Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2015eko martxoaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1468

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 25ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez argitaratzen da enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako 2015eko ekitaldiko laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko martxoaren 25eko bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako 2015eko ekitaldiko laguntzen deialdia onartu du, eta, 82/2012 Dekretuaren, maiatzaren 22koaren, bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako 2015eko ekitaldiko laguntzen deialdia argitaratzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 25eko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onartu eta gero. Ebazpen honen eranskinean dator deialdia.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Gasteiz, 2015eko martxoaren 25a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKIKO EKINTZETARAKO 2015EKO EKITALDIKO LAGUNTZA DEIALDIA

Tokiko esparrua aproposa da ekoizpen-aukera berriak hautemateko, eta, beraz, enplegu-politikek, haien diseinuan eta kudeaketa-ereduan, kontuan izan behar dute tokiko dimentsioa, eta lurralde bakoitzeko beharretara egokituta egon behar dute. Hori horrela, aukera horiek baliatzen lagunduko duten jarduerak sustatuko dituzte, eta esparru horretan enplegua sortzeko eta enpresa-jarduera bultzatzeko ekimenak landuko, abenduaren 16ko 56/2003 Legean, enpleguari buruzko oinarrizko araudian, aurreikusten den eran.

Eusko Jaurlaritzak onartutako 2014-2016 aldirako Enplegu-planean jasotako printzipio estrategikoetako bat da enplegu arloan erakunde arteko lankidetza sendotzeko premia. Programa horren arabera, enpleguarena denoi dagokigun konpromisoa eta herrialde-mailako erronka da, eta euskal erakundeen arteko osagarritasunaren eta lankidetzaren printzipioak gidatu behar ditu enpleguaren aldeko estrategia eta programa eragileak.

Ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko erakunde arteko akordioan, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek, EUDELekin batera, inbertsio publikoa biziagotzeko eta enplegua sustatzeko plan bereziak abiarazteko konpromisoa hartu zuten. Osagarritasunaren eta lankidetzaren printzipioa gauzatzeko, ETEen eta autonomoen finantzaketarako sarbidea errazteko neurriak hartu eta enplegu-maila handiko sektoreetako jarduera ekonomikoak garatzeko pizgarriak ezarriko dira, tartean, etxebizitzak zaharberritzeko lanetan, ekintzailetza sustatzeko eta laguntzeko tresna berrien garapenean eta enplegu-politika aktiboen sendotzean, arreta berezia eskainiz gazteen eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboen enpleguari. Neurri horietako batzuetan, gainera, udalak eta mankomunitateak kolaboratzaile estrategiko gisa jardungo dira, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko tokiko, eskualdeko eta landako agentzien bidez.

Hala, bada, Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 aldirako Enplegu-planaren printzipioetako bat da tokiko ekonomiak duen indarra baliatzea, produkzio-aukera berriak hautemateko, oinarri gisa hartuta udalerrietako eta eskualdeetako eragile guztien arteko lankidetza, eta eskualdeetako eta tokiko indar endogeno hori baliatzeko neurriak abian jar daitezen sustatzea, enplegua sortzeko eta enpleguari eusteko.

Horrenbestez, Enplegu-planaren programa eragileetako bat «Enplegu inklusiboa. Elkartasuna enpleguarekin» izenekoa da. Berariazko ekintzak aurreikusten ditu laneratzeko zailtasun handiak dituzten kolektiboetako kideak laneratzea errazteko, udalerrien eta eskualdeen berariazko behar eta aukeretara egokituta egongo direnak eta enplegu-politikaren tokikotasuna sendotuko dutenak, tokiko agenteekin helburuak partekatzea eta konpromisoak zein jardunbideak zehaztea ahalbidetu dezaketen hitzarmenen bitartez.

Urriaren 16ko 3/2011 Legeak honako eginkizun hauek ematen dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, beste batzuen artean: enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen esparruko politika publikoetan araudi eta plangintza orokorra proposatzea, programak kudeatzea, eta, zehazki eta enplegu-politiken tokiko dimentsioarekin zuzenean lotuta, enplegua sortzeko tokiko ekimenei laguntzeko programak sortzea, enpleguaren aldeko tokiko hitzarmenak sustatzeko tokiko erakundeekin lankidetzan.

Lanbideren plan estrategikoaren ardatzak eta jarduera-helburuak honako hauek dira:

1. Jarduera ardatza: Euskal enplegu-sistema gidatzea enplegu-politika aktiboen garapen eta egikaritzaren eremuan, gobernantza-eredu berriarekin, agente publiko eta pribatuen lankidetzan eta koordinazioan oinarrituta.

2. Jarduera ardatza: Lanbide ekoizpen sarera eta inguru geografikora hurbiltzea, enplegu eta prestakuntzaren gaineko beharrizanak estaltzen direla errazteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak organismo autonomo horretako zuzendari nagusiaren 2013ko urriaren 17ko Ebazpenaren bidez argitaratutako enplegua sustatzeko tokiko ekintzen 2013ko ekitaldiko laguntza-deialdiaren ondoren (EHAA, 2013ko urriaren 18), 2015-2016 aldirako deialdi berri bat egitea beharrezkotzat jo da, hogei milioi (20.000.000) euroz hornitua hau ere, eta 2015 eta 2016 ekitaldietako aurrekontuen konturakoa.

Deialdian honako hauek ezarriko dira:

– Eskualdeko eta tokiko mailan finantzatu beharreko ekintza motak.

– Aurrekontua banatzea eskualdeen eta udalerrien artean, langabezia-indizearen arabera.

Deialdiak, edukiak berrikusi edo eguneratu bitartean, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak 2012ko maiatzaren 9ko Aginduan ezarritako diagnostikoei eta parte-hartze foroei eutsiko die, Euskal Autonomia Erkidegoan eskualdeko enplegu-politikak dinamizatzeko laguntzak deituta. Horren arabera, eskualdeko enplegu-politika deritze honako hauei: «Erakundeen, tokiko erakundeen, enpresen eta bestelako erakundeen arteko ahalik eta adostasun zabalenarekin eratu, partekatu eta osatutako proiektua, edozein dela ere erakunde horien izaera juridikoa, eta eskualde bateko edo eskualdeko udalerri bateko edo batzuetako garapen ekonomiko eta sozialean kolaboratzean badute. Hala, proiektu horietatik ekintza jakin batzuk eratorriko dira, hala nola programa bereziak, tokiko enplegua bultzatzera eta garatzera bideratuta egongo direnak, lan-merkatuaren aldaketek eragindako desorekak gainditzeko».

Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-politikaren tokiko dimentsioa sendotu nahi da. Horretarako, tokiko errealitate sozial eta ekonomikora egokitutako esku hartzeko eredu malgu bat ezarri behar da, ongi ezagutu beharko dituena ekoizpen-ingurunea eta esku hartzen duten eragileak. Ildo horretatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren xedea da lehentasuna duten tokiko esparruetan enplegua sustatzeko berariazko planak diseinatzen eta gauzatzen laguntzea aktiboki, langabeziaren eraginak EAEn dispertsio geografiko handia duela kontuan hartuta.

Halaber, lurralde-kohesioa bultzatu nahi du; horretarako, enplegu politikaren tokiko dimentsioa sendotzen du tokiko eragile guztiek xedeak partekatzeko, konpromisoak hartzeko eta jarduera-irizpideak zehazteko aukera emango duten akordioen bidez. Zentzu horretan, ezin dugu ahaztu langabeziak bortizki jo dituela EAEko gune jakin batzuk.

Bestalde, gogoan eduki behar dira 55 urtetik gorako pertsonek kontratuak lortzeko dituzten zailtasunak, lan-merkatutik behin betiko baztertuta geratzea eragin baitezakete. Hori dela eta, kolektibo horretako kideak kontratatzea indar handiagoz bultzatu behar da. Horren adibide da deialdi honetan kolektibo horretako kideak kontratatzeari ezarritako berariazko kuota.

Era berean, deialdiak ezin die ezikusi egin emakumeen eta gizonen arteko lan-merkatuko desberdintasun eta berdintasun-ezari. Nahikoa da hori egiaztatzeko EUSTATen datuei erreparatzea, 2014ko hirugarren hiruhilekokoei, esaterako: emakumeen jarduera-indizea % 51,5 zen, gizonena % 63. Bistan da alde hori txikiagotu egin behar dela, bai lan-merkaturako sarbidean, bai lan-esparruan irautean.

Horrenbestez, deialdi honek bere gain hartu du Lanbideren 2013-2016 aldirako plan estrategikoan ezarritako agindua, agiri horretako bi ekintza-lerro deialdi honetan jasoz:

E4 – 1.3 ekintza-lerroa: Gizonek eta emakumeek enplegua eta prestakuntza eskuratzeko orduan aukera berdinak dituztela, lana eta bizitza pribatua uztartzen direla eta genero identitatearen aniztasuna kudeatzeko bestelako politiketan aurrera egiten dela bermatzeko programa zehatzak garatzea.

P1 – 3.3 ekintza-lerroa: Genero perspektiba Lanbideren jardueran eta gobernantza ereduan sartzea zeharkako prozesu gisa.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2015eko martxoaren 25eko saioan, enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen deialdia onartu du. Hona hemen zertan datzan onartutakoa:

1. artikulua.– Laguntzen deialdiaren xedea.

Deialdiaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeei laguntzak ematea da, jardueraren xedeko lurraldearen garapen sozioekonomikoa bultzatzera eta modernizatzera bideratutako enplegua sortzeko proiektuak martxan jar daitezen, Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 aldirako enplegu-planean ezarritako enpleguaren aldeko tokiko ekintzen helburuarekin eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioarekin bat etorriz.

Deialdi honen azken helburua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emandako langabeen enplegagarritasuna hobetzea da.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen babesean, tokiko enplegu-proiektuak gauzatzeko jarduerak lagun daitezke diruz, deialdi honetako 5. artikuluan aurreikusitako erakunde onuradunek egindakoak eta dagokien esparru geografikoko tokiko enplegua garatzeko helburua dutenak, betiere honako baldintzak hauek betetzen badituzte:

a) Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak 2012ko maiatzaren 9an emandako Aginduari, Eskualdeko Enplegu Planak dinamizatzeko laguntzak deitzekoari, jarraiki gauzaturiko Eskualdeko Enplegu Planen zati diren proiektuak izatea edo aipaturiko Enplegu Planean zehaztutako estrategiarekin koherenteak diren proiektu berriak izatea.

Proiektu berrien kasuan, adierazitako deialdian Eskualdeko Enplegu Plana lantzeko ezarritako Parte-hartze Foroak baliozkotu beharko ditu.

b) Artikulu honen 3. lerrokadan deskribatutako ekintza motara egokitzea.

c) Ez dezatela deialdiaren I. eranskinean udalerri eta/edo eskualde bakoitzarentzat ezarritako gehieneko aurrekontua gainditu.

d) Deialdi hau EHAAn argitaratzen denetik 2016ko maiatzaren 31ra arte gauza daitezela.

e) Gainera, krisi ekonomikoak gogorren jotako eta langabezia-maila handieneko eskualdeetako proiektuak sustatuko dira. Helburu horietarako, langabeziak gogorren jotako eskualdetzat joko dira, hiru lurralde historikoetako hiriburuez gainera, 2014ko abenduan % 14,50eko langabezia-indizea baino altuagoa duten udalerriak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emandako langabe enplegu-eskatzaileen estatistika-fitxategiari jarraiki. Deialdi honen II. eranskinean jasotzen dira horiek.

f) Diruz laguntzea eskatzen den jarduera guztiak gauzatzeko kontratatu beharreko pertsonen gutxienez % 15 Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emandako 55 urtetik gorako langabeak izan beharko dira.

Baldintza hori bete ezean, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa egokitu egingo da, diruz lagunduko den kontratatutako pertsona-kopuruak eskatutako maila bete arte.

2.– Eskualdeetako enplegu-planetatik igorritako proiektu jakin batzuk, zerbitzuen esparruan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako enplegu-politika aktiboak gauzatzean sortzen diren programen esparruan gauza badaitezke, ezin izango dute deialdi honetako laguntzarik jaso.

Halaber, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagungarriak diren jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan zuzenean diruz lagunduak izan direnak.

3.– Hori horrela, deialdi honetako diru-laguntzaren bat jaso ahal izango dute honako ekintza hauetako bat gauzatzen duten ekimenek:

3.1.– 1. Mota.– Enplegua sustatzea.

3.1.1– Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira ez-ohiko merkatuan egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak eta/edo motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez.

Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta toki-erakundeek, horien mendeko erakundeak barne, egingo dituzte zuzenean; bestela, berriz, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten enpresek, enplegu-zentro bereziek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek, baldin eta haiek hitzartuta edota esleituta badago proiektuok mamitzea.

Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo jarduera horretan organismo autonomoaren kolaboratzaile gisa diharduen erakundeak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.

3.1.2– Mota horretako kontratazioek, oro har, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Tokian-tokian erabilgarritasun publikoko edota gizarte-intereseko jarduerekin lotuta egotea.

b) Erakundeen egitura-lanetan diharduten langileak ez ordeztea.

c) Kontratuek gutxienez hiru hilabete iraungo dute; edozein motakoak izan ahalko dira, baina ez dira izango prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak.

d) Kontratuak lanaldi osoz edota lanaldi partzialez egin ahal izango dira (kontratu partzialek jardunaldiaren % 50 izan beharko dute gutxienez).

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda eta langabezian dauden pertsonak kontratatu beharko dira.

f) Eskualde edota udalerri batean orotara kontratatzen diren pertsonen % 30ek, gutxienez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak izan beharko dute.

Gainerako ehunekoak honako kolektibotakoren batekoak beharko du izan:

● 35 urteko edo hortik beherako langabeak.

● 45 urtetik gorako pertsonak, enplegu-eskatzaile gisa gutxienez 6 hilabete daramatzatenak.

● 55 urtetik gorako pertsonak.

● Iraupen luzeko langabeak. Iraupeko luzeko langabe deritze Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa kontratatu aurreko 18 hilabeteetan 12 hilabetez izena emanda egon direnei.

● Gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrez eta beren elkarbizitza-unitateko kideez gainera, honako hauek ere hartzen dira gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsona gisa:

– Hemezortzi urtetik hogeita hamarrera bitarteko gazteak, adingabeak babesten dituzten erakundeetatik datozenak.

– Drogazaletasuneko arazoak dituzten edo bestelako mendekotasun-arazoak dituzten eta errehabilitazioko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonak.

– Espetxean egonik, beren espetxe-egoeragatik enplegu bat eskura dezaketen eta beren lan-harremana uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuaren 1. artikuluan araututako lan-harreman bereziaren aplikazio-eremuaren barruan ez duten presoak, eta baita baldintzapeko askatasuneko egoeran daudenak eta preso ohiak ere.

– Adin txikiko presoak, adin txikikoen zigor-erantzukizuna arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren aplikazio-eremuan daudenak, eta beren egoeragatik enplegu bat eskura dezaketenak, eta beren lan-harremana uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartutako adierazitako Legearen Araudiaren 53.4 artikuluak adierazten duen lan-harreman berezien aplikazio-eremuaren barruan ez dutenak, eta baita zaintzapeko askatasuneko egoeran daudenak eta preso ohiak ere.

– Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritza eskudunek baimendutako urgentziazko bizitoki-zentroetan ibili diren pertsonak.

– Desgaitasuna dutenak.

– Familia-erantzukizunak dituzten emakumeak. Familia-erantzukizunak dituzten emakume deritze beren kargura ezkontidea eta/edo 26 urtetik beherako seme-alabaren bat edo 26 urtetik gorako seme-alaba ezinduren bat edo harreran hartutako adin txikikoren bat dutenei.

– Genero-indarkeriaren emakumezko biktimak.

g) Kontratatutako pertsonen gutxienez % 40 emakumezkoak izan behar dira.

3.1.3.– Kontratatu beharreko kolektiboetako pertsona-kopuruei dagokienez, aurreko 3.1.2. lerrokadaren f) eta g) paragrafoetan aurreikusitako ehunekoak erdiesten ez badira, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu egingo da diruz lagunduko den pertsona-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte.

3.2.– 2. Mota.– Kontrataziorako laguntzak.

3.2.1.– Laguntza horien helburua Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langabeak tokiko enpresek merkatu arruntean kontratatzea errazteko babes ekonomikoa ematea da. Horretarako, hainbat jarduera abiarazi eta gauzatuko dituzte tokiko erakundeek beraiek nahiz beren mendeko erakundeek.

Aipatutako kontratazioek ezaugarri hauek eduki beharko dituzte:

a) Kontratuek gutxienez hiru hilabete iraungo dute; edozer kontratazio-modalitatetan egin ahal izango dira, baina ez dira izango trebakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak.

d) Kontratuak lanaldi osoz edota lanaldi partzialez egin ahal izango dira (kontratu partzialek jardunaldiaren % 50 izan beharko dute gutxienez).

3.2.2.– Diruz laguntzeko moduko irizteko, kontratazio horiek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurreko hiru hilabeteotan enpresak batez beste duen langile kopuruarekiko. Tokiko erakundeak egiaztatu beharko du hori.

3.2.3.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea: ez enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duenaren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna arte, ezta sozietate izaera juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetakoena edo zuzendaritzako kideena ere.

3.2.4.– Diru-laguntza horiek emateko, toki-erakundeek ezarritako oinarri arautzaileetan bermatuta egongo dira publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioak eta aurreko lerrokadetan zehaztutako betekizunak eta baldintzak jasota egongo dira.

Halaber, enpresa kontratatzaileak diru-laguntza justifikatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztea eskatu beharko da, diruz lagundutako epean zehar kontratatutako pertsona lanean mantentzeari, soldata-kostuari eta Gizarte Segurantzakoari dagokienez.

3.2.5.– Toki-erakundeek kontratatutako pertsona guztien % 40 emakumezkoak izatea proposatu beharko dute proiektuan, kontratazio horietara dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa bideratuta. Aurreikuspen hori oinarri arautzaileetan jasota egon beharko da. Ehuneko hori erdietsiko ez balitz, diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa murriztu egingo da emakumezkoen kontrataziorako hasieran gordetako kopurua egiaz gauzatutako kontratuetara egokitzeko.

3.2..– Oinarri arautzaileak argitaratu aurretik, Lanbideren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaizkio, hark hasteko baimena eman dezan.

3.3.– 3. Mota.– Enplegua sortzen laguntzen duten toki-garapenerako beste ekintza batzuk.

Ekintza-ildo hau langabeziak bereziki astindutako eskualde eta udalerrietara dago bideratuta, II. eranskinean jasotakoetara, hain zuzen.

Era honetako proiektuak izan ahalko dira:

a) Lehen aipatutako 1. eta 2. motako jarduketak, eskualde eta udalerri guztientzat hasiera batean esleitutako aurrekontuarekin aurrera eraman ezin izan direnak.

b) Toki-garapenerako beste ekintza batzuk, a) paragrafoaz bestelakoak, enplegua sortzeko helburua badute eta jarraian zerrendatutako enplegu-nitxo berriei dagozkien proiektu berritzaileak badira:

Atal honetan diruz lagunduko direnak:

1.– Eskualde- eta toki-esparrura bideratutako proiektuak.

– Hiri-plangintza eta birgaikuntza.

– Hirigintza- eta kultura-ondarea.

– Ekosistemak eta ingurumen-proiektuak.

– Gizarte-eraldaketa.

2.– Biozientziekin loturiko proiektuak.

– Arreta soziosanitarioa.

3.– Energiarekin loturiko proiektuak.

– Energia berriztagarriak.

– Hondakinen eta uraren kudeaketa.

4.– Teknologia jasangarria ezartzeko proiektuak.

– Energia-birgaikuntza.

– Ingurumen-birgaikuntza.

Udal etxebizitza-parkeetako etxebizitzak eta lokalak deialdi honetako diru-laguntzaren babesetik kanpo daude.

3.b) motako proiektuak 1. motako ekintzekin osatu beharko dira nahitaez.

b) paragrafo horretako proiektuek, edonola ere, proiektuari loturiko eremuaren gaineko azterlan estrategiko bat egin beharko dute, sor daitezkeen toki-garapeneko proiektuetara bideratutako jarduketa bat gauzatzeaz gain.

Salbuespen gisa, deialdikoez bestelako jarduketa osagarriak ere onartu ahalko dira, 1. eta 2. motako ekintzak osatzeko lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko laguntza-neurriak, kasu.

Ez dira 3. motakotzat hartuko autoenplegu eta ekintzailetzako ekintzak, ezta edonolako prestakuntza-jarduketak ere.

Proiektuok onartzeko edo errefusatzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat: berrikuntza, jasangarritasuna eta autonomia, langabeak laneratzeko eta gizarteratzeko aukerak hobetzea, ingurua sozioekonomikoki suspertzea, proiektuaren bideragarritasuna eta enpleguaren sorreran aurreikusitako inpaktua.

Proiektuok gauzatzeko kanpoko baliabideak kontratatzen badira, erakunde onuradunak, kontratazioa baino lehen, egingo den kontratuari buruzko justifikazio-dokumentuak eta horren esleipendun izango den erakundearen identifikazioa aurkeztu beharko ditu Lanbiden.

3. artikulua.– Laguntzen gehienezko zenbatekoen banaketa eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 20.000.000 eurokoa da, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren kontura. Horietatik, 2015erako aurrekontu arruntean sartuko dira 14.000.000 euro, eta 2016rako konpromiso-aurrekontuan sartuko dira 6.000.000 euro.

Laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu zenbatekoa edo, indarreko legeriaz bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena. Eguneratzerik izango balitz, horren berri argitara eman beharko litzateke EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman ere.

2.– Zenbateko hori honela banatuko da diruz lagunduko diren proiektuen artean:

a) 15.000.000 euroko finantzaketa izango dute aurreko artikuluan ezarritako 1. eta 2. motako jarduketek, eta kopuru hori eskualdeen eta udalerrien artean banatuko da, 2014ko abenduko langabe-kopuruaren arabera, gutxienez erakundeko 50.000 euro xedatuta.

b) 5.000.000 euroko finantzaketa izango dute 3. motako ekintzek, langabeziak gogorren jotako eskualdeetara eta udalerrietara bideratuta daudenek.

3.– Lurralde-esparru bakoitzari dagokion gehieneko diru-laguntzen aurrekontu-banakapena deialdi honen I. eranskinean ezarritakoaren araberakoa izango da.

4.– Aurreko lerrokadan ezarritakoa kaltetu gabe, lurralde bateko proiektuentzat emango den diru-laguntzaren zenbatekoa ez bada heltzen esleitutako gehienezko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu soberan dauden funtsak, proiektu horiek ezin izan badira onartutako aurrekontuaren % 100eko gehienekoa arte finantzatu. Soberako funtsen banaketa 7. artikuluaren 2. lerrokadan xedatutakoaren arabera kalkulatuko da.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen gastuak.

Eman beharreko diru-laguntzen eta diruz lagun daitezkeen gastuen gehienekoak, proiektu motaren arabera:

a) Enplegua sustatzeko ekintzak.

Lan-kontratu bakoitzeko 12.500 euroko gehieneko laguntza.

Diru-laguntza horien bidez ordainduko dira hainbat gastu, tartean, soldata-kostuak, kontratu-amaierako kalte-ordainak eta enpresak kontratatutako pertsonen Gizarte Segurantzako gastuak, 6 hilabeteko kontratazioaren gehieneko mugarekin. Ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa, guztira, ezingo da izan kostu horien % 100 baino handiagoa.

b) Kontrataziorako laguntzak.

1.– Lanaldi osoko hiru hilabeterako lan-kontratu bakoitzagatik, gehienez 3.000 euroko laguntza; lanaldi osoko sei hilabeterako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzagatik, gehienez 6.000 eurokoa. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, diru-laguntza lanaldiaren edo/eta lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Laguntzaren amaierako zenbatekoak ezingo ditu kontrataturiko pertsonen soldataren, kontratu amaierako kalte-ordainen eta gizarte-segurantzaren kostuen % 75 gainditu.

2.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:

– DBEren titular hartzaileak.

– Lehen enplegua lortu duten 35 urtetik beherako pertsonak.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa 12 hilabetez jarraian izena emanda egon direnak kontratatu aurreko 18 hilabeteetan.

Laguntzaren gehieneko muga 9.000 euro izango da, lanaldi osoko sei hilabeterako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzaren truke. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, diru-laguntza lanaldiaren edo/eta lan egindako denboraren proportzionala izango da.

2. paragrafo honetan ezarritako kolektiboei loturiko betekizunak ez betetzeak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren behin betiko emate-erabakia dela medio emandako diru-laguntza ekonomikoa osorik itzuli behar izatea ekar dezake, aurrez dagokion prozedura izapidetuta, eta 14. eta 15. artikuluetan ezarritakoa betez.

Adierazitako kasuan, laguntzaren amaierako zenbatekoak ezingo ditu kontrataturiko pertsonen soldata, kontratu amaierako kalte-ordain eta gizarte-segurantza kostuen % 100 gainditu.

c) Enplegua sortzen laguntzen duten toki-garapenerako beste ekintza batzuentzako laguntzak.

1.– 1. eta 2. motako ekintzak egiteko, gehieneko zenbatekoak artikulu honen a) eta b) paragrafoetan aurreikusitakoak izango dira.

2.– 2. artikuluaren 3.3.1. lerrokadaren b) paragrafoan aurreikusitako 3. motako proiektuei dagokienez, nahitaezko 1. motako ekintza osagarriak lagunduko dira diruz, aipatutako artikuluan mota horretako proiektuei buruz araututakoak betez. Diru-laguntzaren zenbatekoa artikulu honen a) paragrafoan 1. motako ekintzei buruz zehaztutakoa izango da.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honi loturiko diru-laguntzen onuradun izan daitezke, horretarako eskabidea egin ostean, honako erakunde hauek:

a) Lehenengo eta bigarren motako jarduerak egiteko, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduan arauturiko Eskualdeko Enplegu Planen –EEP– deialdiaren (maiatzaren 23ko EHAA) eta/edo eskualdeko enplegu planetatik eratorritako garapen ekonomikoa eta tokiko enplegu sorrera sustatzeko laguntzen deialdiaren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Batzordearen erabakiz onartutakoaren –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2012ko uztailaren 26ko Ebazpenaren bidez argitaratua, abuztuaren 29ko EHAAn– onuradun izan diren Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateek, taldeek, udalerri taldeek edo udalerriek.

b) Hirugarren motako ekintzen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitako entitateez gain, proiektua bakarka aurkeztu duten udalerriak ere izan ahalko dira onuradun.

2.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, eskaera egiten duten erakundeek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

b) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da erakunde onuradunei laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetako laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (III. eranskina), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://lanbide.net web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.

Halaber, 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 38.4. artikuluan aurreikusitako beste edozein modutan ere aurkeztu ahal izango da.

2.– Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduan araututako Eskualdeko Enplegu Planen deialdian eta/edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren 2012ko uztailaren 26ko Ebazpenaren bitartez argitaratutako enplegu planen ondoriozko tokiko garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuak sustatzeko laguntza-deialdian eskaera egin zuen erakunde berak egin beharko du eskaera hau.

3. motako proiektuak, Toki-garapenerako Proiektu Estrategikoak, diruz laguntzea eskatzeko, eskabidea aurreko paragrafoan adierazitako erakundeek edo jarduketak sustatuko dituzten udalek beraiek aurkeztu beharko dute. Inola ere ezingo da jarduketa bat eskabide batean baino gehiagotan sartu.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuaren memoria tekniko deskribatzailea. Memoriak deialdiaren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini beharko du, III. eranskineko eskabide-ereduan zehaztutako moduan.

b) Memoria ekonomikoa, proiektua gauzatzearekin lotutako gastuei eta horren bideragarritasunari buruzko datuak jasoko dituena.

c) Kontratazio-aurreikuspena, datuak sexuaren arabera adierazita eta, hala badagokio, aurkeztutako proiektuan genero-ikuspegia txertatzeari buruzko memoria laburra.

4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten horrekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

5.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

7. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, laguntzak emateko prozedura, ebazpena, epeak, berraztertzeko errekurtsoa eta publizitatea.

1.– Lan Aktibazioko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendari Nagusiak hori ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, eta aurkeztutako proiektuek deialdi honen baldintzak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, lurralde-eremu bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eskabidean ezarritako proiektuen lehentasuna aintzat hartuta, esleitutako gehienezko aurrekontua agortu arte.

Eskualderen batean soberako funtsak geratuz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horiek beste eremu batzuetako proiektuetara bideratu ahalko ditu, deialdi honetako 3. artikuluaren 4. lerrokadan ezarritakoa betez. Kasu horretan, soberakina proiektuak finantzatzera bideratuko da, ordena honen arabera: proiektua sustatuko den udalerriko 2014ko abenduko langabezia-indizeak, handienetik txikienera. Gehienez proiektu bat lagunduko da erakunde eskatzaileko.

3.– Ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da dagokion eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, diru-laguntzaren eskabidea onartu egin dela ulertuko da.

4.– Zuzendari Nagusiaren ebazpenak administrazio-bidea amaituko du, eta, horren kontra, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Zuzendari Nagusiari hilabete bateko epean ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

5.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zein erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein pertsonari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

8. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honetan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko ematen diren laguntzak/diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehen ordainketa: emandako diru-laguntzaren % 70, ebazpena igorri ostean 2015eko aurrekontuaren kontura.

b) Bigarren ordainketa: gainerako % 30 edo justifikazioaren ondoriozko kopurua, behin proiektua amaitu eta gastuak justifikatuta, ondorengo artikuluaren arabera, eta 2016rako aurrekontuaren kontura.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Proiektuak amaitu ondoren, diru-laguntzen erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte proiektua amaitu ondorengo hiru hileko epean gehienez:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek adieraziko dituena gutxienez:

– Gauzatutako jardueren deskribapena.

Kontratatutako pertsonak identifikatuko dira, eta adieraziko da zer lanaldi egin duten, zer kolektibotakoak diren eta haien kontratuak zer iraupen efektibo izan duen, datu guztiak sexuka banakatuta.

– 1. motako jarduketen kasuan, kontratatuko pertsonen hautaketa-prozesuan emakume batek parte hartu izanaren egiaztagiria, edo parte hartu ezin izanarena.

– Lortutako emaitzak, sortutako enpleguei eta jarduera ekonomikoari dagokionez.

– Hobekuntza-ekintzak.

– Erabilitako baliabideak.

– Kostu ekonomikoa.

b) 1. motako proiektuen kasuan, enplegu-sustapena, gauzatzeaz laneratze-enpresak, irabazi asmorik gabeko erakundeak edo enplegu-zentro berezi gisa sailkatutako erakundeak arduratu badira, horiei proiektua gauzatzea esleitzeko negozio juridikoa egiaztatzen duen hitzarmenaren, kontratuaren edo edozein agiriren kopia bat aurkeztu beharko da. Era berean, kasu horietan erakunde esleipendunek ziurtagiria aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko den zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela.

c) 3. motako proiektuen kasuan, kanpo baliabideak kontratatu badira, kontratu horien kopia bana aurkeztu beharko da.

d) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren/ikuskatzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

2.– Gastu iritziko zaie, 4. artikuluan jarduketa mota bakoitzean ezarritako baldintzen arabera, diruz lagundutako jarduketari loturiko guztiei, aurreko lerrokadan zehaztutako egiaztatze-epea amaitu aurretik egiaz ordaindu badira.

3.– Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko diru-laguntzaren zenbatekoa handiagoa dela diruz lagundutako jarduketak gauzatzeagatik sortzen diren eta diruz lagun daitezkeen gastuen kostua baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 15. artikuluan aurreikusiriko prozedurarekin bat etorrita.

4.– Diruz lagundutako epea amaitu baino lehen diruz lagundutako lan-kontratuak suntsitzeak jasotako diru-laguntza itzuli behar izatea ekarriko du. Prozedura hori 14. eta 15. artikuluetan aurreikusitako baldintzen arabera izapidetuko da, ezpada kontratua suntsitu erakunde kontratatzailearen borondatearen aurkako arrazoiak direla medio. Horrelakoetan, diru-laguntza lan-kontratuaren egiazko iraupenera egokituko da.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira 1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egiaztatze-jardunei eta kontrol-jardunei men egitea.

c) Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

d) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

e) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta jarduera horiek egiaztatzeko, kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

g) Emakume eta gizonen berdintasun-betekizunak:

1.– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da lanpostuei loturiko hauta-probetan zein elkarrizketetan.

2.– 1. motako jarduketei dagokienez, hautagaiak aukeratzeko erabakiak hartzeko gaietan, gutxienez emakume bat egon beharko da epaimahaian. Ezinezkoa bada, egiaztagiria aurkeztu beharko da.

3.– Agiri, iragarki, irudi edo material guztietan hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, hala nola emakumeak baztertzeko irudiak edo estereotipo sexistak saihestu eta berdintasunaren, presentzia orekatuaren, dibertsitatearen, erantzunkidetasunaren eta genero-rol eta -nortasun aniztasunaren balioak dituen irudiak sustatu.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.

1.– Deialdi honetan jasotako 1. motako proiektuen (enplegu-sustapena) diru-laguntzak bateragarriak izango dira kontzeptu eta xede berbererako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuek emandako beste edozein motako diru-laguntza edo laguntzarekin; hala ere, bestelako finantzaketa-iturrien bidez eskuratutako laguntza edo baliabideen guztizko zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagunduko diren jardueren benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

2.– Deialdi honetan jasotako 2. motako proiektuen (kontrataziorako laguntzak) diru-laguntzak bateraezinak izango dira kontzeptu eta xede berbererako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuek emandako beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin, Gizarte Segurantzak emandako hobariekin izan ezik.

12. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

1.– Diru-laguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, xede bererako beste diru-laguntza edo laguntza bat eskuratu eta, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoarekin batera, onartutako guztirako kostua gainditzen bada, esleitutako diru-laguntza aldatuko da hori emateko deialdi honetan ezarritako irizpideei eta mugei jarraiki; betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxienezko eskakizunak betetzen badira.

2.– Deialdi honetako 2. artikuluaren 3.1.3. lerrokadan eta 2.1. artikuluaren f) paragrafoan zehaztutako gutxienez kontratatu beharreko kolektibo jakin batzuetako pertsona-kopuruari dagozkion betekizunak bete ezean, emandako laguntzaren zenbatekoa aldatu egingo da diruz lagunduko den kontratatu beharreko pertsona-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte.

Halaber, diru-laguntza aldatu egingo da deialdi honetako 2. artikuluaren 3.2.5 lerrokadan zehaztutako kasuan, horretan adierazitako baldintzen arabera.

3.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

13. artikulua.– Babesa.

1.– Erakunde onuradunek espresuki adierazi beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Horretarako, honako baldintza hauek beteko dituzte:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatuko ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, horietara gonbidatuta, ekitaldi horiek egin aurretik. Erakunde onuradunek ekitaldi horiek ez jakinaraztea, dirua itzultzeko arrazoi izan daiteke, emandako laguntzaren % 10 erretiratzea eraginez. Laguntza osoa ere kendu ahalko da arau-haustea berriz eginez gero. Ekintza edo jakinarazpen guztietan agertuko beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren identifikazio grafikoa.

b) Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu beharko dituzte onuradunak eta euskal herritarrak, oro har, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekarpenaz ohartu daitezen.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako zenbatekoen onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, jaso beharreko zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dutela eta, hala dagokionean, jasotako kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiotela adieraziko duena. Kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako legezko interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzekoan. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen bada, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendari Nagusiak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egoki irizten dituen alegazioak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Behin alegazioak jasotakoan, edo horrelakorik aurkeztu ez bada ere epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendari Nagusiaren ebazpen baten bidez. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.

3.– Ez-betetzeren bat dagoela ulertzen badu prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galaraziko du, eta, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra ezarriko du; itzultzeko epea bi hilabetekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

16. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren, 2012ko urriaren 10ekoaren, bidez dago araututa.

Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Gasteiz).

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala