Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2015eko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
1452

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 27koa, Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearena, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako Oinarrizko Eskalako Agentearen eta Agente Lehenaren kategorietako zein Ikuskapen Eskalako Ofizialondokoaren eta Ofizialaren kategorietako lanpostuak, merezimendu lehiaketa orokorraren sistemaren bidez hornitu beharrekoak, betetzeko deialdia onartzen eta argitaratzen duena (C109).

Ertzaintzaren egitura zein egun indarrean dagoen lanpostu-zerrenda aintzat hartuta eta gai honi buruz emandako epaiak betearaziz, batik bat, EAEko Auzitegi Nagusiaren 271/2014 epaia, 272/2013 apelazio errekurtsoari emandakoa, eta egon dauden langile-premiei erantzun nahian, merezimendu lehiaketaren bidez hornitu beharreko Ertzaintzaren egiturako lanpostu hutsak, aurrekontuetan diru-hornidura dutenak, betetzeko deialdia egiten da.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2015eko martxoaren 20ko Ebazpenaren bidez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 14. artikuluaren babesean, erabaki da gaur deitzen den prozeduraren xede diren Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agentearen eta Agente Lehenaren kategorietako zein Ikuskapen Eskalako Ofizialondokoaren eta Ofizialaren kategorietako lanpostuak merezimendu lehiaketa orokorraren bidez (C109) esleitzeko eskumena bereganatzea goragokoak; izan ere, Giza Baliabideen Zuzendaritzarena da eskumen hori, oro har, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko Dekretuaren 12.2.a.7 artikulua oinarri hartuta.

Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 9. artikuluak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari emandako eskumenen babesean, eta goragokoak eskumenak bereganatzeari buruzko 2015eko martxoaren 20ko Ebazpena betearaziz, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 103. artikuluan aurreikusten den Mahaiak 2015eko otsailaren 26ko eta martxoaren 25eko bileretan negoziatzeko egindako deiaren ondoren, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak, merezimendu lehiaketa orokorraren (C109) sistemaren bidez hornitu beharrekoak, behin betiko betetzeko deialdia onartzea eta argitaratzea, 1. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Bigarrena.– 1.– Honako hauek dira deialdi honen bidez beteko diren lanpostuak:

a) Bigarren jarduerako administrazio egoeran bete daitezkeen Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, ebazpen honen 2. eranskinean zerrendatuta daudenak.

b) Merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez (espezialitate-betekizunarekin zein hori gabe) hornitu behar diren Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, ebazpen honen 3. eranskinean zerrendatuta daudenak.

c) Aurreko eranskinetan zerrendatutako lanpostuei dagozkien esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak, bai eta aipatutako eranskinetan asteriskoarekin (*) identifikatzen diren kodeetan hutsik geratzen direnak ere.

2.– Bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete ditzaketen lanpostuen artean betetzen ez direnak aintzat hartuta, neurri horretan handituko da 3. eranskinean deitutako lanpostu kopurua.

Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari kalterik egin gabe.

2.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuko da, behin betiko atxikipenak ebazten dituen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den balizko inpugnazioak edo errekurtsoak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.

Laugarrena.– 1.– Prozeduraren kudeaketan, hautagaiak beren lanbide zenbakiaren bidez identifikatuko dira eta datu pertsonalen tratamendua Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileriaren Kudeaketa Integratuko fitxategian egingo da. Datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, idazki bat zuzendu beharko zaio Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari, fitxategiaren arduraduna den administrazio organoari, alegia (Larrauri Mendotxe bidea, 18, 48950 – Erandio, Bizkaia).

2.– Prozedura honetatik ondorioztatzen diren datu guztiak aipatutako fitxategian sartuko dira, hautaketa prozesu honetan aplikatu behar den araudian aurreikusitakoa betetzeko.

Bosgarrena.– Aurreikusi ez diren gauzetarako, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, aplikatu beharko da.

Seigarrena.– Interesdunek administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen honen eta bere oinarrien aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Segurtasun sailburuaren aurrean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 107., 114. eta 115. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 27a.

Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea,

JOSEBA IÑAKI GURTUBAI ARTETXE.

1. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Honako deialdian parte hartu ahal izango dute eskainitako lanpostuak bete ahal izateko lanpostuen zerrendan eskatzen eta xedatzen diren baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, baldin eta jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko lan-utzialdian eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 82. artikuluan jasotako lan-utzialdian badaude. Jarduneko zerbitzuko egoerara aipatutako legearen 89.2 artikuluan jasotako moduan bueltatzen diren funtzionarioek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Halaber, jarduneko zerbitzura deialdi honetan jasotako prozeduren bidez bueltatuz gero, honakoek ere parte hartu ahal izango dute: derrigorrezko lan-utzialdiko egoeran dauden edo bestelako Administrazio Publikoetan zerbitzu ematen duten pertsonek, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 63. artikuluan xedatutakoa betez birgaitutako pertsonek, sei hilabete baino gehiagoz zigortuta egon direnek, eta borondatezko lan-utzialdian dauden gainerakoek, betiere halako egoeretarako xedatutako egonaldi-epea bete baldin badute.

3.– Bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek ebazpen honen 2. eranskinean zerrendatutako lanpostuak soilik eskatu ahalko dituzte.

4.– Deialdi honetan parte hartu behar dute eta merezimenduen lehiaketaren bidez hornitzen diren lanpostu huts guztiak eskatu, dagokien kategoriaren arabera hornitu ahal badituzte, Ertzaintzako karrerako funtzionario hauek:

a) Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 39.5 artikuluan eta Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntzari buruzko Araudia onartzen duen 315/1994 Dekretuaren 54.2 artikuluan xedatutako irizpide eta balditzen arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak deitutako edo/eta emandako espezializazio-ikastaroa gainditu duten (eskainitako lanpostuak bete ahal izateko betekizunetako bat izanik), espezialitate horretan gutxieneko iraute denbora bete ez duten eta ikastaro hori espezialitate-betekizun moduan xedatuta duen lanpostu bati behin betiko atxikita ez dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek deialdi honetan parte hartu beharko dute.

Betebehar hori betetzen ez dutenak behin betiko, eta derrigorrez, atxiki ahalko dira dagokion espezialitatearekin hutsik geratzen diren lanpostuei, eta ez dute inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango.

Funtzionarioren batek espezialitate bat baino gehiago badu, aurreko ataletan xedatutako betebeharra lortutako azken espezialitateari buruzkoa dela ulertuko da.

Gutxieneko iraute denboraren zenbaketa hasi egingo da funtzionarioak okupatuko duen lanpostuari exijitzen zaion espezialitatea egiaztatuta duen unetik aurrera, non eta Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko Agindua, lanpostu-zerrenda aldatzen duena, indarrean jarri aurretik ez badu beteta.

Zenbaketa horretan sartuko dira unitate arteko kategoria goragoko eginkizunetan egindako epealdiak, nahiz eta lanpostu horiek espezialitate-betekizunik ez izan.

b) Lanpostu bati behin-behinean atxikita dauden Ertzaintzaren karrerako funtzionarioek. Betebehar hori betetzen ez dutenak behin betiko, eta derrigorrez, atxiki ahalko dira hutsik geratzen diren lanpostuei, eta ez dute inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango.

5.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu:

a) Arau-hauste larria edo oso larria egin izanagatik eginkizun-gabetze irmoaren administrazio egoeran daudenek, egoera horretan dauden bitartean.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubidearen Arautegiaren 15. artikuluan xedatu bezala, lekualdaketaren bidez zigortu direnek.

c) Interes partikularragatiko borondatezko lan-utzialdian daudenek, baldin eta ez badute egoera horretan eman indarrean dagoen araudiak eskatutako gutxieneko denbora.

d) Gutxieneko iraute denbora berezia eskatzen duen lanpostu baten behin betiko esleipendunek, baldin eta ez badute epe hori bete (inguruabar hori lanpostuari uko egin eta organo eskudunak onartu izanaren ondoriozkoa denean izan ezik), bestearen iraute denbora eta izaera berberak dituen beste lanpostu batzuk lortzeko asmoa baldin badute, edo barne-igoera prozesu bidez lanpostua galtzea dakarren beste maila batera igo badira, kategoria berrian iraute denbora eta izaera berberak dituzten lanpostu hutsak daudenean izan ezik; azken kasu horretan, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 5.3 artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da.

e) Deialdi honen aurreko bi urteetan merezimenduen lehiaketaren bidez destinoaz jabetu direnek bakarrik parte hartu ahal izango dute izendapen askearen sistemaren bidez hornitu beharreko plazak eskatuz.

Muga hori ez zaie ezarriko deialdi honen aurreko bi urteetan merezimenduen lehiaketaren bidez destinoaz jabetu direnen artean gaur egun behin-behinean atxikita dauden pertsonei, salbu eta atxikipen modu hau lanpostuari uko egitetik (organo eskudunak onartuta) ondorioztatzen bada.

6.– Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 71.2 artikuluan xedatutakoak lehentasunezko eskubidea aitortzen dien Ertzaintzako karrerako funtzionarioek deialdi honetan eta behin bakarrik erabili ahal izango dute eskubide hori, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren hirugarren xedapen iragankorrak jasotakoaren arabera.

7.– Eskainitako lanpostuak betetzeko behar diren espezialitate-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emanak edo baliozkotuak izan beharko dira, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntzari buruzko Araudian xedatutakoaren arabera.

8.– Merezimenduak baloratzeko orduan eskaerak aurkezteko epearen amaiera-data hartuko da kontuan, eta horixe bera izango da eskatzen diren betekizunak betetzeko erreferentzia-epea. Aipatutakoa ez da aplikagarria euskara-mailari dagokionez; kasu horretan, erreferentzia-data atzeratu egingo da bete nahi den lanpostuak ezarrita duen hizkuntza gaitasuna egiaztatzeko proba egiteko xedatzen den egunera arte, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2015eko otsailaren 17ko Ebazpenak, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara deia egiten duenak, jasotako deialdiari jarraiki (EHAA 33. zk., otsailaren 18koa).

9.– Deialdian parte hartzeko betekizunak betetzen diren ofizioz egiaztatuko da, baita merezimendu orokorrak ofizioz balioetsi ere, Segurtasun Sailak kudeatzen dituen langileen datu-baseetan ageri diren datuak aintzat hartuta.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2015eko apirilaren 30era arte izango da, azken egun hori barne.

2.– Honako deialdian parte hartzeko eskaera 4. eranskinean jasota dagoen eskabide-eredu normalizatua erabilita egingo da, eta eskatutako lanpostuak zein diren zehaztu beharko dute bertan. Lanpostu bat baino gehiago eskatuz gero, horien lehentasun-hurrenkera zehaztu beharko dute.

3.– Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaerak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

Hirugarrena.– Prozeduraren balorazioa.

1.– Merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornituko diren lanpostuak esleitzeko prozedura merezimendu orokorren balorazioan datza.

2.– Merezimendu orokorrak baloratzeko, Segurtasuneko sailburuaren 2015eko otsailaren 24ko Aginduan, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agentearen eta Agente Lehenaren kategorietan zein Ikuskapen Eskalako Ofizialondokoaren eta Ofizialaren kategorietan sartzeko lanpostu hutsak merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko merezimenduen baterako eta banakako baremoa onartzen duenean (EHAA 42. zk., martxoaren 3koa), ezarritako merezimendu baremoa aplikatuko da.

Laugarrena.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozedurako esleipen faseak.

1.– Deialdi honen xede diren lanpostuen esleipena egiteko faseak bata bestearen atzetik joango dira eta preklusiboak izango dira. Hurrenkera hauxe izango da:

1.1.– Lehenik eta behin, bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete ditzaketen lanpostuak esleituko dira. Lehenengo azpi-fasean parte hartuko dute soilik prozesua gainditu dutenek eta horietatik deialdiko onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean lehentasunezko esleipen eskubidea aitortuta dutenek. Eta bigarren azpifasean, prozesua gainditu duten gainerako hautagaiek parte hartuko dute.

1.2.– Ondoren, merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuen esleipena egingo da, eskainitako lanpostuak betetzeko behar den espezializazio-ikastaroa gainditu duten funtzionarioei dagozkien betebeharrak kontuan izanik, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legean jasotako eta deialdi honetako onartuen eta baztertuen ebazpenean aitortutako lehentasun-eskubideak kontuan izanik. Lehenengo azpi-fasean parte hartuko dute soilik prozesua gainditu dutenek eta horietatik deialdiko onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean lehentasunezko esleipen eskubidea aitortuta dutenek. Eta bigarren azpifasean, prozesua gainditu duten gainerako hautagaiek parte hartuko dute.

Era berean, betekizun berberekin eta jada egindako esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak esleituko dira.

1.3.– Azkenik, behin-behineko atxikipenaz lanposturik esleitu ez zaien Ertzaintzako karrerako funtzionarioei behin betiko eta derrigorrez esleitu egingo zaizkie esleitu gabe geratzen diren lanpostuak, merezimenduen lehiaketaren sistemaren bidez hornitu beharrekoak, lanpostuen zerrendan azaldutako hurrenkera betez. Esleipen horrek ez du sorraraziko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik.

2.– Fase batean esleitzen diren lanpostuak ez dira hurrengo faseetan hornituko. Hala, fase batean lanpostu baten esleipendun direnek ezin izango diote esleitutako lanpostuari uko egin, ezta deialdiko lanpostuen esleipen prozesuan jarraitu ere. Horregatik, ulertu beharko da, hurrengo faseetan lanposturen baten esleipendun suertatzen baldin badira, eskaerei uko egiten dietela.

3.– Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data iraungita duten zuzkidurak betekizun hori egiaztatuta duten interesdunei esleituko zaizkie.

4.– Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak, izendapen askearen eta berariazko merezimendu lehiaketaren sistemen bidez hornitu beharrekoak, betetzeko Segurtasuneko sailburuordearen eta Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen 2015eko martxoaren 27ko baterako ebazpenaren bidez deitutako prozesuetan lanpostu baten behin betiko esleipendun direnek honako deialdi honetan parte hartzeari uko egiten diotela ulertuko da.

Bosgarrena.– Balorazio Batzordea.

1.– Hautaketa prozedura baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Haren osaera Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudian xedatutakoaren araberakoa izango da.

2.– Balorazio Batzordeak prozedura honetako merezimendu orokorrak baloratzeko ardura izango du, eta honako hauek dagozkio:

a) Prozeduraren objektibotasunaren arduradun den heinean, deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatzea eta, hala dagokionean, araudian dauden hutsuneak osatzeko eta horiek aplikatzean azaleratzen diren kontraesanak kentzeko behar diren akordioak hartzea.

b) Merezimendu orokorrak baloratzea edo zeregin hori egoki deritzon pertsonaren esku uztea; horretarako hartuko dituzte Gurenet atarian argitaratuko diren behin-behineko akordioak; interesdunek bost (5) egun balioduneko epea izango dute horien aurkako inpugnazioak egiteko, eta batzordeak arduratuko dira inpugnazio horiez.

c) Puntuaziorik altuena lortu duten hautagaiak proposatzea eta, deitutako lanpostu kopurua eta hirugarren oinarrian xedatutakoaren araberako esleipen-proposamenen ondorioz hutsik gelditu diren lanpostuak aintzat hartuta, puntuaziorik altuena lortu duten hautagaiei lanpostuak esleitzeko proposamena Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari aurkeztea, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legean aurreikusitako lehentasun-eskubideei kalterik eragin gabe.

3.– Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpenaren bidez, jakinaraziko da Balorazio Batzordeko kideen eta horien ordezkoen izendapena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jarritako iragarki baten bidez jakinaraziko da izendapen horiek noiz argitaratuko diren Gurenet atarian. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den balizko inpugnazioak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.

4.– Balorazio Batzordeko kideek ezingo dute esku hartu Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean halako kasuetarako jasotako inguruabarrak ematen direnean; hori gertatzekotan organo eskudunari jakinarazi beharko zaio, eta hautagaiek errefusatu egin ditzakete.

5.– Balorazio Batzordearen erabakiak bertaratuen botoen gehiengo bidez hartuko dira, eta berdinketarik egonez gero, batzordeburu lanak egiten dituenak ebatziko du; batzordeburu titularra edo horren ordezkoa bertaratu ezean, adinez nagusiena den batzordekideak ordezkatuko du.

6.– Balorazio Batzordea ezingo da eratu, eta ezingo du jardun, kideen erdia baino gehiago, idazkaria barne, bertaratzen ez bada; gainera, deialdia egin duen agintaritzari adituak eskatu ahal izango zaizkio aholkulari gisa, eta horiek ahotsa izango duten arren, ez dute botorik edukiko.

7.– Balorazio Batzordean parte hartzeak legez aurreikusitako kalte-ordainak jasotzeko bidea emango du.

Seigarrena.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozedurako izendapenak eta ebazpena.

1.– Merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornitu behar diren lanpostuak Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko dira. Ebazpena prozedura honetan ezarritakoaren arabera argitaratuko dira.

2.– Lanpostu horiek esleitzen zaizkien funtzionarioek ezingo diote lanpostuari uko egin, eta ezingo dute lanpostuaz jabetu ondorengo bi urteetan deitzen diren lehiaketetan parte hartu, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legeko 69.3 artikuluan eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 14.2 artikuluan xedatutako kasuetan salbu. Esleipen horiek borondatezkotzat hartuko dira eta, beraz, ez dute sorraraziko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik.

3.– Lanpostua lehiaketa bidez lortzen duten funtzionarioak beren postuetatik kendu ahal izango dira Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.4 artikuluan eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 15. artikuluan xedatutako legez.

4.– Era berean, bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete ahal dituzten lanpostuen azken zuzkiduren esleipendun diren funtzionarioak lanpostu horietatik kendu ahal dira, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.5 artikuluan eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 15.4 artikuluan ezarritako moduan. Horren berri emango zaie beren-beregi eta zuzenean.

Zazpigarrena.– Deialdia ebazteko epea.

Deialdi hau ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoko egunetik aurrera zenbatuta. Halere, epe hori luzatu ahal izango da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 49. artikuluan xedatutakoa kontuan izanik.

Zortzigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

Deialdi honen bidez hornitu beharreko lanpostuez jabetzeko prozesua deialdia erabakiko duen ebazpenak arautuko du eta ez du sorraraziko inolako baimenik edo lizentziarik.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala