Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2015eko maiatzaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1926

AGINDUA, 2015eko apirilaren 20koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinen bidez iragartzen baita, Barakaldoko Bulego Judizialean bulego judizial berria ezartzearen ondorioz, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidegoetarako, hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuak betetzeko berariazko lehiaketaren deialdia.

Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Eibar, Gernika, Getxo, Irun eta Tolosako barruti judizialetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoko Bulego Fiskalean, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundean eta Vitoria-Gasteizen bulego judizialak zabaltzeko faseak gauzatuta, Barakaldoko bulego judiziala zabaltzera igaro da orain. Hori dela eta, 2015eko otsailaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 35. zk., argitaratu dira, batetik, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2015eko otsailaren 3ko Agindua, zeinen bidez sortzen baitira Barakaldoko bulego judizialaren Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala, eta, bestetik, otsailaren 17ko 16/2015 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostuen zerrendak onartzekoa, Barakaldoko Bulego Judizialari dagozkionak.

Azaroaren 3ko 1/2009 Legearen bigarren artikuluan xedatutakoa betetzeko, bidezkoa da behin betiko destinoa duten funtzionarioen akoplamendua egitea 1/2009 Lege Organikoak zehaztutako faseen bidez, euskarak berezitutako lanpostuen lehiaketa espezifikoaren fasea, besteak beste (hizkuntza-eskakizuna indarrean duten lanpostuak: 2015eko urtarrila). 1/2009 Legea bulego judizial berria ezartzeko legeria prozesala aldatzen duen legearen osagarri da, eta, haren bidez, abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren bidez aldatutako Botere judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen da.

Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a artikuluan, euskal herritarrei aitortzen zaie Administrazioarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea.

Halaber, bere 6.1 artikuluaren arabera, herritar guztiei aitortzen zaie, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean, herri-administrazioarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beren aukerako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa. Halaber, agindu honetan xedatutakoaren ondorioz, funtzionarioek administrazio publikoarekin dituzten harremanetan euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da, izan ahoz zein idatziz, eta hizkuntza berean hartuak izatekoa.

Azaroaren 3ko 1/2009 Legearen bigarren artikuluan xedatutakoaren arabera (1/2009 Legea bulego judizial berria ezartzeko legeria prozesala aldatzen duen legearen osagarri da, eta haren bidez aldatzen da Botere judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa, zeinak, era berean, aldatzen baititu abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren laugarren xedapen iragankorra eta 49. artikuluak eta hurrengoak; 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onartu zen Justizia Administrazioaren Funtzionarioak Lanera Sartzeko, Lanpostuak Hornitzeko eta Lanpostuz Igotzeko Arautegia, ekainaren 4ko 748/2010 Errege Dekretuaren bidez aldatua) eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 3.1. artikuluak ematen didan eskumenaz baliatuz, honakoa hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da, Barakaldoko Bulego Judizialean bulego judizial berri bat ezartzearen ondorioz, hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuak lehiaketa bidez betetzea, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidegoetarako; I. eranskinean ageri dira zerrendaturik: «Hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuen zerrenda».

2. artikulua.– Betekizunak.

1.– Baldintza orokorrak:

a) Azaroaren 3ko 1/2009 Legearen bigarren artikuluan xedautakoaren arabera, akoplamendu-prozesua denez, lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, esklusiboki eta behin bakarrik, destinoa lanpostu horiek beteko diren udalerrian duten Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako karrerako funtzionarioek, baldin eta jarduneko zerbitzuan badaude edo lanpostua gordeta badute, betiere, eskatutako baldintza orokorrak eta deialdi honetan zehaztutako berariazko eskakizunak betetzen badituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta baldin eta lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte eusten badiete baldintza horiei.

b) Akoplamendu-prozesua denez, honako hauek ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu: eszedentzia-egoeran dauden funtzionarioak, lanpostua gordetzeko eskubiderik gabe; lan-etenaldi irmoan daudenak, etenaldi horrek dirauen artean; eta nahitaezko lekualdatze bidez zehatutakoak, zehapena ezarri zaien herri berean bada destinoa, betiere urtebete edo hiru urte igaro arte, falta larria edo oso larria bada, hurrenez hurren.

c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.

2.– Berariazko betekizunak:

Parte hartzen dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, eskatutako lanpostuei dagokien hizkuntza-eskakizuna izan beharko dute.

3. artikulua.– Eskainitako lanpostuak.

1.– Lehiaketa honen bidez bete beharreko lanpostuak, lanpostuaren kodea eta dotazio-zenbakiaren bidez identifikatuko direnak, agindu honen I. eranskinean ageri dira «Hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuen zerrenda»

2.– Lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute eskatzen dituzten lanpostuak zuzen identifikatu dituztela, izan ere, eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren ez da onartuko egindako eskaeran aldaketarik egitea, ezta, esleipenaren kasuan, uko egitea ere.

4. artikulua.– Baremoa.

1.– Berezitutako lanpostuak esleitzeko, baremo hauen arabera baloratuko dira merezimenduak:

– Antzinatasuna.– Kidegoan emandako zerbitzuengatik, bi puntu emango dira zerbitzuan emandako urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzionalki zenbatuko dira (0,00555556 eguneko). Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak direla joko da. Kontzeptu horretan 60 puntu emango dira, gehienez.

– Euskararen ezagutza: lanpostu hau betetzeko eskatzen dena baino euskararen jakite-maila altuagoa egiaztatzen bada, gehienez 12 puntu lortuko dira, xede horretarako bakarrik.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta adierazitako autonomia-erkidegoaren eremuan ezartzen diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainontzeko xedapenetan ezarritakoaren arabera, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

2. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:

– 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 8 puntu.

– 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.

3. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:

– 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.

2.– Adierazitako jakite-maila hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bitartez, eta horiek eskabideak aurkezteko epean entregatu beharko dira.

3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean balioetsiko dira alegatutako merezimenduak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.

1.– Lehiaketan parte hartzeko eskabideak agindu honen II. eranskin gisa, «Parte hartzeko eskabidea», argitaratutako ereduari jarraituz beteko dira. Hamar (10) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Ezin bada bi aldizkarietan aldi berean argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

2.– Justizia Administrazioko zuzendariari bideratuko zaizkio eskaerak, bai Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko sarrera-erregistroan, bai Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

3.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan ezarritako eran ere bidal daitezke eskabideak.

Posta-bulegoetan aurkezten direnak Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritzari emango zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), eta bi era hauetakoren batean igorriko dira:

a) Posta arruntaren bidez. Kasu horretan, eskariak aurkezteko epea amaitu aurretik iritsi beharko dute Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko erregistrora edo Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailaren erregistrora.

b) Posta ziurtatuz. Eskabideak gutun-azal irekien barruan aurkeztu beharko dira postetxean, postako langileak, bidali baino lehen, eguna eta zigilua jar diezaien. Lehiaketako parte-hartzaileek postetxeko zigilua duen eskabidea bidali beharko dute; eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, ez da baldintza hori betetzen ez duen eskabiderik onartuko, nahiz eta eskabidea postaz bidali eta gero egiaztatu ahal izan.

4.– Parte hartzen duen funtzionario bakoitzak lehentasun-hurrenkeraren arabera eskatu ahal izango ditu eskainitako lanpostuak, baldin eta lanpostu horretarako betekizunak betetzen baditu.

5.– Alegatu den euskarazko hizkuntza-eskakizuna ziurtatzen duen tituluaren agiri ofizialaren edo homologazioaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute lehiakideek eskabidearekin batera.

6.– Lehiaketa honetan parte hartzen duen funtzionario bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du.

7.– Eskariak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaera loteslea izango da eskatzailearentzat, hau da, eskaria ezin izango da aldatu. Norbaitek bere eskabidea zuzendu nahi badu, beste eskabide bat aurkeztu ahal izango du, eskabideak aurkezteko epean, eta azken eskabideak aurrekoa automatikoki ezeztatuko du.

8.– Eskabideak onartzeko epea amaitu aurretik soilik egin ahal izango zaio uko lehiaketan parte hartzeari.

6. artikulua.– Eskabideak balioestea.

Eskabideetan azaltzen diren datuen arabera egingo du Justizia Administrazioko Zuzendaritzak baremazioa.

7. artikulua.– Esleipenak.

1.– Lanpostuak esleitzeko hurrenkera hirugarren oinarriko baremoen arabera lorturiko guztizko puntuaziotik lortzen dena izango da.

2.– Guztizko emaitzan berdinketarik gertatuz gero, kidegoan antzinatasun handiena nork duen begiratuko da.

8. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.

1.– Deialdi honen behin-behineko ebazpena Justizia Administrazioko zuzendariak emango du, eta aldi berean argitaratuko da bai web-orrian (www.justizia.net) bai Justiziako Langileen Atarian eta bai Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EATeko iragarki-oholetan.

2.– Behin-behineko ebazpenean adieraziko dira behin-behineko esleipendunaren jatorriko lanpostua eta herria, alegatutako merezimenduen balorazioan eskuratutako puntuazio orokorra eta behin-behinean esleitutako lanpostua.

3.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko ebazpenaren aurka alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik hamar egun naturaleko epean.

4.– Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da eskatzailea ados dagoela, eta bildutako datuak, eskuratutako puntuazioa eta behin-behinean emandako lanpostua onartzen dituela.

5.– Nolanahi ere, behin-behinean emandako destinoek ez dute eskubide-igurikimenik ematen, lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.

9. artikulua.– Behin betiko ebazpena.

1.– Alegazioak ikusita, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren agindu bidez emango da deialdi honen gaineko behin betiko ebazpena, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

2.– Lehiaketa honen ebazpena hiru hilabeteko epean emango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita, 1451/2005 Errege Dekretuko 51.3 artikuluarekin bat etorriz.

10. artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.

1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira, zerbitzuagatiko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako.

2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.

11. artikulua.– Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hilabete pasatuta, ebazpen adierazirik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da; orduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da, lehen adierazitako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 20a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IŃAKI ERCORECA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala