Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2015eko otsailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
487

AGINDUA, 2015eko urtarrilaren 22koa, Segurtasuneko sailburuarena, informazioa eskuratzeko eskaerei buruz ebazteko eskumena Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariaren esku uzten duena. Informazio-eskaera horiek, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak arautzen ditu.

2015eko urtarrilaren 13an, Gobernu Kontseiluak erabaki bat hartu zuen, informazio publikoa eskuratzeari, publizitate aktiboari eta gobernu onaren eta gardentasunaren kulturako aurrerapenari dagokienez, Euskal Autonomia Erkideko Administrazioaren funtzionamendu-neurriak onartzen dituena.

Abenduaren 9ko 19/2013 Legeak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoak, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea jasotzen duenez, erabaki horretan informazio publikoa eskuratzeko eskubidearekin lotutako hainbat neurri jasotzen dira, Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari den Euskal Administrazio Publikoaren lege-proiektua onartzen ez den bitartean, eskubide hori dela eta herritarrek dituzten itxaropenak asetzeko asmoz.

Gobernu Kontseiluko Akordioak aurreikusten duenaren arabera, Sailek bermatu beharko dute, bakoitzak egokien irizten dion moduan, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen prozedurarako postontziaz arduratzen diren pertsonen kopurua nahikoa izan dadin. Pertsona horiek informazioa daukaten organoei eskatuko diete, eta informazio administratiboa eskuratzeko eskaerari buruzko ebazpena proposatuko dute. Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretuaren arabera, horretarako eskumena duten organoek edo eskuordetza jaso duen organoak emango dute ebazpena.

Apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuak, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoak, goi-organoen eta Zuzendaritza-organoen egitekoak eta eskumenak zehazten ditu (2013ko apirilaren 18ko EHAA,74. zk.). Horren arabera, publizitate aktiboaren arloa Komunikazio Zuzendaritzari dagokio, 8. artikuluan egiteko hauek ezartzen dizkiolako: erakundeko informazio-harremanak eta Sailaren informazio orokorra zabaltzea, herritarrei informazio orokorra emateko egitekoak koordinatzea, Zuzenean-Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarekin artikulatzea, eta Sailak Interneten duen presentzia-ereduarekin lotutakoak.

Hala ere, Segurtasun Saileko egitura organikoari eta funtzionalari buruzko dekretu horrek informazio administratiboa eskuratzeko eskaerak tramitatzeko eta ebazteko egitekoa ez dio organo zehatz bati ere esleitzen. Beraz, ondoriozta daiteke egiteko hori Segurtasuneko sailburuari dagokiola, Sailaren ordezkari gorena da eta.

Dena den, informazio publikoa eskuratzeko eskubideaz baliatzea errazteko eta araudian aurreikusten den prozedura bizkortzeko asmoz, egokitzat jotzen da egiteko hori eskuordetzan ematea eskumen horizontala duen eta eskubide horretaz baliatzeko eskaerei erantzuteko nahiko baliabide atxikita dituen organo bati, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari, hain zuzen ere.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13. artikuluaren arabera, administrazio-organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira.

Horrenbestez, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluarekin bat etorriz, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13. artikulua aintzakotzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari eskuordetzan ematea Segurtasun Sailaren eta bere administrazio instituzionalaren esku dagoen informazio publikoa eskuratzeko egiten diren eskaerak ebazteko eskumena.

Bigarrena.– Agindu honen bitartez eskuordetutako eskumena noiznahi beregana dezake eskuordetzea egin duen organoak.

Hirugarrena.– Agindu honen bitartez eskuordetutako eskumenaz baliatuta emandako ebazpen guztietan, berariaz eman beharko da zirkunstantzia horren berri, eta agindu hau onartu zeneko eguna eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zenekoa ere zehaztu beharko dira.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 22a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala