Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2015eko apirilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SPRI SA
1782

IRAGARKIA, «Basque Industry 4.0: I+G-ko Teknologiaren Transferentzia fabrikazio aurreratuari aplikatutako EIKTetan» programaren araudia onartzeko dena.

Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 30eko bileran onartu zuen «Basque Industry 4.0: I+G-ko teknologiaren transferentzia fabrikazio aurreratuari aplikatutako EIKTetan» programako laguntzak emateko araudia. Hona hemen araudiaren testua oso-osorik.

1. artikulua.– Helburua.

Programa honen helburua da babesa ematea «teknologi hornitzaileen» (esaterako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileen) teknologia manufakturako enpresa industrialei Transferitzeko Proiektuei, beti ere Fabrikazio Aurreratuari aplikaturiko EIKTen (Elektronikaren, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologien) esparruan, demostrazio-balioa dutenean eta, hortaz, lagungarri direnean EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago merkaturatzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Diru-laguntza programa hau gauzatu eta ebaztean publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

2.– Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek norgehiagoka-printzipioa bete behar dute.

3.– Programa honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako diru-laguntzak dira.

3. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira haren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

2.– Azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretua, EAEko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileak ezartzen dituen Legearen testu bategina onartzen duena.

3.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikatzekoa den gainerako guztia (38/2013 Legea).

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).

5.– Ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB), zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen duena, Ituneko 107 eta 108. artikuluak aplikatuz. (EBEO L- 187/1) I. eranskina.

6.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoa.

4. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI». Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA (SPRI) sozietatearen izen komertziala, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa.

2.– Erantzukizunezko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN) edo atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena: identifikazio fiskalerako zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.

c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomi Erkidegoan izatea, bertan egingo direlarik laguntza eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

d) Euskadiko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

e) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita SPRI taldeko edota Eusko Jaurlaritzako enpresekiko dauzkaten betebeharretan ere.

f) Onuradunak ekitaldi fiskal honetan eta aurreko bietan jasotako laguntzak (Estatukoak, eskualdekoak edo tokiko erakunde publikoen bidez jasotakoak), zein programatakoak diren eta zein zenbateko dagokien adieraziz eta minimis gisa eman direnak identifikatuz.

g) Proiektu hori gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuek eskatutako edota emandako diru-laguntzak, bertan adierazita laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

h) Enpresaren tamaina erabakitzeko datuak.

i) Arau honen 6.2.d artikuluan aurreikusitako egoeretan ez egotea.

j) Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

k) Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRIri itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

3.– Enpresa. Jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

4.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu eta inbertsio hautagarrien ehunekoaren arabera.

5.– Enpresa handiak. 6.a. puntuan ezarritako mugak gainditzen dituzten enpresak.

6.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak).

a) 250 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 50 milioi eurotik gorako urteko negozio bolumenik ez badute edota 43 milioi eurotik gorako urteko balantze orokorrik ez badute.

b) Enpresa ertainak: 50 eta 249 langile bitarte dauzkaten enpresak, baldin eta 10 eta 43 milioi euro bitarteko urteko negozio bolumena edota urteko balantze orokorra badute.

c) Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentzia epea zehazteko, Batzordearen 651/2014 (EB) Araudiaren I. eranskinean xedatutakoa izan beharko da kontuan.

7.– SPRIri baimena ematea eska dezan enpresak egunean izan ditzala zerga-ordainkizunak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eta, era berean, kontsulta dezan JEZren (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) zein epigrafetan dagoen alta emanda.

SPRIri baimena ematea ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako foru aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela eta alta emanda dagoela jarduera ekonomikoaren gaineko zergan dagokion epigrafean edo epigrafieetan. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edota ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraikiz, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen baitu.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa hau gauzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak SPRIk Informazio Gizartearen Sailean horretarako ezarritako 2015eko aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira.

2.– Programa honen finantzaketarako funts publikoak eskatzaileen artean banatuko dira eta horretarako balioztatuko dira haiek aurkezten dituzten merezimenduak eta araudi honetan ezarritakoaren arabera bakoitzari dagokion diru-laguntzaren kopurua.

3.– Programa honen bidez 2015ean emango diren diru-laguntzen zenbateko osoak ezingo du gainditu SPRIren urteko aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren muga, edo egozketa urtekotua aurrekontuan jasotzeko jarriko den muga, betiere proiektuak gauzatzeko epeak edo diru-laguntzen zenbatekoak aintzat hartuta.

4.– Programa honek babesten dituen proiektuak Eskualde Garapenerako Europako Funtsak kofinantzatzen ditu. Horregatik, proiektu horiek Europako Legebiltzarrak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an onartutako 1303/2013 zenbakidun arautegian (EE) xedatutakoa bete behar dute. Onuradunak Europako araudia betetzeko betebeharra du, kontrolaren, erantzukizunaren, araubide zehatzailearen eta ez-betetzearen arloan. 2014-2020 aldirako Euskadiko EGEF programa eragilearen esparruan kofinantzatuko da.

6. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Programa honetan ezartzen diren laguntzak eskuratu ahal izango dituzte proiektuak banaka edo lankidetzan aurkezten dituzten manufakturako enpresa industrialek. Bigarren kasu honetan, «balio-katea» osatzen duten enpresak izan beharko dira (positiboki diskriminatuko dira lankidetza-proiektuak). Lankidetza-proiektutzat hartuko dira gutxienez 3 enpresaren artean aurkezten direnak, eta horietatik gutxienez 2 ertainak izan beharko dira (enpresa ertaina izango da Europako Batzordeak enpresa horientzat emaniko definizioan ezarritako baldintzak betetzen dituena).

Ez dira onartuko elkarri lotutako enpresen arteko lankidetza-proiektuak.

2.– Onuradunek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Bolumen zehatz bateko proiektuak egin dituzten enpresak izatea (200.000 euro bakarka, edo 300.000 euro lankidetzan).

b) Jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan eta diruz lagun daitekeen jarduera EAEn gauzatzea.

c) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharretan, eta baita SPRI, SA taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan ere.

d) Ondoko egoeraren batean ez egotea:

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin edo bere sektore publikoarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun.

Laugarrena.– 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepideko garraio-sektorean jardunean diharduen enpresa bada, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak programaren 11. artikuluan daude zehaztuta.

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraituta.

Zazpigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c artikuluan aurreikusitako kasuetan.

Zortzigarrena.– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (baldin eta laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango –edo, hala badagokio, ordainduko– da laguntza.

Bederatzigarrena.– Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

Hamargarrena.– Diru-laguntzen deialdi hau egin aurreko bost urteetan enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

3.– Honako hauek ez dira izango onuradun:

a) Sozietate publikoak eta Zuzenbide publikoko erakundeak.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteak.

4.– Laguntza eta likidazio eskaerak aurkezten diren unean laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz lagun daitezkeen jardueratzat hartuko dira «teknologi hornitzaileen» (esaterako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileen) teknologia manufakturako enpresa industrialei Transferitzeko Proiektuak, beti ere Fabrikazio Aurreratuari aplikaturiko EIKTen (Elektronikaren, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologien) esparruan, demostrazio-balioa dutenean eta, hortaz, lagungarri direnean EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago merkaturatzeko.

Proiektuek arlo hauetakoren batekin lotuta egon behar dute, fabrikazio aurreratuari aplikaturiko CPS (Cyber Physical Systems) sistemen arloan:

1.– Zibersegurtasuna eta industria-komunikazioak.

2.– Cloud Computing-a.

3.– Big Data – Analitika Aurreratua eta Business Intelligence.

4.– Robotika.

5.– Errealitate handituko proiektuak.

6.– Ikusmen artifizialeko proiektuak.

7.– Sentsorika.

8.– Diseinua eta gehikuntza bidezko fabrikazioa metalezko materialetan.

Proiektuen TRL (Technology Readiness Levels) maila 5etik 9ra bitartekoa (biak barne) izan behar da.

Diruz lagun daitekeen proiektua izateko, gutxienez 200.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du «banakako» proiektua bada, eta 300.000 eurokoa «lankidetzako» proiektua bada; bi kasuetan, proiektuak 16 hilabeteko iraupena izango du gehienera ere.

Ez dute diru-laguntzarik jasoko SPRIri lehenago aurkeztutako proiektuak eguneratzeko edota mantentzeko jarduerek, SPRIk edo Eusko Jaurlaritzak sustatuko programa honen edo beste edozeinen laguntzaren bat jaso badute.

TRL (Technology Readiness Levels) mailen deskribapena Europako Batasunak erabiltzen duena izango da, eta jarraian azaltzen da, laburpen gisa:

– TRL 1: Oinarrizko printzipioak hauteman eta jasotzen dira.

– TRL 2: Kontzeptu eta/edo aplikazio teknologikoa adierazten da.

– TRL 3: Funtzio kritiko analitikoa eta esperimentala eta/edo kontzeptu-proba bereizgarria.

– TRL 4: Osagaia baliozkotzen da eta/edo osagai horiek laborategiko ingurunean jartzen dira.

– TRL 5: Osagaia baliozkotzen da eta/edo osagai horiek ingurune adierazgarri batean jartzen dira.

– TRL 6: Sistema- edo azpisistema-eredua edo prototipoa ingurune adierazgarri batean probatzen da.

– TRL 7: Sistema edo prototipoa ingurune erreal batean probatzen da.

– TRL 8: Sistema osatua eta ziurtatua dago, proba eta demostrazioen bidez.

– TRL 9: Ingurune errealean arrakastaz probaturiko sistema da.

8. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriak.

1.– Gastu eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira kontzeptu hauek, 7. artikuluan zehazturiko diruz lagun daitezkeen jarduerekin lotuta:

– Hornitzaile teknologikoaren arduraldiaren gastuak, barnean sartuz fabrikan ematen den laguntza eta aholkularitza.

– Hornitzaile teknologikoak eskainiriko jabetza industriala eskuratzeko gastuak.

– Hardwareko eta softwareko inbertsioak eta/edo gastuak.

2.– Gastu eta inbertsio hautagarriek ezingo dituzte gainditu gehieneko ehuneko hauek, diruz lagun daitekeen proiektuaren aurrekontu osoa kontuan hartuta kalkulatu direnak:

– Jabetza industriala eskuratzeko gastuak: % 30.

– Hardwareko eta softwareko inbertsioak eta/edo gastuak: % 30.

3.– Gastu hautagarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza eskaera SPRIn aurkezten denetik aurrera eta data horren ondorengo 12 hiletan sortuak edo fakturatuak izan behar dute.

b) Hornitzaile teknologikoek eginiko gastuak izan behar dira, zeintzuek I+G arloko jarduerak egiten dituzten, fabrikazio aurreratuari aplikaturiko EIKTen esparruan, 5etik 9ra bitarteko TRL mailan.

c) «Hornitzaile teknologikoek» ez dute izan behar loturarik akzioen edo partaidetzen bidez (ez zuzenean ez zeharka), enpresa eskatzailearekin edo eskatzaileekin.

9. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Gastu hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izango dute programa honen helburu den lankidetza-jarduerarekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) Programako Batzorde Exekutiboaren iritziz proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia bada antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, bere esku egongo da gastu hautagarrien oinarria murriztea, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

e) Fakturan aplikatutako balio erantsiaren gaineko zerga ez da gastu hautagarria izango.

f) Inola ere ez dira hartuko gastu hautagarri gisa eskatzaileak berak edo hari lotutako enpresek eginiko lanak.

10. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak diru-laguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu eta inbertsio hautagarriekiko portzentaje hauetan:

a) Bakarkako proiektuak. Onartutako gastu eta inbertsio hautagarrien % 50, gehienez 150.000 euro proiektu bakoitzeko.

b) Lankidetza proiektuak. Onartutako gastu eta inbertsio hautagarrien % 60, gehienez 150.000 euro enpresa bakoitzeko eta gehienez 300.000 euro lankidetza-proiektuan partaide diren enpresa guztientzako. Laguntza eskatzen duten enpresek ezingo dute indibidualki euren gain hartu proiektutik eratorritako gastu eta inbertsioen % 70 baino gehiago.

Diruz laguntzeko moduko jarduera bat edo gehiago egiteko ekitaldian zehar, enpresa bakoitzak urtean 150.000 euroko diru-laguntza jasoko du gehienez.

11. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, baldin eta gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntzaren muga errespetatzen bada.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepideko garraio-sektorean jardunean diharduen enpresa bada, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

5.– Minimi laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

8.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.

12. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRIren webgunean.

2.– Eskaera hori izenpe elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza eskaeran.

4.– Laguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia.

c) Erakunde onuradunaren IFZa.

d) Memoriaren proiektua, hor hauek sartuta:

– Hornitzaile teknologikoaren eskaintza teknikoa.

– Eskaintza ekonomikoa, zehaztuz helburuak, eginkizunak eta kostuak eta barnean sartuz hornitzaile teknologikoaren gastuen banakapena eta hardwareko eta softwareko inbertsioak.

– Arrazoiturik azaldu enpresan espero diren lehiakortasun-arloko hobekuntzak.

– Ezarri behar den teknologiak duen gaitasuna enpresak duen fabrikazio aurreratuko arazo bat konpontzeko.

– Teknologia hori ezartzeak enpresan eragin ditzakeen hobekuntzak edo konpon ditzakeen arazoak.

– Arrazoiturik azaldu proiektuak duen gaitasuna helarazi behar den teknologiaren TRL maila sustatzeko, emaitzak merkatura azkarrago helaraziz (merkaturatuz), ingurune erreal batean eta berrikuntzaren esparruan jardunez.

– Arrazoiturik azaldu proiektuak duen eragina enplegua sortzeko, fakturazioa handitzeko edo enpresa onuradunen esportazioa areagotzeko.

– Lankidetza-proiektuetan, proiektuan parte hartzen duten erakundeen zerrenda eta bakoitzaren parte-hartze maila proiektuan.

– Proiektua ezartzen duen lan-taldea. Txosten bat, arrazoituz proiektuaren lan-taldean badaudela EIKTen ezarpenean adituak direnak, nahiz enpresa onuradunaren barnean bertan nahiz kanpoko aholkularitza-enpresa aditu baten bidez; horrela bermatuko da manufakturako enpresa industrialean ezarri den proiektuaren iraunkortasuna eta mantenimendua.

– Proiektuak euskal ekonomian duen trakzio-eragina, eta proiektua beste enpresa-jarduera batzuetara zabaltzeko aukera.

e) Transferituko den teknologiaren azalpen-memoria. Azaldu zeintzuk diren hornitzaile teknologikoaren ezagutza teknikoak («aktibo teknologikotzat» hartzen direnak); hortik bereizi egin behar da hornitzaileak enpresa industrialari helarazi nahi dion ezagutza horren zatia. Azaldu teknologia horiek dituzten gaitasunak diseinuari laguntzeko eta ondasun eta zerbitzu berriak sortzeko. 4-5 orriko laburpen exekutibo bat sartu behar da, teknologia horiek deskribatuz.

f) SPRIri baimena ematea honek eska dezan zerga-ordainkizunak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea eta, era berean, kontsulta dezan enpresa JEZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

5.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak.

13. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea programa Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etan (penintsulako ordua) hasiko da eta 2015-05-27ko eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

Laguntza eskaera eta horrekin batera aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioa, diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira.

14. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura. Balorazio irizpideak.

1.– Diru-laguntzak onartzeko eskaera guztiak konparatuko dira, araudi honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz horien arteko lehentasuna erabakitzeko, eta irizpide horien arabera balorazio handiena lortu dutenei esleituko zaie laguntza.

2.– SPRIko Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 30ean hartutako erabakiaren arabera eratu zen Programako Batzorde Exekutiboa. Hala, berea da araudi honen arabera aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko eta ebazpenak emateko eskumena, eta horiei buruzko deliberamenduak dagozkion aktan jasota geldituko dira.

3.– Laguntza eskaerak ebaluatzea. Espedientea osorik dagoen unearen arabera. SPRIk banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskaerak, eta programa honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak gaitzetsi egingo dira SPRIren banan-banako ebazpenen bidez, eta erabaki horiek enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

4.– Proiektuen ebaluazioa egingo da honako irizpide eta puntu-kopuru hauek aplikatuz:

– Enpresa onuradunaren edo onuradunen lehiakortasunaren hobekuntza, teknologia transferitzeko proiektua ezartzearen ondorioz. Hobekuntza horiek neurtuko dira enpresaren edo enpresen produktu, prozesu (ekoizpen-aurrekoa, ekoizpena eta ekoizpen-ondorengoa), bitarteko eta sistemekin modu orokorrean loturiko hobekuntzen bidez. Teknologia ezartzeak duen gaitasuna enpresak duen fabrikazio aurreratuko arazo bat konpontzeko. (20 puntu).

– Proiektuak duen gaitasuna helarazi behar den teknologiaren TRL maila sustatzeko, emaitzak merkatura azkarrago helaraziz (merkaturatuz), ingurune erreal batean eta berrikuntzaren esparruan jardunez. (20 puntu).

– Proiektuak duen gaitasuna enplegua sortzeko, fakturazioa handitzeko edo enpresa onuradunen esportazioa areagotzeko (10 puntu).

– Transferitu behar den aktibo teknologikoak duen gaitasuna produktuak eta ekoizpen-prozesuak hobetzeko manufaktura aurreratuaren esparruan. Aktibo horiek diruz lagun daitezkeen CPSen esparruak hartuko dituzte (Zibersegurtasuna eta industria-komunikazioak, Cloud Computing-a, Big Data – Analitika Aurreratua eta Business Intelligence, Robotika, Errealitate handitua, Ikusmen artifiziala, Sentsorika eta Diseinua eta gehikuntza bidezko fabrikazioa metalezko materialetan). (15 puntu).

– Proiektua ezartzen duen lan-taldea. Proiektuaren lan-taldean EIKTak ezartzen adituak egotea, nahiz enpresa onuradunaren barnean bertan nahiz kanpoko aholkularitza-enpresa aditu baten bidez; horrela bermatuko da manufakturako enpresa industrialean ezarri den proiektuaren iraunkortasuna eta mantentzea (10 puntu).

– Aurkezturiko proiektuaren kalitatea. Helburu, eginkizun eta kostuen zehaztapen-maila. Hornitzaile teknologikoek eta enpresa industrial onuradunek proposaturiko lan-taldea. (10 puntu).

– Proiektuak euskal ekonomian duen trakzio-eragina, eta proiektua beste enpresa-jarduera batzuetara zabaltzeko aukera (15 puntu).

Irizpide bakoitzak puntuazio bat lor dezake gehienez. Puntuazioa lortzeko, irizpide bakoitza betetzen den ala ez begiratuko da.

Baztertu egingo dira diru-laguntza eskaerak, baldin eta bertako jarduerek puntuazio hau ez badute lortzen gutxienez: 10 puntu, «Lehiakortasuna hobetzea» irizpidean; 10 puntu «Proiektuaren gaitasuna teknologiaren TRL maila sustatzeko» irizpidean, eta 5 puntu «Proiektua ezartzeko lan-taldea» irizpidean.

5.– Ebazpena Programako Batzorde Exekutiboak emango du, norgehiagoka erregimenean.

6.– Ebazpen epea. Hiru hileko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, eskaerak dokumentazio guztiarekin aurkezten diren unetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

7.– Batzorde Exekutiboko idazkariak emango du ebazpenen berri, eta diruz lagunduko den jarduera gauzatzeko zenbateko diru-laguntza ematen den, zein baldintzatan eta zein epetan egin behar den ere jakinaraziko du; era berean, jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere zehaztuko du.

8.– Erakunde eskatzaileak baliozkotzat joko ditu diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren edota proiektuko liderraren posta elektronikoa bakarrik onartuko dira harremanetarako helbide gisa.

9.– Aipatu ebazpena emandakoan erakunde eskatzaileari posta elektronikoz jakinaraziko zaio, Batzorde Exekutiboak ebazpena emateko egin duen batzar egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere 15 eguneko epean.

10.– Araudi honetan jasotako epeen ondorioetarako ez da kontuan hartuko abuztua.

11.– Ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

15. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

c) Teknologia transferentziarako proiektuaren exekuzio memoria zehatza eta lortutako emaitzena.

d) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.

e) Baimena ematea SPRIri zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak SPRIk gauzatuko ditu, bi ordainketa eginez. Lehenengo ordainketa diru-laguntzaren erabakia jakinarazi ondoren egingo da, eta diru-laguntzaren % 70ekoa izango da, ezar lekiokeen berme-erregimenarekin. Bigarren ordainketa gainerako % 30a izango da, likidazio-eskabidea eta aurreko artikuluan eskatzen den froga-dokumentazioa aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu hautagarria Programako Batzorde Exekutiboak diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

3.– Likidazio eskaeran eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta gehienez 60 egun naturaleko epean egingo dizkie ordainketak SPRIk erakunde onuradunei, betiere Informazio Gizartearen Arloak egiaztagiri horiek ebaluatu eta oniritzia eman ondoren. Ez da zenbatuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea, ezta abuztua ere, ez baita jotzen hil balioduntzat.

17. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

3.– Laguntza- edo likidazio-eskabidea hainbat enpresaren arteko lankidetza proiektu bati badagokio, zuzenketak proiektuko lider funtzioa betetzen duen erakundeari jakinaraziko zaizkio.

18. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik 15 eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Diru-laguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri eman behar dio berehala SPRIri.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri eman behar zaio SPRIri.

h) SPRIrekin kolaboratzea proiektuaren xedearekin lotutako hedapen ekintzetan, jardunbide egokien hedapenean parte hartuz.

19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 3 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (16 hilabetekoa da epe hori). Salbuespen bezala, SPRIk epe-luzapen osagarriak onar ditzake, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude.

3.– Gauzatutako ekintzak laguntza eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta Programako Batzorde Exekutiboak aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete programa honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.

2.– Zehazki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetan:

a) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

b) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

d) Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

e) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

4.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

5.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira, eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 64. artikuluan ezarritako erantzukizunen araubidea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz, emandako datu pertsonal guztiak SPRIren (Urkijo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao) ardurapeko «LAGUNTZAK» edo «AHOLKULARIAK» izeneko fitxategietan gordeko dira.

Fitxategi horien helburua da SPRIk diseinatzen edota kudeatzen dituen laguntza espedienteak eta baita SPRIren zerbitzu eta laguntza eskaintzan parte hartzen duten edo SPRIrekin kolaboratzen duten profesionalei buruzko informazioa kudeatzea ere. Beharrezko balitz, informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Fitxategi horien berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu dira.

Gogorarazten dizugu eman dizkiguzun datuetara sar zaitezkeela, eta beharrezko den kasuetan haiek zuzendu, aurka egin edo ezabatu ditzakezula, gorago aipatutako Legeak ezarritako terminoetan, SPRIko segurtasun arduradunari idatzizko jakinarazpen bat igorriz (lopd@spri.es).

Hirugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

Laugarrena.– Ahalmena ematen zaio SPRIko zuzendari nagusiari araudi hau gauzatu eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Bilbao, 2015eko martxoaren 30a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala