Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2015eko otsailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
488

EBAZPENA, 2015eko urtarrilaren 22koa, Trafikoko zuzendariarena, Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun-agiria lortzeko hautapen-probaren deialdia egiten duena.

3256/1982 Errege Dekretuak, urriaren 15ekoak, xedatutakoaren babesean; 194/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, 16.5.a) artikuluan Trafiko Zuzendaritza honi emandako aginpideekin bat; eta urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Araudiko 48. artikulua jasotako eskumenen arabera, Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun-agiria lortzeko hautapen-probarako deialdia egiten da.

Lehenengoa.– Hautapen-probaren erregimena eta Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun-agiria ematea.

Ebazpen honetan eskatutako betekizunak konpliturik izanik, hautapen-proba honetarako onartzen eta gaitzat hartzen direnek Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun-agiria ematea eska dezakete.

Bigarrena.– Parte hartzeko eskakizunak.

2.1.– Onartuak izateko, prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek hurrengo baldintza guztiak bete beharko dituzte:

– Aldez aurretiko eskaera formulatzea.

– Gidarientzako Eskola Partikularretako Irakaslearen edo Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria izatea, eskabideak aurkezteko epea amaitu arretik emana. Europar Batasuneko beste estatu batzuetan edo Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioa sinatu duten beste estatu batzuetan irakasle jardun dutenek agiri bidez egiaztatu egin beharko dute hori, betiere azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriaz.

– Gidarientzako Eskola Partikularretako irakaslearen gaitasun-agiria lortzeko probetan inskribatzearen gastu eta eskubideen tasa ordaintzea, betiere irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriaz. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen da, zeina abenduaren 22ko 5/2011 Legeaz aldatu baitzen.

2.2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko atalean ezarritako eskakizun guztiak bete beharko dituzte eskaera-orriak aurkezteko epea amaitzen denean.

2.3.– Hautapen-proban onartua izateko eta parte hartzeko, parte hartzeko exijitutako betekizun oro konplitzen duela adierazi beharko du eskabidean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna delarik erreferentzia.

2.4.– Hauta-proban edo geroztiko izapideetan eta gaitasun-agiria eman arte, hautagairen betek, eskatutako baldintza bat edo batzuk betetzen ez dituela jakiten bada, edo egiaztatutako ziurtagiritik ondorioztatzen bada ezen eskabideak Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzea galarazten duten akatsak edo faltsukeriak dituela, interesduna entzun ondoren, Epaimahai Kalifikatzaileak hautagaia hautaprobatik kanporatzeko proposamena egingo du.

Hautagaiek eskabidean aurkeztutako informazio guztia eta prozedura honi dagozkion datuak, Herrizaingo sailburuaren 2003ko irailaren 2ko Aginduan (170. EHAA, 2003ko irailaren 2koa) aurreikusitako fitxategi baten integratuko dira, zeinaren arduraduna Trafiko Zuzendaritza den. Fitxategia erabili eta funtzionarazteko, 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesten dituenak, eta 2/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, titulartasun publikoko datu pertsonalen fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzkoak, aurreikusitakoari erreparatuko zaizkio.

Pertsona interesatuek sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte, eta, horretarako, idazkia honako helbidera bidaliko dute:

Trafiko Zuzendaritza, Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Prozedura amaitzen denean, hautatu gabe gelditu diren pertsonei dagozkien datuak ezabatu egingo dira.

Hirugarrena.– Eskabideak.

3.1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

3.1.1.– Epea.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3.1.2.– Aurkezteko modua.

Ikastaroan parte hartu nahi duten pertsonek eskabidea Interneten bidez egin ahal izango dute, eta, hartarako, honako helbide elektronikoan eskura izango den eskabidearen eredua bete beharko da: www.trafikoa.net

Interneten bidez egindako eskabidea Eusko Jaurlaritzako KZGunea zentro publikoetan formulatu daiteke. KZGunea zentroen zerrenda eta horien kokapena honako helbide elektronikoan eskura dago: www.kzgunea.net

3.2.– Eskabidearen edukia eta inplikazioak.

Lehiaketara onartzeko eta, behar denean, hautaprobetan parte hartu ahal izateko, izangaiek eskabideko atal guztiak bete behar dituzte eta tasak ordaindu. Era berean, proba honetan parte hartzeko baldintza guztiak betetzen direla azalduz zinpeko aitorpena edo promesa egin beharko da.

Tasak eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaintzen ez bada, prozeduratik baztertu egingo da, prozesuan onartzeko 2.1 atalean eskatutako baldintza ez betetzeagatik. Hala eta guztiz ere, ordaindutako zenbatekoa okerra izanez gero, hamar laneguneko epean okerra zuzen dezala eskatu zaio hautagaiari.

3.3.– Eskabideak aurkezteagatiko tasak ordaintzea.

Deialdi honek 2.1 oinarrian aurrez ikusitako baldintza betetzeko, tasa eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da, honako erakundeen edozein sukurtsaletan: Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, SabadellGuipuzcoano, La Caixa, Bankoa, Santander eta Bankia.

Tasa ordaintzeko, bi aukera daude:

– Off-line ordainketa: aipatu diren erakunde finantzario laguntzaileen bulego-sarearen edozein puntutara joatea eta sistemak emandako ordainketa-gutuna aurkeztea. Ordainketa-gutunak barra-kodea duenez, irakurketa optikoa duen edo datuak eskuz jaso ditzakeen kutxazain automatikoaren bidez ordaindu beharko da.

– On-line ordainketa: banku-sukurtsalera joan gabe, banku elektronikoaren sistemaren bidez ordaintzea, betiere aipatutako erakunderen batean banku elektronikoaren bezeroa izanez gero. Modalitate hori egunean 24 orduz eraginkorra da.

Tasaren zenbatekoa honakoa da: 43,30 euro.

Tasa ordaintzen ez bada edo ordaindutako zenbatekoa okerra izanez gero, ondorioak oinarri hauetan 3.2 atalean zehaztutakoak izango dira. Tasa ordaintzeak eta aurkezteak inoiz ere ez du ordeztuko eskabidea aurkezteko izapidea garaiz eta eskabidean adierazi bezala egitea, 3.1 oinarrian adierazitakoarekin bat etorriaz.

Eskatutako tasa kasu honetan bakarrik itzuliko da: subjektu pasiboari ezin egotzi dakizkiokeen kasuak direla-eta zergapeko egitatea gauzatzen ez bada; beraz, interesdunari egotzi dakiokeen kausa dela-eta hautapen-prozesutik kanporatzen kasuetan ez da egingo inolako itzulketarik. Betekizunak ez konplitzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkeztegatik bazter uzteak ez du ekarriko tasa itzultzea.

Laugarrena.– Hautagaiak probarako onartzea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, epaimahaiko lehendakariak ebazpena emango du, zeinetan onartutakoen eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda onartuko den. Ebazpen horretan zehaztutako epearen barruan aurkeztu beharko dira behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamazioak.

Kasu bakoitzean aurkeztutako alegazioak Epaimahaiak aztertu ondoren, Epaimahaiko lehendakariaren ebazpen bidez hauta-proba egiteko onartuen zerrenda emango da argitara, eta horrekin batera, proba non, zein egunetan eta ezein ordutan egin den adieraziko da.

Ebazpen honetan eskatutako betekizunak ez baditu konplitzen pertsona batek, eskatu zaio ezen, hamar eguneko epearen barruan, okerra zuzen dezala edo beharrezko agiriak aurkez ditzala.

Aurreko paragrafoan finkatzen den epearen barruan, eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, edo hura edo aurrekariak arteztuta ikusten bada pertsonak ez dituela betetzen ebazpen honetan eskatutako baldintzak, eta aurkeztutako alegazioak aztertutakoan, ebazpen egokia emango da, deialditik kanpo gera daitekeelarik, bazter utzi gabe onartzeko eskabidean egindako faltsutasunen ondoriozko erantzukizunak.

Proban zehar edo eskabidean atzematen diren egitatezko hutsak eta huts materialak eta aritmetikoak edozein unetan konpondu ahal izango dira, ofizioz edo interesdunak eskaturik.

Bosgarrena.– Probaren garapena.

Onartutako guztientzako egingo da proba, deialdia bakarrean eta Vitoria-Gasteizen.

Proba honelakoxea izango da: emandako inprimakian idatziz erantzun beharko zaie berrogei galderari, zehazki, deialdiko seigarren oinarrian zehaztu programako materiei buruzkoei. Galdera bakoitzak bi edo hiru erantzun alternatibo izango ditu, eta euretan bat bakarrik izango da zuzena.

Probak berrogei minutu iraungo du, galderako minutu bat.

Proban zehar, ordena apurtzen duena ez-gai deklaratuko da eta berarentzat proba amaituko egingo da, eta, halaber, proba egiterakoan iruzurra egiten duena, darabilen prozedura edo forma edozein delarik ere.

Proban parte hartzen dutenak honakoren batekin azaldu beharko dira: NAN edo Bizileku-txartela edo identitate-txartela, indarrean dena, eta horiek izan ezean, Pasaportea. Proba garatzen ari delarik, Epaimahaiak dokumentu horiek aurkeztea eska dezake, eta horiek aurkezten ez badira, proba ez egitea eta prozesutik kanpo uztea ekarriko du horrek.

Seigarrena.– Programa.

Probako gaia izango den programa hauxe izango da:

1.– Gidarientzako Eskola Partikularrak erregulatzeko araudia.

2.– Gidarien eta ibilgailuen izapidetze administratiboa.

3.– Enpresak antolatu eta kudeatzeari buruzko ezagutza orokorrak eta horiek gidarientzako eskola partikularrei aplikatzea.

4.– Antolakundeen psikologia.

Probarako programa zehatza eta horren gaiak adieraziko dira epaimahai kalifikatzailearen informazio-ohar baten bidez, zeina argitara emango den probara aurretik edo beranduenik ere: onartutakoen behin-behineko zerrenda ezagutzera emateko, epaimahaiko lehendakariak ematen duen ebazpena argitarazten den egunean bertan.

Zazpigarrena.– Kalifikazio-sistema.

Probako kalifikazioak gai eta ez-gai izango dira.

Gai deklaratua izateko, probako 40 galderetatik 34 zuzen erantzun beharko dira.

Proba hori gainditzeak, hain zuzen ere, Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun-agiria lortzea eta ematea oinarrituko du, Gidarientzako Eskola Partikularren Erregelamendu Erregulatzailea onesten duen 1295/2003 Errege Dekretuaren 47. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Zortzigarrena.– Proban lortutako kalifikazioen zerrenda.

Proba kalifikatutakoan, argitara emango da gai diren pertsonen zerrenda. Aurkezten diren alegazioak aztertuz gero –baten bat aurkeztuko balitz–, zerrenda hori behin betikotzat joko da.

Bederatzigarrena.– Informazioa.

Deialdian jasotako informazioaz gain beharrezko eta osagarri diren beste informazio batzuk honako hauetan jaso eta emango dira ezagutzera: onartutakoen, bazter utzitakoen eta proba gainditu duten hautagaien zerrendetan hain zuzen ere. Informazio horiek Internet-eko helbide honetan argitaratuko dira: www.trafikoa.net.

Hamargarrena.– Errekurtsoak.

Urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez, Gidarientzako Eskola Partikularren Erregelamendu Erregulatzailea onartu zen. Bada, erregelamendu horren 48. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriaz, probak kalifikatzearen gaineko eta horiek garatzeko intereseko diren kuestioen gaineko erabakien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Trafikoko zuzendariari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriaz.

Era berean, pertsona interesatuek beren interesak defendatzeko komenigarritzat jotzen duten beste edozein errekurtso jar dezake.

Hamaikagarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.

11.1.– Epaimahai Kalifikatzaileak 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, organo kolegiatuetarako xedatutakoarekin bat jardungo du. Hala, ebazpen hau interpretatzerakoan plantea daitezkeen zalantzak eta gaiak ebazteko behar duen adina aldiz bilduko da.

Epaimahaiari dagozkio, batetik, probak garatu eta kalifikatzea, oinarri hauek aplikatzerakoan sortzen diren dudak ebaztea bestetik, eta, azkenik, oinarrietan aurreikusi gabeko kasuetan zer egin behar den ebaztea. Epaimahaiak bilkura bakoitzaren akta egingo du.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako Epaimahaiaren egoitza honakoa izango da:

Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun-agiria lortzeko Epaimahaia.

Trafiko Zuzendaritza.

Donostia kalea, 1.

01010, Vitoria-Gasteiz.

Honakoak izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Epaimahaiburua: M.ª Victoria Dueñas Beltrán de Heredia.

Ordezkoa: Ander Hormaetxe Azumendi.

Epaimahaikideak:

M.ª Jesús Iturralde Arriaga.

Martín Gil Osoro.

Ignacio Presa Juarros.

Ordezkoak:

Iñaki Eguiara Garay.

M.ª Victoria Fernández García.

Arantza Agirre Vicente.

Idazkaria: Esther Montes Pereda.

Ordezkoa: Idoia Berasain Teruelo.

Era berean, Epaimahai Kalifikatzailearen kide izango dira, Trafiko Zuzendaritza Orokorrari ordezkatuz, honakoak:

Titularra: Justiniano Redondo Bermejo, Arabako Trafikoko probintzia-burua.

Ordezkoa: Adolfo Peñaranda Molinos, Bizkaiko Trafikoko probintzia-burua.

11.2.– Hauta-probaren Epaimahai Kalifikatzailean parte hartze honelaxe ordaindu da: zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Hamabigarrena.– Gaitasun Agiria ematea.

Proban gai kalifikazioa lortzen dutenek honako tasa hau ordaindu beharko dute: Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien gaitasun-agiria emateari dagokiona.

Hamahirugarrena.– Azken xedapena.

Ebazpen honen kontra, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epean Segurtasuneko sailburuordearen aurrean gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkerari jarraikiz, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 48.2 artikuluan eta 115.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 22a.

Trafikoko zuzendaria,

GARBIÑE SÁEZ MOLINUEVO.


Azterketa dokumentala