Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2015eko otsailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
468

AGINDUA, 2014ko azaroaren 24koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Bilbao Bizkaia Kutxa Fundación Bancaria - Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

«Bilbao Bizkaia Kutxa Fundación Bancaria - Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztu den espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2014ko azaroaren 21ean, Herri Administrazio eta Justizia Sailean jaso zen «Bilbao Bizkaia Kutxa Fundación Bancaria - Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaera, «Bilbao Bizkaia Kutxa; Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea» erakundearen transformazioaren ondorioz. Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2014ko azaroaren 24an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, fundazioaren estatutuen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera:

«Fundazioak gizarte-helburua izango du, eta bere jarduera nagusia gizarte-ekintza landu eta garatzera eta Kutxabank, S.A. erakundean, edota, hala badagokio, beste kreditu-erakunde batzuetan izango duen partaidetza behar bezala kudeatzera bideratuko du, bai eta bere titulartasunekoa den ondarea behar bezala kudeatzera ere.»

Laugarrena.– Estatutuen 3. artikuluan xedatzen denaren arabera, fundazioaren egoitza Bilbon egongo da. Hasierako helbidea hau izango da: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia, 19-21, Bilbao.

Halaber, estatutuetako 4. artikuluarekin bat etorrita, fundazioak batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egingo du bere jarduera. Hala eta guztiz ere, patronatuak horrela erabakitzen badu, bere jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeetara eta, hala badagokio, beste lurralde batzuetara ere zabaldu ahal izango du.

Bosgarrena.– Hasierako dotazioa Bilbao Bizkaia Kutxak Kutxabank, S.A. erakundean daukan akzio-partaidetza izango da, hau da: milioi bat ehun eta berrogei mila (1.140.000) akzio izendun, bakoitza mila eta hogeita hamar (1.030) euroko balio izendatuarekin; akzioak modu korrelatiboan zenbakituta egongo dira, batetik (1) milioi bat ehun eta berrogei milara (1.140.000), biak barne. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.

Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatua hamabost (15) kidek osatuko dute, eta kide horiek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsonak sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa; eta, zehazki, Aurrezki-kutxei eta banku-fundazioei buruzko abenduaren 27ko 26/2013 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-375 erregistro-zenbakiarekin–: Bilboko (Bizkaia) «Bilbao Bizkaia Kutxa Fundación Bancaria - Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioa» erakundea, «Bilbao Bizkaia Kutxa; Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea» erakundearen transformazioaren ondorioz; baita patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horretako kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira, Vicente María del Arenal Otero notarioaren aurrean 2014ko azaroaren 20an egiletsitako eskritura publikoan jasotako baldintzen arabera (protokolo-zenbakia: 1.596).

Bigarrena.– Erregistroetan dauden eta aurreko atalean aipatutako inskripzioarekin bateraezinak diren idazkunak ezerezteko eskatzea.

Hirugarrena.– Fundazio hori, helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 24a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala