Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2015eko otsailaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
970

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 16koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Naturgas Energía Distribución S.A.U.ri Bastidako udal-barrutian (Araba) gas naturala bideratzeko eta banatzeko administrazio-baimena emateko dena.

Espediente-zk.: CG-F-2014-2-PML.

Espedientea ebazteko, beharrezkoa da honako hauek aipatzea eta kontuan hartzea:

AURREKARIAK:

1.– 2014ko uztailaren 28an, Miquel Andreu López jaunak, Gas Natural Rioja, S.A.ren izenean, Bastidako udal-barrutian (Araba) gas naturala banatzeko administrazio-baimena eskatu zuen.

2.– 2014ko irailaren 24an, Javier Bermejillo Eguía jaunak, Naturgas Energía Distribución, S.A.U.ren izenean, Bastidako udal-barrutian gas naturala banatzeko instalazioa eraikitzeko aurretiko administrazio-baimena eskatu zuen.

3.– 2014ko irailaren 24an, Gas Natural Rioja, S.A.k aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzeko eskaera bidali zen; hain zuzen ere, honako hauek osatzeko eskatu zen: gas natural likidotua banatzeko instalazioaren kokalekua eta ezaugarriak, banaketa-sarearen ezaugarriak (MOP, hodien diametroa, harguneak...), lanak egiteko epeak eta aurrekontu xehatua.

4.– 2014ko urriaren 13an, Gas Natural Rioja, S.A.k erantzun zuen aurkeztutako dokumentuak ez zirela xehetasun-proiektu bat eta zegokionean aurkeztuko zituela eskatutako dokumentuak, instalazioak onartzeko, 1434/2002 Errege Dekretuko 70.b) artikuluak, 83. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutenarekin bat.

5.– 2014ko azaroaren 3an, bi lehiakideen separatak Bastidako Udalari bidali zitzaizkion, eta 20 eguneko epea eman zitzaion, alde edo kontra zegoen adierazteko.

6.– 2014ko azaroaren 10ean, EHAAn argitaratu zen lehiaren iragarkia, 214. zenbakian, eta, 2014ko azaroaren 14an, ALHAOan, 130. zenbakian.

7.– 2014ko azaroaren 27an, Bastidako Udalak erantzun zuen Gas Natural Rioja, S.A.ren proposamena egokiagoa zela Bastidako udal-barrutiaren interes orokorrerako, zuzeneko lotura aurreikusten baitzuen gasifikazio-sare orokorrarekin.

8.– 2014ko azaroaren 28an, Gas Natural Rioja, S.A.k berariaz egindako jakinarazpen baten berri eman zitzaion Bastidako Udalari: eskabidearen arabera, behin-behinean, gas natural likidotua banatzeko instalazio batekin lotuta egongo litzateke instalazioa. Gas Natural Rioja, S.A.k aurkeztutako proiektuak ez zuen zehazten halakorik.

9.– 2014ko azaroaren 28an, José Pinedo Aguirre jaunak, Repsol Butano, S.A.ren izenean, alegazioak aurkeztu zituen, eta bi eskaeretako bat ere ez onartzeko eskatu zuen. Honako arrazoi hauek argudiatu zituen:

● Udal-barrutia bat dator bere garaian Repsol Butano, S.A.ri petrolio-gas likidotua banatzeko emandako administrazio-baimenekoarekin, eta sareek bat egiten dute ibilbideen % 90en.

● Proiektuek ez dute zehazten sarerako konexioa; aitzitik, diotenez, hasiera batean, gas natural likidotua banatzeko instalazio batetik banatuko da gasa. Repsol Butano, S.A.ren ustez, ordea, instalazioak ez du betetzen urriaren 7ko 34/1998 Legeak, hidrokarburoen sektorekoak, 73. artikuluan gas naturala banatzeko instalazioei buruz xedatzen duena.

● Kontuan izan behar dira eraginkortasun ekonomikoaren irizpideak, bi biltegiratze-sistema eta banaketa-sare izango bailirateke.

● Gas natural likidotua biltegiratzeko sistemak desabantailak ditu petrolio-gas likidotua biltegiratzeko sistemaren aldean, hala nola handitu ezin izatea.

10.– 2014ko abenduaren 5ean, Javier Bermejillo Eguía jaunak, Naturgas Energía Distribución, S.A.U.ren izenean, alegazio-idazki bat aurkeztu zuen, eta Gas Natural Rioja, S.A.ren eskabideak zenbait akats zituela adierazi zuen: banaketa-sarearen zehaztapenik eza, gasbide-sarearekiko konexioa, gas natural likidotua banatzeko instalazioaren kokalekua...

Ebazpen hau honako hauetan funtsatzen da:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza da espediente hau ebazteko organo eskuduna, apirilaren 24ko 190/2013 Dekretuak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak, xedatzen duenarekin bat (EHAA, 2013-04-24koa).

2.– Urriaren 7ko 34/1998 Legeak, hidrokarburoen sektorekoak, xedatzen duenez (BOE, 1998-10-08koa), administrazio-baimena eskuratuko da gasa banatzeko sareak eraiki aurretik.

3.– Abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuak gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta gas naturala banatzeko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen ditu (BOE, 2002-12-31koa).

4.– Ekainaren 9ko 107/1998 Dekretuak kanalizatutako gasaren zerbitzu publikoaren instalazioei baimena ematea eta horiek jardunean jartzea arautzen du (EHAA, 1998-06-26koa).

5.– Repsol Butano S.A.U.k aurkeztutako alegazioak gaitzetsi beharrekoak dira ezinbestean, gas naturala banatzeko baimena emateak ez baitu baztertzen jarduera horrekin zerikusirik ez duten instalazioak eraikitzeko administrazio-baimena ematea, hala nola petrolio-gas likidotua ontziratu gabe bideratzeko eta banatzeko sareak eraikitzekoa.

6.– Arabako Lurralde Ordezkaritzako zerbitzu teknikoek aipatutako bi enpresek aurkeztutako proiektu eta dokumentuak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute Naturgas Energía Distribución S.A.U.k aurkeztutakoa dela aukerarik onena, honako arrazoi hauek direla medio:

● Hobeto aztertzen ditu udalerriaren egoera eta beharrak.

● Hobeto zehazten ditu eraiki beharreko instalazioak.

● Bi proiektuek xedatzen dute aldi batean gas natural likidotua banatzeko instalazio baten bidez hornitzea eta etorkizunean tokiko banaketa-sarera konektatzea.

7.– Espedientea izapidetzeko prozesuak eta espedientearen edukiak berak bete egiten dituzte legediak gai honetan ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak.

Aipatutako legezko xedapenak eta gai honekin lotuta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Naturgas Energia Distribución, S.A.U.ri aurretiko administrazio-baimena ematea, Bastidako udal-barrutian (Araba) gas naturala eskuratzeko eta banatzeko instalazioak eraikitzeko.

Manuel Rivera Rajo industria-ingeniari teknikoak aurkeztu eta sinatu du proiektua, eta instalazioaren ezaugarri nagusiak deskribatzen dituzte memoriak eta planoek:

● Gas natural likidotua banatzeko instalazioaren edukiera 59,9 m3-koa da.

● Honako hauek dira Bastidako hiriguneko banaketa-sarearen ezaugarriak:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Honako baldintza hauek ezartzea administrazio-baimenari:

● Bi hilabetean, 16.460 euroko fidantza jarriko du Naturgas Energía Distribución, S.A.U.k, bere eginbeharrak beteko dituela bermatzeko, urriaren 7ko 34/1998 Legeak 73. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz. Euskadiko Gordailu Kutxa Orokorrean eratuko du fidantza, eskudirutan edo Estatuaren baloreetan, edo banku-abalen bitartez, uztailaren 21eko 1775/67 Dekretuko 11.3. artikuluarekin bat etorriz. Fidantza itzuliko zaio Naturgas Energía Distribución, S.A.U.ri, behin instalazioak baimenduta eta baimenean ezarritako epean eraikita, Arabako Lurralde Ordezkaritzak haiek martxan jartzeko akta egin ondoren.

● Honako izen hau duen proiektuaren arabera egingo da baimendutako instalazioa: «Bastidako hirigunean gas naturala banatzeko sarea». 2014ko irailekoa da proiektua, eta Mario Chamorro Rebollo industria-ingeniari teknikoak egin zuen.

● Erregai gaseosoak banatzeko eta erabiltzeko araudi teknikoak eta jarraibide tekniko osagarriek xedatzen dutena beteko dute instalazioek (uztailaren 28ko 919/2000 Errege Dekretua), baita dagozkion xedapen eta arau teknikoak ere.

● Baimena eman eta hiru urtekoa izango da baimendutako instalazioak eraikitzeko epea.

● Baimena eskuratzeak ez du salbuesten eskatzailea lanak egiteko behar dituen udal- eta probintzia-baimen eta lizentziak eta lanak egiteko behar dituen gainerako baimen eta lizentziak eskuratzeko betebeharretik.

● Baldin eta indarrean dauden xedapenen arabera azterketa, saio edo probarik egin behar bada instalazioetan, orokorra izan edo zatikoa izan, behar bezain lehenago jakinaraziko zaio Arabako Lurralde Ordezkaritzari.

● Instalazioak martxan jartzeko, honako hauek aurkeztuko dira Arabako Lurralde Ordezkaritzaren aurrean: lanen zuzendaritzaren ziurtagiriak; proben aktak (erregistro grafikoak eta tartean diren erakundeen baimenak); eta as-built planoak, sarea non dagoen eta beste zerbitzuekin non gurutzatzen den zehazteko.

Hirugarrena.– Gas Natural Rioja, S.A.k aurkeztutako eskaera ez onartzea, Naturgas Energía Distribución, S.A.U.k aurkeztutako proiektua hobea delakoan zuzenbideko seigarren oinarriaren arabera.

Ebazpen honek ez du amaitutzat ematen administrazio-bidea, eta gorako errekurtsoa aurkez daiteke, Industria Sailburuordetzaren aurrean, hilabetean ebazpena jakinarazi eta biharamunetik, 4/1999 Legeak, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzeko denak, xedatzen duenarekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 16a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala