Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2015eko maiatzaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AUZITEGI NAGUSIA
2304

ERABAKIA, EAEko Auzitegi Nagusiko gobernu idazkariarena, norberaren gauzetarako egun eta oporrengatiko baimenak onartzeko ahalmena eskuordetzan emateko dena.

Abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren bidez onartutako idazkari judizialen kidegoko erregelamendu organikoaren 92.1 artikuluak honako hau ezartzen du: «Dagokien lurralde-eremuetan zerbitzuak ematen dituzten idazkari judizialei dagokienez, gobernu-idazkariak eskudunak izango dira Erregelamendu honetan ezarritako oporrak, baimenak eta lizentziak emateko». Artikulu horrek berriz zehazten du erregelamendu bereko 16.j, 82.7, 88.2 eta BJLOko 645.9 artikuluetan xedatutakoa, gobernu-idazkariaren eskumenak arautzen baitituzte. Kasu guztietan gobernu-idazkariak, izapidetu bitartean, dagozkion idazkari koordinatzaileen laguntza dauka eta azken horiek, Erregelamendu Organikoaren 18.k) artikuluarekin bat, «beren probintziako idazkari judizialek eskatutako opor-, baimen- eta lizentzia-eskaeren berri eman» beharko dute.

Bestalde, Justizia Administrazioko ldazkaritza Nagusiaren 3/2013 Jarraibideak irizpide uniformeak zehazten ditu ldazkari Judizialen Goi Mailako Kidego Juridikoarentzat, norberaren gauza eta oporretarako baimenak eman eta gozatzeari dagokienez. Jarraibide horren 1.2 eta 7.3 artikuluetan adierazten da baimenak eta oporrak onartzeko ahalmena idazkari koordinatzaileei eskuordetzan eman ahal zaiela, indarrean dagoen araudian ezarri bezala. Araubide hori, azaroaren 26ko, Herri Administrazioen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Araubide Juridikoa arautzeko 30/1992 Legean dago jasota, eta horren 13.1 artikuluak honako hau xedatzen du: «Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira». Artikulu bereko 4. atalak honako hau dio: «Administrazioaren ebazpenak eskuordetzaz baliatuz ematen badira, espresuki adierazi behar da ebazpen horiek eskuordetzaz baliatuz eman direla, eta organo eskuordetza-emaileak emandakotzat joko dira».

Norberaren gauza edo oporretako baimenak onartzeko aldez aurreko kontrola egin behar da eskatutako egun kopurua gozatzeko geratzen diren egun kopuruarekin bat datorren egiaztatzeko, baimen­ motaren arabera eta, horrez gain, balorazio juridikoa egin behar da eskaera legezko kasuetako bat den jakiteko eta kontuan hartu, baimena eman arren, zerbitzu publikoaren beharrizanak beteta egongo direla.

Egiaztapen eta balorazio horiek guztiak, hasieran, dagokion idazkari koordinatzaileak egin behar ditu bere txostenaren nondik norakoak zehaztu ahal izateko lehen urrats gisa. Gobernu idazkariak nekez hartu ahal ditu kontuan txosten horretan jasotakoez beste eduki batzuk; izan ere, idazkari koordinatzaileek harreman zuzen, hurbil eta jarraituagoa dute beren probintziako idazkari judizialekin, bai eta beren epaitegietako arazo eta beharrizanekin ere. Hortaz, errealitatea ezagutzeko egoera hobean daude eta hobeto baloratu dezakete zerbitzuari zein neurritan eragiten zaion; bestalde, norberaren gauza eta oporretako baimenak emateko erabakiaz arduratzeak probintziako koordinatzailearen egoera hobetu egiten du ordezpenen araubidea betetzen dela eta zerbitzua benetan betetzen dela egiaztatu dezan.

Araudiaren arabera, idazkari koordinatzaileak aldez aurreko txostena egin behar du eta pertsona berak txostena egin eta, eskuordetzaz baliatuz, ebazpena ematea erredundantea izango litzateke. Hala ere, 30/1992 Legearen 13. artikuluak ezarritakoarekin bat, nahitaezko irizpide gisa irizpena edo txostena eman behar izatea ezartzea ez da eragozpen izango prozedura ebazteko eskumena eskuordetzan emateko. Eskuordetza eman eta gero, txostena baimen, opor edo lizentzia eman edo ukatzeko ebazpenean barneratuta geratzen dela ulertu behar da haren arrazoiketan adierazita egokia balitz eta, beti ere, ukatze kasuetan.

Esandako guztitik ondorioztatzen denez, eskuordetzaren mekanismoa guztiz egokia da norberaren gauza eta oporretarako baimenak emateari dagokionez, eta beroriek izapidetu eta ebazteko orduan azkartasun eta hobekuntza nabarmena dakartza. Gainera, arauak interpretatzeari dagokionez, lurralde osoan beharrezkoa den irizpide­ batasuna ere ez da kalteturik geratzen; izan ere, beti bermatuko da irizpide-batasun hori idazkari nagusiak gaiari buruz hartu dituen edota har ditzakeen erabakien eta jarraibideen bitartez, hala nola gobernu­ idazkariari egin dakizkiokeen kontsulten bidez ere. Hala eta guztiz ere, diren inguruabarrak kontuan hartuta edota koordinatzaileek beraiek eskatuta, eman beharreko ebazpen zehatz batzuk goragoko organora bidali ahal izango dira edozein unetan, beharrezkotzat jotzen bada.

Beste alde batetik, 16.s) artikuluarekin bat, gobernu-idazkariaren berezko eginkizunak ere badira «Karguari datxezkion eta Justizia Administrazioaren idazkari nagusiak agintzen dizkion guztiak.». Ildo honetan ulertu behar da Justizia Administrazioko ldazkaritza Nagusiaren 2/2010 Jarraibideko hamabigarren atalean egindako agindua. Bertan, beharrezkoak diren jarraibide osagarriak ematen dira aipatutako jarraibidea erabat eraginkorra izan dadin, eta, beraz, eskuordetzan eman daitezke. Halere, idazkari koordinatzaileek ezarri beharko dute elkarren adostasunez denentzako garabide bat.

Aurreko arrazoibideak eta aplikagarriak diren eta bat datozen gainerako arau juridiko guztiak ikusirik, honako hau

ERABAKITZEN DUT:

Idazkari koordinatzaile probintzialei eskuordetzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan destinaturik dauden idazkari judizialen baimen, opor, ezkontza-lizentzia, edoskitze- eta trebakuntza-baimenei buruzko ebazpen guztiak, zeinak lehenago gobernu-idazkari honi baitzegozkion.

Eskuordetutako kasu guztietan, idazkari koordinatzaileek beraien erabakietan jasoko dute, berariaz, eskuordetuak izan direla, eta, era berean, adieraziko dute ezen haien ebazpenen aurkako gora jotzeko errekurtsoa, lehen bezala, Justizia Administrazioko idazkari nagusiaren aurrean jarriko dela, ulertzen baita ebazpenok organo eskuordetzaileak eman dituela.

Ebazpen hau aplikagarria izango zaie 2015eko ekainaren 1etik aurrera eskatuko diren baimen eta oporren eskabideei, behin erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

Jakinaraz bekie erabakia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako idazkari koordinatzaileei, beronen berri izan dezaten eta gauzatu dezaten, eta, horretaz gain, hierarkian mendekoak diren idazkari judizialen artean zabal dezaten. Era berean, jasota gera bedi, erabaki honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakiokeela Justizia Administrazioko idazkari nagusiari hilabeteko epean, honen berri izan eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, Justizia Administrazioko idazkari nagusiari ezagutaraziko zaio jakinaren gainean egon dadin, eta bereziki, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 13.3 artikuluaren ondoreetarako.

Bilbao, 2015eko maiatzaren 18a.

Gobernu-idazkaria,

M.ª BEGOÑA BASARRATE AGUIRRE.


Azterketa dokumentala