Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2015eko martxoaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1067

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 25ekoa, Industriako sailburuordearena, Elkartzen Programako laguntzak 2015eko ekitaldian emateko deialdia argitaratzeko dena. Laguntza horiek kanpo sustapeneko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei daude zuzenduta.

Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2005eko martxoaren 15eko Aginduak Elkartzen programa arautzen du (2005eko apirilaren 20ko EHAA, 74. zk.) –agindu hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko ekainaren 13ko Aginduaren bidez aldatu zen (2012ko ekainaren 22ko EHAA, 122. Zk.)–. Elkartzen Programaren bidez laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, kanpo sustapeneko jarduerak egin ditzaten.

Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko Aurrekontu Orokorrak arautzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legearen arabera.

Kanpo sustapeneko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutako Elkartzen Programaren laguntzak arautzen dituen Aginduaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da han iragarritako diru-laguntzak emateko 2015eko ekitaldirako deialdia egitea. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkartzen Programaren laguntzak 2015eko ekitaldian emateko deialdia egitea. Elkartzen Programaren bidez, laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei, kanpo-sustapeneko jarduerak egiteko. Programa hori, bestalde, Industria Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2005eko martxoaren 15eko Aginduaren bidez arautu zen –agindu hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko ekainaren 13ko Aginduaren bidez aldatu zen.

Xede horretarako, guztira, 1.600.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legean ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

Zenbateko hori aldatu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontu-baliabideen arabera, betiere laguntza-programa horiei buruzko ebazpenak hartu baino lehen. Halakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da. Halaber, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (Feder) Elkartzen Programa hau finantzatzen lagundu du, 2014-2020 eperako.

2. artikulua.– Betekizunak.

1.– Elkartzen Programaren laguntzak –alegia, kanpo sustapeneko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutako laguntzak– eskuratu ahal izateko, programa hori arautzen duen aginduaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dituzte eskatzaileek.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabidea interneteko helbide honetan deskargatu ahal izango da: www.euskadi.net

2.– Eskatzaileek leku hauetan aurkez ditzakete eskabide-orria eta gainerako agiri osagarriak: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean; sail horrek lurralde historiko guztietan dituen lurralde-ordezkaritzetan; eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean irekiko da, 09:00etan, eta 2015eko apirilaren 30ean amaituko da, 12:00etan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko apean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 25a.

Industriako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GARCÍA DE MOTILOA UBIS.


Azterketa dokumentala