Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2012ko uztailaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
3040

AGINDUA, 2012ko ekainaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzak emateko 2013ko deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikertzaile-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu behar dute Europako ikerketa espazioaren eraikuntzan. Horregatik, aurrera jarraitu behar da sail honek kudeatzen duen ekipamendu zientifikoko laguntzen programarekin.

Agindu honen bidez, azpiegitura handien erabilera errazten zaie horrelakoak behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko talde zientifiko guztiei, ikerketa-taldeek sarean jardun dezatela sustatuz.

Deialdi honen bidezko finantziazioa egiterakoan, irizpide nagusietako bat izango da diruz lagunduko den ekipamendu horretarako bestelako finantziazioa ere egotea, lehia bidezko beste deialdi publiko batzuen bidez. Finantziazio-jardun antzekoa duten entitateek elkarrekin finantzatutako ekintzen bidez, zientziaren eta teknologiaren sistema indartu eta optimizatu egiten da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 14ko 233/2010 Dekretuan ezarritakoa kontuan izan da (2010eko irailaren 29ko EHAA, 188. zk.).

Kontuan hartu dira, halaber: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituena (1992ko otsailaren 7ko EHAA. 26. zk.); eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuena.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea modalitate hauetako ekipamendu zientifikoa erosteko diru-laguntzak ematea da:

1) Modalitatea: ekipamendu zientifiko arrunta.

2) Modalitatea: ekipamendu zientifiko handia.

2.– Ekipamendu zientifiko arrunta jotzen da 18.001 euro eta 90.000 euro arteko kostua (BEZa kanpo) daukan ekipamendu zientifikoa.

3.– Ekipamendu zientifiko handitzat jotzen da 90.001 euro eta 240.000 euro arteko kostua (BEZik gabe) daukan ekipamendu zientifikoa.

4.– Ekipamendu zientifiko handirako laguntza emateko, erakunde onuradunak ere deialdi honen bidez finantzatutako zenbatekoa adinako kopurua jarri beharko du, gutxienez, ekipamendu hori eskuratzeko.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Deialdi honetarako, 400.000 euro erabiliko dira guztira.

Artikulu honetan esleitutako zenbateko osoa handitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, betiere sail kudeatzailearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gerta litezkeen aurrekontuen arabera, eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da hori.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Bi modalitateetako ekipamendu zientifikorako diru-laguntzak entitate onuradun hauek jaso ditzakete:

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko (aurrerantzean ZTBES) agente akreditatuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarriak eguneratu zituen urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluan azaltzen diren agente-kategorietan badaude. Hona hemen artikulu horretan zerrendatzen diren kategoriak:

– Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.

– Unibertsitateetako zentroak, departamentuak, sekzioak edo beste ikerketa-unitate batzuk, EHUkoak izan ezik.

– Lankidetzazko ikerketa-zentroak.

– Teknologia-zentroak.

– Sektoreetako ikerketa-zentroak.

2.– Deialdi honen helburuetarako, honako hau joko da agente zientifiko teknologikoen erregistroko zerrenda gaurkotua: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologiako zuzendariak egiaztatutako zerrenda, noiz eta deialdiaren epea bukatzearen egunean, betiere urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 17.4 artikuluaren arabera.

3.– Deialdiaren eskaera batean entitate onuraduntzat joko dira bai eskabidea aurkezten duen entitatea (entitate eskatzailea), bai eskaera babesten duten gainerako entitateak (entitate laguntzailea), baldin eta ZTEBSren erregistroko zerrenda eguneratuan Agindu honetan onuraduntzat jotzen diren kategorietako batean ageri badira.

4.– Entitate laguntzaileek beren ikerketa-proiektuetan eskaerako ekipamendu zientifikoa erabiltzeko konpromisoa hartzen duten ikerketa-taldeen bidez hartu behar dute parte eskaeran.

5.– Ezingo dira entitate onuradun izan diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor administratibo edo penala jaso dutenak, edo halakorik eskuratzeko legezko debekuren bat dutenak, sexu-arrazoiengatiko diskriminaziogatiko zigorrak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Ikertzaileen baldintzak.

1.– Entitate onuradun bakoitzak bere langileen arteko ikertzaile-talde bat aurkeztuko du eskaeran, ekipamendu zientifikoa erabiliko den proiektuetan lan egingo duena.

2.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskaera batean soilik hartu ahal izango du parte, izan entitate eskatzaileko kide gisa, izan eskaera bateko entitate laguntzaileko kide gisa.

3.– 2011. urteko deialdian diru-laguntza eskuratu zuen eskabide batean parte hartu zuten ikertzaileek ezin izango dute deialdi honetako ekipamendu-eskabidean parte hartu, ezta aurreko urteetan emandako ekipamendurako diru-laguntzei dagozkien burutu gabeko eginbideak dituztenek ere.

4.– Research Professor kategorian Ikerbasque Fundazioak kontratatutako ikertzaileak ikertzaile kontsideratuko dira deialdi honetan, baldin eta erakunde bati atxiki eta erakunde horretako plantillakoak badira.

5. artikulua.– Ekipamenduen eta proiektuen betekizunak.

1.– Ekipamenduak egokiak eta beharrezkoak izan behar dute, eskabidean parte hartzen duten entitate eskatzaileko eta laguntzaileko ikerketa-taldeen jarduneko eta etorkizuneko ikerketa-proiektuen garapenerako. Ekipamenduaren erabileraren ehunekorik handiena pilatzen duten proiektuek jardunean egon behar dute 2013an eta 2014an, behin ekipamendua entitate onuradunaren eskuetan erabilgarri dagoenetik aurrera.

2.– Administrazio publikoek espresuki finantzatu behar dizkiete ekipamenduaren erabilerarekin lotuta dauden proiektuak, eskabidean parte hartzen duten entitateei.

Ekipamenduarekin lotuta dauden proiektuetan, eskabidea sinatu duten pertsonek egin beharko dute lan espresuki. Pertsona horiek parte hartzen duten proiektu guztiei buruzko aitorpena egingo dute. Ez da ekipamendu bat eskatzeko proiekturik aurkeztuko baldin eta proiektu horretarakoxe beste ekipamenduren bat finantzatu bada aurreko deialdiren batean. Proiektu bakoitza deialdi honen ekipamendu-eskaera bakar batean aurkeztu ahal izango da.

3.– Eskatutako ekipamendua, funtsean, gailu bakarra izango da, teknologikoki oinarrizkoa edo ardatza, eta 18.000 eurotik gorakoa. Gailu horrekin batera, aukerazko zenbait osagai edo modulu eros daitezke, gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute. Ez dira finantzatuko aukerako osagaiak, gailu ardatzari edo oinarrizkoari lotuak ez direnak.

Ezin izango dira finantzatu firma komertzial bat baino gehiagoren gailuetarako eskaerak, guztien artean funtzionamendu-unitate bakarra osatzen ez badute. Era berean, ezin da ekipamendu bereko ale bat baino gehiago finantzatu.

4.– Ekipamendu handietarako langile espezializatuak behar dira, eta mantentze-lanak zorrotz bete behar dira. Horregatik, eskabidean parte hartzen duten entitateek ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errentagarritasuna ahalik eta handiena dela frogatu behar dute. Gainera, gailua erabiltzeko langile egokiak izateko eta errentagarritasun eta erabilgarritasun hori bermatuko duen urteko mantentze-kontratua izateko konpromisoa hartuko dute.

5.– Eskaeran entitate laguntzaile batek parte hartzen duenean, eskatutako ekipamenduaren erabilera eskaerako parte-hartzaileen artean kudeatzeko araudi bat aurkeztu beharko da.

6.– Deialdi honetatik beren beregi baztertzen dira ondoko hauek: eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibilak; erabilera orokorreko (alegia, erabilera ez-zientifikoko) altzari, gailu eta tresnak, irakaskuntzarako edo kalitatea kontrolatzeko eta zerbitzu teknikoak emateko erabiltzen direnak; bulegoko altzari, gailu eta tresnak; eta kudeaketako ekipo informatikoak. Aitzitik, prozesuak kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo bereziak onartu egingo dira.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Ekipamendu arrunterako diru-laguntzen zenbatekoa ebaluazio-batzordeak onartu duen aurrekontuaren % 100eraino irits daiteke (90.000 euro, gehienez ere). Ekipamendu handiak, deialdi honen 1.4 artikuluaren arabera, onartutako aurrekontuaren % 50eraino finantzatu ahal izango dira (120.000 euro, gehienez ere). Diru-laguntza hori bateragarria izango da erakundeak ekipamendu bera erosteko jasotzen dituen bestelako diru-laguntzekin, baldin eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimentzen badu. Horrelakoetan, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak diru-laguntza murriztu ahal izango du, gainfinantziaziorik gerta ez dadin.

10. artikuluan ebaluazioari buruz, aurrekontua onartzeari buruz eta diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipenari buruz ezarritakoarekin bat etorriz zehaztuko da diru-laguntzen zenbatekoa.

Erosketarekin lotutako zergei dagozkien kostuak ez dira finantzatuko.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu ondoko egunetik 2012ko irailaren 4ra artekoa izango da.

Eskabideak helbide honetara bidali behar dira:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erreferentzia: ekipamendu zientifikoa

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenean, aipatutako edozein erregistrotan aurkeztu behar da, deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epean. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

Halaber, «Zuzenean» Herritarrentzako Arreta bulegoetan eskabidea aurkeztu zein informazioa eskatu daiteke; Bizkaian (Kale Nagusia, 85; 48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andia, 13; 20003 Donostia-San Sebastián) eta Araban (Ramiro de Maeztu. 10 behea; 01008 Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskaera ikertzaile nagusiak egin behar du, eta parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzeko legezko ordezkariaren baimena izan behar du.

3.– Eskaerarekin batera, I. eranskinean azaltzen eta zehazten den dokumentazioa aurkeztu behar da. Eskaera eta agiriak paperean aurkeztu behar dira, eta kopia elektroniko bat ere erantsi behar da, CD batean.

4.– Eskaerak egiteko inprimaki-eredu bat izango dute interesdunek eskuragarri, interneteko helbide honetan: «http://www.hezkuntza.ej-gv.net».? Unibertsitateak eta Ikerketa.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea, Ikerketa Proiektuen Zerbitzuaren bidez.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskaeraren bat horretarako ezarritako inprimakietan egiten ez bada, edo dagozkion ataletan zerrendatutako dokumentazio osoa aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzen ditzan edo nahitaezko agiri horiek aurkez ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, dagokion ebazpena eman ondoren (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan).

10. artikulua.– Ebaluazioa, aurrekontua onartzea eta diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

1.– Ebaluazio-batzordeko kide izango dira: Zientzia Politikarako zuzendaria (bera izango da lehendakaria), Unibertsitateetako zuzendaria, ikerketa-proiektuen teknikari bat (Zientzia Politikarako zuzendariak izendatua), eta zientzia-ebaluazioko aditu bat edo bi (Zientzia Politikarako zuzendariak izendatuak). Batzorde horrek eskabide bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahalko dizkie kasuan kasuko ezagutza-arloan ospe eta esperientzia aitortua duten ikertzaileei. Txosten horiek Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalaren (ANEP) bidez edo Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren (Unibasq) bitartez egin ahal izango dira. Ebaluazio Batzordeak, halaber, zuzen aplikatuko ditu deialdiko irizpideak, eta gaian adituak diren ebaluatzaileek egindako interpretazioak homogeneizatuko ditu.

2.– Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena landu ahal izateko, Ebaluazio Batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan eskabideak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

(Ikus .PDF)

3.– Ebaluazio-irizpideak behar bezala aplikatzeko, horietako bakoitzerako 2. eranskinean ezarri diren adierazleak erabiliko dira.

4.– Agindu honetan araututako laguntzen emakida balioespen-fasean lortutako puntuazioaren araberako lehentasunezko hurrenkera eta Ebaluazio Batzordeak ekipamendu-eskaera bakoitzerako onartutako kostua aintzat hartuta zehaztuko da, diru-laguntzaren zenbatekoa kreditua amaitu arte esleituta. Ebaluazioan gutxienez 50 puntu lortzen dituzten eskaerak soilik joko dira finantzagarritzat. Edonola ere, zenbatekoari aginduaren 6. artikuluan ezarritako mugak errespetatuko dira beti.

5.– Deialdi honetan eskatutako ekipamendua eskuratzeko beste erakunde publiko baten baterako finantziazioa badago, lehia bidezko deialdi bidez behin betiko esleituta, esleituko den zenbatekoa Ebaluazio Batzordeak ekipamendurako onartutako kostuari beste erakunde horrek emandako diru-laguntzaren zenbatekoa kenduta ateratzen den emaitza baino handiagoa ezin izango da izan.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebaluazio Batzordeak deialdiari buruz ebazteko proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari. Proposamenean, hauek jasoko dira: ematen diren laguntzen zerrenda, ukatzen diren laguntzen zerrenda eta ukatzearen zergatia, eta bazter utzitako eskabideen zerrenda eta bazter uztearen zergatia.

2.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak esleipenak egingo ditu, ebazpen bidez. Ebazpen hori banaka jakinaraziko zaio pertsona interesdun bakoitzari, eta gero, emandako laguntzen zerrenda EHAAn argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

3.– Ebazpenean eskabide bakoitzaren ondoko erreferentziak jaso behar dira:

– Ekipamenduaren modalitatea.

– Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Entitate onuradunak: eskatzailea eta laguntzailea.

Finantzatutako eskaeretarako:

– Ekipamendu zientifikoaren izena edo deskribapen laburra.

– Deialdiaren bidez esleitzen den laguntzaren zenbatekoa.

Finantzatu ez diren edo kanpo utzitako eskaeretarako:

– ez finantzatzearen edo bazter uztearen zergatia.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean ez bada berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi, eskariak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketarako baldintzak.

1.– Erakunde onuradun eskatzaileak onartu egin beharko du diru-laguntza. Ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo 10 egun naturaletan ez badio diru-laguntzari beren beregi uko egiten, onartu duela joko da.

2.– Ikertzaile nagusia atxikita dagoen entitate onuradun eskatzaileari ordainduko zaio diru-laguntzen zenbatekoa.

3.– Diru-laguntzaren ordainketa erosi aurretik edo ondoren egin ahal izango da.

4.– Alde aurreko ordainketa ebazpenaren ondorengo hiru hilabeteko epean egindako ordainketa bakarra izango da, eta agiri hauek aurkeztu ondoren gauzatuko da:

– Erosketa egin aurretiko proformako faktura, ebazpenean adierazten den ekipamendua jasotzen duena.

– Firma komertzial bati ekipamendua erosteko eginiko eskaera formala.

– Erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak sinatutako ziurtagiria, diru-laguntza osatzeko beharko litzatekeen zenbatekoa eskuratzeko modua duela adierazten duena, baldin eta ekipamenduaren kostu osoa jasotako diru-laguntza baino handiagoa bada.

5.– Ordainketa aldez aurretik egin ez bada, erosketa-faktura aurkeztu ondoren egingo da.

6.– Edonola ere, diru-laguntzak xede duen gastua ebazpenaren ondorengo sei hilabeteko epean gauzatu beharko da.

7.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta diru-laguntzen itzuleraren sistema orokorra arautzen du, eta hura kudeatzen parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezartzen ditu.

8.– Entitate onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakunde bat ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratu beharko ditu, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraikiz (1992ko uztailaren 8ko EHAA).

9.– Laguntza kudeatzeko organoak, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak ez diren eskatzaileek zerga-betebeharrak ordainduta dituztelako egiaztatuko du modu automatikoan, behar adina aldiz eta entitate eskatzailearen baimenik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen zuenaren arabera. Nafarroako Ogasunean tributatuz gero, entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak ordainduta dituztelako egiaztapena aurkeztu beharko dute.

13. artikulua.– Diru-laguntzaren erabileraren jarraipena.

1.– Entitate onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak finantzatutako ekipamendu zientifikoa erosi izanaren ordainagiri originalak bidali beharko dizkio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, ebazpena ematen denetik zazpi hilabete igaro baino lehen. Laguntzen organo kudeatzaileak zigilatu ostean, onuradunari itzuliko zaizkio. Fakturetan, ebazpenak xede duen ekipamenduaren deskribapena egon beharko da jasota.

2.– Faktura originalak entitate onuradunean artxibatu beharko dira. Halaber, euren funtzioak betez, deialdi honetan jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari.

3.– Ebazpena eman ondoko 12 hilabeteetan, entitate onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak txosten bat aurkeztu beharko dio laguntzen kudeaketa-organoari, ikertzaile nagusiak sinatua, erositako ekipamendua jaso, martxan jarri eta erabiltzeari buruz. Atal hauek sartu behar dira bertan, gutxienez:

a) Ekipamenduaren behin betiko kokapenaren deskribapena.

b) Eskuratutako ekipamenduaren kalitatearekiko adostasuna, aurreikusitako helburuetarako egokia dela, eta harrera-proben emaitza.

c) Eskaera entitate onuradun laguntzaile batekin partekatzen bada, talde eskatzaileek ekipamenduari emango dioten erabilera partekatuaren programa.

4.– Entitate onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntza jaso dela adierazi beharko da.

5.– Diruz lagundutako ekipamendua deialdian ezarritako epeetan erostea galarazten duen eta behar bezala justifikatuta dagoen arrazoirik badago, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak gastua egiteko luzapena eskatu ahalko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari –gehienez 3 hilabetekoa–, 12.6 artikuluan adierazitako epea amaitu aurretik, betiere luzapen horretarako dituen arrazoiak behar bezala frogatuta.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, –betiere, diru-laguntzaren helburua beteta–, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, likidazio-ebazpena emango du Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, eta horren bidez, egokitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik esleitu den diru-zenbatekoa aldatu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak banan-banako ebazpen baten bidez jakinaraziko du.

15. artikulua.– Diru-laguntza itzultzeko edo diru-laguntzarako eskubidea galtzeko arrazoia.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu zen baldintzaren bat ez dela bete jakinez gero, eskuratu diren zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa betez.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan adierazitako kausez gain, ondoko hauek izango dira diru-laguntza itzultzeko edo diru-laguntzarako eskubidea galtzeko kausak:

a) Ekipamendu batean beste iturri batzuetatik datorren finantziazioa metatzea edo ekipamendu horren aldaerak beste erakunde publiko edo pribatu batzuei aurkeztea, finantziazio eske, behar adina justifikatu gabe eta aurretik Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi gabe eta horrek horrelakorik onartu gabe.

b) Onartutakoa ez den ekipamendu bat ordaintzeko erabiltzea diru-laguntza.

c) Deialdi honetako oinarrien eta administrazio-agirien ez-betetze larria (osorik edo zati batean).

d) Datuak modu larrian ezkutatzea, aldatzea edo eskaera manipulatzea.

e) Diru-laguntza agindu honetan ezarritako epeetan ez erabiltzea.

3.– Era berean, diru-laguntza itzuli beharko da, baldin eta ikertzaile nagusiak edo diru-laguntza eskatu duen erakunde onuradunaren legezko ordezkariak ekipamenduari uko egiten badiote, edo ikertzaile nagusia jatorrizkoa ez den beste entitate edo EAEtik kanpo lanera joaten bada, eta horrek arriskuan jartzen badu onartutako ekipamendu zientifikoari dagokion proiektuen zuzendaritza.

16. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Ikerketa izeneko fitxategi batean sartuko dira datuok, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren erantzulea. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko eta egoki den kreditua egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, argitaratu eta biharamunetik bi hileko epean.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 12a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

1. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA

Eskaera-orrian adierazi behar da, ondo ikusteko moduan, zein motatako eskaera den:

1.– 1. modalitatea: Ekipamendu Zientifiko Arrunta.

2.– 2. modalitatea: Ekipamendu Zientifiko Handia.

Kasu bietan, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskaera-orria, ikertzaile nagusiak sinatuta, eskatutako ekipamenduaren deskribapen orokorra dakarrena (1-1 eranskina).

b) Eskaera egin duen ikertzaile-taldearen datuak; entitate onuradun eskatzaileko pertsonen datu pertsonalak jaso behar dira, euren kontratu egoera, behin betiko edo denboraldirako kontratu baldin bada espresuki erakutsiz(1.2 eranskina), baita kideetako bakoitza lantzen ari den proiektu guztiei buruzko aitorpen bat ere (1.4a eranskina).

c) Eskaeraren alde egiten duten entitateetako ikertzaileen datu pertsonalak, euren kontratu egoera, behin betiko edo denboraldirako kontratu baldin bada espresuki erakutsiz (1-3 eranskina), eta kideetako bakoitza lantzen ari den proiektu guztiei buruzko aitorpen bat (1-4b eranskina).

d) Zentroko fitxa. Bertan, eskaeran parte hartzen duten entitate onuradunen datuak –eskatzaileenak nahiz laguntzaileenak– adieraziko dira (1-4 eranskina). Erakunde bakoitzaren IFKren kopia ere aurkeztu behar da.

e) Ekipamendu zientifikorako eskaeraren oinarri diren proiektuen identifikazioa (izenburu osoa, entitate finantzatzailea, deialdia, jarduera-aldia), bai entitate eskatzailearen proiektuena (2-1 eranskina), bai entitate laguntzaileena (2-2 eranskina).

f) Proiektuetan ekipamenduaren premia dagoela justifikatu behar da. Orain arte erabili izan diren ekipamenduen ordez orain eskatzen diren teknika eta tresna horiek zergatik diren beharrezko azaldu behar da, beraz. Proiektuetako bakoitzaren deskribapena (edo, gutxienez, ekipamenduaren erabileraren % 70 daukatenen deskribapena). Erabiltzen dituzten teknologia alternatiboak zehaztu behar dira, eta eskatutako ekipamenduak ekarriko lituzkeen onura eta abantailak azaldu (2-3 eranskina).

g) Ekipamendu zientifikoaren eta bere osagaien balorazio ekonomikoa (2-4 eranskina).

h) Eskaeran parte hartzen duten entitateetan lehendik dauden ekipamenduak eskatzen badira, honakoak aurkeztu beharko dira: ekipamendu horien erosketa-fakturak, egungo egoera, ekipamenduaren azken urteko erabileraren estatistika (erabileraren erregistroko liburuxkarekin bat etorriz) eta ekipamendu berriak aurrekoarekiko dituen abantailen deskribapena.

i) Erakunde eskatzailearen aitorpena, erakundearen ingurune zientifikoan halako ekipamendurik ez dagoela adierazten duena, eta ekipamendua eskuratzeko beste erakunde batzuei egindako finantziazio-eskabideak. Erakunde finantzatzailea eta eskatutako diru-zenbatekoa adierazi behar dira; edo emandako diru-zenbatekoa, baldin eta eskaera ebatzita badago (3. eranskina).

j) Deialdi honetan eskatutakoaren osagarri gisa onartutako diru-laguntzaren xehetasuna, hura egiaztatzeko dokumentazioaren kopiarekin batera.

k) Ikertzaile nagusiaren curriculum vitaea eta baita eskaeraren alde egin duten taldeetako ikertzaile nagusien curriculum vitaea ere (4. eranskina).

l) Eskaera egin duen ikerketa-taldearen curriculum kolektiboa (5. eranskina).

m) Eskaeran parte hartzen duen ikertzaile bakoitzaren NANaren kopia.

n) Eskatutako ekipamendu zientifikoa beste ikerketa-talde batzuek erabiliko badute, erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da, sail honek abalaturik eta erakunde onuradunak sinaturik, ekipamendua beste ikerketa-talde batzuekin modu egokian partekatzea bermatuko duena.

o) Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen 50. artikuluaren 6. atalean diru-laguntzei dagokienez egindako aldaketan aipatzen diren aitorpen arduratsuak.

2. modalitateko eskaeren kasuan (ekipamendu zientifiko handiak), ondoko dokumentazioa ere aurkeztu behar da:

p) Erakunde onuradunaren/en konpromisoa, ekipamendu handia finantzatzeko. Deialdi honen bidez ematen zaion diru-laguntzaren zenbateko berdina (edo handiagoa) ordaintzeko konpromisoa hartu behar du (6. eranskina).

q) Erakunde onuradunaren konpromisoa, ekipamendu zientifiko handia mantentzeko eta erabiltzeko. Konpromiso honetan, adierazi beharko du zein sistema erabiliko duen ekipamendua erabiltzeko (langile operadoreak) eta ekipamendua mantentzeko, betiere eskatutako ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errendimendua ahalik eta handiena dela ziurtatzeko (7. eranskina).

r) Erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da, entitate onuradun laguntzaileetako ikertzaile-taldeek ekipamenduaren erabilera partekatua egingo dutela bermatzeko.

Interesdunek eskuragarri izango dute eranskin honetan adierazitako dokumentuak jasotzen dituen inprimaki-eredua, 7.4 artikuluan aipatzen diren lekuetan.

Eskaera-orria eta eranskin honetan aipatzen den dokumentazioa paperean aurkeztu behar da, sinadura originalekin. Era berean, dokumentazioaren kopia ere aurkeztu behar da euskarri elektronikoan, CD batean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala