Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2015eko martxoaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1229

AGINDUA, 2015eko martxoaren 6koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Justizia Zuzendaritzan hutsik dagoen lanpostua -«Administrazio Orokorraren Kudeaketa Arduraduna», 510404 kodea, 1 dotazioa- izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena.

Sail honetako Justizia Zuzendaritzan «Administrazio Orokorraren Kudeaketa Arduraduna» lanpostua hutsik dago (kodea: 510404; dotazioa: 1). Beraz, sail honek lanpostu hori (agindu honen eranskinean adierazita dago) izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea erabaki du, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan agindutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ostean. Hauek dira deialdiaren

OINARRIAK:

Lehenengoa.- Parte hartzeko baldintzak.

1.- Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Aipatutako baldintza berdinetan, honakoek ere parte hartu ahal izango dute, lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.- Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeretan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, honako egoeretan izan ezik:

Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora ez badute bete.

3.- Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira eskatutako baldintzak. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.- Eskabideak.

1.- Interesdunek Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, eta horretarako, hamabost egun baliodun izango dituzte ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen duten destinoa adieraziko dituzte.

2.- Eskabide-idazkiarekin batera, hautagaiek curriculum vitae-a aurkeztuko dute, eta, bertan, honako hauek adieraziko dituzte:

a) Titulu akademikoak.

b) Betetako lanpostuak, bai administrazioan bai enpresa pribatuan.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, hizkuntzak eta hautagaiek egoki iritzitako gainerako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Dena den, horiek dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.- Ebazpena.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren agindu bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman zuen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hil biko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 6a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua:

- Izena: Administrazio Orokorraren Kudeaketa Arduraduna.

- Kodea: 510404.

- Dotazioa: 1.

- Kidegoak: A.

- Destino osagarriaren maila: 27.

- Berariazko osagarria: II-B.

- Zenbatekoa: 23.916,31 euro.

- Hizkuntza-eskakizuna: 3.

- Derrigortasun-data: 2007-03-31.

- Tokia: Justizia Zuzendaritza. Herri Administrazio eta Justizia Saila.

- Destinoko herria: Vitoria-Gasteiz.

Lanpostua betetzeko baldintzak:

Administrazioko Goi Mailako Kidegoko izatea: A01EU.

- Administrazioko Goi Mailako Kidegoan bi urte esperientzia, kidego horri baitago atxikia lanpostua.


Azterketa dokumentala