Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2015eko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1000

AGINDUA, 2015eko otsailaren 25ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinen bidez jakinarazten baita aurrekontuan zenbateko zuzkidura dagoen Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) idatzi-zatietan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planak, Gobernu Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bilkuran onetsitakoak, lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri abian jarri zituen, aita edo ama izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak kentzeko eta lanak familian sorrarazten dituen mugak urritzeko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatuz, bai lana eskuratzeko eta lanean irauteko arloan, bai seme-alabak zaintzeko buru belarri aritzeko dituzten posibilitateen arloan. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako haurrentzako ikastetxe-sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutua betez, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako diru-laguntzak.

Lehenengo Planaren esparruaren arabera, lehenik eta behin, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzen dituen uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta ondoren, enplegurako laguntzak arautzen dituen abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua. Adierazitako dekretuaren VI. kapituluak lana eta familia bateragarri egiteko neurriak berrantolatzen ditu.

Esperientzia on horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, bateragarritasun-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela-eta, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planean, bateragarritasuna lerro estrategikotzat jo zuen (Gobernu Kontseiluak 2006ko irailaren 26ko bilkuran onetsi zuen plan hori). Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, emakume eta gizonen arteko etxeko ardura-banaketa sustatzea, eta familia- eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea. Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zen, eta gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua onartu zen, gaur egun indarrean dagoena.

Bestalde, 13/2008 Legeak, abenduaren 12koak, Familiei Laguntzekoak, helburu hau dauka: familiei babesa, arreta eta laguntza ematea, autonomia-erkidegoan familien alde indarrean dauden neurri guztiak osotasun koherente baten itzalpean antolatuz, eta beste hainbat laguntza-neurri berri ere arautuz. Lege horren II. tituluko II. kapituluan, norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egiteko neurriak daude jasota.

EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakunde arteko Planak –Gobernu Kontseiluak 2011ko abenduaren 27ko bilkuran onartutakoak– helburu nagusitzat du zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko familia-politika bultzatzea. Plan horren beste helburuetako bat da familien garapen-aukeretan aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bitartez. Eskaintza horri esker, eragotzi egingo da norberaren bizitza, familia eta lana erantzukidetasunez uztartu ezin dituzten familiak ordezkatzea, zeregin horretarako hirugarrenak eskuordetzea edo familia horiek zeregin horretan amore ematea.

Ikuspegi horretatik, EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakunde arteko Planak bere neurrien artean sartzen du familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko laguntza-programa mantentzea, aipatutako 177/2010 Dekretuan ezarritako moduan.

Herri Administrazioaren printzipioetako bat da diru-laguntzei publikotasuna ematea. Hori dela-eta, 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan aurreikusten da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sailburuaren agindu bidez urtero jakinaraziko duela aurrekontuko zenbateko zuzkidura dagoen dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, zuzkidura horren eguneratzearen ondoriozko diru-kopurua finantzatzeko.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 15. artikuluaren c) idatzi-zatiak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei laguntzeko abenduaren 13ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 13.2 artikuluak xedatzen duenez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da.

Horregatik, 177/2010 Dekretuan jasotzen den Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari buruzko aipamena Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari egindako erreferentziatzat hartu behar da gaur egun, eta azken sail horretako sailburuari dagokio agindu hori ematea.

Horrenbestez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, onuradun izan daitezkeenek diru-laguntza programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan eta ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) idatzi-zatietan aurreikusitako diru-laguntza lerroak betetzeko, gehienez 31.377.100 euro bideratuko dira guztira 2015ean, honela banakaturik:

– 30.464.000 euro seme-alabak zaintzeko lanaldia murriztu edo eszedentzia hartu duten langileentzako laguntzetarako.

– 618.100 euro mendetasun egoeran edo osasun egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzetarako.

– 295.000 euro seme-alaba adingabeak zainduko dituzten langileak kontratatzeko laguntzetarako.

Hasierako aurrekontuko diru-izendapenean eguneraketarik gertatzen bada, horren berri emango da Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu bidez.

lEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 25a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala