Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2015eko martxoaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1428

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 27koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, LGAI Technological Center, S.A. sozietateari egiaztapen metrologikorako erakunde baimenduaren izendapena zabaltzen diona etilometroetan, zinemometroetan eta kabinetan.

Erref: 01-OV-1013

AURREKARIAK

1.– 2014ko abenduaren 2an, Angel Ferre Giménez jaunak, LGAI Technological Center, S.A. enpresaren ordez (helbidea: Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Campusa, Bellaterra, Bartzelona), hau eskatu zuen: egiaztapen metrologikorako erakunde baimenduaren izendapena zabaltzea, etilometroetan, zinemometroetan eta kabinetan.

2.– 2014ko otsailaren 11n, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak berritu egin zuen egiaztapen metrologikoetarako erakunde baimenduaren izendapena, hain justu ere honako hauentzat: funtzionamendu ez-automatikoko pisatze-tresnak, tenperatura neurtzeko tresnak, soinua neurtzeko tresnak, ihes-gasen azterketarako tresnak, opazimetroak, energia elektrikoaren kontagailuak, manometroak, hornigailuak eta banagailuak, barnean hartuta uraz bestelako likidoen neurketarako sistemak, erregai gisa erabiliak izatera bideratzen ez diren substantziekin ibilgailu automobilak hornitzera bideratuak.

3.– Industria Administrazio eta Segurtasuneko zuzendariaren 2012ko martxoaren 2ko Ebazpenaren bidez, funtzionamendu ez-automatikoko pisatze-tresnen, tenperatura neurtzeko tresnen, soinua neurtzeko tresnen, ihes-gasen azterketarako tresnen, opazimetroen, energia elektrikoaren kontagailuen, manometroen, hornigailuen eta banagailuen egiaztapen metrologikorako erakunde baimendu izendatua izan zen LGAI Technological Center, S.A. enpresa, barnean hartuta uraz bestelako likidoen neurketarako sistemak, erregai gisa erabiliak izatera bideratzen ez diren substantziekin ibilgailu automobilak hornitzera bideratuak.

4.– Erakunde eskatzaileak, egiaztapen metrologikoak egiteko erakunde baimenduaren izendapena zabaltzea lortzeko, egiaztapen metrologikoak egiteko erakunde baimenduak izendatzeko azaroaren 26ko 1/2007 Zuzentaraua argitaratu zuen Industriako Idazkaritza Nagusiaren 2007ko azaroaren 29ko Ebazpenean ezarritako baldintzak bete behar ditu. Horretarako, ENACek emandako OC-I/162 egiaztapen-ziurtagiria aurkeztu da, 2014ko otsailaren 21eko eranskin teknikoarekin batera (8. berrikuspena), honako tresna hauek biltzen dituena:

– Sentsore-zinemometroak, laser-pistolakoak, Doppler efektukoak eta abiadura ertainekoak eta kabinak.

– Botatako arnasan alkohol-kontzentrazioa neurtzeko ekipamenduak.

Espediente hau ebazteko, beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan metrologia-kontrola gauzatzeko bitartekoak ezarri zituen 38/2001 Dekretuaren 11. artikuluan zehazten denaren arabera, industria alorrean eskumena duen organoak egiaztatze metrologikoa egiten duten erakundeak gaitu ahal izango ditu konponketaren nahiz aldaketen osteko eta aldizkako egiaztatzeak burutu ditzaten.

2.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak du ebazpen hau emateko eskumena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera (2013-04-24ko EHAA).

3.– Neurgailuen kontrol metrologikoa arautzen duen oinarrizko legeria honako hauek osatzen dute: metrologiari buruzko 3/1985 Legeak (ekainaren 28ko 1296/1986 Legegintzako Errege Dekretuak aldatu zuenak), abenduaren 30eko 13/1996 Legeak, abenduaren 30eko 66/1997 Legeak, neurketa-tresnen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuak, eta aipatutako 2007ko azaroaren 29ko Ebazpenak.

4.– Sustapen Ministerioaren 1999ko apirilaren 27ko Agindua, Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena funtzionamendu ez-automatikoko pisatze-tresnei dagokienez.

5.– Agindua, 2004ko apirilaren 23koa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, 3.000 kg-tik gorako gehieneko irismena duten funtzionamendu ez-automatikoko pisatze-tresnen egiaztapen-entitateak arautzen dituena.

6.– ITC/3749/2006 Agindua, azaroaren 22koa, konpresio bidez martxan jartzen diren motorrak (diesel) dituzten automobilen ihes-gasen opakutasuna neurtzeko eta argiarekiko xurgapen-koefizientea zehazteko zerbitzu-fasean dauden tresnen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena; agindu horrek entseguak, horien egikaritzea eta onartutako gehieneko akatsak zehazten ditu IV. eranskinean.

7.– ITC/3722/2006 Agindua, azaroaren 22koa, txinparta bidez martxan jartzen diren motorrak (gasolina) dituzten ibilgailuen ihes-gasen igorpenak neurtzeko zerbitzu-fasean dauden tresnen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena; agindu horrek entseguak, horien egikaritzea eta onartutako gehieneko akatsak zehazten ditu II. eranskinean.

8.– 1995eko apirilaren 25eko Ministro Agindua, pneumatikoetarako erabilera publikoko manometroei aldizkako egiaztapenak eta konponketaren eta aldaketaren ondorengo egiaztapenak egiteko faseetako kontrol metrologikoa arautzen duena.

9.– ITC/3700/2006 agindua, azaroaren 22koa, motordun ibilgailuen pneumatikoen presioa neurtzeko predeterminazio-gailuak dituzten edo ez dituzten osagai elektronikoez erabat edo partzialki hornitutako manometroen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena.

10.– ITC/3720/2006 Agindua, azaroaren 22koa, uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemen (hornigailuen edo banagailuen) gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena; agindu horrek entseguak, horien egikaritzea eta onartutako gehieneko akatsak zehazten ditu III. eranskinean.

11.– Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2004ko apirilaren 26ko Agindua, zeinaren bidez arautu egiten baitira erregaiak eta erregai likidoak hornitzeko likidoak –uraz bestelakoak– eta ibilgailu automobilen pneumatikoetarako erabilera publikoko manometroak neurtzeko sistemak.

12.– ITC/3750/2006 Agindua, azaroaren 22koa, biskositate txikiko likidoetarako zisterna-kamioietako neurketa-sistemen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena.

13.– Agindua, 2008ko otsailaren 29koa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, biskositate txikiko likidoetarako (<= 20 mPa.S) zisterna-kamioietako neurketa-sistemen titularren, konpontzaileen eta egiaztatze-erakundeen betebeharrak arautzen dituena.

14.– Industriako Idazkaritza Nagusiaren 2009-07-15eko Ebazpena, azaroaren 22ko ITC/3750/2006 Aginduaren III. eranskina aldatzen duena.

15.– Azaroaren 22ko ITC/3701/2006 Agindua, tenperatura kontrolatuko produktuak garraiatzeko, biltegiratzeko, banatzeko eta kontrolatzeko tenperatura-erregistragailu eta termometroen metrologia-kontrola arautzen duena.

16.– ITC/360/2010 agindua, otsailaren 12koa, ibilgailu automobilak erregai gisa erabiltzen ez diren substantziez hornitzeko uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemen (hornigailuak edo banagailuak) gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena.

17.– ITC/3747/2006 agindua, azaroaren 22koa, zuzeneko konexioan edo transformadorerako konexioan, barneko edo kanpoko kokapenean dauden korronte alternoko energia aktiboko kontagailu elektriko estatikoen gaineko (A, B eta C motakoak) Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena, konpondu eta aldatu ondorengo egiaztapen-faserako eta aldizkako egiaztapen-faserako.

18.– ITC/3022/2007 agindua, urriaren 10ekoa, energia elektrikoko horniduretan 15 Kw-ra bitarteko potentziarekin instalatu behar diren eta ordu-diskriminazioko eta telekudeaketako gailuak dituzten energia aktiboko (A, B eta C motakoak) eta energia erreaktiboko (2. eta 3. motakoak) kontagailu elektriko estatikoen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena, konpondu eta aldatu ondorengo egiaztapen-faserako eta aldizkako egiaztapen-faserako.

19.– 1998ko abenduaren 16ko Agindua, soinu entzungarriaren mailak neurtzera bideratutako tresnen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena.

20.– ITC/2845/2007 Agindua, irailaren 25ekoa, tresnak jardunean dauden fasean Estatuak soinu entzungarria neurtzeko tresnen gainean eta kalibragailu akustikoen gainean gauzatu beharreko kontrol metrologikoa arautzen duena; agindu horren IV. eta V. eranskinetan, entseguak, entseguak gauzatzeko modua eta fase eta tresna bakoitzerako baimendutako gehieneko erroreak zehazten dira.

21.– ITC/3123/2010 Agindua, azaroaren 26koa, motor-ibilgailuen zirkulazio-abiadura neurtzeko tresnen gainean Estatuak gauzatu beharreko kontrol metrologikoa arautzen duena.

22.– ITC/3707/2006 Agindua, azaroaren 22koa, botatako arnasaren alkohol-kontzentrazioa neurtzeko tresnen gainean Estatuak gauzatu beharreko kontrol metrologikoa arautzen duena.

Aipatutako lege-manuak, eta, oro har eta bat etorriz aplikatzekoak diren xedapen guztiak aintzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1.– LGAI Technological Center, S.A. enpresari (helbidea: Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Campusa, Bellaterra, Bartzelona) egiaztapen metrologikorako erakunde baimenduaren izendapena zabaltzea, honako hauei dagokienez:

– Sentsore-zinemometroak, laser-pistolakoak, Doppler efektukoak eta abiadura ertainekoak eta kabinak.

– Botatako arnasan alkohol-kontzentrazioa neurtzeko ekipamenduak.

Tresna horiek lehenago izendatutakoei gehitu behar zaizkie:

– Funtzionamendu ez-automatikoko pisatze-tresnak, I. motakoa, m<= 2 kg, n<= 500.000, II. motakoa, m <= 210 kg. 210 kg.<=m<=2.000 kg, n<= 66.000, III. eta IIII. motakoak, m<= 120 T

– Tenperatura-erregistratzaileak eta termometroak, Laborategi Iraunkorrean -40tik +80 ºCra 1. eta 2. mota zunda integraturako, 0,5., 1. eta 2. mota kanpoko zundarako, eta 1. eta 2. mota In Situ, -40tik +80 ºCra.

– Zisterna-kamioien neurketa-sistemak, 25-1.000 l/minutu.

– Hornigailuak edo banagailuak, 2-100 l/minutu.

– Uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemak, erregai gisa erabiliak izatera bideratzen ez diren substantziekin automobilak hornitzera bideratuak, 2-50 l/minutu.

– Erabilera publikoko 0tik 12 bar-era bitarteko manometro analogikoak eta digitalak.

– Energia elektrikoaren kontagailu estatikoak, energia aktibokoak, A, B eta C motakoak, 15 kWraino, eta, konbinatuak, energia aktiboko A, B eta C motakoak, eta 2. eta 3. motako erreaktiboak, 15 kWraino.

– Sonometroak, kalibragailu akustikoak eta dosimetroak.

Izendapen horren irismena ENACek emandako egiaztapenean eta OC-I/162 eranskin Teknikoan (8. berrikuspena) bildutako tresnetan oinarritzen da.

2.– Ematen den baimenari, honako baldintza hauek ezartzea:

– Jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidegoko tresnak biltzen ditu.

– Tresnak entseguak gainditzen dituenean, erakundeak betetako egiaztapenaren etiketa jarriko dio. Era berean, kontrol metrologikoko ziurtagiri bat emango da, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ezartzen duenari jarraikiz.

Probak gainditzen ez baditu, zerbitzurako desgaikuntza adierazten duen etiketa gorria itsatsiko dio. Hori guztia, uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuaren I. eranskinarekin bat etorriz egingo da. Halaber, egiaztatzea gainditu ez duen tresnaren berri emango zaio, berehala, tresna dagoen lekuko lurralde-ordezkaritzari.

– Dagokion egiaztapena egin ondoren, LGAI Technological Center, S.A. sozietateak tresna zigilatuko du zigiluen bitartez edo, ahal bada eta bortxaezintasuna bermatzen bada, etiketa itsaskor auto-suntsigarrien bitartez. Ez dira inolaz ere berunezko zigiluak edo antzekoak erabiliko; zigiluok jardueraren girorako egokiak eta iraunkorrak izan beharko dute. Kolore laranja erabili beharko da, beste kolore batzuk Administrazioarentzat edo beste agente metrologiko batzuentzat erreserbatuta daudelako. Espainiako Metrologia Zentroaren (CEM) eta Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren gida eta gomendioei jarraitu beharko zaie.

Edonola ere, zigiluek inskripzio hauek izango dituzte:

a) Zigilu normala:

Aurrealdea Atzealdea

(Ikus .PDF)

b) Zigilu enbutitua:

(Ikus .PDF)

c) Plastikozko zigilua:

Aurrealdea Atzealdea

(Ikus .PDF)

«XX» egiaztapena egin den urtearen azken bi digituei dagokie.

3.– LGAI Technological Center, S.A. enpresak baimendutako entseguei dagozkien tarifen berri urtero emango dio Zuzendaritza honi.

4.– EAEn baimenduta dauden erakundeen erregistroari dagokionez, LGAI Technological Center, SA enpresari 01-OV-1013 zenbakia esleitu zaio.

5.– LGAI Technological Center, S.A. enpresak honako hauetan xedatutakoari jarraituko dio uneoro: Neurketa-tresnen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretua, izendapen hau zabaltzeko oinarri juridikoetan adierazitako aginduak, eta 2007ko azaroaren 29ko Ebazpena, eta bai Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak ezarritako beste edozein xedapen ere.

6.– Izendapenaren zabaltze hau 2019ko otsailaren 11n iraungiko da, eta, egun hori baino lehen, interesdunak beste berritze bat eskatu ahal izango du, egiaztapen metrologikoko erakunde baimenduak izendatzeko den 2007ko azaroaren 29ko Ebazpenean xedatutako baldintza guztiak betetzen baditu.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoan egiaztapen metrologikoak egiteko LGAI Technological Center SAri orain arte emandako baimen guztiak ordezten eta deuseztatzen ditu baimen honek.

8.– Izendatutako erakundearen jardunen gainean ikuskatu, esku hartu eta kontrolatzeko eskumena Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari dagokio. Gainera, baimena ematea ahalbidetu zuten baldintzak betetzen jarraitzen duela egiaztatzeko ere, ikuskapenak egin ahal izango dira.

9.– Ebazpen hau eman eta gero, aurkeztutako agirietan egiaztatutako egoera aldatzen bada Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, eta hark baimena berretsiko du edo deuseztatu ahal izango du.

10.– Nolanahi ere, kontrol metrologikopeko neurketa-tresnak fabrikatzeko, merkaturatzeko eta konpontzeko jarduerekiko (zerbitzu-prestazioa eta estatuko eta autonomia-erkidegoko araudietan ezarritakoak barne) bateraezintasuna eta independentzia izango da.

11.– Baimen hau deuseztatzeko arrazoi izango dira, indarreko legerian aurreikusitakoez gainera, han ezarritako baldintzak ez betetzea, akreditazioa etetea edo errebokatzea, eta hura eman zeneko inguruabarrak funtsean aldatzea.

12.– Izendapen hau ez berritzeko arrazoi izan daitezke arau- eta administrazio-irregulartasunak, baita Egiaztatze Metrologikoko Erakunde Baimendua zehapenpean izatea ere.

13.– Urtero, lehen hiruhilekoan zehar, egiaztapen metrologikoak egiteko baimendutako erakundeak Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari memoria bat bidaliko dio egindako jardueren eta gertatutako gorabeheren berri emanez. Halaber, lurralde bakoitzean egindako egiaztapenen berri emango zaio dagokion lurralde-ordezkaritzari, sei hilabeterik behin.

Horretaz gain, 48 orduko aurrerapenarekin, jardun-esparruaren arabera dagokion lurralde-ordezkaritzan jakinaraziko du zein diren egin beharreko egiaztatzeak, mezu elektroniko edo fax bidez jakinarazi ere.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 27a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala