Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2015eko martxoaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1414

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 25ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabaki bat argitara emateko dena. Erabaki horren bitartez, diru-baliabideak esleitzen dira Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan aurreikusitako laguntzak 2015eko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horren bidez, hain zuzen ere, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko martxoaren 18ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, zenbait diru-baliabide esleitu ditu, zehazki Lan eta Gizarte Politiketako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2015ean finantzatzera bideratuko direnak (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira). Gauzak horrela, Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 18ko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez esleitzen baitira zenbait diru-baliabide Lan eta Gizarte Politiketako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2015ean finantzatzeko (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira). Erabakia ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honen bidez jakinarazten den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 25a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA LAN ETA GIZARTE POLITIKETAKO MINISTERIOAREN 1998KO URRIAREN 16KO AGINDUAN EZARRITAKO LAGUNTZAK 2015EAN FINANTZATZEKO. AGINDU HORREN BIDEZ, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAN LANERATZEKO LAGUNTZA ETA DIRU-LAGUNTZA PUBLIKOAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DIRA.

Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta gizarteratzeari buruzko Lege Orokorra azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen. Bada, lege horren Testu Bateginaren 43. artikuluak zehazten duenez, enplegu-zentro berezien xede nagusia da ondasunen edo zerbitzuen jarduera produktibo bat egitea, merkatuko operazioetan aldizka parte hartuz, desgaitasuna duten pertsonei ordaindutako lanpostu bat ziurtatzeko; era berean, pertsona horien ahalik eta kopuru handiena ohiko enplegu-erregimenean sartzeko bide bat osatzen dute zentro horiek.

Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduak arautzen ditu desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko laguntzak, lan babestuaren formula bereziaren bidez, hau da, halako pertsonei enplegu-zentro berezietan sartzea eskainiz.

Enplegu-zentro bereziak finantzatzeko, laguntza publikoen premia dago, eta arau horrek erantzun egiten dio premia horri, hala jasotzen baita berariaz Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren egungo Testu Bateginean, enpleguko zentro berezien Erregelamenduan –abenduaren 4ko 2273/1985 Dekretuaren bidez onartutakoan– eta Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legean.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion. Geroztik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumena da enplegu-programa orokorrak eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten giza taldeei zuzendutako programa espezifikoak kudeatzea.

Xede hori duten laguntzak arautzeko arau autonomiko bat prestatu eta indarrean jarri bitartean, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jarraituko dute Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan araututako laguntza-programa gauzatzen, eta, horrela, beteko dute desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko premiari buruzko xedapenetan, lehenago aipatutakoetan, ezarritakoa.

Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan, bi laguntza-lerro biltzen dira: bata, inbertsioak diruz laguntzeko, eta, bestea, aipatutako giza taldeak enplegu-zentro berezietan dituen lanpostuei eusteko. Aurten emango diren laguntzen bidez, ziurtatuta dago egun dauden lanpostuei eusteko finantzazioa, eta, horrela, saihestu egingo da enplegua suntsitzea, krisi-garaian gehienbat talde eta sektore ahulenei eragiten baitie.

Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduak indarraldi mugagabea dauka. Bestalde, laguntza hauek emateko prozeduran, ez da lehiaketaren teknika erabiltzen. Esleitutako aurrekontu-kreditua edo haren eguneratzetik sortzen dena izango da laguntzak emateko muga, berariaz hala ezarrita baitago aginduaren laugarren xedapen gehigarrian.

Hori dela-eta, diru-laguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publikotasun-printzipioa betez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jakinarazi behar da zein den aipatutako aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, bai eta zenbateko hori eguneratzetik sor litekeen zenbatekoa ere.

Bestalde, publikotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak betetze aldera, komeni da laguntzen onuradun posibleei jakinaraztea badirela diru-laguntzak emateko prozedurarekin eta araubide juridikoarekin lotutako zenbait alderdi, laguntza horiek arautzen dituen aginduan ezarritakoarekin bat ez datozenak, zuzenean aplikatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko antolamendu- eta laguntza-araudia.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko martxoaren 18ko bilkuran eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Zenbait diru-baliabide esleitzea Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan araututako laguntzak 2015eko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 26.500.000 eurokoak izango dira, eta 32110-Enplegua Programaren kargura finantzatuko dira.

Diru-baliabide horiek agindu arautzailearen 4.B) artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitako diru-laguntzak finantzatzeko erabiliko dira, osorik, hau da, desgaitasuna duten pertsonek betetako lanpostuen soldata-kostuak estaltzeko, betiere lanposturik ez suntsitzea helburu duen laguntza-lerroaren barruan.

Laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu zenbatekoa edo, indarreko legeriaz bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena. Eguneratzerik izanez gero, horren berri argitara eman beharko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman ere.

Bigarrena.– Laguntzen kudeaketari buruzko zenbait alderdiri zuzenean aplikatzen zaizkie bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzen erakunde kudeatzaile autonomoa den aldetik ezartzen dituen antolamendu- eta funtzionamendu-arauak, bai Euskal Autonomia Erkidegoak diru-laguntzak emateko duen berezko araubide juridikoa. Hortaz, alderdi horien berri eman beharra dago. Hona hemen:

– Ebazpen honetan aipatzen diren diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (I. eranskina), eta honako toki hauetan izango dira eskuragarri: http://lanbide.net web-orrian; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan (Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz 01009), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.

Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lan Aktibazio Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta Lanbide erakunde autonomoko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

– Ebazteko epea gehienez sei hilabetekoa izango da, diru-laguntza eskaera aurkezten den egunaz geroztik, eta epe hori igarotakoan ebazpenik eman ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.

– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

– Diru-laguntzen programa honetan aplikagarria izango den erregimen juridikoa honako xedapen hauetan dago jasota: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. Tituluan eta VII. Tituluko III. kapituluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.

Hirugarrena.– Zuzendari nagusiak emango du argitara erabaki hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala