Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2015eko apirilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SPRI SA
1781

IRAGARKIA, «Lankidetza Digitala: EIKTak sartzea enpresen edo profesionalen elkarteetan» Programaren araudia onartzeko dena.

Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 30eko bileran onartu zuen «Lankidetza Digitala: EIKTak sartzea enpresen edo profesionalen elkarteetan» Programako laguntzak emateko araudia. Hona hemen araudiaren testua oso-osorik:

1. artikulua.– Helburua.

Programa honen helburua da Elektronika, Informatika eta Komunikazio Teknologiak euskal enpresa-ehunean sartzea; horretarako, laguntza emango zaie enpresen edota profesionalen elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoan sustatutako lankidetza-proiektuei, «Lankidetza Digitala» ekimenaren bitartez.

Araudi honen bidez finkatzen dira programaren baldintzak eta hartan parte hartzeko prozedura.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa hau gauzatzean eta ebaztean publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

2.– Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek ez dute bete behar norgehiagoka-printzipioa.

3.– Programa honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako diru-laguntzak dira.

3. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

2.– Azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretua, EAEko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileak ezartzen dituen Legearen Testu Bateratua onartzen duena.

3.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikatzekoa den gainerako guztia. (38/2013 Legea).

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).

5.– Ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB), zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen duena, Ituneko 107 eta 108. artikuluak aplikatuz. (EBEO L- 187/1) I. eranskina.

6.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoa.

4. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI». Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen izen komertziala (SPRI), Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa.

2.– Enpresen edota profesionalen elkartea. Enpresen edota profesionalen elkarte diren pertsona juridikoak; elkarte horiek enpresa-jarduerak egin behar dituzte zuzenean edo bestela jarduera horietan aritzen diren enpresa edota profesionalak bildu behar dituzte.

3.– Kluster nagusiak eta aurrekluster sektorialak. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bidez akreditazio hori eskuratu dutenak.

4.– Erantzukizunpeko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena, Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ) eta baltzuaren helbidea.

c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomi Erkidegoan izatea, bertan egingo direlarik Laguntza Eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

d) Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

e) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI Taldeko edo/eta Eusko Jaurlaritzako enpresekiko dauzkaten betebeharretan.

f) Onuradunak ekitaldi fiskal honetan eta aurreko bietan jasotako laguntzak (Estatukoak, eskualdekoak edo tokiko erakunde publikoen bidez jasotakoak), zein programatakoak diren eta zein zenbateko dagokien adieraziz eta minimis gisa eman direnak identifikatuz.

g) Proiektu hori gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuek eskatutako edo/eta emandako diru-laguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

h) Enpresaren tamaina erabakitzeko datuak.

i) Arau honen 6.2.f artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.

j) Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

k) Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRIri itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

5.– Software librea kudeatzeko aplikazio informatikoak garatzea. Elkarteko enpresek erabiltzeko diseinatu diren aplikazioak, software libreko tresnen bidez garatuak eta GPL (General Public License) aplikazio moduan erregistratuak.

6.– Enpresa Jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

7.– Kanpoko aholkularitza espezializatuaren gastuak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak azpi-kontratatzeko gastua.

Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez dira izango ez sozietate publikoak, ez zuzenbide publikoko erakundeak, ez elkarteak, ez profesionalen elkargoak ez eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak.

b) Ez du izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin.

c) Enpresak eta horien langile zein laguntzaileak ez dira egongo SPRIren deshomologazio-prozeduretan.

d) Erantzukizunezko aitorpen bat aurkeztu behar da, non konpromiso hauek hartu behar baitira: leial, zintzo eta asmo onez jokatuko dela SPRIrekiko nahiz programako onuradunekiko harremanetan, ez dela egingo edo sustatuko Legearen edo programako arauen aurkako ekintzarik eta solidarioki erantzungo dela onuradunekin haien aurka diru-laguntza itzultzeko ebazpen bat ematen bada, irregulartasunez jokatzeagatik kontratatutako enpresaren zuzeneko edo zeharkako parte-hartzean (SPRIk emandako ereduaren arabera).

8.– Enpresa handiak. 11. puntuan ezarritako mugak gainditzen dituzten enpresak.

9.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu hautagarrien ehunekoaren arabera.

10.– Proiektuaren eskaintza teknikoa eta ekonomikoa. Hornitzaileak egindako txostena, honako informazio hau jasoko duena:

a) Egin beharreko lanak, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

b) Lanak gauzatzeko egutegia.

c) Aurrekontu xehea, ondoko kostu hauek banakatuz: lizentzia kostuak (halakorik balego), prestakuntza kostuak, hardwarearen kostua eta proiektuko zeregin bakoitzaren kostua. Baita ere adieraziko da zenbat ordu eskainiko zaion zeregin bakoitzari eta zeregin horiek egiten dituzten lanbide-profilen ordukako kostua.

11.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak).

a) 250 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 50 milioi eurotik gorako urteko negozio bolumenik ez badute edota 43 milioi eurotik gorako urteko balantze orokorrik ez badute.

b) Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentzia epea zehazteko, Batzordearen 651/2014 (EB) Araudiaren I. eranskinean xedatutakoa izan beharko da kontuan.

12.– SPRIri baimena ematea eska dezan enpresak egunean izan ditzala zerga-ordainkizunak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eta, era berean, kontsulta dezan JEZren (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) zein epigrafetan dagoen alta emanda.

SPRIri baimena ematea ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela eta alta emanda dagoela Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren dagokion epigrafean edo epigrafeetan. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edota ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa hau gauzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak SPRIk Informazio Gizartearen Sailean horretarako ezarritako 2015eko aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira.

2.– Programa honen bidez 2015ean emango diren diru-laguntzen zenbateko osoak ezingo du gainditu SPRIren urteko aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren muga, edo egozketa urtekotua aurrekontuan jasotzeko jarriko den muga, betiere proiektuak gauzatzeko epeak edo diru-laguntzen zenbatekoak aintzat hartuta.

3.– Programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Laguntzen guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

4.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.es) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

5.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

6.– Programa honek babesten dituen proiektuak Eskualde Garapenerako Europako Funtsak kofinantzatzen ditu. Horregatik, proiektu horiek Europako Legebiltzarrak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an onartutako 1303/2013 zenbakidun arautegian (EE) ezarritakoa bete behar dute. Onuradunak Europako araudia betetzeko betebeharra du, kontrolaren, erantzukizunaren, araubide zehatzailearen eta ez-betetzearen arloan. 2014-2020 aldirako Euskadiko EGEF programa eragilearen esparruan kofinantzatuko da.

6. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Programa honetako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte enpresen edota profesionalen elkarte diren pertsona juridikoek.

2.– Onuradunek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) ETEa izatea.

b) Euskal Autonomi Erkidegoan jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea.

c) Diruz lagundu daitekeen jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea.

d) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI, S.A. Taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan.

e) Elkartekideen artean Elektronika, Informazio eta Komunikazioen Teknologiak ezartzea bultzatu eta errazten duten enpresa edota profesionalen elkarteak izatea, baldin eta 10 erakunde elkartekide gutxienez biltzen dituzten proiektuak aurkezten badituzte, erakundeok IKTak sartzeko proiektuan murgildurik daudela egiaztatzen badute, eta beren helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute edo gutxienez jarduera zentro bat bertan kokaturik badute. Merkataritza-sektoreko enpresen eta profesionalen elkarteen kasuan, proiektuan inplikatuko diren erakunde elkartuen gutxieneko kopurua 30ekoa izango da.

f) Ondoko egoeraren batean ez egotea.

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin edo bere sektore publikoarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun.

Laugarrena.– 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepideko garraio-sektorean jardunean diharduen enpresa bada, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 11. artikuluan daude zehaztuta.

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1(c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

Zortzigarrena.– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango –edo, hala badagokio, ordainduko– da laguntza.

Bederatzigarrena.– Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

Diru-laguntzen deialdi hau egin aurreko bost urteetan enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

3.– Ez dira onuradun izango Sozietate Publikoak, ekonomi jarduerarik gauzatzen ez duten bazkide edota erakundeak biltzen dituzten elkarteak, ezta Teknologi Zentroak ere.

4.– Laguntza eta likidazio eskaerak aurkezten diren unean laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Hauek izango dira diruz laguntzeko moduko jarduerak:

1.– Euren jarduera-eremuko erakundeetan EIKTak Ezartzeko Planak egitea edota beharrizanak diagnostikatzea.

Diagnostiko horrek gutxienez ondorengo atalak jasoko ditu:

EIKTak ezartzeko aukerak identifikatzea negozioa hobetzeko.

Aukerak hautatzea, horiek baloratu eta lehentasuna ematearen bitartez.

Ezarpen horretatik sortuko diren etekin ekonomikoak kuantifikatzea.

Ezarpena planifikatzea edukietan, kostuetan eta gauzatzeko epeen arabera.

2.– EIKTak ezartzeko Planak gauzatzea, baldin eta elkartekideen zuzeneko partaidetza badakarte prozesu elkarreragileen bidez, transakzioak sustatzen badituzte eta I. eranskinean zerrendatuta daude.

3.– Elkarteko enpresek erabil ditzaketen aplikazio informatikoak sortzea. Aplikazio informatiko edo kudeaketako tresna horiek Software Libreko tresnak erabiliz garatu beharko dira eta GPL (General Public License) aplikazio gisa erregistratu, edozein enpresak muga gabe erabil ditzan.

4.– Proiektu bat SPRIren programa batean aurkeztu bada lehenago eta diru-laguntza jaso badu, proiektu hori eguneratzea edo mantentzea ez da diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko. Proiektu batek berriro parte hartu ahal izango du laguntza-programa honetan, baldin eta 7 urte behintzat pasa badira SPRIk laguntza eman zionetik, eta egiaztatzen badu jauzi kualitatibo handia eman duela teknologiaren ikuspuntutik.

8. artikulua.– Gastu hautagarriak.

Gastu hautagarritzat joko dira 7. artikuluan azaldutako aholkularitza espezializatuaren gastuak, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

a) Laguntza eskaera SPRIn aurkezten denetik aurrera eta data horren ondorengo 12 hilabeteetan sortuak edo fakturatuak izan behar dute.

b) Kanpoko enpresa espezializatuek eginak izan beharko dute, 4. artikuluan azaldutako baldintzak betez.

9. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Gastu hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izango dute programa honen helburu den lankidetza-jarduerarekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) Programaren Batzorde Exekutiboaren iritziz proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia bada antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, bere esku egongo da gastu hautagarrien oinarria murriztea, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.

f) Halaber, honako hauek ere ez dira gastu hautagarriak izango: eskatzaileak berak edo taldeko enpresaren batek egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea edo aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

g) Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko kanpo-aholkulariek Community Manager zereginetan eta ezarritako informazio-sistemen ustiapenean ematen dituzten orduak.

10. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Laguntzak diru-laguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu hautagarriekiko portzentaje hauetan.

a) Oro har, % 50.

b) «Software libre bidez kudeaketa-aplikazio informatikoak garatzeko» proiektuak: aplikazioak garatzeko gastuen % 75.

Halako aplikazio informatikoek zabalkunde handia izango dute hainbat enpresa-sektoretan, eta, ondorioz, bultzada handia emango diete enpresei, informazio-teknologiak erabil ditzaten.

Software Libreko kudeaketa aplikazioetarako Laguntza Eskaeren kasuan, ez dira diruz lagunduko lehenago aurkeztutako garapenak barne hartzen dituzten proiektuak, gauzatutako aplikazioen berrerabilpena sustatu nahi delako.

c) «Txikizkako merkataritza-elkarteek» aurkeztutako proiektuak: diruz lagundu daitezkeen gastuen % 75.

d) Gehienezko diru-laguntza 33.000 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko.

e) Elkarteek proiektu bat baino gehiago aurkeztu ahal izango dituzte urtebetean, eta ez da gehieneko diru-laguntza metaturik izango. Dena den, elkarte bati ez zaio onartuko urte berean aurkeztutako proiekturik, baldin eta erakunde elkartu berberak parte hartzen badu proiektuotan.

11. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntzaren muga errespetatzen bada.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepideko garraio-sektorean jardunean diharduen enpresa bada, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

8.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.

12. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRIren webgunean.

2.– Eskaera hori izenpe elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza eskaeran.

4.– Laguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia.

Elkarteen kasuan, elkarteko idazkariak egindako ziurtagiria ere onartuko da.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Proiektuaren eskaintza teknikoa eta ekonomikoa.

e) Proiektuan parte hartzen duten erakundeen zerrenda eta proiektuan duten inplikazio-maila.

f) SPRIri baimena ematea honek eska dezan zerga-ordainkizunak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea eta, era berean, kontsulta dezan enpresa JEZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

5.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak.

13. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea Programa Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etan (penintsulako ordua) hasiko da eta 2015-10-30eko eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

Laguntza eskaera eta horrekin batera aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioa, diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira.

Salbuespen gisa, tramitaziora onartuko dira 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza eskaerak, baldin eta eskaera aurkeztean aribidean badaude, eta betiere, eskaerak araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkezten badira.

14. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– SPRIko Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 30ean hartutako erabakiaren arabera eratu zen Programako Batzorde Exekutiboa. Hala, berea da araudi honen arabera aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko eta ebazpenak emateko eskumena, eta horiei buruzko deliberamenduak dagozkion aktan jasota geldituko dira.

2.– Laguntza eskaerak ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

3.– Laguntza eskaerak onartzeko irizpideak 7. eta 8. artikuluetan daude jasota.

4.– Ebazpen epea. Ebazteko gehienezko epea 120 egun naturalekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

5.– Batzorde Exekutiboko idazkariak emango du ebazpenen berri, eta diruz lagunduko den jarduera gauzatzeko zenbateko diru-laguntza emango den, zein baldintzatan eta zein epetan egin behar den ere jakinaraziko du; era berean, jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere zehaztuko du.

6.– Aipatu ebazpena emandakoan erakunde eskatzaileari posta elektronikoz jakinaraziko zaio, Batzorde Exekutiboak ebazpena emateko egin duen batzar egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere 15 eguneko epean.

7.– Araudi honetan jasotako epeen ondorioetarako ez da kontuan hartuko abuztua.

8.– Ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

15. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta hura justifikatzeko 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu hautagarrien fakturen kopia.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

c) Memoria teknikoa, egindako lanak egiaztatzeko. Software libreko proiektuen kasuan, egindako garapen-lanak biltzen dituzten fitxategiak bidaliko zaizkio SPRIri.

d) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.

e) Baimena ematea SPRIri zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak SPRIk gauzatuko ditu, bi ordainketa eginez. Lehenengo ordainketa diru-laguntzaren erabakia jakinarazi ondoren egingo da, eta diru-laguntzaren % 70ekoa izango da, ezar lekiokeen berme-erregimenarekin. Bigarren ordainketa gainerako % 30a izango da, likidazio-eskabidea eta aurreko artikuluan eskatzen den froga-dokumentazioa aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu hautagarria Programako Batzorde Exekutiboak diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

3.– Likidazio-eskabidean eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta gehienez 60 egun naturaleko epean egingo dizkie ordainketak SPRIk erakunde onuradunei, betiere Informazio Gizartearen Arloak egiaztagiri horiek ebaluatu eta oniritzia eman ondoren. Ez da zenbatuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea, ezta abuztua ere, ez baita jotzen hil balioduntzat.

17. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Diru-laguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri eman behar dio berehala SPRIri.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri eman behar zaio SPRIri.

19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 3 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori). Salbuespen bezala, SPRIk epe-luzapen osagarriak onar ditzake, betiere, behar bezala justifikatuta badaude.

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta Programako Batzorde Exekutiboak aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete Programa honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.

2.– Zehazki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetan:

a) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

b) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

d) Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

e) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

4.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

5.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira, eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 64. artikuluan ezarritako erantzukizunen araubidea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki, emandako datu pertsonal guztiak SPRIren (Urkijo Zumarkalea 36-4. solairua, Bizkaia Plaza Eraikina, 48011 Bilbao) ardurapeko «LAGUNTZAK» edo «AHOLKULARIAK» izeneko fitxategietan gordeko dira.

Fitxategi horien helburua da SPRIk diseinatzen edota kudeatzen dituen laguntza/diru-laguntza espedienteak eta baita ere SPRIren zerbitzu eta laguntza eskaintzan parte hartzen duten edo SPRIrekin kolaboratzen duten profesionalei buruzko informazioa kudeatzea. Beharrezko balitz, informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Fitxategi horien berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu dira.

Gogorarazten dizugu eman dizkiguzun datuetara sar zaitezkeela, eta beharrezko den kasuetan haiek zuzendu, aurka egin edo ezabatu ditzakezula, gorago aipatutako Legeak ezarritako terminoetan, SPRIko Segurtasun Arduradunari idatzizko jakinarazpen bat igorriz (lopd@spri.es).

Hirugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

Laugarrena.– Ahalmena ematen zaio SPRIko zuzendari nagusiari araudi hau gauzatu eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Bilbao, 2015eko martxoaren 30a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

I. ERANSKINA

a) Negozio elektronikoa (e-Business): kudeaketako eta Bezeroentzako Sistema Integratuak (ERP eta CRM) eta Finantza Kudeaketa eta Diruzaintza Sistemak eta Garapenak ezartzea, erakunde onuradunean faktura elektronikoa ezartzea bideratzeko.

b) On-line Marketina: bezeroak leialduz bezeroekiko harremana optimizatzera zuzendutako sistemak ezartzea eta ondokoekin lotutako proiektuak egitea: onlineko ospea, social media eta posizionamendua.

c) Erosketak (e-Procurement): erakunde onuradunak modu elektronikoan ezartzea produktuak eta zerbitzuak erosteko kudeaketa sistemak.

d) Merkataritza elektronikoko webak (e-Commerce): erakunde onuradunak bezeroei produktuak eta zerbitzuak elektronikoki saltzeko sistemak ezartzea. Sistema horiek ordainketa segururako sistemak sartuko dituzte erosketa-prozesuan.

e) Merkatu Birtualen webak: erosle eta saltzaileen artean elektronikoki egingo den negoziazioa erraztuko duten plataformak garatzea. Plataforma horiek ordainketa segururako sistemak sartuko dituzte erosketa-prozesuan.

f) Merkataritza elektronikoko atariak (Marketplaces) posizionatzeko eta abiarazteko proiektuak, aurrez garatu diren merkataritza elkarteek bultzatutakoak.

g) Erakunde onuradunaren Intraneta edota Estraneta diseinatu eta ezartzea, enpresako langileen arteko komunikazioa nahiz transakzioak eta enpresaren eta bere bezero eta hornitzaileen arteko komunikazioa optimizatzeko. Sistema horiek ez dira mugatuko soil-soilik agiriak trukatzera.

h) Wiki motako tresnetan oinarritutako barne komunikazio sistemak diseinatu eta ezartzea.

i) Zaintza teknologikoko tresnak ezartzeko proiektuak.

j) Informazio sistemen segurtasun sistemak diseinatu eta ezartzea.


Azterketa dokumentala