Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2012ko uztailaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRIZAINGO SAILA
3036

EBAZPENA, 2012ko ekainaren 22koa, Segurtasuneko sailburuordearena, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeko deialdia onesten eta argitaratzen duena.

Ertzaintzaren egituran aurrekontua daukaten lanpostu batzuk hutsik daude, izendapen libreko sistemaren bidez bete beharrekoak. Lanpostu horiek bete egin behar dira. Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezarri zuen 471/ 2009 Dekretuaren (303/2010 Dekretuak aldarazia) 16. eta 22. artikuluek emandako eskumenen babespean, honako hau

ebazten DUT:

Lehenengoa.– Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak izendapen libreko sistemaren bidez betetzeko deialdia onestea eta argitaratzea. Lanpostu horiek ebazpen honen I. eranskinean zerrendatuta daude. Deialdi honen bidez, gainera, I. eranskinean zerrendatutako lanpostuei dagozkien esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren eta izendapen libreko sistemaren bidez bete beharrekoak diren lanpostuak ere bete nahi dira.

Bigarrena.– Lanpostuak hornitzeko, kontuan hartu beharko dira honako.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Honako deialdian parte hartu ahal izango dute eskainitako lanpostuak bete ahal izateko lanpostuen zerrendan eskatzen eta xedatzen diren baldintza orokorrak eta betekizunak biltzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, baldin eta jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan, seme-alabak zaintzeko lan-utzialdian edo Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 82. artikuluan jasotako lan-utzialdian badaude. Jarduneko zerbitzuko egoerara aipatutako Legearen 89.2 artikuluan jasotako moduan bueltatzen diren funtzionarioek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Halaber, jarduneko zerbitzura deialdi honetan jasotako prozeduren bidez bueltatuz gero, honakoek ere parte hartu ahal izango dute: derrigorrezko lan-utzialdiko egoeran dauden edo bestelako Administrazio Publikoetan zerbitzu ematen duten pertsonek, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 63. artikuluan xedatutakoa betez birgaitutako pertsonek, sei hilabete baino gehiagoz zigortuta egon direnek, eta borondatezko lan-utzialdian dauden gainerakoek, beti ere halako egoeretarako xedatutako egonaldi-epea bete baldin badute.

3.– Lanpostu batean behin behinekoz jarduteko atxikita dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek parte hartu behar dute deialdi honetan, eta merezimenduen lehiaketaren bidez betetzeko diren lanpostu huts guztiak eskatu, dagokien kategoriaren arabera bete ahal badituzte.

4.– Deialdi honen aurreko bi urteetan merezimenduen lehiaketaren bidez destinoaz jabetzen direnek izendapen libreko sistemaren bidez hornitu beharreko plazak eskatuz parte hartu ahalko dute.

5.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu:

a) Arau-hauste larria edo oso larria egin izanagatik eginkizun-gabetze irmoaren administrazio-egoeran daudenak, egoera horretan dauden bitartean.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubidearen Arautegiaren 15. artikuluan xedatu bezala, lekualdaketarekin zigortu direnak.

c) Interes partikularragatiko borondatezko lan-utzialdian daudenak, baldin eta egoera horretan ez badute indarrean dagoen araudiak eskatutako gutxieneko epea eman.

d) Gutxieneko egonaldi berezia eskatzen duen lanpostu baten behin betiko esleipendunek, baldin eta ez badute epe hori bete (inguruabar hori lanpostuari uko egin eta organo eskudunak onartu izanaren ondoriozkoa denean izan ezik), bestearen egonaldi eta izaera berberak dituen beste lanpostu batzuk lortzeko asmoa baldin badute, edo barne-igoera prozesu bidez lanpostua galtzea dakarren beste maila batera igo badira, maila berrian egonaldi eta izaera berberak dituzten postu hutsak daudenean izan ezik; azken kasu horretan, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko Araudiaren 5.3 artikuluan xedatutakoa aplika daiteke.

Aurreko paragrafoak hizpide duen epea datu-basearen arabera funtzionarioa lanpostuak eskatzen duen espezialitateagatiko gutxieneko egonaldiari lotutako lanpostua betetzen hasten den egunetik aurrera zenbatuko da.

6.– Eskakizunak bete ote diren, eta, hala badagokio, merezimenduak baloratu ote diren ikusteko, eskaerak aurkezteko epearen amaiera-data hartuko da kontuan.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Interesdunek prozedura honetan parte hartzeko eskari bat aurkeztu beharko dute. Horretarako, hogei (20) egun naturaleko epea izango dute, ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera eskabide-eredu normalizatua erabilita egingo da. Eskaera hori ebazpen honen eranskinean dator, eta eskatutako lanpostua zein den zehaztu beharko dute bertan; lanpostu bat baino gehiago eskatuz gero, horien lehentasun-hurrenkera zehaztu beharko dute.

3.– Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskariak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

Hirugarrena.– Izendapen libreko sistemaren bidez lanpostuak hornitzea.

1.– Euskal Herriko Polizia Kidegoen funtzionarioen lanpostuak hornitzeko araudiaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera, izendapena egiteko beharrezkoa izango da administrazio unitateko edo hornitu beharreko lanpostua atxikita daukan titularraren txostena egitea aldez aurretik. Txosten horretan hautagaien arteko egokitasun proposamena egingo da edo deialdia hutsik geratzea proposatuko da.

2.– Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data amaitua duten lanpostuak betekizun hori egiaztatuta duten interesdunei esleituko zaizkie.

Laugarrena.– Izendapenak eta lehiaketaren ebazpena.

1.– Izendapen libreko sistemaren bidez hornitu behar diren lanpostuak Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko dira. Ebazpena interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie, eta zazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera erakutsiko da jendaurrean.

2.– Lanpostu horiek esleitzen zaizkien funtzionarioak haietatik kendu ahal dira, eskatu ahala, Euskal Herriko Poliziaren Legearen 70.6 artikuluan ezarritako terminoetan. Esleipen horiek borondatezkoak direla joko da; horrenbestez, ez da sortuko kalte-ordainak ordaintzeko eskubiderik.

Bosgarrena.– Deialdia ebazteko epea.

Deialdi hau ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Halere, epe hori luzatu ahal izango da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 49. artikuluan xedatutakoa kontuan izanik.

Seigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

Deialdi honen bidez bete beharreko lanpostuez jabetzeko prozesua deialdia erabakiko duen Ebazpenak arautuko du.

Zazpigarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren ekintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian erakutsiko dira.

2.– Segurtasuneko sailburuordearen eta Giza Baliabideen zuzendariaren baterako ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuko da, behin betiko atxikipenak ebazten dituen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzean mugatuko dira inpugnazioak edo errekurtsoak jartzeko epeak.

Zortzigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

1.– Prozeduraren kudeaketan, lehiakideak bere zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira eta datu pertsonalen babesa Herrizaingo Saileko Giza Baliabideko Zuzendaritzako Langileriaren Kudeaketa Integratuko fitxategian egingo da. Fitxategiaren arduraduna den administrazio organoa Giza Baliabideen Zuzendaritza bera izango da. Datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, idazki bat zuzendu beharko zaio Herrizaingo Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari, Larrauri Mendotxe bidea, 18, 48950 – Erandio (Bizkaia).

2.– Prozedura honetatik ondorioztatzen diren datu guztiak aipatutako fitxategian sartuko dira, aukeraketa prozesu honetan aplikatu behar den araudian aurreikusitakoa bete ahal izateko.

Bederatzigarrena.– Aurreikusi ez diren gauzetarako, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, aplikatu beharko da.

Hamargarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honen eta bere oinarrien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Herrizaingoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 107. eta 114. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 22a.

Segurtasuneko sailburuordea,

MIGUEL ÁNGEL BUEN LACAMBRA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala