Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2015eko martxoaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1019

ERABAKIA, 2015eko otsailaren 23koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, ente publikoaren 2015eko lan-eskaintza publikoa onesten duena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren 2014ko lan-eskaintza publikoa onetsi zuen 2014ko abenduaren 9ko Erabakian, berariaz aipatzen zen Giza Baliabideak Antolatzeko 2014-2016 Plana. Plan horrek hainbat jarduketa-lerro zehazten ditu, hala nola: pertsonetan oinarritutako kultura-aldaketa, beharrizanen araberako giza baliabideen plangintza eta pertsonen kudeaketa efizientea, sistemaren ardatz gisa.

Bestalde, honako hau ere aipatzen zen: Osakidetzako giza baliabideen plangintza eta antolamendua egungo antolamendu-beharrizan berrietara doituz garatzea da ildo horren helburuetako bat; horretarako, hautaketa- eta hornidura-prozesuak hobetzeko ekintzak aurreikusi behar dira, besteak beste.

2015eko lan-eskaintza publikoaren bidez, 2014ko eta 2015eko bi hautaketa-prozesuak batera eginda, kalitatezko enplegu egonkorra finkatuko da.

Osakidetzaren 2015. urterako lan-eskaintza publikoa egiteko, abenduaren 26ko 36/2014 Legeak, 2015. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, ekitaldi horretarako lan-eskaintza publikoaren arloan oinarrizko arau gisa ezarritako langileen berritze-tasaren % 50eko muga aplikatu behar da.

2014ko abenduaren 9ko Erabakian adierazi zenez, hautaketa-prozesuen kudeaketaren ekonomia-, eraginkortasun- eta efizientzia-arrazoiak direla-eta, Administrazio Kontseiluaren iritziz, 2014ko eta 2015eko bi hautaketa-prozesuak urte horietako lan-eskaintza publikoak jasoko dituen prozesu global baten barruan kokatu behar dira.

Pilatutako eskaintzan sartzen diren lanpostuek lanbide-kategoria ezberdinetan lehentasunezkotzat jotako beharrizanei erantzungo diete.

Lanpostuen lanbide-kategorien araberako banaketa eta deialdien oinarriak Osasuneko sektore-mahaian negoziatu beharko dira, eta Administrazio Kontseilu honek onartu ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Orobat, eta Osakidetza - Euskal osasun zerbitzuko 2014-2016 aldirako Giza Baliabideen Antolamendu Planarekin bat etorrita, lan-eskaintza publikoak barne-sustapeneko prozesuen bidez hornitu beharreko lanpostu batzuk edukiko ditu, langile berriekin hornitu beharreko lanpostuekin batera.

Deialdi bat zein bestea, hots, txanda librekoa eta barne-sustapenekoa, batera gauzatuko dira.

Adierazitakoarekin bat etorrita, eta apirilaren 12ko 7/2007 Legeak, Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzkoak, 37.1 artikuluan ezarritako xedapenei jarraikiz, Osasuneko sektore-mahaiak bilerak egin ditu, 2015eko lan-eskaintza publikoa mintzagai hartuta, 2014ko irailaren 15ean, urriaren 22an eta azaroaren 24an eta 2015eko otsailaren 18an, negoziatu eta irizpide orokorrak finkatzeko akordioak lortze aldera. Bilera horietan, Osakidetzak adierazi du 2015eko ekitaldirako lan-eskaintza publikoa negoziatzeko asmoa daukala, 2014koa negoziatu zen bezala, indarrean dagoen lege-esparruari lotuta, bereziki ekitaldi honetarako baimendutako berritze-tasari dagokionez. Horrez gain adierazi du barne-sustapeneko prozesuen bidez betetzeko lanpostuak sartu nahi dituela eskaintza horretan.

Adierazitako horren guztiaren ondorioz, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutuak ezartzen dituenak, 8.5.f) artikuluan xedatutakoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko otsailaren 23an eginiko bileran, erabaki hau hartu du:

ERABAKIA:

Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko lan-eskaintza publikorako 2015. urterako deialdia egitea onartu da.

2015eko lan-eskaintza publikoa 320 lanpostuz osatzen da, guztira.

Bigarrena.– Osakidetzaren Giza Baliabideen Antolamendurako Planaren arabera, 320 lanpostu betetzeko barne-sustapeneko hautaketa-prozesuak egiteko deialdia onartu da.

Hirugarrena.– Aurreko ataletan aurreikusitako estatutupeko langile finko izateko eta barne-sustapeneko prozesuak batera egingo dira, lehiaketa-oposizioaren hautaketa-sistemaren bidez. Prozesu horien ondoriozko jarduera guztietan publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasunaren printzipio orokorrak aplikatuko dira, eta gardentasunik handienarekin egikarituko dira.

Laugarrena.– Dagozkien deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz erabakiko dira deialdiaren xede diren lanbide-kategoriak.

Bosgarrena.– Hautaketa-prozesuen arrazionalizazio- eta eraginkortasun-arrazoiak direla-eta, pilatu egingo dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko erabakiaren bidez onetsitako 2014ko lan-eskaintza publikoari dagozkion lanpostuak eta erabaki honetan jasotakoak.

2014ko eta 2015eko lan-eskaintza publikoak batera egingo dira, bi eskaintzetako lanpostu huts guztiak jasoko dituen hautaketa-prozesuaren deialdi bakarraren bitartez.

Seigarrena.– Nolanahi ere, barne-sustapenean nahiz txanda librean, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duen jendeak betetzeko gordeko da deialdira ateratako lanpostuen % 7, betiere, hautaprobak gainditzen badituzte eta adierazitako desgaitasun-maila eta dagozkion lan eta zereginak egiteko bateraezintasunik ez izatea egiaztatzen badute.

Gordetako ehuneko zazpiko gutxieneko horren barruan, eskainitako lanpostuen ehuneko bi desgaitasun intelektuala duten pertsonek betetzeko izango da, eta gainerakoa, beste edozein desgaitasun-mota duten pertsonek betetzeko.

Zazpigarrena.– Hautaketa-prozesuak garatzeko jarduerak oinarri orokorren eta dagozkien deialdiek ezarritako oinarri berezien arabera kudeatuko dira.

Zortzigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren ardura izango da deitzen diren hautaketa-prozesuak oinarri orokor eta berezien arabera kudeatzea, eta ahalmena ematen zaio deialdi hori egikaritzeko behar adina ebazpen emateko, hala nola, deitu beharreko lanpostu zehatzei, epaimahaien izendapenari, deialdien ebazpenari eta lanpostuen esleipenari buruzkoak.

Bederatzigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina erabaki honek. Honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 23a.

Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala