Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2015eko apirilaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1866

48/2015 DEKRETUA, apirilaren 14koa, «Dantzerti» Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskola sortzeko dena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan, berariaz tratatzen dira arte-irakaskuntzak, eta 45. artikuluan xedatzen denez, dantzako goi-mailako ikasketak eta arte dramatikoko ikasketak goi-mailako arte-ikasketak dira. Aipatu legeak xede hau ematen die irakaskuntza horiei: ikasleei kalitateko prestakuntza artistikoa ematea eta etorkizuneko dantza eta arte dramatikoko profesionalen kualifikazioa bermatzea.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako goi-mailako arte-ikasketak antolatu ziren, eta espazio berezi eta malgu bat eman zitzaien, Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruko printzipioekin bat etorriz.

Kontuan hartu behar da arte-ikasketak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari direla gizarte honetan, non profil profesional berriak eskatzen baitira; horretaz gainera, beharrezko ikusten da demanda horri gure autonomia erkideagoaren barruan erantzutea. Horregatik erabaki da goi-mailako arte dramatiko eta dantza eskola bat sortzea, aipatu prestakuntzak eman ahal izateko. Eskola honen sorreraren bidez, osatu eta zabaldu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan arte-ikasketetarako daukagun hezkuntza-eskaintza.

Ikastetxeak sortu, kendu eta aldatzea hezkuntza-administrazioen egitekoa da, hala jasotzen baita Hezkuntza Eskubidea arautzeari buruzko urriaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan eta Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legean.

Bestalde, maiatzaren 14ko 630/2010 Errege Dekretuan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako arte dramatikoko goi-mailako arte-ikasketen oinarrizko edukia arautzen da; 2. artikuluan esaten denez, ikasketa horiek arte dramatikoko arte-ikasketen goi-mailako ikastetxeetan emango dira.

Maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako dantzako goi-mailako arte-ikasketen oinarrizko edukia arautzen da; 2. artikuluan esaten denez, ikasketa horiek dantzako arte-ikasketen goi-mailako ikastetxeetan emango dira.

Martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuaren 17. artikuluan, goi-mailako arte-ikasketak ematen dituzten ikastetxeek hartu beharreko izendapen generikoak ezartzen dira (303/2010 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako arte-ikasketak ematen dituzten ikastegientzako gutxieneko baldintzak ezartzen dituena). Halaber, 25. artikuluan, arte dramatikoko goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeek bete behar dituzten betekizunak ezartzen dira, eta 23. artikuluan, dantzako goi-mailako arte-irakaskuntzako ikastetxeek bete beharrekoak.

Horren ondorioz, Hezkuntza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko apirilaren 14an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– «Dantzerti» Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskola sortzea.

«Dantzerti» sortzen da, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskola. Eskolaren helbidea: Ibarrekolanda plaza 1, 48015 Bilbao (Bizkaia); kode-zenbakia: 48018956.

2. artikulua.– Funtzionamendua.

Ikastetxea 2015-2016ko ikasturtean jarriko da abian.

3. artikulua.– Helburua.

Goi-mailako arte-ikasketa hauek emango dira:

– Arte dramatikoko ikasketak eta,

– Goi-mailako dantza ikasketak.

4. artikulua.– Espezialitateak.

4.1.– Arte dramatikoko ikasketetan, espezialitate hauek emango dira 2015-2016ko ikasturtean:

– Interpretazioa.

4.2.– Dantzako goi-mailako ikasketetan, espezialitate hauek emango dira 2015-2016ko ikasturtean:

– Koreografia eta Interpretazioa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari baimena ematen zaio dekretu honetan xedatutakoak bete eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko apirilaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala