Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2015eko otsailaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
943

EBAZPENA, 2015ko otsailaren 18koa, Industriako sailburuordearena, 2015eko ekitaldirako Nazioartekotze Bekak emateko deialdia aditzera ematen duena.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 13ko Aginduak (2011ko apirilaren 26ko EHAA, 78. zk.), Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2013ko martxoaren 20ko Aginduaren bidez (2013ko apirilaren 5eko EHAA, 65. zk.) aldatutakoak, Nazioartekotze Beken Programa arautzen du.

Agindu horren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2015eko ekitaldirako bekadunen hautaketarako deialdia egin behar da, horretarako beharrezko diren arauak emanez.

Beraz, erreferentziatzat hartu den Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2015eko ekitaldirako beken deialdia egitea, Nazioartekotze Beken Programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritakoa betez (agindu hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2013ko martxoaren 20ko Aginduaren bidez aldatu zen).

Bigarrena.– Emango diren bekak.

Gehienez ere, 100 Nazioartekotze Beka emango dira 2015ean.

100 beken onuradunek A modalitatea egingo dute, eta, ezarritako baldintzak betez modalitate hori bukatzen duten hautagaien artetik, gehienez ere 80 pertsona hautatu ahal izango dira B eta C modalitateak egiten jarraitzeko. Hautatutakoak honela banatuko dira: B modalitatea 65 pertsonak egingo dute gehienez ere, eta C modalitatea, gehienez ere 15 pertsonak. Horrez gain, 15 ordezko hautatuko dira, gehienez, B eta C modalitateetarako, eta ordezko horiek bekaren lehen bi hilabeteetan gerta daitezkeen uko egiteak edota beste edozein gertaerak eragindako hutsuneak bete ahal izango dituzte, Nazioartekotze Zuzendaritzak hala irizten badio, programa arautzen duen 2011ko apirilaren 13ko Aginduaren 19.1a artikuluan xedatutakoa betez.

Hirugarrena. – Baliabide ekonomikoak.

Deialdiko bekak finantzatzeko, zenbateko hauek erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 2015ko urterako aurrekontu orokorretan, xede horretarako zehaztutako aurrekontu-kredituen arabera:

1.– A modalitaterako, gehienez ere, 150.000 euro baliatuko dira, 2015eko ekitaldian.

2.– Bestalde, B eta C modalitateetarako (biak batera), bi milioi laurehun eta hirurogeita hemeretzi mila eta zortziehun euro erabiliko dira (2.479.800 euro); kopuru hori, zehazki, honela banatuko da:

2015eko ekitaldia: 940.000 euro.

2016ko ekitaldia: 706.300 euro.

2017ko ekitaldia: 833.500 euro.

Zehaztuta dagoen zenbatekoa handitu egin daiteke, eman behar diren beken zenbateko osoa kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekontu-baliabiderik izanez gero, eta diru-laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Horrelako egoeraren bat gertatuz gero, horren berri emango da Industriako sailburuordearen ebazpen bidez.

Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko baldintzak, lekua eta epeak.

1.– Eskatzaileek, Nazioartekotze Beken Programa arautzen duen Aginduan ezarritako bekak lortu ahal izateko, Agindu horren 3. artikuluan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

2.– Programa horretan parte hartuko duten hautagaiek eskabideak betetzean eta aurkeztean, Nazioartekotze Beken Programa arautzen duen Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoa beteko da, bai eta eskatutako dokumentu osagarriak aurkeztean ere. Alde batetik, eskabideak bitarteko telematikoen bidez aurkeztu ahal izango dira; horrelakoetan, www.euskadi.net/industria webgunea baliatuko da eskaera-eredua lortzeko eta Administrazioan aurkezteko. Bestetik, www.euskadi.net/industria webgunean beteko edo grabatuko dira eskabide-eredua eta formularioak, eta gero, inprimatu ondoren, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren dagokion lurralde-ordezkaritzan aurkeztu beharko da, zuzenean edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako moduari jarraikiz.

3.– 7.5. artikuluan eskatutako dokumentuek, 3. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen dutenek, deialdiaren epea amaitu baino lehenagoko data izan beharko dute.

4.– Deialdi honen eranskinean, programa arautzen duen Aginduaren 7. artikuluan aipatzen den eskabide-eredua dago.

5.– Adierazitako bekak lortzeko eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, 09:00etan, eta 2015eko martxoaren 31n amaituko da, 12:00etan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 18a.

Industriako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GARCÍA DE MOTILOA UBIS.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala