Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2015eko maiatzaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2303

EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena; honen bidez jendaurrean jartzen da Bergarako San Juan auzoko 30 zenbakian (Gipuzkoa), behe-presio bidez aluminioa galdatzeko jarduera jartzeko Fagor Ederlan S. Coop. enpresak aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen xedea da atmosferaren, uraren eta zoruaren kutsadura ekiditea, edo hori ezinezkoa denean, murriztu eta kontrolatzea. Horretarako, kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuko sistema bat ezartzen du, ingurumen osoa babes dezan.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean ezarritakoari jarraikiz, instalazioen eraikuntzak, muntaiak, ustiaketak edo lekualdaketek, eta baita funtsezko aldaketek ere, ingurumeneko baimen bateratua behar dute, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ingurumeneko baimen bateratuaren helburua da araua bete behar duten instalazioek haren xedea bete dezaten beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, hain zuzen, baimena ematerakoan parte hartu behar duten hainbat herri-administrazioren koordinazioa bermatu eta herritarren administrazio-beharrak arintzen dituen prozedura baten bitartez gauzatuko dena.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, proiektu publikoek zein pribatuek, obrak, instalazioak edo aipatutako I. eranskinean jasotako edozein jarduera burutzeko ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa behar dute, legean adierazten den moduan.

Ingurumen-organo honetan ingurumeneko baimen bateratua lortzeko izapidea hasi da, Bergarako San Juan auzoko 30 zenbakian (Gipuzkoa), behe-presio bidez aluminioa galdatzeko jarduera jartzeko Fagor Ederlan S. Coop. enpresak aurkeztutako proiektuarena; izan ere, proiektua kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean jasotzen da.

Fagor Ederlan S. Coop. enpresak Bergarako San Juan auzoko 30 zenbakian (Gipuzkoa), behe-presio bidez aluminioa galdatzeko jarduera jartzeko proiektuaren proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztu dizkio ingurumen-organo honi; izan ere, proiektua ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean jasotzen da.

Ingurumeneko baimen bateratua lortzeko aurreikusten den prozeduraren arabera, eskaerarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa osatu ondoren, jendaurrean jarri behar da 30 eguneko epean gutxienez.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak aurreikusten duen prozeduraren arabera, jendaurrean jarri behar dira proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, autonomia erkidegoek beharrezko neurriak hartuko dituzte ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduera derrigorrezkoak direnean eta eskumena autonomia erkidegoari dagokionean ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran barneratzeko.

Ondorioz, kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak ezarritakoari jarraikiz, jendaurrean jarri behar dira, Bergarako San Juan auzoko 30 zenbakian (Gipuzkoa), Fagor Ederlan S. Coop. enpresak sustatuta, behe-presio bidez aluminioa galdatzeko jarduera jartzeko proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; eta, oro har nahiz bereziki ezartzekoa den gainerako araudia.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Bergarako San Juan auzoko 30 zenbakian (Gipuzkoa), Fagor Ederlan S. Coop. enpresak sustatuta, behe-presio bidez aluminioa galdatzeko jarduera jartzeko proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 egun balioduneko epean. Epe horretan, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dira.

2. artikulua.– Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan egongo dira eskuragarri (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz), baita Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuan ere (Infanta Cristina, 11-Villa Begoña, Donostia).

Era berean, adierazitako dokumentazioa herritarrek errazago eskura dezaten, aipatutako espedientea Bergarako Udalari bidaliko zaio, jendaurrean jartzeko epean erakus dezan.

Era berean, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean (https://euskadi.eus) izango da, herritarrek errazago eskura dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala