Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2015eko apirilaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
1914

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 28koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2015ean garapenerako lankidetzaren kontura gauzatuko diren ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko deialdia egiteko.

Hondamendiak edo krisialdi humanitarioak desegituratze sozial eta ekonomikoko prozesuak dira, eta elikagaien eta sanitatearen baldintzetan kalte handia eragiten dute, baita heriotza-tasa handitu ere. Kalamitate naturalek edo gatazka armatuek eragiten dituzte hondamendi horiek, baina azken batean, horien intentsitatea biztanleen kalteberatasun-mailak ezartzen du.

Ekintza humanitarioak gaur egun aurre egin behar dien eszenatoki ohikoenek eta larrienek erronka kontzeptual eta operatibo berriak sortzen ditu, besteak beste printzipio humanitarioak babestea eta ekintza humanitarioa bakea eraikitzeko tresna baliagarri gisa erabiltzea.

Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak ekintza humanitarioak burutzeko laguntzak ezarri ditu, 31/2008 Dekretuaren bidez (2008ko otsailaren 19koa, EHAAO 41), Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitariotarako laguntzak arautzen dituena. Dekretu honek ekintza humanitarioko politika lankidetza estruktural eta eraldatzailearekin bat eginik formulatzeko eta betearazteko tresna izateko asmoa du, printzipio humanitarioetan eta pertsonen eskubideetan oinarritutakoa, gai horretan nazioarteko jarrera-kode eta -arauak errespetatzen dituena, koherentea, parte-hartzailea eta epe labur, ertain eta luzerako helburuei loturik egonda; esaterako, giza eskubideen defentsari, bakearen eraikuntzari edota etorkizuneko garapenari loturik.

Esparru humanitarioan lan egiten duten euskal erakundeen izaera heterogeneoa dela-eta, 31/2008 Dekretuari ahalik eta malgutasunik handiena ematen saiatu gara. Ildo horretan, etengabeko finantzaketa-linearekin jarraitzeaz gain, beste finantzaketa-linea bat ere taxutu dugu ekintza humanitarioko estrategia markoetarako, espezializazio humanitario handiagoa duten erakundeentzat.

Laguntza horrek etorkizuneko garapenaren oinarriak ezartzen lagundu behar du, alde kalteberak murrizteko eta toki-ahalmenak handitzeko, horrela sendotzen direlakoan egoerei aurre egiteko jendeak dituen estrategiak nahiz erakundeen erantzuteko tresnak.

Aipatu dugun otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, eta deialdian hauek guztiak zehaztu beharko dira: diru-laguntzen zenbatekoa, xedea, eskabide-ereduak, epeak, eskabideak aurkezteko tokia, eta ezarritako bi finantzaketa-linea horien balorazio-irizpideak.

Deialdia egiteko eskumenari dagokionez, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak egin behar du diru-laguntzen deialdia, kontuan izanik zer dioen, batetik, EAEko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, eta bestetik, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko eskumena, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa, funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikuluan.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuela, 2015eko otsailaren 20an egindako bilkuran.

Hori dela eta, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuak araututako ekintza humanitariotarako laguntzen 2015. urteko ekitaldirako deialdia egitea da ebazpen honen xedea, Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargurako ekintza humanitariotarako laguntzak arautzen baititu dekretu horrek. Guztira, 3.200.000 euro emango dira.

2. artikulua.– Diru-hornidura.

1.– Finantzaketa-linea bakoitzerako, hainbeste diru hornituko da:

a) Larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantziazio-lerro iraunkorra. 1.200.000 euro.

b) Ekintza humanitarioko estrategia markoen finantziazio-lerroa: 2.000.000 euro.

2.– Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargurako ekintza humanitarioak arautzen dituen 2008ko otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 20. artikuluari men eginez, ekintza humanitarioko ezein estrategia markoetarako dirutik zati bat esleitu ezinik geratzen bada (dela ekintza humanitario nahikok ez dutelako eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu edo bete beharreko eskakizunak bete ez dituztelako, edo eskuragarri dagoen aurrekontu-zuzkidurarako behar adina eskabide jaso ez direlako) zenbateko hori etengabeko finantzaketa-lerrora bideratzeko aukera izango da. Zenbateko hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak horretarako ebazpena eman ondoren. Argitaratu egingo dira, halaber, euskal gizartearen parte-hartzetik datozen berariazko funtsen horniduraren bidez bildutako zenbateko berriak edota Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren agortu gabe gera daitezkeen aurrekontu-baliabideetakoak.

3.– Etengabeko finantzaketa-lerrora bideratuko funtsak agortuz gero, hori ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Honako epe hauen barruan aurkeztu beharko dira eskabideak:

a) Larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantziazio-lerro iraunkorra. Finantzazio iraunkorraren lerrorako eskabideak 2015eko aurrekontu-ekitaldiaren barruan aurkeztu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

b) Ekintza humanitarioko estrategia markoen finantziazio-linea: Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, iragarki hau ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabidea paperean bete beharko da, eta zein linea eskatu nahi den zehaztu. Linea iraunkorra eskatu nahi bada, zer-nolako laguntza-mota eskatu nahi den ere zehaztu beharko da, alegia, larrialdiren baterako den edo laguntza humanitarioa emateko. Euskadi-net atarian, Herri-administrazioaren egoitza elektronikoaren atalean dago eskabidea eskura, hementxe: http://elankidetza.euskadi.eus. Ebazpen honen eranskinean ere badator, eta bertan aukera ematen du laguntza-mota zehazteko:

a) Ekintza humanitarioetarako finantziazio-lerro iraunkorreko laguntzetarako eskabidea, garapenerako lankidetzaren kargura.

b) Larrialdietarako finantziazio-lerro iraunkorreko laguntzetarako eskabidea, garapenerako lankidetzaren kargura.

c) Ekintza humanitarioko estrategia markoen finantziazio-lerroko laguntzetarako eskabidea, garapenerako lankidetzaren kargura.

3.– Eskabideak eskura aurkeztu behar dira Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentzian bertan ((Nafarroa kalea, 2, 01007 Gasteiz) bai zuzenean, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehazten dituen erregistro-moduetatik edozeinen bidez. Eskatutako laguntzaren arabera zehaztu den epearen barruan aurkeztu beharko dira eskabideak. Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen dituen bulegoetan ere aurkez daiteke, bai eta herritarrei kasu egiteko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan ere: Bizkaian (Gran Vía 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia, 13,20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu, 10 behea, 01008 Gasteiz).

4.– Eskabidea, behar bezala beteta, eta bertan eskatzen den agiria ez ezik, proposamen teknikoari eta aurrekontuari buruzko agiriak ere aurkeztu beharko ditu (bakoitzak dagokiona, eskatu duen laguntza-lerroaren arabera, eta iraunkorra bada, larrialdietarako den edo laguntza humanitariorako den kontuan hartuta). Badira horretarako agiri normalizatuak, eta ebazpen honen eranskinean datoz, I.A eta I.B agiriak dira. Hona hemen bakoitza zertarako den, banan-banan:

I.A eranskina:

a) Proposamen teknikoa, finantzazio iraunkorreko laguntza humanitariorako lerrorako.

b) Proposamen teknikoa, finantzazio iraunkorreko larrialdietarako lerrorako.

c) Proposamen teknikoa, ekintza humanitarioko estrategia markorako.

I.B eranskina:

a) Proiektuaren aurrekontu orokorra, eurotan, garapenerako lankidetzaren kargura dauden ekintza humanitarioetarako finantziazio-lerro iraunkorreko laguntzena.

b) Proiektuaren aurrekontu orokorra, eurotan, garapenerako lankidetzaren kargura dauden larrialdietarako finantziazio-lerro iraunkorreko laguntzena.

c) Proiektuaren aurrekontu orokorra, eurotan, garapenerako lankidetzaren kargura dauden ekintza humanitarioetarako estrategia-markoena.

4. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Honako laguntza-lerro hauek kudeatzeko lana Lankidetzarako Euskal Agentziari dagokio, eta agentziaren koordinazio teknikoko zerbitzuak egingo du laguntza-eskabideen azterketa teknikoa eta balorazioa, agentziaren antolakuntza- eta jarduera-araudia ezartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 17.a) artikuluan ezartzen duenez (apirilaren 9ko EHAA). Gero, horren berri emango dio Balorazio Batzordeari, zeinak, horretarako bildu eta gero, dagozkion laguntzak ematea proposatuko du.

Honako hauek osatzen dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Balorazio Batzordea:

• Presidenta:

Ainara Arrieta Archilla andrea, Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuko arduraduna.

• Batzorkideak:

Nicolas Basarrate Hormaetxea jauna, Ekonomia, Aurrekontua eta Langileak Kudeatzeko Zerbitzukoarduraduna.

Noemí de la Fuente Pereda andrea, Koordinazio Estrategikoaren Zerbitzuaren arduraduna.

• Idazkaria:

Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkularitza juridikoa.

5. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Eskatutako betebehar guztiak biltzen dituzten eskaerak (bai laguntza-lerro iraunkorrekoak bai estrategia-markoenak) 0tik 100era bitarteko eskala baten arabera baloratuko dira, ebazpen honetako II. eranskinean ezartzen den balorazio-taula oinarritzat hartuta. Eskabideak gotik behera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera. Onetsiak izateko, programek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte.

6. artikulua.– Hitzarmena sinatzea.

Diru-laguntza onartu ondoren, onartutako diru-laguntzetarako hitzarmena sinatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta erakunde esleipendunak, III. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Otsailaren 27ko 34/2007 dekretuaren 23.4 artikuluak, gero Garapenerako lankidetzaren kargura doazen proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatu zuenak, xedatzen du erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen diru-laguntzaren zenbateko totala dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian zehaztuko dela.

Hori kontuan izanik, 2015eko aurrekontu-ekitaldian, urtean onartzen diren diru-laguntzetarako edozein deialditan onartzen diren diru-laguntzen % 7koa izango da erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa. Diru-laguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz aurreikusita ez dagoen guztirako, honako hiru hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta otsailaren 19ko 31/2008 Dekretua, garapenerako lankidetzaren kargura, ekintza humanitarioetarako ematen diren laguntzak arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 28a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala