Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2015eko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1461

AGINDUA, 2015eko martxoaren 27koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, Donostiako eskualde-egituraren lurraldearen antolamendurako zatiko planaren agiri berrituari hasierako onespena emateko dena (Donostialdea-Bidasoa Beherea).

Euskadiko eskualde-egituren lurraldearen antolamendurako zatiko planak egiteko prozesua modu efektiboan abian jarri zen otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen antolamenduko artezbideak onetsi zirenean. Prozesu hori, Gipuzkoako eskualde-egituretarako, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia ari dira garatzen, batera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako maiatzaren 31ko 4/1990 Legean xedatutakoaren arabera, Donostiako eskualde-egituraren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) lurraldearen antolamendurako zatiko planaren formulazioa hasi zen, eta orduko Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren 2008ko abenduaren 12ko Aginduaren bitartez onetsi ziren plan hori egiteko irizpideak, helburuak eta soluzio orokorrak. Halaber, irizpide, helburu eta soluzio orokor horiek ezarri ziren, baita ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluaren 2009ko martxoaren 3ko Erabakiaren bidez.

Donostiako eskualde-egituraren lurraldearen antolamendurako zatiko planak udal-mugarte hauek hartzen ditu: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil.

2010eko uztailaren 16an, agindua eman zuen orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, eta, agindu horren bidez, hasieran onetsi zuen Donostiako eskualde-egituraren lurraldearen antolamendurako zatiko plana (Donostialdea-Bidasoa Beherea). Agindu horrek xedatutakoaren arabera, lurraldearen antolamendurako zatiko plan horrek jendaurreko informazio-erakustaldiaren eta entzunaldiaren izapideak bete behar zituen. Izapide horiek, geroago, 2011ko urtarrilaren 20ra arte luzatu ziren, aipatutako sailburuak 2010eko azaroaren 19an horretarako emandako Aginduaren bidez.

Hasieran onetsitako agiriari egin zaizkion alegazioak, oharrak eta iradokizunak aztertu ostean, gogoeta-prozesua egin da, aldi berean lurraldearen antolamenduko artezbideen oinarrizko zehaztapen batzuk berrikusita; horiek lehentasuna ematen diete dentsifikazioari eta birgaitzeari, hiri-hedatzearen aurrean. Horren guztiaren ondorioz, lurraldea antolatzeko irizpide berriak ezarri behar izan dira lurraldearen antolamendurako zatiko planean. Egin den agiri berrituak aldaketa garrantzitsu hauek ditu hasieran onetsi zen aurreko agiriarekin alderatuta:

1.– Honako hauek eraikitzea ezetsi egiten da: Pasaiako kanpoko portua, errepidea eta trenbidea erabilita portu horretara iristeko sarbideak eta aireportuaren handitzea.

2.– Errepideko garraioaren mugigarritasun-eredua aldatu egiten da, eta beste bizikidetza-eredu bat proposatzen da eskualde-egiturako agitazio-trafikoaren eta ibilbide luzeko trafikoaren artean, batez ere Iberiar penintsula - Gainerako Europa ardatzean, aurreko agiriaren eredu desberdinduarekin alderatuta. Horrek, batez ere, Behobiarainoko bigarren gerrikoa luzatzeko proposamena kentzea dakar.

3.– Ingurune fisikoaren antolamenduaren egitura orokorra sendotu egiten da lurralde-antolamenduaren ereduan, eta landa-habitatzat hartzeko babes bereziko lurzoruen lurralde-garrantzia areagotu egiten da. Izan ere, etorkizunean balizko hirigintza-okupazioaren aukera zuten lurralde-erreserba modura jasota zeuden eremu asko lurzoru horiei gehitu zaizkie.

4.– Berariaz sortzen da, gainjarritako antolamendu figura berri modura, nekazaritzako eta abeltzaintzako esparru estrategikoen kategoria, ingurune fisikoaren antolamenduaren barruan.

5.– Agiria eguneratzen da duela gutxi onetsi diren udal planteamendu berrien arabera, eta agiria doitu ere egiten da, ildo horretan jasotako zenbait alegaziorekin bat etorrita.

6.– Murriztu egingo dira bizitegi-parkea kuantifikatzeko parametroak eta ekonomia-jardueretarako lurzoruaren neurriaren parametroak, lurraldearen antolamenduko artezbideak berrikusteko prozesuan hartutako lurralde-politikako irizpideekin bat etorrita, hiri-egituren dentsifikazioa eta birgaitzea sustatzeko, hiri-hedatzearen estrategiaren aurrean.

7.– Beste aldaketa batzuk ere egingo dira, prozesu honetan izandako erakunde-batzarren eta alegazioen ondorioz.

Donostiako eskualde-egituraren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) lurraldearen antolamendurako zatiko planaren agiri berrituan jasotako aldaketa horiek guztiak direla-eta, beharrezkotzat jo da hasierako beste onespen bat egitea, eta, ondorioz, jendaurreko informazio-erakustaldiaren eta entzunaldiaren beste izapide bat egitea.

Donostiako eskualde-egituraren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) lurraldearen antolamendurako zatiko planaren agiri berrituaren gaur egungo edukia behar bezala sartuta dago lurraldearen antolamenduko artezbideen lurralde-esparruan. Halaber, zehaztapen egokiak ezartzen ditu eta lurraldearen antolamendurako zatiko plan bat osatzen duten beharrezko agiriak gehitzen ditu, hau da, memoria, planoak, antolamendu-arauak, azterlan ekonomiko finantzarioa eta egikaritze-programa. Era berean, ingurumen-eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlana ere jasotzen du; hori ere ildo berean aldatu da.

Halaber, txosten sektorial hauek eskatu dira 2015eko urtarrilaren 29an:

Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen 112. eta 117.1. artikuluetan aurrez ikusitako txostena.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2003 Errege Dekretuko 11.2 artikuluan jasotako txostena, zonakatze akustikoaren, kalitate helburuen eta igorpen akustikoen inguruan. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari zein Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuari eskatu zaie txosten hori.

Uren Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 20. eta 128.3. artikuluetan jasotako txostena.

Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorraren 26.2. artikuluan jasotako txostena.

Apirilaren 26ko 297/2013 Errege Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak idatzitako bigarren xedapen gehigarrian jasotako txostena. Dekretu horrek aldatu egiten ditu zortasun aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretua eta interes orokorreko aireportuen eta haien zerbitzu-eremuaren antolaketari buruzko abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretua.

Lurzoruaren Legearen Testu Bategina onesten duen ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasotako txostena.

Bere aldetik, ingurumen-izapidetzearekin lotuta, Ingurumen Sailburuordetzaren 2008ko irailaren 24ko ebazpenaren bitartez, ingurumen-eraginaren ebaluazio bateraturako erreferentziazko agiria egin zen, eta, geroago, sailburuordetza horren 2010eko uztailaren 12ko ebazpenaren bitartez, Donostiako eskualde-egituraren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) lurraldearen antolamendurako zatiko planaren ingurumen-eraginaren aurretxostena. Hala ere, Donostiako eskualde-egituraren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) lurraldearen antolamendurako zatiko planaren agiri berrituan zein horren ingurumen-eraginaren ebaluazio bateratuan sartu diren aipatutako aldaketa garrantzitsuak direla-eta, agiri horiek ingurumen-organora bidali dira 2015eko urtarrilaren 29an, horren berri izan dezan.

Azkenik, 2015eko otsailaren 18an, 2/2015 osoko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.5. artikuluan jasotako lege-izapidea bete da. Hori dela bide, Donostiako eskualde-egituraren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) lurraldearen antolamendurako zatiko planaren agiri berrituari buruzko txostena egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak. Aldeko txostena eman zaio, hasieran onetsi baino lehen. Halaber, txosten hori Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari bidali zaio, hasieran onets dezan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legearen 13. artikuluan aurrez ikusitako jendaurreko informazio-erakustaldiaren eta entzunaldiaren izapideak egin ditzan.

Donostiako eskualde-egituraren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) lurraldearen antolamendurako zatiko planaren agiri berritua egiteko fasea amaitu ostean, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sail honen kargura egonik hori formulatzea, bidezkoa da agiri berritu horri hasierako onespena ematea eta espedientearen izapidetzea bultzatzea. Edonola ere, lurraldearen antolamendurako zatiko planak onesteko Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legean jasotako prozedurari jarraituko zaio.

Aplikatu beharreko legeria aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Hasieran onestea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak egin duen Donostiako eskualde-egituraren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) lurraldearen antolamendurako zatiko planaren agiri berritua.

Bigarrena.– Donostiako eskualde-egituraren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) lurraldearen antolamendurako zatiko planaren agiri berritua jendaurrean jartzea, korporazio, elkarte eta partikular interesdunek alegazioak egin ahal izan ditzaten 2015eko irailaren 15era arte. Iragarkia honako hauetan argitaratu beharko da: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta, gutxienez, autonomia-erkidegoan hedapenik handienetakoa duten egunkarietako bitan.

Epe horretan, lurraldearen antolamendurako zatiko planaren agiri berritua ikusgai egongo da toki hauetan, aztertu ahal izateko:

Ingurumen eta Lurralde Politika Saila.

Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritza.

Donostia kalea 1, 2.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Gipuzkoako Lurralde Bulegoa.

Infanta Kristina kalea, 11.

20008 Donostia.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren web-orrialdean, eta Irekia komunikazio-kanalean www.irekia.euskadi.eus

Hirugarrena.– Jendaurreko informazio-erakustaldiarekin batera, entzunaldia ematea interesa duten lurralde-administrazio publiko guztiei, egokitzat jotzen dituzten oharrak eta iradokizunak egiteko aukera izan dezaten, 2015eko irailaren 15era arte.

Erabaki hau ezin da errekurritu, lurraldearen antolamendurako zatiko plana behin betiko onesteko prozeduraren baitako izapidea delako.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 27a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala