Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2015eko apirilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1760

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 14koa, Ikastetxeen zuzendariarena, Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan 2015-2016 ikasturtean ikasleak barnetegian onartzeari buruzkoa.

Hezkuntza eta ikasketa-askatasuna herritar guztioi dagokigun eskubidea da, eta Botere Publikoen obligazioa da hezkuntzara berdintasun-egoeran sartzeko gerta daitezkeen mugapen edo desorekei aurre egiteko neurriak hartzea.

Eibarko Hezkuntza Esparruan bada Egoitza Zentro bat, eta modua ematen du ikasketa jakin batzuk familia-egoitzaren tokitik kanpo egiten dituzten ikasleei eskaintza bereziki egokia egiteko.

Otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuak 164/2002 Dekretua aldatu du, hau da, Eibarko Egoitza Zentroa sortu eta Eibarko Hezkuntza Esparruaren administrazio- eta antolakuntza-egitura zehazten duenak. 24/2011 Dekretu horren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Ikastetxeen zuzendariaren ebazpen batek arautuko ditu honakoak: nola onartu ikasleak Eibarko Hezkuntza Esparruko egoitza-zentroan eta nola aurkeztu eskabideak eta zein epe eta modutan, zer dokumentazio erantsi behar zaien eskabideei eta prozesuaren epeak.

Horretarako, eta betiere uztailaren 2ko 164/2002 Dekretuko 19. artikuluarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea. Hona egoitzan tokia eskatzeko epeak: lehenengoa, uztailaren 2tik 24ra arte (egun biak barne); bigarrena, berriz, irailaren 2tik 11ra luzatuko da (egun biak barne). Ebazpen honetako eranskinean zehazten da egutegi osoa.

2. artikulua.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek edo deialdi honen xede den egoitza-zentroak ematen dituen inprimakietan egin beharko dira eskabideak. Inprimaki horietan jasotzen da zein datu eman behar dituzten eskatzaileek eta zein dokumentu aurkeztu. Aipaturiko inprimakian eskaerari erantsi behar zaizkion dokumentuen zerrenda jasotzen da.

3. artikulua.– Eskabidea eta inprimakian eskatutako dokumentazioa Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan aurrez ikusitako edozein bulegotan.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztea aukeratzen bada, gutun-azal irekian egingo da, posta-bulegoko funtzionarioak data eta zigilua jar diezazkion, ziurtatu baino lehen.

Eskaerarekin batera, eskabide-orrian eskatutako dokumentazioa aurkeztu behar izango da.

Otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuaren 20. artikuluaren arabera, 2014-2015 ikasturtean egoitza-zentroan egon diren pertsonak eskaera aurkeztetik salbuetsita egongo dira, baldin eta aipaturiko ikasturtean matrikulatuta egon ziren ikastetxeko egonaldiko baldintzak betetzen badituzte eta 2015-2016 ikasturterako matrikula egin badute. Pertsona horiek automatikoki onartuko dituzte egoitza-zentroan.

4. artikulua.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluaren arabera, eskabideak ez baditu beharrezko baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena lege horren 42. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.

Eskaera Egoitza Zentroan egiten bada, errekerimendua aurkezpenaren une berean egin ahal izango da, eta eskaera aurkezten duen pertsonak idatzi jasota utziko du errekerimendua hartu duela.

5. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. «Ikasleak onartzea» izeneko fitxategiaz Ikastetxeen Zuzendaritza arduratuko da. Datuetara irispidea izateko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara biltzen direnek baimena ematen dute fitxategian jasotako datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazio batzuei lagatzeko, deialdiaren xedearekin bat datozen helburuetarako. Halaber, baimena ematen diote Ikastetxeen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuek diotena.

AZKEN XEDAPENENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen kontra gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENENETATIK BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 14a.

Ikastetxeetako zuzendaria,

JESÚS FERNÁNDEZ IBÁŃEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala