Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2015eko maiatzaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1929

50/2015 DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, ASYL-Asociación Yan Lur / Asociación Madre Tierra elkartea onura publikokoa dela aitortzen duena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteei onura publikokoak direla aitortu ahal izango zaie, baldin eta elkarteok beren jardueren bitartez interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.

Lege horren babesean, ASYL-Asociación Yan Lur / Asociación Madre Tierra elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, garapen-lankidetzaren eta sentiberatzearen arloan egiten duen lanagatik.

ASYL-Asociación Yan Lur / Asociación Madre Tierra 2009ko otsailaren 7an sortu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago inskribatuta, Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzaren 2009ko maiatzaren 8ko Ebazpenari jarraikiz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago inskribatuta (erregistro-zenbakia: AS/B/14420/2009).

Eginkizunak, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten ditu.

Sortu zenetik, ASYL-Asociación Yan Lur / Asociación Madre Tierra elkarteak beharrezko diren jarduera guztiak egiten ditu bere helburu nagusia betetzeko: egoera ahulean dauden gizataldeei eta, bereziki, talde indigenei laguntzen dieten erakundeekin lankidetzan aritzea.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan agindutakoarekin bat, onura publikoaren adierazpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute; azken sail horrek izapidetuko du prozedura, eta bertan sor daitezkeen auzi guztiak ebatziko. Agindu hori betetzearren, espediente bat izapidetu da, zeinari erantsi baitzaizkio sailek eta hala eskatu zaien erakundeek egindako txostenak.

Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, interesaturik dauden erakunde eta entitateek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko apirilaren 21ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– ASYL-Asociación Yan Lur / Asociación Madre Tierra elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/14420/2009 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko apirilaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala