Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2015eko maiatzaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1931

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 22koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzen deialdia egiten duena.

Azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

Uztailaren 27ko 16/1983 Legeak, «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzkoak», haren xedeen artean honako hau ezartzen du: «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein administrazio publikok edo antolamendu juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza». Orobat, haren xedeen artean ezartzen du «lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko toki-administrazioko gainontzeko erakundeekin elkarlana sustatzea, langileei prestakuntza eta hobekuntza emateko».

Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urterako aurrekontuak hainbat partida aurreikusi ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzeko. Partida horiek, hain zuzen ere, isla izan dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aurrekontuan ere.

Laguntza hauen lehenengo deialditik (2012), Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek aurkeztutako prestakuntza-plan edo -programen kopurua haziz joan da, baita horien hartzaileen kopurua ere.

Laguntzen programa honen helburua da ahal den erakunde publiko guztietan prestakuntza-plan edo -programen ezarpena sustatzea eta finkatzea.

Baina, prestakuntza-plan edo -programa bat ona izateko, kasuan kasuko erakundeak aurretik analisi edo diagnostikoa egin beharra dauka.

Aurkeztutako prestakuntza-plan edo -programen kalitatea handituz joateko helburuz, hemendik aurrerako deialdietan baldintza hori sartuko da poliki-poliki, laguntzak eskuratu ahal izateko beharrezko baldintza gisa.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea ahaleginduko da baliabideak errazten interesa duten erakunde publiko guztiek prestakuntza-beharren analisi edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egiteko.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzeko laguntzen deialdia egitea, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, ezin da errekurtsorik jarri administrazio-bidean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluak arautzen duen moduan.

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari aurkez dakioke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilabetekoa izango da jakinarazten den biharamunetik hasita, aipaturiko 29/1998 Legearen 46. artikuluak esan bezala.

Hala ere, aldez aurretik, Erakunde honi errekerimendua egin ahal izango zaio, egintza ezeztatu dezan. Errekeritzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekerimendua IVAPeko zuzendariari zuzendu beharko zaio, idazki arrazoitu baten bidez. Errekerimendua jaso eta hurrengo hilabetean erantzunik ematen ez bazaio, ukatutzat joko da (29/1998 Legearen 44. artikulua). Aurretik errekerimendua izan bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea, berariazko akordioa jasotzen den edo isilbidez ezeztatuta jotzen den hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunenetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 22a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO ENPLEGATUEN PRESTAKUNTZA FINANTZATZERA BIDERATUTAKO LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTUKO DUTEN OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hirugarren oinarrian adierazitako euskal administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzak ematea, 2015eko ekitaldian.

Honako hauek izango dira deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak:

a) Euskal administrazio publikoek beren langileentzat onartzen dituzten 2015eko ekitaldirako prestakuntza-plan edo -programak.

Prestakuntza-plan edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetakoren bat edo batzuk jaso ahal izango dituzte:

– Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.

– Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

– Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.

– 2015 urteko edo ondorengo urteetako prestakuntza-planak oinarri izango dituen prestakuntza-beharrizanen diagnostikoa egitea.

– Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.

b) 2015eko ekitaldian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Parte-hartzeak, betiere, berekin dakar kasuan kasuko matrikulen zenbatekoa ordaintzea. Laguntza izango da ordaindutako matrikulen zati baten baliokidea finantzatzea. Kontzeptu honen bidezko finantzaketara, EAEko toki-administrazioak atxiki daitezke, baldin eta oinarri horren a) idatzi-zatian ezartzen diren laguntzen onuradun izan ez badira.

Inola ere ez dira finantzatuko joan-etorri, mantenu eta egonaldien gastuak, ez eta oinarri hauetako a) edo b) idatzi-zatietatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenak ordezkatzearen gastuak ere.

Bigarrena.– Definizioak.

Deialdi honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:

a) Prestakuntza-plan edo programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo ordenatu bat; multzo horretan zehaztuta geratzen dira helburuak, helburu horiek lortzeko edukiak, edukien garapenerako erabiliko den metodologia edo metodologiak eta ekintzen hartzaileak, bai eta ekintza bakoitzean parte hartuko dutenen gehienezko kopurua eta helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa ere, hori egitea aurreikusita dagoenean.

b) Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-eremu jakin bati buruzko prestakuntza ematera bideratutako eragiketen multzoa.

c) Erakundearen langile-kopurua: erakundearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.

Hirugarrena.– Laguntzen onuradun diren erakundeak.

1.– Deialdi honetan ezartzen diren laguntzen onuradun izan ahal izango dira ondoren zerrendatzen diren administrazio publikoak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak. Deialdi honen ondorioetarako, toki-administrazioen kategoriak, udalak, mankomunitateak eta koadrilak hartzen ditu bere baitan eta ez du hartzen foru-administrazioa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea, administrazio eta zerbitzuetako langileen prestakuntzari buruz.

2.– Erakunde hauek prestakuntza-plan edo -programa bakar bat aurkeztu ahal izango dute deialdi honetarako, beren mendeko langileak hartuko dituena. Plan edo programa horrek aukeran dauka erakunde bakoitzaren mendeko organismo autonomoetako langileak ere kontuan hartzea.

Horietaz gainera, udalez gaineko erakundeek ere haiek osatzen dituzten entitate batzuen edo guztien langileak hartzen dituzten plan edo programak aurkeztu ahal izango dituzte. Plan horiek aurkeztuz gero, beren mendeko entitate horiek ezingo dute beren kabuz planik edo programarik aurkeztu.

3.– Ezingo dira izan ebazpen honetan deitzen diren laguntzen onuradun diru-laguntza bat itzultzeko edo hargatik zehapena ezartzeko prozedura batean sartuta daudenak, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den halako prozedura batean sartuta daudenak.

Laugarrena.– Laguntzen zuzkidura.

Laguntza hauen zuzkidurak, gehienez, zenbateko hauek izango dituzte, erakunde motaka banatuta:

Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak: 345.000 euro.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak: 375.000 euro.

Euskal Herriko Unibertsitatea (administrazio eta zerbitzuetako langileak): 65.000 euro.

GUZTIRA: 785.000 euro.

Toki-administrazioei esleitutako zenbatekotik 40.000 euro gordetzen dira lehenengo oinarriaren b) idatzi-zatian aurreikusitako laguntzarako (ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzea). Plan edo programa aurkezten duten toki-administrazioen laguntzak behin esleituta, aurrekontu baliabiderik balego erabilgarri, soberan dagoen zenbateko hori gehitu ahalko zaio aipaturiko 40.000 euroko diru-kopuruari.

Bosgarrena.– Prozeduraren hasiera.

Deialdi honetako lehenengo oinarriaren a) idatzi-zatian zerrendatutako kontzeptuengatik laguntzak lortzeko, erakunde interesdunek eskabide-orria aurkeztu beharko dute, han zehaztutako eran. Deialdi honetako lehenengo oinarriaren b) idatzi-zatian zerrendatutako kontzeptuengatik laguntzak lortzeko, aldiz, ez dago aldez aurretik eskabide-orririk eskatu beharrik, erakunde interesdunaren aldetik; hau da, prozedura ofizioz hasiko du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak.

Seigarrena.– Plan edo programa aurkezten duten administrazio publikoek eskabideak aurkeztea.

Eskabideak aurkezteko epea 2015eko ekainaren 30ean amaituko da, 24:00etan.

Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Hortaz, eskabideak helbide honetan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoz: IVAPen webgunea, http://www.ivap.euskadi.eus, Sariak eta Laguntzak atalean.

Erakunde interesdunek, bitarteko elektronikoz, prozedura honetako izapide guztiak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako ziurtagiri elektronikoak zeintzuk diren jakiteko, link honetan kontsulta egin ahal izango da:

https://www.euskadi.eus/y22-zer/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html

Eskabidearen ondorengo izapideak, «Nire kudeaketak» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus

Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.

a) 2015erako prestakuntza-plan edo –programa. Laguntzak eskatzeko aurkezten diren prestakuntza-plan edo programek, gutxienez, honako eduki hau izango dute:

– Helburu nagusia(k).

– Prestakuntza-planaren edukien hartzaile diren taldeen deskribapena.

– Planean jasotako prestakuntza-ekintzen deskribapena (ekintzaren izena, parte-hartzaile kopurua, iraupena, prestakuntza-modalitatea, lehentasuna...).

– Prestakuntza-eskaintzaren egutegia edo plangintza.

– Eskaintza zabaltzeko bitartekoak.

b) Eskabidearekin batera, indarrean dagoen aurrekontu-plantillako langile-kopuruari buruzko ziurtagiria.

c) Eskaintza aurreikusitako ekintzaren bati edo batzuei badagokie, prestakuntza-eskaintzarekin batera, lehenengo oinarriaren a) idatz-zatian, hau erantsi behar da gutxienez:

– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.

– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.

– Ekintzaren edo ekintzen kostua.

d) Eskabide-ereduan biltzen diren erantzukizunpeko adierazpenak, honako hauei buruzkoak: itzulketa-prozedura edo zehapen-prozedura batean sartuta ez egotea, aurkeztutako datuen ziurtasuna, eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzea.

Aipatutako dokumentazioa prestatzeko, honako helbide honetan ageri den prestakuntza-planaren eredua kontsulta daiteke: http://www.ivap.euskadi.eus, IVAPen webgunean, Sariak eta Laguntzak atalean.

Eskabideak edo harekin batera aurkeztu behar diren dokumentuek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa izango ez balitz, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta Administrazioa behartuta dagoela eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.

Zortzigarrena.– Laguntzen esleipena.

Prestakuntza-plan edo -programei buruzko laguntzen esleipena, betiere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko du, bai eta erakunde horietako bakoitzari dagozkion diru-kopuruak ere, eta dagozkien diruz lagundutako kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpen hori, ematen den datan, honako helbide elektroniko honetan argitaratuko da: www.ivap.euskadi.eus

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari prestakuntza-jarduerengatik ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzeko diren laguntzen esleipena ere erakunde horretako zuzendariaren ebazpen baten edo batzuen bitartez egingo da. Ebazpen horiek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko dute, eta erakunde bakoitzari egokitu zaion guztizko zenbatekoa ere adieraziko da. Ebazpen horiek aurreko paragrafoan adierazten den helbide elektronikoan argitaratuko dira, ematen diren datan.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ebazpenetatik:

– Lehenengoak, prestakuntza-planen laguntzak esleitu ostean, 2015ean sortutako eta urtarrilaren 1aren eta ekainaren 30aren artean ordaindutako matrikulengatik esleitzen diren laguntzak jasoko ditu.

– Bigarrenak 2015ean sortutako eta uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte ordaindutako matrikulengatik esleitzen diren laguntzak jasoko ditu, betiere ez bada erabilgarri dagoen kreditua agortu aurreko ebazpenetan emandako laguntzen ondorioz.

Honako deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak, ondorengo printzipio eta arauen arabera emango dira:

a) Lehenik eta behin, aurkezten dien prestakuntza-plan edo -programengatik eman daitezkeen laguntzak esleitzea, erakunde bakoitzari eman dakiokeen gehienezko zenbatekoari buruzko muga honekin:

– Kontzeptu horiengatik erakunde bati esleitzen zaion laguntzak ez du gainditu ahal izango laguntza horiek erakunde horrentzat duten kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

Horren ondorioz, laguntzen esleipenen prozedura era honetan burutzen da:

Deialdian entitate mota bakoitzari esleitutako zenbatekoak aurkeztutako planen kostuaren % 50 hartzen badu, % 50 ematen zaio, eta bi zatitan egiten da likidazioa: % 80 lehenengo ebazpenean banatzen da, eta gainerako % 20a bigarren ebazpenean.

Aldiz, eskatutako zenbatekoen baturak laugarren oinarrian aurreikusitako zuzkidura gainditzen badu, zenbatekoak esleitzeko orduan berariaz hartzen da kontuan zenbat langile dituen entitate bakoitzak, mota bereko entitate eskatzaile guztietako langile-kopuruarekin alderatuta..

b) Bigarrenik, eta urteko bi unetan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik eman daitezkeen laguntzak esleitzea, onartutako planik edo programarik ez dagoen kasuetan, hau da, deialdi honen babesean laguntzarik jaso ez denean, honako arau hauen arabera:

– Laguntza hori izango da matrikularen zati bat finantzatzea, kasuan kasuko prestakuntza-ekintzagatik 2015ean sortua bada eta erakundeak ordaindua izan bada.

– Matrikula bakoitzarengatik esleitzen den laguntzak ez du gainditu ahal izango laguntzaren kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

– Ordaindutako matrikula bakoitzarengatik gehienezko diru-laguntza esleituko da, hau da, kostuaren ehuneko berrogeita hamar, horrela jokatzea posible den heinean, ebazpena ematen den dataren eta laugarren oinarrian erakunde mota horretarako aurreikusten diren gehienezko zenbatekoen arabera ebazpen berean jaso behar diren laguntzagatik diren matrikula guztiei dagokienez. Erakunde mota baterako hori posible ez denean, eman daitezkeen gehienezko zenbatekoak modu zuzenki proportzionalean murriztuko dira.

Euskal Herriko Unibertsitaterako laguntza, administrazio eta zerbitzuetako langileentzakoa, lehenengo oinarriko a) atalean ezarritako kontzeptuengatik bakarrik eman ahal izango da. Era berean aplikatuko da foru aldundietan, bere langileei dagokienez.

Bederatzigarrena.– Erakunde esleipendunen betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak ezartzen duenaren arabera, honako hauek izango dira laguntza horien onuradun diren erakundeen betebeharrak:

a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman duen erakundeari behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiko neurrien mende ere egon beharko du.

d) Diru-laguntza ematen duen erakundeari aditzera ematea beste zernahi administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkien.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, gerta liteke horren ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena ere aldatzea. Era berean, ebazpen hori eraldatzea eragin dezake diru-laguntza horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatu batzuen diru-laguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak; baldin eta, ebazpen honen babesean emandako laguntzarekin batera, diruz lagundu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute.

Hamargarrena.– Prestakuntza-plana edo –programa aurkeztu duten administrazio publikoek laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

Planaren betearazpena justifikatzeko epea 2015eko azaroaren 30ean amaituko da.

Prestakuntza-plan edo -programak betearazteagatiko laguntzak esleitzeko den ebazpena argitaratzen denean, esleitutako laguntzaren ehuneko laurogeiren ordainketa izapidetuko da. Ordainketa hori planaren edo programaren kontura emandako entregatzat hartuko da.

Planaren edo programaren betearazpen-maila justifikatzeko, laguntzaren esleipendun diren erakundeek hau aurkeztu beharko dute:

– Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko txostena.

– Erakundeak betetako prestakuntza-plan edo -programaren betearazpenari buruzko ziurtapena. Ziurtapen hori erakundeko kontu-hartzaileak edo barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetuta egon behar da.

– Erantzukizunpeko adierazpena, planak edo programak inongo erakunde edo pertsonatik laguntzarik, deialdi honetan esleitutako laguntzak barne direla, jasotzen ez duelakoa, haien finantzaketa gehiegizkoa badakarte, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zati baten kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.

Laguntzaren justifikazioa «Nire kudeaketak» egoitza elektronikoan egin beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

Planaren edo programaren betearazpena justifikatu ondoren, laguntzaren gainerako ehuneko hogeiaren ordainketa izapidetuko da.

Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, ondorio den likidazioa egingo da, planaren betearazpen-maila eta kontura jasotako diru-kopurua kontuan hartuta. Gertatuko balitz erakundeak azkenean egokituko zaion zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez den bezala jaso diren kopuru horiek.

Laguntzen ordainketa, hau da, ordaindutako matrikulen zati baten finantziazioari buruzkoa, berriz, laguntza horiek esleitzeko ebazpena argitaratzen denean izapidetuko da.

Hamaikagarrena.– Behin-behinekoz edo behin betiko esleitutako diru-laguntzari uko egitea.

Erakunde esleipendunek uko egin diezaiokete, osorik edo partez, esleitu zaien laguntzari. Laguntzaren uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion laguntzaren zati bati dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, betiere, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.

Hamabigarrena.– Laguntza itzultzea.

Ez da galdagarria izango laguntza ordaintzea, eta itzuli egin beharko dira, osorik edo partez, jaso diren diru-kopuruak, aplikaziokoak diren lege-interesekin, honako kasu hauetan:

a) Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea.

b) Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Emandako helbururako gabe, laguntza beste zerbaiterako erabiltzea.

d) Laguntzaren edo diru-laguntzaren emate-erabakian ezartzen diren baldintzak ez betetzea.

e) Legean ezartzen diren kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea.

f) Laguntza edo diru-laguntza bakoitzaren berariazko arauetan aurreikusitako gainerako kasuak.

Emandako diru-laguntzaren berrikuspena, hori egitea bidezko den kasuetan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da; dekretu horrek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.

Hamahirugarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiaren ebazpena indarrean sartzen denetik sei hilabete igarotzen direlarik, eta epe horretan deialdiaren Interneteko helbidean laguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez delarik, erakunde interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskaera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hamalaugarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Prozesu honetan jasotzen diren datu pertsonal guztiak «Prestakuntza ikastaroak» izeneko fitxategi automatizatu batean biltegiratuko dira, eta haien erabilera prozesu horren kudeaketara mugatuko da. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua, betiere, izaera pertsonaleko datuen babesari eta titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko legediko aurreikuspenetara egokituko da (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, izaera pertsonaleko datu pertsonalak babesteari buruzkoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonalak Babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa eta garapeneko araudia). Fitxategi horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria izango da. Datuetara iristeko, zuzentzeko edo ezeztatzeko eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean baliatu daitezke.


Azterketa dokumentala