Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2015eko otsailaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
945

AGINDUA, 2015eko otsailaren 18koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Bilboko udalerriko Arangoiti auzoan babes ofizialeko 53 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

GERTAKARIAK

1.– Etxebizitza horiek esleitzeko prozedura Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren bidez arautuko da –agindu hori Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da–, hala ezarrita baitago Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan.

2.– 2013ko uztailaren 23an, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bilboko Udalak babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak Bilboko Udal mugartean sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten.

3.– Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkariaren 2014ko abenduaren 22ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin behineko kalifikazioa eskuratu du Bilboko udalerriko Arangoiti auzoko babes ofizialeko 53 etxebizitzako sustapenak. Sustapen hori Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, S.A. (Visesa) baltzu publikoak sustatzen du eta EB2-1563/14-LC-000 du espediente zenbakia. Etxebizitza horietako 3 –bi logelakoak, hain zuzen–, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak dira. Gainontzeko 50 etxebizitzetatik, 22 bi logelakoak dira, eta 28 hiru logelakoak. Etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio agindu hau ematea, hala ezarrita baitago Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 29. artikuluan (agindu hori Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa).

2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen aldiz eskualdatzen diren babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasuna duela.

3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak 2011ko irailaren 14ko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduan ezarritakoak izango dira.

4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honako hau izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko aginduaren argitalpen-dataren aurreko zergaldia.

5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenez, pertsonek edo bizikidetza-unitateek, babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute. Baldintza hori betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosketako eskatzaile moduan alta emanda badaude. Baldintza hori betez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izango dute, non eta ez dagoen hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik.

6.– Agindu horretan honako hau ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasiera aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela. Egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute era horretako etxebizitzak esleitu gabe geldituz gero.

7.– Esleitzeko modua aldatuko da, egoeraren arabera: prozeduran sartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31. artikulutik eta 41.era bitartean jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42. artikulutik 44.era bitartean jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko udalerriko Arangoiti auzoko babes ofizialeko 53 etxebizitzen esleipenari hasiera ematea; udalerri hori Bilbo metropolitanoko eskualde egituran dago.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.

Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsona edo bizikidetza unitate hauek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenek, betiere bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Bilbo izan beharko da.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek 3 urtez Bilbon erroldatuta egon behar du agindu hau argitaratzen den datan, horrela jasotzen baita Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bilboko Udalak 2013ko uztailaren 23an sinatutako lankidetza hitzarmenean. Aipatutako hitzarmenak seigarren klausulan aurreikusten du Bilboko udalerrian erroldatutako lagunek baino ezin izango dutela etxebizitzak esleitzeko prozesuan parte hartu, betiere Udal Etxebizitzak erakundearekin adostutako irizpideak kontuan hartuta. Ildo horretan, Udal Etxebizitzen araudi orokorreko 7. artikuluan ezartzen da Bilboko udalerrian hiru urtetik gora erroldatuta egon beharra, han egingo diren esleipen prozeduretan parte hartu ahal izateko.

Seigarrena.– 2013. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima direnek nahikoa dute 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea.

Zazpigarrena.– Agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek, sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahi badute, 2015eko otsailaren 27a eta martxoaren 12a bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute, honako era hauetako batean:

– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Kale Nagusia 85, behea, 48011-Bilbao

– Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011-Bilbao

Esleitu gabe geratzen diren etxebizitzak esleituko dira bosgarren ebazpenean jasotzen den errolda baldintza betetzen ez duten eta Bilbon erosketako etxebizitza eskatzen duten gainontzeko eskatzaileen artean. Pertsona edo bizikidetza-unitate horiek horretarako ezarrita dauden baldintzak bete beharko dituzte eta esleipen-prozeduran parte hartzeko interesa adierazi 2015eko otsailaren 27a eta martxoaren 12a bitartean (biak barne), horretarako dagokion inprimakia Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuta.

Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 3 mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonei egokituta daude; etxebizitzok bi logelakoak dira. Etxebizitza horiek, mugikortasun urri iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza unitateen artean esleituko dira. Etxebizitza horiek honako hurrenkera honen arabera esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko idatzi-zatien arabera, 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Etxebizitza egokituak esleitu gabe geratuko balira, mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonarik ez dagoen bizikidetza unitateen artean esleituko dira, baldin eta egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa adierazi badute.

Bederatzigarrena.– Egokitu gabeko 50 etxebizitzetatik, 22 bi logelakoak dira, eta 28 hiru logelakoak.

Hamargarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31. artikulutik 41. era bitartean jasotzen den prozeduraren arabera.

Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta agindu horretako 42. artikulutik 44.era bitartean jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira etxebizitzak.

Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxarote-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira, eta onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke, hilabeteko epean, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 18a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala