Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2015eko maiatzaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1933

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 20koa Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linearen Informazio Azterlana. Ariz-Galdakao Erdialdea zatia» behin betiko onesten duena.

Otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bitartez onetsitako eta otsailaren 22ko 34/2005 Dekretuaren bidez aldatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Sektore Planak Bilboko Hiri Trenbidea Basauritik Galdakao erdialdera luzatzea aurreikusten du.

Aurreikuspen horiek garatu ahal izateko, «Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linearen Informazio Azterlana. Ariz-Galdakao Erdialdea zatia» izeneko dokumentua idatzi da.

Bilboko Hiri Trenbidearen 5. lineako Ariz-Galdakao zatiak 4.458 metro ditu, eta Arizeko kotxetegietarako sarbideko Etxebarri-Ariz linearen (goragoko maila) jarraipen gisa hasiko da. Hori dela eta, lehenengo zatiaren sekzioa bide-zubian izango da, aire zabalean. Horren ondoren, linea lur azpian sartuko da ibilbide osoan, tunel faltsua (1.020 m) eta meategiko tunel (3.078 m) sekzioak txandakatuz. Zati horretan, geltoki hauek egongo dira: Sarratuko intermodala, Aperribai, Bengoetxe eta Galdakao.

Informazio Azterlanak eta Ingurumen Eraginari buruzko Azterlanak, Tren Sektorearen Araubidearen 10.5 artikuluan aurreikusitako jende aurreko informazio izapidea jaso dute, 2010eko azaroaren 23ko 225. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta egun bereko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, El Correo eta El Pais egunkarietan argitaratu zen eta hogeita hamar egun balioduneko epean Basauriko eta Galdakaoko udaletxeetako iragarki-oholean ikusgai egon zen, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2010eko irailaren 30eko Ebazpenaren bitartez.

Aipatutako izapide horietan hainbat alegazio jaso dira, eta horietako batzuei kasu egin zaie, Aperribain igogailu inklinatua instalatzeari, N-634 errepidearen gainean igarobide berria jartzeari eta Basaurin oinezkoentzako ibilbideak birjartzeari dagozkienei, batez ere. Alegazio eta ohar guztiek euren erantzuna jasoko dute, banan-banan.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko apirilaren 15eko Ebazpenaren bitartez, Proiektuaren Ingurumen Eraginaren Adierazpenaren aldeko iritzia eman da, eraikuntza proiektua gauzatzeko zenbait baldintza ezarriz, eta baita obrek irauten duten bitartean eta zerbitzua ustiatzen denean kontuan izan beharreko zenbait neurri babesle eta zuzentzaile adieraziz ere.

Dokumentuak onespen teknikoa eta behin behinekoa jaso du gaurko Ebazpenaren bitartez, aurretik egindako gainbegiraketaren eta Garraio Azpiegitura Zuzendaritzako zerbitzu teknikoen aldeko txostenaren ondoren, ikuspegi teknikotik zuzena dela eta trenbideen alorreko arautegi berezia eta aplikagarri izan daitekeen gainerako legedia betetzen duela egiaztatuz.

Erakunde honek eskumenak ditu Bilboko Hiri Trenbidearekin erlazionatuta dauden eta Jaurlaritzaren Kontseilurako erreserbatuta ez dauden proiektuak idazteko eta onesteko, abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren bitartez aldatu den eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.d) artikuluan xedatzen dena kontuan izanik.

Aipatutako xedapenak eta bateragarriak eta aplikazio orokorrekoak izan daitezkeen gainerakoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Jende aurreko Informazio eta Entzunaldi Espedientea onestea eta behin betiko onespena ematea azterlan honi: «Bilboko Hiri Trenbidearen 5. linearen Informazio Azterlana. Ariz-Galdakao Erdialdea zatia».

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Garraioetako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Helegitearen idazkia organo honetara edo Garraioetako sailburuordearengana zuzendu behar da.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 20a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.


Azterketa dokumentala