Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2015eko apirilaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1867

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustaturik, Galdakao eta Basauri udalerrietan Bilboko Metroaren 5. lineako Ariz-Galdakao Erdigunea izeneko zatia hartzen duen proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiteko dena.

Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, haren I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko, edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Bilboko Metroko 5. linearen Ariz-Galdakao Erdigunea izeneko zatia hartzen duen proiektua onartzeko prozedura hasi delarik, honako arau hauek aplikatu behar dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea. Beraz, arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:

– Ingurumen-inpaktuari buruzko azterketaren norainokoa zehaztea. Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak eskatuta, 2010eko ekainaren 14an Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Izapide hori amaitu zen, hain zuzen ere, ingurumen-organoak 2010eko abuztuaren 27an txostena eman zuenean proiektuak ingurumenean duen inpaktuaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruz.

– Proiektua jendaurrean jartzea. Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana (2010eko azaroaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 225. zenbakia; 2010eko azaroaren 23ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 225. zenbakia). Jasotako alegazioetatik, batek ere ez dauka ingurumenari buruzko edukirik. Organo erabakitzaileak alegazio hauek onartu zituen: proposatutako geltokietara herritarrak errazago iristeari buruzkoak, eta, baita ere, Esteban Loroño hirugarren adinekoen egoitzari eragin ez diezaion, Bengoetxeko geltokirako irisgarritasuna hobetzeari buruz aurkeztutakoak. Proposatutako aldaketa txiki horiek ez dute eraginik ingurumenean.

– Entzunaldiaren izapidea. Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gaineko kontsulta egin zien eragindako herri-administrazioei eta interesdunei, 2012ko uztailaren 20an. Jasotako txostenetatik, aipatzekoa da Uraren Euskal Agentziaren ekarpena, zeinetan urei eta jabetza publiko hidraulikoari ez eragiteko ingurumen-neurri batzuk eta -jardunbide onak jasotzen baitira. Gomendio horiek guztiak eraikitze-proiektuan sartuko dira.

– Espedientea bidali eta hasteko eskatzea. 2015eko martxoaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali zuen espedientea, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 39.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

– Espedientearen analisi teknikoa. Agiri teknikoak eta proiektuaren espedientean dauden txostenak azterturik, eta ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia dela eta indarrean dagoen legeriarekin bat datorrela ikusirik, judizio-elementu aski dagoenez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egiteko organo eskuduna den aldetik (halaxe xedatu baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorrean, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan), honako hau

EBAZTEN DU:

1.– Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustaturik, Galdakao eta Basauri udalerrietan Bilboko Metroaren 5. lineako Ariz-Galdakao Erdigunea izeneko zatia hartzen duen proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko aldeko adierazpena egitea.

Proiektuak, guztira, 4.458 metroko luzera du, Etxebarri-Ariz zatiaren amaieratik –zati horri jarraipena emanez– Galdakao Erdiguneko geltokiraino. Lehenengo zatia aire zabalean eta bidezubi batean zehar doa; hortik aurrera, gainerako ibilbidea lur azpian egiten du, zati batzuk tunelpetik eta beste zati batzuk tunel faltsuetatik zehar. Zati horretan, honako geltokiak daude: Sarratu (lurpeko geltokia, aire zabalean eraikia), Aperribai (lurpeko geltokia, aire zabalean eraikia), Bengoetxe (lurpeko geltokia, aire zabalean eraikia) eta Galdakao (haitzuloan eraikitako geltokia). Ibilbide horiek, guztira, 3.078 metro tunelpean eta 1.020 metro tunel faltsuen azpitik egiten dute.

Gainera, bi larrialdietako irteera ditu, Sarratu-Aperribai eta Aperribai-Bengoetxe geltokien arteko tunel-zatietan.

– Sarratuko larrialdietako irteera (Sarratu-Aperribai tarteko tunel-zatia). Irteera 1+000 KPan dago, eta, horri konponbidea emateko, igoera bertikaleko hutsune bat sortu da. Hutsune horretan karga-jasogailu bat jarri da, eta, hori inguratuz, eskailerak.

– Aperribaiko larrialdietako irteera (Aperribai-Bengoetxe tarteko tunel-zatia). Irteera 2+520 KPan dago, eta, horri konponbidea emateko, 257ko luzera duen arrapala bat jarri da.

Proiektuaren diseinu-abiadura 80 km/h-koa da.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.

2.A.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, zehazki, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

2.B.– Proiektua zabaldu edo aldatzen bada, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Proiektuaren aldaketa zehatzak –aurreko paragrafokoak bezain garrantzitsuak ez direnak baina lanak egiteko gainerako izapideen esparruan sortzen direnak– ingurumenaren ikuspegitik ere justifikatuko dira, Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

2.C.– Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak betearaziko dira, betiere, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera. Horrenbestez, ezarritako neurrien hedadurak eta horiek kontrolatzeko ardura izango duten langileek bermatu behar dute beteko direla ingurumen-inpaktuari buruzko azterketan finkatutako kalitate-helburuak, bai eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak ere. Honako atal hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

Lanak kontratatzeko baldintza-agiriei erantsiko zaizkie neurri horiek guztiak, eta dagokien aurrekontua izango dute, bete egiten direla bermatzeko. Gainera, jardunbide onak ezarriko dira lanetan.

2.c.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatzeari kalterik egin gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:

2.c.1.1.– Obrak eta lurra okupatzea dakarten gainerako operazio osagarrien multzoa garatzeko, proiektua gauzatzeko ezinbesteko den gutxieneko eremua baino ez da erabiliko, betiere ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean ezarritako gehieneko mugen barruan. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

2.c.1.2.– Obrako sarrerak, makinak, obrako materialak behin-behinean biltegiratzeko eremua, eta indusketa-lurrak eta hondakinak behin-behinean biltzeko eremua eraikuntza-proiektuan zehaztu beharko dira, ingurumen-inpaktuaren azterlanean eta, betiere, ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eginez.

2.c.1.3.– Kontratistak egokitu beharko ditu obraren instalazio osagarriak, jardueren ondorioz sortzen diren ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izateko.

Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa zehatza eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, betiere ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzaren txostena ikusi ondoren.

Desjabetzeei, zortasunei eta behin-behineko okupazioei buruzko 12. eranskinaren 10. planoan daude jasota eremu horiek.

2.c.1.4.– Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den guneetan, non behin-behineko sarbideek eta obrako instalazioek eragina izan duten, bertako zuhaitz eta landarediaren belar-sastrakak garbitzea saihestu beharko da. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira obrak gauzatzeko nahitaez ebaki behar ez diren zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako 2.c.10 paragrafoan ezarritako ingurumen-aholkularitzak.

2.c.1.5.– Aire zabaleko bidezubi-atalaren lehen zatian –Etxabarri-Ariz linearen jarraipena–, Ibaizabal ibaiaren inguruan egiten diren lanetan, kontu handiz ibili beharko da ibaiaren ekosistemari orokorrean eta ibai-ertzeko landarediari denboran eta espazioan ahalik eta kalterik txikiena egiteko.

2.c.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

2.c.2.1.– Eraikuntza-fasean, minimizatu egingo dira drainatze-sarera isurtzen diren material finak. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Instalazio osagarrien eremuetan eta makinaria aparkatzekoetan, dekantazio-baltsak jarriko dira, bai eta solidoak atxikitzen eraginkortasun frogatua duten bestelako gailuak ere, hidrokarburoak bereizteko sistemadunak, betiere.

Proiektatutako tuneletako sarbideetan, prentsa-iragazkiak dituzten dekantagailu lamelarrak jarriko dira, indusketatik datozen efluenteak tratatzeko.

Gailu horien neurriak ezartzean, beharrezko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta ondoen atxikitzeko, eta, betiere, isurketa horiek lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango direla bermatuko da, uraren parametro fisiko eta kimikoei dagokienez.

Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak adierazi beharko dira ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian aipatzen diren lan-programetan.

Aurreko paragrafoetan aurreikusi diren hondakin-urak tratatzeko sistemak mantendu egin behar dira aldizka, tratamendu-sistemaren eraginkortasun hoberena bermatzeko eta uneoro erabilera-gaitasun nahikoa daukatela ziurtatzeko.

Dekantatzen diren jalkinak aldian-aldian jasoko dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako 2.c.5. atalean ezarritakoa aplikatuko da.

2.c.2.2.– Ibaiaren inguruetan egiten diren lur-mugimenduek isuri zehaztugabeak sor baditzakete, iragazkiak jarriko dira obrak eragindako eremuan zehar.

Ibilguen ertzetan ez da lurrik pilatuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere. Eremu horietan, ur-laminatik 30 metro atzerago egingo dira lanak, gutxienez, eta urak bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak jarriko dira, aurreko atalean adierazitakoari jarraikiz.

2.c.2.3.– Lanak hasi aurretik, eragin-eremuan dauden ur-puntuen egoera zehatza egiaztatu beharko da, eta, zehaztu mapa batean haien kokapena, bai eta emaria, jardun-araubidea, aprobetxamenduak eta eragin-analisia.

Iturburuetan kalteak eragin direla atzemanez gero, beharrezko diren babes-, zuzenketa- eta zaintza-neurriak hartu beharko dira, iturburu horien funtzio ekologikoari eta/edo aprobetxamenduari eusteko. Iturburuetatik, iturrietatik eta inguruko eremuetatik datozen urak bereizteko ahaleginak egingo dira bereziki, inguruan ubideak edo hodi bereziak eraikiz, solidoak eraman ditzaketen eremuekin nahasi ez daitezen.

2.c.2.4.– Obrako makinak edukitzeko eta makina horien mantentze-lanak egiteko azalerak drainatze naturaleko saretik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura olio eta erregaien eraginaren ondorioz kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

2.c.2.5.– Lanen zein ustiapen-garaian sortzen diren efluenteak isurtzeko, isurketarako baimenean organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete beharko ditu isuriak.

2.c.3.– Airearen kutsadura saihesteko neurriak.

2.c.3.1.– Lanek irauten duten bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai lanek eragina duten ingurunean, bai lanak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua isur daitekeenetarako.

2.c.3.2.– Obra-eremuetako irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti.

Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak ebazpen honetako 2.c.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira.

2.c.3.3.– Hondeatzen den materiala hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

2.c.4.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

2.c.4.1.– Eraikitze-fasean, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanetan zehaztutako babes-neurriak aplikatu beharko dira, bai obretako makinen mantentze orokorrari bai zarata eta bibrazioa jatorrian murrizteari dagokienez; batez ere, eragin handienak sor daitezkeen obra-eremuetan aplikatuko dira neurriok, esate baterako, Sarratuko, Aperribaiko eta Bengoetxeko geltokietan, Sarratuko eta Aperribaiko larrialdietako irteeretan, etab.

2.c.4.2.– Galeria-tunela gauzatzean, bibrazio handiak sortzen dituzten aurreratze-metodoak (mailu hidraulikoa, etab.) ahalik eta gehien saihestuko dira, bibrazio horiek hurbileko eraikuntzetara nabarmenki transmititu daitezkeen eremuetan.

2.c.4.3.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

2.c.4.4.– Leherketak eginez gero, UNE 22-381-93 arauaren arabera egin beharko dira; hortaz, proiektuaren eremuko eraikin eta instalazioetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arau horretan ezarritako mugak gainditu.

Eraikuntzen agerieneko fatxadan, aireko uhinaren presioak ezingo du 128 dB(L) gainditu, balio handiena baita hori.

2.c.4.5.– Lanek dirauten bitartean, banan-banako informazio-sistema antolatu beharko da indusketa-eremutik hurbil bizi direnentzat. Horrela, bizilagunek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartuko diren leherketek eragiten dituzten bibrazioen eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko. Sistemak informazio hau emango du gutxienez: lanen iraupena, sarbideetan ibiliko diren makina-motak, haiek erabiltzeko araubidea, ordutegia, abiadura-mugak eta segurtasun-baldintzak.

2.c.4.6.– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezartzen dituen muga-balioak bete beharko dituzte soinu-isurien fokuek. Era berean, aipatutako dekretuko 35 bis artikulua aplikatuko da.

Ildo horretan, sustatzaileak azterketa bat erantsi beharko dio espedienteari, lanek soinuaren ikuspegitik duten eraginari buruzkoa, non identifikatuko baitira proiektuaren zer fasetan izango den zarata handiena eta zer immisio-maila aurreikusten diren soinu-isurien fokuen eraginaren pean dauden eraikinen fatxadetan baldintzarik okerrenetan, Neurri zuzentzaile egokiak zehaztuko dira, eta aztertuko da zer onura akustiko lortzea espero den neurri horietatik eremu akustiko edo eraikin sentikorretan zarata-maila txikitzeko. Neurri zuzentzaile horien berri emango zaie Basauri eta Galdakaoko udalerriei.

2.c.4.7.– Trenbide-azpiegiturek nahiz funtzionamendu-fasean aurreikusita dauden kanporako irteera duten ekipamenduek (aireztatze-zuloak, geltokietarako sarbideak eta abar) beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, dagozkien eremu akustikoen kanpoko eta barneko ingurumenera ez igortzeko aipatu urriaren 19ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluan xedatutako mugak gainditzen dituen zaratarik.

Era berean, neurriak hartuko dira trenaren jardunak zuzenean nahiz zeharka zor dezakeen zaratak urriaren 19ko 213/2012 Errege Dekretuaren 31. artikuluan eta hurrengoetan zarataren gainean ezarritako helburu akustikoak gainditu ez ditzan.

Lehenago ezarritakoa zortasun akustiko eremuetatik kanpo aplikatuko da.

2.c.4.8.– Aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, igorpenak, hedapenak eta immisioak zuzentzeko sistema egokiak ezarri beharko dira, eremu bakoitzari dagokion erabileraren arabera, inpaktu horiek murrizte aldera, betiere.

2.c.4.9.– Tren-azpiegiturak beharrezko neurriak hartuko ditu etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, edota hezkuntza- nahiz kultura-eraikinen barrura ez helarazteko kalitate akustikoari buruzko helburuak gainditzea eragiten duen bibraziorik, betiere urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluak ezarritakoaren arabera; horiek ebaluatzeko prozedura jasota dago aipatu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2 B) zatian.

2.c.4.10.– Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 29.4 artikuluaren arabera, betearazpen-proiektuak mugatuta izan beharko du zortasun akustikoaren eremua, aipatu arauaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.c.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.5.1.– Proiektuaren gauzatze eta funtzionamenduak iraun bitartean sortutako hondakinak, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

Hondakinak balioztatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, baimendutako hondakinen kudeatzaile batengana eraman beharko dira.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da behar bezala justifikatu izana balorizazioa bideraezina dela alde tekniko edo ekonomikotik edo ingurumenaren aldetik.

2.c.5.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari; I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du azterlan horrek.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrei kalterik egin gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

2.c.5.3.– Hondakinak hondakindegian biltegiratuta ezabatzeari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira zabortegira bidali beharreko hondakinak.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Soberakinak betelanetarako erabili ahal izateko, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskineko EBA-A ebaluazioko balio adierazleen azpitik egon behar dute horietan egon litezkeen osagai kutsatzaileek.

2.c.5.4.– Obraren indusketaren soberakinei dagokienez, proiektuaren sustatzaileak proposatu du proiektuaren ingurumarian eta aldi berean egiten ari diren beste obra batzuetan erabiltzea soberakinok, eraikuntza material gisa.

Sustatzaileak ez du aurkeztu proposamen horren garapen zehatzik, behin betiko tokiak eta balantzeak adierazten dituenik. Halere, obratik gertu dagoen eremu batean, jarduera zehatzak identifikatu ditu, ziur aski obrekin batera gauzatuko direnak eta betelanetarako material harritsua beharko dutenak.

Nolanahi ere, obra hori egin ahala, kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak erabiltzeko, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako araubidea bete beharko da, betiere eraikuntzarako erabiltzen badira, egoera naturalean, eta ateratako lekuak ez diren beste toki edo obra batzuetara eramanda.

Kudeaketa-araubide hori ez da aplikatuko baldin eta induskatutako material horiek meategien erregimenari buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legeak xedatutakoaren aplikazio-eremukoak badira.

Edozein inguruabar dela medio indusketako soberakinak pilatzeko biltokiak egin behar izanez gero, betelana egiteko proiektu bat idatziko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakora egokitu beharko da. Horretaz gain, proiektuan honako hauek jasoko dira: kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.

Lanak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketaren soberakinen jarraipena helarazi beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara zuzendutako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Horrez gain, erabilera-baimenak aurkeztu beharko dira, bai hondakinen araudiaren barruan edo meatzeen araudiarekin bat etorrita.

2.c.5.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin.

Aurreko puntuan aipatutako ontziek etiketatuta egon beharko dute; etiketa horiek argiak, irakurtzeko modukoak eta ezabaezinak izan beharko dute, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoak.

2.c.5.6.– Olio erabiliak kudeatzeko, industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua aplikatuko da.

Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako ontzi estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

2.c.5.7.– Araudia errazago betetzeko, lan bakoitzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte, eta haien ardura izango da langileek behar bezala erabiltzea. Ezingo da kontrolik gabeko efluenterik sortu erregaiak eta produktuak biltegiratzean, makinen mantentze-lanak egitean eta hondakinak erretzean.

2.c.5.8.– Obrak egiteko fasean, kontratistaren instalazio-eremuetan, aldi batean hondakin arriskutsuak (olio-poteak, iragazkiak, bateriak eta abar) pilatzeko eremu espezifiko batzuk egokituko dira, estalpeko instalazio eta guzti. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (upelak, etab), eta hondakin horiek euren ezaugarrien arabera bereiziko dira, aipatutako gune garbietan aldi baterako pilatu aurretik.

2.c.5.9.– Txosten bat egingo da lanetan sortzen diren hondakinen jarraipenari buruz, ingurumenaren ikuspegitik, eta hondakinak kontrolatzeko eta onartzeko eta haien jarraipena egiteko dokumentuak erantsiko zaizkio, indarrean dagoen legediari jarraituz.

2.c.6.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

2.c.6.1.– Proiektuaren eremuan hainbat kokaleku aurkitu dira, 165/2008 Dekretuan jasotako kokalekuekin bat datozenak (irailaren 30eko 165/2008 Dekretua, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa). Hona kokaleku horiek: 48015-00057, 48015-00008 eta 48015-00009.

Lursail horien inguruan egindako indusketak eta inbentarioan jaso litezkeen beste batzuk zorrotz kontrolatuko dira, eta kutsadura-arrastoren bat atzemanez gero, materialok atera aurretik, haien ezaugarriak aztertu eta erabilera- eta kudeaketa-proposamen bat egingo da. Azterketa eta proposamen horiek Ingurumen Sailburuordetzara igorriko dira, onartu ditzan.

2.c.6.2.– Proiektuaren eremuan badago lursail bat (48015-00012 kodea), irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan sartuta dagoena. Dekretu hori, gogora dezagun, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa da. Lursail horretan, lanek dirauten bitartean kontratista lanean aritzeko eremu bat aurreikusi da, bertan gauzatuko diren jarduerak zeintzuk izango diren zehaztu ez bada ere. Beraz, ezin da zehaztu lurzoruaren kalitatearen gaineko adierazpen-prozedura aplikatzera behartzen duen egoerarik ematen den ala ez, betiere lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz. Alde horretatik, artikulu horretan adierazitako egoeraren bat ematen bada, aipatu prozedura hasteko eskatu beharko da.

2.c.6.3.– Era berean, beste kokaleku batzuk identifikatu dira, irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasota daudenak. Hona hemen kokaleku horien kodeak: 48015-00014, 48015-00015, 48015-00016, 48015-00017, 48036-00006, 48036-00144, 48036-00007, 48036-00008 eta 48036-00009. Kasu horretan, ordea, meategian zulatzeko teknikaz baliatuta egiten da tunela, eta trenbidearen sestra-kota 30 metro inguru beherago geratuko da, lursailaren egungo kota baino. Gainaldean ez da jarduerarik aurreikusi, ez eta gainaldeko jardueren ondorioz kutsa daitezkeen lurzoruetan eragindako ondoriorik ere; horrenbestez, kasu horretan ez da beharrezkoa lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hastea. Halere, puntu horiei dagokienez, proiektua aldatuz gero eta material kutsatzaileak izan ditzaketen lurzoruetan eraginen bat izanez gero, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean xedatutakoa bete beharko da.

2.c.6.4.– Aurrekoaren kalterik gabe, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, otsailaren 4ko 1/2005 Legean lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ezarritakoa beteko da, halaber.

2.c.7.– Kultura-ondarea babesteko neurria.

Uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak xedatutakoari eta foru-organo eskudunak zehazten duenari kalterik egin gabe, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean aurreikusitako neurri babesleak eta zuzentzaileak aplikatu beharko dira.

Gainera, obrak dirauen bitartean aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du ze neurri hartu behar diren.

2.c.8.– Lehengoratzeko eta lanak integratzeko zuzenketa-neurriak.

2.c.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, hau da, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren proiektuaren ondorioz kaltetu direnak. Lehengoratze horren arabera, urbanizatu gabeko aldeetan landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareztatuko dira, eta hiri-aldeetan lorategi-elementuak berriro jarriko dira.

2.c.8.2.– Lur-mugimenduak dauden bitartean, landaretza daukaten lur-eremuak kendu, metatu eta era bereizian zabalduko dira, aldatutako eremuan landare berriak jartzea eta eremua lehengoratzea errazteko. Landare berriak landatzean kenduko den landare-lurra modu egokian biltegiratuko da, lurra ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko, eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko. Gainera, pilatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa egingo da.

2.c.8.3.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie. Herbizidak eta pestizidak ezinbestekoak izanez gero, iraunkortasun eta toxikotasun txikiena duten produktuak erabiliko dira.

2.c.8.4.– Robinia pseudoacacia, fallopia japonica, cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

2.c.8.5.– Proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioari jarraituz egingo da lehengoratzea.

2.c.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Lanak bukatutakoan, eremua arretaz garbituko da, eta proiektuak eragina duen eremuko hondakin guztiak kenduko dira. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako 2.c.5 paragrafoak xedatzen duena aplikatuko da.

2.c.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu bitartean eta bermealdiak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du obra-zuzendaritzak, ebazpen honetan eta ingurumen-inpaktuaren azterlanetan zehaztutakoaren arabera. Baldintza-agiriak obra-zuzendaritzaren esku uzten dituen eginkizunen barruan ebazpenak eman behar baldin badira adierazitako gaien gainean, haiei buruzko txosten bat egin beharko dute aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek.

2.c.11.– Lan-programaren diseinua.

Lanak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehatzak egin beharko dituzte kontratistek. Proposamen horiek lanen gauzatze-programetan jasoko dira eta jardunean den obra-zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, betiere ebazpen honetako 2.c.10 paragrafoan aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Honakoak dira agiriok:

– Kontratistaren instalazio-eremuen mugak eta ezaugarriak, ebazpen honen 2.c.1 paragrafoan aurreikusitakoari jarraikiz.

– Ebazpen honen 2.c.1 paragrafoan ezarritakoaren arabera babestu beharreko zuhaitzak eta zuhaitz-unadak zehaztea eta mugarritzea.

– Urak bideratzeko sareen eta efluenteak tratatzeko gailuen kokalekuak eta ezaugarriak zehaztea, ebazpen honen 2.c.2 paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

– Kamioien gurpilak obretatik irtetean garbitzeko gailuen kokalekuak eta ezaugarriak zehaztea, ebazpen honen 2.c.3 paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehazten diren beste kontrol batzuk ere erantsiko zaizkio.

Lanak kontratatzeko baldintza-agiriei erantsiko zaie programa hori, eta aurrekontu bat izango du, bete egiten dela bermatzeko.

2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da erregistro hori, eta, obrak amaitzen direnean, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, gainera, ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira.

2.d.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatuko da gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusitakoarekin bat datorrela, obrek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina, eta babes-zedarriak egoera onean daudela.

Halaber, honako hauek kontrolatuko dira: makinariaren kokaleku zuzena, makinen egoera, instalazio osagarrien eremua eta soberakinen biltegiak; gainera, neurri zuzentzaile egokiak hartuko dira, alegia, drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak, eta abar.

2.d.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeenean, urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta ur horiei eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko da, astean behin.

Era berean, isuri baino lehen aztertu egingo dira ebazpen honen 2.c.2 paragrafoan aurreikusitako solido esekiak atxikitzeko gailuetatik eratorritako hondakin-urak, bai eta gurpilak eta upelak garbitzeko sistemetatik eratorritakoak ere. Hilero aztertuko dira honako parametro hauek gutxienez: emaria, pHa, solido esekiak, eta olioak eta koipeak.

2.d.4.– Zarata eta bibrazioak kontrolatzea.

2.d.4.1.– Lanek eragina duten eremuan, kutsadura akustikoa kontrolatuko da. Neurketa-puntuen eta maiztasunaren aldetik, kontrola bat etorriko da eragin akustikoaren azterketaren erabakiekin. Azterketa hori eraikitze-proiektuari erantsiko zaio. Era berean, lanak egiteko faseak eta jarduketa-motak sailkatzea ahalbidetuko du, soinu-isurien arabera. Sustatzaileak proposamen zehatz bat egingo du aipatutako gaiei buruz.

2.d.4.2.– Bizilagunak dituzten etxebizitzen edo ondare-interesa duten higiezinen inguruan leherketak egin behar izanez gero, eragin handieneko fatxadetan, aldizka bibrazioen kontrolak egingo direla zehaztuko da ingurumena zaintzeko programan. Neurketak UNE 22-381-93 arauan ezarritakoari jarraituz egingo dira, eta, emaitzak aurkeztean, leherketari buruzko datu guztiak zehaztuko dira.

2.d.4.3.– Linea berria zerbitzuan jarri ondoren, zaraten kontrol bat egin beharko da trenbidea gainazalean doan eremuetan.

Halaber, eraikin sentikorrenei eragindako bibrazioen kontrol bat egin beharko da.

2.d.4.4.– Kontrolak diseinatzeko, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta lege hori garatzeko erregelamenduetan xedatutakoari jarraitu beharko zaio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2013 Dekretuan xedatutakoari ere.

2.d.5.– Airearen kalitatea kontrolatzea.

Meategian zulatzeko teknikaz baliatuta egindako tunelen sarbideko guneak eragindako eremuan, aire-ingurumenean dauden partikulen kontzentrazioa neurtzeko kontrolak egingo dira, legez ezarritako kalitate-helburuak ez direla gainditzen egiaztatzeko.

2.d.6.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen leheneratzeak izan duen arrakasta-mailari.

2.d.7.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bateratua egin beharko du sustatzaileak, non ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bilduko baitira.

Kontrolatu beharreko parametroak zehaztuko ditu programak, eta parametro bakoitzaren erreferentziazko balioak adieraziko ditu, baita honakoak ere: laginketa eta analisia egiteko metodologia; kontrol-puntuen kokalekua, xehetasunezko mapetan; kontrolen maiztasuna; eta kontrol-lanetarako aurrekontu zehatza.

2.d.8.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak aztertuko ditu txostenak, eta, bereziki, honakoak aipatuko ditu: Programa indarrean zegoen bitartean izandako gertakari nagusiak, haien balizko arrazoiak eta emandako konponbideak.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta datu horiek herri- administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake ingurumen-organoak. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen denean.

2.F.– Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan xedatutakoa kaltetu gabe, ebazpen honen 2.d.7 idatzi-zatian aurreikusitakoari jarraituz, ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina bidali beharko dio sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari, hark onar dezan, betiere eraikitze-proiektua onetsi baino lehen.

2.G.– Era berean, eta ebazpen honetako aurreko paragrafoetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara, espedientean sartu daitezen:

2.g.1.– Lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hasteko eskabidea, betiere lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruetan eragina duten obrak hasi aurretik.

2.g.2.– Obrak amaitu eta, gehienez, bi hilabeteko epean, obrak egiten diren bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-maila, ebazpen honen 2.d.1 idatzi-zatian ezarritakoarekin bat.

2.g.3.– Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, lur-mugimenduen balantze zehatza eta indusketa-soberakinen jarraipen-txostena; txosten horretan argi eta garbi jaso behar dira atera ziren lekuetan ez eta beste leku eta obra batzuetan eraikuntzarako erabilitako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Gainera, materialok erabilera horretarako gaitzen dituzten baimenak aurkeztu beharko dira, bai hondakinei buruzko araudiaren esparrukoak, bai meategiei buruzko araudiaren esparrukoak, hori guztia ebazpen honen 2.c.6 idatzi-zatian xedatutakoari jarraikiz.

2.g.4.– Obrak amaitu eta, gehienez, bi hilabeteko epean, obren fasean sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari dagokion txostena, ebazpen honetako 2.c.5 idatzi-zatian adierazitakoa.

2.g.5.– Urtero, obrak hasten direnetik aurrera, ingurumena zaintzeko programari buruzko agiria, ebazpen honetako 2.d.8 idatzi-zatian ezarritakoa.

3.– Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko orokorrak, 47.8. artikuluan xedatzen duenari jarraituz, bi urteko epea ematen da proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Baldin eta epea amaitzerako proiektua ez bada gauzatzen hasia, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat.

4.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

5.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala