Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2015eko otsailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
789

AGINDUA, 2015eko otsailaren 11koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Honen bidez, produktu berriak garatzeko proiektuak eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abian jartzeko proiektuak egiteko 2015eko Gaitek laguntza-programa arautu eta horretarako deialdia egiten da.

Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza arloko politikan xedatzen duenez, zenbait laguntza-mekanismo, -tresna eta -jarduera espezifiko jarriko dira martxan, arlo horretako jardun-eremuak garatze aldera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2020 Planaren esparruan, betiere.

Gaitek Programaren helburua da produktu berriak garatzeko proiektuak sustatzea. Produktu berritzat jo behar dira lehendik daudenak baino produktu hobeak eta produktu originalak garatzen dituztenak, betiere merkatuaren eta gizartearen eskaerei erantzun hobea emateko. Halaber, programari beste helburu hau gehitu zaio: Oinarri Zientifiko eta Teknologikoko Enpresa Berriak Abian jartzeko Proiektuetarako laguntzak. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (Feder) ekarpenak egiten ditu aipatu programa finantzatzen laguntzeko.

I+G+B arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudian aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hauek jarri baitziren indarrean: Ikerketa eta Garapenaren arloko estatu-laguntzei buruzko esparru berria (2014-06-27ko AO, C 198) – aurrerantzean, I+G+Bren Erkidegoko Esparrua– eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua –aurrerantzean, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra–, Zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187).

Bi testu horiek –zehazki, I+G+Bren Erkidegoko Esparruaren 127. puntuak eta Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorrak– laguntzak EBren araudi berrira egokitu beharra ezartzen diete estatu kideei, eta, horren ondorioz, Gaitek programa berriz arautu beharra dago.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea, I. eranskinean biltzen den eran (Gaitek programa arautzeko oinarriak), honako deialdi hau: produktu berriak garatzeko proiektuak eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abian jartzeko proiektuak egiteko laguntzetarako deialdia.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Aurkeztutako proiektuak aztertu ondoren, erabakitzen bada agindu honetan ezarritako esparruan ez direla diru-laguntza jasotzekoak Gaitek Proiektuak ez izateagatik, ebaluazio-organoak ofizioz bidera ditzake Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eremuko ikerketa, garapen eta berrikuntzako bestelako laguntza-programetara edo baliabideetara, betiere laguntza-programa horien barruan ezarritako epean egin bada eskaera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako ematen diren laguntzei dagokienez, EE itunak araututako sektore guztietan, I+G+Bri buruzko Erkidegoaren Esparrua aplikatuko da, esparru horren 1.1 puntuaren arabera. Esparru hori aplikatuko da, halaber, estatu-laguntzei buruzko erkidego-araudi espezifikoen bidez arautzen diren sektoreetan ere, araudi horietan besterik xedatu ezean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Prozeduraren arloan agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 11.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
GAITEK PROGRAMA ARAUTZEKO OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emateko laguntza-erregimena garatzea, hain zuzen ere produktu berriak garatzeko proiektuak eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abian jartzeko proiektuak egiten laguntzeko.

2. artikulua.– Indarraldia.

2015eko ekitaldian izango da indarrean laguntza-programa hau.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1. artikuluko xedea betetzeko baliabide ekonomikoak hogeita hamalau milioi eta bostehun mila (34.500.000) euro dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan Gaitek programarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (Feder) ere ekarpenak egingo ditu programa hau finantzatzen laguntzeko. Aurrekontu-ekitaldian emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango aipatu kontsignaziotik gorakoa edo laguntzak ebatzi baino lehen hura berritzetik ateratzen den zenbatekotik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarreango legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz. Zenbateko hori handituz gero, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da.

4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko proiektuak.

1.– Erregimen honen helburua da laguntzak ematea bai produktu berriak garatzeko proiektuak sustatzeko, bai oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abian jartzen laguntzeko.

Laguntzak eskuratzeko, I+G+B arloko jarduera-multzo koherente bat aurkeztu beharko da proiektuetan, agindu honen 6. artikuluan zehaztutakoari jarraituz. Jarduerak nabarmen orientatuko dira lehendik dauden produktuak baino hobeak eta produktu originalak garatzera, merkatuaren eta sozietatearen eskaerei hobeto erantzuteko helburuarekin, edo merkaturatu daitekeen jakintza sortzera eta erabiltzera, honako elementu hauek konbinatzen dituzten enpresa berriak sortzeko helburuarekin:

a) Goi-mailako jakintza zientifiko eta teknologikoko produktuekin eta zerbitzuekin jarduerak edo merkataritza garatzea.

b) I+G+Bko jarduera maila handia garatzea.

c) Jabetza intelektualaren eskubideak erabiltzea, negozioan funtsezkoa den lehiakortasun-abantaila gisa. Enpresak berak sortutako eskubideak izan daitezke, zein lizentzia esklusiboen bidez eskuratuak.

d) Prestakuntza handiko langile zientifikoek eta teknologikoek aktiboki parte hartzea enpresaren garapenean.

2.– Ez dira «proiektu berriak garatzeko proiektutzat» hartuko lehendik dauden produktuak hobetzeko proiektuak edo produktua berritzat jotzeko moduko berrikuntza-mailarik ez daukatenak. Ez dira diruz lagunduko, halaber, honako hauek: ohiko edo aldizkako aldaketak egitea produktuetan, lerroetan eta ekoizpen-prozesuetan nahiz lehendik dauden zerbitzuetan, ez eta bestelako ohiko eragiketak ere, nahiz eta aldaketa horiek produktuak hobetu.

3.– Gainera, proiektu bati diru-laguntza emateko, gutxienez 100.000 euroko aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta, lankidetza-proiektu bat izanez gero, 50.000 euroko gutxieneko aurrekontua enpresa parte-hartzaile bakoitzeko.

5. artikulua.– Proiektu motak.

Diruz laguntzeko moduko proiektuak indibidualak izan daitezke edo bi lankidek edo gehiagok eginak. Proiektuetan, ez da inola ere onartuko lehia murrizteko jardunbiderik, EBren Funtzionamendu Itunaren 105. eta 106. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Enpresa bakar batek parte hartzen duen Europako lankidetza-proiektuak, ERA-NET proiektuen kasuan edo antzekoen kasuan Europar Batasuneko Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Programen barruan, lankidetzako proiektutzat hartuko dira.

6. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jarduerak.

Laguntzak jasotzeko, 2015ean gauzatu edo garatutakoak izan behar dira jarduerak edo jarduketak.

I+G+Bko jarduera hauek izan daitezke diruz laguntzeko modukoak:

a) Bideragarritasun-azterlanak, industria-ikerketako proiektuen aurretik eginak, betiere azterlanaren kostua bakarrik estaltzen bada.

b) Industria-ikerketako proiektuak.

c) Bideragarritasun-azterlanak, garapen esperimentaleko proiektuen aurretik eginak, betiere azterlanaren kostua bakarrik estaltzen bada.

d) Garapen esperimentaleko proiektuak.

Agindu honen ondorioetarako, industria-ikerketatzat eta garapen esperimentaltzat joko da Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 85. eta 86. paragrafoetan hurrenez hurren emandako definizioan ezarritakoa.

7. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun honako hauek izan daitezke:

a) Enpresak: enpresa handiak edo ETEak. Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz, ETEtzat joko dira enpresa txiki eta ertainak, honako baldintza hauek betetzen badituzte: 250 langile baino gutxiago izatea eta urteko negozio-bolumenean 50 milioi euroko kopurua edo urteko balantze orokorrean 43 milioi euroko kopurua ez gainditzea. Orobat, enpresa txikitzat joko dira 50 langile baino gutxiagokoak eta, gainera, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Bi kasuetan, elkartutako edo lotutako enpresak badira, kopuru eta muga horien zenbaketa egiteko, aintzat hartuko da Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskineko 4., 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoa.

b) Fundazioak eta enpresa-elkarteak, legezko forma edozein dutela ere.

2.– Honako hauek ezingo dira onuradun izan:

a) Horretarako kreditatuak diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak.

b) Administrazio Publikoekin lotura duten edo horien mende dauden eta berezko nortasun juridikoa duten Erakunde edo Sozietate Publikoak, eta Administrazio Instituzionalekoak direnak, administrazio hori edozein delarik ere.

c) Krisialdian dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresen salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C 249).

3.– Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzeari eutsi beharko zaio, emandako diru-laguntza guztia likidatu arte.

8. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-instalazio bat izatea.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea, agindu honetako 14.3) artikuluan ezarritakoari jarraituz, non azalduko baita enpresak ez duela jaso legez kanpoko laguntzarik edo honako estatu-laguntza hauekin bateragarri ez diren laguntzarik: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00); eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), salbu eta itzuli egin badituzte edo kontu blokeatu batean gordailutu badituzte interes eta guzti.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetan zuzenean garatzea diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

d) Bermatzea proiektuko gastuei ekarpen propio bat egingo zaiela, gutxienez % 25ekoa.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan garatu eta gelditu beharko dute diruz laguntzeko moduko proiektuek, bost urteko epean gutxienez.

f) Erakunde onuradunek nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dute inolako debeku edo gaitasungabetzerik izango diru-laguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo ente publikoekin kontratatzeko.

g) Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, baldin eta prozedura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasi bada eta oraindik ere izapidetzen ari bada.

h) Ez dira diruz lagunduko Ogasunarekiko betebeharrak egunean ez dituzten enpresen proiektuak. Ildo horretan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak beharrezkoa den adina aldiz eta automatikoki egiaztatuko du aipaturiko betebeharrak betetzen ote diren, erakunde interesdunen baimenaren beharrik izan gabe, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetatik hirugarrenak ezarritakoarekin bat etorriz.

9. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.

Gastu hauek lagunduko dira diruz:

a) Langileen kostuak (ikertzaileenak; teknikarienak; eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak, baldin eta erakunde eskatzailearen plantillakoak badira), betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Langileen kostu zuzenak bakarrik joko dira halakotzat.

b) Zeharkako kostuak, betiere kostu sinplifikatuen sistema aplikatuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2014ko apirilaren 10eko 2/14 Zirkularrari jarraituz, eta 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 67.1 eta 68 artikuluetan eta 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Alde horretatik, diruz lagundu daitezkeen langileen kostu zuzenen % 15 zenbatuko da zeharkako kostutzat.

c) Kanpo-aholkularitzaren eta antzeko zerbitzuen kostuak (barnean hartuta erakunde parte-hartzaileen plantillakoak ez diren kolaboratzaileak eta proiektuaren espezializazio-maila handiko zatien azpikontratazioa), betiere ikerketa-jarduerarako soilik eta etengabe erabiltzen badira eta kanpoko iturrietan eskuratuak badira, ikerketako eta teknikako jakintzak barnean hartuta.

d) Horretarako kreditatuak diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak kontratatzeak eragindako kostuak.

e) Aholkularitzaren eta antzeko zerbitzuen kostuak, proiekturako bakarrik erabili badira. Horien artean, proiekturako diru-laguntza justifikatzeko kontuaren kostuei buruzko auditoria sartu ahal izango da. Auditoriaren kostutik, gehienez 1.500 euro lagunduko dira diruz, proiektuko eta erakunde onuradun bakoitzeko.

f) Ustiapen-gastuak (materialen gastuak, hornikuntzakoak), betiere zuzenean ikerketa-jardueraren ondorioz sortu badira.

g) Tresna eta ekipamenduen kostuak, ikerketa-jarduerarako bakarrik eta etengabe erabili badira: proiektuak iraun bitartean, ikerketa-jarduerarako bakarrik eta etengabe erabiltzen diren ekipamenduen eta tresnen kostuen amortizazioa, doan lagata lortutakoen kasuan izan ezik.

h) Aurreko a), b), c), d) e) eta f) idatzi-zatietan aipatu diren diruz laguntzeko moduko gastuak interpretatzeko, aintzat hartuko da Kategoriakako Salbuespenen Erregelamenduko 2. eta 25. artikuluetan ezarritakoa.

10. artikulua.– Laguntza mota, laguntzak emateko prozedura eta mugak.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Diru-laguntzak emango zaizkie horretarako baldintzak betetzen dituzten eskaerei, betiere agindu honen 16. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Proiektu bakoitzari emango zaion diru-laguntza honela kalkulatuko da: hurrengo 3. paragrafoan aurreikusitako laguntza-kopuru handiena aplikatuko zaio onartutako proiektu bakoitzean onetsitako gastu lagungarrien aurrekontuari, eta, horretarako, aintzat hartuko da proiektuaren ebaluazioan lortutako puntuazioa.

Deialdia finantzatzera bideratutako guztizko diru-dotazioa nahikoa ez bada eskaera guztiei aurreko lerrokadan ezarritako eran aurre egiteko, guztizko zenbatekoa hainbanatuko da onuradunen artean, eta, horretarako, aintzat hartuko da proiektuek ebaluazioan lortutako puntuazioa.

3.– I+G+Bko jardueretarako, erakunde onuradun bakoitzari eman dakiokeen laguntzarik handiena (itzuli beharrik gabekoa) onartutako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuaren % 25ekoa izango da, betiere Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 25.5 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.

Nolanahi ere, itzuli beharrik gabeko diru-laguntza gehienez 250.000 eurokoa izango da, onuradun bakoitzeko eta urteko.

11. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ezarritako laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunek beste diru-laguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, diru-laguntzen izaera edo horiek ematen dituen organo edo administrazioa edozein dela ere. Erakunde onuradun bakoitzak guztira zenbateko laguntza jasoko duen jakin ondoren, agindu honetan ezarritakoa betez onuradun horrek jaso ahal izango dituen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak, eta, zehazkiago, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 8. eta 25. artikuluetan ezarritakoa.

2.– Proiektu bati emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoak (laguntza bakoitzarenak edota beste diru-laguntzekin batera) ezin izango ditu inolaz ere gainditu jardueren kostua edo aurreko atalean adierazitako mugak. Ildo horretatik, diru-laguntza horien berri eman beharko diote erakunde onuradunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari. Kasu horietan, gehiegizko kopurua kenduko zaie agindu hau betez emandako laguntzei.

12. artikulua.– Laguntzen gaineko kontrola.

1.– Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren menpe emandako laguntzak argitaratzeari eta horien berri emateari dagokienez, adierazi beharra dago laguntza-programa hau kudeatzen duten agintariek zorrotz errespetatu eta beteko dituztela erregelamendu horren 9. artikuluan zehaztutako betebeharrak.

2.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, non zehaztuko baita zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, betiere Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 11. artikuluaren b) idatzi-zatian ezarritakoari jarraituz.

3.– Programa honetan, gainera, laguntzaren pizgarri-efektua bermatzeko, erakunde eskatzaileak laguntza-eskaria aurkeztu duen egunaren ondoren hasitako proiektuek baino ezin izango dute jaso laguntza.

13. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita eta agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da eta martxoaren 18ko 12:00etan bukatuko da.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzara zuzenduko dira, eta SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzian aurkeztu beharko dira (Urkixo Zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, Bilbao), zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako bideetako bat erabiliz; horretaz gainera, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Bulegoetan eta https://www.spri.es/idi/idi web gunean aurkeztu daitezke.

3.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eskuragarri jarriko du eskabide- eta inprimaki-eredu posible bat, web-orri honetan ere eskuratu ahal izango dena: https://www.spri.es/idi/idi

4.– Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da proiektu bakoitzeko:

a) Eskaera-orria; enpresari buruzko informazio orokorra jasoko da bertan.

b) Enpresaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

c) Ikerketa-proiektuari buruzko deskribapen-memoria bat, non zehaztuko baita zein jarduera azpikontratatuko den eta zein enpresak egingo dituen, bai eta bakoitzaren kostuak zenbatekoak diren ere.

d) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia.

e) Zinpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

– ETE bat izanez gero, halako kalifikazioa izateko ezaugarriak izan behar ditu, erkidegoaren arauei jarraituz, betiere. Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz, honako hauek joko dira ETEtzat: enpresa txikiak eta ertainak, 250 enplegatu baino gutxiago eduki eta urteko negozio-bolumenean 50 milioi euroko kopurua edo urteko balantze orokorrean 43 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Orobat, enpresa txikitzat joko dira 50 enplegatu baino gutxiagokoak, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Bi kasuetan, elkartutako edo lotutako enpresak badira, kopuru eta muga horien zenbaketa Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4, 5, eta 6. artikuluetan xedatutako eran egingo da.

– Ezin dute herri administrazioekin loturarik edo mendekotasunik izan, ez eta Administrazio Instituzionaleko kide izan ere.

– Enpresa handi edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntzaren berri izan behar du Europako Batzordeak.

– Beste instituzio publikoetan edo pribatuetan, proiektu berarentzat eskatutako eta/edo emandako laguntzak.

– Oso enpresa handia bada, Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan xedatutakoa bete behar du.

– Erakunde eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zigor administratiborik edo penalik ez izatea, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez egotea, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, non azaltzen baita ez duela jaso legez kanpoko laguntzarik edo laguntza bateraezinik estatuko laguntza-erregimen hauetako batetik: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00),

5.– Lankidetza-proiektuetarako, erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko.

Gainera, enpresa parte-hartzaileetako batek, dela interes teknologikoagatik, dela proiektuaren garapenean protagonismo handiagoa izateagatik, dela beste arrazoiren batengatik, bere gain hartu beharko du proiektuko enpresa liderraren eginkizuna, hain zuzen ere proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko eta Administrazioarekin izan beharreko solaskidetza- eta harreman-funtzio guztiak, proiektua ondo bideratzeko beharrezkoak direnak, betetzeko.

Enpresa liderrak berariaz eman beharko du horren berri eskaeran, eta berak ez ezik gainerako erakunde parte-hartzaileek ere izenpetu. Halaber, bai liderrak, bai gainerako enpresa parte-hartzaileek ahalordetze-eskrituraren kopia aurkeztu beharko dute. Proiektuan, zehaztuko da enpresa parte-hartzaile bakoitzak zein jarduera egingo duen eta nolako aurrekontua izango duen.

6.– Nolanahi ere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak edo, hala badagokio, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak –agindu honetako diru-laguntzak kudeatzen erakunde laguntzaile gisa jarduten duela– enpresa eskatzaileei beste edozein agiri eta/edo informazio eskatu ahal izango diote, beharrezkotzat jotzen badute, haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa.

14. artikulua.– Eskabideak onartzea eta zuzentzea.

1.– Eskaera puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo agindu honetan eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela joko da, Teknologia eta Estrategiako zuzendariaren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 71.1 artikuluan.

2.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduera hori.

15. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko organoa.

1.– Gai honetarako berariaz sortutako ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak egitea ere.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Teknologia eta Estrategiako zuzendaria izango da ebaluazio-organoko burua. Organoko kideak, berriz, hauek izango dira: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko zuzendaria (bera izango da presidenteordea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako kasuetan); Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako (SPRI) Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoko ordezkari bat; eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzako teknikari bat, idazkaria jardungo duena. Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da.

3.– Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoak gauzatuko ditu –Eusko Jaurlaritzaren menpeko da unitate hori–, eta, ondoren, ebaluazio-organoan aurkeztuko ditu.

4.– Ebaluazio-organoa biltzeko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat han egotea. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko II. tituluko II. kapituluan ezarritakoa.

5.– Ebaluazio-prozesuan, komenigarritzat hartzen bada, planetan aldaketak sartzea iradoki ahal izango zaie eskatzaileei, proiektuak ezarritako helburuetara hobeto egokitu daitezen.

16. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– I+G+Bko proiektuak hautatzeko –hau da, produktu berriak garatzeko proiektuak nahiz oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abian jartzekoak hautatzeko–, irizpide hauek hartuko dira aintzat:

a) Irizpide gakoak; bakoitzak % 20ko garrantzi espezifikoa izango du:

1) Arrisku teknologiko kontrolatua. Proiektuaren maila zientifiko teknikoa: erronka zientifiko teknologikoak gainditzeko eta proiektuan ezarritako emaitzak lortzeko gaitasuna neurtuko da.

2) Merkatu-arriskua. Merkatuaren ziurtasunari eta potentzialari buruzko azterketa, bai eta proiektuko parte-hartzaileek merkatura heltzeko duten gaitasunari buruzkoa, betiere produktu berriaren erabilerak eta onurak aintzat hartuta.

3) Merkataritza-ustiapenari buruzko aurreikuspenak – Eragin ekonomikoa. Proiektuaren eragina enpresaren lehiakortasunean, salmentetan, enpleguan eta abar. Produktua merkaturatzeko aurreikuspenak tokiko merkatuan, merkatu nazionalean eta, batik bat, nazioartekoan.

b) Irizpide orokorrak; bakoitzak % 10eko garrantzi espezifikoa izango du:

1) Proiektuan beharrezkoak diren giza baliabideen egokitasuna.

2) Metodologia egokia: proiektuaren deskribapen eta egituraketa egokiak; hurbiltze tekniko zientifiko justifikatua; proiektuan, lehentasun argiak; proposatutako kudeaketa-eskemaren egokitasuna; teknologia-iturrien egokitasuna; laguntzaren izaera osagarria (laguntzaren efektu pizgarria); eta genero-ikuspegiaren integrazioa, hala badagokio.

3) Egitura eta aurrekontu xehakatu argiak.

4) Proiektuak ingurumen-alderdiak eta EAEn enplegua sortzeko duen eragin potentziala aintzat hartzea.

2.– Honako bi baldintza hauek aldi berean betetzen direnean aukeratu ahal izango da proiektu bat: ebaluazioan lortutako guztizko notak nota gorenaren % 50 gainditzen duenean, eta irizpide gako bakoitzean lortutako guztizko notak irizpide bakoitzari dagokion nota gorenaren % 40 gainditzen duenean.

17. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Aurkeztutako eskaerak ebaluatuko ditu ebaluazio-organoak, ezarritako irizpideei jarraikiz, eta Teknologia eta Estrategiako zuzendariari emango dio prozedura ebazteko proposamenaren berri.

2.– Ebazpen proposamenak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskabideen zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.

b) Diruz laguntzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek adierazita: proiektua zein epetan gauzatuko den; guztira zenbateko laguntza ematea proposatzen den; zein diren proiektuaren arduradunak; eta, hala badagokio, zein den haien ordezkaria eta guztira zenbateko laguntza emango zaion haietako bakoitzari.

18. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkezten diren eskaerak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako alderdi guztiak erabakita, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari dagokio, betiere ebaluazio-organoaren proposamenez.

2.– Ebazpenak erabakiko du eskatutako diru-laguntzak nori esleituko zaizkion, eta, hala badagokio, nori ukatuko zaizkion. Esleitutakoen kasuan, adieraziko da, halaber, guztira zenbat diru emango zaien, zein diren erakunde onuradunak –bai erakunde indibidualak, bai lankidetzan egindako proiektuko partaideak– eta guztira zenbat diru emango zaion partaide bakoitzari. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, erakunde onuradun bakoitzari onartu zaizkion proiektuak bilduko dituena. Han, orobat, onuradunei adieraziko zaie zein den proiektua gauzatzeko epea, nolako urratsak egin behar dituzten espedientea amaitu arte eta zein dokumentu aurkeztu beharko dituzten deskargu-fasean (horiei dagozkien ereduak emango zaizkie).

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, laguntza-deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskaera ukatu egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Emandako ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

5.– Erakunde interesdunei banan-banan emango zaie ebazpenaren berri, bai proiektuko lider den enpresari, bai enpresa partaide guztiei, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erakunde onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektuena eta emandako diru-laguntzak, betiere herritar oro jakitun egon daitezen.

6.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

19. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, era honetan:

a) Emandako diru-laguntzaren % 70 ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da, 20.2.a) artikuluan zehaztutako epean, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako % 30a urteko programa bukatutakoan ordainduko da, betiere diruz lagundutako jarduerak burutu direla eta lortu beharreko helburuak zenbateraino bete diren egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu ondoren. Aurkezpena honako toki hauetako batean egin beharko da: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-bulegoetan, sail horretan bertan edo Enpresen Garapenerako Euskal Agentzian.

Urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da proiektua, diru-laguntzaren justifikazioko kontua aurkeztuta. Kontu horretan, laguntza emateko ebazpenarekin batera, proiektuaren kostuei buruzko auditoria-txosten bat eta beharrezkoa den gainerako dokumentazioa aurkeztuko dira, erakunde onuradun bakoitzari emango zaizkion instrukzioei jarraikiz.

Auditoria-enpresa batek egindako txosten bat aurkeztu beharko dute erakunde onuradunek, onartutako proiektu bakoitzeko. Enpresak inskribatuta beharko du ROAC Kontu Ikuskarien Erregistro Ofizialean. Alde horretatik, aplikagarria izango da maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduaren bidez onartutako jardun-araua (2007ko maiatzaren 25eko BOE, 125. zk.).

2.– Laguntzak ordaindu aurretik, eta ordainketa hori eskatu baino lehen, ezinbesteko datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu beharko dio sailari erakunde onuradunak.

20. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunen betebeharra dira diru-laguntza jaso duten jarduerak zuzenean egitea eta diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Nolanahi ere, posible izango da proiektuko I+Gko jardueraren zatiren bat EAEtik kanpo azpikontratatzea.

2.– Erakunde onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

b) Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.

c) Enpresa handiek, diru-laguntza jasotzeko, nahitaezko betebeharra izango dute frogatzea I+Gko jarduerak gehigarriak direla, hau da, normalean egin dituzten jarduerez aparte egindakoak. Horretarako, urteko txosten bat aurkeztu beharko dute, non zehaztuko baitute zein den laguntzaren efektu pizgarria eta zein egoeratan dagoen proiektua.

d) Baimena ematea Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari edo izendatutako auditoria-enpresari proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektuari lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izan dezaten.

e) Publikoki zabaltzeko sortzen diren dokumentazioetan, karteletan, propagandan, edo argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» esaldia azaldu beharko dira.

f) Esleitutako diru-laguntzei buruz Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten laguntzea. Alde horretatik, eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute erakunde onuradunek, eta, halaber, zein enpresa-taldetakoak diren adierazi, hala badagokio.

g) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.

h) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean eskatutako informazio guztia ematea.

i) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

21. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz emandako diru-laguntzak kudeatzeko, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia izendatu da erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

2.– Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako eskaerak jasotzea eta hasierako ebaluazioa egitea.

b) Onartutako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitzea eta ezartzea.

c) Justifikazio-agiriak jasotzea.

d) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak burutzen dituen egiaztatze-jarduerak onartzea.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarri diren baldintzak nahiz laguntzak esleitzeko ebazpenean ezarritakoak betetzen ez baditu, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 4.1 artikuluak ezarritako kasuetan –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren–, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari audientzia eman eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du, eta, hala behar izanez gero, eskuratutako laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak itzultzeko obligazioa ezarriko du, hargatik eragotzi gabe bidezko beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, egoera hauek joko dira ez-betetzetzat:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere Teknologia eta Estrategiako zuzendariak emandako luzapen-baimenik edo aldaketa-baimenik izan ezean.

b) Proiektuaren ildotik desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean xedatutako betebeharren bat ez betetzea.

3.– Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ireki eta ebatziko ditu ez-betetze espedienteak. Era berean, proiektua bukatu aurreko gorabeherak direla-eta, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren proposamenez ere ireki litezke halako espedienteak.

23. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzetan edozein aldaketa eginez gero, eta, edozein kasutan, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik xede bererako diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jasoz gero, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Era berean, egin beharreko jarduerak egiteko epea luzatu egin ahal izango du laguntzak onartu zituen administrazio-organoak, onuradunak aldez aurretik horretarako eskabidea egin eta justifikatuz gero, baldin eta alegatu diren arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa.

3.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotako jarduerak gauzatu behar dira. Nolanahi ere, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatuz gero Teknologia eta Estrategiako zuzendariari, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatuz gero jarduerak amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira.

4.– Proiektuaren porrot teknikoa gertatuz gero, hau da, proiektua garatzean edo amaitzean konpondu ezineko huts-egite teknikoak atzemanez gero eta huts-egite horiek ezinezko bihurtuz gero eskaera egitean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak gauzatzea, erakunde onuradunak eska diezaioke Teknologia eta Estrategiako zuzendariari laguntza esleitzeko administrazio-ebazpena aldatzeko, hain zuzen ere gauzatutako proiektuaren zatiari egokitu dadin. Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, eskaera hori onartzeko administrazio-ebazpenean, erabakiko du zertarako erabiliko diren proiektuaren emaitza ustiatzeko eskubideak.


Azterketa dokumentala