Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

20. zk., 2015eko urtarrilaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
447

17/2014 FORU ARAUA, abenduaren 16koa, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzekoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «17/2014 Foru Araua, abenduaren 16koa, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzekoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2014ko abenduaren 16a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

HITZAURREA

2013ko urriaren 10ean, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arau proposamen bat aurkeztu zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

2014ko urtarrilaren 15ean, haren tramitazioa bukatu zen, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua onartuta.

2014ko urtarrilaren 22an, Foru Araua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, eta egun berean indarrean jarri zen. Foru arauak 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ditu ondorioak, eta uztailaren 4ko 7/1996 Foru Araua indargabetzen du (ordura arte horren bidez erregulatuta zegoen zerga).

2/2014 Foru Araua aztertuta, oker tekniko batzuk eta alderdi zalantzagarri batzuk atzeman dira. Zalantzarik gabe, horiek guztiak zuzentzea gomendagarria da, segurtasun juridikoa zaintze aldera. Horregatik, foru arau hau onartzen da.

Hona hemen zuzentzen diren alderdi nagusiak:

– Argitu egiten da partzialki salbuetsitako entitateak beraientzat jarritako arauei jarraikiz zergapetuta daudela beti; horretarako, berariazko arau bat ezartzen da (12.2 artikulua). Horren arrazoia da partzialki salbuetsitako entitateetarako ezarritako arauak zergaren araubide orokorrean erregulatuta egotea, beste entitate mota bati aplikagarri zaizkien arau ugarirekin batera (mikroenpresak, enpresa txiki eta handiak, ondare sozietateak...), eta kasu batzuetan entitate batek hainbat arau aplikatzeko baldintzak betetzea eta, beraz, kasu horretan zer arau lehenetsi zalantzazko gertatzea. Hortaz, neurri honen bidez argitu nahi da kasu bakoitzean zer arau aplikatu behar den partzialki salbuetsitako entitateetarako. Antzeko neurri bat jasotzen da 14.4 artikuluan, ondare sozietateei dagokienez.

– Azken horiei dagokienez, bi zehaztapen erregulatzen dira sustapen eta eraikuntza enpresetarako. Bi neurrien bidez lortu nahi da horrelako enpresek benetan jarduera ekonomiko bat egiten dutenean behartuta ez egotea ondare sozietateen araubidean tributatzera, hori hasiera batean aurreikusita baitzegoen horrelako jardueretatik ez datozen errentak lortzen dituzten entitateetarako. Horretarako, alde batetik, modulatu egiten dira entitate horiek ondare sozietate moduan tributatzeko bete behar diren baldintzak; bestetik, araubide iragankor bat ezartzen da erregulazio berriak atzerako ondoriorik izan ez dezan 2014ko urtarrilaren 1era bitartean egiten ziren eta eraikuntza edo sustapena data horretan indarrean zegoen araudiari jarraituz jarduera ekonomikotzat hartuta zuten eraikuntza eta sustapenen salmenten gainean. Azkenik, argitu egiten da ondare sozietateek ezin dituztela konpentsatu aurreko zergaldietan (alegia, entitate horietarako arauei jarraikiz tributatzen ez zutenean) sortutako zerga oinarri negatiboak.

– Argitu egiten dira mikroenpresei, enpresa txiki eta ertainei buruz (13.4 artikulua) eta dibidenduekin lotutako zergapetze bikoitza deuseztatzeari buruz (33.1.c) artikulua) aritzen diren artikuluetatik 48. artikulura egiten den bidalketa. Izan ere, bidalketa horiek han adierazitako errenta pasiboekin lotuta egon behar dira. Dena den, artikulu horretan pasibotzat hartzen ez diren errenta motak ere jasota daude. Beraz, argiagoa da hertsiki errenta pasibo horiei buruzko letretara jotzea (alegia, 48. artikuluaren 2. apartatuko a), b) eta d) letrak).

– Baterako amortizazioari dagokionez, 21.3 artikuluan emendakin bidez sartutako akats bat zuzentzen da, nahiz eta hasierako foru arau proposamenean ez zegoen jasota; era berean, zuzendu egiten da hamazazpigarren xedapen iragankorra. Aldaketa horien bidez, zilegi egiten da baterako amortizazioa eraikinei aplikatzea, argitu egiten da zer ondasun dauden behartuta bide hori erabiliz amortizatzera eta, azkenik, amortizazio horretatik kanpo uzten dira amortizazio askatasuna, amortizazio azkartua edo finantza errentamenduari buruzko kenkaria zuten ondasunak. Komeni da azpimarratzea hiru zuzenketa horien ondorioz figura horren erregulazio orokorra harmonizatuta gelditzen dela hiru lurralde historikoetan.

– Argitu eta sinplifikatu egiten dira zerga oinarriaren gainean zehaztu behar diren muga jakin batzuen kalkulu formulak. Hori horrela, zehaztu egiten da aipatutako mugak aplikatzen direla zuzenketa horiek egin eta zerga oinarri negatiboak konpentsatu aurreko zerga oinarriaren gainean. Horrelaxe gertatzen da, bereziki, itsasontzi eta aireontzien gastu kengarrien mugarekin (31.4 artikulua), mikroenpresei aplikatzekoa zaien 100eko 20ko forfait-arekin (32.4 artikulua) eta emaitzaren aplikazioaren arloko zuzenketekin (52. eta 53. artikuluak). Neurri honen asmoa da argitzea muga horien kalkulu nahasgarri bat, hurbiltze formulak erabili behar baitziren. Gainera, bi zuzenketa horietako bi aldi berean eginez gero, muga horiek kalkulatu beharreko bi magnitude zeudenez, ezinezkoa zen formula horiek erabiltzea eta, beraz, muga aplikagarria zehaztea are zailagoa zen.

– Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako agindura egokitze aldera, akats bat zuzentzen da irteerako zergari (exit tax-a) buruzko artikuluan (41.2 artikulua). Izan ere, akats horren efektua da Gipuzkoako araudiak auzitegi horren 2013ko apirilaren 25eko Epaia (C-64-11 gaia) ez betetzea eta, beraz, batasuneko zuzenbidearen aurkako erregulazio bat izatea.

– «Balio katastral eratxikigarri» esapidearen ordez, «balio katastral» ezartzen da, azken horixe jasota baitago Gipuzkoako zerga antolamenduan.

– Argitu eta hobetu egiten da enpresen kapitalizazioa sustatzeko konpentsazioari buruzko artikulua, eta, horrela, figura hori harmonizatuta gelditzen da hiru lurralde historikoetan.

– Ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserbaren erregulazioari dagokionez, argitu egiten da inbertsio jakin batzuetarako baldintzak (aktibo ez-korronte berriak, eta ingurumeneko kenkarirako eskubidea ematen dutenak) eta aktibo mota horretan inbertsioko kenkarietarako ezarritako baldintzak berdinak direla. Era berean, argitu egiten dira 53. artikuluaren 3. apartatuan eta 4. apartatuan jarritako epeak.

– Akats bat zuzentzen da kuota osoa kalkulatzeko moduari dagokionez, zeren eta kalkulu hori karga tasa oinarri likidagarriari aplikatuz egin behar baita, eta ez, ordea, zerga oinarriari, indarrean dagoen erregulazioari jarraituz. Horrela, osatu egiten da zergaren eskema, 15.5 artikuluan jasotakoarekin bat etorrita.

– 6. apartatu berri bat sartzen da 61. artikuluan, historikoki foru arau batean jasotzen zen kenkariaren alderdi bat jartze aldera, uste baita xedapen hori maila horretako arau baten bidez erregulatu behar dela.

– Ikerketa eta garapeneko eta berrikuntza teknologikoko jardueretako kenkariari dagokionez, borondatezkoa izateari uzten dio zergadunaren jarduerak ikerketako eta garapeneko eta berrikuntza teknologikoko jardueratzat (I+G+BT) hartzeko eskumena duen organoak idatzi beharreko txostenak, eta, horren ondorioz, txosten hori derrigorrezkoa izango da kenkari hori aplikatzen duten guztientzat. Aldaketaren bidez, irtenbidea bilatu nahi zaio kenkari horri lotuta agertzen den I+G+BTko jardueraren kalifikazioaren arazoari, batzuetan modu desegokian eta beharrezko kontrolik gabe erabili baita. Honela, segurtasun handiagoa lortzen da bai zerga Administrazioarentzat bai zergadunarentzat.

– Argitu egiten da kenkari mugadunak aplikatzeko baterako muga dagoela, hainbat zergalditakoak diren egin gabeko kenkarien saldoak aplikatzen diren kasuetarako.

– Bat-egiteen merkataritza funtsari dagokionez, «zerga ondorioetarako eskurapen balioari» buruzko aipamenaren ordez «eskurapen prezioa» erabiltzen da, orain arte egin den bezala, segurtasun juridiko handiagoa lortu eta zerga iruzurra saihesteko.

– Ondasun higiezinen errentamenduaren araubideari dagokionez, alde batetik, berariaz jasotzen da araubide horren (etxebizitzak) eta ondare sozietateen araubidearen arteko bateraezintasuna, entitateek aukera izan dezaten bata edo bestea aplikatzeko. Bestetik, akats bat zuzentzen da araubide hori (etxebizitzak) osorik aplikatzea eragozten zuen bidalketa batean; alderdi hori harmonizatuta gelditzen da hiru lurralde historikoetan.

– Aldatu egiten da Foru Arauaren 128. artikulua, eta, beraz, bere egiten du hasieran foru arau proposamenean jasota zegoen eta emendakinen fasean aldatu zen idazkera. Artikulu horren bidez (autolikidazioa aurkeztean egin behar diren hautapenak), segurtasun juridiko handiagoa lortzen da eta, horregatik, komeni da Gipuzkoako araudian sartzea. Bestetik, jatorrizko idazkerari 3 apartatu gehitzen zaizkio, Foru Arauan kokapen egokiago bat emanik. Hori guztia dela eta, alderdi hori harmonizatuta gelditzen da hiru lurralde historikoetan.

– Zuzendu egiten da baloreen edukitzako entitateen karga berezia (zergasaria) kalkulatzeko formula, zeren eta indarrean dagoen kalkulu formula aplikatuz karga horren emaitza desitxuratzen baita.

– Erregulatu egiten da sozietateek jasotako kooperatiba itzulkinek eragindako zergapetze bikoitza deuseztatzeko sistema, eta berriro ezartzen da aurretik zegoen eskema. Horri esker, alderdi hori harmonizatuta gelditzen da hiru lurralde historikoetan.

– Zerga araudian bikoiztasunak kentzeko, edukirik gabe uzten da hamazazpigarren xedapen gehigarria. Izan ere, horren edukia jadanik jasota dago Gipuzkoako araudian, zehazki Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren 16/1989 Foru Arauaren 1.2 artikuluan (historikoki gaia xedapen horretan egon da erregulatuta).

– Argitu egiten da egin gabeko kenkarien saldoetarako erregulazio iragankorra, eta argi bereizten dira zergapetze bikoitzari lotutako kenkarien saldoak eta gainerakoak, lehendabizikoak ez daitezen lotuta gelditu 67. artikuluan jasotako baldintzak betetzeari. Hasiera batean, baldintza horiek kuota likidoaren murrizpenetarako jarrita daude, baina ez, ordea, zergapetze bikoitzari lotutako kenkarietarako.

– Zuzendu egiten da talde bateratuen araubide iragankorra, zeren eta araubide hori 1996ko urtarrilaren 1aren aurretik araubide horretan zergapetuta zeuden taldeetarako ezarrita baitzegoen, 2014ko urtarrilaren 1aren aurretik izan beharrean. Era berean, akats bat kentzen da apartatu horretan aipatutako foru arauaren urteari dagokionez.

– Kendu egiten da xedapen indargabetzaile bakarraren 3. apartatuko g) letra. Izan ere, indarrean dagoen idazkeraren arabera, letra horrek berariazko indarraldia ematen dio estatuko errege dekretu-lege bati, eta hori Gipuzkoako Batzar Nagusien eskumen esparrutik kanpo dago, nolanahi.

– Zergadun gisa sartzen dira azaroaren 12ko 22/2014 Legea indarrean jarri eta gero lege horren bitartez sortu diren inbertsio kolektibo itxiko funts berriak. Lege horren bitartez arautzen dira arrisku-kapitaleko entitateak, inbertsio kolektibo itxiko beste entitate batzuk eta inbertsio kolektibo itxiko entitateen sozietate kudeatzaileak, eta inbertsio kolektiboko erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzen da.

– Hobetu egiten dira idazkera edo estilo kontu txikiago batzuk, hala nola: ordezkatu egiten da paradisu fiskalen erregelamenduzko kalifikazioari buruzko aipamen zaharkitu bat (31.1.g), 105.5 eta 106.4 artikuluak); edo 31. artikuluaren 3. bis apartatua 4. apartatu bihurtzen da eta, aldi berean, zuzendu egiten dira apartatu horretara jotzeko bidalketak (4., 17.8, 18.7, 21.4. 31.4, 31.5 eta 31.6 artikuluak, 36.1 artikuluaren 2. paragrafoa, 39.3 artikuluaren 1. paragrafoa, 40.3 eta 67.3 artikuluaren 4. paragrafoa).

– Oro bat, zuzendu egiten dira araudira jotzeko bidalketetan izandako akats batzuk, hala nola: merkataritza finantzarioko funtsari buruzko 24.6 artikuluan, 34. artikulura jotzeko (jatorrizko idazkeran 36. artikulura jotzen zen); edo 53.2 artikuluan (berez ez dagoen e) letra batera jotzen zen).

– Era berean, akats batzuk zuzentzen dira, batzuetan gaztelaniazko bertsioan eta beste batzuetan euskarazkoan. Nagusiki, bi idazkeretan bat ez datozen alderdiak dira, bai eta estilo kontu xehe batzuk ere (foru arauaren izenburua, eta 34.2 artikuluaren 2. gidoia, 52.3, 53.2.c), 53.5, 64. eta 115.1 artikuluak, 124 lehena, eta 16.6 xedapen gehigarrian eta 6. xedapen iragankorrean).

– Azkenik, egokitu egiten dira Ogasun eta Finantza Departamentuko titularrari egiten zaizkion aipamen ugariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren genero politikaren ondorioz onartutako hizkerara (33.6, 34.8, 35.4, 41.2.c), 100.1, 126.1.1. eta 3. paragrafoak, 127.1 eta 130.2 artikuluak, eta 12.4 eta 14.8 xedapen gehigarriak eta amaierako 2. xedapena).

Aurreko zuzenketez gain, beharrezkoa da Gipuzkoako lurralde historikoko arautegia egokitzea Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduari (kreditu entitateen eta inbertsio enpresen zuhurtziazko betekizunei buruzkoa da erregelamendua eta, horrez gainera, haren bidez aldatu egiten da 648/2012 (EB) Erregelamendua), bai eta aurrezki kutxen eta banku fundazioen abenduaren 27ko 26/2013 Legeak sartutako banku fundazioen figurari ere.

Hala, Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamendua 2014ko urtarrilaren 1ean indarrean jartzearen ondorioz (kreditu entitateen eta inbertsio enpresen zuhurtziazko betekizunei buruzkoa da erregelamendua eta, horrez gainera, haren bidez aldatu egiten da 648/2012 (EB) Erregelamendua), beharrezkoa da Gipuzkoako lurralde historikoko ordenamendu juridikoan jasotzea aipatutako 575/2013 (EB) Erregelamendua indarrean sartzen denean araudia egokitzeko ezinbestekoak diren aurreikuspen jakin batzuk.

Gainera, aurrezki kutxen eta banku fundazioen abenduaren 27ko 26/2013 Legeak banku fundazioen figura sartu du gure finantza antolaketan, eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten aurrezki kutxak 2014ko urtarrilaren 1ean hasten den epe batean banku fundazio bihurtu beharra ezarri du. Lege horrek aldaketa batzuk sartu ditu sozietateen gaineko zergan, balio erantsiaren gaineko zergan eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan, banku fundazioen zerga araubidea ezartzeko.

Esandako guztiagatik, beharrezkoa da arautegi hau onartzea, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera (dela ex novo, dela aurrezki kutxak banku fundazio bihurtuta) sortzen diren banku fundazioek ziurtasun nahikoa izan dezaten jakiteko nolako araubidea aplikatu behar zaien.

Edonola ere, 2002ko maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak 26. eta 33. artikuluetan ezartzen du, hurrenez hurren, balio erantsiaren gaineko zerga eta zerga bereziak hitzartu egingo direla, eta zerga horiek lurralde historikoetako erakunde eskudunek estatuak une bakoitzean ezartzen dituen funtsezko eta formazko arau berberei jarraituta aplikatu behar dituela.

Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez banku fundazioei aplikagarri zaien entitateen taldeen zerga araubideak (26/2013 Legeko amaierako bigarren xedapenean jasota dago), ondorio horietarako, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legeko zazpigarren xedapen gehigarria sartu zuen (banku fundazioen entitateen taldeak sartzeari buruzkoa). Horregatik, foru arau honetan ez da jaso berariaz zerga araubide hori, aipatutako legean araututakoa Gipuzkoako lurralde historikoko zerga arautegian txertatu beharrekoa delako.

Artikulu bakarra.– Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren zuzenketa teknikoak.

Xedapen hauek aldatzen dira Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da foru arauaren izenburua:

«2/2014 Foru Araua, urtarrilaren 17koa, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergarena».

Bi.– Bi paragrafo gehitzen zaizkio amaieran 12. artikuluaren 2. apartatuari. Hona hemen haien edukia:

«Apartatu honetan jasota dauden partzialki salbuetsitako entitateak 14. artikuluan aipatutako ondare sozietatetzat hartuko dira.

69. artikuluaren 2. apartatuan jasotakoa jasota ere, partzialki salbuetsitako sozietateei ez zaizkie aplikatuko foru arau honek VI. tituluan jasotako araubide bereziak, salbu, hala badagokio, titulu horren VII. kapituluan xedatutakoa.»

Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 13. artikuluaren 4. apartatuko lehen paragrafoa:

«4.– Artikulu honetako aurreko zenbakietako a) letran xedatutakoari dagokionez, entitate batek ustiapen ekonomikoa egiten duela joko da baldin eta ekitaldian lortzen dituen sarreren 100eko 85, gutxienez, enpresa edo lanbide jardueretatik datozen errentak badira; ez dira errenta horietan inola ere sartuko foru arau honetako 48. artikuluaren 2. apartatuko a), b) eta d) letretan, entitate ez-egoiliarren errenta positibo batzuk zerga oinarrian sartzeari buruzkoan, aipatzen diren errenta motak.»

Lau.– 14.artikuluaren 4. eta 5. apartatuak, aurrerantzean 5. eta 6. apartatu berriak izango dira, eta 2. apartatuko c) eta d) letrak eta 4. apartatu berria honela idatzita gelditzen dira:

«c) Ez dira ekonomia jarduerei atxikitako ondasuntzat hartuko, era berean, laga diren edo haien gaineko eskubide errealak eratu diren ondasun higiezinak, tartean direla haien errentamendua, azpierrentamendua edo erabilera nahiz gozamen eskubide edo ahalmenen eraketa edo lagapena, edozein izanda ere haien izena edo izaera, ezta aktibo korrontetzat jotzen direnak ere, salbu eta higiezinen eraikuntza, sustapen, salerosketa edo errentamendu jarduera ekonomiko bati lotuta daudenean, entitateak plantillan izan ditzan, gutxienez, urtean batez beste bost langile, inoren kontura enplegatuak, lanaldi osoarekin eta jarduera horretarako dedikazio esklusiboarekin. Horretarako, ez dira konputatuko foru arau honetako 42. artikuluan ezarritakoaren arabera zergadunarekin lotutzat jotzen diren langileak.

Batez besteko plantilla zenbatzean, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileak hartu behar dira kontuan, hain zuzen ere foru arau honetako 42. artikuluan ezarritakoaren arabera zergadunari lotutako ondare sozietateez bestelako entitateetan enplegatuta daudenak.

Artikulu honetako c) letra honetan eta 1. apartatuko c) letrako bigarren gidoian jasotakoa jasota ere, ez dira hartuko jarduera ekonomikoei lotuta ez dauden elementutzat aktibo korrontetzat hartzen diren ondasun higiezinak, entitate hauetako batenak direnean:

a’) Beharkizun hauek betetzen dituzten entitateak:

1. Entitatearen jarduera bakarrik higiezinen sustapena edota eraikuntza izatea, eta frogatzea jarduera ekonomiko hori modu iraunkor batean egiteko behar diren bitarteko materialak eta giza baliabideak dituela.

2. Beren aktiboaren 100eko 85 edo gehiago higiezinen sustapen edota eraikuntza jarduerari lotuta egoteagatik aktibo korrontetzat hartzen diren ondasun higiezinez osatua izatea.

3. Entitatearen sarreren 100eko 85 edo gehiago entitateak sustatu edota eraikitako ondasun higiezinak eskualdatzetik eratortzea. 3. zenbaki honetan adierazitako sarrerak konputatzeko, ez dira sartuko foru arau honetako 42. artikuluan jasotakoaren arabera lotuta dauden pertsona edo entitateekin egindako eragiketetatik eratorritako sarrerak.

b’) Nagusiki higiezinen sustapen edota eraikuntzan aritzen diren eta jarduera hori modu iraunkor batean egiteko behar diren bitarteko materialak eta giza baliabideak dituztela frogatzen duten entitateak, betiere beren eragiketa bolumena ez bada handiagoa 13. artikuluaren 2. apartatuko b) letran aipatutako kopurua baino.

Horretarako, zergaldia txikiagoa denean urte naturala baino, eragiketa bolumenari dagokion magnitudea urtebetearekin parekatuko da. Era berean jokatuko da entitate sortu berria denean, jarduerarik gabeko entitate batek ustiapen ekonomiko bat hasten duenean edo ustiapen ekonomiko bat daraman entitate bat jarduerarik gabe gelditzen denean.

Entitatea sozietate talde baten barruan badago Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotakoaren arabera, aurretik aipatutako eragiketa bolumena talde horretako entitateen multzoari buruzkoa izango da. Horretarako, kontuan hartuko dira Merkataritza Kodearen 46. artikuluan eta hura garatzeko arauetan jasotakoaren arabera bidezko diren deuseztapenak.»

«d) Foru arau honetako 31. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan aipatutako aktiboak atxikitzat joko dira haien gastuak xedapen horren arabera kengarritzat jo daitezkeen proportzio berdinean.»

«4.– Ondare sozietateek ezin izango dituzte aplikatu foru arau honetan 13. artikuluan aipatutako mikroenpresentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat jasotako arauak, ez eta 27. eta 28. artikuluetan aipatutako meatzaritzako eta hidrokarburoen erauzketako jardueretan aritzen diren entitateentzat jasotako arauak ere.

69. artikuluan jasotakoa jasota ere, eta 115. artikuluaren 5. apartatuan jasotakoa eragotzi gabe, ondare sozietateei ez zaizkie aplikatuko foru arau honetako VI. tituluan jasotako araubide bereziak, salbu, hala badagokio, titulu horretako VII. kapituluan xedatutakoa.»

Bost.– Honela idatzita gelditzen da 17. artikuluaren 8. apartatua:

«8.– Foru arau honetako 31. artikuluko 4. apartatuan aipatutako garraio elementuen kasuan, artikulu honetan xedatutakoa aplikatzeko erregela hauei jarraituko zaie:

a) 4. apartatu horretako lehenengo paragrafoan aipatutako elementuengatik, ez da kopuru kengarririk izango amortizazio kontzeptupean.

b) 4. apartatu horretako bigarren paragrafoan aipatutako elementuengatik, artikulu honetan ezarritako metodoak eta sistemak aplikatuko dira. Letra honetan xedatutakotik ondorioztatzen den amortizazioa konputatu egingo da aipatutako bigarren paragrafoan jasotako urteko mugaren ondorioetarako.

c) 4. apartatu horretako hirugarren paragrafoan aipatutako elementuengatik, artikulu honetan ezarritako metodoak eta sistemak aplikatuko dira.»

Sei.– Honela idatzita gelditzen da 18. artikuluaren 7. apartatua:

«7.– Dena dela, artikulu honetan aurreikusitako araubidea ez zaie aplikatuko foru arau honetako 31. artikuluko 3. apartatuko a) letran eta c) letrako bigarren paragrafoan eta 4. apartatuko lehenengo eta bigarren paragrafoetan aipatzen diren garraio elementuei.»

Zazpi.– Honela aldatzen dira 21. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak:

«3.– Foru arau honetako 13. artikuluan aipatutako mikroenpresek, ibilgetu materialaren, ukiezinaren eta higiezinetako inbertsioen baterako amortizazio gisa (artikulu honetako 4. apartatuko bigarren paragrafoan ezarritakoak izan ezik), hautatu ahal izango dute zergaldi bakoitzean kengarritzat jotzea horrelako ondare elementuen zerga balio garbiaren 100eko 25, elementu amortizaezinen balioa alde batera utzita.

Apartatu honetan ezarritakoa aplikatzea aukeratzen duten mikroenpresek baterako amortizazioa egin beharko dute beren balantzeetan jasota dituzten baterako amortizazioa egiteko moduko ondare elementu guztiekin.

Hautu hori eginez gero, batera amortizatutako ondare elementuen amortizazio edo balio narriaduraren ziozko galera gisa kontabilizatutako zenbatekoak ezingo dira kengarritzat jo, eta egindako hautuari eutsi beharko zaio zergaduna mikroenpresa den bitartean. Halaber, letra honetan ezarritako hautua egiten duten mikroenpresek ezin dituzte aplikatu artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako arauak.»

«4.– Aurreko apartatuetan jasotakoa jasota ere, eraikinek ez dute izango aplikatzerik artikulu honetako aurreko apartatuetan jasotako amortizazio askatasuna eta amortizazio azkartua.

Bestetik, foru arau honetako 31. artikuluaren 3. apartatuko a) letran eta c) letrako bigarren paragrafoan eta 4. apartatuko lehenengo eta bigarren paragrafoetan adierazitako erregelak aplikatzen zaizkien garraiobideek ez dute izango aplikatzerik artikulu honetako aurreko apartatuetan jasotako amortizazio askatasuna, amortizazio azkartua eta baterako amortizazioa.

Bestetik, foru arau honek 31. artikuluko 3. apartatuko b) letran eta c) letrako lehenengo paragrafoan aipatutako ibilgailuei dagokienez, artikulu honetan jasotako amortizazio askatasuna edo amortizazio azkartua aplikatuko dute, xedapen haietan kontzeptu horretarako jarritako mugak aplikatuz ateratzen den kopuruan.

Azkenik, foru arau honetako 31. artikuluko 3. apartatuko e) letran eta 4. apartatuko hirugarren paragrafoan aipatzen diren ibilgailuei dagokienez, artikulu horretan ibilgailu horien balio-galeraren kengarritasunarentzako mugarik jasotzen ez den neurrian, amortizazio askatasuna eta amortizazio azkartua erabat aplikatu ahal izango dute.»

Zortzi.– Honela idatzita gelditzen da 24. artikuluaren 6. apartatua:

«6.– Partaidetzak eskualdatzean foru arau honetako 34. artikuluan jasotako xedapenetara biltzen diren errentak sortzen badira, artikulu honetan jasotakoaren arabera kendu diren kopuruak ez dira sartuko zerga oinarrian integratu ez diren errenten barruan.»

Bederatzi.– 31. artikularen 3. bis, 4. eta 5. apartatuak, hurrenez hurren, 4., 5. eta 6. apartatuak izatera pasatzen dira, honela idatzita gelditzen dira eta 1. apartatuaren g) letra eta 4. apartatu berria:

«g) Paradisu fiskaltzat jotzen diren herrialde edo lurraldeetan egoitza duten pertsona edo entitateekin zuzenean edo zeharka egindako eragiketei dagozkien zerbitzuen gastuak, edo haietan egoitza duten pertsona edo entitateen bitartez ordaintzen diren gastuak, salbu zergadunak frogatzen badu gastua benetan egindako eragiketa edo transakzio bati dagokiola.

Entitate ez-egoiliarrek lortutako zenbait errenta positibo zerga oinarrian sartzeko araubidea, foru arau honetako 48. artikuluan ezarritakoa, ez zaie aplikatuko aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera zerga kenkaririk ez duten gastuekin lotutako errentei.»

«4.– Ez dira kengarri izango itsasontziekin, aisialdiko ontziekin zein itsas kiroletarako ontziekin edo aireontziekin zerikusia duten gastuak; alegia, halakoak erostea, alokatzea, konpontzea, mantentze lanak egitea, haien balio-galera eta haiek erabiltzearekin zerikusia duen beste edozein gastu.

Modu sinesgarrian frogatzen bada elementu horiek jarduera ekonomiko bati bakarrik atxikirik daudela, aurreko paragrafoan aipatzen diren gastuak kengarri izango dira, gehieneko muga honetaraino: paragrafo honetan aipatzen diren elementuetatik eratorritako gastuak murriztu aurretiko, titulu honen V. kapituluan aurrikusitako zuzenketen aurretiko 32. artikuluaren 4. apartatuan aurrikusitako kenkariaren aurretiko eta zerga oinarri negatiboen, baldin badaude, konpentsazioaren aurretiko zerga oinarriaren zenbatekoa.

Baina ez da muga hori aplikatuko subjektu pasiboak frogatzen badu badituela behar beste baliabide material eta giza baliabide jarduera ekonomiko hau egiteko: aipatutako garraiobideak etenik gabe ustiatzea.»

Hamar.– Honela idatzita gelditzen da 32. artikuluaren 4. apartatua:

«4.– Foru arau honetako 13. artikuluaren 1. apartatuan aipatutako mikroenpresek euren zerga oinarritik kengarritzat jo ahal izango dute euren zerga oinarri positiboaren 100eko 20, apartatu honetan ezarritakoa eta 55. artikuluan ezarritako zerga oinarri negatiboen konpentsazioa aplikatu baino lehen, euren tamainari dagozkion zailtasunen zerga konpentsazio gisa.

Zenbaki honetan xedatutakoa aplikatzea bateraezina izango da titulu honetako V. kapituluan ezarritako zuzenketak egitearekin.»

Hamaika.– Honela idatzita gelditzen dira 33. artikuluaren 1. apartatuaren c) letraren lehen paragrafoa eta 6. apartatua:

«c) Banatzen diren edo parte hartzen den mozkinak enpresa jardueretatik etortzea. Horretarako ezinbestekoa izango da dibidendua banatzen duen entitateak ekitaldian lortutako sarreren 100eko 85, gutxienez, horrelako errenta motak izatea; ez dira errenta horietan inola ere sartuko foru arau honetako 48. artikuluaren 2. apartatuko a), b) eta d) letretan, entitate ez-egoiliarren errenta positibo batzuk zerga oinarrian sartzeari dagokionez, aipatzen diren errenta motak.»

«6.– Aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera zergadunaren zerga oinarrian sartzen ez diren errentei dagokienez zerga ondorioak izango dituzten datu guztiak eman behar zaizkio Zerga Administrazioari, zerga honen aitorpenarekin batera, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak zehazten duen moduan.»

Hamabi.– Honela idatzita gelditzen dira 34. artikuluaren 2. apartatuaren bigarren gidoia eta 8. apartatua:

«– Partaidetzak iraun duen bitartean entitate partaidetuak sortu dituen eta banatu ez diren mozkinen gehikuntza garbiari ez dagokion errenta zatia partaidetza eduki den aldi osoan jarraian sortutzat hartuko da, kontrako frogarik ezean, eta ez da zerga oinarrian sartuko zati bat, aurreko artikuluko 1. apartatuko b) eta c) letretan ezarritako baldintza guztiak batera bete diren ekitaldietan izandako partaidetzari dagokiona, hain zuzen ere.»

«8.– Aurreko apartatatuetan ezarritakoaren arabera zergadunaren zerga oinarrian sartzen ez diren errentei dagokienez zerga ondorioak izango dituzten datu guztiak eman behar zaizkio Zerga Administrazioari, zerga honen aitorpenarekin batera, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak zehazten duen moduan.»

Hamahiru.– Honela idatzita gelditzen da 35. artikuluaren 4. apartatua:

«4.– Aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera zergadunaren zerga oinarrian sartzen ez diren errentei dagokienez zerga ondorioak izango dituzten datu guztiak eman behar zaizkio Zerga Administrazioari, zerga honen aitorpenarekin batera, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak zehazten duen moduan.»

Hamalau.– Honela idatzita gelditzen da 36. artikuluaren 1. apartatuko bigarren paragrafoa:

«Foru arau honetako 31. artikuluaren 3. apartatuan aipatutako ibilgailuak eskualdatzen badira, ez-sartzea haren e) letran aipatutako ibilgailuei dagokienez bakarrik aplikatu ahal izango da. Era berean, aipatutako 31. artikuluko 4. apartatuan aipatutako garraio elementuak eskualdatzen badira, ez-sartzea haren hirugarren paragrafoan aipatutako elementuei dagokienez bakarrik aplikatu ahal izango da.»

Hamabost.– Honela idatzita gelditzen da 39. artikuluaren 3. apartatuaren lehen paragrafoa:

«3.– Zergadunek ez dituzte zerga oinarrian sartuko foru arau honetako 31. artikuluko 6. apartatuan aipatutako partaidetza-maileguak emanez lortu dituzten errentak, entitate mailegu hartzailearen mozkinen ondorioz errenta horiek ordainsari diren neurrian; ez da halakotzat joko interes finkoaren ondoriozko ordaina, betiere mailegua finantzabide gisa erabiltzen bada jarduera edo enpresa-proiektu berriak garatzeko, ez entitate mailegu emaileak, ez mailegu hartzaileak, ez foru arau honetako 42. artikuluan azaldutako moduan haiei lotutako inongo pertsona edo entitatek aurretik garatu ez dituztenak.»

Hamasei.– Honela idatzita gelditzen da 40. artikuluaren 3. apartatuaren azken paragrafoa:

«Apartatu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko foru arau honetako 31. artikuluko 5. apartatuan aipatutako kirol federazioen eta kirol kluben aldeko dohaintzei, haien xede propioak lortzeko erabiltzen badira.»

Hamazazpi.– Honela idatzita gelditzen da 41. artikuluaren 2. apartatua:

«2.– Egoitza Europar Batasuneko beste estatu batera aldatzen denean edo Espainiako lurraldean dagoen establezimendu iraunkor bati atxikitako elementuak Europar Batasuneko beste estatu batera eskualdatzen direnean, ordea, zergadunak aukera izango du aurreko apartatuan xedatutakoaren aplikazioari dagokion kuotaren ordainketa geroratzeko, osorik edo zati batean, harik eta aipatutako ondare elementuak hirugarren bati eskualdatu arte, Europar Batasunetik kanpo dagoen establezimendu iraunkor bati atxiki arte edo entitatearen balantzean elementu horiei baja eman arte, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Zergadunak zerrenda bat aurkeztu behar du, zerga honengatik aurkeztu behar duen azken autolikidazioarekin batera edo aurreko 1. apartatuko a eta c) letretan azaldutako inguruabarrak gertatzen diren zergaldikoarekin batera. Aurreko 1. apartatuan xedatutakoa aplikatu behar zaien ondare elementuak agertuko dira banan-banan zerrenda horretan, eta elementu bakoitzaren kontabilitate balioa, eta bakoitzaren merkatu balio normalaren eta kontabilitate balioaren arteko diferentzia, bai eta kuota likidoan elementu bakoitzari dagokion zatiaren zenbatekoa ere.

b) Bermatu egin behar da, kreditu entitate batek edo elkarren bermerako sozietate batek emandako abal solidarioaren bidez edo kauzio aseguruaren ziurtagiriaren bidez, kuota kobratuko dela, zergadunak apartatu honetan ezarri den moduan geroratu nahi duen ordainketaren zenbatekoraino, gehi 100eko 30, berandutze interesak eta, halakorik balego, zerga-bilketaren kostuak bermatzeko.

c) Zergadunak urtero aitorpena aurkeztu behar du, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak beren beregi onesten duen ereduan. Bertan ondare elementuetako bakoitzaren egoera azaldu behar da, aurreko a) letran aipatutako zenbatekoak jaso behar dira, eta, apartatu honetako lehen paragrafoan aipatutako inguruabarrak gertatu badira, noiz gertatu diren adierazi behar da.

Apartatu honetan azaldutako kasuetan, zergadunak, c) letran aipatutako aitorpenarekin batera, kuota geroratuaren zenbateko hau sartu beharko du: apartatu honetako lehen paragrafoan aipatutako inguruabarrak urte horretan gertatu zaizkien ondore elementuei dagokien zenbatekoa, gehi sortutako berandutza interesak.

Zergadunak eskatu ahal izango du murriztu egin dadila b) letran xedatutakoa aplikatzearen ondorioz eman beharreko bermea, egindako ordainketak kuota geroratu osoan hartzen duen proportzio berean.»

Hemezortzi.– Honela idatzita gelditzen da 43. artikuluaren 6. apartatuaren c) letraren lehen gidoia:

«– Higiezinaren balio katastralari urteko 100eko 4ko tasa aplikatuta ateratzen den zenbatekoa. Higiezinak balio katastralik ez badu, erregelamenduz zehazten den balioa hartuko da.»

Hemeretzi.– Honela idatzita gelditzen da 51. artikuluaren 1. apartatua:

«1.– Zergadunek zerga oinarritik kendu ahal izango dute zerga ondorioetarako euren ondare garbiak aurreko bi ekitaldietako batez bestekoaren aldean izandako gehikuntzaren 100eko 10. Kasu horretan, gehikuntza horren pareko zenbatekoa erreserba batean sartu beharko dute, eta ezingo dute erreserba hori baliatu harik eta kenkaria aplikatu duten zergaldia amaitzen denetik bost urte igaro arte, gutxienez, salbu kapitalera gehitu zaion gehikuntza horren zatia.»

Hogei.– Honela idatzita gelditzen dira 52. artikuluaren 1. eta 3. apartatuak:

«1.– Zergadunek zerga oinarritik kendu ahal izango dute mozkinak nibelatzeko erreserba berezi baten zuzkidurarako erabiltzen duten kontabilitate emaitza positiboaren zenbatekoa, gehieneko muga hau gainditu gabe: emaitza horretatik merkataritzako legeriarekin eta haren estatutu-aurreikuspenekin bat etorriz libreki balia dezaketen zatiaren 100eko 10.

Artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz zerga-oinarrian egiten den murrizpenak ezingo du gainditu zergaldiko zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 15, kapitulu honetan araututako zuzenketak eta 55. artikuluan ezarritako zerga oinarri negatiboen konpentsazioa aplikatu baino lehen.

Halaber, mozkinak nibelatzeko erreserba bereziaren saldoak inoiz ere ezingo du gainditu zergadunaren zerga ondorioetarako ondare garbiaren 100eko 20, ondare garbitzat hartuta foru arau honetako 47. artikuluko 2. apartatuan hala definitutakoa.»

«3.– Zergadunak ezingo du mozkinak nibelatzeko erreserba bereziaren saldoa baliatu aurreko apartatuan aipatutako epean, salbu zerga oinarrian sartu diren diru kopuruengatik.

Apartatu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, ez-betetzea gertatu den zergaldiko zerga oinarrian sartu beharko dira zerga oinarritik kendu diren eta ez-betetzea dagokien diru kopuruak, euren zenbatekoaren 100eko 5 gehituta, mozkinak nibelatzeko erreserba berezirako zuzkidura zein zergalditako kontabilitate emaitza positiboaren kargura egin den, zergaldi hartako azken egunetik igarotako urte bakoitzeko.»

Hogeita bat.– Honela idatzita gelditzen da 53. artikulua:

«53. artikulua. Ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezia.

1.– Zergadunek zerga oinarritik kendu ahal izango dute ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba bereziaren hornidurarako euren kontabilitate emaitza positibotik hartzen duten zenbatekoaren 100eko 60.

Artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz zerga oinarrian egiten den murrizpenak ezingo du gainditu zergaldiko zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 45, kapitulu honetan jasotako zuzenketak eta zerga oinarrien konpentsazioa aplikatu baino lehen.

Halaber, ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba bereziaren saldoak inoiz ere ezingo du gainditu zergadunaren zerga ondorioetarako ondare garbiaren 100eko 50 (ondare garbitzat hartuta foru-arau honetako 47. artikuluko 2. apartatuan hala definitutakoa), salbu eta kontabilitateko galeren ondorioz gehikuntza gertatzen denean.

2.– Artikulu honetan xedatutakoaren babesean ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezian sartzen diren diru kopuruak honako xede hauetakoren baterako erabili beharko dira, erreserba berezirako zuzkidura zein zergalditako kontabilitate emaitza positiboaren kargura egin den, zergaldi hartako azken egunetik hiru urte igaro baino lehen:

a) Foru arau honetako 61. artikuluan ezarritako kenkarirako eskubidea ematen duten aktibo ez-korronte berriak erosteko.

Zergadunak, horrelakoetan, ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezian sartutako diru kopuruen bikoitza inbertitu beharko du aktibo ez-korronte berriaren erosketan, zuzkidura osoa aplikatutzat jo ahal izateko, eta ezingo du aplikatu foru arau honetako 61. artikuluan ezarritako kenkaria, letra honetan ezarritako zenbatekoraino.

b) Foru arau honetako 65. artikuluko 2. apartatuan ezarritako kenkarirako eskubidea ematen duten ondare elementuak erosteko.

Zergadunak, horrelakoetan, ezingo du aplikatu foru arau honetako 65. artikuluko 2. apartatuan ezarritako kenkaria, ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba bereziaren kargura aplikatu den zenbatekoraino.

c) Lehen mailako merkatuan entitateetako partaidetzak eskuratzea, partaidetzok baldintza hauek betetzen badituzte: foru-arau honetako 33. artikuluko 1. apartatuan ezarritako beharkizunak betetzea; ez kotizatzea bigarren mailako merkatu antolatuetan; enpresa proiektu garrantzitsuak ahalbidetzea, jarduera, produktu edo merkatu berrien garapena, lehendik daudenen handitze edo finkapena edota lanpostu egonkorren sorrera eragiten dutenak; partaidetutako entitatearen zerga ondorioetarako ondare garbiaren gehikuntza nabarmena ekartzea; kapitalen merkatuetan sartzeko zailtasunak izatea, egin beharreko inbertsioen tamaina, berritasuna edo arriskua dela-eta; eta foru arau honetako 13. artikuluko 3. apartatuko a) eta c) letretan ezarritako betekizunak betetzea.

Foru arau honetako 42. artikuluko 3. apartatuan adierazten den moduan lotutako pertsona edo entitate bati erosten bazaizkio partaidetzak, ez da aplikatuko letra honetan xedatutakoa.

d) Inbertsioa egitea, kapitaleko partaidetzaren bitartez, hazteko ahalmen handia duten mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertainen enpresa-proiektu berriren bat garatzeko hasierako etapan edo garapen etapan. Inbertsio hori egiteaz gainera, enpresaren kudeaketan parte har daiteke norberaren lanbide esperientzia baliatuta, epe ertaineko errentagarritasuna lortze aldera, bussiness angel edo inbertsiogile pribatu informalaren figura dela medio.

Letra honetan azaldutako kasuan, erreserba berezia gauzatzeko egiten den inbertsioa ez da 100.000 eurotik gorakoa izango enpresa-proiektu bakoitzeko, eta zenbateko hori gainditzen bada, proiektu horretan 100.000 euroko zenbatekoa baino ez da gauzatutzat joko.

67. artikuluaren 5. apartatuan xedatutakoaren arabera eutsi beharko zaie a) eta b) letretan aipatutako inbertsioei.

Gutxienez 5 urtez eutsi beharko zaie c) eta d) letretan aipatutako inbertsioei, salbu eta, d) letrako kasuan, enpresa-proiektuak porrot egiten duenean, eta hori gertatu dela ulertuko da partaidetutako entitatea likidatzen bada edo konkurtso egoera deklaratzen bazaio.

3.– Aurreko apartatuan ezarritako hiru urteko epea igarotakoan, zergadunak ez baditu erabat gauzatu ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezian sartutako diru kopuruak, geratzen den zenbatekoaren 100eko 60 zerga oinarriari gehituko zaio aipatutako epea betetzen den zergaldian, eta zenbateko horren 100eko 15eko zuzenketa positibo gehigarria egingo da.

4.– Aurreko 2. apartatuan aipatzen den euste epean, zergadunak ezin izango du baliatu ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba bereziaren saldoa.

Apartatu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, ez-betetzea gertatu den zergaldiko zerga oinarrian sartu beharko dira zerga oinarritik kendu diren eta ez-betetzea dagokien diru kopuruak, euren zenbatekoaren 100eko 5 gehituta, ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezirako zuzkidura zein zergalditako kontabilitate emaitza positiboaren kargura egin den, zergaldi hartako azken egunetik igarotako urte bakoitzeko.

5.– Zergadunak artikulu honen 2. apartatuko c) letran azaldutako xedeetarako erabili nahi badu ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba bereziaren saldo osoa edo horren zati bat, Administrazioa aurretiaz lotesteko prozedura hasi beharko du, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 82. artikuluan eta ondorengoetan ezarrita dagoen bezala, artikulu honetan aipatutako erreserba berezirako zuzkidura zer zergalditako kontabilitate emaitza positiboaren kargura egin den, zergaldi hartako urteko kontuak onesteko ezarritako epea amaitu baino lehen. Prozedura horretan zehatz-mehatz jaso behar dira erreserba gauzatzeko proiektuak, eta justifikatu egin behar da inbertsioen emaitza den ekoizpen jarduera sendotzeko eta enpresa-sustapenerako xedea bete egin dela, baita haren eragin ekonomikoa ere.

Administrazioa aurretiaz lotesteko prozeduraren ebazpen aldekoa ezinbestekoa izango da zerga oinarria murriztu ahal izateko artikulu honetako 1. apartatuan adierazitako moduan, eta geroago ez badira betetzen prozedura horren baldintzak, artikulu honetako 4. apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio Administrazioa aurretiaz lotesteko prozeduraren xede izan den kenkariaren zenbateko osoari.

Erregelamendu bidez zehaztuko da Administrazioa aurretiaz lotesteko prozedura hori hasteko zer baldintza bete beharko diren eta gutxienez zer elementu frogatu beharko diren prozeduraren ebazpen aldekoa lortzeko.

6.– Ezingo dute artikulu honetan xedatutakoa aplikatu foru arau honetako 32. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoaz baliatu diren mikroenpresek.

7.– Ezingo dute artikulu honetan xedatutakoa inola ere aplikatu foru arau honetako 56. artikuluko 1. apartatuan ezarritako karga tasez bestelakoak dituzten entitateek eta sozietateen gaineko zergan ezarritako araubide bereziak dituztenek, foru arau honetako VI. tituluko VII. kapituluan ezarritako araubidea izan ezik.

Foru arau honetako VI. tituluko VI. kapituluan ezarritako erregelei jarraituz zergapetutako talde fiskalek artikulu honetan xedatutakoa aplikatu ahal izango dute foru arau honetako 89. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.»

Hogeita bi.– 55. artikuluari apartatu berri bat gehitzen zaio, 5. apartatua, honako eduki hau duena:

«5.– 14. artikuluan jasotako ondare sozietateek ezin izango dituzte beren zerga oinarriak konpentsatu ondare sozietate moduan tributatu ez zuten zergaldiei dagozkien zerga oinarri negatiboekin.»

Hogeita hiru.– Honela idatzita gelditzen da 57. artikulua:

«57. artikulua.– Kuota osoa.

Kuota osoa oinarri likidagarriari karga tasa aplikatzetik ateratako kopurua da.»

Hogeita lau.– 61. artikuluari apartatu berri bat gehitzen zaio, 6. apartatua, honako eduki hau duena:

«6.– Aktiboak eskuratzen badira legezko lagapen-obligazio bat betetzeagatik, entitate lagapendunak ezingo du aplikatu artikulu honetan aipatzen diren kenkariak. Gainera, artikulu honen 3. apartatuaren d) letran jasotakoaren ondorioetarako, lagapendunak aktibatutako zenbatekoak ezingo dira konputatu ez ekitaldiko inbertsio gisa ez lehenagotik dauden aktibo gisa.»

Hogeita bost.– 62. artikuluari 5, 6 eta 7. apartatu berriak eransten zaizkio, eduki honekin:

«5.– Ikertzaileek Gizarte Segurantzako kotizazioetan duten hobaria (Ikertzaileen Gizarte Segurantzarako kotizazioetako hobariei buruzko 2014ko ekainaren 13ko 475/2014 Errege Dekretuan arautua) bateragarria izango da ikerketa eta garapen jarduerak direla-eta ezarritako kenkarien erregimenaren aplikazioarekin, mikroenpresen zein enpresa txiki eta ertainen kasuan.

6.– Gainerako enpresa edo entitateen kasuan ere, 2014ko ekainaren 13ko 475/2014 Errege Dekretuan araututako hobaria bateragarria izango da kenkari honekin, baina ikertzaile berari aplikatzen ez bazaio. Halakoetan, enpresek bi aukera dituzte: batetik, hobaria aplikatzea Gizarte Segurantzako kotizazioan, errege dekretu horren 2. artikuluan aipatzen diren langileei dagokienez; bestetik, kenkaria aplikatzea langileok parte hartzen duten eta ikerketa eta garapen jarduerak egiten dituzten proiektuen ondoriozko kostuengatik.

Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat, enpresa berarentzat bateragarria izango da, proiektu berean, ikertzaile batzuen kasuan hobariak aplikatzea eta beste ikertzaile batzuk direla-eta kenkariak aplikatzea.

7.– Zerga Administrazioak eskaturik, hobariak eta kenkariak aplikatzen dituzten entitateek edo enpresek urteko memoria bat aurkeztu beharko dute, egindako jarduerak zein proiektuak eta hobariak ukitutako ikertzaileak jasoko dituena.»

Era berean, 63. artikuluari 6, 7 eta 8. apartatu berriak eransten zaizkio, eduki honekin:

«6.– Ikertzaileek Gizarte Segurantzako kotizazioetan duten hobaria (Ikertzaileen Gizarte Segurantzarako kotizazioetako hobariei buruzko 2014ko ekainaren 13ko 475/2014 Errege Dekretuan arautua) bateragarria izango da berrikuntza teknologikoko jarduerak direla-eta ezarritako kenkarien erregimenaren aplikazioarekin, mikroenpresen zein enpresa txiki eta ertainen kasuan.

7.– Gainerako enpresa edo entitateen kasuan ere, 2014ko ekainaren 13ko 475/2014 Errege Dekretuan araututako hobaria bateragarria izango da kenkari honekin, baina ikertzaile berari aplikatzen ez bazaio. Halakoetan, enpresek bi aukera dituzte: batetik, hobaria aplikatzea Gizarte Segurantzako kotizazioan, errege dekretu horren 2. artikuluan aipatzen diren langileei dagokienez; bestetik, kenkaria aplikatzea langileok parte hartzen duten eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiten dituzten proiektuen ondoriozko kostuengatik.

Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat, enpresa berarentzat bateragarria izango da, proiektu berean, ikertzaile batzuen kasuan hobariak aplikatzea eta beste ikertzaile batzuk direla-eta kenkariak aplikatzea.

8.– Zerga Administrazioak eskaturik, hobariak eta kenkariak aplikatzen dituzten entitateek edo enpresek urteko memoria bat aurkeztu beharko dute, egindako jarduerak zein proiektuak eta hobariak ukitutako ikertzaileak jasoko dituena.»

Hogeita sei.– Honela idatzita gelditzen dira 67. artilukuluaren 3. apartatuko laugarren paragrafoa eta 7. apartatua:

«Foru arau honetako 31. artikuluko 3. apartatuan aipatutako ibilgailuen kasuan, kenkariak aplikatuko zaizkie haren e) letran aipatutako ibilgailuei bakarrik. Era berean, 31. artikulu horretako 4. apartatuan aipatutako garraio elementuen kasuan, kenkariak aplikatuko zaizkie haren hirugarren paragrafoan aipatutako elementuei bakarrik.»

«7.– Kuota likidoko kenkariak aplikatzerakoan, honako hurrenkera hau jarraitu behar da:

a) Lehenengo, aurreko ekitaldietan sortutako kenkariak aplikatu behar dira, bakoitzaren arautegian ezarritako muga errespetatuta.

b) Ondoren, artikulu honetako aurreko 1. apartatuan ezarritako muga aplikatu behar zaien ekitaldi bereko kenkariak aplikatuko dira.

c) Jarraian, kuota likidoaren gaineko mugarik gabe aplikatzen diren aurreko ekitaldietako kenkariak aplikatuko dira.

d) Azkenik, kuota likidoaren gaineko mugarik gabe aplikatzen diren ekitaldiko kenkariak aplikatuko dira.

Kuota likidoaren gaineko muga duten kenkarien baturak inoiz ere ezin izango du gainditu kuota likido horri artikulu honetako 1. apartatuan aipatzen den ehunekoa aplikatzetik ateratzen den zenbatekoa, alde batera utzita kenkari horiek zer ekitalditan sortu diren.»

Hogeita zazpi.– Honela idatzita gelditzen da 100. artikuluaren 1. apartatua:

«1.– Sozietate nagusiak, talde fiskalaren aitorpena aurkezten duen aldi berean, taldeari dagokion zerga zorra kitatu beharko du eta berau Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak adierazten dituen lekuan, moduan eta epeetan sartu.»

Hogeita zortzi.– Honela idatzita gelditzen da 105. artikuluaren 5. apartatua:

«5.– Zerga paradisutzat jotzen diren lurralde edo lurraldeetan helbideratutako edo finkatutako entitateek esku hartzen duten eragiketetatik lortutako errentak, edota horien bidez lortutakoak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edota zerga honen zerga oinarrian sartuko dira.»

Hogeita bederatzi.– Honela idatzita gelditzen da 106. artikuluaren 4. apartatua:

«4.– Zerga paradisutzat jotzen diren lurralde edo lurraldeetan helbideratutako edo finkatutako entitateek esku hartzen duten eragiketetatik lortutako errentak, edota horien bidez lortutakoak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edota zerga honen zerga oinarrian sartuko dira.»

Hogeita hamar.– Honela idatzita gelditzen da 107. artikuluaren 3. apartatua:

«3.– Eskuratutako ondasunak, zergari dagokionez, foru arau honen 103. artikuluan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

Hala ere, entitate eskuratzaileak entitate eskualdatzailearen kapitalean gutxienez 100eko 5eko partaidetza badu (edo 100eko 3koa, sozietate horrek antolatutako bigarren mailako merkatu batean kotizatuz gero), partaidetzak duen eskurapen prezioaren eta ondare garbiaren arteko diferentziaren zenbatekoa eskuratutako ondasunei eta eskubideei egotziko zaie; horretarako Merkataritza Kodeko 46. artikuluan eta hura garatu duten gainerako arauetan ezarritako integrazio metodo orokorra aplikatuko da. Gainera, aurrean aipatutako balorazioaren arabera egoten ez den diferentziaren zatia kengarria izango da zerga ordainketan, foru arau honetako 25. artikuluko 1. apartatuan ezarri den bezala. Salbuespena: batera zein bestera, foru arau honetako 34. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, aurreko beste entitate eskualdatzaile baten zerga oinarrian sartu ez den diferentziaren zatia.

Orobat, jasotako ondasun eskubideei egotziko zaie entitate eskualdatzailearen egoitzan sortutako ondasun eskubideen balioak izandako aldaketen ondoriozko doikuntzekin bat datorren partaidetzak zerga ondorioetarako duen eskuraketa balioaren zatia, zati hori galera-irabazien kontuan egotzi ez zenez gero, ez baitzuen zerga ondoriorik izan.

Aurreko bi paragrafoetan xedatutakoa aplikatzeko, ezinbestekoa izango da entitate eskuratzailea eta eskualdatzailea ez izatea sozietate talde berekoak, Merkataritza Kodeko 42. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz, egoitza non duten eta urteko kontuak batera egin behar dituzten alde batera utzita. Beharkizun hori ez zaio ezarriko pertsona edo entitate eskualdatzaileak ordaindutako partaidetzaren eskuraketa prezioari, eskualdatzaileak, aldi berean, Merkataritza Kodeko 42. artikuluan xedatutako balizkoen artean ez dauden pertsona edo entitate bati eskuratu badio.

Aurreko paragrafoan jasotako beharkizuna betetzen ez denean, partaidetzak zerga ondorioetarako duen eskurapen balioaren eta ondare partaidetuaren ondare garbiaren arteko diferentziari dagokion kenkaria bakarrik egin daiteke baldin eta kreditatzen bada erositako sozietatearen merkataritza-fondoaren balio-galera itzulezin bati dagokiola.»

Hogeita hamaika.– Honela idatzita gelditzen dira 115. artikuluaren 1. eta 5. apartatuak:

«1.– Kapitulu honetan ezarritako araubideari jarduera ekonomiko nagusitzat ondasun higiezinen gaineko eskubide errealak lagatzea edo eratzea duten zergadunek heldu ahal diote (jarduera horren barruan sartzen dira ondasun horiek errentan edo azpierrentan ematea eta ondasunok erabiltzeko edo gozatzeko eskubideak edo ahalmenak eratzea, izena eta izaera gorabehera), baldintza hau betez gero: entitatearen urteko batez besteko plantilla bost langilekoa izan behar da, hain zuzen ere besteren konturako langileak, lansaio osokoak eta dedikazio esklusiboa dutenak. Horretarako, ez dira zenbatuko foru arau honetako 42. artikuluan ezarritakoaren arabera zergadunarekin lotutzat jotzen diren langileak.

Batez besteko plantilla zenbatzean, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileak hartu behar dira kontuan, hain zuzen ere foru arau honetako 42. artikuluan ezarritakoaren arabera zergadunari lotutako ondare sozietateez bestelako entitateetan enplegatuta daudenak.»

«5.– Entitate bati VI. titulu honetako gainerako araubide berezietako bat aplikatu ahal bazaio (salbuespenak: zerga baterakuntzaren araubide berezia; bat-egiteen, zatiketen, aktibo ekarpenen, balore trukeen, aktiboaren eta pasiboaren lagapen osoaren, eta Europako sozietate edo sozietate kooperatibo baten egoitza Europar Batasuneko estatu kide batetik beste batera aldatzearen araubide berezia), ezin hautatu izango du kapitulu honetako araubidea, ondorengo paragrafoan ezarritakoa eragotzi gabe.

Foru arau honetako 13. artikuluan ezarritakoaren arabera mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertain diren entitateek, honako hauen artean hauta dezakete: foru arau honetan entitate horientzat ezarritako espezialitateak aplikatzea edo kapitulu honetako araubide berezia aplikatzea.

Foru arau honetako 14. artikuluan jasotakoaren arabera ondare sozietatetzat hartzen diren entitateek honako hauen artean hauta dezakete: foru arau honetan entitate horientzat ezarritako espezialitateak aplikatzea edo kapitulu honetako araubide berezia aplikatzea.»

Hogeita hamabi.– Honela idatzita gelditzen da 116. artikuluaren 2. apartatua:

«2.– Artikulu honetako aurreko apartatuan errentak zerga oinarrian ez sartzeaz ezarritakoa entitatearen higiezinak eskualdatuta lortutako errentei ere aplikatuko zaie, honako baldintza hau betez gero: eskualdatu aurretik entitateak gutxienez 10 urtean eduki izana errentatuta edo lagata, foru arau honetako 115. artikuluan ezarritako kasuetan.

Higiezina eskualdatu bada, errentak zerga oinarrian ez integratzeko, ezinbestekoa izango da, gainera, hura ez eskuratzea ez errentariak ez lagapen-hartzaileak.»

Hogeita hamahiru.– Honela idatzita gelditzen da 126. artikuluaren 1. apartatua:

«1.– Zergadunek zerga honen aitorpena aurkeztu eta sinatu behar dute; Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ezarriko du non eta nola egin behar den.

Aitorpena aurkeztu beharko da zergaldia amaitu osteko sei hilabeteen ondorengo 25 egun naturalen barruan. Alabaina, salbuespenezko kasuetan eta egoerak horrela eskatzen badu, Zerga Administrazioak baimena eman ahal izango du epe hori baino lehenago aurkezteko.

Epe horren hasieran Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak zehaztu ez badu zergaldi horren aitorpena aurkezteko era, aitorpena aurkezteko era zehazten duen xedapena indarrean jarri osteko 25 egun naturaleko epe barruan aurkeztu beharko da aitorpena. Hala ere, horrelakoetan zergadunak beste aukera bat ere badu: aitorpena aurreko paragrafoan aipatzen den epealdian aurkeztea aurreko zergaldiko aitorpenerako onartutako baldintza formalak beteta.»

Hogeita hamalau.– Honela idatzita gelditzen da 127. artikuluaren 1. apartatua:

«1.– Aitorpena aurkeztearekin batera zergadunek euren zorra zehaztu behar dute eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ezartzen duen bezala (tokia eta modua) ordaindu behar dute.»

Hogeita hamabost.– 128. artikulua honela idatzita geratzen da:

«128. artikulua.– Autolikidazioa aurkeztean egin behar diren hautapenak.

1.– Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorreko 115. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, zerga honen autolikidazioa aurkezten denean honako hauek hautatu behar dira:

a) Finantza errentamenduko kontratu batzuen zerga araubidea (18. artikulua).

b) Hidrokarburoen esplorazioan, ikerketan eta ustiapenean aritzen diren entitateen aktibo ukigarrien eta ukiezinen eta ikerketako gastuen amortizazioagatik kenkaria aplikatzea (20. artikuluko 3. apartatua).

c) Amortizatzeko askatasuna, amortizazio azkartua eta baterako amortizazioa (21. artikulua).

d) Mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek kaudimengabeziagatiko kredituen narriaduren ondoriozko galerak osorik kentzea (22. artikuluko 3. apartatua).

e) Finantza-merkataritzako funtseko zenbatekoen zerga oinarriaren murrizpena (24. artikulua).

f) Bizitza baliagarri mugagabea duten ukiezin batzuen zenbatekoen zerga oinarriaren murrizpena (25. artikulua).

g) Agortze faktorea meatzaritzako jardueretan (28. artikulua).

h) Agortze faktorea hidrokarburo guneak arakatu, ikertu eta ustiatzeko jardueretan (29. artikulua).

i) Aurrezki kutxen ongintzarako eta gizarte ekintzarako kopuruen kenkaria (30. artikulua).

j) Kenkariaren gehikuntza garraiobideak erabiltzeak eragindako gastuengatik (31. artikuluko 3. apartatuko b), c) eta e) letrak).

k) Mikroenpresen kasuan, 32. artikuluko 4. apartatuan araututakoa aplikatzea.

l) Aparteko mozkinen berrinbertsioa (36. artikulua).

m) Jabetza intelektuala edo industriala ustiatzeagatiko murrizpena (37. artikulua).

n) Kuotaren ordainketa geroratzea egoitza edo ondare elementuak Europar Batasuneko beste estatu batera aldatzeagatik (41. artikuluko 2. apartatua).

ñ) Emaitzaren aplikazioaren zuzenketak (IV. tituluko V. kapitulua).

o) Epekako edo prezio geroratuko eragiketetan, errentak 54. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren arabera integratzea.

p) Aurreko ekitaldietako zerga oinarri negatiboen konpentsazioa (55. artikulua).

q) Atzerriko zergen kenkaria (60. artikuluko 5. apartatua).

r) V. tituluko III. kapituluko kenkariak.

s) Kuotaren ordainketa geroratzea 102. artikuluko 1. apartatuko a) eta c) letretan ezarritako kasuetan.

t) 102. artikuluko 2. apartatuan ezarritako geroratze araubideari uko egitea.

u) Hamabosgarren xedapen gehigarrian jasotako kenkariak

2.– Zergaren autolikidazioan, aurreko apartatuan aipatutako hautapenak zergaren aitorpena nork bere borondatez aurkezteko epealdia amaitutakoan aldatu ahal dira, baldin eta Zerga Administrazioak errekerimendurik egiten ez badu.

Hala ere, borondatezko epealdia amaitutakoan ezin izango dira aldatu aurreko apartatuko e), f), j), k), n), ñ), q), r), s), t) eta u) letretako hautapenak zergaren autolikidaziorako.

3.– Aurreko 2. apartatuko bigarren paragrafoan ezarritakoa gorabehera, zergadunek zergaren autolikidaziorako borondatezko epea amaitu ondoren, egindako akats aritmetiko eta egitezkoak zuzendu ahal izango dituzte, eta betiere Zerga Administrazioak aurretiazko errekerimendurik egin ez badie.

Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, akats aritmetikoak edo egitezkoak zuzentzeak ezin du eragin 100eko 50 baino gehiago aldatzea zergaren borondatezko autolikidazio-epean aurkeztutako autolikidazioetan jasotako zenbatekoak, ez eta zerga oinarria murriztea dakarten zenbatekoak egiaztatzea edo zergaren borondatezko aitorpen epean aurkeztutako autolikidazioetan jasota ez zeuden kontzeptu edo eragiketen ondorioz kuotan kenkariak aplikatzea ere.

4.– Aurreko zenbakian ezarritakoa gorabehera, zergadunek edozein unetan zuzendu ahal izango dituzte euren autolikidazioak, zuzenketa hori zerga-oinarria edo zergaren kuota murriztea ekarri zuten aukerak ezerezteko bada, hartarako betekizunak betetzen ez dituztela jakin badakite eta betiere Zerga Administrazioak aurretiazko errekerimendurik egin ez badie.

5.– Zergaren borondatezko autolikidaziorako epean autolikidaziorik aurkeztu ez duten zergadunek ezin izango dituzte inola ere erabili 2. apartatuko bigarren paragrafoan aipatzen diren aukerak. Artikulu honetan jasotzen diren gainerako aukerak ere ezingo dituzte erabili, Zerga Administrazioak errekerimendurik egin badie.»

Hogeita hamasei.– Honela idatzita gelditzen da 130. artikuluaren 2. apartatua:

«2.– Atxikipenak aplikatu behar dituenak Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak zehaztutako ereduan, epealdian, moduan eta tokian aurkeztu behar du atxikitako kopuruen aitorpena (atxikipenik egin ez badu, aitorpen negatiboa). Aldi berean, atxikipenen urteko laburpen bat aurkeztuko du erregelamendu bidez zehaztutako edukiarekin.»

Hogeita hamazazpi. Honela idatzita gelditzen da hamabigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatua:

«4.– Aurreko apartatuan aipatzen diren kasuetan zergapekoak Ogasun eta Finantza Departamentuko diputatuak foru aginduz ezartzen dituen betebehar formalak bete behar ditu. Hain zuzen ere, zergaldi bakoitzean aurreko apartatuan ezarritakoa aplikatu zaien karguen eta erreserba-konturako ordainketen berri eman behar du eta zergaldi horretako zerga oinarrietan integratutako diru kopuruak eta ondorengo zergaldietan sartzeko utzitakoak azaldu behar ditu.»

Hogeita hemezortzi.– Honela idatzita gelditzen da hamalaugarren xedapen gehigarriaren 8. apartatua:

«8.– Xedapen gehigarri honetan ezarritakoa aplikatzen duten entitateek sozietateen gaineko zergaren karga berezia jasango dute zergaldi bakoitzean: xedapen honetako 1. apartatuan aipatzen diren entitate ez-egoiliarren kapitaletan zergaldiko azken egunean dituzten partaidetzan kontabilitateko balioaren 100eko 0,5. Karga horri ezin zaio aplikatu kenkaririk, eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ezartzen duen bezala ordaindu behar da zergaldi bakoitzeko sozietateen gaineko zergaren autolikidazioaren epealdi berean.

Apartatu honetako karga berezia ez da eskatuko kasu honetan: kuota efektiboari foru arau honetako 68. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoren ondorioz Zerga Administrazioari ordaindu beharreko kopurua aurreko apartatuan xedatutakoaren araberako kopuru berdina edo handiagoa denean. Ordaindu beharreko kopurua aurreko paragrafoan jasotako karga baino txikiagoa izanez gero, karga berezia izango da paragrafo horretan jasotakoaren eta kopuru horren arteko diferentzia.»

Hogeita hemeretzi. Honela idatzita gelditzen da hamaseigarren xedapen gehigarriaren 3. eta 6. apartatuak:

«3.– Aldatu egiten da Kooperatiben Zerga Araubideari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauko 25. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

"25. artikulua.– Kooperatiben itzulkinen gaineko zergapetze bikoitza ezabatzea.

Kooperatiba babestuetako bazkide diren pertsona juridikoek 100eko 10eko kenkaria izango dute sozietateen gaineko zergan kooperatiben itzulkinei dagokienez. Gertatzen bada, bereziki babestutako kooperatiba izateagatik, etekin horiek foru arau honen 27. artikuluko 2. apartatuan aurreikusten den kenkaria izan dutela, kenkaria itzulkin horien 100eko 5ekoa izango da."»

«6.– Aldatu egiten da Kooperatiben Zerga Araubideari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauko 28. artikuluko 3. apartatua, eta honela idatzita gelditzen da:

"3.– Elkartutako kooperatibak babestuak edo babes berezikoak badira, aurreko 26. artikuluan ezarritako zerga onurez gain foru arau honetako 27. artikuluko 2. zenbakian ezarritako kenkaria ere aplikatu ahal izango dute; kenkari hori babes bereziko kooperatibekin egindako eragiketen ondoriozko emaitzei dagokien kuota likidoari soilik aplikatuko zaio."»

Berrogei.– Edukirik gabe uzten da hamazazpigarren xedapen gehigarria.

Berrogeita bat.– Honela idatzita gelditzen da seigarren xedapen iragankorra:

«Seigarrena.– Aplikatzeko dauden kenkariak.

1.– Foru arau honek ondorioak izan aurreko ekitaldietan zergapetze bikoitzarengatik sortutako kenkarietatik aplikatzeko dauden kopuruak kasuan kasuko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz aplikatuko dira.

2.– Foru arau honek ondorioak izan aurreko ekitaldietan zergapetze bikoitzarengatik sortutako kenkarietatik eta bestelako zerga onuretatik aplikatzeko dauden kopuruak kasuan kasuko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz aplikatuko dira, eta den-denetan foru arau honetako 67. artikuluan xedatutakoa hartu behar da kontuan.

3.– Aurreko 2. apartatuan xedatutakoa xedatuta ere, 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan sortutako kenkarietatik eta bestelako zerga onuretatik aplikatu gabe dauden zenbatekoak (zergapetze bikoitzari lotutako kenkariak ez beste guztiak) kasuan kasuko arautegian ezarritakoarekin bat etorriz aplikatuko dira; horretarako, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 46. artikuluan zergaldi horietarako ezarritako baldintzak bete behar dira, kuota urritasunagatik kendu ez diren kopuruak aplikatzeko epealdia izan ezik, kasu guztietan hamabost urtekoa izango baita.»

Berrogeita bi.– Honela idatzita gelditzen da hamaseigarren xedapen iragankorra:

«Hamaseigarrena.– Mikroenpresen baterako amortizazioa.

Nolanahi ere, baterako amortizazioak ez die eragingo aukera horri erabili aurretik amortizatutako ondare- elementuei, baldin eta elementuotan hauek aplikatu baditu: batetik, amortizatzeko askatasuna, Foru Arau honen 21. artikuluaren 1. apartatuan eta Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Forua Arauan arautzen dena; bestetik, amortizazio azkartua, foru arau honen 21. artikuluko 2. apartatuan edo Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 50. artikuluan jasotzen dena, eta, azkenik, finantza-errentamenduko kontratuetako kuoten kenkaria, foru arau honen 18. artikuluan edo Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 116. artikuluan jasotzen dena. Izan ere, ondare elementu horien guztien kasuan aurreko amortizazio modu berari eutsiko zaio, harik eta elementu horiek guztiz amortizatu arte.»

Berrogeita hiru.– Honela idatzita gelditzen da hamazazpigarren xedapen iragankorra:

«Hamazazpigarrena.– Aitorpen bateratuaren araubidea.

Foru arau honek ondorioak sortzerakoan araubide bateratua erabiltzen duten sozietate taldeek araubide horrekin jarraituko dute, eta foru arau honek VI. tituluko VI. kapituluan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie.»

Berrogeita lau.– Xedapen iragankor berri bat gehitzen da, hogeigarrena, eduki hau izango duena:

«Hogeigarrena.– Higiezinen sustapen eta eraikuntza.

"1.– Foru arau honek 14. artikuluaren 1. apartatuko c) letran eta 2. apartatuko c) letran jasotakoa jasota ere, azken c) letra horretan aipatutako sustapenean edota eraikuntzan aritzen diren entitateei dagokienez, ez dira jarduera ekonomikoei atxiki gabeko elementutzat hartuko obra baimena foru arau honek ondorioak izan aurretik eman zaien higiezinen sustapenak edota eraikuntzak, betiere haien sustapen edota eraikuntzak bete baditu Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak (2013ko abenduaren 31n indarrean dagoen idazkeran) ustiapen ekonomikotzat hartzeko jartzen dituen beharkizunak.

2.– Sustapena edota eraikuntza burutu ondoren entitateak foru aru honetako 14. artikuluaren 2. apartatuko c) letran jasotako bost langileko batez besteko urteko plantillarik ez izateak berekin ez du ekarriko entitateak aurreko 1. apartatuan jasotakoaren arabera sustatu edo eraiki dituen aktibo korronteak besterentzetik eratorritako errentak ez hartzea jarduera ekonomikoak egitetik eratorritzat.

3.– Baldin eta higiezinaren sustapen edota eraikuntza burutu ondoren entitateak aurreko 1. apartatuan jasotakoaren arabera sustatu edota eraikitako higiezinak errentan ematen nahiz horien erabilpen edo gozamen eskubideak edo ahalmenak eratu edo lagatzen baditu, beharrezkoa izango da foru arau honek 14. artikuluaren 2. apartatuko c) letran jasotako batez besteko urteko plantilla mantentzea, higezinen lagapen edo ustiapenetik eratorritako errenta jarduera ekonomikoak egitetik eratorritzat hartuko bada."»

Berrogeita bost.– Bat.– Xedapen indargabetzaile bakarreko 2. apartatuaren b) letra honela idatzita geratuko da:

b) 7/1988 Foru Araua, uztailaren 15ekoa, Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Zerga Araubideari buruzkoa, 7. artikulua eta lehenengo eta bigarren xedapen iragankorrak izan ezik.

Bi.– Ezabatu egiten da xedapen indargabetzaile bakarraren 3. apartatuaren g) letra.

Berrogeita sei.– Honela idatzita gelditzen da amaierako bigarren xedapena:

«Bigarrena.– Gaikuntzak.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena eman zaie foru arau hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.»

Berrogeita zazpi.– Honela idatzita gelditzen da 11.1 artikuluaren e) letra:

«e) Azaroaren 12ko 22/2014 Legean araututa dauden arrisku-kapitaleko funtsak eta inbertsio kolektibo itxiko funtsak. Lege horren bidez arautzen dira arrisku-kapitaleko entitateak, inbertsio kolektibo itxiko beste entitate batzuk eta inbertsio kolektibo itxiko entitateen sozietate kudeatzaileak, eta inbertsio kolektiboko erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzen da.»

Berrogeita zortzi.– Honela idatzita gelditzen da 124. artikuluaren lehenengo erregela:

«Lehenengoa.– Zergaren likidazioaren emaitza zergaldian lurraldean egindako eragiketen bolumenaren arabera egotziko zaie administrazioei.»

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Banku fundazioen zerga araubidea.

1.– Banku fundazioen zerga araubidea.

1) Banku fundazioek sozietateen gaineko zergaren araubide orokorrean tributatuko dute, eta, ondorioz, ez zaie aplikatuko 2004ko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan ezarritako zerga araubide berezia (irabazizkoak ez diren entitateen zerga araubideari eta mezenasgoari emandako zerga pizgarriei buruzkoa da foru arau hori).

2) Aurrezki kutxei eta banku fundazioei buruzko Legeko 43. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoaren arabera, kreditu entitate berean itunduta jarduten duten fundazio arruntek edo banku fundazioek banku fundazioei dagokien tratamendu fiskal bera izango dute, partaidetza gradu berarekin.

2.– Gastu arloko zuzenketak banku fundazioentzat.

1) Banku fundazioek Sozietateen gaineko Zergari buruzko 2014ko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauko 30. artikuluan xedatutakoa aplikatu ahal izango dute beren emaitzetatik gizarte ongintzarako ekintzak finantzatzeko erabiltzen dituzten zenbatekoei dagokienez, betiere arlo horren arauak eta artikulu horretan ezarritakoa kontuan hartuta.

2) Banku fundazioek gizarte ongintzarako ekintzak egiteko bideratzen duten zenbatekoak kenkaria sortu ahal izango du fundazio horiek partaide diren kreditu entitateen zerga oinarrian, entitate horietatik jasotako dibidenduek banku fundazioen sarrera guztietan osatzen duten proportzioan, baina, betiere, dibidendu horiek gehienezko muga direla. Horretarako, banku fundazioak dibidenduak ordainduko dizkion kreditu entitateari jakinarazi behar dio era horretan kalkulatutako murrizketaren zenbatekoa, eta, horrez gainera, zenbateko hori ez duela erabili partida kengarri gisa zerga horren autolikidazioa egitean.

Adierazitako zenbateko hori gizarte ongintzarako ekintzak egiteko erabiltzen ez badu, banku fundazioak kreditu entitateari jakinarazi beharko dio helburu hori ez duela bete, oker kendutako zenbatekoak erregularizatzeko, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko 2014ko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauko 127. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

3.– Zerga baterakuntzaren araubide berezia eta banku fundazioak.

1) Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko 2014ko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauko 85. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, honako entitate hauek ere mendeko sozietatetzat hartuko dira: aurrezki kutxei eta banku fundazioei buruzko Legeko 43. artikuluko 1. apartatuan adierazitako banku fundazioak —talde fiskaleko entitate nagusi ez badira— eta, era berean, kutxa edo fundazio horiek erabat partaidetuta dagoen eta haien bidez kreditu entitatean partaidetza duen edozein entitate.

2) Banku fundazio batek zergaldi batean talde fiskal bateko entitate nagusia izateari uzten badio, kreditu entitateak, subrogazio bidez, beretzat hartuko du izaera hori, zergaldiaren hasieratik, eta ez dira sortuko talde fiskala azkentzearen ondorioak, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko 2014ko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauko 99. artikuluan adierazitakoak, foru arau horretako 85. artikuluko 3. apartatuan eta xedapen gehigarri honetako 3.1. apartatuan ezarritakoaren arabera mendeko sozietatea ez izateagatik taldekoak izateari uzten dioten entitateen kasuan izan ezik.

4.– Kreditu entitateak berregituratzeko eta desegiteko eragiketak.

Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko 2014ko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuko da kreditu entitateek beste kreditu entitate baten alde negozioa, aktiboak edo pasiboak eskualdatzean, banku berregituratzeari buruzko araudiaren babesean, nahiz eta foru arauaren 101. eta 111. artikuluetan adierazitako eragiketekin bat ez etorri.

5.– Gipuzkoako lurralde historikoko Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko 1987ko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren aldaketa.

Aldatu egiten da Gipuzkoako lurralde historikoko Ondare Eskualdaketen gaineko Zergari buruzko 1987ko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauko 41. artikuluko I. apartatuko A azpiapartatuko c) letra, eta honela geratzen da idatzita:

«c) Aurrezki kutxak eta banku fundazioak, gizarte ekintzetarako egiten dituzten eskuraketengatik.»

6.– Aldatu egiten da 1993ko apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailea, Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren Testu Bateratua onartzeari buruzkoa.

1993ko apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileko I. eranskinean Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren tarifak onartu ziren. Tarifa horietako lehenengo sekzioan, «Aurrezki Kutxak» 812 talderako oharra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Oharra: talde honetan ondorengo aurrezki entitateak sartzen dira: Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioa, aurrezki kutxak, nekazarien aurrezki kutxak, kreditu kooperatibak, banku fundazioak eta antzekoak diren gainerako entitateak.»

Bigarrena.– Geroratutako zergen ondoriozko aktiboak zerga administrazioari eskatu ahal zaion kreditu galdagarri bihurtzea.

Espainiako zuzenbidea finantza entitateen ikuskapenaren eta kaudimenaren arloko Europar Batasunaren araudira egokitzeko premiazko neurriei buruzko 2013ko azaroaren 29ko 14/2013 Errege Lege Dekretuko azken xedapenetatik bigarrenaren bigarren atalean ezarritako araubidea –geroratutako zergaren ondoriozko aktiboak zor publikoaren balioekin trukatzen direnean izan ezik– Sozietateen gaineko Zergaren zergadunei aplikatuko zaie, baldin eta Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren mende badaude (kreditu-entitateen eta inbertsio-enpresen zuhurtziazko betekizunei buruzkoa da erregelamendua eta, horrez gainera, haren bidez aldatu egiten da 648/2012 (EB) Erregelamendua). Kredituak narriatzearen ondoriozko dotazioetatik edo zergadunari lotuta ez dauden zordunen kaudimen-gabezien ondoriozko aktiboetatik datozen zerga-oinarri negatiboei lotuta dauden geroratutako zergaren ondoriozko aktiboen zatian aplikatuko zaie araubide hori, kasu honetan izan ezik: Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko 2014ko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauko 22. artikuluko 1. zenbakiko a) letran edo Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko 1996ko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauko 12. artikuluko 2. apartatuko a) letran ezarritakoa aplikatzetik datozen dotazioak badira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Aurrezki kutxa edo banku fundazio baten mendeko entitateei aplikatu beharreko araubide iragankorra.

Honako hauek izango dira foru arau honetako lehenengo xedapen gehigarriko 3. apartatuak aipatzen dituen talde fiskalaren mendeko entitateak: aurrezki kutxa edo banku fundazio batek erabat partaidetuta dauden entitateak, baldin eta kutxa edo fundazio horren bidez kreditu entitatean partaidetza badute aurrezki kutxei eta banku fundazioei buruzko Legeko lehenengo xedapen iragankorrean ezarritako epean.

AMAIERAKO XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, honako ondorio hauekin:

– 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan sortuko dituzte ondorioak artikulu bakarrak (Berrogeita bost apartatuaren Bat azpiapartatuak izan ezik), lehen xedapen gehigarriaren 1, 2, 3 eta 4 apartatuek, bigarren xedapen gehigarriak eta xedapen iragankorrak.

– Artikulu bakarreko berrogeita bost apartatuaren bat azpiapartatuak eta lehen xedapen gehigarriaren 5 eta 6 apartatuek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dituzte ondorioak.


Azterketa dokumentala