Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2015eko martxoaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1416

AGINDUA, 2015eko martxoaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, kooperatiba edo fundazio diren itunpeko sareko ikastetxeetan inbertsioak finantzatzeko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena (HEZKOOP-2015).

Irakaskuntza-kooperatibak partaidetza sozialerako tresna dira, eta ikastetxeen titular diren erakunde horietako alderdi espezifikoa eta bereizgarria markatzen dute; berezko izaera dela-eta irabazi asmorik ez dute, eta Euskadiko kooperatibei buruzko 1993ko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen arabera arautzen dira.

Ildo horretatik, 2014ko uztailaren 9an Eusko Jaurlaritzaren, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren artean asmo- eta lankidetza-hitzarmena sinatu zen eta, haren bitartez, «Kooperatiba Mugimenduaren sustapenerako dauden finantza-tresnak bultzatzeko» konpromisoa hartu zuten, besteak beste.

Era berean, 1994ko ekainaren 17ko 12/1994 Legeari jarraikiz Fundazioaren figura juridikoaren mendean eratutako ikastetxeek interes orokorrari erantzuten diote.

Kasu batean nahiz bestean, deialdi honetako xedearen harira, ikastetxeok azkentzen direnean ondoriozko ondasunak Administrazioari itzultzeko eskatzen zaie. Alderdi hori ziurtatuta dago kooperatiben kasuan indarrean duten araudia dela medio, eta, fundazioen kasuan, estatutu arautzaileetan jasotzeko beharra dela-eta.

Horrenbestez, aipatzekoa da ikastetxeen titular diren kooperatiba eta fundazioak finantza-ahalegin handia egiten ari direla eraikinak eta instalazioak azken urteetan aldaketa nabarmenak izan dituen legediaren eskakizunetara egokitzeko.

Errealitate horretaz jabetuta, Sail honek, indarrean den legediak ematen dizkion eskumenez baliatuta, ikastetxeek duten karga finantzarioa arintzen lagundu nahi du eta, aldi berean, hezkuntza-jarduera Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Hezkuntza Bereziko mailetako ikasleei eskainitako irakaskuntzaren kalitatea hobetzea ekarriko duen ingurunean garatzea bultzatu nahi du. Hori horrela, ezaugarri horietako azken deialdia 2008koa bada ere, Sail honek deialdiarekin aurrera jarraitu nahi du.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea itunpeko ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatiba edo -fundazioek sinatutako maileguen finantziaziorako laguntzen deialdia egitea da, hezkuntza-erabilerako higiezinak erostera bideratutako inbertsioak egiteko edo indarrean dagoen legediak eskatutako baldintzetara egokitzeko eraikuntza, zabaltze, ordezte eta egokitze lanak egiteko.

2.– Diru-laguntzen xede izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ikastetxeetan egindako inbertsioetarako sinatutako maileguak.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Eskaera aurkezteko egunean, maila hauetakoren batean itundutako ikastetxeek eskatu ahal izango dute: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia.

2.– Era berean, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeek ere eskaera egin ahal izango dute, baldin eta bazkide nagusien artean aurreko atalean zerrendatutako ikasketa mailaren bat eskaini eta itunduta duen zentro kooperatiboren bat badute.

3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza eskuratzeko, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Hezkuntza Bereziko mailetan itundutako ikastetxeetarako beharrezkoa izango da titularrek baldintza hauetakoren bat betetzea:

a) Irakaskuntza-kooperatiba gisa eratuta egotea.

b) Fundazio gisa eratuta egotea eta, horrez gain, estatutuetan finkatuta edukitzea honako baldintza: azkenduz gero likidazio-eragiketen ondoriozko ondasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrera bideratzea.

2.– Era berean, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeak, baldin eta bazkide nagusien artean aurreko atalean zerrendatutako baldintzak beteko dituen Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasketa mailaren bat eskaini eta itunduta duen zentro kooperatiboren bat badute.

3.– Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexu-bereizkeriagatiko debekurik ere, 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, seigarren xedapen gehigarrian, xedatutakoaren arabera.

4.– Indarrean dagoen legeriak ezarritako zerga-obligazioen eta Gizarte Segurantzaren ordainetan egunean dagoela egiaztatu beharko da.

4. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak automatikoki, eta beharrezkoa den guztietan, egiaztatuko du laguntzen erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, haien oniritzia jaso beharrik gabe, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

2.– Eskarietan, laguntza eskatzen duten erakundeek aukera izango dute beren-beregi adierazteko baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo agiri guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.5. eta 50.6. artikuluek ezarritako moduan –1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onarturikoa–, eskaeran jasotako erantzukizunpeko deklarazioaren bitartez, betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

b) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

c) Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla eta laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten du eskatzaileak.

d) Era berean, indarrean dagoen legediak eskatutako baldintzetara egokitzeko lanek eta eraikuntza berriko, zabaltzeko eta ordezteko lanek legedia betetzen dutela adierazten du eskatzaileak.

e) Edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren eraginpean ez egotea amaieran. Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

5. artikulua.– Diru-hornidura.

1.– Laguntza-programa honen finantzaketara bideratutako hornidura orokorra 12.800.000 euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailen kontura finantzatuko da.

2.– Zenbateko hori gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta eta aurrekontu-baliakizunen arabera, betiere haiek ebatzi aurretik. Inguruabar hori argitara emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen maileguak.

1.– Agindu honen ondorioetarako diruz lagundu daitezke 2. artikuluan zehaztutako ikastetxeetako titularrek finantza-erakundeekin sinatutako maileguak, deialdi honetan finkatutako baldintzetan, 50.000 euro edo gehiagoko zenbatekoarekin eta inbertsioa amaitzeko epea 2008ko ekainaren 1a eta 2014ko abenduaren 31 artekoa denean.

2.– Diruz lagundu daitezkeen maileguekin finantzatutako inbertsioek baldintza hauetakoren bat bete beharko dute:

a) Indarrean dagoen legedian xedatutako baldintzak beteta behin-behinekotasuneko egoerak desagerrarazten lagunduko duten inbertsioak izatea (behin-behineko egoeratzat hartuko dira alokairuko lokalak, aurrefabrikatutako ikasgelak, etxebizitzetako behe-solairuak eta eskolatzeko egokitzat jotzen ez diren eremuak).

b) Indarrean diren lege-baldintzak beteta, eremuak zabaltzen dituzten ikastetxeetako inbertsioak izatea, ikastetxeak eskolatzen duen unitate kopururako gaitasuna nahikoa ez izateagatik.

3.– Nolanahi ere, deialdi honetatik kanpo geratuko dira inbertsio hauek:

a) 2008ko ekainaren 1a baino lehen amaitutakoak, baita 2008ko irailaren 2ko Aginduaren babesean finantziazioa lortu zutenak ere (EHAA 179. zk., 2008-09-19koa).

b) Inbertsio errealak birjartzea beste izaerarik ez duten obrak, indarrean dagoen hezkuntza-itunen araudian aurrez ikusitakoari jarraiki.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

Erakundeek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.

Egoitza elektronikoan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/hezkoop/y22-izapide/es

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/hezkoop/y22-izapide/es

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz:

https://euskadi.eus/nirekudeaketak

8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Deialdi honetaz baliatzeko eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabetekoa izango da.

2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira euskadi.eus helbideko egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/hezkoop/y22-izapide/es

Diru-laguntza eskatutako inbertsio edo obra bakoitzeko eskaera bana aurkeztu beharko da. Hainbat inbertsioetarako mailegu bera aurkezten den kasuetan, eskaeran adierazi beharko da.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Egikaritze-proiektuak, planoak eta dokumentazio grafikoa paperean eta CD formatuan aurkeztuko dira Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan jasotako edozein bide erabiliz.

5.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko 2004ko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoarekin bat, deialdi honen izapideak egiterakoan bildutako datu pertsonalak, deialdiko parte hartzaileek tratatzeko eta argitaratzeko baimena emana dutenak, fitxategi batean sartuko dira; fitxategi horren helburua izango da diru-laguntzen deialdi hau eta deialdi honekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo –espediente kudeatzea eta parte hartzaileei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren arduraduna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendaritza izango da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko aipatutako Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

9. artikulua.– Derrigorrezko agiriak.

Eskaerari, oro har, dokumentazio hau atxikiko zaio:

1.– Eraikuntza berriko, zabaltzeko, ordezteko eta egokitzeko lanak egitea xede duten eskaeretarako:

a) Onartutako egikaritze-proiektua eskatzen duten lanak egitea xede duten eskaeretarako:

a.1.– Onartutako egikaritze-proiektua (formatu digitalean eta paperean) eraberritze-lanen edo hedapenen aurreko eta ondorengo planoak barne, argi eta garbi adierazita kasu guztietan eremu bakoitzaren xedea eta azalera erabilgarria.

a.2.– Egindako inbertsioa justifikatzen duten fakturak.

a.3.– Onartutako obren amaierako ziurtagiria.

a.4.– Onartutako obren amaierako dokumentazioa.

a.5.– Inbertsioak finantzatzeko kreditu-erakundeek emandako maileguak egiaztatzen dituen dokumentazioa, horien baldintzak eta eskaera egindako egunean duten egoera jasota.

b) Onartutako proiekturik eskatzen ez duten lanak egitea xede duten eskaeretarako:

b.1.– Egindako jardueraren planoak eta azalerak jasotzen dituen azalpen-txostena, teknikari aditu batek egindakoa.

b.2.– Teknikari adituak egindako aurrekontu eta guztiko txostena.

b.3.– Egindako inbertsioa justifikatzen duten fakturak eta obra ikastetxeak berak kudeatu duenean gremioak eta hornitzaileak banan-banan kontratatuta, horien zerrenda hornituko da bakoitzaren zenbatekoarekin.

B.4.– Obra-onarpenaren akta edo erakunde titularraren akordioa, obren amaiera ontzat ematen duena, obra ikastetxeak berak kudeatu duenean.

b.5.– Jatorrizko txostenarekiko aldaketarik izan den ala ez zehazten duen azalpen-txostena eta obraren kitapena. Aldaketarik izan bada, horiek zehaztu eta benetan egindako neurketak eta jatorrizko aurrekontua eta benetan egikaritutakoa alderatzen dituen taula jaso.

b.6.– Inbertsioak finantzatzeko kreditu-erakundeek emandako maileguak egiaztatzen dituen dokumentazioa, horien baldintzak eta eskaera egindako egunean duten egoera jasota.

c) Horrez gain, ikastetxeko titularra higiezinaren titularra ez bada:

c.1.– Alokairu- edo lagapen-kontratua.

c.2.– Obrak egiteko jabearen baimena.

2.– Higiezinak erostea xede duten eskaeretarako:

a) Salerosketaren eskritura, higiezinaren deskribapena eta balioa jasotzen dituena.

b) Planoak eta dokumentazio grafikoa: higiezinaren kokapen-planoak, oinplanoak, sekzioak eta altxaerak 1/100 edo 1/200 eskalan (formatu digitalean eta paperean).

c) Inbertsioak finantzatzeko kreditu-erakundeek emandako maileguak egiaztatzen dituen dokumentazioa, horien baldintzak eta eskaera egindako egunean duten egoera jasota.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeatze-lanak egitea Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendaritzari dagokio.

11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendaritzak aurkeztutako eskaeran akats edo zehaztasun-ezak antzemanez gero, erakunde eskatzaileari jakinarazi eta 10 egun naturaleko epea emango dio horiek zuzentzeko; eta ohartaraziko dio, bestela, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aldez aurretik dagokion ebazpena eman ondoren. Ebazpen hori aipatutako 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz emango da.

12. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Eskabideak aztertu eta sailkatuko dituen balorazio-batzordea kide hauek osatuko dute:

a) Baliabide Materialen eta Azpiegituren zuzendaria. Lehendakari moduan jardungo du.

b) Ikastetxeen zuzendaria, edo berak izendatutakoa.

c) Prestakuntza eta Ikaskuntzako zuzendaria, edo berak izendatutakoa.

d) Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari gisa jardungo duena, hitza izango du, baina botorik ez.

Balorazio-batzorde horrek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari bidaliko dio proposamena, eta bertan ikastetxeak eta bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa jasoko dira, Agindu honetan aurrez ikusitako esleipen eta zenbaketarako irizpideei jarraiki.

13. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

Agindu honetan aurrez ikusitako baldintza guztiak beteta, laguntza bertan ezarritako epean eta moduan eskatzen duten ikastetxeei esleituko zaie.

Baldin eta 14. eta 15. artikuluetan ezarritako irizpideei jarraikiz kalkulatuta aurkeztutako eskaeren guztizkoari erantzuteko 5. artikuluko 1. atalean adierazitako zuzkidura ez bada aski, orduan, zuzkidura hori eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da, hasieran haietako bakoitzarentzat kalkulatu ziren kopuruen arabera, baina osorik ordaintzeko behar den guztizko zenbatekoari zegokiokeen proportzio berean.

14. artikulua.– Diruz lagun daitekeen zenbatekoa.

Diruz lagundu ahal izango da irizpide hauek aplikatzearen ondoriozko inbertsioaren zenbatekoa:

1.– Indarrean dagoen legediak eskatutako baldintzetara egokitzeko lanek eta eraikuntza berriko, zabaltzeko eta ordezteko lanen kasuan, diruz lagun daitekeen zenbatekoa hauen artean txikiena izango da:

a) aurkeztutako obraren likidazioa*.

b) modulu ekonomikoak aplikatzearen ondoriozko kopurua*.

*Jasota daude: gastu orokorrak, etekin industriala, proiektua idatzi eta obra zuzentzeagatik eskumeneko ordainsariak eta BEZ.

Modulu ekonomikoak, obra motaren arabera:

Eraikinak:

– Eremu itxien egokitzapena: 480 euro/m2c.

– Eremu erdi itxien egokitzapena: 840 euro/m2c.

– Zabaltzea: 1.200 euro/m2c.

– Zabaltzea, solairuartearen eraikuntza eremu itxietan: 720 euro/m2c.

Kirol-eremuak, gimnasioak eta aldagelak:

– Eremu itxien egokitzapena: 360 euro/m2c.

– Eremu erdi itxien egokitzapena: 500 euro/m2c.

– Zabaltzea: 620 euro/m2c.

– Jokalekuak: 120 euro/m2c.

Gehieneko azalera-muga gisa ezarriko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskola-unitateen arabera ikastetxeetarako beharren programetan taula gisa jarrita duena.

2.– Higiezinak erostera bideratutako inbertsioen kasuan, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa hauen artean txikiena izango da:

– gutxieneko baldintza gisa ezarritako eremuei dagokion zatiaren erosketako balioa, 2010eko otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren arabera,

– aurreko 1. ataleko modulu ekonomikoak aplikatzearen emaitza.

15. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa amortizazioaren eta 8 urterako eta kuota finkoko maileguaren interesaren % 50ekoa izango da gehienez ere, printzipala diruz lagundu daitekeen zenbatekoa izanik, 14. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta eta urteko % 4ko interesarekin.

Inbertsioak finantzatzeko erakunde eskatzaileak eskatutako maileguaren saldo bizia diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren % 50 baino txikiagoa denean, 14. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta, diru-laguntzaren zenbatekoa amortizazioa eta saldo bizi horren interesa izango da.

Agindu honen ondorioetarako maileguaren saldo bizitzat hartuko da Agindua argitaratzean maileguak duen egoera.

Nolanahi ere den, gehienez maileguaren 8 urteko iraupenean benetan egindako eta justifikatutako kostuak lagunduko dira gehienez, diru-laguntzak ezingo du urtean Agindu honen xede diren inbertsioak finantzatzeko ikastetxeetako erakunde titularrek kreditu-erakundeekin sinatuta dituzten maileguek sortutako kuotaren zenbatekoa gainditu, eta eragina izateari utziko dio mailegu horiek guztiz amortizatzen direnean.

Aipatutako epean mailegua aldez aurretik kitatzeak, zenbateko eta baldintza berak dituen beste batekin ordezkatzen ez denean, betiere, diru-laguntza jasotzeko eskubidearen galera ekarriko du kitapen-egunetik aurrera, eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen Ebazpen bidez likidatuko da, Agindu honetako 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hainbat eskaeratarako mailegu bera aurkezten denean, maileguaren saldoak aurreko artikuluaren arabera ezarritako diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren batukariaren berdina izan beharko du gutxienez, bestela, zenbatekoa inbertsio bakoitzerako hainbanatu egingo da.

16. artikulua.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste edozein administrazio publikotik jaso daitezkeenekin, baldin eta, guztiek batera, Agindu honetan jasotako diruz lagun daitekeen zenbatekotik gora jotzen ez badute. Handiagoa izatekotan, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio Agindu honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoari. Era berean, bateragarriak dira hezkuntza-ituneko eskola-unitateak mantentzeko modulu ekonomikoaren berrezarpen eta inbertsioetako partida jasotzearekin.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordeak hala proposatuta, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak laguntzak emateko prozedura amaituko duen ebazpena emango du, egindako eskaera guztiei buruzko iritzia azalduz, deialdia EHAAn argitaratu eta sei hilabeteko epean. Interesdunei ebazpenaren berri emango zaie E-Administraziorako Plataforma Teknologikoaren –PLATEA– bidez eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da informatzeko xede soilarekin.

2.– Adierazitako epearen barruan aipatutako ebazpena jakinarazten ez bada, ezetsitzat jo beharko dira eskariak, hala agintzen baitu 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Jardunbide Komunari buruzkoak, 44. artikuluan; hori horrela izanik ere, lege horren arabera, administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du.

3.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta honen erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean geratuko da.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzaren onuradun diren ikastetxeek honako betebeharrak bete beharko dituzte beti:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Hori horrela, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoaren –PLATEA– bidez deialdiko ebazpenaren jakinarazpena egin eta hamabost eguneko epean, dagokion erakundeak Nire kudeaketak (https://euskadi.eus/misgestiones) bitarteko elektronikoen bidez berariaz uko egiten ez badu, ebazpena onartu dela ondorioztatuko da.

2.– Laguntza ekonomikoa zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kontura emandako laguntza ekonomikoen gainekoa, eman beharko diete.

4.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari obra deskribatzen duen kartela jartzeko erraztasunak ematea.

5.– Eskaeraren berri ematea eta, kasuan kasu, obrak egiteko laguntzak eskuratu izana.

6.– Eska daitekeen betebehar oro, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 paragrafoan aurrez ikusitakoarekin bat etorriz.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa zatikako ordainketa bidez ordainduko zaie onuradunei hiruhilekoa amaitutakoan, behin onuradunek dagokion hiruhilekoan dagoeneko mugaeguneratutako kantitateak kreditu-erakundeei ordaindu dizkietela egiaztatzen dutenean. Ordainketa horiek ez dute dagokion aldian sortutako kuotaren zenbatekoa gaindituko. Frogagiriak Nire kudeaketak bitartekoaren bidez izapidetuko dira: https://www.euskadi.eus/misgestiones

20. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke.

Ondorio horietarako, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak likidatzeko ebazpen bat emango du, eta bertan diru-laguntzen zenbatekoa doituko da.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

Finantziazioa emateko baldintzaren bat ez dela bete egiaztatzen bada, jasotako diru-kopuruak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, arau bi hauen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea –1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako testu bategina– eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretua (EHAA, 26. zk., 1992/02/07koa).

AZKEN XEDAPENeTATIK LEHENenGOA

Agindu honetan aurrez ikusi ez diren prozedurazko alderdi guztietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENeTATIK bigarrena

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENeTATIK hirugarrena

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 18a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala