Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2015eko maiatzaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1945

AGINDUA, 2015eko martxoaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2014-2015 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak deitzeko dena.

Batxilergoko Sari Nazionalak arautzen dituen uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduaren bidez, Batxilergoko Sari Bereziak sortu nahi dira, Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan zehazten diren batxilergoko modalitateetako edozein aprobetxamendu bereziz burutu duten ikasleak saritzeko. Gainera, haren laugarren artikuluak xedatzen du hezkuntza-administrazio eskudunek Batxilergoko Sari Bereziak deitu eta eman ahal izango dituztela.

Otsailaren 19ko 166/2013 Dekretuak, martxoaren 15eko 35/2011 Dekretua aldatzen duenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko Sari Bereziak arautzen ditu, eta horiek emateko baldintzak ezartzen. Proba urtero deituko dela xedatzen du lege horrek, eta urteroko deialdiak nola gauzatu behar diren ere azaltzen du.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren xedea da 2014-2015 ikasturtean Batxilergoko ikasketak ibilbide akademiko bikain batekin burutu dituzten ikasleen esfortzua eta lana onartzea eta sustatzea.

Horretarako, eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariaren proposamenari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Batxilergoko Sari Berezien deialdia onestea 2014-2015 ikasturterako, agindu honen oinarriekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek aurreikusten ez duenerako, hemen aurreikusitakoa aplikatuko da: martxoaren 15eko 35/2011 Dekretua, otsailaren 19ko 166/2013 Dekretuak aldatua, hor baitaude beren oinarri arautzaileak. Era berean, agindu honek aurreikusten ez duenerako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea ezarriko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratuak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, VI. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko da deialdi-agindu hau, aginduan bertan ezarritakoa betetzeaz gain.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabete bateko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, sarien deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Batxilergoko Sari Berezia» izeneko fitxategi batean sartuko dira deialdi hau kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduradun. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 24a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

2014-2015 IKASTURTEKO BATXILERGOKO SARI BEREZIEN DEIALDIAREN OINARRI arautzaileak

Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– 2014-2015 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egiten da, uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduan, martxoaren 15eko 35/2011 Dekretuan – otsailaren 19ko 166/2013 Dekretuaren bidez aldatua – eta deialdi honetan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena.– Betekizunak.

1.– Ikasleek, deialdian parte hartzeko, Batxilergoko edozein modalitateko bigarren maila EAEko ikastetxeren batean eginda eta gaindituta izan beharko dute, presentziazko edo urrutiko erregimenean. Modalitate horiek Hezkuntzarako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarrita daude. Ikasleek Batxilergoko bi ikasturteetan gutxienez 8,75 puntuko kalifikazioa izan beharko dute, batez beste.

Hirugarrena.– Sarien kopurua.

1.– 2014-2015 ikasturtean, Batxilergoko 15 Sari Berezitarako deia egiten da EAEn.

2.– Batxilergoko Sari Berezia lortzen dutenek egiaztagiria jasoko dute. Gainera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen duen bidaia-programan parte hartu ahal izango dute, atzerrian ingelesezko ikastaroak egiteko, dagokion deialdian zehaztutakoaren arabera.

3.– Sari Berezia jasotzen duten ikasleak Batxilergoko Sari Nazionala jasotzeko hautagai izan daitezke, aurrez horretarako izena emanez gero.

Laugarrena.– Izena emateko prozedura eta epea.

1.– Batxilergoko bigarren mailari dagokion azken ebaluazioko saioa egin ondoren, eta ikasleei azken kalifikazioak jakinarazi eta gero, ikastetxeek agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten ikasleei informazioa emango diete Batxilergoko Sari Berezietara aurkezteko aukerari buruz.

Deialdi honetan aurreikusitako data eta jardueren egutegia I. eranskinean jasota dago.

2.– Agindu honen bigarren oinarrian xedatutako baldintzak betetzen dituzten eta Batxilergoko Sari Berezia jasotzeko hautagai izan nahi duten ikasleek, izena eman nahi badute, «on line» eskabidea aurkeztu beharko dute beren ikastetxeko idazkaritzan, II. eranskineko ereduari jarraituz, Hezkuntza Administrazioak horretarako prestatuko duen aplikazioaren bidez.

Ikasle bakoitzak dagokion ikastetxearen idazkaritzan aurkeztuko du eskabidea, behar bezala sinatuta, eta hark sarrera-erregistroa emango dio.

3.– Halaber, ikastetxeak Batxilergoko bi ikasturteen egiaztagiri akademiko ofiziala egingo du ikasle bakoitzarentzat, horretarako prestatutako aplikazio informatikoaren bidez, honako datu hauek adierazita: Batxilergoko modalitatea, ikasgaietan lortutako kalifikazioak eta ateratako batez besteko nota (erlijioa kontuan hartu gabe), III. eranskineko ereduari jarraituz.

4.– Hautagai bakoitzak sinatutako eskabidea eta ikastetxeko zuzendariak behar bezala bete eta sinatutako agiri akademikoa ikastetxeko idazkaritzan gordeko dira, probaren epaimahaiaren eskura. Epaimahai horrek dokumentazio hori eskatu ahal izango du, bai proba egiten den bitartean, bai proba amaitu ostean.

5.– Minusbaliotasunen bat duten ikasleek proba egiteko egokitzapenen bat behar badute, II. eranskinean aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

6.– Izena emateko epea amaitu eta hurrengo egunean, ikastetxe bakoitzak iragarki-taulan argitaratuko du izena eman duten ikasleen zerrenda, IV. eranskineko ereduaren arabera.

7.– I. eranskinean adierazitako egunean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratuko da onartutako eta baztertutako ikasleen behin-behineko zerrenda, eta baztertutakoen kasuan adieraziko da horren zergatia eta zer epe dagoen balizko akatsak edo adierazi gabeko datuak zuzentzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen uztailaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluaren arabera.

8.– Epaimahaiburuari bidalitako balizko akatsak edo adierazi gabeko datuak zuzentzeko epea bukatu ostean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratuko da onartutako ikasleen behin betiko zerrenda, bai eta, hala badagokio, baztertutako ikasleena ere, erabaki hori zergatik hartu den adierazita.

9.– Sarituren batek agindu honetan jasotako baldintzaren bat betetzen ez badu, saria galduko du, eta sari hori puntuaziorik altuena lortu duen hurrengo hautagaiari emango zaio.

Bosgarrena.– Probaren edukia eta balioestea.

1.– Batxilergoko Sari Berezia jasotzeko hautatutako ikasleek euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dute proba, eskabidean eskatutakoari jarraituz.

Probaren egitura honako hau izango da:

Lehen zatia:

Batxilergoko 2. mailan dagokion modalitateko irakasgai gisa egindako hiru irakasgaietako batean jasotako edukiei buruzko galderei erantzutea edo ariketa praktikoak ebaztea idatziz, izena emateko II. eranskinean jasota daudenen artean parte-hartzaileak egindako aukeraren arabera.

Bigarren zatia:

a) Gai orokor bati buruzko testu baten gaineko idazlana eta/edo iruzkina; testua zientifikoa edo literarioa izango da, gaztelaniaz edo euskaraz idatzia (parte-hartzaileak izena emateko eskabidean adierazitako aukeraren arabera).

b) Gai orokor bati buruzko testu baten gaineko idazlana eta/edo iruzkina; testua zientifikoa edo literarioa izango da, Batxilergoan nahitaezko irakasgai gisa ikasitako atzerriko hizkuntzan idatzia. Hiztegirik gabe egingo da ariketa, dagokion hizkuntzan.

2.– Honako hau balioetsiko da ariketetan: erantzunak zuzenak izatea, garbi eta ongi azalduta egotea, ongi egituratuta, hiztegia egokia izatea, eta hizkuntza behar bezala erabiltzea.

3.– Epaimahaiak ez dio hautagaiari aukerarik emango aurrez izena emateko inprimakian aukeratutako irakasgaiak edo proba-aukerak aldatzeko.

4.– Probako ariketa bakoitza 0tik 10era bitarteko puntuekin balioetsiko da, bi hamartarrekin gehienez ere. Saria jasotzeko aukera izateko, ariketa bakoitzeko kalifikazioa gutxienez 5,00 puntukoa izango da, eta guztira 32 puntutik gorakoa.

5.– Probaren azken kalifikazioa honela kalkulatuko da: lehenengo zatiko ariketan (modalitateko gaia) lortutako kalifikazioa bider bi, gehi bigarren zatiko ariketetan lortutako kalifikazioen batura.

6.– Sariak proban lortutako kalifikaziorik altuena lortzen duten hautagaiei emango zaizkie.

7.– Berdinketarik egonez gero, lehenengo, bigarren eta hirugarren ariketetan eskuratutako puntuazioa hartuko da kontuan, ordena horretan. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da; epaimahaiko presidenteak emango du horren berri.

8.– Ariketak anonimoak izango dira, eta dagozkion neurriak hartu beharko ditu epaimahaiburuak hori bermatzeko.

9.– Deialdi honetan, honela banatuko da ariketak egiteko denbora:

(Ikus .PDF)

Seigarrena.– Proba egitea.

1.– Proba, EAErako bakarra, I. eranskinean adierazitako egoitzan, egunean eta orduan egingo da.

2.– Proba egiteko, hautagaiek beren NAN, AIZ edo beste egiaztagiri bat ekarri beharko dute, bai eta probaren ariketak egiteko behar diren tresnak ere, V. eranskinean ezarritakoaren arabera.

3.– Hala eta guztiz ere, epaimahaiak komenigarria dela iritziz gero, aurreko puntuak zabaltzen dituen informazio gehigarriaren berri emango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian.

4.– Proba egin aurretik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratuko dira ariketa bakoitzaren ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak.

5.– Agindu honi lotutako informazio guztia Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian hedatuko da: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus, Ikasleak - Batxilergoko Sari Bereziak atalean edo www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/akademik atalean.

Zazpigarrena.– Kalifikazioak argitaratzea.

1.– Parte-hartzaileek beren notak ikusi ahal izango dituzte horretarako prestatutako aplikazioaren bidez, NANaren zenbakia gako gisa eta haren iraungitze-data pasahitz gisa erabilita.

2.– Epaimahaiak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratuko ditu behin-behineko kalifikazioak, I. eranskinean adierazitako egunean.

Balizko alegazio eta/edo akatsak zuzendu ostean, Hezkuntza Sailaren web-orri berean argitaratuko dira behin betiko kalifikazioak, baita saritzeko proposatutako izangaiak ere.

3.– Epaimahaiak sari-kopuru jakin bat proposatuko du guztira (deialdi honetan adierazitakoa, gehienez ere).

Zortzigarrena.– Erreklamazioak.

1.– Ikasleek edo haien legezko ordezkariek, adingabeak izanez gero, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahaiburuari, I. eranskinean ezarritako epean.

2.– Erreklamazioek arrazoituak izan beharko dute, eta Hezkuntza Administrazioak deialdi hau kudeatzeko sortutako aplikazioaren bidez egin beharko dira.

3.– Erreklamazio-eskaera eragin duten ariketak berrikusi egingo dira, galdera guztiak ebaluatu direla eta horretarako ebaluatzeko irizpide orokorrak eta zuzentzeko berariazko irizpideak ongi aplikatu direla ziurtatzeko. Gainera, azken nota kalkulatzerakoan akats materialik ez dagoela egiaztatuko da.

Bederatzigarrena.– Ebazpena.

1.– Deialdia Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ebatziko du, epaimahaiak proposatuta. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik jakinarazi, eskaerak ezetsitzat jo daitezke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Ebazpen horren aurka, gorako errekurtsoa jar dezakete interesdunek, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala