Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2015eko apirilaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1851

46/2015 DEKRETUA, apirilaren 14koa, AFAE - Acción Familiar Euskadi gobernuz kanpoko erakundea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteei onura publikokoak direla aitortu ahal izango zaie, baldin eta elkarteok beren jardueren bitartez interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen badituzte.

Lege horren babespean, AFAE - Acción Familiar Euskadi GKE elkarteak adierazpen hori eman dakiola eskatu du, uste baitu onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duela familiak babesteko eta sustatzeko eremuan egiten dituen jardueren ondorioz.

AFAE - Acción Familiar Euskadi GKE elkartea AS/B/00504/1987 erregistro-zenbakiaz inskribatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, Lehendakaritza eta Justizia Sailaren Jaurlaritzaren eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Idazkaritza Nagusi Teknikoaren 1987ko ekainaren 23ko Ebazpenari jarraikiz.

Funtzioak, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten ditu.

Sortu zenetik, AFAE - Acción Familiar Euskadi GKE elkartearen jarduera guztiak bideratuta egon dira funtsezko helburu batzuk lortzera, hau da, familiak babestera eta sustatzera, hainbat proiekturen bitartez. Proiektuok laguntza eman eta parte hartzen dute familien prestakuntzan, laguntzan eta asistentzian, aldaketa nagusi duen gizarte batean, batez ere, gizartean egoerarik ahulenak dituzten pertsonen kasuan.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan agindutakoarekin bat, onura publikoaren adierazpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute; azken sail horrek izapidetuko du prozedura eta bertan sor daitezkeen auzi guztiak ebatziko. Agindu hori betetzeko, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, AFAE - Acción Familiar Euskadi GKE elkarteari onura publikoaren adierazpena ematearen alde agertzen dira bai sailak, bai instituzioak.

Horren ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposaturik, entitate eta erakunde interesatuek aurkeztutako txostenak ikusita, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko apirilaren 14an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– AFAE - Acción Familiar Euskadi GKE elkarteari, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/00504/1987 zenbakiaz inskribatuta, onura publikoaren adierazpena ematea, haren jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko apirilaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ÁNGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala