Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2015eko martxoaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1233

AGINDUA, 2015eko martxoaren 4koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoak Euskal Autonomia Erkidegoan burutzeko diru-laguntzak arautu eta horien 2015eko deialdia egiteko dena.

Etorgai programari buruzko agindu honek bat egiten du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 Planarekin, Europan Europa 2020 estrategiaren haritik ezarritako helburu estrategikoekiko koherentzia bilatzen duena ekonomia lehiakor eta biziak garatzeko, jakintzan oinarrituak eta iraunkortasunez hazteko eta enplegua ikuspegi kuantitatibo eta kualitatibo batetik hobetzeko gai izango direnak.

Enpresa-lidergotik eta Euskadiren gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendutik abiatuta sorturiko eta lankidetzan edo bereziki egindako proiektuetan oinarrituriko enpresa-ekimen estrategikoen garapena bultzatzen du programa horrek.

Planteatutako berrikuntzaren dimentsio globalak eta I+G+Bko inbertsioaren intentsitateak definitzen dituzte Etorgai proiektuak, inbertsio hori betiere beharrezkoa baita enpresen banako helburuak lortzeko eta, bereziki, trakzio-eragina izateko Euskadiko ekonomian eta ekonomia horren nazioartekotzea bultzatzeko.

Hortaz, dimentsio eta hedadura zientifiko-teknologiko garrantzitsua duten arlo estrategikoetako industria-ikerketako proiektuak finantzatzera zuzendua dago programa, eta etorkizuneko jardun estrategiko teknologikoko eta nazioartean proiekzioa izan dezaketen arloetan ikerketa planifikatua lortzera bideratua dago, eta baita garapen esperimentaleko proiektuak finantzatzera ere.

Beraz, Etorgai deritzon programaren helburua honako hau da: sortzen den jakintza berria baliagarria izatea, eta horrez gain, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobeak sortzera ere bideratu behar du, edo bestela, interes estrategikoa duten teknologiak txertatzera, edo patente berriak eta oinarri zientifiko-teknologikoa duten enpresa berriak sortzera, enplegua sortzeko eta euskal produkzio-sarearen posizio teknologikoa hobetzeko lagungarri izanik.

Bestetik, Etorgai programa honen helburu nagusiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2014-2020 Planean jaso dira, eta, arlo teknologikoak hautatzean, arlo horiek gure ekonomian duten garrantzia hartu dugu aintzat.

Etorgai programaren oinarrizko printzipioak: Etorgai programaren oinarrizko zenbait printzipioren barnean kokatzen da programa, eta, proiektuak egitean, Etorgai programaren funtsezko ildo edo parametro hauek hartu beharko dira kontuan:

– Euskadirentzat estrategikoak izatea.

– Enpresa-lidergoa.

– I+G+Bn egindako enpresa-inbertsioaren intentsitate handia.

– Euskadiren gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendua.

– Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala (I+Gren nazioartekotzea).

– Eta trakzio-eragina izatea Euskadiko ekonomian.

Orokorrean, agindu honen bitartez araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezkeen jardunen helburuak honako hauek dira:

a) Enpresen gaitasun zientifiko-teknologikoa eta, hala badagokio, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko (hemendik aurrera, ZTBES) zentroekiko elkarlana areagotuko duten industria-ikerketako proiektu estrategiko garrantzitsuak sortzeko bidea erraztea.

b) Teknologiaren ikerketa eta garapeneko lankidetzaren kultura zabaltzea, zientzia-teknologia-enpresa sistemako eragile guztien artean.

c) Enpresa txiki eta ertainak mobilizatzea, industria-ikerketako proiektu estrategikoetan gehiago parte har dezaten.

d) Ikerketa zientifiko eta garapen teknologikorako lankidetzari buruzko nazioarteko programetan, eta, zehazkiago, Horizon 2020 Programan modu eraginkorragoan sartzeko aukera ematea.

e) Euskadin sortutako jakintza zientifiko-teknologiko erabilgarriaren erabilera eta ustiapena zabaltzea eta optimizatzea.

I+G+B arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudian aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hauek jarri baitziren indarrean: Ikerketa eta Garapenaren arloko estatu-laguntzei buruzko esparru berria (2014-06-27ko AO, C 198) –aurrerantzean, I+G+Bren Erkidegoko Esparrua– eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187).

Bi testu horiek –zehazki, I+G+Bren Erkidegoko Esparruaren 127. puntuak eta Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorrak– laguntzak EBren araudi berrira egokitu beharra ezartzen diete estatu kideei, eta, horren ondorioz, Etorgai programa orain arte arautu duten aginduak aldatu egin behar dira.

Beraz, agindu honen bitartez, 2015. ekitaldirako Etorgai Programa aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko da –aurrerantzean, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra–. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187).

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Etorgai programaren deialdiko oinarri arautzaileak eta 2015eko deialdia onartzea, eranskinean jasotzen den baldintzetan. Industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak EAEko sektore estrategikoetan burutzeko diru-laguntzak ematen ditu Etorgai programak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Aurkeztutako proiektuak aztertu ondoren, erabakitzen bada agindu honetan ezarritako esparruan ez direla diru-laguntza jasotzekoak Etorgai proiektuak ez izateagatik, ebaluazio-organoak ofizioz bidera ditzake Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eremuko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako bestelako laguntza-programetara edo baliabideetara, betiere laguntza-programa horien barruan ezarritako epean egin bada eskaera, eta horrela jakinaraziko zaio interesdunari, dagozkion ondorioetarako.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ikerketa, garapena eta berrikuntzako diru-laguntzak aplikagarriak diren sektoreetan, agindu honek arautzen dituen diru-laguntzei dagokienez, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra aplikatuko da. Era berean, interpretazio arazoren bat sortzen bada, aipatu erregelamenduan xedatutakoaren arabera ebatziko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Euskal Autonomia Erkidegoan industria-ikerketarako eta garapen esperimental estrategikorako proiektu integratuak egiteko laguntza-programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko abuztuaren 6ko Aginduan jasotakoaren babesean diru-laguntza jaso zuten industria-ikerketarako eta garapen esperimental estrategikorako proiektu integratuek agindu horri jarraituko diote proiektua amaitu arte. Hain zuzen ere, agindu honek indargabetzen du orain arte indarrean egon den agindu hori.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 4a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
ETORGAI PROGRAMA ARAUTZEKO OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua honako hauetara zuzendutako laguntzen erregimena arautzea da, Etorgai programa izenarekin: sektore estrategikoetan industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak gauzatzeko finantzaketa, eta Ikerketa eta Garapen Teknologikoan eta Berrikuntzan elkarlan publiko-pribatuaren sustapena, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomian trakzio-eragina izan dezaten, ETEen esku-hartzea eta Horizon 2020 Programan sartzea ahalbidetuz (http://www.eshorizonte2020.es/).

2. artikulua.– Iraupena.

2015eko ekitaldian izango da indarrean laguntza-programa hau.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1. artikuluan zehaztutako xedeetarako 28.000.000 euro erabiliko dira eta aurtengo ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (Feder) ere ekarpenak egingo ditu programa hau finantzatzeko. Aurrekontu-ekitaldian emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango aipatu kontsignaziotik gorakoa edo laguntzak ebatzi baino lehen hura berritzetik ateratzen den zenbatekotik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarreango legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz. Zenbateko hori handituz gero, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da.

4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko proiektuak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Politiken barruan edota Europar Batasuneko politika zientifiko-teknologikoen barruan, enpresek garatutako Industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoek jasoko dute diru-laguntza.

Artikulu honen 2. puntuan adierazten diren jardun-arlo zientifiko-teknologiko estrategikoetan kokatzen diren industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoei dagozkien I+G+Bko jarduerek jasoko dute diru-laguntza. Produktu, prozesu, edo zerbitzu berri edo hobeak lortzeko baliagarriak diren jakintza berriak sortzera bideratuak egon beharko dute proiektu horiek, eta baita teknologia estrategiko berriak osatzera eta patente berriak eta oinarri zientifiko-teknologikoko enpresa berriak (OTEBak) sortzera ere. Hori guztia enplegua sortzera eta euskal enpresa-sarea dibertsifikatzera bideratua, eta baita enpresa-lehiakortasuna hobetzera ere.

Agindu honen ondorioetarako, industria-ikerketatzat eta garapen esperimentaltzat hartzen da Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 85. eta 86. paragrafoetan hurrenez hurren emandako definizioan ezarritakoa.

2.– Alde batera utzi gabe interes bereziko beste jardun-arlo posible batzuk, Euskadi 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2020 / RIS 3 Espezializazio Adimenduneko Estrategia Planean ezarritako lehentasunen barruan kokatuta egongo dira diruz lagun daitezkeen proiektu hauen jardun-arlo zientifiko-teknologiko estrategikoak:

a) Energia.

b) Manufaktura aurreratua.

c) Biozientziak eta osasuna.

3.– Proiektu batek diru-laguntza jaso ahal izateko, gutxienez lau milioi euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du, eta, gehienez, hiru urte iraungo du, hau da 2015, 2016 eta 2017.

4.– Proiektuak enpresa-partzuergoen lankidetzarekin garatuko dira –gutxienez 3 enpresak osatua– eta horrek enpresa horien arteko elkarlana ekarriko du. Era berean, enpresa horiek Zientzia Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileekin batera egingo dute lan, azpikontratatu gisa, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa bazkideetako batek bere gain hartuko ditu, kontratista nagusi gisa, proiektua zuzentzeko lidergoa eta partzuergoaren ordezkaritza, eta, proiektuaren martxa onerako Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioarekin izaten dituzten elkarrizketa eta harremanen erantzukizuna izango du.

b) Beharrezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile baten parte-hartzea gutxienez, partzuergo horretako enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 83. paragrafoan ezarritakoari jarraituz. Nolanahi ere, parte-hartze hori, oro har, aurkeztutako guztizko aurrekontuaren % 20 izango da gutxienez.

c) Partzuergoko enpresa jakin batek ezin izango du partzuergo bereko beste enpresa bat azpikontratatu.

5.– Etorgai programa honen deialdira aurkeztutako proiektu batek artikulu honetako 4.a) eta 4.b) paragrafoetan bildutako ezaugarrietakoren bat betetzen ez badu, proiektu hori modu berezian garatzekoa dela ulertuko da. Berezitzat jotako proiektu horietarako ez da beharrezkoa izango enpresen arteko lankidetza eta/edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile azpikontratatuekiko elkarlana, eta, horregatik, urteko deialdiaren guztizko diru-baliabideen gehienez % 20 esleituko zaie proiektu horiei.

6.– Proiektuak programarekin bateragarri egiteko, oso kontuan hartzekoa izango da Etorgai programaren oinarrizko printzipio hauek betetzea:

– Euskadirentzat estrategikoa izatea.

– Enpresa-lidergoa.

– I+G+Bn egindako enpresa-inbertsioaren intentsitate handia.

– Euskadiren gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendua.

– Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala.

– Trakzio-eragina Euskadiko ekonomian.

7.– Diru-laguntzaren pizgarri-efektua bermatzeko, erakunde eskatzaileak laguntza-eskaria aurkeztu duen egunaren ondoren hasitako proiektuek baino ezin izango dute jaso laguntza.

5. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.

1.– Langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak, eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak, baldin eta erakunde eskatzailearen plantillakoak badira), betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Langileen kostu zuzenak bakarrik joko dira halakotzat.

2.– Zeharkako kostuak, betiere kostu sinplifikatuen sistema aplikatuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2014ko apirilaren 10eko 2/2014 Zirkularrari jarraituz, eta 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 67.1 eta 68 artikuluetan eta 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Alde horretatik, diruz lagundu daitezkeen langileen kostu zuzenen % 15 zenbatuko da zeharkako kostu gisa.

3.– Kanpoko aholkularitzaren eta antzeko zerbitzuen kostuak (erakunde parte-hartzaileen plantillakoak ez diren kolaboratzaileak eta proiektuaren espezializazio-maila handiko zatietako azpikontratazioa barnean hartuta), betiere ikerketa-jarduerarako soilik eta etengabe erabiltzen badira, eta kanpoko iturrietan eskuratuak badira, ikerketako eta teknikako jakintzak barnean hartuta.

4.– Horretarako kreditatuak diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak kontratatzeak eragindako kostuak.

5.– Aholkularitzaren eta antzeko zerbitzuen kostuak, proiekturako bakarrik erabili badira. Horien artean, sartuko da proiekturako diru-laguntza justifikatzeko kontuaren kostuei buruzko auditoria. Auditoria-kostuak direla eta, gehienez ere 1.500 euroko diru-laguntza emango da proiektu eta erakunde onuradun bakoitzeko.

6.– ETEetarako industria-jabetzarako eskubideengatiko kostuak, Kategoriakako Salbuespenen Erregelamenduaren 25. artikuluaren d) idatzi-zatiari jarraituz.

7.– Ustiapen-gastuak (materialen gastuak, hornikuntzakoak), betiere zuzenean ikerketa-jardueraren ondorioz sortu badira.

8.– Tresna eta ekipamenduen kostuak, ikerketa-jarduerarako bakarrik eta etengabe erabili badira: proiektuak iraun bitartean, ikerketa-jarduerarako bakarrik eta etengabe erabiltzen diren ekipamenduen eta tresnen kostuen amortizazioa, doan lagata lortutakoen kasuan izan ezik.

9.– Aurreko 1), 2), 3), 4), 5), 6), 7) eta 8) paragrafoetan aipatu diren diruz laguntzeko moduko gastuak interpretatzeko, aintzat hartuko da Kategoriakako Salbuespenen Erregelamenduko 2. eta 25. artikuluetan ezarritakoa.

6. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun honako hauek izan daitezke:

a) Enpresa handiak eta ETEak. Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz, ETEtzat joko dira enpresa txiki eta ertainak, honako baldintza hauek betetzen badituzte: 250 langile baino gutxiago izatea eta urteko negozio-bolumenean 50 milioi euroko kopurua edo urteko balantze orokorrean 43 milioi euroko kopurua ez gainditzea. Orobat, enpresa txikitzat joko dira 50 langile baino gutxiagokoak eta, gainera, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Bi kasuetan, elkartutako edo lotutako enpresak badira, kopuru eta muga horien zenbaketa Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4, 5, eta 6. artikuluetan xedatutako eran egingo da.

b) Fundazioak eta enpresa-elkarteak, legezko forma edozein dutela ere.

2.– Honako hauek ezingo dira onuradun izan:

a) Horretarako kreditatuak diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak.

b) Administrazio Publikoekin lotura duten edo horien mende dauden eta berezko nortasun juridikoa duten erakunde edo sozietate publikoak, eta erakunde-administraziokoak direnak, administrazio hori edozein delarik ere.

c) Krisialdian dauden enpresak, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C 249).

3.– Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzeari eutsi beharko zaio emandako diru-laguntza guztia likidatu arte.

7. artikulua.– Onuradunen betekizunak.

Onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-instalazio bat izatea.

b) Estatuko laguntza-erregimen hauetako batetik laguntza ez-legezko edo ez-bateragarriren bat jaso ez izatea: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00); eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), salbu eta itzuli egin badituzte edo kontu blokeatu batean gordailutu badituzte interes eta guzti.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten instalazioetan garatzea zuzenean diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan garatu eta gelditu beharko dute diruz laguntzeko moduko proiektuek, bost urteko epean gutxienez.

e) Onuradunek nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dute inolako debeku edo gaitasungabetzerik izango diru-laguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo ente publikoekin kontratuak izenpetzeko.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan beharko dituzte erakunde onuradunek.

8. artikulua.– Laguntza mota, laguntzak emateko prozedura eta mugak.

1.– Emango diren laguntzak itzuli behar ez diren diru-laguntzak izango dira.

2.– Diru-laguntzak emango zaizkie horretarako baldintzak betetzen dituzten eskaerei, betiere agindu honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Proiektu bakoitzari emango zaion diru-laguntza honela kalkulatuko da: hurrengo 4. paragrafoan aurreikusitako laguntza-kopuru handiena aplikatuko zaio onartutako proiektu bakoitzean onetsitako gastu lagungarrien aurrekontuari.

Deialdia finantzatzera bideratutako guztizko diru-dotazioa nahikoa ez bada eskaera guztiei aurreko lerrokadan ezarritako eran aurre egiteko, diru-laguntzetarako zuzendutako guztizko zenbatekoa erakunde onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, proiektuaren ebaluaketan lortutako puntuak hartuko dira aintzat.

3.– Diru-laguntzak urtekoak edo urte anitzekoak izango dira, proiektuaren iraupenaren arabera, eta gehienez ere 3 ekitalditarako izango dira.

4.– I+G+Bko jardueretarako, erakunde onuradun bakoitzari eman dakiokeen laguntzarik handiena (itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak) gehienez ere onartutako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuen honako portzentajeen araberakoak izango dira, betiere Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 2. artikuluaren 85. eta 86. paragrafoetan emandako definizioekin bat etorriz.

a) Industria-ikerketako proiektuetarako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 40, gehienez.

b) Garapen esperimentaleko proiektuetarako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 25, gehienez.

9. artikulua. – Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Arau honetan ezarritako laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunek beste diru-laguntza batzuk ere jaso ahal izango dituzte, diru-laguntzen izaera edo horiek ematen dituen organo edo administrazioa edozein dela ere. Erakunde onuradun bakoitzak guztira zenbateko laguntza jasoko duen jakin ondoren, agindu honetan ezarritakoa betez onuradun horrek jaso ahal izango dituen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak, eta, zehazkiago, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 8. eta 25. artikuluetan ezarritakoa.

2.– Proiektu bati emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoak (laguntza bakoitzarenak edota beste diru-laguntzekin batera) ezin izango ditu inolaz ere gainditu jardueren kostua edo aurreko atalean adierazitako mugak. Ildo horretatik, diru-laguntza horien berri eman beharko diote erakunde onuradunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari. Kasu horietan, agindu honen arabera emandako diru-laguntzak gutxitu egingo dira gehiegiz jasotako neurrian.

10. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzara zuzenduko dira, eta, bide hauetakoren bat erabiliz aurkeztu ahalko dira: zuzenean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako bideetako bat erabiliz, edo, baita ere, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Bulegoetan eta https://www.spri.es/idi/idi web gunean. EHAAn argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik 2015eko apirilaren 15eko 12:00ak arteko epea egongo da horretarako.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eskuragarri jarriko du eskabide- eta inprimaki-eredu posible bat, web-orri honetan ere eskuratu ahal izango dena: https://www.spri.es/idi/idi

3.– Elkarlanean burutzeko proiektuetarako, erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Beraz, proiektuaren garapenaren eta kudeaketaren erantzukizuna hartzeko, proiektuko enpresa parte-hartzaile batek hartuko du bere gain proiektuaren martxa onerako beharrezkoak diren Administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak, kontratista nagusi gisa eta proiektuaren garapenean protagonismo handiagoa edukitzearen eraginez, eta, beraz, proiektuaren zuzendaritza eta partzuergoaren ordezkaritza edukiko ditu parte-hartzaile horrek, eta beraz, proiektuaren lidergoa.

Buru den enpresak aurkezten duen eskaeran agertu beharko du egoera horrek; gainera, enpresa horrek ez ezik, gainerako erakunde parte-hartzaile guztiek ere sinatu beharko dute eskaera.

4.– Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztuko da proiektu bakoitzeko:

a) Proiektuaren enpresa liderrak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

1) Eskabide-orria, enpresa liderrak eta parte hartzen duten gainerako erakundeek sinatua.

2) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa, paperean eta euskarri elektronikoan.

3) Partzuergoa eratzeko akordioa, non gutxienez honako alderdi hauek jasoko baitira: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-akordioak, emaitzen jabetza, jabetza industrialaren eta intelektualaren legezko babesa (patenteak), emaitzen etorkizuneko merkataritza-ustiapena, eta emaitzak jendaurrean jartzea.

b) Parte hartzen duten erakunde guztiek (liderrak barne) honako hauek aurkeztuko dituzte:

1) Proiektuan parte hartzeko inprimakia.

2) Enpresaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

3) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

4) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia.

5) Honako alderdi hauek egiazkoak direla egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena:

– ETE bat izanez gero, halako kalifikazioa izateko ezaugarriak izan behar ditu, erkidegoaren arauei jarraituz, betiere. Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz, honako hauek joko dira ETEtzat: enpresa txikiak eta ertainak, 250 enplegatu baino gutxiago eduki eta urteko negozio-bolumenean 50 milioi euroko kopurua edo urteko balantze orokorrean 43 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Orobat, enpresa txikitzat joko dira 50 enplegatu baino gutxiagokoak, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Bi kasuetan, elkartutako edo lotutako enpresak badira, kopuru eta muga horien zenbaketa Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4, 5, eta 6. artikuluetan xedatutako eran egingo da.

– Herri Administrazioekin loturarik edo mendekotasunik ez dutela, eta ez direla erakunde-administrazioko kide.

– Enpresa handi edo ertaina bada, berregituratze-garaian ez dagoela. Eta berregituratze-garaian baldin badago, Europako Batzordeari dagokion berregituratze-laguntzaren berri eman zaiola.

– Beste instituzio publikoetan edo pribatuetan, proiektu berarentzat eskatutako eta/edo emandako laguntzak.

– Erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

– Oso enpresa handia bada, Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan xedatutakoa bete behar du.

6) Erantzukizunpeko adierazpena, I. eranskinean agertzen dena, non azaltzen baita ez duela jaso legez kanpoko laguntzarik edo laguntza bateraezinik estatuko laguntza-erregimen hauetako batetik: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00).

5.– Proiektu berezia bada, 4.5 artikuluaren arabera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Enpresak aurkeztu beharrekoak, eta, hala badagokio, proiektuaren liderrak:

1) Eskabide-inprimakia, enpresak izenpetua, eta, liderra bada, gainerako erakunde parte-hartzaileek ere izenpetua.

2) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa, paperean eta euskarri elektronikoan.

3) Hala badagokio, partzuergoa eratzeko akordioa, non gutxienez honako alderdi hauek jasoko baitira: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-akordioak, emaitzen jabetza, jabetza industrialaren eta intelektualaren legezko babesa (patenteak), emaitzen etorkizuneko merkataritza-ustiapena, eta emaitzak jendaurrean jartzea.

b) Enpresa parte-hartzaileak, eta, hala badagokio, proiektuan parte hartzen duten guztiek aurkeztu beharrekoa, liderra barne:

Gainerako proiektuetan eskatutako agiri berberak, artikulu honen 4.b) artikuluan jasotakoari jarraituz.

6.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak edo, hala badagokio, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak –agindu honetako diru-laguntzak kudeatzen erakunde laguntzaile gisa jarduten duela– enpresa eskatzaileei beste edozein agiri eta/edo informazio eskatu ahal izango diote, beharrezkotzat jotzen badute, haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa.

7.– Erakunde eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena duen organoak dagoeneko dituen agiriak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1991 Legearen 35.f) artikuluak xedatutakoaren arabera, eta bere garaian aurkeztu zitzaion espedientearen zenbakia ezarri beharko da eskabidean, betiere dagokion prozedura amaitu zenetik hona ez badira 5 urte igaro oraindik. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, erakunde eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.

8.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekin eta SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.

11. artikulua.– Eskabideak onartzea eta zuzentzea.

1.– Eskaera puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo agindu honetan eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela joko da, Teknologia eta Estrategiako zuzendariaren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 71.1 artikuluan.

2.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduera hori.

12. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko organoa.

1.– Gai honetarako berariaz sortutako ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak egitea ere.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Teknologia eta Estrategiako zuzendaria izango da ebaluazio-organoko burua. Organoko kideak, berriz, hauek izango dira: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko zuzendaria (bera izango da presidenteordea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako kasuetan); Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako (SPRI) Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoko ordezkari bat; eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzako teknikari bat. Azken horrek idazkari-lanak egingo ditu. Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da.

3.– Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoak gauzatuko ditu, eta, ondoren, ebaluazio-organoan aurkeztuko ditu.

4.– Ebaluazio-organoa biltzeko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat han egotea. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio.

5.– Ebaluazio-prozesuan, komenigarritzat hartzen bada, proiektuetan aldaketak sartzea iradoki ahal izango zaie eskatzaileei, proiektuak ezarritako helburuetara hobeto egokitu daitezen.

13. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Etorgai programa honen proiektuek bat egin beharko dute 4.6 artikuluan zehaztutako oinarrizko printzipioekin.

2.– Industria Ikerketako Proiektu estrategikoentzako laguntzen ehunekoa aukeratzeko eta finkatzeko, ondoren zehazten diren honako oinarrizko irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

a) Funtsezko irizpideak:

1) Proiektuko jardueren orientazio zientifiko-teknologikoa. Betetzen direla balioztatzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren helburuak bat etortzea industria-ikerketa eta garapen esperimental estrategikoetako proiektuekin.

– RIS 3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean ezarritako lehentasunetara egokitzea proposamena.

– Emaitzak aprobetxatzea eta/edo jardun-arlo estrategikoetara bideratuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareak gauzatutako oinarrizko ikerketa-proiektuekin –burutuak zein martxan daudenak– bateratzea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko sektoreek edo kluster-elkarteek identifikatutako premiekin eta aukerekin bat etortzea.

– Berrikuntzako eta proiektuak aurre egindako teknologia-erronkako osagarria izatea (gaur egungo artearen egoerari egindako ekarpen zientifiko-teknologikoa).

– Proiektua Horizon 2020 Programarekin bateratzea.

2) Proiektutik espero diren emaitzen eragina. Betetzen direla balioztatzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Produktu, zerbitzu edo prozesu berriak edo/eta patente berriak eta teknologia-edukia duten enpresak sortzeko aukerak.

– Proiektuko parte-hartzaileek merkatua ustiatzeko dituzten aurreikuspenak.

– Merkatu-arriskua. – Proiektutik espero diren emaitzen ziurtasunaren eta merkatu-potentzialaren azterketa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-sarearen trakzio-eragina eta dibertsifikazio-potentziala eta enplegua sortzekoa.

– Erakunde parte-hartzaileen, eta, orokorrean, euskal ekonomiaren nazioartekotzean laguntzea.

3) Partzuergoaren oreka eta gaitasuna. Betetzen direla balioztatzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Erakunde parte-hartzaileen kopurua, profila eta osagarritasuna.

– Proiektuan landutako gaian parte-hartzaileek duten esperientzia eta gaitasuna, I+G+Bari dagokionez.

– Proiektuko buruaren eta lan-taldearen egokitasuna, betiere aintzat hartuta gizonen eta emakumeen presentzia orekatua.

b) Irizpide orokorrak.

1) Metodologiaren sendotasuna. Betetzen direla balioztatzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren plangintza (lanen egitura, gertaera garrantzitsuak, entregatzekoak, generoaren ikuspuntua sartzea, hala badagokio, eta parte-hartzaileak eta arduradunak).

– Proiektua kudeatzeko sistema.

2) Aurrekontua eta finantzaketa-eskema egokitzea. Betetzen direla balioztatzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:

– Aurrekontuaren neurria, proposatutako helburu eta jarduerekin eta Euskal Autonomia Erkidegorako Ikerketa Estrategikoko Proiektuaren kontzeptuarekin koherente dena.

– Aurrekontuaren banakatzea, proiektuko parte-hartzaileen eta jardueren arabera.

– Proposatutako finantzaketaren oreka eta bideragarritasuna.

3.– Lankidetza-proiektuetarako, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) idatzi-zatietan ezarritako irizpide bakoitzak % 30eko balio espezifikoa edukiko du, a.3) idatzi-zatian ezarritako irizpideak % 20ko balio espezifikoa edukiko du, eta, azkenik, b.1) eta b.2) idatzi-zatietan ezarritako irizpide bakoitzak % 10eko balio espezifikoa edukiko du.

Partzuergora bildu gabeko proiektu berezietarako, berriz, aurreko puntuko a.1) eta a.2) idatzi-zatietan ezarritako irizpide bakoitzak % 35eko balio espezifikoa izango du, eta b.1) eta b.2) idatzi-zatietan ezarritako irizpide bakoitzak % 15eko balio espezifikoa, hurrenez hurren.

4.– Proiektu bat hautatzeko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, atera daitekeen gehienezko notaren % 50 baino nota hobea ateratzea ebaluazioan, eta bestetik, funtsezko irizpide bakoitzean atera daitekeen gehienezko notaren % 40 baino nota hobea ateratzea.

5.– Proiektu batek Euskadi 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2020 / RIS 3 Espezializazio Adimenduneko Estrategia Planarekin ez badu bat egiten, baina bai interes berezia duen beste alor batekin, gehienez lortu daitekeen notaren % 70aren nota baliokidea edo hobea lortu beharko du aukeratua izateko.

14. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Aurkeztutako eskaerak ebaluazio-organoak ebaluatuko ditu, ezarritako irizpideei jarraikiz, eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari bidaliko dio prozedurako ebazpen-proposamena.

2.– Ebazpen-proposamenak honako hauek edukiko ditu gutxienez:

a) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskabideen zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.

b) Diru-laguntzak emateko proposatzen diren proiektuen zerrenda, horietako bakoitza egiteko epeak eta ematea proposatzen den laguntzaren guztizko zenbatekoa adieraziz. Lankidetza-proiektuetarako adieraziko da, halaber, proiektuaren ardura duen partzuergoko kideen nortasuna, proiektuaren ordezkaritza hartzen duen kidearena eta kide bakoitzari emandako laguntzaren zenbateko osoa.

15. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako alderdi guztiak erabakita, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari dagokio, betiere ebaluazio-organoaren proposamenez.

2.– Emandako diru-laguntzak eta ukatutakoak zehaztuko dira ebazpenean, eta, onartutako eskaeren kasuan, honako hauek adieraziko dira: diru-laguntza jasoko duten proiektuak, horiek gauzatzeko epeak eta emandako zenbateko osoa. Lankidetza-proiektuen kasuan adieraziko da, halaber, proiektuaren ardura duen partzuergoko kide diren onuradunen nortasuna eta bakoitzari esleitutako diru-laguntza osoaren zenbatekoa. Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio; bertan, onuradunei espedientea amaitu arte eman behar dituzten urrats guztiak eta deskargu-fasean aurkeztu beharko dituzten dokumentu guztiak adieraziko zaizkie.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, laguntza-deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta epe horren ostean ebazpenik jakinarazten ez bada, diru-laguntzaren eskaera ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Emandako ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

5.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren buru izatea bere gain hartu duen enpresari bai proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiei. Hori guztia, eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erakunde onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektuena eta emandako diru-laguntzak, denek jakitun egon daitezen.

6.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasiak dituzten itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetzealdian baldin badaude.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak zuzenean erakunde onuradunei ordainduko zaizkie, zatika, honako modu honetan:

a) Lehen urtekoari dagokion diru-laguntzaren % 50 ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da, 17.3.a) artikuluan zehaztutako epean, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Lehen urtekoaren gainerako zatiaren ordainketa, eta gainerako urtekoen ordainketak, aldez aurretik honako hauek agiri bidez justifikatzearen baldintzapean egongo dira: urtekoari dagokion jarduera egitea, finkatutako helburuen egikaritze-maila eta egindako gastua; diru-laguntza emateko ebazpenean urteko bakoitzarentzat onartutako gutxieneko aurrekontuaren bolumenera iritsi beharko da gastu hori.

Urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da proiektuaren urteko bakoitzean egindakoa, gutxienez diru-laguntzaren justifikazioko kontua aurkeztuta. Kontu horretan, laguntza emateko ebazpenarekin batera, proiektuaren kostuei buruzko auditoria-txosten bat eta beharrezkoa den gainerako dokumentazioa aurkeztuko dira, erakunde onuradun bakoitzari emango zaizkion instrukzioei jarraikiz.

Justifikazioa deskribatutako baldintzetan egin ondoren, justifikatutako urtekoari dagokion zatiaren eta hurrengo urtekoaren % 50i dagokion aurrerakinaren aldi bereko libramendua egingo da.

c) Azken urtekoari dagokion azken % 50aren ordainketa ekitaldi horren jarduera egitearen azken likidazioa eta proiektua osorik gauzatu izanaren justifikazioa aurkeztu ondoren egingo da, nagusiki honako hauek adierazten dituen memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta: Egindako jardunak; izandako emaitza kuantifikatuak eta/edo balioetsiak; aldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, urtekoen eta kontzeptuen araberako gastuekin; azpikontratatuekin, eta, hala badagokio, bereziki Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearekin sinatutako kontratuen, hitzarmenen, akordioen eta abarren azken betetze-txostena; partzuergoaren Nazioartekotze Planaren Eguneratzea, bertan parte hartzen duten erakundeek Europar Batasuneko I+Gko Esparru Programan aurkeztutako proiektuen zerrendarekin; ondorioak, eta abar.

Auditoria-enpresa batek egindako txosten bat aurkeztu beharko dute erakunde onuradunek, onartutako proiektu bakoitzeko. Auditoria-enpresak inskribatuta egon beharko du ROAC Kontu Ikuskarien Erregistro Ofizialean. Alde horretatik, aplikagarria izango da maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduaren bidez onartutako jardun-araua (2007ko maiatzaren 25eko BOE, 125. zk.).

2.– Diru-laguntza jaso duen proiektuan parte hartzen duten onuradunen kasuan, laguntza jaso baino geroagoko ekitaldi batean hasten badute beren jarduera proiektu horretan, aldeko lehen igorpena ekitaldi horretara atzeratuko da. Gainerako ordainketetarako, aurreko idatzi-zatian ezarritako araubidea aplikatuko da.

3.– Laguntzak ordaindu aurretik, eta ordainketa horren eskakizuna egin ondoren, agindu honen 10. artikuluan aipatutako zinpeko adierazpenean azaltzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dio onuradunak Sailari.

4.– Onuradunak aurkezturiko dokumentazioaren datuak egiazkoak direla frogatzeko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezake. Alde horretatik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, lagin-teknikak erabiliz, diruz lagundutako jarduera osorik burutu izana justifikatzen duen dokumentazioa eskatuko du proiektuen lagin esanguratsu baterako.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Inbertsioak eta gastuak, edota aurreikusitako gastuen konpromisoa, laguntza emandako urteetan gauzatu beharko dira (gehienez hiru urte), eta laguntza emateko ebazpenean adierazitako epeetan.

2.– Erakunde onuradunen betebeharrak dira diru-laguntza jaso duten jarduerak zuzenean egitea eta diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Nolanahi ere, posible izango da proiektuko I+Gko jardueraren zatiren bat EAEtik kanpo azpikontratatzea.

3.– Erakunde onuradunek honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

b) Emandako diru-laguntza zuzendua dagoen jardueretarako erabiltzea, alde batera utzi gabe Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jarduera horiek gauzatzean gerta daitezkeen aldakuntzak onar ditzakeela, betiere aldakuntza horiek behar bezala justifikatzen badira eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak esanbidez horretarako baimena ematen badu, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

c) Enpresa handiek, diru-laguntza jasotzeko, nahitaezko betebeharra izango dute frogatzea I+Gko jarduerak gehigarriak direla, hau da, normalean egin dituzten jarduerez aparte egindakoak. Horretarako, urteko txosten bat aurkeztu beharko dute, non zehaztuko baitute zein den laguntzaren efektu pizgarria eta zein egoeratan dagoen proiektua.

d) Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari edota horrek izendatutako auditoreari baimena ematea, proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izateko.

e) Publikoki zabaltzeko sortzen diren dokumentazioetan, karteletan, propagandan, edo argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» esaldia azaldu beharko dira. Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

f) Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari laguntza eskaintzea, emandako diru-laguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiterakoan; alde horretatik, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute. Era berean, eta hala badagokio, erakunde onuradunek zein enpresa-taldekoak diren adierazi beharko dute.

g) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.

h) Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean eskatutako informazio guztia ematea.

i) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

j) Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea.

18. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz emandako diru-laguntzak kudeatzeko, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia –Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako erakundea– izendatu da erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

2.– Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako eskaerak jasotzea eta hasierako ebaluazioa egitea.

b) Egindako proposamenak aztertzea eta ebaluatzea.

c) Justifikazio-agiriak jasotzea.

d) Ordainketa-proposamena eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.

e) Onartutako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitzea eta ezartzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak hala aginduta, programaren kudeaketa zuzenerako behar diren jardueretan laguntzea.

h) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak burutzen dituen egiaztatze-jarduerak onartzea.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarri diren baldintzak nahiz laguntzak esleitzeko ebazpenean ezarritakoak betetzen ez baditu, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 4.1 artikuluak ezarritako kasuetan, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari audientzia eman eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du, eta, hala behar izanez gero, eskuratutako laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak itzultzeko obligazioa ezarriko du, hargatik eragotzi gabe bidezko beste neurri batzuk hartzea. Aipatu dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Dena den, artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera, ez-betetzat hartuko dira honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak emandako luzapen- edo aldaketa-baimenik izan ezean.

b) Proiektuaren ildotik ateratzea edo laguntza emateko ebazpenean xedatutako obligazioren bat ez betetzea.

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ireki eta ebatziko ditu ez-betetze espedienteak. Era berean, proiektua bukatu aurreko gorabeherak direla-eta, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren proposamenez ere ireki litezke halako espedienteak.

20. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein Administraziotik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik, diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko erabakia alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Halaber, onuradunak eskatu eta justifikatu ondoren, salbuespen gisa, laguntza eman zuen administrazio-organoak luzapena eman dezake burutu beharreko jarduerak gauzatzeko; horrelakorik gertatuz gero, dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratu egingo da, alegatutako arrazoiek justifikatzen badute.

3.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotako jarduerak gauzatu behar dira. Nolanahi ere, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatuz gero eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatuz gero jarduerak amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira.

4.– Proiektuak porrot teknikoa izaten badu, hau da, eskaera egitean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortezin bihurtzen dituen konpondu ezinezko huts-egite teknikoak atzemanez gero proiektua garatzean edo amaitzean, erakunde onuradunak laguntza emateko administrazio-ebazpena aldatzeko eska dezake, gauzatutako proiektuaren zatiari egokitzeko. Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak aldakuntza onar dezake, betiere erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen badu aldakuntza hori.

I. ERANSKINA
(Ikus .PDF)

1.– PROIEKTUAREN IZENA (izen laburra erabili, mesedez).

2.– ERAKUNDE ESKATZAILEARI BURUZKO DATUAK:

(Ikus .PDF)

Helbidea (kalea, zenbakia, posta-kodea, herria, lurraldea):

Erakundea ordezkatzen duen pertsonaren izen-abizenak eta NA:

3.– HARREMANETARAKO BIDEAK.

Izen-abizenak:

(Ikus .PDF)

4.– ADOSTASUNA.

Goian adierazitako erakundearen ordezkari naizen aldetik, adierazten dut eskabide-orri honetan emandako argibide eta datuak egiazkoak direla, aitortzen aipatu erakundea ez dagoela sartuta Etorgai programako agindu arautzaile honetako 6.2.c) eta d) artikuluan aurreikusitako kausetan, eta (adierazi aplika daitekeen kasua):

Ondoren adierazten diren legez kanpoko eta bateraezinak diren laguntza fiskal hauetara ez duela jo: Araba I, II, III (CR 48/99, CR 49/99, CR 58/00); Bizkaia I, II, III (CR 52/99, CR 54/99, CR 60/00; Gipuzkoa I, II, III (CR 50/99, CR 53/99,CR 59/00).

Goian adierazitako laguntza baten edo gehiagoren onuradun izan dela eta itzuli egin dituela edo blokeaturiko kontu batean ordaindu dituela, dagozkion interesak barne.

?Goian adierazitako laguntza baten edo gehiagoren onuradun izan dela eta ez dituela itzuli ezta blokeaturiko kontu batean ordaindu ere, dagozkion interesak barne.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala