Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2012ko ekainaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRIZAINGO SAILA
2897

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 15ekoa, Herrizaingoko sailburuarena. Agindu honen bidez onartu egiten dira jolas aretoen eta berrerospeneko jolas-makinen ustiapenean publizitate– edo sustapen-helburua duten ausazko konbinazioak egiteko erantzukizunpeko adierazpen-ereduak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraua, barne-merkatuko zerbitzuei buruzkoa, gure ordenamendu juridikoan sartu da, eta, horren ondorioz, zerbitzu-jardueretara sarbidea izateko eta jarduera horietan aritzeko araudi osoa barne-merkatuko oinarrizko printzipioetara egokitu beharra dago.

Agindu hori betetzeko, EAEn apirilaren 23ko 7/2012 Legea eman zen. Lege horrek hainbat lege aldatu zituen, hain zuzen ere Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako barne-merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitu zitezen.

Aldatutako legeen artean, azaroaren 8ko 4/1991 Legea dago, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzeko dena. Lege horretatik, ausazko konbinazioei dagokien aldez aurretiko administrazio-baimena izan beharra kendu da –lege horren 5.2 eta 3.3.e) artikuluetan ezarrita zegoen betebehar hori–. Era berean, administrazio-baimenak kendu egin dira; baimen horiek beharrezkoak ziren AR motako edo berrerospeneko jolas-makinak eta horrelako makinak dituzten jolas-aretoak ustiatzeko, eta 4/1991 Legearen 13.3.a) eta 15.2 artikuluetan araututa zeuden, hurrenez hurren, lege bereko 5.3 eta 3.3 artikuluekin ezarritakoarekin loturik. Nolanahi ere, aldez aurretik erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharra ezarri da; joko-arloan eskumena duen organoari zuzendu beharko zaio adierazpen hori.

Horrenbestez, agindu honen bidez, ereduak ezartzen dira, zehazki, joko-jardueran aritzen direnek jarduera horren berri eman diezaioten joko-arloan eskumena duen zuzendaritzari.

Hori horrela, honako hau

Xedatzen dut:

Artikulu bakarra.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da erantzukizunpeko adierazpenak onartzea, hain zuzen ere ustiapena edo jarduera hasi aurretik egin beharrekoak eta honako hauek aurkeztu beharrekoak: publizitate– edo sustapen-helburua duten ausazko konbinaketen sustatzaileek; AR motako edo berrerospeneko jolas-makinen ustiatzaileek; eta horrelako makinak dituzten jolas-aretoen ustiatzaileek.

2.– Jarduera hasi aurretik erantzukizunpeko adierazpenak egin beharko dira, agindu honen eranskinean jasotako ereduei jarraituz.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 15a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala