Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2015eko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1447

AGINDUA, 2015eko martxoaren 16koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien kontrola eta erregistroa arautzen dituena.

Eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriari buruzko abenduaren 9ko 226/2014 Dekretuak eguneratu egin du eraikin eraiki berrien eraginkortasun energetikoaren arloan indarrean izan den Autonomia Erkidegoko arautegia, hain justu ere, eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzeko apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren bidez Estatuan sartu diren aldaketetara egokitzeko xedez.

Dekretu horrek aurreko arautegia indargabetzen du eta, Estatuko eta Europako Erkidegoko eskakizunekin bat etorriz, lehendik dauden eraikinetara ere zabaltzen du bere aplikazio-eremua. Hain zuzen ere, azaroaren 22ko 240/2011 Dekretua indargabetzen du, bai eta dekretu hori garatzen zuten 2012ko abenduaren 12ko Agindua eta 2013ko apirilaren 2ko Agindua, zeinen bidez kanpo-kontrola eta eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien erregistroa arautzen baitziren, hurrenez hurren.

Dekretu berriak bai kontrol-prozedura bai erregistroa definituko duten garapen-xedapenak aipatzen ditu, eta, horren babesean, Agindu honen xedea da testu bakar batean jasotzea kontrol-prozedurarako zein erregistrorako beharrezkoak diren preskripzioak.

Agindu honen I. kapituluan eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrola arautzen da, ziurtagirian azaltzen diren datuak egiazkoak diren, prozedura betetzen den eta lortutako kalifikazio energetikoa zuzena den egiaztatzeko xedez.

Horrela, bada, alde batetik, arautzen da akreditatutako agenteek zer baldintza bete behar dituzten –dagokien araugintza esparruan behar bezala akreditatuta egongo diren entitate edo erakundeak izango baitira–, bai eta, lan hori egitean, zer eskubide eta betebehar izango dituzten ere. Beste alde batetik, kontrola gauzatzeko erabiliko den mekanismoa ere zehazten da, bai proiektuaren ziurtagiria kontrolatzeko mekanismoa, bai bukatutako erakinaren eta lehendik dagoen eraikinaren ziurtagiria kontrolatzeko mekanismoa, eta zehaztuko da zer eduki izan behar duen kontrolaren txostenak, eta txosten horiek aurkakoak badira, erreklamatzeko modua ere zehazten da.

II. kapituluan, eraikinen Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatzeko prozedura arautzen da, bai eta haren izapidetze elektronikoa ere; halaber, bertan dagoen informaziorako irispidea nola izan zehazten da.

Erregistroaren publikotasuna arautuz, bi helburu bete nahi dira: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan emandako ziurtagirien kontrol administratiboa hobetzea, eta, bestetik, erabiltzaileek informazio guztira irispide erraza izateko modua izatea.

Bigarren helburu horri dagokionez, agindu honek –Herritarrek zerbitzu publikoetara irispide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean ezarritako sinplifikatze- eta arintze-printzipioei jarraituz– informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez erregistrora irispidea izateko prozedura bat arautzen du, betiere inskripzio- eta informazio-eskaerak bide telematiko eta elektronikoen bidez izapidetzea errazte aldera.

Era berean, izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakora egokitzen da.

Azkenik, agindu honek bete egiten ditu erabili beharreko eta erregistroan bildu beharreko izaera pertsonaleko datuak babesteko beharrezko diren prezeptuak eta baldintzak, betiere honako hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean, eta datu pertsonalen tratamenduari buruz aplikatzekoak diren gainerako arauetan.

Azaldutakoa kontuan izanik, abenduaren 9ko 226/2014 Dekretuarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuak emandako eskumena baliatuta, eta Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeari entzunda, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriari buruzko abenduaren 9ko 226/2014 Dekretuarekin bat etorriz, agindu honek, dagozkion kasuetan, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrola arautzen du, bai eta ziurtagirien erregistroa ere.

I. KAPITULUA
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ZIURTAGIRIEN KONTROLA

2. artikulua.– Kontrolaren kontzeptua eta eragina.

1.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrolak honako hauek egiaztatzen ditu: ziurtagirietan emandako datuak zehatzak diren, prozedura betetzen den eta aplikatutako kalkulu metodologiaren arabera esleitutako kalifikazio energetikoa egokia den, eta, kasuaren arabera, kalifikazio hori onartzen duen ala ez.

2.– Kontrolaren derrigortasuna zehazteko, energia primarioko kontsumoaren kalifikazioa izango da kontuan, eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Hain zuzen ere, eraginkortasun energetikoaren ziurtagirian energia primarioko kontsumoaren kalifikazioa A, B edo C duten guztientzat kontrola nahitaezkoa izango da.

3.– Agindu honetan, eraikin berriei edo lehendik daudenei erreferentzia egiten zaienean, eraikin horien zatiei ere egiten zaiela ulertuko da, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren 1.3.g) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. artikulua.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola.

1.– Honako agente akreditatuetako batek egingo du eraikin eraiki berrien eta lehendik dauden eraikinen –bizitegitarako erabilerarik ez dutenena– eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola:

– Eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuan ezarritako kontrolaren esparruan gaitu diren erakundeek, baldin eta akreditatzeko erakunde batek aurretiaz akreditatu badituzte, kalitate eta segurtasun industrialerako azpiegiturari buruzko araudia onartzen duen abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuan ezarritako moduan.

– Eraikinaren kalitate-kontrolerako erakundeek, baldin eta haien jardueretako bat martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretuan exijitutako baldintzak betetzen dituzten eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria ikuskatzea bada. 410/2010 Errege Dekretuaren bidez, eraikinen kalitate-kontrolerako erakundeek eta entsegu-laborategiek eraikinen kalitate-kontrolerako bete beharreko baldintzak garatzen dira.

– Eraikuntza Kalitatearen Kontrolerako Laborategiak –Eusko Jaurlaritzan etxebizitza eskumenak dituen sailaren menpe dago–.

2.– Lehendik dauden eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola –bizitegi-erabilera dutenena–, energia arloan eskumena duen saileko lurralde-ordezkaritzek egingo dute, hartara eragotzi gabe artikulu honen 3. artikuluan administrazio publikoek okupatzen dituzten eraikinetarako ezarritakoa.

3.– Lehendik dauden eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola –administrazio publikoenak diren eta administrazio publikoek okupatzen dituztenena– administrazio horien edozein zerbitzutako teknikari eskumendunek egin ahal izango dute. Eraikin horiek apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian aipatzen dira.

4. artikulua.– Agente akreditatuen betebeharrak.

Agente akreditatuek laguntza teknikoa eman beharko dute, eta beren jardueraren emaitzak helarazi beharko dizkiote lan hori egiteko eskatu dienari, eta beren lanen eta emaitzen zuzeneko erantzukizuna izango dute.

5. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

1.– Independentzia-, inpartzialtasun- eta zuzentasun-printzipioen menpe egongo dira agente akreditatuak.

2.– Nolanahi ere, agenteen eta beren menpeko langileen jarduerak bateraezinak dira beste edozein lotura tekniko, komertzial edo finantzariorekin, edo bestelakoekin, baldin eta lotura horiek beren independentzian eragiten badute edo eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriak kontrolatzeko jardueren emaitzetan eragina badute.

3.– Agente akreditatuek beren jarduerak egitean lortutako informazioaren konfidentzialtasuna ziurtatu behar dute.

6. artikulua.– Agente akreditatuen zerrenda.

Energia arloan eskumena duen zuzendaritzak sartuko du eta eguneratuta edukiko du, Interneteko atarian (https://www.euskadi.eus), eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola egiteko agente akreditatuen zerrenda.

7. artikulua.– Bizitegi-erabilerakoak ez diren eraikin berrien edo lehendik dauden eraikinen sustatzaileek edo jabeek dituzten betebeharrak.

1.– Bizitegi-erabilerakoak ez diren eraikin eraiki berrien eta lehendik dauden eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola sustatzaileak edo jabeak eskatuta egingo da, eta haien kontura egingo da.

2.– Sustatzaileak edo jabeak agente akreditatuarekin batera egin behar du lan, eta erraztu egin behar du kontrol lana; eta, batik bat:

a) Kontrolaren enkargua agente akreditatu bati egiten zaionean, bermatuko du enkargu hori eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriari buruzko edozein egiaztapen egiteko moduko epe baten barruan egiten dela.

b) Bermatuko du agente akreditatuak irispidea izango duela eraginkortasun energetikoaren ziurtagirirako garrantzizkoak diren agirietara.

c) Bermatuko du agente akreditatua nahi duenean sartu ahal izango dela eraikinera.

8. artikulua.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola.

1.– Eraikuntza proiektuaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola egiteko, obra-lizentzia eskatu aurretik kontratatu beharko da kontrol hori.

2.– Eraikin bukatuen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola egiteko, lortutako kalifikazioaren emaitzari lotutako elementuen obraratzea baino lehenago kontratatu beharko da kontrol hori, agente akreditatuak obran bertan kontrolatu eta egiaztatu ditzan.

3.– Agente akreditatuak ziurtapen-prozedurari buruzko dokumentazio guztia aztertuko du, eta bere egiaztapen eta balorazioak egingo ditu kalkulu-metodologiaren eta eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko aitortutako agirien aplikazioari buruz; era berean, obraren kalitate-kontrolaren programa eta txostena, eraikuntza-elementuak eta -sistemak eta eraikinaren eraginkortasun energetikoari eragiten dioten instalazioak aztertuko ditu, I. eranskinean ezarritako gutxienekoak kontuan hartuta. Bizitegi-erabilerarako ez den eraikin bukatuaren edo lehendik dagoenaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrola egitean, eraikina bisitatzeaz gain, proba teknikoak eta behar diren neurketak egingo dira.

4.– Prozedura amaitu ondoren, agente akreditatuak kontrolaren txostena emango du, eta txosten hori onartua izango da honako hauek egiaztatzen direnean: ziurtagirian emandako datuak zuzenak direla, prozedura bete dela eta aplikatutako kalkulu-metodologiaren arabera emandako kalifikazio energetikoa egokia dela. Bestela, txostena aurkakoa izango da.

5.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrolaren txostena burutzapen-proiektuan sartuko da, dagokion ziurtagiriarekin batera, eta bukatutako eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrolaren txostena, Eraikinaren Liburuan, eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriarekin batera, urriaren 21eko 250/2003 Dekretuan ezarritako moduan.

9. artikulua.– Proiektuaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrolari buruzko txostenaren edukia.

1.– Proiektuaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrolari buruzko txostenak II. eranskineko ereduarekin bat etorri beharko du, eta kontrolaren emaitza adierazi beharko du. Bertan, nahitaez, honako datu hauek jaso beharko dira:

a) Kontrolatu beharreko ziurtagirian aipatzen den eraikinaren identifikazioa.

b) Kontrolatutako eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren erantzulea identifikatzea.

c) Egindako egiaztapenak deskribatzea, egiaztapen horien data, erabilitako metodoak, aplikatutako prozedurak eta emaitza adierazita. Nolanahi ere, agindu honen I. eranskinean aipatutako prozeduran aipatutakoak ere jaso beharko dira.

d) Egindako kontrolaren erantzulearen izena eta sinadura.

e) Txostena non eta noiz eman den.

2.– Onarpen-txostena bada, eraikinaren jokabide energetikoan eragin nabarmena duten elementuak ere sartu behar dira, bukatutako eraikinaren ziurtagiria lortzeko kontrolatu egin behar baitira.

3.– Txostena aurkakoa bada, bertan balorazio horren justifikazioa sartu behar da nahitaez, bai eta onarpen-txosten bat lortzeko behar diren zuzenketak ere.

10. artikulua.– Bizitegi-erabilerakoa ez den eraikin bukatuaren edo lehendik dagoen eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrolari buruzko txostenaren edukia.

1.– Bizitegi-erabilerakoa ez den eraikin bukatuaren edo lehendik dagoen eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrolari buruzko txostenean emaitza adierazi behar da, eta, bertan, nahitaez, 9.1. artikuluan jasotako datuak azaldu behar dira. Gainera, egindako egiaztapenak jaso beharko dira, eta, horien artean, bukatutako eraikinen kasuan, 9.2 artikuluan adierazitakoak.

2.– Egiaztapenen emaitza kontrol txosten batean agertzen da, II. eranskineko ereduarekin bat etorri beharko duena. Txostena aurkakoa bada, bertan balorazio horren justifikazioa sartu behar da, bai eta onarpen-txosten bat lortzeko behar diren zuzenketak ere.

11. artikulua.– Erreklamazioak.

Energia arloan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpen bidez konponduko dira kanpoko kontrolaren txostenak direla-eta sortzen diren eztabaidak. Ebazpen horren aurka ezin izango da gora jotzeko errekurtsorik jarri.

12. artikulua.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren eguneratzeen kontrola.

Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren eguneratzeak kontrolatu egingo dira, aurreko artikuluetan ezarritako edukia eta prozedura kontuan izanda.

13. artikulua.– Kontrol txostenen erregistro-liburua.

1.– Agente akreditatuak erregistro-liburu bat elikatuko du, eta hor jasoko dira kanpoko kontrolari buruz emandako txosten guztiak, gutxienez informazio hau jasoko dutenak:

– Txosten-zenbakia.

– Eraikina identifikatzea.

– Enkarguaren eta txostenaren data.

– Egiaztapenaren erantzulea den teknikaria identifikatzea.

2.– Era berean, agenteak artxibatuta eduki beharko du txostenen kopia bana, harik eta bost urte igaro arte, txostena eman zenetik.

3.– Erregistro guztiak leku seguruan gorde eta isilpean tratatu behar dira, erregistro horiek kontratatu dituzten pertsonen interesak zaintzeko.

II. KAPITULUA.
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ZIURTAGIRIEN ERREGISTROA

14. artikulua.– Erregistroko inskripzioaren helburua.

Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriak erregistroan inskribatuta, honako helburu hauek bete nahi dira:

a) Eraikinen kalifikazio energetikoari buruzko informazioa argitaratzea.

b) Etiketa Energetikoa eskuratzeko ahalmena ematea.

c) Lan tresna izatea bai administrazioentzat, bai eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriari buruzko 226/2014 Dekretuaren 8. eta 10. artikuluetan aipatzen diren erakundeentzat, hain zuzen ere, eraikinen eraginkortasun energetikoaren arloan aplikagarri diren legeetan ezarritako kontrol- eta ikuskatze-lanak egiteko.

d) Administrazioari laguntzea eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien aplikazio praktikoari buruzko azterlanak, analisiak eta estatistikak egiten, horiek balioko baitute eraginkortasun energetikoaren helburuak hobetuko dituzten neurriak diseinatzeko eta irizpideak finkatzeko.

15. artikulua.– Erregistroan inskribatu beharrekoak.

Erregistroan, honako hauek inskribatuko dira:

a) Proiektuaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria.

b) Bukatutako eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria.

c) Lehendik dagoen eraikinaren edo eraikin horren zati baten eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria.

d) Aurrekoen eguneratzea.

e) Aurreko ziurtagiri guztien inskripzioaren ezeztatzea.

16. artikulua.– Erregistroaren izaera.

Eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien erregistroak informatiboak dira, baina eraikinaren eraginkortasun energetikoari dagokionez bakarrik, eta ez du esan nahi eraikinari eska dakizkiokeen gainerako baldintzak betetzen direnik.

17. artikulua.– Atxikipen organikoa.

1.– Energiaren arloko eskumena duen zuzendaritzara egongo da atxikita eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien erregistroa.

2.– Eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien erregistroa bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidego osorako, eta eskuragarri egongo da egoitza elektroniko honetan: https//www.euskadi.eus

18. artikulua.– Prozedura. Eskaera eta erregistrora irispidea izatea.

1.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria inskribatzeko eskaera eraikinaren edo eraikinaren zati baten sustatzaileak edo jabeak egin ahal izango du, edo, haren izenean, dagokion ziurtagiria sinatzen duenak.

Ziurtagiria sinatu eta 2 hilabeteko epean egin beharko da eskaera hori.

Nolanahi ere, eraikina edo haren zati independente bat erosi edo alokatu baino lehen, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriak behar bezala inskribatuta beharko du erregistroan, hala ezarrita baitago abenduaren 9ko 226/2014 Dekretuaren 12. artikuluan.

2.– Inskribatzeko eskaera elektronikoki aurkeztu beharko da. Horretarako, interesdunek beren burua identifikatu behar dute ziurtagiri elektroniko aitortuaren bitartez, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritako eran.

3.– Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria, hori emateko eskumena duen teknikariak sinatua, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren 1.3.p) artikuluarekin bat etorriz.

b) Ziurtatze energetikoaren prozedurari dagozkion fitxategi informatikoen kopia, hala badagokio.

c) Kontroleko aldeko txostena, agente akreditatu batek emana, baina bakarrik bizitegi-erabilerakoak ez diren proiektu, eraikin bukatu edo lehendik dauden eraikinei dagozkien ziurtagirien kasuan, baldin eta ziurtagiri horietan energia primarioko kontsumoaren kalifikazioa A, B edo C bada.

d) Administrazio publikoen jabetzakoak diren eraikinen edo administrazio publikoek okupatutako eraikinen ziurtagiriak (lehendik daudenenak) inskribatzeko eskaeren kasuan (apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian aipatzen direnak) ez da nahitaezkoa izango kontrol txostena aurkeztea. Dena dela, administrazioak eskuragarri izango du txosten hori, eskatzen badu edo ikuskapenen bat egin nahi badu.

4.– Interesdunek izapideak bide elektronikoz egin ondoren, erregistroak automatikoki emango du hartu-agiria, elektronikoki izenpetua, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritako eran. Hartu-agiriaren mezu hori interesdunak inprimatu eta informatikoki artxibatzeko moduan konfiguratuko da, bai eta erregistroan identitatea bermatzeko moduan ere.

5.– Hartu-agirian honako hauek jasoko dira:

a) Erregistroko zenbaki edo kode indibiduala.

b) Aurkezpen-data.

c) Aurkeztutako eskabidearen kopia. Alde horretatik, onartu egingo da formularioan sartutako datuak hitzez hitz erreproduzitzea.

d) Eskabideari erantsitako agirien zerrenda eta izenak, horietako bakoitzaren hatz-marka elektronikoarekin batera.

19. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Baldin eta aurkezturiko eskabideetan agiriren bat falta edo akatsen bat badago, interesdunei eskatuko zaie hamar eguneko epean zuzen dezatela oker dagoena edo aurkez dezatela beharrezko den dokumentazio guztia. Horretaz gain, adieraziko zaie ezen horrela egiten ez badute, beren eskabidean atzera egin dutela joko dela, betiere egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

– Inskribatu beharreko egintzak edo agiriek forma-akatsak baldin badituzte.

– 18.3 artikuluan eskatzen diren agirietakoren bat aurkeztu ez bada.

– Euskarri digitalean aurkeztutako agiriak eskuratzerik ez badago.

20. artikulua.– Erregistroan inskribatzea eta etiketa.

Agindu honetan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, ziurtagiriak inskribatu egingo dira erregistroan.

Behin ziurtagiria inskribatuta, erregistro-zenbakia jakinaraziko zaio izapidegileari, eta, halaber, adieraziko zaio aurrerantzean eskuragarri izango duela aplikazio informatikoaren bitartez eraginkortasun energetikoaren etiketa.

21. artikulua.– Erregistroko inskripzioak ezabatzea.

Inskripzioak ezabatu egingo dira, egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Inskribatutako ziurtagirien indarraldia bukatu bada.

b) Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eguneratu ez bada, betiere eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriari buruzko abenduaren 9ko 226/2014 Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

c) Zalantzarik gabe egiaztatu baldin bada modu independentean ziurtatutako etxebizitzek, lokalek edo zatiek dagoeneko ez dituztela betetzen eman zitzaien ziurtagiri independentea justifikatzen zuten baldintzak, eta, betiere, hala egiaztatu baldin bada egindako ikuskatzeen bidez, erregistroan aurkeztutako eguneratzeen bidez edo beste edozein arrazoi dela medio.

d) Edozein arrazoi dela eta, ziurtagiria jaso duen eraikina desagertu dela egiaztatu bada.

22. artikulua.– Agirien formatua.

Igorritako agiri informatikoak irakurtzea eta izapidetzea onartuko da, baldin eta organo eskudunak onartuko formatuen arabera bidali badira.

23. artikulua.– Erantzukizuna.

Erabiltzaileek erregistroaren zerbitzuak iruzur egiteko baliatzen badituzte, energia-arloko eskumena duen zuzendaritzak ez du erantzukizunik izango. Alde horretatik, erabiltzaileen erantzukizun esklusiboa izango dira bai administrazio elektronikoaren zerbitzu horietan sartzean euren burua autentifikatzeko beharrezko diren elementuen zaintza, bai beharrezko den konexioaren ezarpena, bai sinadura elektronikoaren erabilera, bai eta horien guztien erabilera desegoki, oker eta arduragabearen ondorioak ere. Erabiltzaileen erantzukizuna izango da, orobat, erregistro elektronikoak hartu-agiri gisa bueltatzen dizkien fitxategiak egoki zaindu eta erabiltzea.

24. artikulua.– Baliabide elektronikoen bidez jakinaraztea.

Baliabide elektronikoen bidezko jakinarazpenak https//www.euskadi.eus egoitza elektronikoan egingo dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, betiere, egintza administratiboen jakinarazpenetarako ezarritako baldintzak beteko dira.

25. artikulua.– Erregistroko informaziorako irispidea Internet bidez izatea.

1.– Interesdun guztiek ikusi ahal izango dute eraginkortasun energetikoaren etiketan jasotako informazioa. Horretarako, izaera pertsonaleko datuak babesteko bermeak bete beharko dira, arlo horretako legedian ezarrita dagoen eran.

2.– Informazioa Interneteko web orrien bidez eskuratu ahal izango da, erregistroaren egoitza informatikoan, eta, orri horietan, gutxienez honako hauek jasoko dira:

a) Ziurtagiria jaso duen eraikin, etxebizitza, lokal edo eraikin-zatiaren identifikazioa.

b) Ziurtagiria eraikin-proiektu batena edo bukatutako edo lehendik dagoen eraikin batena den.

c) Eraginkortasun energetikoaren etiketan azaltzen den kalifikazio energetikoa.

c) Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren indarraldia.

e) Lehendik emandako eraginkortasun energetikoaren beste ziurtagiri baten eguneratzea den.

3.– Web orri horretan, halaber, erregistroan jasotako eraikin, etxebizitza, lokal edo eraikin-zatiei dagozkien idazpen, idatz-ohar eta agirietarako estekak bildu daitezke.

26. artikulua.– Zehapen-erregimena.

Agindu honetan ezarritako betebeharrak bete ezean, zehapena jarri ahal izango da eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriari buruzko 226/2014 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen tratamendua eta datuetara irispidea izateko eskubidea.

1.– Erregistroa titulartasun publikoko fitxategia izango da, honako xedapen hauetan ezarritakoaren ondorioetarako: Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen 1720/2007 Errege Dekretuan eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren ondorioetarako, alegia.

2.– Agindu honetan xedatutakoa aurreko paragrafoan aipatutako legeetan ezarritakoarekin bat etorriz aplikatuko da, bai eta izaera pertsonaleko datuen tratamenduari buruz aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritakoarekin bat etorriz ere.

3.– Halaber, interesdunek urriaren 18ko 308/2005 Dekretuan aitortzen zaizkien eskubideak baliatu ahal izango dituzte –lege horren bitartez, otsailaren 25eko 2/2004 Legea garatzen da–, bai eta izaera pertsonaleko datuak babesteko indarreko arauetan aitortzen diren gainerako eskubideak ere. Alde horretatik, interesdunek, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritako eran identifikatzen badira, espedientea modu elektronikoan eskuratzea izango dute. Espedienteko agiriak, bestalde, eskuragarri egongo dira dekretu horretan eta 308/2005 Dekretuko 6. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako formatu guztietan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Garapena.

Energia-arloko eskumena duen zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau garatu eta aplikatzeko xedapenak emateko, bai eta agindu honetan ezarritako eranskinak aldatzeko ere. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta https//www.euskadi.eus egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

AZKEN XEDAPENEN ARTETIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 16a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala