Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2015eko maiatzaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1928

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 23koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez, euskara ikastaroetarako deia egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere Erakunde Autonomoetako langileei, 2015-2016 ikasturterako.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere Erakunde Autonomoetako langileentzako 2015-2016 ikasturterako 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunetarako ikastaro-deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 23a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena.– Parte-hartzaileak nortzuk diren.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskara erabiltzeko normalizazio-prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretuaren ildotik, deialdian parte hartzea izango dute:

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere Erakunde Autonomoetako langileek.

Ez dute deialdi honetan parte hartzerik izango Hezkuntzako irakasleek, ertzainek, Justizia Administrazioko langileek eta Osakidetzako langileek.

Lanorduetan euskarako hizkuntza-gaikuntza ikastaroetako baimenak emateko, sailek aplikatuko dituzte Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren 2004ko maiatzaren 27ko Instrukzioan zehaztutako irizpideak.

Edonola ere, IVAPek hizkuntza-prestakuntza bere aurrekontu bitartekoen barruan emango du.

Hirugarrena.– 2015-2016 ikasturterako ikastaro-deialdiak.

2015-2016 ikasturterako, IVAPek bi deialdi argitaratuko ditu.

Honako hau 2015-2016 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.

4.– hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroei dagokienez, deialdi hau da 2015-2016 ikasturterako egingo den deialdi bakarra.

Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez ere, hau izango da deialdi bakarra.

Datorren azaroan oraingo honen osagarri den deialdia argitaratuko du IVAPek, eta 2015-2016 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo du.

Azaroko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:

– Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa egin beharko dute otsailean.

– Urrian hasten diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute azaroko deialdian otsaileko ikastaroetarako, hau da, ikastaro trinkotik bi ordukora aldatzea, edo alderantziz.

Laugarrena.– Lanorduetako eskolen antolaketa.

Deialdi honetan lanorduetan egiteko ikastaroak II. eranskinean adierazitakoak dira.

IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

4.1.– Mailaketa probak.

Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du. Horretarako, IVAPek zerbitzu zuzendaritza bakoitzari jakinaraziko dizkio mailaketa proba egiteko toki-egunak.

Ekaineko mailaketa proba egitera deitu arren, langileren bat ez bada ezarritako egun eta orduan aurkezten, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.

IVAPek aurkeztu ez den langileari bigarrenez deitzeko aukera aztertuko du, baldin eta aurkeztu ez izana idatziz eta egokiro arrazoitzen badio IVAPi dagokion zerbitzu zuzendariak, beranduen ere proba egunetik bi egun balioduneko epean.

Bigarren dei horretara ere aurkezten ez den langilearen eskaera bertan behera utziko du IVAPek.

4.2.– Administrazioko taldeak antolatzea.

Mailaketa probak egin ondoren, administrazioko langileez osaturiko taldeak antolatuko ditu IVAPek hiriburuetan. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari zerbitzu zuzendariak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.

Administrazio-taldeen ordutegia eta egutegia II. eranskinean daude zehaztuta.

Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek baimendutako eskaeren moduluetan, ordutegietan nahiz ikasteko tokietan.

Administrazioko taldeen ordutegia eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.

Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, sail bakoitzari helaraziko dio IVAPek administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.

4.3.– Administrazioko talderik ez duten langileak. Matrikula-orriak.

Administrazio talderik ez duten langileek euskaltegietako gainerako taldeetan egin ahal izango dute ikastaroa. IVAPek matrikula-orria bidaliko du langilearen zerbitzu zuzendaritzara, honek bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikula-orriaren bitartez, homologatutako edozein euskaltegi publiko edo pribatutan matrikulatu ahal izango da langilea.

Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestekoa da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.

Matrikula-orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia beteko ditu.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, bere sailak / erakundeak ahalik eta lasterren itzuli behar du matrikula-orria IVAPera.

4.4.– Matrikula-orria ordaintzea.

Langilearen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:

1) Matrikula-orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula-orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2015eko urriaren 23a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.

2) Gutxieneko iraupena: ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroek, gutxienez, lauhileko iraupena izan behar dute.

3) Homologazioa: matrikula-orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk homologatua izan behar du.

4) Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere bai. Aldiz, bestelako gastuak ez ditu IVAPek bere gain hartuko (joan-etorriak, materialak, etab.).

Aldiz, langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langilearen saileko zerbitzu zuzendaritzari.

4.5.– Autoikaskuntzako ikastaroak lanorduetan.

Sail bakoitzak autoikaskuntzarako duen eskaera kopuruak ez du gaindituko lanorduetan hizkuntza-prestakuntza hartzeko baimendutako eskaeren % 20.

4.5.1.– Autoikaskuntzako eskolen antolaketa.

Autoikaskuntza-sistemaren barruan hiru atal bereizten dira:

– Metodo honetan, ordu gehienak norberaren lanpostuko ordenagailuaren bidez egiten dira.

– Mintza-saioak: ikasle bakoitzak astean ordu beteko aurrez aurreko saioa izango du, mintzamena lantzeko. Ikasturte amaieran ere, astebeteko ikastaro trinkoa antolatuko du IVAPek, betiere ikasle kopuruak eta horien mailak horretarako aukera ematen badute.

– Tutoretzak: ikasturtean zehar ikasleak lau tutoretza izango ditu tutorearekin. Tutoretzetan ikasleari bere ikas-prozesuaren berri emango dio tutoreak, eta zalantzak argitu ere bai.

Horregatik, autoikaskuntza-sistema hautatzeak hauxe dakar bere baitan: langilearen aldetik mintza-saioetara eta tutoretzetara joatea, eta sailaren aldetik erraztasunak ematea langilea joan dadin.

4.5.2.– Autoikaskuntzako mailaketa probak.

Mintza-saioetarako talde homogeneoak antolatzearren, autoikaskuntzaz baliatzen diren langileek bi mailaketa proba egin behar dituzte ikastaroaren hasieran:

Autoikaskuntza-programaren hasierako maila zehazteko proba (internet bidez egingo da).

Mailaketa proba estandarra, beti ere IVAPek ikasle horren mailari buruzko erreferentziarik ez badu.

Bosgarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroen araubidea.

5.1.– Ikastaroen ezaugarriak.

Matrikulazioa matrikula-orriaren bidez egingo da. Matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2015eko urriaren 23a baino geroago entregatuko diren matrikula-orriak

5.1.1.- Aurrez aurreko ikastaroak.

Lanorduz kanpoko aurrez aurreko ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean egin beharko dira, eta baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Gutxieneko iraupena: ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute, gutxienez.

b) Homologazioa: ikastaroak, derrigor, HABEk homologatua izan behar du.

5.1.2.- Autoikaskuntzako ikastaroak.

Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean edo homologatutako autoikaskuntzako zentro batean egin ahal izango dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxieneko ordu kopurua: ikastaroek, gutxienez, 190 orduko iraupena izan behar dute.

b) Ikastaroak urrian hasi behar dira.

c) Matrikula non egin: langileak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean matrikulatu behar du.

d) Homologazioa: autoikaskuntzako ikastaroek HABEk homologatuak izan behar dute.

e) Autoikaskuntzako ikastaroen ordenagailu bidezko lana zentroko ordenagailuak eta baliabideak erabilita egin daiteke, edo norberaren ordenagailua erabilita, edo bata zein bestea erabilita. Mintza-saioak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan jasoko dira.

IVAPek matrikula-orri bakar bat emango die eskaera onartu zaien langileei.

Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.

5.2.– IVAPen baldintzak lanorduz kanpoko ikastaroetan.

Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzea.

Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, IVAPek matrikula-orria bidaliko du langilearen zerbitzu zuzendaritzara, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikula gauzatzeko, ezinbestekoa da matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatzea.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du bere matrikula-orria IVAPera.

Langileak egin duen matrikularen kostua IVAPek ordainduko du, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Kontuan izan behar da langileak euskaltegian egin duen matrikula IVAPek onartzeak berekin dakarrela matrikula horri dagokion kostu osoa ordaintzea.

Ondorioz, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, ikasleari eskatuko zaio gutxieneko aprobetxamendu-irizpidea betetzea.

Seigarrena.– Eskabideak noiz eta nola egin.

6.1.– Eskabideak nola egin.

a) Eskabide telematikoak. Norberaren ordenagailutik bete ahal izango dira, intraneten bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:

www.ivap.jakina

Sistema hori erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasun sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.

b) Paperezko eskabideak. Inprimakiak eskura daude ondorengo helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.eus

(Euskara > Euskara ikastaroak > 1-2-3-4HE prestatzeko ikastaroak > Eusko Jaurlaritza > Izena emateko inprimakia).

6.2.– Lanorduetako eskabideak.

Epea: 2015eko maiatzaren 4tik 20ra, biak barne.

a) Eskabide telematikoak. Sail bakoitzak kudeatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan eta, era berean, sail bakoitzak emango die baimena edo ukapena jasotako eskaerei, IVAPek berariaz adierazitako epean.

b) Paperezko eskabideak. Langileak bere saileko zerbitzu zuzendariari bidali behar dio eskabidea, epearen barruan.

Sail bakoitzean jasotako hizkuntza-prestakuntzarako eskabideak sailak berak grabatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan eta, era berean, sail bakoitzak emango die baimena edo ukapena jasotako eskaerei, IVAPek berariaz adierazitako epean.

6.3.– Lanorduz kanpoko eskabideak.

Epea: 2015eko ekainaren 1etik 17ra bitartean egin ahal izango dira lanorduz kanpoko eskaerak.

Eskabideak egiteko bi bide hauek erabil daitezke:

a) Eskabide telematikoak: norberaren ordenagailutik, intraneten bidez, bete ahal izango dira.

b) Paperezko eskabideak. Eskatzaileak IVAPeko zuzendariari bidaliko dio eskaera ondorengo helbidera: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

6.4.– Aldi baterako langileak.

Aldi baterako langileek Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin gutxienez 2015eko abenduaren 31ra arte lan-hitzarmena dutela egiaztatu beharko dute. Horretarako, eskaera orriarekin batera, izendapena edo lan-kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute.

Lanorduetako eskaeren kasuan, lan-hitzarmenen iraupena egiaztatzea sailen / erakundeen ardura izango da; sailek / erakundeek onartzen dituzten eskaerek, beraz, baldintza hori betetzen dutela ulertuko du IVAPek.

Zazpigarrena.– Asistentzia eta aprobetxamendua.

7.1.– Eskolan hastea.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla medio, IVAPek ez du onartuko urriaren 23a baino geroago hasterik eskolan.

Urriaren 23a iragan ondoren, IVAPek baja emango die eskolan hasi ez diren langileen eskaerei.

Eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan.

7.2.– Eskolan berandu hastea.

IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu zuzendariek arrazoi horiengatik berandu hasiko diren langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, bere zerbitzu zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz.

c) Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.

IVAP saiatuko da gaixotasunak edo amatasunak eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean, eta kontuan hartuko dira aprobetxamenduari dagokionez.

7.3.– Egunez eguneko asistentzia.

Ikasleek eta sailek asistentziaren jarraipen zehatza egin ahal izateko, IVAPek, bere aplikazio informatikoaren bidez, ikasleen egunez eguneko asistentziaren berri emango du eta ikasleak eskolara joan ez diren egunak zehaztuko ditu.

7.3.1.– Lanorduetako ikastaroen asistentziari buruzko arauak.

Ondorio guztietarako, ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolatze eta puntualtasun huts guztiak zerbitzu zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharrekoak dira, beste edozein laneratze-huts zuritu ohi den bezalaxe.

Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea zerbitzu zuzendaritzaren ardura denez, beroni dagokio baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea.

Era berean, sailen ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek oporrak ikastarotik kanpo hartzea, ikastaroen aprobetxamendua eten ez dadin.

7.4.– Autoikaskuntzako asistentziak.

Autoikaskuntza ikastaroetan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ikasle horiei ezin zaie ordu-kredituaren saldoa eguneratu hiruhilekoa amaitu arte.

7.5.– IVAPen aprobetxamendu-irizpidea euskara ikastaroetan.

Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatutako ikasleek aprobetxamendu-irizpidea bete beharko dute.

IVAPek honako irizpide hau ezartzen du euskara ikastaroen aprobetxamendua gainditzeko: ikasturteko asistentzia % 80tik gorakoa izatea. Ondorioz, asistentziaren ehuneko hori betetzen ez duten ikasleek ez dute ikastaroen aprobetxamendua gaindituko.

Administrazio Orokorraren zerbitzura diharduten funtzionarioek aprobetxamendu-irizpide hori bete beharko dute, era berean, lan baldintzak arautzen dituen akordioaren 11. artikuluan aipatzen den baimena lortzeko. Sail bakoitzak eskura izango du bere langileen asistentziari eta ebaluazioei buruzko informazioa IVAPen aplikazio informatikoan, sailak dagokion balorazioa egin dezan.

Langileak urratsak gainditzeko ezarritako aldizkako ebaluazio-probak egiteko konpromisoa hartzen du.

Aprobetxamendu-irizpidea betetzen ez duten ikasleei ez zaie hurrengo ikasturtean lanorduz kanpoko eskaerarik onartuko. Ondorioz, 2015-2016 ikasturtean IVAPek ez die lanorduz kanpoko eskaera onartuko 2014-2015 ikasturtean aprobetxamendu-irizpidea gainditu ez duten eskatzaileei.

Zortzigarrena.– Eskolara joateari uztea.

Eskolan hasi ondoren, ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.

Horretarako, «Jakinarazpena: eskoletara joateari uztea» (III. eranskina) izeneko inprimakia bete eta IVAPera bidali behar du ikasleak.

Eskola-uztearen data, inprimakia IVAPen erregistroan sartu den egunekoa izango da. Inprimakia IVAPera iritsi arte, ez da ordu-kredituaren kontaketa etengo.

Beraz, ordu-kredituaren eta aprobetxamenduaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia IVAPera lehenbailehen bidaltzea.

Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:

www.ivap.euskadi.eus

(Euskara > Euskara ikastaroak > Informazio orokorra > Zer egin behar dut ikastaroan baja eskatzeko? > Eskola uztea jakinarazteko inprimakia).

Azkenik, IVAPen zeregina izango da ikaslearen sailari eskola-uztearen berri ematea.

Bederatzigarrena.– Ordu-kreditua.

Lanorduetako ikastaroei dagokienez, ordu-kredituak ezartzen dituen Aginduari jarraituko zaio (Agindua, 2004ko apirilaren 30ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen euskalduntzean aplikatuko diren ordu-kredituak ezartzen dituena; EHAA: 2004-05-07; 85. zk.).

Agindu horren bosgarren artikuluari jarraikiz, euskara ikastaroa lanorduetan hasi ahal izateko beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturte hasieran.

Ikasle berriaren ordu-kreditua ezartzeko orduan kontuan hartuko den hasiera-maila urrikoa izango da, edo otsailekoa urrian ikastarorik egin ez badu. Udako hasiera maila kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, ikasle berriak udan ikasten badu, baina hurrengo urrian edo otsailean ez.

Ordu-kredituaren kontrolari begira, 2015-2016 ikasturtearen hasiera urria izango da eta hurrengo hiru deialdiak bilduko ditu:

1) Urrian eskolatzeko deialdia (maiatzean argitaratzen dena).

2) Otsailean eskolatzeko deialdia (azaroan argitaratzen dena).

3) Udako ikastaroak egiteko deialdia (maiatzean argitaratzen dena).

Beraz, IVAPek honela aplikatuko du ordu-kredituaren kontrola:

a) Urrian lanorduetan hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute lanorduetan bai otsaileko deialdian bai udakoan, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.

b) Otsailean lanorduetan hasten diren ikasle berriei otsaileko ikastaroa hasi baino lehen aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira otsailean hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko udako deialdian. Ondorioz, parte hartu ahal izango dute udako deialdian lanorduetan, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.

c) Udan lanorduetan hasten diren ikasle berriei, udako eskaera IVAPen jaso orduko aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan lanorduetan hasi; udako ikastaroa lanorduetan egin ahal izateko aldeko saldoa izan beharko dute, bestela IVAPek bazter utziko du eskaera.

Bestalde, lanorduetako ikastaroa arratsaldez egiten duten ikasleen kasuan, gerta daiteke ikastaroko ordu batzuk lanorduz kanpo hartzea (lanaldi mistoa duten langileak, udako ordutegian arratsaldeetan eskola duten langileak, etab.). Horrelakoetan, sail bakoitzaren ardura da soilik lanorduetan hartutako orduak ordu-kreditutik deskontatzeko IVAPi eskatzea.

Hamargarrena.– 4. hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroen berezitasunak.

10.1.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaitasunean eragitea eta bultzatzea, 64/2008 Dekretuaren eranskinean azaltzen den C2 mailako gaitasunak lortze aldera.

10.2.– Eskaerak onartzeko baldintzak eta lehentasunak.

Eskatzaileak 3. HE egiaztatuta edo horren baliokidetza erregistratuta izan behar du, eta bere lanpostuaren hizkuntza eskakizunak 3.a edo 4.a izan behar du.

Lanpostuaren hizkuntza eskakizuna 1.a edo 2.a den kasuetan langileek gutxienez unibertsitate-diplomatuak izan behar dute.

Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituztenek ere parte hartu ahal izango dute 4. HEko ikastaroetan.

Ikastaroa egiteko baimena emateak berekin dakar ikastaro teorikorako baimena ez ezik, proiektuaren tutoretzako 15 orduko baimena ere ematea.

Lanpostuan 4. HE ezarrita duten langileek izango dute ikastaroan parte hartzeko lehentasun osoa.

10.3.– Ikastaroen ezaugarriak eta modalitateak.

Ikastaro honetan HABEren curriculumeko 4. maila prestatzeko formakuntza eskainiko da. Ikastaroak bi alderdi izango ditu: batetik, ikastaro teorikoa, 170 ordu ingurukoa, eta, bestetik, nork bere proiektua prestatzeko 15 orduko tutoretza-saio pertsonalizatuak.

Ikastaroan parte hartzen duen ikasleak proiektu indibidual bat prestatu beharko du ikasturtean zehar eta horrek, eskola-orduez gain, lan pertsonala egitea ere eskatuko dio ikasleari.

Ikastaro hauetan norbere lanak dauka garrantzi gehien. Beraz, ikastaro hau egin nahi duen langileak jabetu behar du, ikastaroa gainditzeko eta proiektua garatzeko, ezinbestekoa dela aparteko lan pertsonala egiteko prest egotea eta eskola orduez haratago doan dedikazio pertsonal gehigarria eskaintzea.

Proiektu indibiduala garatzeko ikasle bakoitzari dagozkion 15 orduko tutoretza saioak noiz izango diren, irakasle eta ikasleen artean adostuko dute.

10.3.1.– Aurrez aurreko ikastaroak administrazioko taldeetan.

Administrazioko taldeek aurrez aurreko ikastaroa egingo dute. Eskolak astean hiru egunetan izango dira: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan; goizeko 08:00etatik 10:00etara.

Administrazioko taldeak Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen osatuko dira.

Ikastaro hauek 2015eko urriaren 2an hasiko dira, eta 2016ko maiatzaren 27an amaituko dira. Iraupena 170 ordu ingurukoa izango da.

Ordutegi eta toki berean nahiko ikasle baldin badago, IVAPek taldea osatuko du administrazioko langileekin. Halere, taldea osatzeko nahiko ikaslerik ez dagoenean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, HABEko 4. mailako ikastaroak ematen dituen edozein euskaltegi homologatutan matrikulatu daitezen.

10.3.2.– Aurrez aurreko ikastaroa, edo autoikaskuntzakoa, HABEk homologatutako euskaltegietan matrikula-orriarekin.

Euskaltegi batzuek autoikaskuntza modulua ere eskaintzen dute. Hori hautatuz gero, kontuan izan behar da HABEk homologatutako ikastaroa izan behar duela.

Ikastaro horietan matrikula egiteko, IVAPek matrikula-orria emango dio eskatzaile bakoitzari bere zerbitzu zuzendaritzaren bitartez.

Matrikula-orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.

Hamaikagarrena.– Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

Euskara ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion sailari lagatzea. Horrela, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren ikasleen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta sail bakoitzari bere ikasleei dagozkienak jakinaraziko dizkio.

Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.

Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute Ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Beraz, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien sailei jakinaraztea, euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulu). Onartu egiten dute, azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari -HABEri- (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).

Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatzeko edota deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

II. ERANSKINA
BARNETEGIKO IKASTAROAK ETA ADMINISTRAZIOKO TALDEAK

1.1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.

Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

1.2.– Bost orduko ikastaroak.

Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.

Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute. Lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa da: urriak 1 – otsailak 12.

Otsailetik aurrera modulu honetan aritu ahal izateko, maiatzeko deialdian izena eman dutenek ere, azaroko deialdian izena eman beharko dute.

Abenduaren 31tik urtarrilaren 6ra artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.

1.3.– Bi orduko ikastaroak.

IVAPeko taldeen ordutegia 08:00-10:00 izango da Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Ordutegi hori eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.

IVAPeko taldeen egutegia: 2015eko urriaren 1etik 2016ko maiatzaren 27ra.

Abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

Era berean, ez dira eskola egunak izango martxoaren 19tik apirilaren 3ra artekoak, biak barne.

Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.

Laugarren urratsetik gorako administrazioko taldeek astebeteko ikastaro trinkoa (egunean bost ordukoa) egin ahalko dute, horretarako dauden baliabideen arabera.

Talderen batek astebeteko trinkoa egitea erabakitzen badu, IVAPek horren berri emango die ikasleei dagokien zerbitzu zuzendariei.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala