Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2015eko otsailaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
545

2/2014 FORU DEKRETU ARAUA, abenduaren 22koa, aurrekontuen luzapenak 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera zerga arloan izango duen eragina zehazten duena.

2014ko urriaren 31n, Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2015erako Aurrekontuen Foru Arau Proiektua onartu zuen, eta Batzar Nagusietara bidali zuen, haiek tramitatu zezaten. Dena den, 2014ko abenduaren 10ean, Batzar Nagusiek erabaki zuten proiektua Foru Aldundira itzultzea. Horrenbestez, Gipuzkoako Lurralde Historikoak ez du izango 2015erako berariazko aurrekonturik.

Hori horrela, 2015eko urtarrilaren 1ean urte horretarako onartutako aurrekonturik izango ez denez, automatikoki luzatutzat jo beharko dira 2014rako aurrekontuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 78. artikuluan jasotakoari jarraituz.

Era berean, kontuan hartu behar da Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2014rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2013 Foru Arauaren hirugarren xedapen iragankorrean xedatzen dela aurrekontu luzapenik izanez gero aplikagarriak izango direla, besteak beste, Aurrekontuen Foru Arauaren beraren 1.etik 8.era bitarteko xedapen gehigarriak.

Lehendabizikotik zortzigarrenera bitarteko xedapenetan araututako gaiek izaera, eduki eta denbora-eremu desberdinak dituzte. Zehazki, lehendabizikotik bosgarrenera bitarteko xedapen gehigarrietan arautzen dira foru dekretu arau honen xede diren eta antolamenduari segurtasun juridiko handiagoa emateko helburua duten zerga arloak, aurrekontu luzapenaren aplikazioaren hainbat alderdi argituz eta erregulatuz. Gainerako xedapen gehigarriei eta xedapen iragankorrei aurrekontu luzapeneko araubidea izango zaie aplikagarria, hirugarren xedapen iragankorrean jasotakoaren arabera.

Lehendabizikotik bosgarrenera bitarteko xedapen gehigarrietan ageri den kasuistika kontuan hartuta, komenigarria da labur azaltzea zer egoeratan geldituko den haietako bakoitza 2015ean:

– Sozietateen gaineko zergan aplikaziozkoak diren zuzenketa monetarioko koefizienteak. 2014rako onartutako eguneratze koefizienteak 2015erako luzatuko badira, beharrezkoa da bidezko doiketa egitea urte bat gehiago igarotzeagatik. Horrez gain, nahiz eta aurreko urteetan eguneratze koefizienteak Aurrekontuen Foru Arauaren bidez onartuak izan diren, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak berrikuntza gisa ezarrita utzi du 40.9.a) artikuluan eguneratze koefizienteak erregelamenduz zehaztuko direla. Ondorio horietarako, une hauetan koefiziente horiek jasoko dituen foru dekretua tramitatzen ari da.

– Berandutze interesa. Auzitegi Konstituzionalak nahiz Auzitegi Gorenak emandako epaiei jarraituz, lurralde historikoek finkatutako berandutze interesak bat etorri behar du lurralde erkidean ezartzen denarekin. Estatuko 2015erako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektuak berandutze interesa aldatu duenez lurralde erkidean, juridikoki okerra litzateke 2014rako finkatutako interes tasa luzatzea, lege horretan jasotakoaren arabera.

– Balio katastralak eguneratzea. Kontsumo prezioen indizeak 2014an izandako bilakaera kontuan hartuta, komenigarria da 2015ean ez aplikatzea 1,01eko eguneratze koefizientea. Beraz, 2014ko balio berdinak mantenduko dira.

– Tasak eguneratzea. Tasei dagokienez, balio katastralak eguneratzeko erabilitako argudio berak balio du.

– AP-8 eta AP-1 autobideak erabiltzeko kanonaren zenbatekoak. Autobideak erabiltzeko kanonaren kasua eta balio katastralena eta tasena desberdinak dira. Azken horietan, 2014rako Aurrekontuen Foru Arauaren asmoa horiek eguneratzea zen. Autobideen kanona ezartzeko, ordea, kontsumoko prezioen indizearen eboluzioaz gain, autobideei berariaz aplikagarri zaizkien faktore ugari hartu ziren kontuan. Hori erraz antzeman daiteke, ez bakarrik aplikagarria den koefizientearen zenbatekoarengatik (1,035 1,01aren aldean), baita bosgarren xedapen gehigarriak berak berariaz hala adierazten duelako ere. Kanona «eguneratu» egiten dela adierazi beharrean (balio katastralen eta tasen kasuan egiten den bezala), urtarrilaren 1etik aurrera kanonaren zenbatekoak «igo» egiten direla adierazten da. Portzentaje bera erabiltzen da deskontu planari atxikitako erabiltzaileek ordaindu beharreko gehieneko zenbatekoa handitzeko.

Aurrekoa alde batera utzita, 2015erako Aurrekontuen Foru Arau Proiektuak gidarien gaitasun profesionalari buruzko ziurtagiria ezartzeko baimenengatik ordaindu beharreko tasen aldaketa jasotzen zuen amaierako lehen xedapenean. Tasa horiek jasota daude Garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik exijitu beharreko tasak arautzen dituen uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauan. Bada, aldaketa hori onartzea nahitaezkoa gertatzen da, zerga-egitate berriak sartzea dakarrelako.

Alderdi horiez gain, beharrezkoa gertatzen da lehenbailehen zuzentzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 51.1 artikuluan antzemandako aktsa, hain zuzen ere, abenduaren 16ko 17/2014 Foru Arauak, 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzen dituenak, artikulu horrenidazkeran sartutakoa.

Azken finean, kontuan hartuta herritarrek segurtasun juridikoa behar dutela, komenigarria da foru arau mailako xedapen batek aipatutako alderdi guztiak argitzea. Denbora premia dagoenez eta materialki ezinezkoa denez foru arau hori 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen onartzea, behar-beharrezkoa da foru dekretu arau bat onartzea eta hura Batzar Nagusiei berehala helaraztea baliozta dezaten.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Sozietateen gaineko zergan aplikagarriak diren zuzenketa monetarioko koefizienteak.

2015ean sozietateen gaineko zergan aplikagarriak diren zuzenketa monetarioko koefizienteak erregelamenduz zehaztuko dira, Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 40.9 artikuluan jasotakoari jarraituz.

2. artikulua.– Berandutze interesa.

2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko ondorioekin, ehuneko 4,375 izango da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutze interesa.

3. artikulua.– Balio katastralak.

Uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarenak, 13. artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, 2015eko zergaldian bere horretan mantentzen dira 2014rako finkatutako balio katastralak.

4. artikulua.– Tasak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek kudeatzen dituzten tasak eta ordainarazpen fiskalak zenbateko finkokoak badira oinarriaren portzentaje baten arabera zehaztuta ez egoteagatik edo oinarri hori moneta unitatetan baloratuta ez egoteagatik, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera ez dira aldatuko 2014an aplikatutakoen aldean, foru dekretu arau honek amaierako lehen xedapenean jasotakoa eragotzi gabe.

5. artikulua.– AP-1 eta AP-8 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeko kanonaren zenbatekoak.

1.– 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak Gipuzkoako zatian erabiltzeko kanonaren zenbatekoak (BEZa barne) igo egiten dira, 1,035 koefizientea 2014ko zenbateko exijigarriari aplikagarria zaion kopururaino.

2.– Mantendu egiten dira AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontuen planari atxikitako erabiltzaileentzat 2014an aplikatutako deskontuak eta kenkari gehigarria.

Hala ere, ehuneko 3,5 gehitzen da AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontu planari atxikitako erabiltzaileek hileko gehienez ordaindu beharreko zenbatekoa, behin dagozkien deskontuak eta beherapen gehigarriak aplikatu eta gero.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen uztailaren 12ko 5/2005 Foru Araua aldatzea.

IV. puntua aldatzen zaio garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauaren eranskinean jasotako tarifen taulari, eta honela geratzen da idatzita:

«IV.– Gidarien gaitasun profesionalari buruzko ziurtagiria ezartzeko baimenak.

4.1.– Ikastaroak emateko prestakuntza zentroen baimena: 321,54 euro.

4.2.– Prestakuntza ikastaroen homologazioa: 107,18 euro.

4.3.– Prestakuntza ikastaroen homologazio bisatuak: 107,18 euro.

4.4.– Azterketa eskubideak: 20,37 euro.

4.5.– Gidarien gaitasun profesionalari buruzko ziurtagiria egitea: 35,37 euro.

4.6.– Gidarien gaitasun profesionalaren txartela egitea: 21,44 euro.

4.7.– Gidarien gaitasun profesionalaren txartela berritzea: 21,44 euro.»

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua aldatzea.

2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, aldatu egiten da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 51. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Zergadunek zerga oinarritik kendu ahal izango dute zerga ondorioetarako euren ondare garbiak aurreko bi ekitaldietako batez bestekoaren aldean izandako gehikuntzaren 100eko 10. Kasu horretan, gehikuntza horren pareko zenbatekoa erreserba batean sartu beharko dute, eta ezingo dute erreserba hori baliatu harik eta kenkaria aplikatu duten zergaldia amaitzen denetik bost urte igaro arte, gutxienez, salbu kapitalera gehitu zaion gehikuntza horren zatia.

Bost urteko epe horretan, entitatearen zerga ondorioetarako ondare garbiaren zenbatekoak lehengoan jarraitu edo gora egin beharko du, salbu eta kontabilitateko galeren ondorioz jaitsiera gertatzen denean.

Entitate berrien kasuan, lehenengo bi ekitaldietan, aurreko bi ekitaldietako batez bestekotzat hartuko da entitatea eratu zenetik igaro den denboran zerga-ondorioetarako ondare garbiak izandako batez besteko zenbatekoa.

Lege edo estatutuetan hala aginduta, erreserbetarako zuzkidura nahitaez egiten denean, horrek zerga ondorioetarako ondare garbian eragiten duen gehikuntzari ezingo zaio aplikatu artikulu honetan xedatutakoa.»

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan berariaz jasotako ondorioak eragotzi gabe.

Donostia, 2014ko abenduaren 22a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

HELENA FRANCO IBARZABAL.


Azterketa dokumentala