Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2015eko maiatzaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2321

AGINDUA, 2015eko apirilaren 30ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Escuela de Artes y Oficios de Vitoria-Gasteiz» fundazioaren estatutuen aldaketa eta bateratzea onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat sartu da 2015eko apirilaren 24an, «Fundación Escuela de Artes y Oficios de Vitoria-Gasteiz» fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzen duena.

Eskabidearekin batera, Fundación Escuela de Artes y Oficios de Vitoria-Gasteiz fundazioaren erabakiak publiko egiteko eskritura publikoaren kopia baimendua aurkeztu da. Eskritura publiko hori 2000ko urtarrilaren 14an egiletsi zuen fundazioak Bilboko notario Fernando Ramos Alcázar jaunaren aurrean (protokolo zk.: 174).

Eskritura publiko horretan sartu zen José Ignacio Martínez de Arbulo jaunak –Fundazioko Patronatuaren idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 1999ko abenduaren 9an Vitoria-Gasteizen emandako ziurtagiria, 1999ko abenduaren 1ean egindako bilerari buruzkoa, zeinetan fundazioaren estatutuak aldatzeko erabakia hartu baitzen.

Eskrituraren zati nagusian, aldatutako artikuluen berridazketa jasotzen da, osorik, bai eta bateratzea ere.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu dute, eta, ondoren, erabaki-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak; aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.

Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2015eko apirilaren 29ko Ebazpena eman du, babeslaritza-funtziotan jardunez eman ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren ildotik. Ebazpen horren bitartez, fundazioaren estatutuen aldaketa onartu da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeak 31.1 artikuluan xedatutakoarekin eta aipatu dekretuaren 33.1 artikuluarekin.

Aipatutako manuak eta aplikagarriak diren gainerako arauak Ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundación Escuela de Artes y Oficios de Vitoria-Gasteiz fundazioaren estatuen aldaketa onartzea, bai eta haien bateratzea ere.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutuen aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, fundazioaren erabakiak publiko egiteko eskritura publikoan ezarritakoaren arabera. Eskrituran jasota daude aldaketak. Eskritura 2000ko urtarrilaren 14an egiletsi zuen Fundación Escuela de Artes y Oficios de Vitoria-Gasteiz fundazioak, Bilboko notario Fernando Ramos Alcázar jaunaren aurrean (protokolo zk.: 174).

Estatutuen 5. artikulua (xedea) aldatzearen ondorioz, hauek dira helburuak, eguneratuta:

«5. artikulua.– Fundazioaren helburua da arteen irakaskuntza orokorrean eta artearen zabalkundeari laguntzen dioten era guztietako kultur jarduerak sustatzea. Helburu horretarako erabiliko dira fundazioaren baliabideak. Hain zuzen ere, bazkide fundatzaileen ekarpenek eta matrikula-eskubideek osatzen dituzte batez ere fundazioaren baliabideak».

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 30a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala