Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2015eko otsailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
469

AGINDUA, 2014ko abenduaren 10ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Arabako Erizainen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Ikusi eta aztertu da Arabako Erizainen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko eskabidearen espedientea, eta honako aurrekari hauek hartu dira kontuan:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean Arabako Erizainen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko eskabidea eta dagokion dokumentazioa sartu ondoren, txostenak eskatu zitzaizkien Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, Lehiaren Euskal Agintaritzari eta Espainiako Erizainen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, Arabako Erizainen Elkargo Ofizialari eskatu zitzaion zuzen zitzala aurkeztutako dokumentazioan atzemandako akatsak. Elkargoak akatsak zuzendu ondoren, Herri Administrazio eta Justizia Sailean Elkargoaren estatutuak sartu ziren, aldatuta eta zuzenduta.

Hirugarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua), profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.

Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.

Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua betetzen da, bai eta profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6 eta 7, 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa ere.

Aipatutako manuak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arabako Erizainen Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Aipatutako elkargoaren estatutuak agindu honen eranskin gisa argitaratzeko agindua ematea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 10a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

ARABAKO ERIZAINEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Izaera.

Arabako Erizainen Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da, legeen babesa duena eta Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak aitortua; halaber, nortasun juridiko propioa eta gaitasun osoa dauka.

2.– Autonomia izango du bere helburuak bete ahal izateko.

2. artikulua.– Izena.

Hau izango da izena: Colegio Oficial de Enfermería de Álava - Arabako Erizainen Elkargo Ofiziala.

3. artikulua.– Lurralde-eremua.

Elkargoak Arabako Lurralde Historiko osoan dauka eskumena bere funtzioak bete eta elkargokideen gainean jarduteko.

4. artikulua.– Egoitza.

Elkargoa Vitoria-Gasteizen dago (Kalonjeen zidorra , 2-behea; posta-kodea: 01002).

II. KAPITULUA
ELKARGOAREN HELBURUAK ETA FUNTZIOAK.

5. artikulua.– Helburuak.

Hona hemen Arabako Erizainen Elkargo Ofizialaren helburuak:

a) Elkargoaren eskumenekoa den eremuan, erizaintzaren lanbidea antolatzea era eta espezialitate guztietan.

b) Erizaintzaren lanbidea ordezkatzea eta defendatzea, bai eta elkargokideen interes profesionalak ordezkatu eta defendatzea ere, gizarteak dituen interes eta behar orokorrekin bat etorrita.

c) Herritarrei zainketa sanitarioa eskaintzea, eta hori behar bezala garatzea; osasunaren heziketa, sustapena eta berrezartzea; gaixotasun eta istripuen prebentzioa; herritarren asistentzia, errehabilitazioa eta birgizarteratzea; eta, oro har, osasun-sistema egoki baten alde egitea.

6. artikulua.– Elkargoaren beraren funtzioak.

Honako hauek dira Elkargoaren beraren funtzioak:

a) Lanbidearen jarduna antolatzea, dagokion eremuan eta ezarritako lege-esparruaren barruan.

b) Etika profesionala eta gizartea osatzen dutenen eskubide eta interesei zor zaien errespetua zaintzea.

c) Lanbidearen jarduna legezkoa eta egokia dela eta elkargokideek euren eginbeharrak betetzen dituztela zaintzea.

d) Diziplina-ahalmenaz baliatzea Estatutu hauetan aurreikusitako moduan.

e) Profesionalen erroldaren eta lanbide-sozietateen eta tituluen erregistroaren ardura izatea eta informazioa osoagoa izan dadin beharrezko jotzen diren datuak jasotzea, baita indarreko legeriak eskatzen dituenak ere.

f) Bere eremuaren barruan, lanbidea ordezkatzea eta defendatzea administrazioaren, erakundeen, auzitegien, entitateen eta norbanakoen aurrean; horrela, lanbidearen interesei eragiten dien auzietan alderdi izateko legitimazioa izango du.

g) Auzitegiei, legediarekin bat etorriz, gai judizialetan peritu gisa esku har dezaketen elkargokideen zerrenda ematea, edo Elkargoak berak haiek aukeratzea, hala dagokionean.

h) Laneko ordainsariei buruzko alderdiak eztabaidatzen diren prozesu judizialetan eta administrazio-prozeduretan txostena egitea.

i) Elkargokide guztientzako diren zerbitzuak eskaintzea, eta, bereziki, etengabeko lanbide-prestakuntza sustatzea eta prestakuntza hori eraginkorra izateko bideak jartzea.

j) Adiskidetze, bitartekaritza edo arbitraje bidez, elkargokideen artean sortzen diren lanbide-gatazketan parte hartzea, baita elkargokideek hirugarrenekin dituzten gatazketan ere, baldin eta alderdiek adostasunez hala eskatzen badute.

k) Administrazio Publikoak agindutako funtzioak betetzea, eta harekin lankidetzan aritzea interes komunak lortzeko, eta, batez ere:

● Administrazio-organoetan parte hartzea, organo horien arauek hala aurreikusten dutenean, eta arau horietan ezarritako moduan.

● Eskumena duten organo eta erakundeek eskatzen dizkioten edo bere kabuz lantzen dituen txostenak ematea.

● Eskatzen zaizkion estatistikak egitea.

l) Intrusismo profesionala galarazteko neurriak hartzea.

m) Aurrekontuak onartu eta elkargokideek egin beharreko ekarpenak arautzea.

n) Ordezkariak izendatzea erizaintzako gai espezifikoei buruzko ezaguerak izatea eskatzen den epaimahaietarako, hala eskatzen bazaio.

● Arau deontologikoak prestatzea, barne-erregimenekoak, Elkargora sarbide elektronikoaren bidez iristeari buruzkoak, leihatila bakarrari buruzkoak eta kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzkoak.

p) Elkargokideen etengabeko prestakuntzarako ikastaroak antolatu, prestatu eta ematea, lanbiderako erabilgarriak direnak, unean-unean indarrean den hezkuntza-legeriak xedatutakoarekin bat etorriz.

q) Lanbidearen interesentzat onuragarriak diren eta Elkargoaren helburuak betetzera bideratuta dauden gainerako funtzioak.

r) Elkargokideen zerbitzuak kontsumitu eta baliatzen dituztenen interesak babesteko behar diren funtzioak.

s) Ikerketa-planen prestaketan parte hartzea eta erizaintzako lanbideari dagozkion ikastetxeak antolatzeko arauen gaineko txostenak egitea, haiekin etengabe harremanetan egotea eta titulatu berriei bizitza profesionalean sartzen laguntzeko beharrezko informazioa prestatzea.

t) Elkargokideek beren lanbidean egindako lanetatik eratortzen diren betebeharrak betetzean sor daitezkeen desadostasunak laudo bidez ebaztea, alderdi interesatuek eskatuta.

u) Elkargokideen etxebizitza-arazoak konpontzen laguntzea; horretarako, Etxebizitza Ministerioak lanbide bakoitzerako sortzen duen patronatu ofizialean parte hartuko du.

v) Lege orokorrak eta bereziak, Estatutuak eta barne-erregimeneko araudiak eta Elkargoko organoek beren eskumeneko gaien gainean hartzen dituzten arauak eta erabakiak betetzea eta elkargokideei betearaztea.

w) Elkargoko kideez eta beraiei ezarritako zehapen irmoez egindako informazio-eskariei erantzutea, bai eta Europar Batasuneko estatu kide bateko edozein agintari eskudunek legea betez egindako ikuskaritza- edo ikerkuntza-eskariei kasu egitea ere.

x) Urteko txosten bat egitea, Estatutu hauetan ezarritako moduan, eta Elkargoaren web-orriaren bidez argitaratuko da, urteko lehenengo seihilekoan.

y) Indarrean dagoen legeriak ematen dizkion gainerako funtzioak.

7. artikulua.– Eskuordetutako funtzioak.

1.– Berez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoarenak diren funtzioak betetzea, hala egiteko xedatzen badu Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez.

2.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko foru- edo toki-administrazioarenak diren funtzioak bete ahal izango ditu, baldin eta eskumena duten administrazio-organoek hala xedatzen badute ebazpen, akordio edo hitzarmen bidez. Hori guztia Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

3.– Eskuordetzeko xedapenean, hitzarmenean edo akordioan aurreikusi bezala beteko dira funtzio horiek.

8. artikulua.– Urteko memoria.

1.– Elkargoak urteko memoria bat egingo du, eta informazio hau jasoko da bertan:

a) Kudeaketa ekonomikoari buruzko urteko txostena, langile-gastuak behar bezain banakaturik dauzkana. Gobernu Batzordeko kideek beren kargua dela-eta jasotzen dituzten ordainsariak ere adierazi behar dira.

b) Kontzeptuka eta emandako zerbitzu-motaren arabera banakaturik aplikatu behar diren kuoten zenbatekoa, bai eta zenbateko hori kalkulatzeko eta aplikatzeko arauak ere.

c) Informazio erantsia eta estatistika-informazioa, instruitzen ari diren edo dagoeneko irmoak diren informazio- eta zehapen-prozedurei buruzkoa. Arau-haustea, izapidetzea eta ezarritako zehapena ere adierazi behar dira, datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez betiere.

d) Informazio erantsia eta estatistika-informazioa, kontsumitzaileek edo erabiltzaileek eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexei eta erreklamazioei buruzkoa. Haien izapidetzeari buruzkoa ere izan daiteke informazio hori, eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko izan dituzten arrazoiei buruzkoa, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez.

e) Kode deontologikoen edukian egindako aldaketak, halako koderik badago.

f) Gobernu Batzordeko kideek dituzten bateraezintasunei eta interes-gatazken egoerei buruzko arauak.

III. KAPITULUA
ELKARGOKIDEAK. ESKUBIDEAK, BETEBEHARRAK ETA DEBEKUAK.

9. artikulua.– Elkargoan sartzea.

Elkargoan sartzea nahitaezko eta bete beharreko baldintza izango da Erizaintzako Gradua edo Diplomatura edo Osasun Laguntzaile Teknikoko titulua izan eta legearen arabera ezarritako edozein erregimenetan lanbidean jardun nahi duenarentzat, laneko helbide bakar edo nagusia Elkargoaren lurralde-eremuaren barruan badago.

10. artikulua.– Elkargokide motak.

Elkargokideak jardunekoak, jardunean ez daudenak edo ohorezkoak izan daitezke. Jarduneko elkargokideak dira aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera Elkargoan sartu behar dutenak. Jardunean ez dauden elkargokideak dira, aurreko artikuluan adierazitako tituluren bat baduten arren, jardunean ez daudenak eta Elkargoan borondatez sartu nahi dutenak. Ohorezko elkargokideak izango dira, aurreko artikuluetan adierazitako baldintzak bete ez arren, izendapen hau jasotzen dutenak Batzar Nagusiaren erabakiz. Gobernu Batzordeak proposatuko du hori, eta pertsona horiek lanbidearen alde edo, oro har, Osasunaren alde egindako meritu edo zerbitzu garrantzitsuetan oinarrituko da ohorezko kide izendatzeko proposamena.

Elkargoan elkargokide erretiratu gisa egoteko edo sartzeko, hala eskatu beharko dute lanbidetik erretiratuta dauden elkargokideek. Horretarako, beharrezkoa izango da eskabidea egin baino gutxienez bost urte lehenagotik elkargokide izatea, edo hamar urte jarraian elkargokide izandakoak ere onartuko dira, baldin eta hamar urte horietatik bi, gutxienez, eskabidea egin aurreko urteak izan badira.

Aurreko paragrafoan aipatutakoak ezin izango dira izan ez hautesle ez hautagarri, eta ez dute botorik izango Batzar Nagusian. Elkargoaren zerbitzuak eskuratzeko eskubidea izango dute, baldin eta Batzar Nagusiak ezarritako kuota ordaintzen badute. Kuota hori elkargokide arruntek ordaintzen dutena baino txikiagoa izango da.

11. artikulua.– Elkargoan sartzeko espedientea.

1.– 9. artikuluan adierazitako egoeran daudenek, lanean hasi baino lehen, Elkargoan sartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute; Elkargoaren Gobernu Batzordeko lehendakariari zuzenduko zaio eskabidea.

2.– Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Jaiotze-agiria edo interesatuaren adina eta nortasuna egiaztatzen duen beste edozein agiri.

b) Lanbide-titulua edo, bestela, ikasketak amaitu dituela egiaztatzen duten agiri akademikoak, titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiri eta guzti.

c) Elkargoan sartzeko kuota ordaindu duela egiaztatzen duen agiria.

3.– Eskatzailea beste lurralde-eremuren bateko Elkargo batekoa izan bada, nahikoa izango da Elkargo horretako agiriak aurkeztea; alegia, elkargokide izan dela eta aldi horretan kuotak ordaindu dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztea. Haren espedientea Elkargo batetik bestera pasatuko da, eta Kontseilu Nagusiari horren berri emango zaio.

4.– Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatutako egoeran daudenek dagokion eskabidea egiten ez badute, 10 eguneko epea emango zaie hori egiteko; horrek ez du esan nahi beste erantzukizunik –diziplinazkoak barne– izango ez dutenik eta Elkargoan sartzera behartuko ez direnik.

Epe horretan egoera erregularizatzen ez badute, Elkargoan sartzeko espedienteari ofizioz emango zaio hasiera, eta espediente hori bukatuta erantzukizun-espedienteari emango zaio hasiera.

12. artikulua.– Espedienteak bideratzea.

Gobernu Batzordeak Elkargoan sartzea bidezkoa den ala ez ebatziko du; hogeita hamar egun izango ditu, gehienez, horretarako, espedientea bideratzea erabakitzen denetik kontatzen hasita, eta ebazpen horren berri idatziz eman beharko dio interesatuari.

Elkargoan sartzeko izapideak lehenbailehen egin daitezen beharrezko arauak ezarriko ditu Elkargoak barne-erregimeneko araudian. Aurretik adierazi diren baldintzak betetzen badira, eta desgaitasun-arrazoirik ez badago, Gobernu Batzordeak onartzea erabakiko du; ez onartzeko erabakia hartzen badu, berriz, horren berri emango du arrazoiak adieraziz, eta aurreko artikuluaren 2.c) idatz-zatian aipatzen den kuota lehenbailehen itzul dadin aginduko du.

Aurkeztu beharreko agirietan hutsuneren bat badago, 10 eguneko epea emango zaio interesatuari akats hori zuzentzeko.

Gobernu Batzordeak Elkargoan sartzeko espedienteetan ematen dituen ebazpenen aurka, Estatutu hauetan ezarritako errekurtsoei buruzko erregimen berezia erabiliko da.

13. artikulua.– Ohorezko elkargokide gisa sartzeko espedientea.

Elkargoaren Gobernu Batzordeak, Administrazioaren edozein organok, fundazioek, irabazi asmorik gabeko erakundeek edo elkargokideek –erroldaren % 5 osatzen badute– egin dezakete ohorezko elkargokide izateko proposamena. Gobernu Batzordeak, bere lehendakariaren bidez, Batzar Nagusiari proposamena egingo dio, eta berorrek izango du elkargokidea ohorezkoa egin ala ez erabakitzeko eskumena.

14. artikulua.– Elkargoan baja ematea.

Hona zein kasutan utziko zaion elkargokide izateari:

a) Interesatuak berak eskatuta, baldin eta elkargokide izatera behartuta ez badago Estatutu hauen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Kuotak behin eta berriro ez ordaintzeagatik, ordaintzeko eskatu ondoren eta dagokion zehapen-espedientea bideratu ondoren.

c) Estatutu hauetan adierazitakoarekin bat etorriz ezarritako zehapena edo epai judizial irmoa dagoenean, horrek lanbidean jarduteko desgaikuntza badakar.

d) Lanbidean jarduteko baldintzak ez betetzeagatik; kasu horretan, jarduna galarazten duen hori gertatzen den unetik aurrerakoa izango da baja.

15. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.

Honako eskubide hauek izango dituzte elkargokideek:

1.– Lanbidean askatasun osoz jardutea, esparru juridiko, deontologiko eta estatutarioaren barruan.

2.– Korporazioaren kudeaketan parte hartzeko eskubidea izango dute eta, beraz, eskariak egiteko, botoa emateko eta zuzendaritza karguetara heltzeko eskubideez baliatu ahal izango dira, Estatutuetan ezarritako prozeduren eta baldintzen arabera.

3.– Lanbidean behar bezala jarduteko beharrezko laguntza eta babesa lortzea Elkargoarengandik.

4.– Lanbidean dihardutela irainduak edo jazarriak izaten badira, Elkargoaren babesa izatea, eurek hala eskatzen diotenean.

5.– Elkargoaren ordezkaritza eta aholkularitza izatea, agintariei, auzitegiei, erakunde publiko edo pribatuei erreklamazioak aurkeztu behar dizkietenean edo jardunean daudela desadostasunak sortzen direnean.

6.– Elkargoan erakunde sozialak, asistentzialak, kulturalak eta zientifikoak badaude, erakunde horietako partaide izatea.

7.– Etengabeko prestakuntza jasotzea. Hala ere, Elkargoak emandako ikastaroetan, etengabeko prestakuntza jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da elkargokide izatea ikastaroa deitu baino gutxienez urtebete lehenagotik, elkargokide berrien kasuan izan ezik.

8.– Elkargoaren kontabilitate-liburuak eta aktak aztertzea –aurrez eskatuta–, eta eurengan eragina duten erabakien ziurtagiriak egiteko eskatzea.

9.– Batzar Nagusiari edo Gobernu Batzordeari beharrezko jotzen dituzten kexa, eskaera edo ekimenak adieraztea.

10.– Barne-erregimeneko araudiari jarraituz, Elkargoaren bulegoak erabiltzea.

11.– Kontseilu Nagusiari edo Autonomia Erkidegokoari egin behar dizkioten eskaera edo erreklamazioak Elkargoaren bidez izapidetzea –Elkargoak txostena egin beharko du nahitaez–.

12.– Kontzientzia-eragozpenerako eta lanbideko sekreturako eskubidea; mugak ordenamendu konstituzionalak eta Kode Deontologikoan jasota dauden lanbidearen arau etikoek ezarriko dituzte.

13.– Elkargoaren ikurrak eta laneko nortasun-agiria erabiltzea.

14.– Estatutu hauen ondorioz sortzen den beste edozein eskubide.

16. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.

Elkargokideek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Etika hutsaren bidez eta Estatutu hauetatik eta Kode Deontologikotik datorren espirituaren barruan jardutea lanbidean.

2.– Laneko jarduera bat etortzea Elkargoaren lege- eta estatutu-eskakizunekin, eta organo desberdinek hartutako erabakiei men egitea.

3.– Kuotak eta kargak, ohikoak eta bereziak, Elkargoak ezartzen duen moduan ordaintzea.

4.– Ematen dituzten zerbitzuen kalitatea eta lanbidearen irudi ona zainduko dute. Elkargoari jakinarazi egingo diote legearen aurkako instalazioak daudela, eta jardun onaren eta Kode Deontologikoaren aurka doazen jarduerak gertatu direla, baldin eta halakoen berri badute.

5.– Lan-jardunarekin lotutako publizitate-ekintza oro legeetan ezarritakoarekin bat etortzea.

6.– Elkargoak egiten dien lan-arloko edozein eskakizun betetzea, baldin eta justifikatuta badago.

7.– Elkargoko karguren bat betetzeko aukeratzen badituzte, kargu hori onartzea –justifikatutako arrazoirik izan ezean– eta karguan zintzo jardutea.

8.– Elkargoari honako hauen berri ematea, bakoitzaren espedientean jasota gera daitezen:

a) Lanbidearekin zerikusia duten zein kargu betetzen dituzten.

b) Berariaz lanbidearen arloan egiten dituzten jarduerak.

c) Laneko egoitza edo helbide aldaketak.

d) Lan-jarduerak betetzen dituzten kabinete edo kliniken helbideak.

9.– Elkargoan salatzea laneko intrusismoaren berri izaten dutenean, edo lanbidean legez kontra jardun dela jakiten dutenean –salatua Elkargokoa ez delako edo bere lanetik kendu edo lan horretarako desgaitu delako–.

10.– Txostena egitea edo euren iritzia ematea, Elkargoak, Justizia Epaitegiek edo eskumena duen beste edozein erakundek eskatzen dietenean.

11.– Laneko nortasun-agiria erakustea, legez hala eskatzen zaienean.

12.– Lanean aritzeak ekar ditzakeen erantzukizun zibileko arriskuak dagokion aseguruarekin estaltzea.

13.– Nahitaez lanean jardutea arrisku nabarmena dagoenean eta katastrofe edo hondamen publikoa gertatzen denean.

14.– Estatutu hauen aginduetatik, Kontseilu Nagusiaren baldintza partikularretatik eta indarrean dauden ildo etiko, deontologiko eta juridikoetatik erator daitekeen beste edozein betebehar; Estatutu hauetan jasoko den zehapen-erregimena aplikatuko zaie betebehar horiei.

17. artikulua.– Debekuak.

Elkargokideek, oro har, beren-beregi debekatuta izango dituzte legerian xedatutakoaren kontrako jarduera profesionalak. Zehatzago esanda, elkargokide orok debekatuta izango du:

a) Sendatzeko prozeduren eraginkortasun bermatua eskaintzea, edo pertsonen tratamendurako seguruak ez diren bitartekoak erabiltzea.

b) Diagnosi- eta terapia-elementuak aplikatzen direlako itxurak egitea.

c) Ezagutza, teknika, emaitza edo dohain bereziei buruzko adierazpenak egitea edo horien inguruko berriak zabaltzea –edozein eratan–, baldin eta horrek beste profesional batzuen jarduerarekiko konparazioak egitea badakar.

d) Jarduera dikotomikoak egitea.

e) Bezeroak kontsulta publikoetatik kontsulta partikularretara –norberarenak edo besterenak– desbideratzea.

f) Behar den titulua edo titulu homologatua izan gabe, edo Elkargoko kide izan gabe, erizaintzan dihardutenak babestea edo horri buruz ezer ez esatea.

g) Erizaintzako edozein kontsultorio, kabinete, klinika edo zentro asistentzialetan jardutea –bere jabetzakoa izan ala ez–, toki horretan beste pertsona batzuek legearen kontra jarduten dutela jakinda –nahiz eta jarduera horiek bere aurrean edo bere lan-orduetan ez egin–.

h) Beren laneko instalazioak beste batzuei erabiltzen uztea, beste horiek, nahiz eta lanbidean jarduteko behar besteko titulazioa izan, ez badaude Elkargoren batean sartuta.

i) Bere izena uztea kontsultorio, kabinete, klinika edo zentro asistentzial batean osasun-arduradun edo erizaintzako aholkulari gisa ager dadin, toki hori berak zuzentzen ez badu edo zuzenean laguntzen edo aholkatzen ez badu, indarrean dauden legeek edo Estatutu hauek xedatutakoa ez bada betetzen, edo arau deontologikoak hausten badira.

j) Osasunarekin lotutako etxe komertzialek eskainitako ordainsariak onartzea, komisio moduan, propaganda edo bezero-hornikuntza dela-eta, edo eskatutako aholkularitza zientifikoarekin zerikusirik ez duen eta indarrean dauden arauen araberakoa ez den edozein arrazoi dela medio.

k) Erizaintzan jardutea baldin eta argi badago asaldura fisiko eta psikikoak dituela edo toxikomania baten menpe dagoela (azterketa mediko baten bitartez egiaztatzeko modukoa denean) eta horrek lanbidean jardutea eragozten diola.

l) Indarrean dagoen legeria, Estatutu hauetan ezarritako arauak eta Kode Deontologikoa urratzen duten zerbitzuak ematen direla publizitatearen bidez iragartzea edo zabaltzea.

m) Edozein komunikabide erabiliz adierazpen publikoak egitea, baldin eta adierazpen horiek biztanleriarentzat arrisku bat badira, edo Elkargoarentzat, haren gobernu-organoentzat edo kideentzat izen-galtzea ekar badezake.

n) Bidegabeko lehian aritzea.

IV. KAPITULUA
LANBIDE-SOZIETATEAK

18. artikulua.– Lanbide-sozietateen araubidea.

Erizaintzako lanbidean jardutea –bakarrik edo bateraezina ez den beste lanbide batekin batera– helburutzat duten lanbide-sozietateak Elkargoan sartuko dira nahitaez, Estatutu hauen 9. artikuluan ezartzen den moduan, baldin eta sozietatearen egoitza Elkargo honen lurralde-eremuan badago, hartara eragotzi gabe sozietateko kideek Elkargoan sartzeko duten betebeharra, hori aparteko betebehar bat baita.

Lanbide-sozietateek Elkargoan parte hartzeko eskubidea daukate: ahotsa izango dute baina ez dute botorik izango Batzar Nagusiaren kide gisa.

Sozietate hauek ez dute sufragio aktiboko eta pasiboko eskubiderik, hartara eragotzi gabe Elkargoan inskribatutako profesionalei dagozkien eskubideak.

Sozietate hauei Estatutu hauetan eta lanbide-jarduera arautzen duen gainerako araudian ezarritakoa aplikatuko zaie, jarduerari, eskubideei, betebeharrei, debekuei, erregimen deontologikoari eta diziplina-erregimenari dagokienez. Nolanahi ere, sozietateko profesionalek diziplina-erantzukizuna izango dute, zeina konkurrentea izango baita lanbide-sozietatearen erantzukizunarekin.

19. artikulua.– Lanbide-sozietateen inskripzioa.

1.– Dagokion alorreko indarreko legeriaren babespean eratzen diren lanbide-sozietateek nahitaez sartuko beharko dute Elkargoan, eta erregistro espezifikoan inskribatuz sartuko dira –publikoa izango da hori–.

2.– Honako datu hauek sartuko dira erregistroan:

a) Sozietatearen izena edo helbidea.

b) Eraketa-eskrituraren eta notarioaren identifikazio-oharra eta data; sozietatearen iraupena, epealdi zehatz baterako eratuz gero.

c) Sozietatearen helburu diren jarduera profesionalak.

d) Bazkide profesionalen eta ez-profesionalen identifikazioa, eta lehenengoei dagokienez kolegiatu kopurua eta zein elkargo profesionaletako kide den.

e) Sozietatearen administrazio eta ordezkaritzaren ardura duten pertsonen datuak, bazkide profesionalak diren ala ez adierazita.

3.– Sozietateko kideei dagokienez edo sozietatearen administrazioan edozein aldaketa izanez gero eta Estatutuetan aldaketarik izanez gero, Elkargoari jakinarazi beharko zaio, erregistroan inskribatzeko.

4.– Dagokion eskabidea aurkeztu ondoren, behar den espedientea bideratuko da, eta Estatutu hauen 11. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz izapidetuko da.

V. KAPITULUA
KANPO HARREMANAK ETA ELARGOKIDEEKIKO HARREMANAK

20. artikulua.– Lanbide bereko beste elkargo batzuekiko harremanak.

Akordioen bidez ezarriko dira Elkargoaren eta lanbide bereko Arabako Lurralde Historikotik kanpoko beste erakunde batzuekiko harremanak.

21. artikulua.– Administrazio publikoarekiko harremanak.

Elkargoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) administrazioaren arteko harremanak osasun arloan eskumena duen sailaren bitartez bideratuko dira lanbidearen edukiari dagozkion arloetan, eta elkargo profesionalen alorrean eskumena duen sailaren bitartez, berriz, orokorrean gai profesionalei, instituzionalei eta korporatiboei dagozkien arloetan.

Elkargoaren eta estatuko administrazio zentralaren arteko harremanak Espainiako Erizainen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren bidez bideratuko dira.

22. artikulua.– Herritarrei eta elkargokideei arreta eskaintzeko zerbitzua.

1.– Elkargoak elkargokideei arreta eskaintzeko zerbitzu bat izango du, Elkargoan sartzeko, elkargokide gisa jarduteko eta Elkargoan baja emateko egin beharreko izapideak egin ahal izateko.

2.– Era berean, elkargokideen lanbide-zerbitzuak kontratatzen dituzten herritarrek Elkargoaren edo elkargokideen jarduna dela-eta aurkezten dituzten kexak eta erreklamazioak izapidetu eta ebazteko zerbitzu bat izango du, bai eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eta antolakundeek beren ordez edo beren interesen alde aurkeztutakoak ere.

23. artikulua.– Leihatila bakarra.

1.– Elkargoak web-orria izango du, leihatila bakarren bitartez profesionalek zein herritarrek aurreko artikuluan adierazitako izapide guztiak egiteko aukera izan dezaten.

2.– Profesionalek honako hauek egin ahal izango dituzte berariaz bertan:

a) Beren lanbidean hasteko eta horretan jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak eskuratzea.

b) Beharrezko dokumentazioa eta eskariak aurkeztea, elkargokide egiteari buruzkoa barne.

c) Alderdi interesatutzat jotzen den prozeduren izapidetzea zer egoeratan dagoen jakitea, derrigorrezko izapide-egintzen berri jasotzea eta Elkargoak egintza horien gainean emandako ebazpenaren berri ere jasotzea.

d) Elkargokideei ohiko eta ezohiko biltzar nagusietako bilkuretara joateko dei egitea eta Elkargoaren jardun publikoaren nahiz pribatuaren berri ematea.

3.– Berariaz herritarrentzat honako hauek eskainiko dira:

a) Elkargokideen erregistrora sartzeko aukera. Erregistroa etengabe eguneratuko da, eta, bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira: Elkargoko profesionalen izen-deiturak, elkargokide-zenbakia, dituzten titulu ofizialak, lanbide-helbidea eta lanbide-gaikuntzaren egoera.

b) Lanbide-sozietateen erregistroa erabiltzeko bidea ematea, Estatutu hauen 18. artikuluan jasotako edukia izango duena.

c) Erreklamazio-bideak eta errekurtsoak, elkargokide batekin edo Elkargoarekin gatazkarik gertatuz gero aurkez daitezkeenak.

d) Lanbide-zerbitzuen jasotzaileek laguntza jasotzeko jo dezaketen kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeei buruzko datuak.

e) Kode deontologikoen edukia.

24. artikulua.– Erregistro elektronikoa.

Erregistro elektronikora Elkargo honen egoitza elektronikoaren bidez sartu ahal izango da –aurreko artikuluan adierazitako guztia egin ahal izateko–; hona hemen helbidea: http://www.enfermerialava.org

Erregistro elektronikoaren bidez, honako hauek egin ahal izango dira:

a) Urteko egun guztietako hogeita lau orduetan eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea. Nolanahi ere, kontuan izan beharko da ofizialki ezarritako egun baliogabeen egutegia.

b) Zerbitzu hori borondatez erabiltzekoa izango da.

c) Erregistro elektronikoan dokumentuak aurkezten dituztenen identifikazioa eta aurkeztutako datuen eta dokumentuen sinadura nortasun agiri nazional elektronikoa erabiliz egingo da, edo, bestela, Estatuko administrazio orokorrak onartutako ziurtagiri elektronikoen bidez.

VI. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOAK

25. artikulua.– Gobernu-organoak.

Batzar Nagusiak, Gobernu Batzordeak, batzordearen kide bakarreko organoek eta batzordeek gobernatuko dute Elkargoa.

LEHENENGO SEKZIOA
BATZAR OROKORRA

26. artikulua.– Eskumenak.

Batzar Nagusia Elkargoaren organo gorena da, eta beraz, Legearen arabera eman zaizkion funtzio guztien titularra da. Honako hauek dira beteko dituen funtzioak:

a) Estatutuak onartzea eta aldatzea. Aldatzeko, nahikoa izango da elkargokide guztien % 5ek eskatzea, eta onartzeko, akordioen prozedura orokorra erabiliko da.

b) Ohiko eta ezohiko aurrekontuak eta urteko kontuak onartzea.

c) Gobernu Batzordeko kideek eta eratzen diren Batzordeetako kideek jasoko dituzten kontraprestazioak zehaztea.

d) Zentsura-mozioak erabakitzea.

e) Emango diren dominen, sarien, golardoen eta bestelako ohoreen erregimena ezartzea.

f) Gobernu Batzordeko kideen aurka diziplina-ahalmena erabiltzea.

g) Elkargoaren desagertzea, elkartzea edo subrogazioa, baita desegite-erregimena ere, erabakitzea.

27. artikulua.– Gutxieneko bilerak.

Ohiko Batzar Nagusia urtean bitan egingo da. Lehenengo bilera ekitaldi ekonomikoa amaitu eta bigarren hilabetearen barruan egingo da; hain zuzen ere, kontuen balantzea eta gastuen eta diru-sarreren aurrekontua onartzeko. Bigarren bilera, berriz, lehenengoa egin eta sei hilabetera egingo da, eta egindako kudeaketaren berri emango da.

28. artikulua.– Deialdia.

1.– Ohiko edo Ezohizko Batzar Nagusien deialdia Gobernu Batzordeak baieztatuko du erabaki baten bitartez, eta bertan batzarra egingo den lekua, eguna, ordua –lehen eta bigarren deialdiak– eta aztertuko diren gaien zerrenda adieraziko dira; hamar egun aurretik jakinaraziko zaie hori elkargokide guztiei idazki baten bitartez, Estatutu hauen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Batzar Nagusirako deia egin beharko da baita ere elkargokideen gutxienez % 10ek hala eskatzen duenean.

3.– Eskaera aurkeztu eta hurrengo hamar egunen barruan egin beharko da Ezohizko Batzar Nagusi horretarako deialdia.

29. artikulua.– Eratzea.

Batzar Nagusia, Ohikoa zein Ezohizkoa, behar bezala eratuko da lehenengo deialdian elkargokideen erdia eta bat gehiago agertzen bada; bigarren deialdian, berriz, zeinahi dela ere agertzen den elkargokide kopurua eratuko da –bigarren deialdia, lehenengoa baino hogeita hamar minutu geroago izango da–.

Batzar Nagusiko lehendakaria eta idazkaria Elkargoaren Gobernu Batzordeko berberak izango dira.

30. artikulua.– Batzar Nagusiaren garapena.

Lehendakariak ireki eta itxiko du batzarra, eta moderatzaile-lanak egingo ditu. Egiteko hori edozein elkargokideren esku utz dezake.

Erabakiak isilpeko botazioaren bidez hartuko dira, Batzarrera joaten diren elkargokideen % 10ek hala eskatzen badu. Bertaratuen gehiengoari jarraituz hartuko dira erabakiak, eta gai-zerrendan ageri ez den erabakirik ezingo da hartu.

31. artikulua.– Zentsura-mozioa.

Estatutu hauen 28. artikuluko bigarren paragrafoan Ezohizko Batzar Nagusia deitzeko ezarritako baldintzak betetzen badira, gai-zerrendan zentsura-mozioa sartzea eskatu ahal izango da; Gobernu Batzordeko kideei edo Gobernu Batzordeari berari jarriko zaion zentsura-mozioa izango da, eta arrazoiak argi eta garbi adierazi beharko dira.

Gobernu Batzordeak hurrengo Batzar Nagusiaren gai-zerrendan sartu beharko du zentsura-mozioa, eta, gehienez ere, hilabeteko epea izango du horretarako. Zentsura-mozioa onartzen bada, zentsuratutako kideek, edo, behar izanez gero, batzorde osoak kargua utzi beharko dute. Berehala kargu berriak aukeratzeko deia egin beharko da, eta bien bitartean Batzar Nagusian bertan aukeratutako bost kidez osatutako Gobernu Batzorde Kudeatzailea izendatuko da.

Edonola ere, zentsura-mozio batek aurrera egin dezan, beharrezkoa izango da Batzar Nagusira elkargokideen % 20 agertzea eta agertu direnen bi herenak aldeko botoa ematea. Zentsura-mozioa aurkezteko, Ezohizko Batzar Nagusia deitzeko eskaera egin beharko da, batzar horiek deitzeko eta egiteko ezarrita dauden baldintzak betez.

BIGARREN SEKZIOA
GOBERNU BATZORDEA

32. artikulua.– Egitura.

Gobernu Batzordea Elkargoaren organo exekutiboa eta ordezkaritza-organoa da, eta Osoko Bilkura batek eta Batzorde Iraunkor batek osatuko dute.

33. artikulua.– Osoko Bilkura.

Osoko Bilkura lehendakariak, lehendakariordeak, bost bokalek, diruzainak eta idazkariak osatuko dute.

Batzordeko lehendakaria eta lehendakariordea Elkargoko berberak izango dira.

Bokalek, dauden hurrenkeran, lehendakariordea, diruzaina eta idazkaria ordezkatuko dituzte, ez daudenean, gaixorik daudenean edo lanpostua hutsik dagoenean.

34. artikulua.– Funtzioak.

Gobernu Batzordearen funtzioak honako hauek izango dira:

a) Batzar Nagusian hartutako erabakiak betearaztea.

b) Elkargoa zuzentzea eta administratzea organizazioaren mesedetan.

c) Organizazioaren interesen ohiko kudeaketa.

d) Elkargoa ordezkatzea Justizia Auzitegien eta Administrazio Publikoaren aurrean, egiteko hori legez lehendakariarena denean izan ezik.

e) Elkargoaren funtzioak hobeto betetzeko beharrezkoak diren zerbitzuak ezartzea eta antolatzea.

f) Elkargokide berriak onartzea edo ez onartzea.

g) Zehapenak ezartzea, Estatutu hauek agindutakoaren arabera.

h) Elkargoaren funtsak biltzea eta administratzea.

i) Urteko aurrekontuak idaztea eta kontuak ematea; biak aurkeztu beharko dira Batzar Nagusian.

j) Gobernu Batzordean sortutako hutsuneak betetzeko hauteskundeak deitzea; Kontseilu Nagusiari horren berri eman beharko zaio.

k) Ikerketa-bekak eta -sariak emateko oinarriak ezartzea.

l) Etengabeko prestakuntzako gelen edo ikastaroen sorrera onartzea.

m) Bere funtzioak hobeto betetzeko beharrezkoak diren zerbitzuak ezartzea eta antolatzea.

n) Elkargoak hobeto funtziona dezan beharrezkotzat jotzen diren aholkularitzak eta langileak izendatu eta kontratatzea.

ñ) Barne funtzionamenduko arauak onartzea, eta funtzioak betetzeko egokitzat jotzen diren batzordeak edo beste organo batzuk ezartzea.

35. artikulua.– Hauteskunde-erregimena.

Gobernu Batzordeko kide elkargokide oro izan ahalko da, baldin eta Estatutu hauen 40. artikuluan adierazten den egoeraren batean ez badago.

36. artikulua.– Botoa ematea.

Gobernu Batzordea elkargokideen zuzeneko eta isilpeko bozketa bidez hautatuko da. Botoa aurrez aurre eman ezin dutenek posta ziurtatu bidez eman ahal izango dute.

37. artikulua.– Prozesuaren garapena.

1.– Hautatu beharreko karguak zenbat, hainbeste hautagai izan beharko dira hautagai-zerrendetan, eta, gainera, bi ordezko.

2.– Hauteskundeetarako deialdia Gobernu Batzordeak egin beharko du, eta bertan honako hauek adierazi beharko ditu: hauteskundeak egingo diren eguna edo egunak –aurkeztutako hautagai-zerrendak hurrengo paragrafoan adierazi bezala argitaratzen direnetik aurrera, hogeita hamar egun natural igaro beharko dira, gutxienez, hauteskundeak egiteko–; bozketari hasiera eta amaiera emateko orduak; eta hautaketara aurkezten diren batzordeko karguen zerrenda.

3.– Hautagai-zerrendak aurkezteko zortzi egun natural emango dira, deialdia egiten den egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, Gobernu Batzordeak aurkeztutako hautagaien zerrenda argitaratuko du, eta bakoitzak bete nahi duen kargua zein den adieraziko du hurrengo hiru egun baliodunetan. Gobernu Batzordeak, hautagaien izenak argitaratzen dituenean, Elkargoaren errolda ere argitaratu beharko du. Errolda hori Elkargoaren egoitzan –edo egoitzetan– egongo da ikusgai hamar egun naturalean, interesatuek kontsulta dezaten. Epe horretan erreklamazioak aurkez daitezke egon daitezkeen hutsak zuzentzeko. Behin hutsegiteak zuzenduta –bost egun baliodun egongo dira gehienez horretarako–, behin betiko errolda argitaratuko da –aurrekoa argitaratu zen moduan–. Errolda horren ale bat emango zaio hautagai-zerrenda bakoitzari, eta hauteskundeak egiteko balioa izango duen errolda bakarra hori izango da.

4.– Bete beharreko postu bakoitzerako hautagai-zerrenda edo hautagai bakarra badago, zuzenean artikulu honen 19. paragrafoan adierazten den izendapena egingo da.

5.– Deialdian adierazitako egunean eta orduan, Elkargoaren egoitzan edo horretarako aukeratutako tokian –deialdian zehaztuko da hori–, hauteskunde-mahaia osatuko da. Gobernu Batzordeko kargu batek lehendakari-lanak egingo ditu bi ikuskatzaileren laguntzarekin; bi ikuskatzaile horiek mahaia osatzerakoan bertan aurkitzen diren elkargokide zaharrena eta gazteena izango dira; horietatik bigarrenak idazkari-lanak egingo ditu.

6.– Hautagaiek, bestalde, hautaketa-prozesuan ordezkatuko dituen ikuskatzaile bat izendatu ahal izango dute. Ordezkari horren izena hauteskundeak egin baino bost egun natural lehenago jakinarazi beharko zaio, gutxienez, Gobernu Batzordeari.

7.– Hauteskunde-mahaian bi hautestontzi egon beharko dira; lehenengoa hauteslekuan bertan ematen diren botoetarako erabiliko da, eta bigarrena, berriz, posta bidez ematen diren botoetarako.

8.– Hautestontzi bakoitzaren kanpoaldean garbi adierazi beharko da zertarako den bakoitza –goian adierazi bezala–.

9.– Hautestontziek itxita egon behar dute; botoak uzteko zirrikitua bakarrik izango dute.

10.– Behin hauteskunde-mahaia osatuta, lehendakariak, deialdian adierazitako orduan, bozketari hasiera emango zaiola adieraziko du; halaber, deialdian adierazitako orduan amaituko da bozketa. Era berean, bozketaren amaiera ere jakinaraziko du, boto-kontaketa hasi aurretik.

11.– Boto-txartelak zuriak izango dira, guztiak tamaina berekoak. Batzordeak hautagai-zerrenda guztietarako formatu bakarra proposa dezake; eta txartelaren alde batean, hautatuko diren karguak zeintzuk diren adierazi beharko da hurrenkeran. Hautagai-zerrendek, beharrezko jotzen badute, Elkargoari honako hau eska diezaiokete: boto-txartelak hautagaien izenarekin inprimatzea, bakoitzak bete nahi duen kargua adierazita. Kasu horretan, hautagai-zerrenda bakoitzak ordaindu beharko du argitaratze-kostua.

12.– Hauteskundeak egingo diren egoitzan boto-txartel nahikoa egon beharko da, eta hautagaien izen eta guzti inprimatu badira, behar bezala banatuta egon beharko dira pila desberdinetan.

13.– Botoa ematera joaten diren hautesleek elkargokideak direla –Elkargoan alta emanda daudela– egiaztatu beharko dute hauteskunde-mahaian. Mahaiak hauteskundeetarako egin den erroldan sartuta daudela egiaztatuko du; boto-emailearen izen-abizenak ozen esango ditu botoa ematen duela adieraziz, eta tolestutako txartela dagokion hautestontzian sartuko du.

14.– Posta bidez bozkatu nahi dutenek Gobernu Batzordeari eskatu beharko diote, bozketarako adierazitako data baino gutxienez 10 egun lehenago.

15.– Posta bidezko botoak goian adierazitako ezaugarriak dituzten boto-txartelen bidez eman beharko dira; ez dira sinatuko, eta bertan karguak eta kargu bakoitzerako aukeratzen diren hautagaien izenak agertuko dira. Boto-txartela kartazal zuri batean sartuko da tolestuta, eta kartazal hori itxi eta beste kartazal zuri batean sartuko da; kartazal horren aurrealdean «Hauteskundeak» jarriko du, eta atzealdean, berriz, boto-emailearen izen-abizenak eta sinadura.

16.– Posta bidezko botoak Elkargoaren idazkariari zuzenduko zaizkio, eta bera izango da horien erantzule hauteskundeak hasi bitartean; momentu horretan, jasotako botoak hauteskunde-mahaiari emango dizkio, eta mahaiak dagokion hautestontzian sartuko ditu. Hauteskunde-mahaiak bozketa itxi bitartean jasotzen diren posta bidezko botoak onartuko ditu, hautestontziak ireki eta zenbaketari ekin aurretik. Adierazitako ezaugarriak betetzen ez dituzten edo erabat irekita agertzen diren posta bidezko botoak baliogabetzat joko dira beti.

17.– Behin hauteskunde-mahaiak bozketa amaitu dela adierazten duenean, hautestontziak irekitzeari ekingo zaio; jendaurrean egingo da hori, ekitaldi bakar batean. Hona hemen zein hurrenkeratan egingo den: lehenik, posta bidezko botoen hautestontzia irekiko da, eta boto-emailea elkargokidea den eta hauteskunde-erroldan inskribaturik dagoen egiaztatuko da; hala bada, hautestontzi berean sartuko da boto-txartela. Behin hori eginda, boto-txartelak gordetzen dituzten kartazalak irekitzeari ekingo zaio, eta txartel bakoitzean aukeratu diren hautagaiak zeintzuk diren ozenki esango da, zenbatu ahal izateko. Posta bidezko botoen irakurketa eta zenbaketa amaitu ostean, botoa ematera aurkeztu diren elkargokideen hautestontzia irekiko da; mahaiak txartel bakoitzean ageri diren hautagaien izenak esango ditu, eta zenbatu egingo dira.

18.– Baliogabetzat joko dira honako boto hauek: sinatuta edo karrakatuta daudenak, bozketaren edukiarekin zerikusirik ez duten adierazpenak dituztenak, kargu bererako hautagai bat baino gehiago adierazten dituztenak edo hautaketan parte hartzen ez duten hautagaien izenak adierazten dituztenak; horretaz gain, posta bidezko botoen kasuan ezarritakoa ere baliogabetzeko arrazoia izango da. Hautagai-kopuruari dagokionez osorik bete ez diren txartelak ezingo dira baliogabetzat jo, baldin eta baliogarriak izateko baldintza guztiak betetzen badituzte.

19.– Zenbaketa amaitu ondoren, kargu bakoitzerako boto gehien lortu duten hautagaien izenak jendaurrean esango dira, eta emandako botoen, boto zurien eta boto baliogabeen kopurua zein den adieraziko da. Jarraian, hautatuak izan direnak izendatuko dira.

20.– Hutsik dauden kargu guztietarako edo karguren baterako hautagairik ez balego, Elkargoan antzinatasunik handiena duten elkargokideek beteko dituzte kargu horiek. Irizpide berbera erabiliko da boto-kopuru bera lortu dutenen arteko berdinketak erabakitzeko.

38. artikulua.– Iraupena.

1.– Zuzendaritza-karguen izendapenak sei urterako izango dira, eta hautagai gisa aurkezten diren beste alditan aukeratu ahal izango dira berriro, baldin eta bozketetan hautatzen badituzte.

2.– Edozein arrazoi dela-eta Gobernu Batzordearen karguren bat hutsik geratuko balitz, hautagai-zerrendan azaltzen diren ordezkoekin beteko da. Ordezkorik ez balego, ez da behin-behineko izendapenik egingo, eta berehala dagozkion hauteskundeetarako deialdia egin ahal izango da; hala ere, haien agintaldia artikulu honen aurreko puntuaren arabera betetzeko gelditzen den denborarako baino ez da izango.

39. artikulua.– Funtzionamendu erregimena.

Gobernu Batzordearen Osoko Bilkura hilean behin bilduko da; hala ere, garrantzi handiko aztergaiak daudenean, maizago bildu ahal izango da. Osoko Bilkurarako deialdiak idazkariak egingo ditu lehendakariaren aginduz; bilera egin baino gutxienez hiru egun lehenago egin beharko da deialdia. Idatziz egingo dira, eta bide telematikoz egin ahal izango dira. Deialdiarekin batera, dagokion gai-zerrenda bidaliko da. Ez da gai-zerrendan ez dagoen gairik aztertuko, nola eta bilkuran buru gisa jarduten duenak benetako presa duen gairen bat aztertu nahi ez duen, edo kide guztiak bertan egonda zerbait aztertzea aho batez onartzen den.

Erabakiak bertaratuen botoen gehiengoz hartuko dira, eta lehenengo deialdian osoko bilkura osatzen dutenen gehiengoa bildu beharko da. Bigarren deialdian hartutako erabakiak baliodunak izango dira, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere. Lehendakariak kalitatezko botoa izango du.

Osoko Bilkura kideen gutxienez % 20k eskatzen duenean ere bildu ahal izango da.

40. artikulua.– Debekuak.

Honako hauek ezingo dute Gobernu Batzordeko kide izan:

a) Elkargoaren interesen kontrakoak dituzten erakunde edo korporazioetan erantzukizunezko karguren bat betetzeagatik bateraezintasuna dutenek. Debekatzeko arrazoi hori interpretatzeko, bertan adierazten ez denerako, Bateraezintasunen Legera joko da.

b) Epai irmo bidez kondenatu diren elkargokideak, kondenak irauten duen bitartean, baldin eta kondena horrek kargu publikoak betetzeko edo lanbidean aritzeko desgaitzen baditu.

c) Hutsegite larria edo oso larria egiteagatik diziplina-zehapena ezarri zaien elkargokideek, zehapena ezereztu ez bada.

41. artikulua.– Gobernu Batzordea osatzen dutenek kargua uztea.

Gobernu Batzordeko kideek honako arrazoi hauek direla-eta utziko diote batzordekide izateari:

a) Epe baterako aukeratuak edo izendatuak izan zirela kontuan izanda, epe hori amaitzea.

b) Kargua betetzen duenak bidezko arrazoia dela-eta karguari uko egitea.

c) Sei hilabetean hiru bileretara edo elkarren segidako sei bileretara ez joatea, justifikatu gabe.

d) Epai irmo baten bidez kargu publikoetarako edo lanbidean jarduteko desgaituak izatea.

e) Diziplina-zehapena ezartzea, salbu eta hutsegite arinengatik ezarritakoa bada.

f) Zentsura-mozioa onartzea, Estatutu hauek ezarritakoaren arabera.

42. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren osaera.

Elkargoaren Batzorde Iraunkorra honako hauek osatuko dute: lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak eta diruzainak.

43. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren eskumenak.

Batzorde Iraunkorrak Gobernu Batzordeak bere egitekoak azkartzeko eskuordetzen dizkion eskumenak izango ditu.

44. artikulua.– Funtzionamendu erregimena.

Batzorde Iraunkorra bilduko da gai kopuruak edo gaien garrantziak hala eskatzen duenean. Batzorde Iraunkorrak berrogeita zortzi ordu lehenago, idatziz eta dagokion gai-zerrenda aurkeztuz egingo du deialdia. Deialdia eta gai-zerrenda bide telematikoz bidali ahal izango dira. Gai-zerrendan ez dagoen gairik ezingo da eztabaidatu, nola eta batzordeak oso presako edo oso garrantzizko gaitzat jotzen ez duen.

HIRUGARREN SEKZIOA
KIDE BAKARREKO ORGANOAK

45. artikulua.– Lehendakaria.

Lehendakariak Elkargoa ordezkatuko du era guztietako agintari eta erakundeen aurrean, eta Arabako Lurralde Historikoaren barruan Elkargoaren araudietan emandako aginduak eta agintarien, Kontseilu Nagusiaren, Autonomia Erkidegoko Kontseiluaren eta Gobernu Batzordearen erabaki eta xedapenak bete daitezen ahaleginduko da.

Honako egiteko hauek ere izango ditu lehendakariak:

1.– Batzar nagusietan, ohiko eta ezohikoetan, buru izatea.

2.– Bilkurak ireki, zuzendu eta amaitzea.

3.– Agintariei, korporazioei eta partikularrei zuzendu nahi zaizkien txostenak eta komunikatuak baimentzea.

4.– Bankuko kontu korronteak irekitzeko, ezarpenak egiteko eta diru-zenbatekoak atera ahal izateko taloiak edo txekeak egiteko baimena ematea, diruzainarekin batera.

5.– Elkargoaren idazkariak ematen dituen ziurtagiri guztiak ikus-onestea.

6.– Ordainketak, ordainketa-aginduak eta kontabilitateko liburuak onartzea, diruzainarekin batera.

7.– Mota guztietako kontratuak izenpetzea.

8.– Premia dela-eta, ebazpenak ematea, nahiz eta gaiari begira Batzar Nagusian edo Gobernu Batzordean hartu beharreko ebazpenak izan; dena dela, haien hurrengo bileran berretsi egin beharko dira ebazpen horiek.

46. artikulua.– Lehendakariordea.

Lehendakariordeak lehendakariak ematen dizkion zereginak beteko ditu, eta lehendakariaren zereginak ere hartuko ditu, baldin eta hura ez badago, gaixorik badago, abstenitu bada, errefusatu egin badute edo lehendakaritza hutsik badago.

47. artikulua.– Idazkaria.

Honako funtzio hauek beteko ditu idazkariak:

1.– Elkargoaren ekintza guztietarako zitazio-ofizioak idaztea eta zuzentzea, lehendakariarengandik jasotzen dituen aginduei jarraituz eta behar besteko aurrerapenarekin.

2.– Batzar Nagusietako aktak eta Gobernu Batzordeak eta Batzorde Iraunkorrak egiten dituzten bileretako aktak idaztea.

3.– Zerbitzu hobea eta antolatuagoa eskaintzeko beharrezkoak diren liburu eta artxiboez arduratzea; behar-beharrezkoa izango da elkargokideei egindako zuzenketak jasotzen dituena, bai eta tituluak erregistratzeko liburua ere, elkargokideena eta lanbide-sozietateena.

4.– Elkargora iristen diren eskaera eta komunikatu guztiak jasotzea eta horien berri lehendakariari ematea.

5.– Eskatzen diren ziurtagiriak egitea.

6.– Bulegoak antolatzea eta zuzentzea, eta Batzorde Iraunkorrarekin bat etorrita, bisitak jasotzeko eta idazkari-lanak egiteko ordutegia zehaztea.

7.– Lan-poltsaren erregistro-liburuaz arduratzea.

8.– Langileen buru izatea.

9.– Ekitaldiaren amaieran urteko memoria idaztea.

10.– Bere zuzendaritzapean eta erantzukizunpean izaera pertsonaleko fitxategien ardura eramatea, eta ondo erabiltzen direla zaintzea, bertan jasotako datuak babestuz.

48. artikulua.– Diruzaina.

Diruzainaren betebeharra izango da:

1.– Elkargoaren funtsak batzea eta zaintzea.

2.– Lehendakariak agindutako ordainketak egitea.

3.– Hilero aurreko hilabeteko diru-sarreren edo gastuen kontua egitea, eta amaitu den ekitaldi ekonomikoarena ere bai.

4.– Gobernu Batzordeak Batzar Nagusian onartzeko aurkeztu behar dituen urteko aurrekontuak idaztea.

5.– Bankuko kontuetara dirua sartzea eta kontu horietatik dirua ateratzea, lehendakariarekin eta lehendakariordearekin batera.

6.– Elkargoaren ondasunen inbentario zehatza egiteaz arduratzea –ondasun horien administratzailea bera izango da–.

49. artikulua.– Ordezkapenak egiteko erregimena.

Lehendakaria, idazkaria eta diruzaina lehen, bigarren eta hirugarren bokalek ordezkatuko dituzte, zeinahi arrazoi dela medio, lanean ez daudenean.

50. artikulua.– Batzorde eskuordetuak.

Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzordeak batzorde eskuordetuak sor ditzakete gai espezifikoetarako; batzorde horiek sortzerakoan, izango dituzten egitekoak eta funtzionamendu-erregimena ezarriko dira.

VII. KAPITULUA
DIZIPLINA ERREGIMENA

51. artikulua.– Arau-hausteen sailkapena.

1.– Kapitulu honetan adieraziko da lanbidearen jardunak izango duen diziplina-erregimena.

2.– Lanbidean jardutean egin daitezkeen arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

52. artikulua.– Arau-hauste profesionalak.

1.– Arau-hauste oso larritzat joko dira honako hauek:

a) Lanbidean jardutea Estatutu hauen 11.2.b) artikuluan adierazten den tituluaren jabe izan gabe.

b) Betebehar profesionalak ez betetzea, horrek jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kalte larria eragiten badie.

c) Lanbideko sekretua urratzea.

d) Lanbidean aritzea, lanbidean jarduteko desgaituta egonda edo desgaikuntza- edo debeku-kausaren bat izanda.

e) Lanbidean jardutean dolozko delituak egitea, zeinahi delarik ere parte-hartze maila.

f) Laneko intrusismoa, salatu beharrean, estaltzea edo onartzea.

g) Gaixoei, maltzurki edo asmo txarrez, jaramonik ez egitea.

h) Kontsultategia irekitzea, segurtasun eta higieneari buruz indarrean dagoen legeria bete gabe, eta horrek gaixoari edo langile laguntzaileari kalte larria eragitea.

i) Laguntza ukatzea, premia-egoera denean edo diskriminazioko arrazoiak direla medio.

j) Kontseilu Nagusiak onartutako estatutu-xedapenetan arau-hauste oso larritzat jotzen direnak.

k) Bi urteko epean, gutxienez, bi arau-hauste larri egitea.

2.– Arau-hauste larritzat joko dira honako hauek:

a) Egiteko profesionalak ez betetzea, eta horrek jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kaltea eragitea.

b) Estatutu hauen 16.9) artikuluan adierazitakoa –Elkargoari jakinarazteko betebeharra– urratzea.

c) Erantzukizun zibileko asegurua egiteko betebeharra ez betetzea, edo aseguruaren prima dagokionean ez ordaintzea.

d) 16.13) artikuluan adierazten den betebeharra –lanbidean jardutekoa– ez betetzea, horretarako eskaera behar bezala egin zaionean; ez da arau-haustea izango zerbitzu hori eskaintzea ezinezkoa egiten duen arrazoi justifikaturen bat badago.

e) Lanbide bereko beste profesionalen, lanbidearen gobernu-organoen eta lanbidean jardutean harremanak dituzten pertsona edo erakundeen duintasuna larriki laidotzea, bai eta horietako edozein fisikoki erasotzea ere.

f) Lehia desleiala diren egintzak, lehiaren eta lehia desleialaren zuzenbidearen inguruan indarrean dagoen legeriaren arabera.

g) Kontseiluen edo elkargo profesionalen –edo horien organoen– ohiko jarduera oztopatzen edo eragozten duten ekintzak egitea.

h) Zehapen-espedienteetako bideratzaile izateko izendapena ez onartzea, inolako arrazoi justifikaturik izan gabe.

i) Eman zaizkien korporazio-karguetan leial ez jokatzea.

j) Kontseilu Nagusiak onartutako estatutu-xedapenetan arau-hauste larritzat jotzen direnak.

k) Bi urteko epean gutxienez bost arau-hauste arin egitea.

3.– Arau-hauste arintzat joko dira honako hauek:

a) Estatutuetan ezarritako arauak betetzean arduragabekeriaz jokatzea.

b) Lanbideak eta korporazio-karguetan jarduteak dakartzaten betebeharretan arau-hauste arinak egitea.

c) Arau-hauste larrien atalean adierazitako ekintzak, baldin eta larritzat jotzeko adinakoak ez badira.

d) Elkargoko agiriei edo Elkargoak izapidetu beharreko agiriei buruzko arauak ez betetzea.

e) Elkargoko betebeharrei jaramonik ez egitea; adibidez, Elkargoak erantzuteko edo txostena egiteko eskatutakoan jaramonik ez egitea.

f) Erizaintzako beste Elkargo Ofizial baten jurisdikzioan lanean jardutea –Estatutu hauen 9. artikuluan ezarritakoa ez betez–, aurrez Elkargoari izapideak egiteko jakinarazi gabe.

g) Estatutuetan ezarritako arauak, edo Kontseilu Nagusiak, Autonomia Erkidegoko Kontseiluak edo Elkargoak hartutako erabakiak ez betetzea, salbu eta hori arau-hauste larriagoa ez bada.

h) Osasunaren alorrean indarrean dagoen legeriarekiko irregulartasun txikiak egotea, osasun publikoan eragiten ez dutenak.

i) Estatutu hauen 16. eta 17. artikuluetan edo gainerako araudi aplikagarrian jasotako beste betebehar eta debekuei dagozkien arau-hausteak, arau-hauste larriak edo oso larriak ez badira.

53. artikulua.– Zehapenak.

1.– Arau-hauste oso larriei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Lanerako desgaitzea, 54. artikuluan ezarritako moduan. Epea: urtebete eta egun bat eta hogei urte artekoa.

b) 3.000 eta 30.000 euro arteko isuna.

2.– Arau-hauste larriei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Lanerako desgaitzea, 56. artikuluan ezarritako moduan. Epea: gehienez, urtebete.

b) 300 eta 3.000 euro arteko isuna.

3.– Arau-hauste arinei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Ohartarazpena.

b) Isuna, gehienez 300 eurokoa.

4.– Arau-hauste bategatik egileak diru-etekina atera badu, isuna handiagoa izango da: etekin hori zenbatekoa izan den kalkulatu ondoren –aurreko gehienezko kopuruekin alderatuko da–, gutxienez etekina eta gehienez etekinaren bikoitza gehitu beharko zaio ordaindu beharreko isunari.

5.– Zehapenak kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuz zehaztuko dira.

6.– Zehapen horiez gainera, beste edozein erantzukizun badago, zehatuek erantzun egin beharko dute.

7.– Elkargoak diziplina-ahalmena erabiliz jasotzen dituen isun-ordainketa guztiak etengabeko lan prestakuntzako jarduerak ordaintzeko erabiliko dira. Helburu horrekin, eta dagokion prozedura erabiliz, beharrezko neurriak hartuko dira kasu bakoitzerako ezarrita dagoen arautegiaren arabera.

54. artikulua.– Lanbiderako desgaikuntza.

1.– Desgaikuntza-zehapenak irauten duen bitartean ezingo da lanbidean jardun.

2.– Desgaikuntza-zehapena ezarriko zaio, lanbidean jarduteko gaitasuna ematen duten tituluak eduki arren, 9. artikuluan ezarritakoa betetzen ez duenari. Kasu horretan, Elkargoan sartzea eskatzen den unean hasiko da zehapena zenbatzen. Eskaera hori etenda geldituko da zehapena betetzen den arte.

3.– Zehapena ezarri dela jakinaraziko zaie, dagozkion ondorioetarako, eskumena duten administrazioei, Autonomia Erkidegoko lan-kontseiluari –balego– eta Kontseilu Nagusiari.

4.– Desgaikuntzak indarra hartuko du zehapena ezarri duen Elkargoaren erabakia edo administrazio-ebazpena irmoa denetik aurrera. Zehatua beste arrazoi edo arau-hauste batzuk direla medio desgaikuntza-egoeran badago, egoera hori amaitzen denetik aurrera kontatuko da zehapena –eta horrela behin eta berriz–.

55. artikulua.– Preskripzioa.

1.– Arau-hauste oso larriak hiru urtean preskribatuko dira, larriak bi urtean eta arinak urtebetean.

2.– Preskribatzeko epea arau-haustea egin zen egunetik aurrera hasiko da kontatzen.

3.– Zehatzeko prozeduraren bat hasiz gero, preskripzioa eten egingo da, interesatuari jakinarazita, baina zehapen-espedientea sei hilabete baino gehiago geldirik badago ustezko arau-hausleari ezin egotz dakiokeen arrazoiren bat dela-eta, jarraitu egingo da preskripzio-epea zenbatzen.

4.– Hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapenak hiru urtean preskribatuko dira, hutsegite larriengatik ezarritakoak bi urtean, eta hutsegite arinengatik ezarritakoak urtebetean. Hala ere, lanbide-jardunean desgaitzeko zehapenak hiru urterako edo gehiagorako badira, preskripzio-epea zehapen-aldiaren parekoa izango da.

5.– Zehapenen preskripzio-epea zehapena ezarri duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen.

6.– Betearazpen-prozedura bat hasiz gero, preskripzioa eten egingo da, interesatuari jakinarazita, baina betearazpen-prozedura sei hilabete baino gehiago geldirik badago zehatuari ezin egotz dakiokeen arrazoiren bat dela-eta, jarraitu egingo da preskripzio-epea zenbatzen.

56. artikulua.– Zehapen-prozedura.

Gobernu Batzordeak dagokion espedienteari hasiera emateko aginduko du, elkargokideren batek Estatutu hauen eta legearen arabera hutsegitetzat jotzen den ekintzaren bat egin duela jakiten duenean. Honelaxe bideratuko da espediente hori:

a) Prozedurari hasiera emateko erabakia hartzerakoan instruktore bat izendatuko da jardunean hamar urte baino gehiago daramatzaten elkargokideen artean. Izendapen horretaz gain, erabaki horrek honakoak jasoko ditu: ekintzen ustezko erantzule direnen izenak, prozedura hastea eragin duten ekintzen aipamen laburra, eta, behar izanez gero, zehapena ezartzeko eskumena izango duen organoa.

b) Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitakoaren arabera, Gobernu Batzordeak edozein momentutan hartu ahal izango ditu behin-behineko neurriak, erabaki arrazoitu baten bitartez, baldin eta beharrezkoak badira eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko, prozedura behar bezala bukatzeko, arau-haustearen ondorioen jarraipena saihesteko eta interes orokorrak zaintzeko.

c) Instruktoreak, izendapena jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hiru egun balioduneko epean, kargu hori betetzetik salbuesteko edo kargu horri uko egiteko arrazoiak adieraziko dizkio idatziz Gobernu Batzordeari, eta Gobernu Batzordeak hamar eguneko epean emango du ebazpena. Onargarritzat jotzen baditu, instruktore berria izendatzeari ekingo dio, lehengo modu berean.

d) Elkargokide espedientatuak, instruktorea nor den jakiten duenean, idatziz adierazi ahal izango dizkio Gobernu Batzordeari instruktorea errekusatzeko dauden arrazoiak; lau egun baliodun izango ditu horretarako, instruktorearen izena jakinarazten zaionetik aurrera.

Parte ez hartzeko edo errekusatzeko arrazoiak izango dira:

1.– Espedientatuaren lagun mina edo ageriko arerioa izatea.

2.– Gaian interes pertsonala edo zuzenekoa izatea.

3.– Laugarren mailarainoko odoleko ahaidetasuna, edo bigarren mailarainoko ezkon ahaidetasuna.

4.– Antzeko beste arrazoiren bat.

Gobernu Batzordeak espedientatuak planteatutako errekusazioa bidaliko dio instruktoreari hiru eguneko epean, beharrezko jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Izapide hori eginda, Gobernu Batzordeak hamar eguneko epean ebatziko du gorabehera hori, eta hartutako ebazpenaren aurka ezin izango da errekurtsorik jarri.

e) Diziplina-prozedura Elkargoak bultzatuko du ekintza guztietan. Instruktoreak beharrezkoak diren frogak bilatu eta jarduketak egingo ditu zehapena izan dezaketen ekintza eta erantzukizun guztiak zehazteko eta egiaztatzeko. Hala ere, kargu-orria idatzi aurretik, espedientatuaren deklarazioa hartu beharko du.

f) Frogetan eta jarduketetan oinarrituz, instruktoreak kargu-orria idatziko du, eta bertan, egozten diren ekintzak zeintzuk diren adieraziko da eta, behar izanez gero, ustezko hutsegitea zein den eta aplika daitezkeen zehapenak zeintzuk diren esango da.

g) Kargu-orria interesatuari jakinaraziko zaio; hamar egun izango ditu erantzuteko eta behar duen froga proposatzeko; froga hori egokia den ala ez instruktoreak erabakiko du. Froga hori osorik edo partez ukatzeko, behar bezala arrazoitutako ebazpena eman beharko da.

h) Instruktoreak, deskargu-orria jaso ostean, hamar eguneko epea izango du onartutako frogak zeintzuk diren zehazteko, eta frogak instruktore horren aurrean egin beharko dira; hilabeteko epea emango da horretarako, zein froga egin behar den erabaki bidez zehazten denetik aurrera.

i) Aurreko izapideak egin bezain pronto, instruktoreak espedientea erakutsiko dio ustezko inkulpatuari, hamar eguneko epean bere defentsarako beharrezko jotzen dituen alegazioak egin ditzan eta garrantzitsuak jotzen dituen agiriak erants ditzan. Eskatzen badu, espedientearen kopia emango zaio espedientatuari.

j) Pleguari erantzunda edo hori egiteko epea amaituta, eta onartutako frogak egin ostean, instruktoreak ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan zehatz-mehatz adieraziko ditu ekintzak, horien balorazio juridikoa egingo du, eta bidezko jotzen duen zehapena proposatuko du. Ebazpen-proposamen hori interesatuari jakinaraziko zaio, hamar eguneko epean komeni zaizkion alegazioak egin ditzan. Izapide hori eginda, edo horretarako epea igarota, burututako jardueraren berri emango zaio Gobernu Batzordeari, hamar eguneko epean ebazpena eman dezan.

k) Gobernu Batzordeak espedientea itzul diezaioke instruktoreari kargu-orrian beste ekintza batzuk sar ditzan, instrukzioa osa dezan edo kalifikazio juridiko desberdin bat barne hartzen duen ebazpen-proposamena egin dezan. Kasu horretan, espedientea berriro eskumena duen organoari bidali baino lehen, interesatuari zer egin den adieraziko zaio, hamar eguneko epean komenigarritzat jotzen duena alega dezan.

l) Hartutako ebazpena interesatuari jakinaraziko zaio, arrazoiak emanda.

m) Gobernu Batzordeak honako hauek izango ditu kontuan zehapenak aplikatzerakoan: egindako frogak, zirkunstantzia aringarri eta larrigarriak, ekintza behin eta berriz nahita egin izana, eragindako kalteak zer-nolakoak diren edo berrerortzea.

n) Berrerortzetzat hartuko da urte berean antzeko arau-haustea berriro egitea, ebazpen irmoz hala egin dela adierazi bada.

57. artikulua.– Eskumena.

Elkargokideak zehatzeko ahalmena Gobernu Batzordeak izango du; Batzordea osatzen duten kideak zehatzeko eskumena, berriz, Batzar Nagusiak izango du; kasu horretan ere, aurreko artikuluan ezarritako prozesu bera jarraituko da, baina Gobernu Batzordeari egiten zaizkion aipamen guztiak Batzar Nagusiari egindakotzat ulertu beharko dira, eta idazkari bat izendatuko da espedientea bultzatzeko.

58. artikulua.– Errekurtsoak.

Diziplina-zehapena ezartzen duten ebazpenak Estatutu hauen 65. artikuluan ezarritako moduan errekurritu ahal izango dira; ebazpen horietan errekurtsoak aurkezteko epeak zeintzuk diren eta errekurtsoak zein organori aurkeztu behar zaizkion jasoko da.

59. artikulua.– Ezereztea.

1.– Zehapen oso larriak bi urtean ezereztuko dira, larriak urtebetean eta arinak sei hilabetean. Epe hori zehapena betetzen denetik zenbatuko da, eta ofizioz zein alderdi batek eskatuta gauzatu ahal izango da.

2.– Preskripzio-epea zehapena betetzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko da kontatzen.

VIII. KAPITULUA
ERREGIMEN EKONOMIKOA

60. artikulua.– Finantzaketa.

Elkargoaren funtsak Elkargoan sartzeko edo Elkargokoa izaten jarraitzeko egin behar diren ohiko eta ezohiko ekarpenak izango dira; Batzar Nagusiak ezarriko ditu urtero elkargokide bakoitzak egin behar dituen ekarpenak; ekarpen horiek derrigorrezkoak izango dira.

Elkargoaren diru-sarrerak izango dira, halaber, Elkargoaren jardunetik sortzen direnak –ezin izango dira lanbidearen beraren zerbitzuetatik etorri– eta Batzar Nagusiak egiaztagiri, irizpen, bisa –borondatez eta berariaz eskatzen direnak– eta antzekoengatik ezarritako tasak. Elkargoaren diru-sarrerak izango dira, baita ere, onartzen diren dohaintza, legatu edo diru-laguntzak, eta edozein titulu dela medio jaso daitezkeenak –titulua finantzarioa edo sozietate edo enpresa publiko nahiz pribatuetan duen partaidetzarena ere izan daiteke–.

61. artikulua.– Aurrekontuak.

1.– Elkargoaren urteko aurrekontuek dagokion ekitaldirako aurreikusitako diru-sarrerak eta gastuak zehaztuko dituzte, Elkargoaren organo eta ekintza guztiak adieraziz.

2.– Ekitaldi ekonomiko bat dagokion aurrekontua onartu gabe hasten bada, aurreko ekitaldiaren aurrekontua automatikoki luzatuko da aurrekontu berria onartu arte, eta lan-arloko eta gainerako xedapenak aplikatzearen ondorioz sortzen diren partidak egokitu egingo dira.

62. artikulua.– Aurrekontuak betearaztea.

Behar bezala onartutako edo, hala behar izanez gero, luzatutako aurrekontua betearaztea Gobernu Batzordeari dagokio. Aurrekontu bakoitzaren aldia amaituta, aurrekontua itxi egingo da eta dagozkion kontuak egingo dira, eta kontu horiei azalpen-memoria bat erantsiko zaie.

63. artikulua.– Kontu-ikuskaritza.

1.– Elkargokideek, baldin eta Elkargoaren erroldaren % 10 baino gehiago badira, ekitaldi ekonomikoari dagokion edozein daturi buruzko eskaera zehatza egin ahal izango dute.

2.– Elkargoaren kontuak aztertzeko epea hau izango da: deialdia egiten denetik kontuak onartzeko Ohiko Batzar Nagusirako ezartzen den ordua baino baino berrogeita zortzi ordu lehenago arte.

3.– Batzar Nagusiak bi kontu-azterlari eta bi ordezko izendatu ahal izango ditu, bilkuran dauden elkargokideen artean, zozketaz; arrazoi justifikaturik izan ezean, bilkuran bertan onartu beharko da kargua. Batzarraren aginduz jardungo dute kontu-azterlariek, haren menpe, eta Batzarrak emandako agindua baliogabetu ahal izango du.

Elkargokide kontu-azterlarien egitekoa izango da Gobernu Batzordeak onartutako balantzea eta galdu-irabazien kontua aztertzea eta horri buruzko txostena egitea, ondoren Batzar Nagusian aurkezteko.

Izendatzen den ekitaldi ekonomikoan beteko du kargua kontu-azterlariak, eta kontuak ikuskatutakoan utziko du kargua.

4.– Kontu-azterlariek Elkargoaren kontabilitatea eta kontabilitate horri dagokion dokumentazioa aztertu ahal izango dute. Jarduera hori Elkargoaren egoitzan egin behar dute, eta ezingo dute bertatik inolako dokumenturik atera; Elkargoko diruzainarekin harremanetan egongo dira jarduera hori egiteko.

5.– Kontu-azterlariek, izendatzen dituztenetik hilabetera, dagokion txostena idatzi beharko dute. Bertan, balantzeari eta galdu-irabazien kontuari buruzko balorazioa egingo dute.

6.– Kontuak 3 urterik behin ikuskatu beharko dira, Gobernu Batzordearen agintaldiaren erdialdean eta agintaldiaren amaieran.

IX. KAPITULUA
ELKARGOAREN ERABAKIEN ERREGIMENA

64. artikulua.– Betearazi beharra.

Elkargoko organoek emandako erabakiak berehala bete beharrekoak izango dira, eta beharrezkoa denean, dagokion aktan ageri den erabakiaren ziurtagiria erabiliko da hori egiaztatzeko.

65. artikulua.– Aurkaratzeko bideak.

Administrazio-zuzenbideari lotutako ekintza edo erabakiek amaiera ematen diote administrazio-bideari eta Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean aurkaratu daitezke; halaber, berraztertzeko errekurtsoa ere ezar daiteke.

Berraztertzeko errekurtsoari ematen zaion ebazpenaren aurka ezingo da jarri beste errekurtsorik. Berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik bi hilabete igaro badira berariazko ebazpenik eman gabe, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertuko da, eta jurisdikzio-bideari ekiteko aukera egongo da.

66. artikulua.– Etetea.

Elkargoaren ekintzen aurka errekurtsoa aurkezten bada ere, inpugnatutako ekintza horren betearazpena ez da etengo. Errekurtsoa ezarritako epearen barruan aurkezten bada, ebazteko eskumena duen organoak ofizioz edo interesatuak eskatuta eten dezake errekurritutako ekintzaren betearazpena, baldin eta betearazpen horrek kalte konponezinak edo nekez konpontzekoak sor baditzake, edo erabateko deuseztasunean oinarritzen bada inpugnazioa.

X. KAPITULUA
DESEGITEA

67. artikulua.– Prozedura eta erregimena.

Iraungitzea, elkartzea edo subrogazioa dela-eta Elkargoa desegitea Batzar Nagusian hartu beharreko erabakia izango da; helburu berezi horrekin egingo da Batzar Nagusirako deia, eta erregimenarekin lotutako gai guztiak batzarrean erabakiko dira. Batzar Nagusian bertan likidatzaile bat edo gehiago izendatuko da, eta helburu horretarako beharrezko jotzen diren eskumenak emango zaizkio; halaber, Elkargoaren ondasunetan geldikinik balego, haiekin zer egingo den erabakiko da.


Azterketa dokumentala