Aldundiaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmenaren arabera, zeregin honetan Unibertsitateko adituek enpresei laguntzea aurreikusi da.

– 3. ildoa. Produkzio lehiakortasuna hobetzea. Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren, arteko hitzarmenaren arabera, zeregin honetan TKnikako adituek enpresei laguntzea aurreikusi da.

Era berean, pasa den 2014ko otsailaren 14ko lankidetza hitzarmenaren jarraipen gisa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Garapen Agentzien Euskal Elkarteak, gauzatuko duten hitzarmen berria betez, Garapenek bere gain hartuko du enpresen eta erakunde akademikoen arteko koordinazio lana «Kudeaketa eredua definitzeko eta ezartzeko» eta «Produkzio lehiakortasuna hobetzeko» planak ezartzeko fasean.

XII.– Enpresek, Foru Aldundiaren laguntza hori eskuratu ahal izateko, hiru ildoetan parte hartzeko konpromisoa hartu behar dute.

Nahiz eta lehenengo ildoari ekiteko enpresa onuradunak zuzenean jasoko duen diru laguntza, beste bi ataletan enpresek zuzenean jasoko dute aditu akademikoen laguntza, bai banaka eta baita ere eskualde mailan dagokion garapen agentziaren, enpresen eta aditu akademikoen artean sortuko diren taldeetan parte hartuz. Garapen Agentzien Euskal Elkarteak koordinatuko ditu eskualde mailan enpresen, UPV/EHUren eta TKnikaren arteko lan dinamikak enpresa bakoitzak bere ahultasun egoerari erantzuteko xedez aurkezten duen «Kudeaketa eredua definitzeko eta ezartzeko» eta «Produkzio lehiakortasuna hobetzeko» planak ezartzen.

Eragileen arteko lankidetza esparru berriak ezartzen dituen metodologia berritzaile bat ezartzeak ahalegin handia eskatzen die bai esparru akademikoko ordezkariei, lan prozedura berri bat gidatu beharko dutelarik, eta baita ere enpresetako ordezkariei, sistemak proposatzen dituen abantailak eta irismena ulertu beharko dutelarik hasieratik.

Eragileen arteko lankidetza esparru berriak ezartzen dituen metodologia berritzaile bat ezartzeak ahalegin handia eskatzen die bai «irakasleei» eta bai «ikasleei» (enpresak). Irakasleek lan prozedura berri bat gidatu beharko dute, eta, ikasleek sistemak proposatzen dituen abantailak eta irismena ulertu beharko dute hasieratik.

XIII.– Ahultasun egoeran dauden Gipuzkoako enpresa txikiei beren egiturazko ahultasun egoerari erantzuteko ekintza planak ezartzen laguntzeko xedez lehen aipatutako eragileen arteko lankidetzarako gunea eratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak duen lanean, beharrezkoa da lankidetza eta koordinazio esparru bat ezartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren artean, TKnikako adituek bere gain hartuko duen, «Txoke Plana»ren barruan, enpresei laguntzea enpresa horietan «Produkzio lehiakortasuna hobetzeko» (3. ildoa) plan horiek ezartzen.

Egitasmo hau esparru zabal eta konplexu batean kokatzen da, enpresa antolakuntzen eta beren berrantolaketa proposatzen duten ikuspegi eta eredu desberdinen baitan, hain zuzen ere. Esparru horretan kontuan hartu beharra dago hainbat aktore, interes eta gatazka daudela, nahiz eta oso ohikoa izaten den horiek guztiak saihestea. Halaber, kontuan izan beharra dago hainbat eta hainbat egitasmo pribatu eta publiko daudela edo egon izan direla abian iraganean esparru horretan eta egitasmoak proposatzen duen hurbilpena ez dela, beraz, aitzindaria izango, baldin eta ez bada gai honi buruzko fundamentuzko hausnarketa integratzaile eta eraldatzaile bat eginez ezartzen.

Halatan, egitasmo honek indar-ideia edo printzipio nagusi batzuk izan beharko lituzke abiapuntuan, aldez aurretik aipatu diren lurraldearen garapenerako lau dimentsioekin lerrokatuta egon beharko luketenak. Besteak beste honako hauek aipa daitezke: antolakuntza eta kudeaketa ereduek duten ahalmenari buruzko ikuspegi antropozentrikoa edukitzeko beharra, eta eredu horiei buruzko ikuspegi erlatibista, ez-determinista (esaterako teknologiari dagokionez) eta, aldi berean, pragmatikoa izatea; eta halaber, industria sustapen politikek eta gainerako politika publiko guztiek izan behar duten eraginkortasun eta elkar-lankidetzaren oinarrizko printzipioak.

Egitasmo hau burutu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, hitzarmen honetatik erator daitezkeen jarduerak gauzatzeko honako Esparru Estrategikoetan ikastetxe hauek eskura jartzen ditu:

Manufacturing aurreratua (Asmaola):

IMH (Makina Erremintaren Institutua)

Miguel Altuna GLHBI-Bergara

Usurbil GLHBI

Bidasoa GLHBI-Irun

Armeria GLHBI-Eibar

Automozioa:

Aretxabaleta GLHBI

Meka GLHBI-Elgoibar

Don Bosco GLHBI-Errenteria

Eskola Politeknikoa-Arrasate

Energia:

Usurbil GLHBI

Trenbide bidezko garraioa:

Goierri Eskola-Ordizia

Tolosaldea GLHBI

XIV.– Bestalde, hitzarmen honen % 50a EGF-Europako Gizarte Funtsak finantzatu lezake, Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013rako programa eragilearen barruan, eta kasu horretan, halaxe eman beharko litzateke jakitera Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 8ko 1828/2006 Erregelamenduak 8. eta 9. artikuluetan ezarritakoaren arabera (2006ko abenduaren 27ko Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, L 371/1). Orobat, hitzarmen hau sinatzeak berekin ekarriko du, baita ere, ontzat ematen dela Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 8ko 1828/2006 Erregelamenduaren 7.2.d) artikuluan aipatzen den zerrenda publikoan agertzea.

Halaber, hitzarmena EGFk kofinantzatzeak ezinbestekoa egiten du aurrera eramaten diren ekintzen informazio finantzarioa, administratiboa eta segimenduzkoa behar bezala artxibatzea Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013rako EGF programa eragilearen amaierako saldoa ordaintzen denetik gutxienez 3 urte igaro arte. Testuinguru horretan, onuradunaren obligazioa ere bada informazio hori erraz eskuratzeko moduan jartzea (kontabilitate bereizia edo kodetze espezifikoa).

Hortaz, bi erakundeen arteko lankidetza gauzatzeko xedez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, dokumentu honetan jasotzen den lankidetza hitzarmen hau sinatzea hitzartzen dute, jarraian aipatzen diren klausulen arabera,

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Lankidetza hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da, «Txoke Planeko» Garaituz programaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren, arteko lankidetza arautzea, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroko (TKnika) adituek, Eusko Jaurlaritzaren menpeko zentroa, Garaituz programako 3. ildoarekin zerikusia duen prestakuntza eta esku-hartze programa bat diseinatu, ezarri eta ebaluatu dezaten, ahultasun egoeran dauden enpresen «Produkzio lehiakortasuna hobetzeko» ildora (3. ildoa) bideratuta.

Bigarrena.– Elkarrekin egin beharreko ekintzak.

1.– Lankidetza esparru honen asmoa da, eraginkorki uztartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren lidergo gaitasuna, unibertsitate eremuak eta eremu akademikoak eskaintzen duten ezagutza sortzeko ahalmena, eta garapen agentziek duten ehun ekonomikoaren ezagutza eta eskualde mailan koordinatzeko gaitasuna. Hori guztia Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen eragileen arteko lankidetza eta harreman gunearen barruan.

Helburu orokorra da TKnikak bere gain har ditzala «Txoke Plana»ren 3. ildoari (Produkzio lehiakortasuna hobetzeko) lotutako ikerketa, prestakuntza, diseinu, ezartze eta ebaluazio lanak.

2.– Helburu orokor hori ondorengo hiru atal hauetan banatzen da, erabakigarriak direnak ahultasun egoeran dauden enpresen etorkizuna bermatzeko:

– Produktibitatea gehitzea.

– Fabrikazio kostua jaistea.

– Erosketa gastuak jaistea.

Kontuan hartuta «Txoke Plana»ren helburua dela, aukeratutako enpresei laguntza zuzena emateaz gain, ondorio egokiak ateratzea, gero, horiei esker, esparru metodologiko bat ezar dadin, zeina, geroago, ahultasun egoeran dauden Gipuzkoako enpresa guztiei estrapolatuko baitzaie, TKnikak Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntzeko konpromisoa hartzen du geroko esku-hartzeak diseinatzen, halako enpresen errealitateari egokituak. Horretarako, TKnikak eskuliburu pedagogiko bat prestatuko du.

Eranskinean adierazten da adostutako egitura tematikoa, TKnikak jarraitu beharko duena enpresekin egingo duen esku-hartzean.

3.– Enpresei eman beharreko laguntza ezartzea, banaka zein taldean (6 pertsona inguruko taldeak aurreikusi dira eskualde bakoitzean) emango dena, dagokion garapen agentziak koordinatuko du eskualde mailan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Garapen Agentzien Euskal Elkartearen arteko hitzarmenaren esparruan.

Hirugarrena.– Erakunde sinatzaileen konpromiso mailak.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzen dituen konpromisoak:

– Gipuzkoako Foru Aldundiak miloi bat (1.000.000) euro erabiliko ditu gehienez hitzarmen honetan zehaztutako jarduerak finantzatzeko, 1.0170.700.227.01.00.2014 kontu sailaren kargura.

Azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak TKnikari emango dion diru zenbatekoa lagundutako enpresa kopuruaren araberakoa izango da, alabaina 100.000 euroko zenbateko finko bat egongo da (zenbateko osoaren % 10a), faktore horri lotuta egongo ez dena eta, besteak beste, ondorengo faktore hauekin zerikusia izango duena: partaidetzaren oinarri orokorrak ezartzeko egin den ikerketa jarduera, prestakuntza programaren diseinua, esku hartze programaren diseinua, programa horien koordinazio eta administrazio lana, programen ebaluazioa, eta proiektuaren ondorio diren material pedagogikoak prestatzea.

Bestalde, programa finantzatzeko 900.000 euroko gehieneko zenbateko aldagarria ezartzen da, baldin eta Garaituz programan ehun enpresek parte hartuko balute. 900.000 euroko gehieneko zenbatekoa kalkulatu da eskualde bakoitzeko 2 adituren dedikazioa konpentsatzeko; guztira 22 aditu izango dira. TKnikak kopuru hori baino aditu gutxiago jartzen baditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa proportzionalki jaitsiko da.

Edozein kasutan ere, gehieneko zenbateko hori aplikatuko da eskualde bakoitzean parte hartzen duen enpresa kopurua 6 baino handiagoa den segmentuan. Eskualde bakoitzeko Foru Aldundiaren dedikazioa eta, ondorioz, finantzazioa, % 66koa izango da 4 enpresatik 6ra bitarteko segmentuan, eta % 33koa enpresa 1etik 3ra bitarteko segmentuan.

Laguntza emango zaien enpresa kopurua eta enpresa horiek zein eskualdetakoak diren 2014ko deialdia ebazten denean jakingo da, hain zuzen ere, Gipuzkoan ahultasun egoeran dauden enpresa txiki eta ertainetan ekintza planak ezartzen laguntzeko diru laguntzak emateko 2014ko irailaren 23ko Diputatuen Kontseiluaren erabaki bidez onartutako deialdia ebazten denean. Eskualde banaketaren arabera, prestazioa eskualde bakoitzeko enpresa kopurura egokituko da, estipulazio honen 2. puntuan xedatutakoari jarraituz.

Diru kopuru hori hilean-hilean ordainduko da, banketxeko transferentzia bidez, dagozkien fakturak aurkeztuta eta egindako zerbitzuak onartu ondoren.

– Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du:

– Foru departamentu ezberdinetako arduradunak hausnarketa prozesu honetan inplikatzeko, dauden beharren arabera, Gipuzkoaren lurralde garapenaren bultzadan aliatu estrategiko diren aldetik.

– Etengabeko elkarrizketa izateko, hala tokiko eta eskualdeko erakundeekin nola eragile sozial, ekonomiko, sindikal, eta abarrekin, hitzarmen honen esparruan aurreikusi diren ekintza guztiak garatu eta burutzen laguntzeko.

2.– TKnikak bere gain hartzen dituen konpromisoak:

– Erakunde akademikoak bigarren estipulazioan biltzen diren lanak egitea.

– Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraztea esku hartuko duten taldeen osaketa, alde batetik, eta lan plana, bestetik, eta Foru Aldundiak onartu beharko ditu.

– Pertsona bat izendatzea koordinazio orrokorerako.

– Txosten bat aurkeztea enpresa bakoitzeko.

– Enpresei alorreko aholkularitza eskaintzea (alegia, ahal den heinean aholkularitza egokitua egon beharko da, enpresa bakoitzak eta bere jarduera sektoreak dituen ezaugarriak kontuan izanik).

– Ziurtatutzea esku-hartzeak homogeneoak izango direla eskualdeetan.

– Egitasmoan duen jarduketa esparruari buruzko txosten pedagogiko bat lantzea eta aurkeztea.

– Eskualde bakoitzeko, gutxienez, bi pertsona bideratzea, zehaztu beharreko jardunaldiarekin, egitasmo honetara. Pertsona horiek irakasleak izango dira. Deialdira aurkeztuko diren enpresen eskualdeko kokapenaren arabera, eskualde batzuetan beste batzuetan baina behar gehiago identifikatu daitezke, eta TKnikak, Garapenekin koordinatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren adostasunarekin, horretara egokituko du bere eskaintza.

– Erakunde Bitartekariak, EGF programa eragilearen autoritate ezberdinak, Europar Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegia egingo dituzten egiaztapenen mende jartzea.

– Diruz lagundutako jarduera edo jarduketaren finantzaketa publikoaren berri ematea. Besteak beste, laguntza eman duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EGFaren (Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013rako EGF programaren esparruan) irudi instituzionala sar daiteke, edo finantzaketa publikoari buruzko legendak jar daitezke karteletan, plaka oroigarrietan, material inprimatuetan, bitarteko elektroniko edo ikus-entzunezkoetan, edo diru laguntza hedabideetan aipatu daiteke.

Bestalde, dokumentu guztiek EGFaren kofinantzaketaren aipamena eraman behar izango dute.

– Hitzarmen hau sinatzeak berekin ekarriko du, baita ere, ontzat ematen dela Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 8ko 1828/2006 Erregelamenduaren 7.2.d) artikuluan aipatzen den zerrenda publikoan agertzea.

– Halaber, hitzarmena EGFk kofinantzatzeak ezinbestekoa egiten du aurrera eramaten diren ekintzen informazio finantzarioa, administratiboa eta segimenduzkoa behar bezala artxibatzea Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013rako EGF programa eragilearen amaierako saldoa ordaintzen denetik gutxienez 3 urte igaro arte.

Laugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den unetik 2015eko uztailaren 30era bitartean egongo da indarrean, 2015eko abenduaren 31ra bitarteko luzapena ezarri ahalko delarik, bi aldeek adostuta.

Bosgarrena.– Jarraipen batzordea.

Hitzarmen honetan ezarritakoa bultzatu, koordinatu, jarraitu, garatu eta interpretatzeko eta hori gauzatzerakoan sor daitezkeen gorabeheretarako, jarraipen batzorde bat eratuko da, erakunde sinatzaileek erabakitako kideek osatuko dutena. Jarraipen batzordeak honako zeregin hauek izango ditu, besteak beste:

a) Erakunde sinatzaileek beren gain hartutako lankidetzaren jarraipena egitea.

b) Hitzarmen honen xedeak noraino bete diren ebaluatzea eta bigarren estipulazioan jasotako lan ezberdinen emaitzak onartzea.

c) Hitzarmenaren eraginkortasuna areagotze aldera neurriak proposatzea.

d) Erakunde sinatzaileen artean informazio bidea izatea.

Seigarrena.– Hitzarmenaren aldaketa.

Hitzarmen honi edozein aldaketa egin ahal izateko bi erakundeetako organo eskudunen onarpena beharko da.

Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.

Hauek dira hitzarmena bertan behera uzteko kausak: izenpetzen duten aldeek ados egotea, hitzarmenean jasotako klausulak ez betetzea, eta beste edozein kausa, hitzarmenaren izaeraren ondorio badira eta indarrean dagoen legedian jasota badaude.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren hedapena.

TKnikak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Garapenerako Zuzendaritzak beren gain hartzen dute esparru hitzarmen honen ondorioz bi erakundeek garatuko dituzten jarduerak hedatzeko eta zabaltzeko konpromisoa, bere gizarte eta lurralde esparruan eta parte hartuko duten Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan.

Bederatzigarrena.– Konfidentzialtasuna.

Hitzarmen honen xede den zerbitzua gauzatzean lortutako datuak eta txostenak konfidentzialak izango dira, herri jabarikoak ez diren bitartean, eta ezingo dira erabili artikulu, hitzaldi edo beste era batean argitaratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenik gabe.

Hamargarrena.– Araudi aplikagarria.

Hitzarmen hau 2011ko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onartzen duenaren, erregulaziotik kanpo geratzen da, bere helburua ez baita lege horrek araututako kontratuen artean biltzen, lege horren 4.1.c) artikuluan adierazitakoaren arabera.

Hamaikagarrena.– Jurisdikzio eskumenduna.

1.– Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta berau interpretatu eta garatuko da administrazio zuzenbidearen arabera.

2.– Hitzarmena interpretatu edo aldatzerakoan, bere ondorioetan edo suntsitzean sor litezkeen arazoak administrazioarekiko auzibideko epaitegi eta auzitegiei legozkie aztertu eta ebaztea, 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 8.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Eta ados daudela frogatzeko, esku hartzen duten alderdiek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburukoan adierazitako lekuan eta egunean.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gipuzkoako diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

ERANSKINA
EGITURA TEMATIKOA

3. JARDUKETA ILDOA:

Produkzio lehiakortasuna hobetzea.

3.1 HELBURUA:

Produktibitatea handitzea.

BEHARREZKO LAGUNTZA:

● Aholkularitza:

– Produkzioa kudeatzeko erremintak ezartzea.

– Produkzio maketazioa egokitzea.

– Produkzioaren antolaketa egokitzea.

● Laguntza:

– Laguntza ezarpenean.

– Laguntza jarraipenean.

3.2 HELBURUA:

Fabrikazioaren orduko kostua murriztea.

BEHARREZKO LAGUNTZA:

● Aholkularitza:

– Zuzeneko eta zeharkako kostuak aztertzea eta murriztea.

● Laguntza:

– Laguntza ezarpenean.

– Laguntza jarraipenean.

3.3 HELBURUA:

Hornidura kostuak murriztea.

BEHARREZKO LAGUNTZA:

● Aholkularitza:

– Erosketen antolaketa egokitzea.

– Erosketen prozedura lantzea eta ezartzea.

– Hornitzaileak dibertsifikatzea.

● Laguntza:

– Laguntza ezarpenean.

– Laguntza jarraipenean.


Azterketa dokumentala