Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2015eko otsailaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
973

AGINDUA, 2015eko otsailaren 23koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2015-2016 aldian Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia / Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (EBPN/ESEP) garatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 10. artikuluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 193/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari (aurrerantzean HPS) 21.1.h) artikuluan (EHAA, apirilaren 24koa, 78. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.

Halaber, HPSk bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21, Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deialdi hau egin du, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia/Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (aurrerantzean EBPN/ESEP) garatzeko diru-laguntzak emateko. Deialdi honen helburua 2015-2016 aldirako EBPN/ESEP plana finantzatzea da.

Eusko Jaurlaritzak, 2012ko uztailaren 24an egindako Kontseiluan, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu zuen. Plan hori HPSk Euskararen Aholku Batzordearekin elkarlanean burutu zuen. 2013ko irailaren 11n, berriz, Eusko Legebiltzarrak berretsi zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana.

ESEPen helburu nagusia hauxe da: «Euskararen erabilera indartzea». Hori horrela, toki-erakundeek barruko jardunari begira egiteko nagusia dute: herri administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzea eta garatzea. Kanpoko jardunari begira, berriz, hiru eginbehar nagusi dituzte: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura.

Bestalde, 2014ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskararen Agenda Estrategikoa onartu zuen. Euskararen Agenda Estrategikoak ere ESEP izan du oinarri, arestian aipatutako «Euskara 21. Itun berritu baterantz» izeneko agiriarekin batera. Deialdi hau Euskararen Agenda Estrategikoak ezarritako helburuekin lerratzen da, elebitasun orekatu eta aukera berdintasunera gerturatzeko baliabideak jarriz lehentasunezko esparru jakinetan: familia bidezko transmisioan, begirale eta entrenatzaileen prestakuntzan, etorkinengana hurbiltzean eta euskarazko jardunaren erakargarritasunean eta prestigioan.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan 2015-2016 aldian EBPN/ESEP garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea eta deia egitea.

2.– Agindu honen bidez ezarritako diru-laguntzetarako kopurua 2.771.000 eurokoa da.

Kopuru hori honela banatuko da:

A multzoa: 2.031.000 €.

B multzoa: 720.000 €.

C multzoa: 20.000 €.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honek araututako diru-laguntzen onuradunak izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak eta, euren xedeen artean hizkuntza normalizazioa izanez gero, toki-erakundeen mendeko edo haiei lotutako zuzenbide publikoko erakundeak; era berean, onuradun izan daitezke xede horrekin lankidetza hitzarmen bidez elkartutako toki-erakundeak.

Laguntza deialdi honetatik kanpo geratzen dira euskara zerbitzua Lurralde Historiko batean baino gehiagotan eskaintzen duten toki-erakundeak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu behar da onuradunei diru-laguntzak eman eta, hala bada, ordaindu ahal izateko.

3.– Laguntza deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu honako pertsona juridikoak: zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekua dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik bereizkeria egitearren zigortua dena, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

4.– Eskatzailea udalaz gaindiko toki-erakundea izanez gero, eskaerak zehaztu behar du zein udalek parte hartzen duten jardueretan.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuari buruzko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, eskatzaileak ezinbestekoa izango du lanpostu zerrendan hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak ezarrita izatea, betiere V. plangintzaldiari dagokion indizea betez. Era berean, erakunde bakoitzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu eta gauzatu beharko du.

6.– Eskatzailea toki-erakunde baten mendeko edo toki-erakunde bati lotutako zuzenbide publikoko erakundea izanez gero, artikulu honen 3. eta 5. idatz-zatietan adierazitako betekizunak toki-erakunde bakoitzak ere betetzen dituela frogatu behar du.

3. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

Honako deialdi honen kudeaketa Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariari dagokio.

4. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Interesdunek prozeduraren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko honako bi bide hauetakoren bat aukeratu ahal izango dute:

– bide elektronikoa.

– bide presentziala.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu izapidetze presentzialaren zein telematikoaren bidez, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2015/ebpn-esep/eu/

3.– Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak, izapidetze presentzialak edo telematikoak, ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea, epeak, denbora barrutia eta dokumentazioa.

1.– Laguntza deialdi honek 2015-2016 aldian burutuko diren planak baino ez ditu hartuko kontuan, eta aurreikusitako jarduerak aldi horretan gauzatuko dira.

2.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

3.– Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria gutun-azal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.

4.– Era berean, eskabideak aurkezterakoan bide elektronikoak erabil daitezke, Agindu honen 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Eskaera elektronikoaren ondorengo izapideak honako gunearen bitartez egingo dira:

https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

6.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza eskaerak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, laguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

7.– Eskabidea honako dokumentuokin batera aurkeztu beharko da:

Eskatzaile guztiek aurkeztu beharrekoa:

a) 2015-2016 aldirako plana eta aurreikusi den aurrekontua bertan jasotzen diren jarduerak garatzeko («Planaren aurreikuspena» inprimakia).

b) Planak jarduera sorta batez osatuko dira, eta jarduera horiek egoki betetako fitxetan jasoko dira («Jarduera fitxa» inprimakia). Jarduera bakoitzeko fitxa bat bete behar da eta ez da onartuko jarduera bat baino gehiago jasotzen duenik.

Planean sartzen diren jarduerak diruz laguntzeko modukoak izango dira, Agindu honen 8. artikuluari jarraikiz.

Erakundeek plan bat egin beharko dute eurak aurkezten diren multzo bakoitzeko.

c) Euskara sustatzeko 2015erako onartu den aurrekontua (edo, hori ez badago, luzatutako aurrekontua), behar bezala desglosatua eta EBPN/ESEPeko esparruak kontuan hartuta, 10.1.a artikuluan ezarritakoaren arabera. Ez dira sartuko lanpostu zerrendakoak diren langileen gastuak. Idazkari kontu-hartzaileak edo kontu-hartzaileak egiaztatu behar du.

Kasuan-kasuan aurkeztu beharrekoa:

d) Jardueretan parte hartzen duten udalerrien zerrenda. Soilik mankomunitate edo kuadrillen kasuan («Udalerriak» inprimakia).

8.– Bide elektronikoa aukeratuz gero, diruz lagun daitekeen multzo bakoitzeko eskabide bat egin behar da.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileak dituen betebeharren egiaztapena.

1.– Erakunde eskatzaileak espresuki baimendu dezake emandako datu edo dokumentuak organo kudeatzaileak lor edo egiazta ditzan, Herri Administrazioari dagokion egiaztapen, kontrol eta ikuskaritza ahalmenari kalterik egin gabe.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bidez, ondorengo inguruabarrak egiaztatuko dira eskaera normalizatuan:

– Eskatzaileak beste herri administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik diru-laguntza, laguntza, sarrera edo beste baliabide batzuk jaso dituen ala ez (betebehar hau «Jarduera fitxa» izeneko fitxan egiaztatu behar da, diru-sarreren atalean).

– Eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.1 bis artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eskabide normalizatuan ondorengo inguruabarrak egiaztatuko dira:

– Eskatzailea prest dagoela HPSko balorazio batzordeari behar duen informazioa emateko, dokumentazioaren inguruan sortutako zalantzak argitze aldera.

– Eskatzaileak EBPN/ESEPen plan estrategikoa onartuta, indarrean eta HPSra bidalia izan behar duela, C multzora aurkezten denak izan ezik. Jadanik onarturik dagoen EBPN plan estrategikoa 2015ean amaitzen bada, 2016rako nahitaez ESEPen plan estrategikoa onartuko du 19.1 artikuluan ezartzen den bigarren ordainketa zuritzeko epea amaitu aurretik.

– Eskatzaileak aurrekontua betetzerakoan lanpostu zerrendako pertsonalaren gastuari dagokion zenbatekoa kendu egin duela.

– Eskatzaileak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartua, indarrean eta HPSra bidalia duela.

– Eskatzaileak, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, lanpostu zerrendan hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak ezarri dituela, betiere derrigorrezko indizea eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana betez.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta, laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen direla.

4.– Erregistratuta egon ezean, edo Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, hirugarrenen erregistro telematikora sartu eta berari dagozkion eragiketak egin behar ditu.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumentuetako bat falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

8. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak ondorengoak dira, hurrenkera honetan:

1.1.– A multzoa: Euskararen erabilera bultzatzeko, aisiako eta kiroletako begirale eta entrenatzaileei euskara erabiltzeko estrategiak irakasteko jarduerak egitea, bai eta horiekin lotutako prestakuntza materialak ere.

Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten jarduerak egitea.

Mintzapraktika lantzea helburu duten jarduerak egitea.

Euskara eta haren mundua etorkinengana hurbiltzea helburu duten jarduerak egitea.

Irakaskuntzaren markoan, eskola orduz kanpo garatzen direnak.

Aisia eta kirol jardunean haur eta gazteen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzea helburu duten jarduerak egitea.

Ludotekak, gaztetxokoak, udaleku irekiak eta gisakoak lagunduko dira osorik euskaraz burutzen badira.

1.2.– B multzoa: Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan jabetza pribatuko hizkuntza paisaia euskaraz ere jartzen laguntzen duten jarduerak egitea.

Oro har merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzea helburu duten jarduerak egitea.

1.3.– C multzoa: ESEPen diseinua lehenengoz egitea, inoiz EBPNren plan estrategikorik onartu ez dutenen kasuan.

2.– Nolanahi ere, honako jarduera hauek ez dute laguntza mota honetan sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira:

2.1.– Eusko Jaurlaritzaren gainerako deialdietan jarduera bererako aurkeztutako jarduerak.

2.2.– Hiztunen artean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin zuzeneko loturarik ez duten jarduerak.

2.3.– Honako jarduera hauek:

a) Eskola-agenda liburukiak, egutegiak eta gisakoak.

b) Arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko jarduerak eta diru-laguntzak, salbu eta Aginduaren 8.1.2 artikuluan aipatzen direnak.

c) Bekak, ikerketa lanak, kale-neurketak eta gisakoak.

d) Corpusarekin zerikusia duten jarduerak: toponimia, tokiko euskalkia, esaera zaharrak eta gisakoak.

e) Toki-erakundearen erabilera planari dagozkion jarduerak.

f) Eskola orduetan egindako jarduerak.

g) Euskalduntze-Alfabetatzeari dagozkion diru-laguntzak, bekak eta kanpainak (transmisioari eta etorkinei dagozkienak izan ezik).

h) Helduentzako euskarazko tailerrak eta ikastaroak (transmisioarekin lotutakoak eta etorkinei zuzendutakoak izan ezik).

i) Hedabideei diru-laguntzak, harpidetzak eta gisakoak.

j) Hezkuntzaren eremukoak direnak: ikastetxeei edo ikastetxeen elkargoei diru-laguntzak (salbu eta eskolaz kanpoko jarduerak laguntzekoak badira), materiala itzultzea, euskarazko haur-eskolak eskaintzea, uda ikastaroetara joateko diru-laguntzak, lan-praktikak euskaraz egiteko diru-laguntzak, matrikulazio kanpainak eta gisakoak.

k) IKTen sorkuntza eta lokalizazioa.

l) Izen-abizenen euskarazko grafia erabiltzearen aldeko kanpainak, euskararen aldeko jaietara joateko irteerak eta gisakoak.

m) Helduentzako ikuskizunak, oro har, eta haur eta gazteen ikuskizunetan hizkuntzaren aldetik parte hartze aktiborik eskatzen ez dutenak.

n) Kulturgintzako jarduerak: hitzaldiak, kultur agendak, erakusketak, kultur asteak, euskal folklorea bultzatzekoak, azokak, haur eta gazteei zuzenduta ez dauden literatur lehiaketak eta gisakoak.

9. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Laguntza proposamena lantzeko berariaz eratutako balorazio batzordeak, eskabideei buruzko ebazpen proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatze aldera, honako prozedura hau beteko du:

1.1.– Aurrekontuari eta diru eskabideari dagokienez:

a) Eskabidean aurkeztutako aurrekontua eta egindako diru eskabidea hartuko ditu abiapuntutzat.

b) 8. artikuluan finkatutakoaren haritik, laguntza deialdi honekin bat ez datozen gastuak alde batera utziko ditu.

c) Aurreko eragiketaren ondorioz, diru-laguntza kalkulatzeko garaian aurrekontu araztua hartuko da oinarri.

d) Aurrekontua arazten den bakoitzean, erakunde eskatzaileak egindako diru eskabidea egokituko da, betiere, aurrekontua egokitu den maila berean.

1.2.– Puntuei dagokienez:

a) Esleipen prozedurari ekin aurretik, balorazio fasera igarotako jarduerak baloratuko dira, Agindu honen 10. artikuluan finkatutako irizpideen arabera.

b) Puntu horiek zehaztuko dute araztutako aurrekontuaren estalpen indizea. Estalpen indize hori balorazio batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero.

c) Plan estrategikoaren diseinua (ESEP) lehen aldiz egiteko aurkezten diren toki-erakundeen kasuan (C. multzoa) %40ko estalpen indizea ezarriko da, 11. artikuluak 3. puntuan ezarritako muga errespetatuz.

2.– Toki-erakunde bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren kopurua zehazteko garaian, 11. artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.

3.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da, C multzorako eskaerak izan ezik. Diru-laguntzak esleitzerakoan, elkarren artean erkatuko dira Agindu honetako 10. artikuluan diru-laguntzak esleitzeko ezarritako irizpideen arabera eskabideen arteko hurrenkera finkatzeko aurkeztutako eskabideak, eta esleipenak egingo dira balorazioan 25 puntutik gora lortu dutenen artean.

Nolanahi ere, hasierako kalkuluen emaitzen kopurua deialdiaren diru-zuzkidura baino handiagoa bada, entitateek jaso beharreko diru-laguntza kopurua hainbanatu egingo da, proportzioan, deialdiaren aurrekontu baliabideetara egokitzeko.

4.– Balorazio batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo jakin batean soberakina izan eta besteren batean diru falta badago, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du eta horrela jasoko da Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek erabaki egokia har dezan. Birbanaketa egiterakoan, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horretarako, multzo bakoitzean eskatutakoaren eta esleitutakoaren arteko aldeak hartuko dira aintzakotzat, horiek estaltzeko beharrezkoak diren formulak erabiliz. Multzoen arteko hurrenkera honi jarraituko zaio: A, B, C, A...

10. artikulua.– Diru-laguntza esleitzeko irizpideak.

Diru-laguntzei buruzko zenbatekoa esleitu, finkatu eta ebazpen proposamena egiteko, balorazio batzordeak irizpide hauek erabiliko ditu:

1.– A eta B multzoko jarduerak garatzeko eskatzen duten toki-erakundeen kasuan, puntuazioa honela banatuko da:

a) Euskara sustatzeko aurrekontu araztua biztanleko (40 puntu).

Datua kalkulatzeko euskara sustatzeko 2015erako onartu den aurrekontua (edo, hala badagokio, luzatutako aurrekontua) erabiliko da.

b) Toki-erakundeek tokian tokiko askotariko elkarteekin edota erakundeekin (eskolekin, kultur elkarteekin, guraso elkarteekin, kirol elkarteekin, aisiako elkarteekin...) batera sustatutako jarduerak izatea (30 puntu).

c) Haur, gazte eta nerabeei zuzendutako jarduerak (30 puntu).

Horrezaz gain, beste bi irizpide hauek aplikatuko dira toki-erakundeen ezaugarri berezien arabera:

d) Eskaria egiten duten dentsitate gutxiko mankomunitateei edo kuadrillei (km2-ko 120 biztanle baino gutxiago dituztenei) 12.000 euroko diru-laguntza gehigarria emango zaie, betiere gainfinantzaketa ez badago. Kopuru hori a), b) eta c) ataletan zehaztutako irizpideen arabera emandakoari gehituko zaio.

e) EBPN/ESEP garatzeko asmoz deialdira aurkeztu eta onartzen diren jarduerek balorazioan 25 puntutik gora lortu behar dute, batez beste. Bestalde, eskatzaile bakoitzari esleitutako diru-laguntza 2.000 eurokoa izango da gutxienez. Ondorioz, gutxieneko puntuaziora iristen ez diren toki-erakundeen eskaerak edota 2.000 euroko diru-laguntzara iristen ez direnak bazterrean geratuko dira.

2.– Soilik plan estrategikoaren diseinua lehenengoz egiteko eskatzen duten toki-erakundeen kasuan (C multzoa), aurkeztutako egitasmo guztiek gehieneko puntuazioa (100 puntu) izango dute.

3.– Biztanleen kopuruaren gaineko datuak eta azaleraren hedaduraren gaineko datuak, berriz, Eustaten honako txosten hauetatik hartu dira, hurrenez hurren: «Euskal AEko biztanleria, lurralde eremuaren, jaioturtearen (urtea) eta sexuaren arabera» eta «Euskal AEko egitura orokorra eta organikoa eta lurzoruaren kalifikazioa udalerriaren arabera (Ha) 2013».

11. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko HPSk ez du inoiz ere toki-erakundeak berak jarduera aurrera eramateko erabilitako diru-kopurua baino kopuru handiagoa emango, 10.1 artikuluko d) atalean aipatzen diren toki-erakundeen kasuan izan ezik.

2.– Toki-erakunde onuradunari gehienez ere aurkeztutako aurrekontuaren %40ko diru-laguntza emango zaio, 10.1 artikuluko d) atalean aipatzen diren toki-erakundeen kasuan izan ezik. Horrezaz gain, toki-erakunde bakoitzari agindutako guztirako diru-kopuruak ezingo du 120.000 euroko muga gainditu.

3.– Gehienezko muga horren azpian tarteko gehienezko mugak ezarriko dira, kasuan kasuko biztanleria kontuan izanda. Muga horiek hauek izango dira: <5.000 biztanle (20.000 euro); <10.000 biztanle (35.000 euro); <20.000 biztanle (50.000 euro); <30.000 biztanle (65.000 euro); <40.000 biztanle (80.000 euro); <50.000 (95.000) eta =50.000 biztanle (120.000 euro).

Toki-erakunderen bati diru-laguntza onartzen bazaio multzo bat baino gehiagorako eta gehienezko muga gainditzen badu, multzo bakoitzari dagokion dirua proportzionalki birkalkulatuko da.

C multzora aurkezten diren toki-erakundeek ez dute 2.500 euro baino gehiago jasoko modalitate horrengatik, zeinahi delarik ere duten biztanle kopurua. Multzo honetarako aurreikusitako diru-kopurua nahikoa ez balitz izango, hainbanaketa egingo da jasotako eskaera guztien artean. Edozein kasutan ere, emandako laguntzak ez du jardueraren gastu osoa gaindituko.

4.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna: deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berbererako eman ditzaketenekin bateragarriak dira, betiere gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Gainfinantzaketa badago, diru-laguntzatik onuradunari dagokion kopurua kendu egingo zaio lagundutako jardueraren kostu araztu osoari egokitu arte.

12. artikulua.– Balorazio batzordea.

1.– Eskabideak aztertu eta baloratzeko ondorengo mahaikideez osatutako balorazio batzordea eratuko da:

a) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Ángel Lobera Revilla, balorazio batzordearen buru izango dena.

b) Ana Esther Furundarena Olabarriaga, balorazio batzordearen buruordea izango dena.

c) Euskal Udalen Elkartearen (Eudel) ordezkaria, Andoni Busquet Elorrieta. Beraren ordezkoa: Mónica Martínez Mosquera.

d) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako hizkuntza plangintzaren arduraduna, M.ª Jose Arrieta Sagarna. Beraren ordezkoa: Xabier Larrañaga Padilla.

e) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako teknikaria, Jose Luis Ugarte Garrido. Beraren ordezkoa: Eneritz Basauri Bengoa. Idazkari lanetan arituko da, iritzia emateko ahalmenarekin, baina bozkatzeko eskubiderik gabe.

2.– Balorazio batzordeak, diru-laguntzak esleitzeko irizpideetan oinarrituz, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebazpen proposamena aurkeztuko dio.

3.– Balorazio batzordearen osaeran errespetatu egingo da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.

Halaber, Balorazio batzordea osatzeari dagokionez, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, 3.7 artikuluan dioena beteko da.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpena emango du Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko die, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 6 hilabeteko epean.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, erakunde onuradunak eta diruz lagundutako jarduerak zeintzuk izan diren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, herritar orok jakin dezan.

3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, aukera izango du ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Ebazpena jakinarazten den egunean hasi eta ondorengo hamar (10) egun baliodunetako epean diru-laguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen erakunde onuradunak betebehar hauek ditu:

1.– Onuradunak bestelako erakunde publiko zein pribatuei eskatutako diru-laguntzen egoeran edota zenbatekoan gertatutako edozein aldaketaren berri eman behar dio Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari.

2.– Toki-erakunde onuradunek proiektuen edo jardueren aurrekontuan %40ko ekarpena egin behar dute gutxienez, 10.1 artikuluko d) atalean aipatzen diren toki-erakundeen kasuan izan ezik.

3.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman behar dute.

4.– Diru-laguntza erabili behar dute eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzetarako.

5.– Eskabide-orrian aurkeztutako jarduera bere osotasunean gauzatu behar dute.

6.– Indarrean dauden lege eskakizunak bete behar dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

7.– Laguntzagai diren jarduerek errespetatu behar dituzte giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun balioak. Ondorioz, jarduera horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beraien duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementuetarik bat ere.

8.– Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu, eta, aldi berean, politika-aniztasuna, eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

9.– Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

10.– Eusko Jaurlaritzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 16. artikuluan esandakoaren arabera.

16. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren aipamena.

Toki-erakunde onuradunek agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, ikus-entzunezkoetan edo elektronikoetan adierazi behar dute Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua erabili behar dute, deialdi honen baitan lagundu dituen jarduera edo egitasmo guztietan.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

b) Honako Agindu honen 15. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

c) Hala badagokio, likidazio ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.– Lehen ezarritako ez-betetzeak gertatzen badira, edo Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo Agindu honetan ezarritakoak betetzen ez badira, diru-laguntzaren onuradunak itzuli beharko du berari eman eta berak hartutako diru-laguntza, bai eta aplikatu behar diren lege korrituak ere. Balizko horietan jokatuko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera; izan ere, dekretu horrek araupetzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra, eta haien kudeaketan esku hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzaren urteroko ordainketa honela egingo da:

– Zenbateko osoaren % 25a ordainketa bakarrean egingo da, ebazpena jakinarazi eta hamar (10) egun balioduneko epea amaitzen denetik bi (2) hilabeteko epean. Dena den, hamar (10) egun balioduneko epe hori heldu baino lehen HPSren onarpen-agiria jasotzen bada, ordainketa bideratzen hasiko da.

– Zenbateko osoaren % 50a ordainketa bakarrean egingo da, diru-laguntzaren justifikazioa jaso eta ontzat hartu ondoren, hilabeteko epean, 19.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

– Zenbateko osoaren gainerako % 25a ordainketa bakarrean egingo da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat hartu ondoren, hilabeteko epean, 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Bigarren ordainketa egiteko justifikazioa, zenbateko guztiaren % 50ari dagokiona, 2016ko apirilaren 15a baino lehen aurkeztuko da.

Erakunde onuradunen ordezkariak ziurtagiri bat bidali beharko du, diru-laguntzetara aurkeztutako planaren 2015eko abenduaren 31 arteko betetze-maila adieraziz («Planaren tarteko betetze-maila» inprimakia).

2.– Hirugarren ordainketa egiteko justifikazioa, zenbateko guztiaren % 25ari dagokiona, 2017ko apirilaren 15a baino lehen aurkeztuko da.

Erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

2.1.– A edota B multzotara aurkeztutako erakundeek:

a) 2015-2016 planaren amaierako betetze-maila adierazten duen ziurtagiria («Planaren amaierako betetze-maila» inprimakia), ziurtatze-ahalmena duen organoak sinatua: entitate onuraduneko idazkariak edo idazkari kontu-hartzaileak.

b) Ziurtagiri batek adieraziko du 2015-2016 planean aurreikusi diren jarduera bakoitzari esleitutako diru-laguntzen objektua eta xedea bete direla, eta horretarako erabilitako diru-kopurua ere zehaztuko du, 2016ko abenduaren 31rainoko gastu osoa justifikatuz. Ziurtatze-ahalmena duen organoak sinatuko du: entitate onuraduneko idazkariak edo idazkari kontu-hartzaileak.

Era berean, xede berbererako jasotako bestelako diru-laguntzak adierazi behar dira, baldin eta aurretik adierazi ez badira, eskatzaileak eskabidea aurkezterakoan haren eragina ezagutzen ez zuelako («Justifikazio fitxa» inprimakia).

c) Materiala sortzen denean (katalogoak, kartelak, agiri grafikoak, etab.), sortzen den materialaren ale bana bidali behar da, euskarri elektronikoan edo paperean. Horrez gain, «Justifikazioa-Materiala» inprimakia bete behar da.

d) Indarrean dagoen plan estrategikoa osoko bilkurak edo eskumena duen organoak onartu duela adierazten duen agiria, baldin HPSren esku ez badago.

2.2.– Plan estrategikoaren diseinua lehenengoz egin duten erakundeen kasuetan (C multzoa):

a) Plan estrategikoaren diseinua, organo eskudunaren onarpenarekin batera.

b). Plan estrategikoaren diseinua lehen aldiz egiteko aurrekontu burutua, erakunde onuraduneko idazkari kontu-hartzaileak edo kontu-hartzaileak egiaztatua («Justifikazio fitxa» inprimakia).

3.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, diru-laguntzaren justifikazioa Agindu honen 10. artikuluan aipatutako lekuetan aurkez daiteke.

4.– Era berean, justifikazioak aurkezterakoan bide elektronikoak erabil daitezke: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

20. artikulua.– Jarraipen batzordea.

Beraren zeregin nagusia izango da justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertu eta ontzat hartzea, bai eta azterketa horren ondorioz bideratutako ordainketa osoa edota likidazio ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egitea. Honako hauek osatuko dute Jarraipen batzordea:

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak, batzordearen buru.

– Herri administrazioetan hizkuntza plangintzaren arduradunak.

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako teknikariak. Azken honek idazkari lanak egingo ditu.

21. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta likidazio ebazpena.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da.

2.– Honako Agindu honen pentzudan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli behar ditu, honako kasu hauetako bat gertatuz gero: diru-laguntza horretarako eskatu eta eman zeneko zertarakoetarako ez erabiltzea, diru-laguntzaren jatorri izan zen ekintzarako ez erabiltzea, horietarako eskatu zeneko helburu jakinetan erabili dela ez justifikatzea edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuenaren) 50.2 artikuluan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzea. Aurreko hori abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan esandakoaren arabera egingo da, non EAEren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen baitu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen baititu.

lEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

1. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa gertatuz gero, haren berri Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten eman beharko da, laguntzak ebatzi baino lehen.

bIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak jakinarazten dizu eman dituzun eta zure eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. planes de euskera» izeneko fitxategian sartu direla. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra, eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan sortzeko arauan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, baduzu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea, 1, 01010, Gasteiz).

Herri Administrazioak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak, eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Toki-erakundeek bidalitako dokumentazioaren inguruan sor litezkeen zalantzak argitze aldera, HPSk informazio gehigarria eskatu ahal izango du.

Ebazteko eskumena daukan organoak uste badu ez daukala eskabide bat ebazteko behar duen informazio guztia, beharrezko informazio gehigarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio auzia sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko litzateke aintzat.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 23a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala