Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2015eko maiatzaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2277

AGINDUA, 2015eko maiatzaren 20koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena; horren bidez, Nekazaritza Politika Erkidean (NPE) txertatutako zuzeneko laguntzen 2015eko ekitaldirako deialdia egiten da.

Europar Batasunak Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntza zuzenen aldaketa sakona egitea onartu zuen 2013. urtean, laguntzen banaketa orekatuagoa izateko, belaunaldien txanda bultzatzeko, klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak sustatzeko, zailtasunak dituzten sektoreetan edo eskualdeetan produkzio-maila jakin batzuei eusteko, eta nekazari txikiei administrazio-karga murrizteko xedez.

2013. urtearen amaieran, NPEren laguntza-erregimen horien aldaketa inplementatzen duten erregelamendu sorta bat argitaratu zen. Erregelamendu horien artean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua –Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa– nabarmentzen da. Erregelamendu horren bitartez, honako Erregelamendu hauek indargabetu ziren: Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) Erregelamenduak, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamendua –Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntza-erregimenak betez, nekazarientzako zuzeneko ordainketei aplikagarri zaizkien arauak ezartzen dituena eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena–.

Espainiako Estatuan, arau-aldaketa horiek guztiek eragin dute hainbat Errege Dekretu argitaratzea, eta Dekretu horietan hitzez hitz azaltzen denaren arabera, «lurralde nazional osoan Nekazaritza Politika Erkidea aplikatzeko eredu berdina» ezartzen da. Dekretu horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: abenduaren 19ko 1076/2014 Dekretua –Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzkoa–, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua –2015etik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta landa-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa–, eta abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretua, zuzeneko ordainketak, landa-garapenerako laguntza jakin batzuk edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko programa jakin batzuk betez egindako ordainketak eskuratu dituzten pertsonek bete behar dituzten baldintza-arauak ezartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoan, orain arte urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuak arautu ditu laguntza horiek guztiak, Erkidegoaren «ordainketa bakarreko» laguntzen erregimena eta nekazaritza eta abeltzaintzarako zuzeneko beste laguntza batzuen erregimena EAEko eremuan garatu eta aplikatzeari buruzko Dekretuak, alegia. Jakina, Erkidegoko erregelamentazio berriak eta Estatuko oinarrizko araudi berriak erabat ordeztu dute dekretu hori.

Aurrekoa gorabehera, eta Autonomia Erkidegoko araudi berria lantzen den artean, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuari Dekretu hori Europako Erkidegoko araudian eta Estatuko oinarrizko legerian egiten diren aldaketetara egokitzeko beharrezkoak diren xedapenak agindu bidez eman ditzan.

Aurreko ekitaldietan bezala, 2015eko kanpainarako laguntzen deialdia egiten da Agindu honen bidez, zuzenean aplikatu beharreko Europako Erkidegoko araudi berriari eta Estatuko oinarrizko araudiari jarraiki, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak ahalbidetzen duen bezala. Era berean, eta 2015-2016ko ekitaldirako deitutako laguntza-erregimen bakoitzerako erreferentziazko araudia ezagutzera ematearren, Agindu honen eranskinetan jaso da araudi hori. Horri jarraiki, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Deialdia.

NPEan txertatutako zuzeneko honako laguntza hauen 2015. urterako deialdia egitea da Agindu honen xedea.

Oinarrizko ordainketa.

Klimarako eta ingurumenerako jardunbide onuragarriak aplikatzeko ordainketa.

Beren nekazaritza-jardueran hasten diren nekazari gazteentzako ordainketa osagarria.

Lotutako ordainketak.

Nekazaritzako ustiategi txikietarako erregimen sinplifikatua.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– 2015eko kanpainan, Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lortzeko eskabideak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan aurkeztuko dira, 2015eko martxoaren 1etik ekainaren 15era bitarteko aldian.

2.– Halaber, oinarrizko ordainketa erregimenean onartua izateko eskabidea goiko atalean aipaturiko leku eta data beretan aurkeztuko da, Nekazaritza Politika Erkideko oinarrizko ordainketa erregimeneko eskubideen esleipenari buruzko abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren 10garren artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Erregulazioa.

1.– Lehen ebazpenean aurreikusitako laguntzak arautzen dituen araudia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 Erregelamenduan (EB), abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan eta urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuan ezarritakoa izango da. Agindu honen ondorioetarako, erreferentziazko araudia osatuko dute hiru horiek.

2.– 2015eko ekitaldirako deitutako laguntza-erregimen bakoitzerako erreferentziazko araudia ezagutzera ematearren, Agindu honen eranskinetan jaso da goiko paragrafoan aipaturiko EBko eta Estatuko araudi hori, indarrean dagoen moduan agindu hau emateko momentuan.

Laugarrena.– Jarduneko nekazariaren izaera egiaztatzea.

1.– Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako «jarduneko nekazariaren» izaera egiaztatzearen ondorioetarako, dagokion autoritatearentako baimena sartuko da eskaera bakarrean, hark eska dezan, Zerga Administrazioan, jarduneko nekazaria izateko baldintza betetzen duen egiztatzeko; pertsona batek bere zerga-aitorpena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten duenean baina Euskal Autonomia Erkidegoan zuzeneko laguntzak eskatzen dituenean, beharrezkoa den zerga-informazioa aurkeztu beharko du izaera hori egiaztatzeko.

2.– Eskatzailea pertsona juridiko bat denean, berriz, ez da beharrezkoa izango nekazaritzako diru-sarrerak aitortzea edo horri buruzko informazioa eranstea euskal ogasunek dagoeneko informazio hori badute.

Bosgarrena.– Larreen onargarritasun-koefizientea.

1.– 2015eko kanpainarako, Agindu honen VI. eranskinean bildutako metodoari jarraiki kalkulatuko da larreen onargarritasun-koefizientea (erabilera komuneko azaleretan zein era indibidualean aitortutako esparruetan).

2.– Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemakoez (SIGPAC) bestelako erreferentziak dituzten erabilera komuneko larre iraunkorren kasuan, komuntzat hartutako larreak kudeatzen dituzten erakundeek eta larre horien eskatzaileek aitorpen bat aurkeztu beharko dute, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XIV. eranskinean ezarritakoari jarraiki.

Seigarrena.– Ingurumenari dagokionez kalteberak diren larre iraunkorrak.

Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Agindu honen II. eranskinaren V. epigrafean jaso denez, Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentarauaren babesean izendatutako Natura 2000 Sareko babes zorrotzeko habitaten zerrendan sartutako larre iraunkorrak hartzen dira kalteberatzat Euskal Autonomia Erkidegoan 2015eko kanpainarako.

SIGPACaren ikustailean, eremu horiek mugatzen dituen geruza bat sortu da, eta honako helbide elektronikoan kontsulta daiteke: http: //www.euskadi.net

Zazpigarrena.– Aldi baterako ez-emankorrak.

2015eko kanpainan, azalera onargarrien barruan kokatuta dauden aldi baterako azalera ez-emankorrak eskabide bakarrean deklaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan, kanpaina horretan laguntza jasotzeko eskubidea ematen ez badute ere.

Zortzigarrena.– Gaitasun mistoko behi-arrazak.

Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 67.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2015eko kanpainan, Montbelliarde, Fleckvieh eta suitzar arre izeneko behi-arrazak haragitarako gaitasunekotzat edo esnetarako gaitasunekotzat hartu ahal izango dira, ustiategiaren produkzio-orientazioaren arabera.

Bederatzigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta bere aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Hamargarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 20a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala