Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2015eko otsailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
479

EBAZPENA, 2015eko urtarrilaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailea izateko prozedura ezartzen duena, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 17.2 artikuluak hau xedatzen du: «Autonomia Erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoek, beren eskumenak erabiliz, enplegu-politika aktiboen egikaritzapen eta garapenean eta lan-bitartekaritzaren kudeaketan beraiekin lankidetzan diharduten erakundeen jardunak zehazteko beharrezkoak diren neurriak diseinatu eta ezarriko dituzte».

Halaber, aipatutako 56/2003 Legearen 22.3 artikuluak hau adierazten du: «Enplegu Zerbitzu Publikoek euren gain hartzen dute lan-bitartekaritzaren dimentsio publikoa, baina, halere, hitzarmenak, akordioak edota bestelako koordinazio-tresnak ezarri ahal izango dituzte beste erakunde eta enplegu-agentzia batzuekin, enplegua eskatzen dutenei enplegua ematea bultzatzeko helburuarekin».

Euskal Autonomia Erkidegoan, lan-bitartekaritza zerbitzua emateko kanpoko erakundeekin eginiko lankidetza, 2014ko ekitaldira arte, abenduaren 23ko 326/2003 Dekretuaren babespean eginiko hitzarmenen bitartez artikulatu da. Enpleguaren arloan Eusko Jaurlaritzako sail eskuduna denaren eta erakunde horien artean enplegu-politika aktiboekin eta bitartekaritza-zerbitzuekin lotutako funtzioak autonomia erkidego honetara transferitu baino lehen sinatu ziren hitzarmen horiek. Transferentzia-datatik aurrera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua subrogatu zen posizio juridiko horretan.

Jarduera hasi zuenetik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartu zuen lan-eskarien kudeaketa, baliabide propioak erabilita, eta, horrenbestez, kanpoko erakundeen lankidetza-esparrua lan-eskaintzak kudeatu eta erregistratzera mugatu zen.

Lankidetza hori 2014ko abenduaren 31n amaitu da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hitzarmen horiek denuntziatu ostean. Hori aldez aurreko urratsa izan da, lan-bitartekaritzaren esparruan beste lankidetza-eredu bat ezartzeko, 326/2003 Dekretuan araututa dagoen eredua ez bezalakoa.

Hala eta guztiz ere, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bai urte hauetan lan-eskaintzak kudeatzeko jardueran lankidetza eskaini duten erakunde batzuek interesa daukate zerbitzu hori ematen jarraitzeko, kontraprestazio ekonomikorik gabe. Nabaria da interes publiko handia dagoela ahalik eta lan-eskaintza gehien hartzeko eta horiek kudeatzeko, Lanbiden lan-eskatzaile modura izena emanda dauden pertsonekin bitartekaritza-lana eginez. Erakunde autonomo honi dagokio interes horri erantzutea. Beste alde batetik, orain arte laguntzaileak izan diren erakundeek modu positiboan baloratzen dute Lanbideren tresna informatikoak, sistemak eta datu-baseak erabiltzea bitartekaritza-jarduerak egiteko. Jarduera horiek euren kabuz egin ditzakete, enplegu-agentzien kalifikazioa lortu eta gero.

Hori dela-eta, beharrezkoa da prozedura bat ezartzea, erakunde horiek eta gutxieneko betekizunak betetzen dituen eta hala eskatzen duen beste edozein erakundek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailearen izaera lortu ahal izateko, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko.

Prestakuntza-zentro publikoen kasu berezian izan ezik (kasu hori justifikatuta dago, autonomia erkidegoko administrazio orokorrarenak direlako), enplegu-zerbitzu publikoaren eta erakunde laguntzaile horien arteko harremanen artikulazioa ezinbesteko baldintza hauetan oinarrituta dago: enplegu-agentzia bezala jarduteko gaituta egon behar dute eta euren lan-zentroak EAEn kokatuta egon behar du; horrez gain, kasu guztietan, beharrezko baliabide material eta giza baliabide egokiak izan behar dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemara konexio efizientea egiteko eta erregistroarekin eta eskaintzen kudeaketarekin lotutako ekintzak behar bezala garatzeko.

Hori dela-eta, bitartekaritza-zerbitzua emateko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailearen izaera lortzeko prozedura ezartzen da ebazpen honen bidez, lan-eskaintzak kudeatzeko eta erregistratzeko jarduerarekin lotuta, baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da bitartekaritza-zerbitzua emateko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailearen izaera lortzeko prozedura ezartzea, lan-eskaintzak kudeatzeko eta erregistratzeko jarduerarekin bakarrik lotuta.

Ebazpen honetan xedatutakoaren ondorioetarako, lan-eskaintza izango da enplegu-emaile batek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egiten dion eskaera, zuzenean edo erakunde laguntzaileen bitartez, eskainitako lanpostua(k) betetzeko hautagaiei dagokienez.

2. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaileak izan ahalko dira, lan-eskaintzak kudeatzeko eta erregistratzeko jarduerarekin lotutako bitartekaritza-zerbitzua emateko, ondoren aipatutako erakundeak, betiere enplegu-agentziak bezala jarduteko gaituta badaude eta euren lan-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta badago, hori guztia Lanbideren erakunde laguntzailearen izaera lortzeko eskaera aurkeztu baino lehen:

a) Toki-erakundeak edota herri-administrazioen mendekoak diren edo nagusiki herri-administrazioen partaidetza daukaten erakundeak.

b) Tokiko garapeneko agentziak.

c) Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3.2 artikuluaren d), e), f), g), h) eta i) idatzi-zatietan jasotako hezkuntza-sistemako irakaspenak ematen dituzten prestakuntza-zentroak.

d) Enplegurako prestakuntza-zerbitzua ematerakoan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzaileak diren prestakuntza-zentroak.

e) Unibertsitateak.

f) Eskaeraren aurreko urtean gutxienez egiaztatutako 500 lan-kontratu frogatzen dituzten beste enplegu-agentzia batzuk. Egiaztatutako lan-kontratuak izango dira agentziek, euren jardueraren ondorioz, Gune Telematiko Erkideari jakinarazi dizkioten eta Enplegu Zerbitzu Publikoek baliozkotzat egiaztatu dituzten kontratuak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden prestakuntza-zentro publikoei eta unibertsitate publikoei ez zaie eskatuko enplegu-agentzia bezala jarduteko gaituta egotearen betekizuna.

3.– Erakunde laguntzaileek beharrezko baliabide material eta giza baliabide egokiak izan behar dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konexio efizientea egiteko eta hurrengo artikuluan aurrez ikusitako ekintzak garatzeko. Zehatz esanda:

– Erakundeak kontratatutako pertsona bat, gutxienez. Pertsona horrek Lanbideren prestakuntza egokia jasoko du, eskaintzaren kudeaketa egiteko aplikazio-sistema erabiltzeko. Pertsona horri aplikazio-sistema horretara sartzeko baimena emango zaio, hurrengo artikuluan aurrez ikusitako ekintzak egiteko.

– Jarduera egingo den zentroan edo zentroetan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskaintzak kudeatzeko aplikazio-sistema behar bezala erabiltzea ahalbidetuko duen sistema informatikoa izatea, bai eta hurrengo artikuluan aurrez ikusitako ekintzak egiteko beharrezkoa den gainerako azpiegitura ere.

3. artikulua.– Erakunde laguntzaileek egin beharreko ekintzak.

Erakunde laguntzaileek jarduera hauek guztiak edo batzuk egin ahal izango dituzte:

a) Aldez aurretik jaso dituzten lan-eskaintzak erregistratzea.

Ondorio horietarako, hau ulertuko da:

– lan-eskaintzak jasotzeak hau esan nahi du: prozesu horren bidez, erakunde laguntzaileak identifikatu egiten du enplegu-emaile batek lanpostu bat edo batzuk bete behar dituela; orduan, enplegu-emailearengandik edo enplegu-emailea behar bezala ordezkatzen duen beste norbaitengandik dagokion kudeaketa-eskaera jasotzen du, hautagaitzat proposatuko diren pertsonek izan behar duten lanbide-profila adierazita. Profil horretan ezin izango da bereizkeriazko betekizunik adierazi, kausa edozein izanda ere.

– lan-eskaintza bat erregistratzeak hau esan nahi du: prozesu horren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako gaitutako pertsona batek eskaintzak jasotzeko prozesuan lortu diren datuak kodifikatzen ditu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman sartzen ditu. Horrela, lan-eskaintza berri bat sortzen da sisteman, betiere une bakoitzean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako adierazitako betekizunak betetzen badira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskaintza bat erregistratzea eragotzi ahal izango du, bere ustez eskaintza horretan eskatzen diren betekizunek urratu egiten badituzte objektibotasunaren, gardentasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioak.

b) Lan-eskaintzak kudeatzea, hau da, prozesu hauek guztiak egitea:

1.– Aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman erregistratutako lan-eskaintza aztertzea, eta, hala badagokio, osatzea.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda daudenen artetik, une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko pertsona egokiak identifikatzea, eskaintza parekatzeko modu desberdinak erabilita. Modu horiek hurrengo artikuluan azalduko dira.

3.– Eskainitako lanpostuetan sartzeko identifikatutako hautagaien prestasuna egiaztatzea, hala badagokio.

Prestasuna egiaztatzeko prozesua honetan datza: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak parekatze automatikoaren bidez lortutako hautagaien prestasunari buruzko informazioa jasotzen du, enplegu-emailearengana bidaltzeko edo harekin harremanetan jartzeko, lan-eskaintza zehatz baterako. Horrela, hautagaien erantzuna erregistratuko du, edo, hala badagokio, erantzun hori zergatik ezin izan den lortu.

Erakundeak egiaztapen hori ez egitea erabakitzen badu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak modu automatikoan egingo du, horretarako gaituta dituen bitartekoak erabilita. Erakundeak eskaeran adierazi beharko du prestasuna egiaztatzeko prozesua bere bitartekoak erabilita egingo duen, edo prozesu horri uko egiten dion, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egin dezan.

4.– Hautagai bakoitza enpresara bidali ostean, horren emaitza jasotzea. Emaitza jasotzeak hau esan nahi du: bete beharreko lanposturako egokitzapenari edo egokitzapen-ezari dagokionez, bidalitako hautagaiari buruz enpresak zein balorazio egiten duen eta horren arrazoia zein den jakitea, eta, horrez gain, hala badagokio, hautagaia kontratatu duten edo ez jakitea.

4. artikulua.– Lan-eskaintzak parekatzea.

1.– Lan-eskaintzak parekatzeak hau esan nahi du: prozesu horren bidez, lotura bat sortzen da lan-eskaintzaren eta hautatutako lan-eskarien artean, eskainitako lanpostua betetzeko egokienak direlako. Edonola ere, prozesu hori objektibotasunaren, gardentasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioen arabera egingo da.

2.– Aurreko paragrafoan aipatu diren printzipioak aplikatzen direla bermatzeko, eskaintzen parekatzea egiteko jarraibide hauek aplikatuko dira:

2.1.– Parekatze-prozesu guztietan, hautatutako hautagaiek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Lan-eskatzaile modura izena emanda egotea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, «alta egoeran» edo «bitartekaritzarekin eten-egoeran».

b) Enplegu-emaileak ezarritako nahitaezko betekizunak betetzea.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo erakunde laguntzaileak egingo dituen prestasun-egiaztapenen mende jartzea.

2.2.– Hautagaiak ondoren adierazten diren eratan parekatu ahal izango dira lan-eskaintzekin. Parekatzeko era hauek lan-eskaintzaren kudeaketaren edozein unetan batera erabili ahal izango dira:

a) Parekatze automatikoa: eskatutako betekizunen eta lan-eskatzaileen ezaugarrien arteko konparazio informatiko automatikoaren bidez egiten da.

b) Hedapen bidezko parekatzea: lan-eskatzaileak bere borondatez aurkezten du bere burua hedapen-egoeran dauden lan-eskaintzetan. Lan-eskaintza baten hedapentzat ulertzen da hura ezagutzera emateko prozesua, berorri hautagaiak atxiki ahal izateko, eta gutxienez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren interneteko atarian argitaratzea. Lanbidek, horrez gain, idatzizko beste hedabide batzuk erabiltzea erabaki dezake.

c) Eskuzko parekatzea: hautagaiak lan-eskaintza bati eskuz esleitzean datza, baldin eta ondoko baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

– Eskaintzan eskatutako hautagaietatik gutxienez % 50 bidali izana.

– Aurreko parekatze automatiko batean lortutako hautagai guztien prestasuna egiaztatu izana.

– Hautagairik ez izatea, gutxienez parekatze automatiko bat egin ondoren, lanpostuari dagokion lurralde historikoaren «hautagaiak bilatzeko esparru» berarekin edo handiagoarekin, eta nahitaezko baldintza bakarra okupazioa bada.

Eskuzko parekatzearen bidez, lan-eskaintzari ezin izango zaio esleitu eskaintzan hautagai modura eskatutako pertsona-kopuruaren erdia baino gehiago.

5. artikulua.– Erakunde laguntzaileen betebeharrak.

Erakunde laguntzaileek obligazio hauek bete beharko dituzte:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailearen kalifikazioa lortzea ahalbidetu zioten betekizunei eustea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarraibideak betetzea, eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko jarraitu beharreko prozedurei dagokienez.

c) Datu pertsonalen babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik horri buruz ematen dizkioten jarraibideei lotzea datu pertsonalen tratamendua. Ondorio horietarako, ebazpen honen II. eranskinean jasotako konpromisoa sinatu behar du.

d) Zerbitzua doan ematea langile eta enpresentzat.

e) Hautagaiek ez badituzte betetzen ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 231.1 artikuluaren c) eta g) idatzi-zatietan aurrez ikusitako betebeharrak, erakunde laguntzaileek horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

6. artikulua.– Baimena emateko prozedura.

1.– Erakunde laguntzailearen izaera lortzeko eskaerak Lanbideren Zerbitzu Zentraletan (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz) eta Lanbideren lurraldeetako enplegu-bulegoetan aurkeztu beharko dira, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren internet-atarian eskura egongo den eredu ofizialaren bidez.

Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Eskabidea sinatzen duen pertsonak daukan ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, erakunde eskatzaileari dagokionez.

–. Datu pertsonalen tratamenduari buruzko konpromisoa, ebazpen honen II. eranskinean jasotakoa, behar bezala sinatuta.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta Lanbide erakunde autonomoko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

4.– Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik aurrera. Epe hori igaro ondoren esanbidezko ebazpenik eman ez bada, eskabidea onartutzat joko da.

5.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

7. artikulua.– Erakunde laguntzailearen izaeraren indarraldia.

Erakunde laguntzailearen izaera urtebeterako ematen da, ebazpenaren egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta gehienez ere beste urtebeterako luzatu ahal izango da, erakunde laguntzaile interesdunak eskatu ostean. Eskaera hori hasierako urtebeteko aldia amaitu baino hilabete lehenago egin beharko du, gutxienez.

8. artikulua.– Erakunde laguntzailearen izaera kentzea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailearen izaera, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko jardueran, edozein unetan kendu ahal izango da, arrazoi hauetakoren bat dela-eta:

– Izaera hori ematea ekarri zuten betekizunetakoren bat galtzen bada.

– Ebazpen honetan eta erakunde laguntzailearen izaera ematen duen ebazpenean aurrez ikusitako betebeharrak ez betetzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 23a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala