Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2012ko ekainaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2900

EBAZPENA, 2012ko maiatzaren 21ekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Akademia Antolakuntzako errektoreordearena, berezko tituluetako 2012-2013 ikasturteko jardunbidea, Doktorego Azpibatzordeak onartua, argitaratzeko dena.

UPV/EHUko Estatutuek, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartuek (2011-02-24ko EHAA, 2011038 zk.), 86. artikuluan diote Gobernu Kontseiluak arautuko dituela unibertsitateko berezko ikasketak, ikasketa hauen araubide akademikoa, beren eragina irakats betebeharretan, administrazio eta zerbitzuetako langileek izango duten parte hartzea eta, egoki izanez gero, ikasketen kudeaketa ekonomikoa eta ebaluazioa.

Berezko tituluen arautegi bateratuan (Gobernu Kontseiluak 2010eko abenduaren 22an onartua eta EHAAn 2011-02-8an argitaratua (2011026 zk.)), xedapen gehigarrietatik lehenengoan, ahalmena ematen zaio Graduondoko Ikasketetako Azpibatzordeari arau hori garatzeko eta arau osagarriak emateko.

Doktoregoko Azpibatzordeak, 2012ko maiatzaren 10ean egindako bileran, 2012-2013 ikasturtean berezko tituluen arloan ezarriko diren prozedura arauak onartu zituen.

2004ko martxoaren 12an, EHAAn, otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena, argitaratu zen eta lege horretako 9.2 artikuluan honakoa dago jasota:

«Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.»

Horrela, bada, Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 9.2 artikuluan zehaztutakoa betetzeko, honako hau

Ebazten DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Berezko Tituluei buruzko 2012-2013 ikasturteko Jardunbidea, ebazpen honetako eranskinean jasotako eran.

Leioa, 2012ko maiatzaren 21a.

Errektorea.
E.E. (2011ko otsailaren 25eko Ebazpena; 2011ko martxoaren 17ko EHAA).

Akademia Antolakuntzako errektoreordea,

JAVIER GIL GOIKOURIA.

BEREZKO TITULUEN ARLORAKO PROZEDURA ARAUAK 2012-2013 IKASTURTERAKO, DOKTOREGORAKO AZPIBATZORDEAK ONETSITA
I. KAPITULUA
IZENA EMATEA, HAUTAKETA ETA MATRIKULA
I. ATALA
IZENA EMATEA ETA HAUTAKETA

1. artikulua.– UPV/EHUk eskaintzen duen berezko tituluren bat egin nahi izanez gero, izena emateko orria bete beharko da intereseko tituluetara sartzeko. Kasuan kasu eskatzen den dokumentazioa egin nahi den berezko titulua eskaintzen duen sail, institutu edo ikastegiko idazkaritzetan eman beharko da.

2. artikulua.– Onarpen baldintzak.

1.– Berezko titulu bakoitzerako baldintza zehatzak ezarri ahal izango badira ere, ikasleek Gobernu Kontseiluak 2010eko abenduaren 22an onartutako Berezko Tituluei buruzko Arautegi Bateratuko I. kapituluan zehaztutako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

2.– Bi ziklotako unibertsitate titulazio bateko lehenengo zikloa gainditurik izatea ez da diplomaturaren baliokidetzat hartuko, berezko tituluan onartua izate aldera.

3.– Atzerriko titulua daukaten ikasleak.

Atzerriko titulua daukaten ikasleek ez dute titulua homologatu behar berezko tituluetara sartzeko.

Ikasle horiek honako prozedura hau bete beharko dute:

Ikasleak, izena ematean, sarrera eskaria (I. eranskina) aurkeztuko dio kasuan kasuko titulazioko Akademia Batzordeari, ondoren aipatzen diren agiriekin batera. Agiriok gaztelaniara itzulita aurkeztu beharko dira (frantsesez, ingelesez, italieraz edo portugesez daudenean izan ezik):

a) Titulu ofiziala: berezko ikasketetarako sarrera ematen duen titulu ofizialaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria.

b) Eginiko irakasgaien ziurtagiria, hauen izena, iraupena eta kalifikazioa aipatuz.

Itzulpena honetara egin daiteke:

i) Estatu espainiarrak atzerrian daukan edozein ordezkaritza diplomatikok edo kontsuletxek egindako itzulpena.

Ii) Eskatzailearen herrialdeak edo dokumentua egin duen herrialdeak Espainian daukan ordezkaritza diplomatikoak edo kontsuletxeak egindako itzulpena.

Iii) Espainian baimenduta edo erregistratuta dagoen zinpeko itzultzaile batek egindakoa.

Izena emateko prozesuaren barruan, berezko tituluko zuzendari akademikoak ikaslearen espedientea eta aurkeztutako tituluaren egokitasunari buruzko txostena igorriko dio Doktoregoko Azpibatzordeari. Horiek aztertu ondoren, Doktoregoko Azpibatzordeak erabakiaren berri emango dio titulazioko Batzorde Akademiari. Aldeko erabakia hartuz gero, beren-beregi adierazi beharko dute ikaslea onartzea ontzat ematen dutela.

Onartuta egonda matrikula egin duten pertsonei UPV/EHUko errektoreak egindako baimena emango zaie.

4.– Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak.

Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak «Unibertsitateko espezialista» tituluetara sartzeko eskaria Doktoregoko Azpibatzordeak eman behar du ontzat titulazioko zuzendaritza akademikoak egindako proposamena kontuan hartuta, ondoko prozedurarekin bat etorrita:

Ikasleak, izena ematerakoan, sarrera-eskaria (II. eranskina) aurkeztuko dio, ikasi nahi den titulazioko akademia-batzordeari honako dokumentazio honekin batera:

a) Unibertsitaterako sarbidea ematen dion titulua edo unibertsitaterako sarbidea egiaztatzekoa: tituluaren edo egiaztagirien (edo eskatu izanaren gordekina) fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak erkatzeko.

b) Curriculum vitae, beharrezko agiriekin batera. Gizarte Segurantzak ematen duen lan-bizitzaren agiria ere nahitaez aurkeztu beharko da.

Hautaketa-prozesua behin bukatuta, titulazioko akademia-batzordeak txostena egingo du titulazioa egokia den edo ez azalduz, eta txostena eta aipatutako agiriak bidaliko dizkio Doktoregoko Azpibatzordeari. Horiek aztertu ondoren, Doktoregoko Azpibatzordeak erabakiaren berri emango dio titulazioko batzorde akademikoari. Aldeko erabakia hartuz gero, beren-beregi adierazi beharko dute ikaslea onartzea ontzat ematen dutela.

3. artikulua.– Hautaketa eta onarpena.

1.– Berezko titulu baten matrikula egiteko prozesua baino lehen, izena emateko epea irekiko da. Hautaketa-irizpideek kasu guztietan errespetatuko dituzte lehen adierazitako baldintzak; irizpide horiek irakaskuntza proposamenean ezarritakoak izango dira eta ikastegi, sail edo institutuetako iragarki-taulan egongo dira ikusgai izena emateko epe osoan.

Ikasleen eskariak ez badira heltzen titulua irakasteko beharrezkoa den gutxienezko ikasle-kopurura, beharrezkoa izango da Doktoregoko Azpibatzordearen baimena titulua eman ahal izateko. Hori dela eta, matrikula egin baino lehenago, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, aurrekontu berria gaineratuz. Matrikulari ezingo zaio ekin, inolaz ere, Doktoregoko Azpibatzordearen baimena izateke.

2.– Ikasleak hautatu ondoren, zuzendari akademikoak gestio hauek egin beharko ditu:

a) Ikasle bakoitzari bere egoeraren berri ematea (onartuta, itxaron zerrendan edo kanporatuta dagoen). Onartutako ikasleek, edozelan ere, berretsi egin beharko dute onarpena.

b) Ikasle ez onartuei jakinarazi egin beharko die zein errekurtso mota aurkez dezaketen erabaki horren kontra, horretarako aukerarik egonez gero.

c) Ikasle onartuei matrikula egiteko epearen berri ematea.

d) Berezko Ikasketen Atalari jakinaraztea ikasleek prezioak murrizteko edo ez ordaintzeko eskubiderik duten 8. artikuluan zehaztutakoari jarraituz. Jakinarazpen hori matrikula data baino gutxienez 10 egun lehenago bidali behar da, eta bertan adierazita egon behar da eskolak zein egunetan hasiko diren.

3.– Matrikula epea bukatzen denetik eskolak hasi arte, gutxienez 10 eguneko epea egon behar da.

4.– Matrikula epea behin bukatuta, berezko tituluaren zuzendari akademikoak egiaztatu egin beharko du proposamenean zehaztutako gutxieneko matrikula kopurua bete egin dela. Ez bada gutxieneko hori bete, arautegi honetako 9. Artikuluan zehaztutakoari jarraitu beharko zaio. Aipatutako baldintzak betetzen ez badira, baimena eskatu beharko zaio Doktoregoko Azpibatzordeari aurrekontu berriarekin. Ezin izango da, inolaz ere, eskolak ematen hasi azpibatzordearen baimenik gabe.

II. ATALA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

4. artikulua.– 1.– Plaza bat lortu duen ikasleak titulua eskuratzeko ezarri diren ikastaro guztietan egingo du matrikula. Ezin izango da ikastaro edo modulu solteetan matrikularik egin, unibertsitateko berezko tituluak lortzeko ez diren ikasketen matrikula bat etorri beharko delako arautegi honetako V. kapituluan zehaztutakoarekin.

2.– Matrikula zabaltzea edo aldatzea.

Eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, eta Doktoregoko Azpibatzordeak beren-beregi baimendu beharko du. Aldaketak kredituak gehitzea edo kentzea badakar, urtarrilaren 15a baino lehen egin behar da eskaria.

5. artikulua.– Matrikula egiteko egunak.

2012. urtean hasiko diren titulazioetarako, matrikula-aldia irailaren 10etik urriaren 31ra bitarterako zehaztuko da. Matrikula egiteko epea gehienez ere aste batekoa izango da eta berezko tituluko zuzendari akademikoak adieraziko du noiztik noiz arte izango den.

2013. urtean hasiko diren titulazioetarako, ordea, matrikula-aldia 2013ko urtarrilerako zehaztuko da; honetarako, gehienez ere aste baten matrikulazio-epea irekiz.

Ikasle-txartela.

Derrigorrezkoa. Unibertsitatean beste ikasketa batzuk egiten egonez gero, lehenengo matrikula egitean ordainduko da.

6. artikulua.– Matrikula non egin.

Onartutako ikasleek internet bidez egingo dute matrikula, Gaur aplikazioan.

Ondokoak dira matrikularekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

a) NANaren fotokopia, edo pasaportearena (ikasle atzerritarrak).

b) Graduondoko ikasketetarako sarrera tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Titulua UPV/EHUn 1988az geroztik eskuratu dutenek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

c) Argazki bat, atzean izena eta deiturak idatzita.

d) Tasak ordaindu izanaren egiaztagiria, ondoko artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

e) Tasen murrizketa edo salbuespenerako eskubidea izanez gero, hori egiaztatuko duten agiriak (8.1 artikuluan aipatuak).

Matrikula egiteko epea bukatu ondoren, Berezko Ikasketen Atalak honakoak bidaliko ditu berezko titulua emango duen sail, ikastegi edo institutu bakoitzera: matrikulagatik izango diren diru sarrerak, jasotakoak eta unibertsitateari dagokion diru kopurua gastu orokorrengatik.

7. artikulua.– Matrikula ordaintzea.

1.– Zenbatekoa.

Ikasleak matrikulagatik ordaindu beharrekoa modu automatikoan kalkulatuko da matrikulako eskaria egitean.

Titulua ikasturte batean baino gehiagotan emateko programatu bada, urtean urtean egin beharko da matrikula, eta aurtengo matrikulan ikasturte honetan irakatsiko diren kredituei dagokien zenbatekoa baino ez da ordaindu beharko.

Baliozkotutako kredituetarako tasak: arautegi honetako III. kapituluan zehaztutakoak ordaindu beharko dira.

2.– Ordaintzeko modua.

Matrikula era honetara ordaindu ahal izango da:

a) Ikaslearen izena daukan ordainketa-agiri bidez (matrikula egitean lortzen da). Diru sarrera hurrengo puntuan aipatzen diren hiru kutxetako batean egin beharko da. Aurrezki-kutxak zigilua ipiniko du ordainagirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ordainagiri horren jatorrizkoa Berezko Ikasketen Atalera bidali behar da. Ikasleak ordainagiriaren kopia bat gordeko du, eta horixe izango da ordainketa egiaztatzeko bere esku izango duen agiria.

b) Banku-transferentzia. Ordainketa egin ondoren diru-transferentzia egin izanaren egiaztagiria bidali behar da Berezko Tituluen Atalera.

3.– Kontu-zenbakiak:

Bilbao Bizkaia Kutxa

Kontu zk.: 20950292923239008657

IBAN kodea: ES8820950292923239008657

SWIFT edo BIC kodea: BASKES2B

Caja Vital Kutxa

Kontu zk.: 20970178120010960807

IBAN kodea: ES1120970178120010960807

SWIFT edo BIC kodea: CECAESMM097

Gipuzkoa Donostia Kutxa

Kontu zk.: 21010381060003302783

IBAN kodea: ES5721010381060003302783

SWIFT edo BIC kodea: CGGKES22

4.– Ordainketa egiteko epea.

Matrikularen zenbatekoaren ordainketa bi epetan egin ahal da, bakoitza % 50ekoa, hauetako lehenengoa matrikula egiterakoan ordaindu beharraz. Bigarren epea honetara ordainduko da:

a) 2012an matrikulatutakoek, otsailaren lehen astean.

b) 2013an matrikulatutakoek, maiatzaren lehen astean.

8. artikulua.– Tasen murrizketa eta salbuespena.

1.– Tasen murrizketa eta salbuespena egiteko kasuak:

a) Berezko tituluaren antolaketak hala erabakitzen badu, titulu horretarako emandako diru-laguntzetan tasen bidezko finantzaketa sartu bada.

b) Familia ugari berezietako kideek ez dute ezer ordaindu beharko; familia ugari orokorretako kideek, berriz, matrikularen % 50 ordaindu beharko dute.

Familia ugari bateko kide izatea egiaztatu behar da aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiri ofizialaren fotokopia erkatuaren bidez edo fotokopia eta jatorrizkoa aurkeztuta, biak parekatzeko; agiri hori iraungi gabe egon behar da. Iraungita badago, agiri hori berritzeko tramiteetan dagoela egiaztatu beharko du interesatuak.

c) Ekintza terroristen biktimek, eta beren ezkontide eta seme-alabek, salbuespen osoa izango dute.

Ekintza terroristen biktimek, izaera hori egiaztatzeko, Barne Ministerioko Herritarrentzako eta Terrorismoaren Biktimei Laguntza Emateko zuzendariordetza Orokorrak emandako agiria aurkeztuko dute, edo, hala dagokionean, Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza Programan daudela erakusten duen erabakia.

d) Gutxitasunak dituzten ikasleek edo ezinduek, organo eskudunak onartutako ezintasunaren maila % 33tik gorakoa dutenek, ez dute tasarik ordaindu beharko.

Egoera hori aldundiak edo eskudun erakundeak emandako agiriaren bidez egiaztatu beharko.

e) Gizarte Kontseiluak ezarritako beste salbuespen batzuk.

2.– Asegurua.

Ikasketa hauetan matrikulatzen diren ikasleak ez dute eskola-aseguruaren babesik. Hori dela eta, zuzendari akademiko bakoitzak polizak egin beharko ditu berezko tituluaren aurrekontuaren kargura.

9. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.

1.– Aurkeztutako matrikulak behin-behinean onartuko dira, Gobernu Kontseiluak 2010eko abenduaren 12an onartutako Berezko Ikasketei buruzko Arautegi Bateratuko baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko; hau da, titulua irakasteko proposamenaren arabera bete beharreko baldintzen ingurukoak. Matrikula aurkeztu denetik hiru hilabete igarotzen badira Berezko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzarako Atalak horren kontra erabaki eta jakinarazpenik eman barik, matrikula onartu egin dela ulertuko da, eta erabaki irmoa izango da ondorio guztietarako.

2.– Erabaki irmo bidez UPV/EHUrekin zorretan dauden ikasleek ezin izango dute matrikularik egin berezko tituluetan.

3.– Matrikula ez onartzeko erabakia arrazoitua izan behar da eta ordaindutako prezio publikoak itzultzea ekarriko du. Erabaki horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo hark eskuordetutakoari.

4.– Matrikula baliogabetu egingo da, baldin eta prezio publikoak ordaintzen ez badira 7.4 artikuluan zehaztutako epeetan. Ez ordaintzeagatik matrikula baliogabetzen zaien ikasleek ez dute jasoko ordaindutako diru-kopurua eta ordaintzeko dituztenak zortzat hartuko dira, unibertsitatearen alde. Erabaki batean jasoko da zorra zenbatekoa den, eta horren berri emango zaie ikasleei.

5.– Ikasleak edozein unetan egin dezake matrikula baliogabetzeko eskaria, baina eskari hori eskolak hasi aurretik egin duenean baino ez zaio itzuliko ordaindutakoa. Matrikula ezeztatzeko eskaria eskolak hasi eta lehen hiru hilabeteen barruan eginez gero, ordaintzeke dagoen kopurua ez da zortzat joko.

6.– Ikasleak ez badu betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, aurkeztutako matrikula artxibatu egingo da, interesdunari horren berri eman eta gero. Interesdunak erantzunik ematen ez badu, matrikula-eskaera bertan behera utziko da, horretarako emango den erabakiaren bidez.

7.– Matrikula egin eta gero berezko tituluaren antolatzaileek ikasketak ez direla emango erabakitzen badute, berezko tituluaren zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, matrikula egiteko epea amaitu eta 5 eguneko epean. Jakinarazpen horretan adierazita agertu beharko da zeintzuk diren egin beharreko tramiteak ordaindutako prezioak jasotzeko; izan ere, idatzia aurkeztu beharko da Berezko Ikasketen Atalean datu hauekin: ikaslearen datuak, bankuko kontua (20 digitu), kontuaren titularra eta titularraren NANa (ikaslea bera ez bada).

8.– Doktoregoko Azpibatzordeak matrikula egiteko epea bukatu eta gero erabakitzen badu berezko titulua ez dela irakatsiko, tituluaren zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, bost eguneko epearen barruan erabakia jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Ordaindutako prezio publikoak jasotzeko egin beharreko tramiteen berri ere emango zaie ikasleei, aurreko atalean adierazitako moduan.

II. KAPITULUA
GESTIO EKONOMIKOA
I. ATALA
GASTUEN GESTIORAKO UNITATE ORGANIKOAK

10. artikulua.– Berezko Ikasketen Atalak, jakinda titulua irakatsi egingo dela, behin-behineko unitate organiko baten irekitzeko eskatuko dio Kontabilitate Zerbitzuari, kasuan kasuko berezko tituluaren gastuak gestionatzeko, titulazioa proposatzen duen organoari dagokion organikoaren menpe egongo dena. Proposamena organo batek baino gehiagok egin badu, berezko tituluaren antolatzaileak erabakiko du menpekotasun hori.

Tramite hori egiteko, III. eranskineko dokumentua bidaliko dio Berezko Ikasketan Atalak berezko tituluaren zuzendari akademikoari. Zuzendariak inprimakiak bete eta itzuli egingo ditu; atalak, egiaztapenak egin ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bideratuko du, unitate organikoa eta horri lotutako kontu korrontea irekitzeko.

Bere lehenengo arduraduna berezko tituluaren zuzendari akademikoa izango da. Zuzendari akademiko bat baino gehiago badira, titulazioa proposatu zuen organoak erabakiko du zein izango den unitate organikoaren arduraduna.

Bigarren arduraduna, berezko tituluaren ardura akademikoa dagokion saileko zuzendaria izango da. Sail bat baino gehiago badira, Akademia Batzordearen burua dagoen saileko zuzendaria izango da. Irakasle berberak betetzen baditu kargu biak, bigarren arduraduna saileko idazkaria izango da.

Unitate organikoak itxi egingo dira titulazioak bertan behera geratzen direnean edo bi aldi jarraitutan luzapenik eskatzen ez denean. Hala ere, unitate organikoetako dirua atxiki egingo da berezko titulua irakasten ez denean.

II. ATALA
UPV/EHUko IRAKASLEEI ESKOLA ORDUAK ORDAINTZEA

Gobernu Kontseiluak onartutako arauetan zehaztutakoa betetze aldera, honakoa da jardunbidea:

Irakasleari unitate organikotik egiten zaizkion ordainketen atxikipena zehazteko, honakoa izan behar da kontuan: kontratuan zehaztuta dituen eskola-orduak osatzeko geratzen zaizkion kredituen ordainsarien erdia jaso behar du irakasleak. Horretarako, irakasleak berezko tituluetan dituen irakats betebeharrak eta ikasturteko irakaskuntza-plangintzari buruzko eskuliburuaren arabera dituen soberakinak aztertu beharko dira. Irakasleei egin beharreko ordainsari guztiak irailaren 30a baino lehen egin beharko dira.

Irakats betebeharrak osatuta ez dituzten irakasleei unean-unean egindako atxikipenak zatikako behin-behineko kitapenak izango dira; ordainketak bukatu ondoren eta unibertsitateari dagokion kopurua kendu ondoren, behin-behineko kitapen osoa egingo da.

Hasiera batean, ez da ezelako atxikipenik aplikatuko UPV/EHUko pertsonal irakasleei akademi ikasturtean zehar unibertsitateko ikastaro osagarrietan parte hartzeagatik ordaindutako zenbatekoetan. Ordainketak ez dira ikastaroa amaitu eta azken oroitidazkia aurkeztu baino lehen eginen.

Akademi ikasturtea amaiturik, behin-behineko likidazio osoa egingo da, unibertsitatearen berezko ikasketa guztietan emaniko irakaskuntza aintzat hartuz eta, hala balegokio, kasuan kasuko ikasturteko irakaskuntza-soberakinak kontrastatuko dira. Likidazio honen emaitza oinarri harturik, legozkiokeen zenbatekoen ordainketa edo atxikipena egingo da nominan.

Eragindako irakasleei behin-behineko kitapen osoaren berri eman beharko zaie, eta 10 eguneko epea izango dute alegazioak egiteko. Epe hori igarota inork ez badu alegaziorik egin, edo egindakoei buruzko erabakiak eman ondoren, kitapena behin betikoa izango da.

III. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA ETA KALIFIKAZIOAK. KREDITUAK AITORTZEA
I. ATALA
IRAKASKUNTZA ETA KALIFIKAZIOAK

11. artikulua.– Gobernu Kontseiluaren arautegiari jarraituz, proposamena onartu ondoren aldaketarik egin nahi izanez gero, Doktoregoko Azpibatzordeak baimena eman beharko du beren-beregi. Bestalde, ikasketa-planetako aldaketak direla eta, matrikula egiteko epea baino lehen jakinarazi eta baimendu beharko dira. Beraz, aparteko kasuren batean ikasketa-planean aldaketaren bat egin beharra badago, azpibatzordeari proposamen arrazoitua bidali beharko zaio, irailaren 3a baino lehen bidali ere.

Berezko tituluko irakasle taldeetako aldaketei dagokienez, aldaketok ondo arrazoituta egon beharko dira, eta kontuan hartuko dira baldin eta ezustekoen ondorioz eragindakoak badira (adibidez, laneko baja...). Ez dira onartuko, baina, edukietan egindako aldaketen edo egokitzapenen ondorioz eragindakoak. Horiek, helburu horretarako zehaztutako ereduari jarraituz egin beharko dira.

12. artikulua.– 1.– Berezko tituluko kredituak lortzeko, gaindituta izan beharko dira, horretarako zehaztutako ebaluazioaren bidez, bai tituluko ikasketak bai jarduera akademikoak. Eskoletara joatea ez da izango nahikoa titulua eskuratzeko. Ebaluazio prozesu hori matrikulatzeko epea baino lehen eman beharko da argitara.

Kalifikazioa Gai, Ez gai ala Aurkezteke izango da, eta esleituriko kreditu guztiei dagokie. Ez da egongo zati bat gainditzeko aukerarik. Deialdi bakarra egingo da titulu bakoitzerako ezarritako gutxieneko kredituak gainditzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik, ez bada Doktoregoko Azpibatzordeak horretarako beren-beregiko baimena eman duela.

Ikasleen % 20ak bikaintasunezko aipamena lortu ahal izango du eta tituluan jasota ageriko da.

Ikasturte bat baino gehiago iraungo duten titulazioen kasuan, azken ebaluazioa egin ahal izango da ikasturtearen bukaeran. Ebaluazioa gaindituz gero, kalifikazioa gorde egingo da eta hurrengo ikasturteren baten antolatuz gero titulazioa, kredituok onartu ahal izango zaizkio titulazioa lortze aldera.

2.– Kalifikazioen aktak.

Hamar egunen epea egongo da ikasleen kalifikazioak jartzeko. Epe hori ikasturtea amaitzen den egunean hasiko da, edota, halakorik badago, azken proba edo lanaren defentsa egiten denean. Berezko Tituluen Bulegoak akta bat prestatuko du, ikasleen kalifikazioak jarri ahal izateko.

Kalifikazioak titulazioko Akademia Batzordeko buruak grabatuko ditu, edo UPV/EHUkoa den batzordeko kideak.

Kalifikazioak behin grabatua, argitara emango dira iragarki oholean. Argitaratzean ikaslearen NAN zenbakia baino ez da zehaztuko. Argi eta garbi adieraziko da kalifikazioak noiz eman diren argitara, kalifikazioak berraztertzeko eskariak egiteko epea behar bezala zenbatu ahal izateko.

13. artikulua.– Kalifikazioak berraztertzea.

Akademia Batzordeak egingo du ikaslearen azken ebaluazioa eta ebaluazio orokorra.

Azken kalifikazioari dagozkion aktak argitaratuta, ikasleak erreklamazio idatzia bidali ahal izango dio UPV/EHUko Doktoregoko Azpibatzordeari, kalifikazioa argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barruan.

Erreklamazioak ebatzi eta horren berri emango zaie ikasleei, gehienez ere hilabeteko epean, erreklamazioa aurkeztutako egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

Doktoregoko Azpibatzordeak hartutako erabakiaren kontra ikasleak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari, erabaki horren berri izan eta hilabeteko epean. Errektoreak, erreklamazioa ebazteko, txostena eskatuko die Akademia Batzordeari eta Doktoregoko Azpibatzordeari.

Une horretan ematen den erabakia behin betikoa izango da eta administrazio-bidea agortuko du.

Erreklamazioak jartzeko epea bukatuta, ikasle bakoitzaren notak espedientera pasatuko dira. Jakinaren gainean jarriko da Berezko Tituluen Bulegoa.

Berezko Tituluen Bulegoak kalifikazioen akta bidaliko du, Akademia Batzordeko kideek sina dezaten (behintzat batzordeko buruak eta UPV/EHUkoa den kideak), bai eta tituluaren zuzendaritza akademikoaz arduratu den sail edo institutuko zuzendariak ere.

Aktek ez dute emendakin, zirriborro edo zuzenketarik izan behar. Izango balituzte, diligentziak egin beharko lirateke, lehen aipaturiko pertsonek sinatuak beren-beregi.

Aktak Berezko Tituluen Bulegora bidaliko dira atzera, ikastaroa amaitu eta gehienez hilabeteko epean.

II. ATALA
KREDITUAK AITORTZEA

14. artikulua.– Definizioa.

Kredituak aitortzea da ontzat hartzea ikasleak beste ikasketa batzuetan lortutako kredituak (amaituta edo amaitzeke dituen ikasketetan) eta UPV/EHUn bertan zein beste unibertsitate batean lortutakoak (estatuan zein atzerrian), hartara, UPV/EHUn matrikula eginda izanik, berezko titulu bat lortzera bideratutako ikasketetan burututako kreditutzat hartzeko. Kredituak aitortuz gero, ikasleak titulazioan eskatutako kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko.

15. artikulua.– Irizpide orokorrak.

Kredituak aitortzeko unitatea irakasgaia izango da (ikusi nola dagoen zehaztuta izena gure planean), eta kredituak aitortzean ez da oinarri hartuko irakasgaien arteko edukien antzekotasuna edo iraupena, ezpada gainditutako kredituei lotutako gaitasuna eta aitorpena.

16. artikulua.– Berezko beste ikasketa batzuetan egindako kredituak aitortzea.

Berezko beste ikasketa batzuetan egindako kredituak aitortzerakoan, ondoko mugak izango dira kontuan:

(Ikus .PDF)

Taula honetan ageri ez diren edo horko mugetatik gora dauden tituluen kasuan Doktoregoko Azpibatzordeak erabakiko du zenbat kreditu aitortu, berezko tituluko batzorde akademikoak aurretik txostena eginda.

17. artikulua.– Ikasketa ofizialetan egindako kredituak aitortzea.

Graduondoko berezko tituluetan unibertsitateko master tituluetan (ofizialetan) edo doktoregoan egindako kredituak aitortu ahal izango dira.

Graduko berezko tituluetan lehenengo edo bigarren zikloko titulazio ofizialetan egindako kredituak aitortu ahal izango dira (diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa), edo graduko titulu ofizialetan egindakoak.

Bai batean, bai bestean, gehienez ere % 50 aitortu ahal izango da. Salbuespenezko egoeretan, zuzendari akademikoak eskaria egin ahalko dio Doktoregoko Azpibatzordeari, urtarrila baino lehen, ehuneko hori gehitzeko. Eskaria behar bezala justifikatuta egon beharko da eta azpibatzordeak erabakiko du onartu edo ez.

18. artikulua.– Tramitazioa.

Interesatuak kredituen aitortzeko eskaria aurkeztuko du berezko tituluaren idazkaritzan. Epea, 2012an hasitako titulazioetarako, abenduaren 14an amaituko da eta 2013an hasten diren titulazioetarako, berriz, martxoaren 15ean.

Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:

a) Baliozkotu nahi diren ikasketen maila eta ezaugarriak egiaztatzeko ziurtagiri akademikoa; bertan jasoko dira gainditutako irakasgaiak eta lortutako puntuazioak.

b) Ikasketa-plana eta egindako gaien taula, kasuan kasuko ikastegi, sail edo institutuak emandakoa.

19. artikulua.– Erabakia.

Tituluko batzorde akademikoak ebatziko ditu eskariak eta ikasleei jakinarazi, urtarrileko lehen hamabostaldian 2012an hasitako titulazioetarako eta apirileko lehen hamabostaldian, berriz, 2013an hasitako titulazioetarako.

Erabakian ondokoak jaso beharko dira:

a) Aitortuko den kredituen kopurua, kreditu horiek zein irakasgaietakoak diren adierazita.

b) Onartu zaizkion ikasketa-planeko irakasgaiak.

c) Eskaerari uko egiten bazaio, onartuko ez diren kredituen kopurua, kreditu horiek zein irakasgaietakoak diren adieraziz; halaber, uko egiteko arrazoi esplizituak azalduko dira.

d) Erabakiaren kontra Unibertsitateko Doktoregoko Azpibatzordeari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean.

Eskariak behin ebatzita, baliozkotzeen akta bidaliko da Berezko Ikasketen Atalera horretarako zehaztutako eredua erabiliz (IV. eranskina), otsailaren 1a baino lehen 2012an hasitako titulazioetarako eta maiatzaren 1a baino lehen 2013an hasitako titulazioetarako.

Hamasei eta hamazazpigarren artikuluetan aurreikusitako salbuespenak urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko zaizkio Doktoregoko Azpibatzordeari 2012an hasitako titulazioetarako, eta martxoaren 15a baino lehen, berriz, 2013an hasitako titulazioetarako.

20. artikulua.– Aitortutako kredituak ordaintzea.

Aitortutako kredituak espedientean jaso aurretik, ikasleak ordaindu egin beharko ditu tasak:

a) Unibertsitate publikoetan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: dohainik.

b) Titularitate pribatuko unibertsitateetan edo atzerriko ikastegietan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: kredituari dagokion zenbatekoaren % 25.

c) Unibertsitate honetako berezko titulu berean egindako ikasketengatik aitortutako kreditua: dohainik.

d) Unibertsitate honetako beste berezko titulu batean egindako ikasketengatik aitortutako kreditua: kredituari dagokion zenbatekoaren % 25.

e) Beste unibertsitate batean edo atzerriko zentroetan egindako berezko tituluengatik edo beste ikasketa batzuengatik aitortutako kreditua: % 100.

f) Etengabeko prestakuntzan UPV/EHUn egindako ikasketengatik aitortutako kreditua:

1) Berezko titulu berean egindako moduluak: doan.

2) Beste berezko titulu batean edo master ofizialetan egindako moduluak: kreditu bakoitzaren prezioaren % 25

IV. KAPITULUA
BEREZKO TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA
I. ATALA
TITULUAK EMATEA

21. artikulua.– Arau orokorra.

UPV/EHUren berezko tituluak errektoreak emango ditu, eredu normalizatuari jarraiki. Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratu beharko dira emandako tituluak, unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta baldintza berberetan (identifikazioa, zaintzea, ziurtapena eta izaera publikoa).

Tituluak ezarritako ereduari jarraituz emango dira.

22. artikulua.– Prozedura.

1.– Tituluak eskuratzeko eskariak Berezko Ikasketen Atalean aurkeztuko dira, edota Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko edo Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Interesatuak berak egindako eskaria.

b) NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatea daukaten ikasleek) edo pasaportearen fotokopia (beste nazionalitate batzuetakoek).

c) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Familia ugariko kideen kasuan edo ekintza terroristen biktimen kasuan arautegi honetako 8. artikuluan jasotakoa beteko da.

Berezko titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izanaren ziurtagiria bidaliko die Berezko Ikasketen Atalak ikasleei. Ziurtagiri honek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte. Ziurtagiri hori ezarritako ereduari jarraituz osatuko da.

2.– Tituluak ematea.

Interesdunak berak jaso beharko du titulua, inprimatu eta gero, Berezko Ikasketen Atalean. Interesatuak berak ezinezkoa badu joatea, beste norbaiti eman diezaioke titulua jasotzeko baimena ahalorde notarialaren bidez.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa aldatzeke, eta Berezko Ikasketen Atala dagoen herrian bizi ez bada interesduna, eskaria egin diezaioke idatziz atal horri, bere etxetik gertuen dagoen bulego hauetakoren batera bidaltzeko titulua: Arabako Campuseko errektoreordetzara, Bizkaiko Campuseko errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzara, probintziako Hezkuntza eta Zientzia Zuzendaritzara, Hezkuntza bulegoa edo kontsuletxera.

Tituluak jasotzeko onartuta dagoen jardunbide bera aplikatuko da bikoiztuen kasuan (artikulu honetako 4. atala).

Titulua eman eta bost urte pasatzen badira interesduna bere bila joateke, Berezko Ikasketen Atalak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako erabakiaren bidez, hilabeteko epea emango dio interesdunari titulua jasotzeko. Gainera, jakinaraziko dio titulua baliogabetu eta hautsi egingo dela, baldin eta epe horren barruan jasotzen ez bada. Akta batean adieraziko da titulua hautsi egin dela, eta unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratuko da.

Ikasketak amaituta izanda titulua eskuratu baino lehenago hildako ikasleen kasuan, eta senideek eskaria egiten badute, titulua ematea egokia dela erabaki dezake unibertsitateko errektoreak. Titulu hauek diligentzia eramango dute aurreko aldearen beheko aldean.

3.– Tituluaren izena titulua lortu duenaren generora, maskulino edo femeninora, egokitzea.

Tituluen edo ziurtagirien izenak eta bestelako aipamenak titulu hori lortu dutenen generoa, maskulinoa edo femeninoa, kontuan hartuta egingo dira.

4.– Bikoiztuak ematea.

a) Bikoiztuak ematea, hondatu egin direlako edo zuzenketak egin behar direlako:

Tituluko datuak zuzendu behar badira edo titulua hondatu egin bada, akats horiek unibertsitatearenak izan gabe, interesdunak bikoiztu bat eskatu beharko du. Interesdunak, bikoiztua zergatik eskatzen duen justifikatzen duten dokumentuekin batera, jatorrizko titulua aurkeztu beharko du, edota titulua identifikatzeko aukera eskain dezaketen jatorrizkoaren zatiak.

Interesdunak tasak ordaindu beharko ditu bi kasu horietan.

Unibertsitatearen akats baten ondorioz egin behar bada zuzenketa, bikoiztua emateko prozedurari ofizioz ekingo dio Berezko Ikasketen Atalak. Interesdunak ez ditu tasak ordaindu beharko kasu horretan.

Berezko Ikasketen Atalean hasiko da bikoiztuak emateko jardunbidea.

b) Bikoiztuak ematea, titulua galdu edo lapurtu egin dutelako:

UPV/EHUren berezko tituluen bikoiztuak eman behar direnean jatorrizko titulua galdu egin delako, iragarkia jarri beharko da aurretiaz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Galtzearen berri eman beharko da iragarkian erreklamazioak egin ahal izateko. Iragarkia argitaratu eta 30 egunera ez badago erreklamaziorik, bikoiztua emateko tramitea hasi ahal izango da. Lehen aipatutako iragarkiak argitaratzeko ekimena Berezko Ikasketen Atalari dagokio.

Bikoiztua egiteko tasa ordaindu beharko du interesdunak, bai eta aurreko paragrafoan aipatutako iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeari dagokiona ere.

Titulua galdu edo lapurtu izana titulu hori eman zuen unibertsitateari leporatu ahal zaionean, administrazioaren kabuz ekingo zaio titulu hori bikoizteko prozedurari. Interesdunak ez du ezer ordaindu beharko titulua berriz emateagatik.

Titulu bikoiztuan jasota ageri beharko da zergatik bikoiztu den; horretarako, diligentzia jarriko da aurreko aldeko beheko aldean.

II. ATALA
ZIURTAGIRIAK EMATEA

23. artikulua.– 1.– Berezko titulu bateko ikasketak gai kalifikazio globalarekin gainditzen duten ikasleek horren ziurtagiria eska dezakete Berezko Ikasketan Atalean eta Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (93/94 ikasturtetik aurrera matrikulatutako ikasleak):

a) Behar bezala beteriko eskaria.

b) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Familia ugariko kideen kasuan edo ekintza terroristen biktimen kasuan arautegi honetako 8.1 artikuluan jasotakoa beteko da.

2.– 1993-1994 ikasturtea baino lehenagoko ikasturteetan matrikulaturiko ikasleek, matrikulaturik egon diren ikastegi, sail edo institutuetako idazkaritzetan eskatu beharko dituzte ziurtagiri akademikoak, eta bertan adieraziko zaien dokumentazioa eman beharko dute.

3.– Gai kalifikazioa lortu ezean, bertaratze ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak. Ziurtagiriok Akademia Batzordeak sinatuko ditu, eta batzordeak berak zehaztuko ditu ziurtagiriok emateko baldintzak.

Egiaztagiri horiek 24. artikuluan jasotakoaren arabera ordainduko dira.

24. artikulua.– Ziurtagiri eta tituluengatik ordaindu beharreko tasak.

Berezko titulu eta ziurtagiriengatik ordaindu beharreko tasak, baldin eta Gizarte Kontseiluaren erabakia aldatzen ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritakoak izango dira.

Tasa horien ordainketa arautegi honetako 7. artikuluan adierazitako kontuetako batean egingo da.

V. KAPITULUA
IKASKETA OSAGARRIAK ETA ETENGABEKO PRESTAKUNTZA

Berezko ikasketaren ikasketa plana osatzen duten modulu edo gaiak etengabeko prestakuntzaren barruan eskain daitezke, betiere, 20 kreditu baino gutxiago badituzte. Baimena emateko, Gobernu Kontseiluak ikasketa osagarrietarako onartutako arautegiari jarraituko zaio.

Matrikula ikasketak antolatu dituen ikastegi, sail edo institutuko idazkaritzan egin beharko da.

Ikasleak matrikula ezeztatzeko eskaria eginez gero, horrek ez du eragingo ordaindutakoa itzultzerik, ez bada ikasturtea hasi gabe dagoela.

Matrikula epe bakarrean ordainduko da, sailaren unitate organikoaren kontuan.

Matrikula behin amaituta, zuzendari akademikoak diru sarrera horiek esleitzeko eskaria egingo dio Kontabilitate Zerbitzuari (ikus diru sarreran horien gestioa), eta % 12ko atxikipena egingo zaie, honetatik % 10 unibertsitatearen gastu orokorretarako eta gainerako % 2 GIEPArako.

Ikastaroetara joanez gero, «Bertaratze ziurtagiria» lortu ahal izango du ikasleak, edo ebaluaziorik gainditu behar izanez gero, «Onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria». Nahiz eta aukera hau erabilita ikasleak berezko ikasketen titulu bateko irakasgai guztiak gaindituta izan, ez du eskubiderik izango dena delako titulua eskuratzeko.

Bertaratze ziurtagiria edo onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria eskuratu gura izanez gero, interesdunak eskatu egin beharko du eta Gizarte Kontseiluak zehaztutako zenbatekoa ordaindu, 7. artikuluko kontuetako batean dirua sartuz. Akademia Antolakuntzako errektoreordeak egingo ditu ziurtagiriak.

XEDAPEN INDARGABETZAILE

Indargabetuta geratuko dira Graduondoko Ikasketen Azpibatzordeak lehendik onartutako prozedura-arau guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Arautegi hau 2012-2013 ikasturtean sartuko da indarrean.

Bigarrena.– Arautegi hau bete ezean, Doktoregoko Azpibatzordeak, bere kabuz, bertan behera utziko du berezko titulua.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala