Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2015eko martxoaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1434

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 25ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; honen bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzen deialdia argitaratzen da. «Lehen Aukera» programa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko administrazio-kontseiluak 2015eko martxoaren 18an egin zuen bileran hartutako Akordioaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko diru-laguntzen deialdia onartu du. «Lehen Aukera» programa eta Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatz-zatian xedatutakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartua), erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio berau argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzetarako diru-laguntzen deialdia (Lehen Aukera Programa), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2015eko martxoaren 18ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez onartuak (ebazpen honen eranskinean daude jasota).

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko administrazio-kontseiluaren Akordioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko administrazio-kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 25a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA. «LEHEN AUKERA» PROGRAMA

Enplegua suntsitzeko 2007an hasi zen prozesuak, batik bat, gazteen langabezia-tasan modu negatiboan eragin du. Kolektibo honetan egitura-arazo bat dago eta arazo hori areagotu egin da krisiarekin. Ondorioz, biztanleria gazteenari eragiten dio arazo horrek, baita ekonomiaren hazkunde-ahalmenari ere epe luzean.

Gazteen kolektiboa da krisi ekonomikoaren egoerak gehien eragin dion kolektiboetako bat. Beraz, gazteen langabezia murriztea gure gizarteko erronka garrantzitsuenetako bat da eta erronka horri aurre egin behar zaio bai erakunde publikoetatik bai jarduera pribatuaren alorretik. Arazo honen konponbidean arrakasta lortuko da, hein handi batean, inplikatuta dauden erakunde eta sektore guztien laguntzaren zein koordinazioaren arabera, baita egokiak diren neurriak diseinatzean, horiek hartzean eta martxan jartzean ekimen pribatuak duen partaidetzaren arabera ere.

Ildo horri jarraiki, lanik ez duten eta hezkuntzako zein prestakuntzako jardueretan parte hartzen ez duten gazteen kolektiboarentzako neurriak hartzeko beharra dagoela egiaztatu da, gazteak lan-munduan txertatzeko eta horiek lan-munduan kalitatezko enplegu batekin mantentzeko helburuarekin. Kolektibo honetan dagoen heterogeneotasun dela eta, egoera pertsonal eta prestakuntza-maila oso desberdinak baitaude, neurriek hezkuntzaren eta prestakuntzaren hobekuntza nahiz kontratazioaren eta autoenpleguaren sustapena hartu beharko dituzte aintzat.

Lanik ez duten gazte guztientzat eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan inolako jarduerarik egiten ez duten gazte guztientzat den Gazteen Enpleguaren Ekimena (Europako Parlamentuko UE 1304/2013 eta Kontseilu Europarraren 2013ko abenduaren 17ko Erregelamenduan araututa dagoena), kolektibo honetako langabeziaren egitura-arazoari aurre egiteko Europar Batasuneko ekimen enblematikoetako bat da. Ekimen honetan, jarduketa-ekimenak eta -gomendioak babesten dira eta, horregatik, Gazteen Bermeari buruzko Kontseiluaren Gomendioa betetzeko tresna finantzarioetako bat bilakatu da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Europako Enplegu Estrategiaren alde dihardu. Horrela, 2014-2016rako Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Planaren (http://www.euskadi.eus) esparruan (euskal gazteen laneratzea eta enplegua bultzatzea du helburuetako bat) eta 2013-2016rako Lanbideren Plan Estrategikoaren esparruan (pertsonentzako enplegu-aukerak hobetzea da horren helburuetako bat), komenigarria deritzo aipatutako printzipioekin bat datorren laguntza-programa bat bultzatzea gazteak kontratatzeko. Hala, deialdi honen xedea da, bai 2013ko ekitaldian martxan jarri zen Eusko Jaurlaritzako programa pilotuaren bai 2014ko ekitaldiko deialdiaren lekukoa hartzea. Aipatutako programak eta deialdiak izen berdina izan dute: Lehen Aukera, eta bien helburua berriki beren ikasketak amaitu dituzten gazteak lan-munduan txertatzeko gazteei lehen aukera ematea erraztea da; horrela, hezkuntza-bizitzatik bizitza profesionalera errazago igaro daitezen.

Horren ondorioz, titulua edo prestakuntza izanik ere beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak kontratatzeko egiten da deialdi hau. Praktikaldiko kontratua edo lan-kontratu mugagabea izango da eta, horrela, gazteen enplegagarritasuna bultzatu nahi da, bai eta gazte horien laneratzea ere. Beraz, Lehen Aukera programa honen azken helburua da egungo egora ekonomikoak gogor zigortutako euskal gizartearen parte horren lan-aukerak hobetzea eta bultzatzea, eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna, lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea eta gizarte-bazterkeriari aurre egitea. Gizarte-bazterkeriatzat hau jotzen da: «biztanleriaren zenbait segmentuk dagokien gizarteko bizitza sozialean, ekonomikoan eta kulturalean ez parte hartzea, ez dutelako oinarrizko eskubiderik, baliabiderik eta gaitasunik». Hori guztia Europar Batasuneko testuinguruan kontzeptu-gakoa da, Europar Batasuneko biztanle batzuen pobreziako, ahultasuneko eta bazterkeriako egoerei heltzeko garaian.

Deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuko emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak eta desberdintasunak, eta hori ikusteko nahikoa da 2014ko hirugarren hiruhilekoko Eustaten datuei erreparatzea. Datu horiek adierazten baitute, langabeziaren tasa emakumeen eta gizonen artean antzekoa bada ere, jardueraren tasan aldea dagoela emakumeen eta gizonen artean (emakumeen % 51,5 ari da lanean, aldiz, gizonen % 63). Horregatik, lan-arlorako sarbidean eta lan-arloko iraunkortasunean alde hori eten egin behar da.

Beraz, deialdi honek 2013-2016 aldirako Lanbideren Plan Estrategikoan (http://www.lanbide.euskadi.eus) ezarritako agindua bere egiten du eta deialdi honetan sartu behar diren plan horretako bi ekintza-lerro nabarmentzen ditu:

E4-1.3 ekintza-lerroa: Gizonek eta emakumeek enplegurako eta prestakuntzarako sarbidean aukera berdinak dituztela, lana eta bizitza pribatua uztartzen direla eta genero identitatearen aniztasuna kudeatzeko bestelako politiketan aurrera egiten dela bermatzeko programa zehatzak garatzea.

P1-3.3 ekintza-lerroa: Genero perspektiba Lanbideren jardueran eta gobernantza-ereduan sartzea zeharkako prozesu gisa.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazioko Kontseiluak, 2015eko martxoaren 18an egindako bileran, onartu egin du gazteak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzetarako deialdia (Lehen Aukera Programa) aldatzea honako era honetan:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da titulua edo prestakuntza izanik ere beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak euskal enpresek edo 4. artikuluan aurreikusitako bestelako erakundeek kontratatzeko oinarriak ezartzea eta horretara bideratutako laguntzak arautzea, haien enplegagarritasuna hobetzeko neurri gisa, lanbide-esperientzia lortu eta haien laneratzea sendotzearen bidez.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.

1.– Deialdi honetan arautzen diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 4.999.930 eurokoak dira, horietatik 2.499.930 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2015eko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak eta 2.200.070 euro 2016ko konpromiso-kreditukoak nahiz 299.930 euro 2016ko ordainketa-kreditukoak.

2.– Deialdi honetako finantzaziora bideratutako baliabide ekonomikoak horrela banatuko dira:

– 4.700.000 euro praktiketako kontratuak eta lan-kontratu mugagabeak finantzatzeko. Aurrekontu horretatik 2.499.930 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2.200.070 euro 2016 ekitaldirako konpromiso-kredituari.

– 2016ko ordainketa-kredituaren kargura, 4.3 eta 4.4 artikuluan ezarritako zentro kolaboratzaileek enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatu ahal izateko finantzaziorako 299.930 euro.

3.– Lanbideren zentro kolaboratzaileek lan-eskaintzak biltzeagatik, erregistratzeagatik eta kudeatzeagatik zentro horiei diru-laguntzak emateko 2016ko ebazpenentzako kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2016. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetu zen.

4.– Deialdi honi esker diruz lagundutako lan-kontratuak, eta eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzeko jarduerak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruan, edo Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko EGF Programa Operatiboaren barruan.

5.– Emanen diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gainditu aipatu kopurua edo horren hazkundetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriaz bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira (eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen); eta hala balitz, zirkunstantzia hori argitara eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman ere.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira, EAEn dauden lan-zentroetako lanpostuetan jarduteko, gutxienez, 6 hilabete irauten duten praktiketako kontratuak, baita lan-kontratu mugagabeak ere. Kontratu horiek guztiak, kontratuaren hasieran, deialdi honetako 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eta 9. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez hautatutako gazteei egin beharko zaizkie.

Kontratu horiek EHAAn deialdi hau argitaratzen den egunean hasiko dira, 2015eko azaroaren 30era arte.

2.– Deialdi honen babesean dauden diruz lagundu daitezkeen kontratuak Langileen Estatutuetako aurreikuspenetara egokitu beharko dute, baita aplika daitekeen arauetara ere, eta kasu guztietan baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratuko lanpostuak kontratatutako pertsonaren ikasketa-mailari edo trebakuntzari egokituta egon beharko du.

b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte honako hauek: langilearen titulua, kontratua noiz hasi eta, halakorik balitz, noiz amaituko den, zenbat iraungo duen, eta zein den bete beharreko lanpostua.

c) Urteko ordainketa garbiak kontratuan agertu beharko du eta praktiketako kontratuak badira, ezingo dituzte izan hurrengo zenbatekotik beherako kopuruak, titulu akademikoaren arabera:

(Ikus .PDF)

d) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan ahal izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

3.– Diruz lagundu daitezkeen kontratutzat jotzeko, praktiketako kontratu eta lan-kontratu mugagabe horiek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresak duen langile kopuruarekiko. Kontratazioaren egunean, kontratu berri horrekin enpresako langileen batez bestekoa igoko da.

Gaztea lanean hasi baino lehenagoko sei hilabeteetan enpresan zegoen batez besteko langileen kopurua Gizarte Segurantzako Diruzaintzak egindako dokumentazioan oinarrituta justifikatuko du enpresak, diru-laguntzaren bigarren ordainketa egin baino lehen.

Kontratazioaren egunean langileen kopurua handitzeko baldintza betetzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du, diru-laguntzaren bigarren ordainketa egin baino lehen.

4.– Honako kontratu hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duenaren ezkontide, oinordeko eta gainerako senide, bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna artekoekin egindako kontratuak, ezta sozietate izaera juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetakoenak edo zuzendaritzako kideenak direnekin egindakoak ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagungarriak diren jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

5.– Era berean, diruz lagundu ahal izango da deialdiaren 4.3 eta 4.4 artikuluek araututako zentro kolaboratzaileek enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea, haiek, azkenean, eta deialdi honen babesean, diruz lagun daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitzen badira.

Lan-eskaintzen bilketatzat jotzen da, zenbait enplegu eskaintzailerekin harremanetan jartzen den prozesuaren bidez, lanpostu bateko edo batzuetako estaldura-beharra identifikatzea eta identifikazio horretatik eskaintzen den profila duen horri dagokion kudeaketa-eskaera lortzea.

Lan-enplegu baten erregistrotzat jotzen da, eskaintzen bilketa-prozesuan lortutako datuak kodetzen diren prozesua eta datu horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman sartzen dira eta, horrela, sisteman enplegu-eskaintza berri bat sortzen da.

Lan-eskaintzen kudeaketatzat jotzen da, prozesu hauek guztiak egitea:

a) Aldez aurretik Lanbideren informazio-sisteman erregistratutako eskaintza bat aztertzea, eta, hala badagokio, osatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda daudenen artetik, une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko pertsona egokiak identifikatzea, eskaintza parekatzeko modu desberdinak erabilita.

c) Eskainitako lanpostuetan sartzeko identifikatutako hautagaien prestasuna egiaztatzea.

d) Hautagai bakoitza enpresara bidali ostean, horren emaitza jasotzea. Emaitza jasotzeak hau esan nahi du: bete beharreko lanposturako egokitzapenari edo egokitzapen-ezari dagokionez, bidalitako hautagaiari buruz enpresak zein balorazio egiten duen eta horren arrazoia zein den jakitea.

4. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunak.

1.– Diru-laguntzen onuradunak izan ahalko dira deialdi honetan aurreikusitako praktikaldiko kontratuak eta lan-kontratu mugagabeak egiteagatik, enpresa pribatuak, haien forma juridikoa edozein izanda ere, hala nola banako enpresaburuak, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak, elkarteak eta fundazioak, baldin eta 5. artikuluko 5. paragrafoan aurreikusitako baldintza orokorrak betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala edo fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.

b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50eko edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.

c) Deialdi honen bidez kontratatuko den eta diru-laguntzaren eskaeraren helburua den lanpostuan enplegurik ez suntsitu izana, kontratazio berriaren aurreko urtean, eta ez suntsitzea diruz lagundutako kontratazioak iraun bitartean.

d) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri ematea, kontratu mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak eskaeran berariaz adierazi beharko du LLO baduen ala ez.

e) Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, ez egotea berreskuratze-agindu baten zain.

2.– Praktiketako lan-kontratuak edo lan-kontratu mugagabeak egiteagatiko diru-laguntzei dagokienez, erakunde onuradunaren baldintzatik kanpo gelditzen dira hauek guztiak: erakunde autonomoak eta elkarte publikoak, herri-administrazio baten mendeko elkarteak edo erakundeak eta eskuragarri dauden enpleguetarako aldi baterako lanen enpresak.

3.– Lan-eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta kudeatzeko onuradunak izan ahalko dira, jarduketa horiek egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzaileak diren erakundeak.

Baldintza hori lortzeko, 2015eko urtarrilaren 23ko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenean aurreikusitako prozedura jarraitu beharko da. Ebazpen horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzailea izateko prozedura ezartzen da, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

4.– Halaber, zentro kolaboratzaileak izan ahalko dira, deialdi honi, zehazki, lotutako enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko, ondoren agertzen diren erakundeak eta horiek guztiek EAEn egon beharko dute.

a) Unibertsitateak.

b) Lanbide-heziketako ikastetxe publikoak eta itunpeko pribatuak.

c) Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuaren zentro eta erakunde kolaboratzaileak, 2014ko deialdiari dagozkion lanerako prestakuntza eta orientazioa emateko diru-laguntzen onuradun badira.

d) Udalak, mankomunitateak, kuadrillak, tokiko garapenerako agentziak eta Behargintzako zentroak.

«Lehen Aukera» programari lotutako eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko erakunde kolaboratzailea izateko eskaera deialdi honetako I. eranskin gisa ematen den inprimakiaren bidez bete beharko da. Eranskin hori Interneteko helbide honetan eskura daiteke: www.lanbide.net

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

Eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko baimena izango duten gehieneko pertsonen kopurua, zentro kolaboratzaile berean, 3 pertsonakoa izango da.

Zentro kolaboratzailea modu eraginkorrean izateko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileek ematen duten prestakuntza-ekintza batera, prestakuntza hori egiteko ezartzen diren datetan, erakundeak eskatutako baimena eskuratuko duten pertsona horiek guztiek joan beharko dute eta prestakuntza horri onura atera beharko diote. Lehenago, www.lanbide.net webgunean prestakuntza-ekintzen tokiak eta ordutegiak argitaratuko dira, baita ekintza horietan parte hartuko duten erakundeen zerrenda ere.

Ez dute aipatutako prestakuntza-ekintza egin beharrik izango, «Lehen Aukera» programako 2014ko laguntzen deialdian enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko kolaboratzaile izatea lortu zuten zentroek, betiere, prestakuntza jaso zuen edo zuten eta, ondorioz, aipatutako deialdi horretan, enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko jarduerak egiteko baimendutako pertsona hori edo horiek enpresako plantillan mantentzen direla ziurtatzen badute.

Prestakuntza-ekintzak amaitutakoan, Lanbide-Euskal Enpleguaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak adierazitako baldintzak betetzen dituzten erakundeei, deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, zentro kolaboratzailea izateko ebazpena emango du.

5.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen enpresa eta erakunde onuradunek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko tributu-betebehar eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar horiek egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak.

b) Erakunde eskatzailearen xedeak eta helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduketa, antolamendua edo estatutuak gizonen eta emakumeen tratu- nahiz aukera-berdintasunaren printzipioaren araberakoak izatea.

c) Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

6.– Enpresa eta erakunde onuradunei diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteek bete beharreko baldintzak.

1.– Deialdi honen xedea da 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago duten gazteak kontratatzea, eta, horretarako, honako baldintza hauek bete beharko badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea bizilekua.

b) Langabe izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Honako multzo hauetakoren batean zehaztutako titulu bat izatea:

– Lizentziatura edo unibertsitateko gradua, Ingeniaritza, Arkitektura.

– Unibertsitateko diplomatura, Ingeniaritza teknikoa, Arkitektura teknikoa.

– Lanbide Heziketa arautuko eta berariazko lanbide-heziketako goi-mailako edo erdi-mailako teknikaria; teknikari laguntzailearen (LH1) eta teknikari espezialistaren (LH2) tituluak horien baliokideak izango dira.

– Aurrekoen baliokide gisa ofizialki aitortutako beste titulazio batzuk.

– Profesionaltasun ziurtagiria.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere bulego edo zentro kolaboratzaileen bidez burutzen duen hautaketa-prozedura deialdiko 9. artikuluaren bidez araututa dago. Prozedura horretan, lehentasuna izango dute Gazteentzako Berme Sistemaren datu-basean inskribatuta daudenek, betiere aurretik egiaztatu badituzte Sisteman sartzeko baldintzak betetzen dituztela, urriaren 15eko 18/2014 Legearekin eta horretan izan daitezkeen aldaketekin bat etorriz (18/2014 Legea, Hazkundea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna handitzeko neurriak onartzen dituena).

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Praktiketako kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren arabera zehaztuko da, era honetara:

(Ikus .PDF)

Zenbateko horiek % 10 handituko dira, praktiketako kontratuak gutxienez 12 hilabete iraunez gero.

2.– Lan-kontratu mugagabeetan, berriz, kontratatuko pertsonaren kontratazioaren lehenengo urteko soldata-kostuaren % 50 lagunduko da diruz, 6.700 euroko mugarekin.

Ondorio horietarako, soldata-kostutzat joko da soilik urteko soldata garbia (aparteko ordainsariak barne), Gizarte Segurantzako kostuak eta bestelako kontzeptuak kanpoan utziz.

3.– Aipatutako diruz lagundutako zenbateko guztiak % 10 handituko dira, kontratuak emakumeekin egiten badira.

4.– Aipatutako diru-laguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.

5.– Era berean, deialdiaren 4.3 eta 4.4 artikuluan aipatzen diren erakunde kolaboratzaileek honako hau jasoko dute diruz lagundutako kontratu bakoitzeko deialdi honen babesean, kasuan kasuko eskaintza bildu, erregistratu eta kudeatzearen ondorioz:

– 120 euro, eskaintza bildu eta erregistratu duen erakunde kolaboratzailea.

– 80 euro, eskaintza kudeatu duen erakunde kolaboratzailea.

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea, tokia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskaerak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (II. eta III. eranskina), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://lanbide.net webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu nagusietan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan.

Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

2.– Lan-kontratuak egiteagatiko diru-laguntzaren eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Eskaera sinatzen duen pertsonaren NAN/AIZaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena; eta pertsona juridiko eskatzailearen ordez beste batek sinatzen badu eskaera, sinatzen duen pertsona horren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.

b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Enpresa eratu dela ziurtatzen duten eskritura eguneratuen fotokopia edo, hala badagokio, erakunde eratu dela justifikatzen duen beste edozein dokumentu.

3.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitu diren lan-eskaintzak kudeatu dituzten zentro kolaboratzaileek, diru-laguntzaren eskaerarekin batera, erregistratu eta/edo kudeatu dituzten lan-eskaintzen zerrenda bat aurkeztu beharko dute eta, deialdi honen babesean, lan-eskaintza horietako bakoitzean kontratatutako pertsonak ere agertu beharko dute.

4.– Eskaerak guztiz beteta ez badaude, 1. idatzi-zatian adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 egun balioduneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango ditu.

5.– Eskaerak aurkezteko epea hau izango da:

– Kontratatazioagatiko diru-laguntzarako: deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2015eko azaroaren 20an amaituko da.

– Lan-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea diruz laguntzeko: 2016ko urtarrilaren 2tik 29ra arte.

8. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedura eta ebazpena.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.

Kontratuak egiteagatiko diru-laguntzak emateko ebazpenean, honako hauek jasoko dira: enpresa bakoitzari ematen zaion kontratazio-plana, ordaintzeko modua eta diru-laguntzaren zenbatekoa, eta diru-laguntzaren justifikazioa.

4.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

6.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zein enpresak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein enpresari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

9. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

1.– Hautaketa-prozesua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez egingo da.

2.– Diru-laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, enpresak, hilabeteko bateko epean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego batean edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zentro kolaboratzaile batean enplegu-eskaintzaren kudeaketa-eskaera aurkeztuko du eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko eta/edo eskaintzak kudeatzeko.

Deialdi honen ondorioetarako, eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta/edo eskaintzak kudeatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zentro kolaboratzailetzat joko dira 4.3 eta 4.4 artikuluan aurreikusitakoak eta horien zerrenda www.lanbide.net webgunean argitaratuko da.

3.– Eskaintza kudeatzeko eskaera bat aurkeztu beharko da estali beharreko lanpostuaren profil bakoitzeko. Eskaera inprimaki normalizatuan aurkeztuko da, IV. eranskinean ezarritako ereduarekin bat. Eskaera horretan, gutxienez, datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren egoitza soziala, IFK/IFZ, enplegatzailearen kotizazioaren kontu-kodea (halakorik bada), lantokiaren herria, lanpostuaren izena, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresariaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.

4.– Deialdi honen babesean eskaintzaren kudeaketa-eskaera bakoitza jasotzen duen bulegoak edo zentro kolaboratzaileak erregistratuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geldituko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio eskaintzaren erreferentzia.

5.– Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozedurak jarraituta kudeatuko dira eta lehentasuna emango zaie Gazteen Berme Sistemako datu-basean identifikatuta dauden pertsonei, 5. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako baldintzetan. Enpresara joango dira eskatutako profil profesionala eta baldintzak betetzen dituzten hautagaiak; izan ere, hautagai horien ondorengo kontratazioa lagunduko da diruz deialdi honen babesean.

6.–Eskaintza bat kudeatu ondoren hautagai gisa bideratu diren pertsonei egindako kontratuak baino ez dira diruz lagunduko.

7.– Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.

10. artikulua.– Kontratatutako gazteak ordeztea.

1.– Behin kontratazioa egindakoan, honako kausaren bat dela-eta bakarrik ordeztu ahal izango du enpresak kontratatutako gaztea: probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza. Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako diru-laguntza handituko.

2.– Horretarako, enpresak Lanbideri idatziz jakinarazi beharko dio egoera hori, kontratua amaitzen den egunetik zazpi eguneko gehieneko epean, baita kontratua aurreko enplegu-eskaintzatik edo eskaintza berri baten kudeaketatik datorren hautagai batekin egiteko borondatea duela ere. Enpresak komunikazio-datatik kontatzen hasita 15 eguneko epea izango du kontratua egiteko eta kontratatu beharreko pertsona identifikatzeko (nolanahi ere, 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu). Enpresak, horrekin batera, kontratuaren, Gizarte Segurantzako altaren eta 3.4.a) artikuluan aurreikusitakoarekin bat ahaidetasunik ez dagoela ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpenaren kopia aurkeztuko ditu.

3.– Formalizatzen den lan-kontratu berriak deialdi honetako 3. artikuluan eskatutako betekizun guztiak bete beharko ditu.

11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:

Emandako diru-laguntzaren % 53,19 emango da, enpresaren kontratazio-planean aurreikusitako kontratuak formalizatu ostean (formalizazio horretatik 10 egun balioduneko epean), eta horien fotokopiak eta senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztutakoan (deialdi honetako 3.4.a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz), eta Lanbidek Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean langilearen alta egiaztatutakoan.

– Bigarren ordainketan gainerakoa ordainduko da, % 46,81, edo dagokion kopurua, eta betiere diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatuta, 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Erakunde kolaboratzaileek diru-laguntza ordainketa bakarrean jasoko dute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena eman ondoren.

12. artikulua.– Kontratuak egiteagatiko diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.

Kontratuak justifikatzeko, horiek amaitzen direnetik gehienez ere hilabeteko epean, eta betiere 2016ko abenduaren 20a baino lehen, enpresa onuradunak azken memoria aurkeztu beharko du, dokumentazio hau duela:

a) Praktikaldiko kontratuaren edo lan-kontratu mugagabearen bidez kontratatutako gazteen zerrenda, eta kontratu horien iraupena eta kostuak.

b) Nomina eta frogagiri bakoitzari dagokion zenbatekoaren banku-transferentzia egin izana ere egiaztatu beharko du enpresak, agiri bidez.

c) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren txostena (RED sistematik lortutako txostena). Txosten hori diruz laguntzen diren kontratuak dituzten pertsonak lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresan alta-egoeran zeuden batez besteko langileen kopuruari buruzkoa izango da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du diruz lagundutako kontratuen benetako iraupena, baita kontratazio-datan enpresako plantillan dagoen langileen kopurua ere.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da bete direla laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak.

c) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Ekonomi Kontrolerako Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.

d) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diru-laguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein behin-behinekotasun ere.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egiaztatze, segimendu eta kontroleko prozeduretan laguntzea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

h) 2014-2020rako Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren edo 2014-2020ko EGF Programa Operatiboaren esparruan, deialdi honen babesean diruz lagundutako komunikazio-, zabaltze-, edo argitalpen-material eta ekintza guztietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak elkarrekin finantzatu dituztela adieraztea.

i) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuak hautatzean tratu- eta aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio ezeko printzipioa aplikatzen dela bermatzea.

– Dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntza ez sexista erabili beharko dute, saihestu beharko dute emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro, eta irudi jakin bat sustatu beharko dute, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatu bat, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero identitate plurala.

2.– Era berean, praktiketako kontratu bat amaitzean bete beharko den betebehar espezifiko gisa, enpresak ziurtagiri bat egin behar dio langileari. Hor, honako hauek jaso behar dira, gutxienez:

– Kontratuaren iraupena.

– Betetako lanpostuak, eta bakoitzean egindako zeregin nagusiak.

14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere esku izango du ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egitea, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

15. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

16. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira honako hauekin: kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako diru-laguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, salbu eta praktiketako kontratuetarako edo lan-kontratu mugagabeetarako legez ezarritako Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetako hobariekin edo murrizketekin.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza jaso duten erakunde onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du; ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako legezko interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, horrek arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.

4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

5.– Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren, 2012ko urriaren 10ekoaren, bidez dago araututa.

Halaber, pertsona interesdunek datu horietara iristeko eskubidea baliatu ahal izango dute, baita datuok zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurkatzeko ere, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Gasteiz).

19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan, gazteak kontratatzeagatik zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamenduarekin (DOUE L352, 2013-12-24). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» erako laguntzetan emandako zenbatekoak ezin izango du gainditu 200.000 euroko kopurua hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen Erregelamenduan ezarritako muga maximoa.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala