Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2015eko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1005

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Ormaiztegi-Hernani 132 kV-ko línea elektrikoaren eta bere deribazioen zortasunak egokitzeko eta zuhaitzak mozteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita. Proiektu hori Iberdrola Distribución Eléctrica S.A.U.k sustatu du, Gipuzkoako honako udalerri hauetan: Ormaiztegi, Idiazabal, Beasain, Olaberria, Lazkao, Ordizia, Arama, Altzaga, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Tolosa, Alegia, Altzo, Hernialde, Anoeta, Urnieta, Irura, Villabona, Aduna, Andoain eta Hernani.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko, edo, hala badagokio, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Ormaiztegi-Hernani eta deribazioen 132 kV-ko linea elektrikoko zortasunak egokitu eta zuhaitzak mozteko proiektua baimentzeko prozedura hasi denez gero (proiektua Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatzen du), eta beherago zehaztutako arauak aplikatu behar direla-eta segidako lerroaldeetan aipatzen diren izapideak egin dira proiektu horri dagokionez. Hona hemen aplikatu beharreko arauak: Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, eta Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea.

– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia zehaztea. 2012ko uztailaren 9an, Ingurumen Sailburuordetzak hasiera eman zion Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan aurreikusitako kontsulta-izapideari. Izapide hori burutzeko, ingurumen-organoak 2012ko irailaren 11n txosten bat eman zuen, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren edukiari eta xehetasun-mailari buruz.

– Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 25. zk., 2014ko otsailaren 7koa eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 26. zk., 2014ko otsailaren 7koa).

– Entzunaldiaren izapidea. Organo eskudunak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gaineko kontsulta egin zien eragindako administrazioei eta interesdunei.

– Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatzea. 2015eko urtarrilaren 16an, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion espedientearen parte bat, proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 12.1 artikuluan ezarritakoa betez, eta Ingurumen-inpaktuaren Adierazpena egiteko eskabidea 2015eko otsailaren 16an osatu zuen.

Aztertuta geratu dira agiri teknikoak eta proiektuaren espedientean dauden txostenak, eta ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia dela eta bat datorrela indarrean dagoen legeriarekin. Horrenbestez, zenbait xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egiteko organo eskuduna denez, honako hau

EBAZTEN DU:

1.– Ormaiztegi–Hernani 132 k-ko linea elektrikoaren zortasuna egokitzeko eta zuhaitzak mozteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea. Proiektu hori Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatu du Gipuzkoako honako udalerri hauetan: Ormaiztegi, Idiazabal, Beasain, Olaberria, Lazkao, Ordizia, Arama, Altzaga, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Tolosa, Alegia, Altzo, Hernialde, Anoeta, Urnieta, Irura, Villabona, Aduna, Andoain eta Hernani.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

2.A.– Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera gauzatu beharko da, bai eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera ere.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

2.B.– Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa ezarri beharko da.

Proiektuari egiten zaizkion aldaketa zehatzak –hau da, aurreko idatzi-zatian adierazitakoek duten garrantzirik izan gabe, obrak egiteko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnak–, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira. Aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.

2.C.– Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera exekutatuko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako langileek, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritako kalitateko helburuak bermatu ahal izango dituzte.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan erantsi beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Aurrekoaz gain, ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.

2.c.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Honako arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua, Gipuzkoa Lurralde Historikoko zenbait flora espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako baso-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta, hala badagokio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendien kudeaketan eskumena duten organoak ezarritakoa alde batera utzi gabe, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

2.c.1.1.– Oro har, zuhaixkak baino ez dira botako, bere landare-garapen gorenean lerroaren segurtasunari eragin diezaioketenak. Gainerako zuhaixkei eta egungo zuhaixka-geruzari eutsi beharko zaie.

2.c.1.2.– Eremu ahulenetan eta natura-balio handikoetan (bertako baso-masak, babestutako flora-espezieak dauden eremuak, faunarako interes berezia duten eremuak eta abar), bideragarria bada, inausi edo lepatu egingo dira zuhaitzak, eta bota, soilik, ezinbestekoa denean linearen segurtasunerako.

Zuhaitzak botatzea edo soiltzea beste biderik ez bada, esku-erremintak erabiliko dira eta ez makina asunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landaredia ez kaltetzeko.

2.c.1.3.– Bota beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horietan baso atlantiko mistoko zuhaixka-espezieak landatu beharko dira.

Era berean, lehengoratu egin behar dira proiektua gauzatzeko kaltetutako eremuak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru okupazioak eta abar). Berriz ere landareak jartzerakoan, kontuan hartu behar da bertako espezieak landatu behar direla, natural bihurtutako habitatak sorrarazteko, eta inguruan dagoen landaredia naturalarekin konektatzen saiatu behar da.

Hala ere, proiektuaren sustatzaileak, bertako zuhaiztien galera konpentsatzeko, espezie berberak landatu beharko ditu, zuhaitzak bota diren eremuaren bezainbesteko azalera batean, gutxienez. Ahal izanez gero, proiektuaren inguruko degradatutako eremuak berreskuratuko dira.

Horretarako, lanak egiten diren bitartean botatako bertako zuhaiztien azalera kuantifikatu behar da, eta botatakoa berriz landatzeko proiektu bat egingo da non zehaztuko den zer konpentsazio-neurri gauzatuko diren, proiektu honetan aurreikusitako ekintzekin batera, edo ekintza horiek burutu eta gero. Konpentsazio-neurriak burutu ondoren, ingurumen-organo honetara bidali beharko da dokumentu bat non informazioa egongo den neurri horiek gauzatzeko erabili den moduari buruz.

2.c.1.4.– Zuhaitzak botatzeagatik zuhaixka geruzarik gabe geratzen diren ibai-bazterretan, ibaiertzeko landaretzak berezko dituen enbor txikiko zuhaitz- edo zuhaixka-espeziak landatuko dira.

2.c.1.5.– Europar bisoiaren (Mustela Lutreola) kudeaketa-planaren eremuan eta desman piriniotarraren (Galemys pirenaicus) kudeaketa-planaren eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraiki gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek egiteko mementoan, betiere kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.

2.c.1.6.– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutakoarekin bat. Trazadura berriko sarbideak eta ditugun sarbideak egokitzeko lanak behar denean gauzatuko dira, betiere lur mugimendua eta aurreko ataletan aipatutako eremu ahulen gaineko eragina murriztuz.

Era berean, egokitzapenak eta sarbide berriak egiteko, ibilguak ez dira kanalizatuko, ez eta zuzenduko ere.

2.c.1.7.– Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak eta mehatxupeko landaretzagatik interes berezikoak diren eremuak, zuinketa-fasean direnean eta lanak egiten direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, flora- eta fauna-espezieen populazioen kokaleku eta mugaketari dagokienez, ondorioztatzen da proiektuak ez diela espezie horiei eragingo; hala ere, kontu handia eduki behar da. Eremu horietan lanek ukitako gunea in situ zehaztu beharko da, eta obraren inguruan dauden balio handiko natura-elementuak oso ondo babestuko dira, ustekabeko kalteak saihesteko.

2.c.1.8.– Beharrezkoa izanez gero, lurzorua erabiltzea eragiten duten lanak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien mugatuko da espazioak obrako materialez okupatzea, eta makineria eta ibilgailuak horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibiltzea.

2.c.1.9.– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraiki hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Eremu horien xehetasun-kokalekua obra zuzendaritzak onartu beharko du, baina aurretik, ebazpen honetako 2.c.10 atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena eman beharko du, eta egokitzapen-lanei ekin baino lehen kasu bakoitzean in situ balizatu beharko da.

2.c.1.10.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatian adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

2.c.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

2.c.2.1.– Uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak aparte utzi gabe, ez da inolako isurketarik egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ez eta bere babeseko zorgunean ere, eta ez dute jasoko lur mugimenduen soberakinik edo zuhaitz-mozketen edo inausketen hondarrik ere.

2.c.2.2.– Halaber, erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak ez kutsatzeko.

2.c.2.3.– Sarbide berriak ireki edo antzeko ekintzak egin behar badira, eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak burutu diren edo instalazioak eduki diren lursailei eragin badiezaieke, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeak aurreikusten duen ingurumen-organoaren baimena beharko du.

2.c.3.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

Lanak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea.

2.c.4.– Soinuen eta bibrazioen ondoriozko eragina gutxitzeko neurriak.

2.c.4.1.– Lanak dirauen bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

2.c.4.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

2.c.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.5.1.– Sortutako hondakinak Hondakin, lur kutsatu eta berariazko araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko asmoz.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraiki, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Hurrenkera honetan lehenetsiko da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela.

Hondakin horien balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik bidera ezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

Berariaz debekatuta dago sortutako mota desberdinetako hondakinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; jatorrian bereizi behar dira haiek, eta behar diren biltze- eta biltegiratze-bitartekoak jarri behar dira haiek ez daitezen nahasi.

2.c.5.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat kudeatuko dira.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrak eragotzi gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

2.c.5.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua; eta horien aldaketak.

2.c.5.4.– Jardueraren ustezko soberakinak betegarritarako erabili behar badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dira.

Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean adierazitako VIE–A baliotze–indizeen balioak baino baxuagoko kutsatzaile-kopurua duten materialekin soilik egin ahal izango dira lurrak betetzeko edo egokitzeko lanak.

2.c.5.5.– Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontzi edo ontzikiak etiketatuta egon behar dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa.

2.c.5.6.– Olio erabilia kudeatzeko, hartuko da kontuan Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.

Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

2.c.5.7.– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, lanak dirauen bitartean, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak eta abar). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiziko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

2.c.5.8.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta horien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik, ezta hondakinik erreko ere.

2.c.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari; gero, berak erabakiko du zer neurri ezarri.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurriak garatuko dira, eta, hala izanez gero, organo eskudunak ezarritakoak.

2.c.7.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak oneratzeko neurriak.

2.c.7.1.– Obra-leku bakoitzean, lurrak mugitzeko lanak bukaturik, jarduerek eragindako lur-sailaren oneratze edafikoa eta geomorfologikoa egingo da, proiektu-sustatzaileak ingurumen-inpaktua ebaluatu bitartean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat.

Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

2.c.7.2.– Oneratze-lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretatik, landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria kontrolatu beharko da, bereziki, eta espezie horiekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihestu.

Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

2.c.8.– Jardunbide onen sistema jartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, gehienez ere honako helburu hauek bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landaretzaren gaineko eragina kontrolatzea, eta ondorioz, bisoi europarren habitataren gainekoa ere bai.

– Hondakin-isurketak ez egitea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramanez lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuaren eraginpeko herrigunean bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.

2.c.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, eremua ondo garbitu beharko da, eta proiektuaren eragin–eremutik obra hondakin guztiak kendu beharko dira. Garbitze lanetatik sortutako hondakinak lan–eremutik kendu eta ebazpen honen 2.c.5 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.c.10.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak obraren zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak emateko, aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek egindako txostena aztertu beharko da.

2.D.– Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumen–inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan eta ebazpen honetan aurreikusitakoarekin bat gauzatuko da.

Programa obra kontratatzeko baldintzen pleguan egongo da eta aurrekontu bat izango du, programa betetzea bermatuko duena.

2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak amaitu ondoren, sustatzaileak obra amaierako txostena egin beharko du, eta han erregistratuko ditu obrak egin ahala sortu diren gorabeherak, bai eta neurri babesleak, neurri zuzentzaileak eta ingurumen-zaintzakoak zenbateraino bete diren ere. Erregistro hori Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura jarri beharko da, hark ikuska dezan, eta, nolanahi ere, hari bidali beharko zaio, obrak amaitzen direnean. Proiektua garatu bitartean sartutako aldaketa puntualak xehetasunez dokumentatu beharko dira, ingurumenean duten eragina kontuan hartuta.

2.d.2.– Leheneratze-lanen arrakasta kontrolatzea.

Gauzatutako jarduerek eragindako eremua leheneratzeko lanek kaltetutako espazioa berreskuratu eta konpentsazioko neurriak hartu ondorengo bi urteetan, ereite– eta landatze-lanen sustraitu diren jarraipena egingo da.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza zerbitzuen esku egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesleak zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesleak zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktua saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.

2.F.– Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

2.f.1.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean, obrak egin bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, eta neurri babesleak eta zuzentzaileak noraino bete diren jasotzen duena, ebazpen honen 2.d.1 paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

2.f.2.– Ebazpen honetako 2.c.1.3 idatzi-zatian aurreikusitako konpentsazio-neurriak bukaturik, konpentsazio-neurriak nola gauzatu diren esaten duen agiria, aipatutako idatzi-zatian aurreikusitakoarekin bat.

2.f.3.– Oneratze-lana bukatu eta bi urtera, lan horren emaitzak eta hartutako neurrien egokiak izan direla biltzen dituen txosten bat, ebazpen honetako 2.d.2 idatzi-zatian aurreikusitakoarekin bat.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskudunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik badago.

4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

5.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala