Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2015eko apirilaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKO LEGEBILTZARRA
1490

IRAGARKIA, Eusko Legebiltzarrean mandatari-kategoriarekin Laguntza Zerbitzuen Kidegoko karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuaren oinarri espezifikoei buruzkoa.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2015eko martxoaren 17an hartutako erabakia betetzeko, agintzen dut:

Lehenengo.– Deialdia egitea Eusko Legebiltzarrean mandatari-kategoriarekin Laguntza Zerbitzuen Kidegoko karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesurako, 2014ko enplegu publikoaren eskaintza onetsi zuen Mahaiaren 2014ko abenduaren 19ko erabakiaren ondorioz (Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, 107. zk., 2014ko abenduaren 30ekoa).

Bigarren.– Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Eusko Legebiltzarrean mandatari-kategoriarekin Laguntza Zerbitzuen Kidegoko karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuaren oinarri espezifikoak.

Hirugarren.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2015eko martxoaren 17ko erabakiaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Laugarren.– Oinarri espezifiko hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko dituzte ondorioak.

Gasteiz, 2015eko martxoaren 17a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

EUSKO LEGEBILTZARREAN MANDATARI KATEGORIAREKIN LAGUNTZA ZERBITZUEN KIDEGOKO KARRERAKO FUNTZIONARIO IZATEKO HAUTAKETA PROZESUAREN OINARRI ESPEZIFIKOAK

1.– Deialdiaren xedea.

1.1.– Deialdi honen xedea da Eusko Legebiltzarreko Laguntza Zerbitzuen Kidegoko mandatari-kategoriako plazak oposizio-lehiaketa sistemaren bidez betetzeko arauak finkatzea.

1.2.– Deialdiko plazak.

Deialdi honetako plazak 5 dira, honela banatuta:

● Txanda irekia, modalitate orokorra: 4 plaza.

● Txanda irekia, desgaitasuna dutenentzat gordetako kupoa: 1 plaza.

Atxikipena: Protokolo Atala.

Hala balegokio, deialdi honen bidez bete beharreko plaza hutsen kopurua gehitu liteke, oinarri orokorretako 11.2 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Era berean, oinarri orokorretako 1.3 oinarriaren arabera, desgaitasuna dutenentzako gordetako kupoko plaza bete gabe geldituz gero, gehitu egingo lituzke txanda irekiko modalitate orokorreko plazak.

1.3.– Legebiltzar Administrazioko kidegoa: Laguntza Zerbitzuak.

Lanpostuaren izena: mandataria.

1.4.– Betetzeko sistema: oposizio-lehiaketa.

1.5.– Eskatutako titulazioa: oinarrizko prestakuntzaren 2. fasea edo baliokidea.

1.6.– Euskarako hizkuntza-eskakizuna: 2.a, nahitaezkoa.

1.7.– Lanpostuaren eginkizun nagusiak: II. eranskinean ezarritakoak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2015eko apirilaren 7an hasiko da eta apirilaren 30eko 23:59an amaituko da.

3.– Hautaketa prozesuaren oinarriak.

Deialdian jarraitu beharrekoak izango dira, batetik, Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak, Mahaiak 2015eko martxoaren 17an onetsiak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2015eko apirilaren 1ean argitaratuak, eta, bestetik, oinarri espezifiko hauek.

4.– Parte hartzeko eskakizunak, hautaketa prozesuaren bilakaera eta plazaren esleipena.

4.1.– Plazarako lehiatzaileek oinarri orokorretako 3.3 oinarrian orokorki ezartzen diren eskakizunak bete behar dituzte.

4.2.– Desgaitasuna dutenentzat gordetako kupotik aurkezten direnek, gainera, oinarri orokorretako 3.4 oinarrian adierazitakoa bete beharko dute.

4.3.– Eskabidea, oinarri orokorretako 4. oinarrian xedatutakoaren arabera, Interneten bidez bete beharko da, Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan.

4.4.– Laguntza Zerbitzuen Kidegoko tasa 7 euro da.

Tasaren ordainketa oinarri orokorretako 4.5 oinarrian aurreikusitako eran egin ahal izango da (banka elektronikoaren bidez edo sukurtsalean) honako erakunde hauetan: Kutxabank eta Laboral Kutxa.

4.5.– Hautaketa-prozesua eta plazaren esleipena arestian aipatutako oinarri orokorretako aginduen arabera egingo dira, eta, orobat, oposizio-aldiko ariketei eta lehiaketa-aldiko ebaluazioari buruz oinarri espezifiko hauetan aurreikusitako arauen arabera.

5.– Epaimahaia.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu kalifikazio-epaimahaiko kideak, oinarri orokorretako 6. oinarrian xedatutakoaren arabera.

6.– Oposizio aldiko ariketei eta lehiaketa aldiko ebaluazioari dagozkien arauak.

6.1.– Oposizio-aldia.

Aldi honi dagozkion ariketak egingo dira. Ariketa horiek ekitaldi berean eta deialdi bakar bidez gauzatuko dira.

Aurreko proba kanporatzailea gainditu dutenen probak baino ez ditu ebaluatuko epaimahaiak.

Oposizio-aldiak honako ariketa hauek izango ditu:

Lehenengo ariketa:

Ariketa hau izango da lanposturako egokitze-maila neurtzeko proba psikotekniko batzuk egitea. Ariketa hau ez da kanporatzailea eta 20 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez ere.

Bigarren ariketa:

Bi proba izango ditu. Galdetegiak izango dira eta galdera bakoitzak lau aukera izango ditu. Erantzun okerrak zigortu egingo dira erantzun zuzen baten balioaren herena deskontatuz. Galderak I. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak izango dira. Bi probak kanporatzaileak izango dira.

Lehenengo proba A gai-zerrendari buruzkoa izango da (parte orokorra). Bigarren proba B gai-zerrendan oinarrituko da (parte espezifikoa) eta deialdiko lanpostuen eginkizun eta lanei buruzkoa izango da, II. eranskinean jasotakoei buruzkoa.

Galdetegiek gehienez ere 50 puntuko balioa izango dute (20 puntu lehenengo probak eta 30 puntu bigarren probak).

Lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa erantzun zuzenen kopuruaren araberakoa izango da, goian aipatutako proportzioan erantzun okerren kenketa egin ondoren.

Epaimahaiak, dagokion erabakia hartuta, Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan emango ditu argitara zuzentzat jotzen diren erantzunak.

Epaimahaiak, eska daitekeen gutxieneko maila eta aurkeztu direnen ezagupen-maila kontuan hartuz eta hautagai bakoitza zein den jakin gabe, proba bakoitza gainditzeko gutxieneko puntuazioa zein izango den erabakiko du, eta erabaki hori argitara emango du.

6.2.– Euskara-proba.

Euskara-proba 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko izango da eta oinarri orokorretako 8.2 oinarriaren arabera egingo da.

6.3.– Lehiaketa-aldia.

Oposizio-aldiko azken ariketaren ondoren egingo da, gainditu dutenek merituak justifikatzeko dokumentazioa aurkez dezaten epe bat ireki eta gero. Merituak oinarri orokorretako 10. oinarrian xedatutakoaren arabera alegatu eta egiaztatuko dira. Alegatzen diren merituen jabe izateko data eskabideak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da, salbu informatikari eta ofimatikari buruzko merituen kasuan, horiek oinarri orokorretako 10.1 eta 10.6 oinarrietan xedatutakoaren arabera egiaztatuko baitira.

Honako merituok baloratuko ditu epaimahaiak:

a) Esperientzia mandatari-lanean.

Mandatari-laneko esperientziatzat hartuko dira Eusko Legebiltzarrean, Arartekoan edo beste administrazio publiko, erakunde autonomo edo zuzenbide pribatuko erakunde publiko batzuetan mandatari-lanetan emandako zerbitzuak, edo E taldeko eta C2 azpitaldeko lanpostuetan antzeko lanbide- edo lan-kategorian emandakoak.

Esperientzia hori baloratzeko, lan egindako hilabete bakoitzagatik 0,20 puntu emango dira; gehienez ere, 20 puntu. Ez dira baloratuko hilabetetik beherako aldiak.

Kontaketa lan egindako aldiak batuz egingo da, eta, batuketa egin ondoren, ez dira aintzat hartuko hilabetetik beherako aldiak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa joko da hilabetetzat.

Ezinbestekoa izango da aritu izandako erakundearen ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagirian jasoko dira lanpostuaren izena, zehazki egindako lanak eta lan horietan aritutako denbora.

Eusko Legebiltzarrean lanean ari diren lehiatzaileek ez dute aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharrik izango.

b) Mintegi, ikastaro eta jardunaldietara joatea.

Baloratuko da mandatari-lanpostuko eginkizun eta lanekin zuzenean lotutako gaiei buruzko prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroetara joatea eta horiek gainditzea, oinarri orokorretako 10.7 oinarrian xedatutakoaren arabera. Soilik baloratuko dira azken 10 urtean egindako 10 ordutik gorako ikastaroak, 0,02 puntu ordu bakoitza eta gehienez ere 4 punturaino, eta alegatu den ikastaro bakoitzagatik puntu 1eko puntuazioa gainditu gabe.

c) Informatika- eta ofimatika-ezagupenak.

Informatika-ezagupenengatik, gehienez 4 puntu emango dira, baremo honi jarraituz:

● Microsoft Word 2010 (Oinarrizko maila): 1 puntu.

● Microsoft Excel 2010 (Oinarrizko maila): 1 puntu.

● Mekanografia: 1 puntu.

● Internet oinarrizkoa: 1 puntu.

● Outlook 2010: 1 puntu.

Moduluak gainditu izana IT Txartela ziurtatze-sistemaz egiaztatuko da.

Deialdi honi dagokionez, maila aurreratua egiaztatzen dutenei oinarrizko maila ere egiaztatutzat joko zaie.

d) Hizkuntzak.

Ingeles, frantses eta alemaneko titulu edo ziurtagiriak baloratuko dira, gehienez ere puntu 2raino, baremo honi jarraituz:

● B2 maila 0,50 puntu.

● C1 maila 0,75 puntu.

● C2 maila 1 puntu.

7.– Azken kalifikazioa eta berdinketak hausteko irizpideak.

7.1. Azken kalifikazioa.

7.1.1.– Oinarri orokorretan ezarritakoarekin bat etorriz, oposizio-aldian eta merituen balorazioan lortutako puntuazioen batuketa izango da lehiatzaile bakoitzaren azken kalifikazioa.

7.1.2.– Emaitza eta kalifikazio guztiak Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus oinarri elektronikoan argitaratuko dira. Aipatutako helbide elektronikoan kontsultak egiteko, NANa eta eskabidearen erreferentzia-zenbakia sartu beharko dira.

7.2.– Berdinketak hausteko irizpideak.

7.2.1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko 20.4.a) artikulua aplikatuz, hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan –hau da, proba guztiak egin eta baloratu eta hautagai bakoitzaren merituak gehitu ondoren– puntu-berdinketarik egonez gero, berdinduta dauden hautagai guztiei gaitasun berbera aitortuko zaie.

7.2.2.– Berdinketarik egonez gero, bata bestearen segidan irizpide hauek aplikatuz ezarriko da lehentasun-hurrenkera:

1.– Oposizio-aldian puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

2.– Oposizio-aldiko bigarren ariketako bigarren proban puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

3.– Oposizio-aldiko bigarren ariketako lehenengo proban puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

4.– Oposizio-aldiko lehenengo ariketan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

5.– Esperientziagatik puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

6.– Lehiaketa-aldian puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

7.– Titulazioetan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

8.– Prestakuntzan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

9.– Informatikan eta ofimatikan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

10.– Hizkuntzetan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

I. ERANSKINA
GAIAK: LAGUNTZA ZERBITZUEN KIDEGOA
MANDATARI KATEGORIA
A GAIAK - PARTE OROKORRA

1.– Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Oinarrizko printzipioak. Oinarrizko eskubide eta eginbeharrak. Estatuaren botereak. Botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala. Botereen arteko harremanak.

2.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutua. Printzipio orokorrak. Estatuaren eta EAEren arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. EAEko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. Autonomia Estatutuaren erreforma.

3.– Lehendakaria. Hautaketa eta izendapena. Eskumenak eta ahalmenak. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernua. Osaera. Eskumenak (Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea).

4.– Eusko Legebiltzarra. Osaera. Legebiltzarkidearen estatutua. Legebiltzar-taldeak. Eusko Legebiltzarraren egoitza.

5.– Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua. Egitura sistematikoa. Eusko Legebiltzarraren eraketa. Lehendakaritza eta Mahaia. Bozeramaileen Batzordea.

6.– Legebiltzarraren Osoko Bilkura. Legebiltzarreko batzordeak: osaera, motak eta eginkizunak. Bilkurak eta gai-zerrenda.

7.– Eusko Legebiltzarreko legegintza-prozeduraren ideia orokorra. Legegintza-ekimena. Lege-proiektuak eta lege-proposamenak. Zuzenketak. Prozedura bereziak.

8.– Jaurlaritza sustatu eta kontrolatzeko eginkizuna Eusko Legebiltzarrean. Galderak, interpelazioak, mozioak. Ikerketa-batzordeak.

9.– Eusko Legebiltzarreko zuzendaritza-organoak. Lehendakaria. Mahaia. Bozeramaileen Batzordea. Legelari nagusia. Eusko Legebiltzarraren harremanak beste organo batzuekin.

10.– Arartekoa (otsailaren 27ko 3/1985 Legea). Egitura sistematikoa, eginkizunak, hautaketa eta kargu-uztea. Jarduera-eremua. Legebiltzarrarekiko harremanak.

11.– Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa. Egitura sistematikoa. Funtzionario-motak eta -kidegoak. Lanpostu-zerrenda eta aurrekontu-plantillak. Langile-hautaketa eta lanpostuak betetzea.

12.– Euskal funtzio publikoaren araubide juridikoa (uztailaren 6ko 6/1989 Legea). Xedea. Aplikazio-eremua. Funtzionario publikoen eskubide eta eginbeharrak. Diziplina-araubidea.

13.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna (otsailaren 18ko 4/2005 Legea). Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal botere publikoen jardunaren araubide eta gida izan behar duten printzipio orokorrak. Araudian eta administrazio-jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak.

14.– Euskararen erabileraren hizkuntza-normalizazioa Administrazioan. Printzipio orokorrak. Hizkuntza-eskakizuna. Hizkuntza-eskakizunen nahitaezkotasuna. Eusko Legebiltzarreko Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana.

15.– Administrazio-prozedura (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea). Administrazio-egintza: produkzioa, edukia, motibazioa, forma eta efikazia. Administrazio-isiltasunaren kontzeptua. Interesdunak. Herritarren eskubideak. Administrazio-erregistroak. Administrazio-errekurtsoaren eta ofizioz berrikustearen kontzeptuak.

16.– Gardentasuna eta gobernu ona (abenduaren 9ko 19/2013 Legea). Printzipio orokorrak, aplikazio-eremua, informazio publikoa eskuratzeko bidea.

17.– Administrazio elektronikoa (ekainaren 22ko 11/2007 Legea). Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izatea: printzipio orokorrak. Herritarren eskubideak administrazio publikoekin harremanak baliabide elektronikoz izateko.

18.– Datu pertsonalen babesaren oinarrizko alderdiak (Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea). Kontzeptuak, printzipioak eta eskubideak; bereziki, informazio-eskubidea datuen bilketan, sekretu-eginbeharra eta datuen komunikazioa.

19.– Erabateko kalitatea. Kudeaketako printzipio eta ereduak (Euskaliten kudeaketa aurreratuaren eredua). Bezeroaren gogobetetzea. Zerbitzu-kartak.

20.– Laneko arriskuen prebentzioa (azaroaren 8ko 31/1995 Legea). Xedea, aplikazio-eremua, eskubideak eta betebeharrak.

B GAIAK - PARTE ESPEZIFIKOA

1.– Herritarrak, zerbitzu eta prestazio publikoen hartzaile. Jendearentzako informazioa eta arreta. Intimitatearekiko errespetua. Hizkera errespetuzkoa eta ez-sexista.

2.– Komunikazioa eta arreta aurrez aurre eta telefonoz: abisuak, informazioa, eskariak, pertsonei laguntzea, deiak desbideratzea, eta abar. Irizpide orokorrak. Kexei eta erreklamazioei erantzutea. Harrera-oharra (telefono-deiena eta bisitena).

3.– Sarbideen kontrola eta bisitak kontrolatzeko sistemak.

4.– Bilerako eta komunikazioko jardueretan laguntzea: aretoak eta barrunbeak, altzariak (bilera-mahaiak, presidentzi mahaiak, aulkiak, eta abar) eta bitarteko materialak (arbelak, papelografoak, errotuladoreak) prestatzea.

5.– Bulegoko lan lagungarriak; erabili beharreko materialak eta makineria: fotokopiatzea. Eskanerra eta faxa erabiltzea.

6.– Dokumentazioa eta posta artxibatzea, eramatea eta banatzea.

7.– Materialen biltegiratzea: apalategiak, kakoak, espazioak eta abar.

8.– Material-izakinen kontrola: erregistroak, fitxak, albaranak eta abar.

9.– Segurtasun-gaien mantentze-laneko eta ikuskatzeko irizpideak: itzalgailuak, suebaki-ateak.

10.– Gorputz-jarrerak: lesioak prebenitzea ekipamenduak eta materialak mugitzean.

11.– Eraikinak ebakuatzeari buruzko oinarrizko alderdiak: larrialdiei aurre egiteko planak.

12.– Lehen laguntzak: oinarrizko nozioak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala